Literatura Unibertsala bildumaren ebaluazioa (ELI dossierra)
Artikulua PDFn.
Laster, 150. izenburua argitaratuko du Literatura Unibertsala bildumak. Uzta oparoa eman du, beraz, EIZIEk Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailarekin eta unean uneko argitaletxearekin sinatutako lankidetza-hitzarmenak. Lehen aroan, Ibaizabal argitaletxeak plazaratu zituen lehen 100 obrak, eta, bukatzear dagoen bigarren honetan, Elkar eta Alberdania argitaletxeak aritu dira koedizioan.
Hirugarren aroari hasiera eman aurretik, EIZIEk bilduma horri buruzko iritziak bildu nahi izan ditu, eta, horretarako, jarraian agertzen den galdetegi laburra zabaldu zuen literatur itzultzaile, idazle eta literatur kritikoen artean. Hogeita bost bat erantzun heldu zitzaizkigun, eta horien laburpena jaso dugu artikulu honetan.
Galdetegia:
- Zein iritzi duzu, oro har, Literatura Unibertsala egitasmoaz?
- Bete al ditu bildumak, orain artean, sortu zeneko helburuak? Zein neurritan?
- Orain arteko ibilbidean, hutsuneren bat nabarmenduko zenuke, emaitzaren aldetik nahiz prozeduraren aldetik?
Erantzunen laburpena:
Zer iritzi duzu, oro har, Literatura Unibertsala egitasmoaz?
Oro har, egokitzat jo dute egitasmoa iritzi-emaileek. Itzulpenen eta obren maila ona edo bikaina dela esan dute, eta bilduma interesgarritzat jo. Are gehiago, batzuen ustez, funtsezko egitasmoa da euskal literaturaren barruan; hau da, zalantzarik gabe egin beharrekoa eta aurrera jarraiaraztekoa.
Literatur tradizio unibertsala euskal literaturarekin lotzea lortu du, eta euskal literaturaren mugak gainditu ditu. Horrez gainera, euskararen garapenak beharrezko zituen nazioarteko erreferentziak gurera ekartzeko balio izan du.
Gutxi batzuek ez dute horren gaineko iritzirik, beraz, ez dute eman.
Bete al ditu bildumak, orain artean, sortu zeneko helburuak? Zein neurritan?
Oro har, helburuak bete direla uste dute. Hala ere, aipamen zehatzagoak egiten dira, eta helburuak inoiz lortuko ez dituen egitasmoa dela ere esaten da; alegia, amaigabeko lana dela.
Helburu bat baino gehiago betetzea lortu du. Alde batetik, obren kopurua helburu bada, hori bete du; baina, horrez gainera, sare komertzialetik kanpoko obra unibertsalak euskarara ekartzea ere lortu du.
Zenbaiten ustez, autorerik garrantzitsuenak jaso ditu eta literatura unibertsalaren ikuspegi zabala ematen du, baina behin baino gehiagotan jaso da honako gogoeta hau: zenbait autore garrantzitsu itzuli gabe daude oraindik.
Bestalde, itzultzaileei trebatzeko aukera ere eman die, eta itzultzaileen eskola moduko bat izan da.
Gutxi batzuek adierazi dute ez dakitela zein ziren Literatura Unibertsala bildumaren helburuak.
Orain arteko ibilbidean, hutsuneren bat nabarmenduko zenuke, emaitzaren aldetik nahiz prozeduraren aldetik?
Iritzi-emaileetako batek, honako azterketa hau egin du:
Literatura Unibertsala bilduma 138 lanek osaturik dago une honetan.
Horietatik % 91 gizonezkoak dira:
Haietatik % 84 europarrak dira eta gainerako % 16a Europaz kanpoko beste herrialde batzuetakoak: % 8 Amerikako Estatu Batuetakoa, % 6 Hego Amerikakoa, % 1 arabiar herrialderen batekoa, % 0,5 Afrikakoa eta % 0,5 Japoniakoa.
Bestetik, etnizitateari begira, gizonezko horietatik % 98 zuria den bitartean % 2 beltza da. Sinesmen erlijiotsuari begira, % 2-3an kokatuko litzateke kristauak ez direnen egileen kopurua.
Emakume egileen artean (% 9), % 99 zuria da.
«Bildumak unibertsala izan nahi badu zinez, ikuspegi maskulino-eurozentristatik harantzago joan beharko luke».
Ideia hori beste ikuspegi batetik ere agertu dute iritzi-emaileek: bilduman hizkuntzen arteko desoreka ikusten dute; nagusi dira ingelesa, frantsesa eta italiera, errusiera eta alemana. Horien aldean, beste hizkuntzetako eta urrutiragoko kulturetako lanak bultzatzea proposatzen da. Itzuli beharreko lanak aukeratzea irizpide jakin batzuen arabera sistematizatzeko eskatzen da: garaia, eskualdea, generoa (poesiaren hutsunea nabaria dela aipatzen da, eta bilduma paralelo bat egiteko aukera), hizkuntza... Horrekin batera, aipatzen da komenigarria litzatekeela egungo autoreak gehitzea.
Batzuek zalantzan jarri dute bilduman dauden obra eta autore batzuen presentzia. Alde batetik, egile batzuk bigarren mailakotzat jotzen dira; hobeto esan, lehen mailakoak falta omen dira, eta jasota dauden batzuk ez dute bilduman zertan egon. Bestetik, gaztelaniazko obrak itzultzea jarri dute zalantzan (horren kontrako dira, eta, salbuespen batzuk kenduta, ez lituzkete itzuliko). Horren ildotik, aipatzen da noizbait erabaki zela espainieratik Unamuno eta Baroja baino ez zirela itzuliko: bakoitzaren lan bana. Azkenik, honako kritika hau ere jaso da: autore batzuen kasuan, ez da horien obra esanguratsuena itzuli, bigarren mailako bat baizik.
Zenbaitek kezka adierazten du ea ahalegin nahikoa egiten den bildumaren berri zabaldu eta obrak jendeari helarazteko. Alde horretatik, itzulpen horien berri zabaltzen eta, zehazki, eskoletara helarazten lan handiagoa egin beharko litzateke, ikasleak halako liburuak irakurtzera bultzatu.
Horrez gainera, tamalgarritzat jo dute orain arte egindako lana beste modu batean ez baliatzea. Zenbait proposamen egiten dira: datu-base bat sortzea, itzulpen arazoez gogoeta egiteko baliatzea, ikerketa bultzatzea, itzulpenen analisia egitea... Ondo funtzionatu duten itzulpenen kasuan, itzultzaileak bereganatu duen eskarmentua baliatu, eta autore beraren beste lan batzuk itzultzen jarraitu beharko litzateke.
Espainierarekiko morrontza ere aipatu dute: hainbat itzulpenetan, jatorrizko hizkuntza beste bat izanik ere, espainiera erabili omen da zubi, eta hori emaitzan nabari da. Baztertzeko jardueratzat jotzen dute, eta, beste hizkuntza batzuetan egiten duten legez, klasikoen itzulpenen berrikusketa egitea eskatzen.
Kalitatearen inguruan, honako ideia hau agertu da: itzulpenen kalitatea hobetzen joan da bildumaren hasierako lanetatik hona. Hasierako haien zuzenketa ez omen zen ondo zaindu; lan haiek berrikustea eskatzen duenik ere bada.
Lanak adjudikatzeko prozeduraren gainean iritzi kontrajarriak daude. Egoki ikusten dute batzuek. Beste batzuek, berriz, ez dute ontzat ematen, eta, itzulpenik onena ebaluatu gabe, euskaraz ederren idatzi dena saritzen dutela uste dute. Alegia, sarri, gehiago begiratzen zaiola hizkuntzaren edertasunari, itzulpenaren egokitasunari eta zorroztasunari baino.