Literatur itzulpenak baloratzeko irizpideak (Lan saioaren narrazioa - ELI dossierra)
Artikulua pdf formatuan
Lan saioko parte-hartzaileak: Bakartxo Arrizabalaga; Mikel Ayerbe; Inma Errea; Mikel Garmendia; Ander Irizar; Manu Lopez Gaseni.
Moderatzailea eta erredaktorea: Itziar Otegi
Zer kritika mota egiten da hemen?
Manu Lopezek bere azalpen teorikoan hiru kritika mota aipatzen ditu: azterketa akademikoa, dibulgazioko iruzkinak eta erreseina edo aipamenak. Parte-hartzaileen ustez, kritika motaz ari garelarik, hau da funtsezko galdera: zertarako nahi dugu kritika hori? Izan ere, kritika iruzkinek hiru zeregin bete ditzakete:
- Irakurlearen gidari izatea.
- Itzulpengintzaren sustagarri izatea.
- Itzultzailearen gidari izatea.
- Hemen egiten diren kritikak lehen eta bigarren helburuak betetzeko xedez egiten dira gehienbat; hau da, irakurleari azaltzeko irakurtzera doan horretan zer aurkituko duen, eta itzulpengintzari nolabaiteko oihartzuna emateko. Kritika dibulgatiboa da, beraz, irakurlearentzako egiten dena, ahalik eta jende gehienarengana heltzea bilatzen duena. Mikel Garmendiak aitortzen duenez, kritika iruzkingile den aldetik interesatzen zaiona da bere irakurketaren esperientzia besteekin konpartitzea, ahalik eta jende gehienarekin.
Irakurlea zein den, hau da, kritikaren hartzailea zein izango den, hori da erabakigarriena. Izan ere, Berria egunkaria, Nabarra aldizkaria, Diario de Noticias de Navarra eta EIZIEren web orria irakurtzen dutenak ez dira pertsona berak, eta horrek zehaztu beharko luke iruzkinaren edo kritikaren edukia. Zentzu horretan, dibulgaziotik espezializaziora doan ardatzean, Berriarako egiten diren iruzkinak erdi bidean edo egongo lirateke, noizean behingo irakurleak ez baitu joko Berriako literatur atalera, ohiko irakurleak baizik. Diario de Noticias de Navarraren kasuan, aldiz, gaztelaniazko egunkari bat irakurtzen ari den batek euskarazko atalera jotzen du, eta han, literatur iruzkinekin batera, askotariko edukiak aurkituko ditu. Horrek ezinbestean baldintzatzen du egiten den kritika mota eta iruzkinaren edukia. Irizarren ustez, aldiz, hartzaile-xede horren ideia ezin da hain garbi ebaki. Izan ere, hemerotekak daude, iruzkinak batean eta bestean bilduta geratzen dira, dela EIZIEren web orrian, dela SUSArenean...
Bestalde, kritika espezializatua, hau da, itzultzailearen gidari izateko helburua lukeena, oso garrantzitsua jotzen dute parte-hartzaile guztiek. Are gehiago, behar-beharrezkotzat daukate, nahiz hartzaileen eremua aurreko kritika motaren kasuan baino mugatuagoa izan. Badago kritika mota hau egiten duenik, baina oso gutxi dira, eta oso eremu urrian zabaltzen dira. Oro har, esan daiteke kritika mota horren falta nabarmena dela gurean.
Nola egiten da kritikagaiaren hautua?
Literatura Unibertsala bildumaren kasuan, irizpidea argi dago: nobedadeak agintzen du. Literatur itzulpena hedabideetan programaren kasuan, kritikariak askatasuna dauka iruzkinduko duen obra hautatzeko orduan, baina eremu mugatu baten barruan. Nobedadea izatea faktore bat da kasu horretan ere, edo obra klasiko bat izatea, baina beste faktore batzuek ere badute eragina; hala nola, arrazoi praktiko soilek (liburu bat bestea baino eskurago izatea, kasu). Berriarako iruzkinen kasuan, argitaletxeen eta generoen artean nolabaiteko oreka egotea bilatzen du Mikel Ayerbek. Hautua egiteko orduan arrazoi subjektiboei jarraitzen die. Interesgarria da nabarmentzea Ayerbek egindako kritiketan heren bat izan direla itzulpenak. Euskarazko produkzio osoan ere halakoxea da portzentajea, baina ez da nahita egindako hautua, hala suertatua baizik. Urteko hiru libururik onenen iruzkina egiteko eskatu ziotenean, ordea, hiru horietatik bat itzulpena izango zela erabaki zuen.
Euskal Herrian harreman estua dago argitaletxe, kritikari, hedabide eta abarren artean. Hala ere, kritikaria libre da iruzkinduko duena hautatzeko, helburuek eta arrazoi praktikoek jarritako mugen barruan.
Kritika iruzkinaren edukiaz
Iruzkinak egiten hasi zenean, Inma Erreak irizpide falta sumatu zuen. Denborarekin, ordea, intuizioari jarraitzea erabaki zuen. Hala, literaturarekiko —sormenezkoa nahiz itzulitakoa— zuen interesa hartu zuen abiapuntu. Horrez gain, iruzkina non argitaratzekoa zen, eta irakurlea zein izango zen hartu zituen kontuan. Horiek gogoan, kritika deitzera ausartzen ez den horretan irakurleari zer eskain ziezaiokeen baloratu zuen. Hauxe: zerbait irakurtzean jaso duen inpresioa, bere subjektibotasunetik, ahalik eta modurik zintzoenean. Literatur lan batek berarengan sortu duen oihartzuna besteri pasatzea, eta horrekin batera, liburuari buruzko gorabeherak irakurleari jakinaraztea. Kazetari lanetan ez bezala, iruzkinak egiterakoan zilegi iruditzen zaio, eta zintzoa, «nire iritziz» bezalako esamoldeak erabiltzea, irakurleari garbi adierazteko iritzi subjektibo bat dela irakurtzen ari den hori. Kezkak izan ditu, orobat, komunikazioaren ikuspegitik: hizkera erakargarria erabiltzea, literarioa. Adjektibazioa erabiltzearen kontrakoa da, nahiago du argudioak ematea, literatur lan hori nolakoa den azaltzeko. Balorazioa eman bai, baina argudio bidez, ez adjektibo bidez. Bestalde, PEN klubekoen irizpideak oso interesgarriak iruditu zaizkio. Zentzu horretan, mahaikide guztiak ados agertu dira iruzkinetan akats edo okerreko hautu puntualak nabarmentzea desegokia dela.
Bestalde, lehen esan bezala kritika iruzkin hauetako askoren helburu nagusia itzulpengintza sustatzea da, edota itzulitako obren irakurtzeko zaletasuna bultzatzea. Alde horretatik, parte-hartzaileetako batek adierazi du itzulpen desegokiren batekin topo egin izan duenean, fideltasun bikoitz batean harrapatuta sentitu izan dela: batetik, kritika egiatia eta zorrotza egin nahia, eta bestetik, aipatu helburu horien kaltetan jardun nahi eza. Kasuren batean, kritika ezkor bat argitaratu baino nahiago izan du liburua ab initio baztertzea. Horrek nolabaiteko autozentsuraz hitz egitera garamatza, eta bestelako kritika baten beharra are gehiago nabarmentzera.
Literatur adituak itzulpenak kritikatzen, ala itzultzaileak literatura kritikatzen?
Irizar, literatura iruzkintzen duen itzultzailea, zenbaitetan hankamotz sentitu izan da literatur gaietan. Ayerbe, batzuetan itzulitako literatura iruzkintzen duen literatur aditua, antzera sentitu izan da, itzulpenaz jardun beharra tokatu zaionean. Errearen ustez, itzulitako obra baten kritika egiterakoan, euskaratzailea itzultzaile profesionala izan, edo idazle-itzultzailea izan, modu desberdinean aritzen dira. Itzulpen arazoak errazago konpontzeko moduan egon ohi da itzultzaile profesionala. Zentzu horretan, Irizarren ustez itzultzaileak ekarpen polita egin diezaioke literatur lan baten kritikari, lan horren arlo bati buruz gauza interesgarriak ikus ditzakeelako, besteek hain erraz ikusten ez dituztenak. Irakurtzeko modu berezia da itzultzailearena, zenbait idazlek —adibidez, Lertxundik— adierazi duten bezala.
Idazleez eta itzultzaileez ari garelarik, Erreari iruditzen zaio zubiak falta direla batzuen eta besteen artean. Esperientziak partekatzeko eta hausnarketarako fororen bat sortu behar litzatekeela adierazi du, sinergia interesgarriak sor bailitezke hortik.
Nabarmendu behar al da iruzkinean itzulpena dela, alegia, ez dela jatorrizkoa?
Puntu honetan sumatzen da iritzi desberdintasunik handiena parte-hartzaileen artean. Ez dago ikuspegi bateraturik.
Irizar, adibidez, itzulpenaz zerbait esaten saiatzen da, egiten dituen iruzkin guztietan. Inma Erreak uste du Espainiako tradizioaren eraginpean gaudela, auzi horri dagokionez. Espainiako literatur sisteman joera nagusia itzulpena dela ezkutatzea da, horregatik ez da agertzen, gehienetan, itzultzailearen izenik. Bere iruzkinetan, gehienetan aipatu izan du itzulpena dela, bai eta nolakoa den baloratu ere, baina baditu bere zalantzak hala egin behar litzatekeenetz, itzulpena ageriko egitea onerako ala txarrerako den. Praktikan, unean-unean erabakitzen du. Alde horretatik, ondo ikusiko luke nola jokatu behar litzatekeen adostuko balitz, euskarazko literatur sisteman.
Ayerberen ustez, literatur kritikariaren zeregina —kritika dibulgatiboari dagokionez— liburu horren balio literarioa kritikatzea da. Argi dauka testu literarioaren iruzkina gailendu behar zaiola bestelako ezaugarri intrintsekoen komentarioari, eta testua itzulpena izatea horixe da, ezaugarri intrintsekoa. Haatik, iruditzen zaio horren berri eman behar dela, ahal den neurrian. Berriarako egin dituen iruzkinetan, batean baino ez du utzi aipatu gabe obra itzulpena zela, baina begi bistakoa zelako oso, gainerako informazioari eta testuinguruari erreparatuta —idazlea Woody Allen zen eta itzultzailea Oskar Arana, Austerren liburuak itzuli izanagatik ezaguna; Ayerbek berak horietako bat iruzkindua zuen, lehendik—. Jatorrizkoak sorburu sisteman duen lekua eta garrantzia, eta itzulpenak xede sisteman hartzen duen lekua eta garrantzia: horiek kontuan hartuta egiten du iruzkina. Itzulpenaren kalitateari dagokionez, hizkuntzari erreparatzen dio gehienbat, baina Manu Lopezek aipatutako kritika linguistikotik urrun, nolanahi ere. Behin baino ez du egin itzulpenaren iruzkin negatiboa, jatorrizkoa gaztelaniaz idatzia zelako eta aurretiaz irakurrita zuelako. Itzulpena ona edo txarra dela juzkatzerakoan senari jarraitzen dio, irakurketan testuak nonbait karrank egiten dion al ez, hori da erabiltzen duen irizpidea. Itzulpenarekin lotura duen bestelako informazioa ere ematen saiatzen da, irakurleari testuingurua argitzearren. Adibidez, Tabucci-ren itzulpen baten iruzkina egiterakoan, aipagarria iruditzen zaio hainbeste denboran ezer ez eta bat-batean autore horren hiru obra euskaratu izana. Beste adibide bat: Patrick Süskind-en Perfumea iruzkindu zuenean, beharrezkoa iruditu zitzaion planteatzea zergatik hasi ote garen orain best sellerrak euskaratzen. Haatik, auzi estraliterarioak iruzkinetatik kanpo uzten saiatzen da.
Mikel Garmendia, berriz, denborarekin jabetu da euskarazko literatur produkzioa bat bera dela, jatorrizko nahiz itzulpen izan, sistema bat bera osatzen dutela eta, alde horretatik, kritika iruzkin berak merezi dituztela. Literatur obra hori arte lan bat da, jatorriz hizkuntza horretan idatzia izan edo itzulia izan. Izan ere, azken urteotan itzulpenaren kontzeptua izugarri zabaldu zaio, dena da itzulpen, denok gara itzultzaile esaeraren bidetik. Ekintza gehienak dira itzultzea, baita idaztea bera ere. Irudipena du itzultzaileekin oso zorrotz jartzen garela, ez hainbeste idazleekin. Hala ere, ez dira gauzak muturrera ere eraman behar: itzulpen lana bereziki deigarria izan baldin bada, adibidez, Koldo Izagirrek Ulenspiegelen elezaharra liburua itzultzerakoan egin duen esfortzu literario-artistikoaren kasuan bezala, lan eskerga horrek aipamen berezia merezi du, baina literatur kritikaren barruan, ez literatur itzulpenaren kritikaren barruan.
Egin al daiteke itzulpen baten iruzkina, jatorrizkoarekin alderatu gabe?
Ahal izanez gero, jatorrizkoarekin alderatuta egin beharko litzateke itzulpen lan baten kritika, baina askotan ez da posible izaten, dela iruzkingileak jatorrizko hizkuntza ezagutzen ez duelako, dela jatorrizko liburua lortzeko astirik ez dagoelako, dela biak behar bezala irakurtzeko astirik ez dagoelako. Hala, gehienetan jatorrizkorik gabe egiten dute iruzkina. Dena den, zer iruzkin motaz ari garen, aldea badago: dibulgazioko iruzkinen kasuan ez da ezinbestekoa; kritika espezializatua egiteko, bai.
Bestalde, nahiz jatorrizkoa eskura ez izan, edo, are gehiago, zein hizkuntzatatik itzulita dagoen jakin ez, asma daiteke, itzulpena irakurri hutsarekin. Alde horretatik, itzulpena zein hizkuntzatatik egina den nabarmentzea oso garrantzitsua iruditzen zaie.
Kritika ideala izango litzateke jatorrizkoa aurrean izanik egindakoa, eta bi literatur sistemak ondo ezagututa. Bestalde, Ayerbek azpimarratzen du lan txukuna egingo bada lan baldintzak ere onak izan behar direla. Hala, literatur kritika profesionalizatu egin behar litzateke.
Jasotzen al da kritika iruzkin horien erantzun-ordainik?
Iruzkin informal gisa, batzuetan bai. Gehienetan, Berrian «Zuzendariari» izeneko atalean argitaratzen diren idazleen protesta-idazkiak izan ohi dira, ordea. Ayerberen ustez, gurean literatur kritikari aitortzen zaion garrantzi eskasaren adierazgarri da hori, besteak beste. Gainontzean, Beñat Sarasola Berriarako egiten dituen iruzkinak bere blogean jartzen hasi da, eta hor bai, lortu du irakurleen nolabaiteko feed backa izatea.
Sistema espainolean gauza jakina da iruzkinek eragin handia dutela. Saltzen diren liburuak Babelian, La Esferan eta antzeko argitalpenetan aipatzen direnak dira.
Kritika espezializaturik ez dagoenez, itzultzaileak bakarrik dihardu
Hasieran esan den bezala, kritika espezializaturik ez da egiten gurean, eta guztiz premiazkotzat daukate guztiek ere. B. Arrizabalagak iritzi argiak ditu auzi honetan: gurean egiten den kritika bakarrak dira komentario txiki batzuk iruzkin orokorren barruan, edo bestela unibertsitatean txokoratutako lan ezkutuak. Egunkari eta kazetetan egiten diren kritikak irakurtzeko zaletasuna bultzatzeko helburuz egiten dira gehienbat, irakurleari kokatzen laguntzeko: irakurle prestu batek bere irakurtzeko ahalmen berezia eskaintzen die balizko beste irakurle batzuei, eta aurki lezaketenaren mapa moduko bat marrazten die. Iruzkin horietan itzulpengintzari lerro bat baino ez zaio eskaintzen, eta gainera, xede testu gisa duen irakurgarritasunera mugatzen dira. Atzean dagoen itzulpen lanaz apenas mintzatzen diren. Hori ez baita leku aproposa kritika espezializatua egiteko, kritika espezializatua ezin baita iruzkin labur horien esku geratu.
Kritika berezituak eztabaida eta hausnarketa ekarriko lituzke, eta hortik baliabide berriak sortuko lirateke. Egilearen (itzultzailearen) irizpideak ez dute zertan nagusi izan, eta zartakoak irakasbide izan daitezke. Manu Lopezek txostenean aipatu duen itzulpengintza postkolonial horren ekarpen nagusia balioen erlatibizatzea izan da: itzulpen on bakarraren ideia desagerrarazi egin du. Ez dago itzultzeko menera bakar bat, baizik eta subjektu bakoitzaren erabakiak. Hortik abiatuta, itzultzailea zertan oinarritu den abiapuntu hartuta, eztabaida piztu liteke, eta horrek aberastasuna ekarriko liguke. Egun, ordea, eztabaidaren beldur garela irudi luke. Autozentsura aipa daiteke hemen ere.
Egunkari eta kazeta orokorrak baino, kritika espezializatua zabaltzeko egokiagoak lirateke Senez aldizkaria, edo propio horretarako sortutako bilkura edo eztabaidaguneak. Kritika lan horiek, itzulpengintza bera bezala, mahairatu egin behar dira, plaza bat sortu behar da horretarako, egunerokoan intuizioari jarraiki lanean diharduen itzultzaileari baliabideak emateko. Lan saio honek bide horretatik abiatzeko balio behar luke. Sektore desberdinen arteko elkarlana behar litzateke kritika berezitua sustatzeko. Eta kritika berezitu horiek egin ahal izateko, irizpideak falta dira. Irizpideak behar dira dibulgazio kritikak egiteko hedabideetan, irizpideak kazeta espezializatuetan kritikak egiteko, eta irizpideak epaimahaietan itzulpenak baloratzeko.
Ayerberen iritziz, arazo nagusia da kritika literarioa ez dela lehen mailako jardun literariotzat hartzen. Kritika literarioari ez zaio baliorik aitortzen, eta kritikagilearen lana ez da aintzat hartzen. Ezinbestekoa da kritika lan hori beste modu batera egin ahal izatea, baldintzak hobetuta, nolabait profesionalizatuta. Espezializazioaren bidetik jotzea aukera bat izan daiteke, baina beharbada horrek kritika arau-emaile baterako joera ekarriko luke. Kritikak irizpide-emaile izan behar luke, kritikari bakoitzak bere irizpideak eman, eta irakurlea joango da kritikari bakoitza eta haren irizpideak ezagutzen, eta horren arabera aukeratzen. Filmen kritikan lortu da hala izatea. Kritika amateurra ondo dago, baina profesionalizatu beharra dago. Baldintzak hobetu behar dira, baliabide egokiak eskura jarri behar dira, eta helburuak ere garbi izan behar dira.
Epaimahaiarena beste auzi bat da
Mahaikideen artean gehienak epaimahaikide izanak dira, sariketa batean edo bestean. B. Arrizabalagaren iritziz, lehen aipatu denaren haritik, epaimahaien jardunerako ere baliabideak falta dira, kontzeptualak nahiz materialak. ItzulBaitaren aurreko lan saioan agerian geratu zenez, euskara eta beste hizkuntza nagusien arteko erkaketa egiteke dago. Gauzak horrela, estiloak baloratzen ibiltzea, adibidez, ezinezkoa da, edota literatur balioez hausnartzen ibiltzea. Lan handia dago egiteko, hainbat mailatan. Epaimahaikideen artean asmo onak eta intuizioa nagusi dira, baina ezjakintasuna ere badago zenbait kasutan, itzulpengintza sariketa batean xede testuaren irakurgarritasuna itsu-itsuan beste irizpideen gainetik jartzen duenik badagoelako, eta euren hautuak ez dituztelako irizpide objektiboetan oinarritzen eta argudiatzen.
Ayerberen esanetan, arazo nagusia da saria komunikabideetara heltzen den unean ez dela behar bezala argudiatzen zer irizpideri jarraiki eman zaion saria obra jakin bati, eta zer irizpidetan huts egin izanagatik ez zaien eman gainerakoei. Zergatia argudiatzen denean ere, esaldi labur batzuk baino ez dira argitaratzen, nahiz esaldi horien atzean itzulpen lanaren gainean eztabaida luzea egon. Esaldi labur horien ordez, epaimahaiaren lana biltzen duen txosten osoa eman beharko litzaieke hedabideei.
Adostasuna dago sariketa baten emaitzak ez argudiatzea akatsa delakoaren inguruan. Haatik, ez dago garbi irizpideak aurretik finkatu beharko liratekeen, edo irizpide horiek zein izan beharko luketen. Irizpideak aurretik finkatzea arriskutsua izan daiteke, obra bakoitzean alderdi batek besteak baino munta handiagoa har baitezake. Baina horretarako daude eztabaida eta argudioa. Gurean ez dago oraindik horrela jarduteko tradiziorik, baina bidea egiten hasi behar dela argi daukate. Irizpide itxiak beharbada ez, baina aintzat hartu beharreko kategorien zerrenda bat ematea oso ondo ikusiko lukete, balorazio lana hasi aurretik aintzat hartzeko, eta gero horien gainean eztabaidatu ahal izateko. Horrela lortuko litzateke, beharbada, euskal testua itzulpen gisa baloratzea, eta ez testu funtzional soil gisa, orain egiten den moduan.
Bakartxo Arrizabalagaren iritziz, berriki Euskadi sariak berrikusi dituzte, baina sakoneko auziei heldu gabe, eta beraz, beste aukera bat alferrikaldu dute sariketa horrek merezi lukeen seriotasunaz hornitzeko.
Gauza izango al ginateke itzulpen bat ona ala txarra den epaitzeko orduan erabiltzen ditugun irizpideak azaleratzeko?
Inma Errearen ustez, horretan jatorrizkoaren izaerak agintzen du, zer testu mota den. Obra batzuetan hizkuntza nagusitzen da, beste batzuetan, berriz, istorioa, narrazioa, eta horrek bideratzen du kritika bide batetik edo bestetik. Irizpide zehatzik nabarmentzea, ordea, zaila da. Beharbada adituek egin dezakete, lan hori sistematizatu eta corpus teoriko-praktiko bat sortu, baliabide kontzeptualei erreparatuta. Beharbada, lehen urrats xume gisa egin litekeena da orain arte egindako iruzkinak bildu eta aztertu, eta ikusi horrek zerbait ematen duen.
Irizarren eskarmentuan, iruzkindu behar izan dituen obrak oso desberdinak izan dira bata bestetik. Irizpide horiek azaleratzeko ahaleginean, kontuan hartu behar da iruzkin osoaren zati bat baino ez dela itzulpenaren komentarioa. Irizpide nagusia hau da: jatorrizkoak sorburu hizkuntzan betetzen duen funtzioa itzulpenak xede sisteman betetzen duen baloratzea. Hori horrela izanik, hizkuntzaren egoera soziolinguistikoa kontuan hartzea ezinbestekoa da, dena zailtzen baitu. Adibide gisa Anaren egunkaria izeneko obra aipatu du, gazte literaturakoa. Liburu hori jatorriz katalanez idatzita dago, eta elkarrizketak bereziak dira, Kataluniako hiri batean gaztetxoek darabilten hizkeran idatzita baitago. Hori itzultzeko bi modu daude: euskara kanoniko edo txukun samar batean ematea, edo gaurko gaztetxo euskaldunek darabilten gaztelaniarekin-nahasitako-euskara horretan ematea. Emaitza edozein izanda ere, ezinbestean itzultzaileari interesgarria izango zaio jakitea besteren iritziz funtzio hori bete duenetz, eta zergatik, ikasbide gisa.
Arrizabalagaren iritziz, agerian geratu da irizpide objektiboak garatzeko zailtasun handiak ditugula, eta baliabide kontzeptualak eta materialak falta ditugula. Hori horrela izanik, obra baten literatur balioa itzulpenaren bitartez nola euskaratzen den baloratu ahal izateko tresnak falta dira; alegia, azterketa moldeak eta azterketak berak, ez soilik itzulpengintzaren gainean, baita euskararen gainean ere, oro har. Egiteke dagoen lan eskerga horri behar bezala erantzuten zaion bitartean, intuizioz moldatzen jarraitu beharko du itzultzaile-kritikari-aztertzaileak.
Bestalde, zenbait itzulpen lehiaketatan, hala nola Vitoria-Gasteiz Haur eta Gazte Literatur itzulpen sariketan, lehen edizioetan jatorrizko obrak bete behar zituen hainbat baldintza ezartzen ziren (giza eskubideen aurka ez jotzea, balio jakin batuk hedatzea...). Nahiz epaimahaikoek garrantzi handirik ez dieten eman eskakizun horiei, gaur egun oinarri horiek aldatu egin dituzte, eta eskakizun horiek ezabatu. Gainontzean, sariketa horretan ere ez da aurrez ezarritako irizpiderik erabiltzen itzulpenak baloratzeko.
Bestalde, denak ados agertu dira oso gaitza dela 500 orriko nobela bat eta 100 orriko beste bat eta 30 orriko poesia liburu bat, denak batera alderatzea. Horrek asko zailtzen du itzulpenaren balorazio lana, bai eta irizpideak ezartzekoa ere.
Ondorioak: lan ildoak eta proposamenak
- Euskarazko literatur itzuliaren kritikan dibulgazio xedea duen kritika da nagusi, helburuak izanik bai irakurleari gidaritza eskaintzea, bai itzulpengintza bera sustatzea.
- Kritika dibulgatiboak egiteko orduan, edukian eta forman honakoak hartzen dituzte kontuan kritikariek:
- Hartzailea zein den.
- Kritikaria bere iritzi subjektiboa ematen ari da.
- Jatorrizkoa eskura izatea desiragarria da, baina ez ezinbestekoa.
- Literatur iruzkin gisa duen izaera gailentzen da, ez baita itzulpen kritika espezializatua. Hortaz, iruzkin osoaren barruko atal bat litzateke itzulpenaren aipua.
- Jatorriz euskaraz idatzitakoa izan, edo itzulpena izan, literatur obra bat da iruzkintzen dena. Ez dago adostasunik zenbateraino nabarmendu behar den itzulpena dela, edo zenbateko garrantzia eman behar zaion atal horri iruzkinean.
- Akats puntualak nabarmentzea ez da egokia, irakurlea nahasten delako.
- Literatur itzulpenaren kritika espezializaturik ez dago, eta premia izugarria da. Baliabide kontzeptualak eta metodologikoak falta dira; hala nola, euskararen eta beste hizkuntzen arteko erkaketa edo azterketak egiteko moldeak. Horien faltan, erdarazko obren literatur balioa itzulpenaren bidez nola euskaratzen den baloratzea ezinezkoa da. Baliabideez gain, foro egokia ere sortu behar litzateke, kritika mota hau garatu eta bideratu ahal izateko.
- Itzulpen sariketetarako ere irizpide objektibo adostuak falta dira. Egun epaimahaien lana intuizio hutsez egiten da, eta itzulpenak testu funtzional gisa duen irakurgarritasuna da nagusitzen den irizpidea. Lan saioan ez zen lortu irizpide horiek zein izan litezkeen azaleratzea.
- Iruzkin zein kritika onak egiteko, ezinbestekoa da baldintza onetan jardutea, bai denbora aldetik, bai baliabideen aldetik, bai emaitzak gero izango duen harrera eta garrantziaren aitorpenaren aldetik.
- Oso onuragarria izango litzateke idazleen eta itzultzaileen elkar trukea bideratuko lukeen fororen bat sortzea.