Terminologia hizkuntza-kudeaketaren baitan
Joxean Zapirain

Artikulua pdf formatuan

Inork "eta zuek zertan aritzen zarete UZEIn?" galdetuko balu "Terminologia eta Lexikografia egiten" erantzun beharko litzaioke zentzu hertsian. Baina galdera egin duena hiztun arrunta bada, alegia, hizkuntzalaritzako ezagutza berezirik ez badu, erantzun horrekin ezer gutxi ulertuko luke gehienetan. Segidan, "hiztegiak egiten" azalpena erantsiz gero, errazago gertatuko litzaioke ulertzea UZEIn nolako lana egiten den. Izan ere, oraindik jende askorentzat garai batean argitaratutako hiztegi haiek direlako seguruenik UZEIren produkturik ezagunenak, etxearen marka berezia, nolabait esateko. Are gehiago, galdera egin duen hiztuna zein alor edo eremutan aritzen den kontu, hiztegi bat edo beste nonbait ikusia edo erabilia izan lezake.

Hiztegiak, beraz. Batez ere, hiztegi terminologikoak. Jakintza-arlo jakin batean normalizazio linguistiko eta sozialaren bila, eta betiere alor bakoitza bere osotasunean hartuz, kanpoko adituen lankidetza ugarirekin prestatutako hiztegi eleaniztunak. Hiztegi terminologikoa gaztelera-euskara bikoteekin prestatutako hitz-zerrenda soila baino zerbait gehiago da, helburu zehatz batzuk lortzeko eta metodologia jakin bati jarraituz osatutako lan terminologikoa den neurrian.

Bere eguneroko jardunean era guztie­tako hiztegiak eta izendegiak baliatzen dituzten hiztun gehienek ez dute hain garbi izaten, ordea, zertan bereizten den terminologoaren lana hizkuntzarekin lotutako beste lan batzuetatik. Izan ere, terminologia egitea, hiztegigintzarekin bakarrik erlazionatzen dute, eta zehazkiago hitz-zerrenda batzuk itzultzearekin.

Altuera desberdinetatik begira daiteke edozein errealitate, eta altueraren araberako ikuspegi bakoitzak errealitatearen konplexutasuna hobeto ulertzen laguntzen du. Terminologiarekin ere antzeko zerbait gertatzen da, eta, txori batek lurrera altuera ­batetik edo bestetik begiratzen duenean ikuspegi desberdinak dituen bezala, terminologia-arazoak oso era desberdinean ikus daitezke ikuspuntuaren arabera.

Gertu-gertutik begiratuz gero, terminoak oso interes konkretua du. Maila horretan unean uneko arazo linguistikoei konponbide bat aurkitzea da lehentasuna, eta, konponbide hori aurkitu ezean, arlo horretako terminologiaren ikuspegia ezinbestean ezkorra izango da. Ongi daki itzultzaileak bere lehentasunetako bat eguneroko lanean behar dituen terminoen ordain egokiak aurkitzea dela. Eta bilatzen duen ordaina eskura dituen hiztegietan ez aurkitzeak kasuan-kasuan bestelako konponbideak bilatzera behartzen du. Gauza jakina da hiztunen arteko komunikazioa ez dela eteten terminologia-ezagatik, baina bizirik ez ezik osasuntsu egon nahi duen hizkuntza orok izan behar du nazioartekotasun maila homologatua terminologiari dagokionean, eta hutsune terminologikoak betetzea da hizkera teknikoak duen beharretako bat.

Itzultzaileak unean-unean dituen behar zehatzen maila hori gainditu eta terminologiari goragotik begiratuz gero, falta diren terminoek uzten duten hutsuneari baino arreta gehiago jarriko zaio jakintza-eremu edo espezialitate-arlo desberdinetako hiztegien beharrari. Itzultzaileek eta, gero eta gehiagotan, enpresetako kalitate-arduradunek ere, izendegiak edo hiztegi erako bestelako baliabideak garatzen dituzte, beren behar bereziei erantzun sistematikoagoa emateko. Hizkuntzaren aldetik baliabide horietako batzuk izan daitezke beste batzuk baino hobeak, osoagoak, orekatuagoak... baina guztiak dira neurri batean edo bestean erabilgarriak aldian aldiko arazo terminologikoei aurre egiteko.

Arazo terminologikoei oso hurbiletik, gertuegitik agian, begiratzen zaienean, tentazio handia izan daiteke pentsatzeko edozeinek egin dezakeela hiztegi terminologiko bat. Arazo puntualei emandako irtenbideak bilduz eta txukun antolatuz, izendegiak osatzen dituzte itzultzaile gehienek, testuen koherentzia bermatzeko ia ezinbesteko tresna gertatzen baitzaizkie izendegi horiek, ordenagailuz lagundutako itzulpengintzarako tresnekin batera. Neurri batean, izendegi bat sortzen duen norbait ez dago oso urruti hiztegigile izatetik. Eta lexiko orokorra kanpoan uzten duen izendegi/hiztegi bat ter­minologia-lana bada, ez ote ditugu Euskal ­Herrian uste genuen baino terminologo gehiago?

Seguruenik, ezetz erantzungo du hizkera espezializatuko hiztegi txukun bat egin behar izan duen edozein hiztegigilek. Izan ere, hiztegi terminologiko koherente bat osatzea ez da ematen duen bezain lan erraza.

Maila honetan, erabiltzailearen arazo garrantzitsuenetako bat landutako informazioaren kudeaketa sistematizatzea da. Zenbat eta jakintza-arlo gehiago landu, edo zenbat eta termino edota sinonimo gehiago jaso, orduan eta zailagoa da terminologiaren koherentziari eustea, baita lexiko orokorraren eta hizkera teknikoaren arteko muga bereizteko irizpidea sistematikoki errespetatzea ere.

Terminologiari urrutiagotik begiratzeak, berriz, hiztegi teknikoen kudeaketak berezkoak dituen arazoak gainditzeko konponbideak bilatzera eramango du terminologoa. Batetik, hiztegien barne-koherentzia eta, bestetik, ezagutza-arlo bakoitzeko hiztegien arteko oreka bermatu nahian sortu eta garatu dira terminologia-bankuak. Ikuspegi honetatik begiratuz, ez du halako garrantzirik kontzeptu batzuk adierazteko terminorik ez edukitzeak edo ezagutza-arlo jakin bateko terminologia landu gabe egoteak. Maila honetan gehiago kezkatzen du terminologoa lehendik eginda dagoen lan terminologikoa kontrastatzeak, hiztegi berriak egiteak baino.

Hiztegi terminologikoak

Terminologiari altuera edo ikuspegi batetik edo bestetik begiratzen zaionean, terminologoak ondo bereizi behar ditu zein diren maila horietako bakoitzean izan behar dituen lehentasunak eta jarraitu behar dituen lan-prozedurak. Eta zentzu horretan, terminologia-lanaren barruan oso ondo bereizten dira hiztegi terminologiko bat egiteko terminologoak eman behar dituen urratsak:

1. Aholkulari eta adituen taldea eratzea

Begi-bistakoa den bezala, terminologoak ez ditu jakintzaren atal guztiak menderatzen. Horrexegatik, komeni da jakintza-arlo horretako profesionalekin harremanetan jartzea, profesional horien artetik aholku­lariak aukeratu ahal izateko. Adituek gai hauetan emango dute laguntza:

a) Dokumentazio egokia identifikatu eta osatzeko.
b) Eremuaren ikuspegi ahalik eta osoena eman eta eremu-zuhaitza finkatzeko.
c) Lan terminologikoaren fase bakoitzean osatzen diren hitz-zerrendetan falta diren edo soberan dauden terminoak identifikatzeko.
d) Euskarazko eta erdarazko terminoei buruzko ekarpenak egiteko, beraiek erabiltzen duten terminologia proposatuz.
e) Kontzeptuei buruzko argibideak eskaintzeko, definizioak osatzean.

2. Dokumentazioa aukeratu eta corpusa zehaztea

Terminologia-lanean, funtsezkoa da arlo jakin horretako adituek errealitatean erabiltzen dituzten terminoak antzematea eta biltzea. Horretarako, terminologoak dokumentuetatik jaso behar ditu terminoak, baita terminoaren esanahia, forma eta erabilera ere, ondoren termino-proposamen egokia egiteko. Bestalde, terminologoak alor tekniko horretan argitaratua dagoen dokumentaziora jo beharra dauka jakintza-gai horri buruzko kontzeptu-sistema ezagutzeko. Dokumentu-corpus hori egokia izatea (osoa izatea, helburuen arabera egokia, etab.) garrantzitsua da terminologia-lanarentzako. Horregatik, terminologia egin nahi duenak ezinbestekoa du ezertan hasi aurretik dokumentazio-zerbitzu egoki bat edukitzea, landuko dituen ezagutza-arlo bakoitzeko testu teknikoen erreferentziak bilduko dituena, testu horiek izango baitira lan terminologikoaren oinarria. Gainera, terminologia-lana kontzeptuetatik abiatzen denez, adibidez, hiztegi terminologiko elebidun bat egiteko, terminologoak ez ditu bilduko bi hizkuntza horietako testu teknikoak soilik, baizik eta edozein hizkuntzatakoak; betiere, jakina, berak menderatzen dituen hizkuntzetakoak badira, eta arlo horretan adituak direnen testu zuzen/fida­garriak badira.

Beraz, terminoak bilatzeko eta kontzeptuak argitzeko baliagarriak izan daitezkeen euskarazko nahiz beste hizkuntzetako dokumentuen inbentarioa egin behar da (arloko testu espezializatuak, obra terminologikoak nahiz maila apalagoko bestelakoak), eta corpus egituratu gisa antolatu.

Dokumentazio-zerbitzuak gai horri buruzko dokumentazio teknikoa ikertu ondoren, dokumentu bakoitzaren erreferentzia-datuak (egilea, titulua, etab.) jaso eta datu-base batean bilduko dira. Era berean, dokumentu bakoitza kodetu egin behar da, fitxa terminologikoak lantzean termino bakoitza nondik atera den jakin ahal izateko.

3. Eremu-zuhaitza. Kontzeptu-sistema eta sailkapena

Eremu bateko terminologia ez da termino-bilduma arbitrarioa. Arloaren funtsezko unitatea kontzeptua da. Eremu bateko terminologia eremu hori osatzen duten kontzeptuei esleitzen zaien izendapenen multzoa da. Eta kontzeptu horiek kontzeptuen arteko harremanetan oinarritutako sistema koherentea osatzen dute.

Kontzeptu-sistema antolatzeko modurik erabiliena eremu-zuhaitzarena da. Eremuko kontzeptuak adar eta azpiadarretan sailkatzen dira, modu hierarkikoan. Adar bakoitzari kode bat ematen zaio, fitxa terminologikoa lantzean kontzeptuari dagokion kodea erabiltzeko.

Eremu-zuhaitzak ikerketarako gida moduan balio du, bai hustuketa-plana egiteko orduan, bai terminoen bidezkotasuna erabakitzeko orduan, fitxak sailkatu eta ordenatzeko orduan, termino-unitateak modu logiko eta sistematikoan definitzeko orduan, edo terminoak datu-base batean sartzeko orduan. Egia esan, prestaketa-lan hauetan kontzeptu-sistemaren eta eremu-zuhaitzaren lehen zirriborro bat egiten da (adituen laguntzaz, jakina), eta gero hiztegia lantzen joan ahala, eta baita definizioak lantzean ere, noski, kontzeptu-sistemaren eta are eremu-zuhaitzaren behin betiko bertsioa finkatuko da.

Terminologia-bankuak

Hiztegi terminologiko bat plazaratzerakoan terminologoek erabili duten eremu-zuhaitza ere argitaratzeak laguntza handia dakarkio hiztegi hori baliatuko duenari, ez bakarrik hiztegiaren koherentziaren frogagiria delako, baita ere eremu-zuhaitzaren bidez hiztunek jakin dezaketelako terminologoak nola antolatu duen ezagutza-arlo hori. Gainera, eremu-zuhaitzari esker hiztegiaren erabiltzaileak jakin dezake zein arlotako terminoak jaso diren, eta zein arlotakoak utzi diren hiztegitik kanpo. Izan ere, sailkapen horretan oinarrituz hautatu behar baititu terminologo batek kontzeptuok, hiztegian ezagutza-arlo hori osotasunean aztertzeko eta terminoen arteko oreka gordetzeko.

Jakina, gero eta hiztegi terminologiko gehiago ditugun neurrian, kontzeptuak kontsultatzea ere gero eta lan neketsuagoa da. Horregatik, esaterako, ezagutza-arlo bat baino gehiagotako terminoak kontsultatu behar direnean, ezagutza-arlo horietako bakoitzeko hiztegi bat erabili beharrik ez izateko eta bilaketak bateratzeko integratzen dira hiztegi terminologikoak terminologia-bankuetan.

Mota askotako terminologia-bankuak daude, izendegi erakoak edo hiztegi erakoak, baina azken horiek dira arruntenak eta erabiltzailearentzat lagungarrienak, hiztegi terminologiko batek duen informazio guztia era egituratuan jasotzen dutelako, kontzeptuak hierarkia baten arabera antolatzen dituztelako eta ezagutza-arlo bakoitzaren araberako bilaketak egiteko aukera eskain dezaketelako. Horrelakoa da, esaterako, UZEIk 1986an sortu eta gaur egun Terminologia Banku Publikoa den Euskalterm, baina baita gure inguruko hizkuntzetan ezagunen zaizkigun eta guretzat erreferentzia garrantzitsuak diren Québeceko Grand Dictionnaire terminologique, Kataluniako Cercanet zerbitzuaren bidez kontsulta daitekeen banku terminologikoa eta Europako erakundeen arteko terminologia biltzen duen Inter Active Terminology for Europe (IATE) bera ere.

Eta terminologia-banku horiek guztiak hiztegi erako bankuak izatea ez da kasualitate hutsa. Terminoak eremu-zuhaitzaren eta jakintza-arloaren arabera sailkatzea eta horren araberako kontsultak egin ahal izatea da kontzeptuen arteko erredundantzia saihesteko modurik errentagarriena. Gauza ezaguna da teorikoki behintzat, terminologian homonimiak ez lukeela leku handirik izan behar, baina hizkuntzaren beraren ezaugarriak halakoak direlako ezin saihestuzkoa da neurri batean. Eta termino batek ezagutza-arlo bat baino gehiagotan kontzeptu desberdinak izenda ditzakeen neurrian, ezinbestekoa da aldian-aldian desberdintasun hori adieraztea, eta aldi berean, sail bakoitza osotasunean atzitu ahal izatea. Bestela esanda, termino bat zein arlotakoa den jakiteko modurik ematen ez duen hiztegi edo izendegi bat kontsultatzen duen hiztunak, nekez erabili ahal izango du hor aurkitzen duen terminoa behar adinako segurtasunarekin. Noski, horrelako hiztegi batek zenbat eta informazio gutxiago eskaini (eremu-zuhaitzeko sailkapena, definizioa, erabilera-oharrak...), orduan eta ezagutza handiagoa eskatzen dio kontsulta egiten duen hiztunari, ematen duen informazio urria behar bezala interpretatu ahal izateko.

Ezagutza-eremu bakoitzaren barneko koherentzia bezain garrantzitsua da teknolektoen arteko terminoen koherentzia ere. Terminologia-bankuek koherentzia hori bermatzen laguntzen dute, terminoen kritika sistematikoa egin ahal izatea errazten duten neurrian. Zentzu horretan, Euskalterm bezalako terminologia-bankuak hizkuntza espezializatuaren ikuspegi global batetik abiatzen dira, eta termino edo hiztegi berriak ez dira bankuan besterik gabe gehitzen, integratu egin behar dira: lehendik jaso den terminologiarekiko koherentziari eutsi behar zaio, eta, berrikuntzak hala eskatzen duenean, aurreko terminoak egokitu egin behar dira. Horrek guztiak terminologia-bankua kudeatu behar duena lan gehigarri hori aurrez ikustera behartzen du, bankua eguneratuta mantenduko badu.

Ikuspegi orokor horrekin lan egin behar dute terminologoek, eta ikuspegi hori barneratu behar dute terminologoekin arlo bakoitzeko terminoak adosten dituzten adituek ere. Hain zuzen ere, termino bat proposatu aurretik, terminologoak jakintza-eremu horretako aditu eta autoritateekin adostu beharra du, terminologiaren oinarri-oinarrizko eskakizuna baita hori egitea. Terminologoak ezin ditu ezagutu bere lanerako beharko lukeen adina sakontasunez komunikazio zientifiko-teknikoan erabiltzen diren kontzeptuak.

Horregatik, terminologia talde-lanean egin beharreko zeregina da, horrek denbora eta diru aldetik dakarren kostu gehigarriarekin. Edozein hiztunek bere eguneroko lana errazteko eta sistematizatzeko osa dezakeen hiztegi edo izendegi erako zerrendatik urruti geratzen dira, beraz, terminologiaren teoriak ezartzen dituen eskakizunak errespetatuz osatutako hiztegiak eta horiek biltzen dituzten terminologia-bankuak ere.

Batetik arlo zientifiko-tekniko bakoitzeko autoritateen adostasunak, eta bestetik terminologoak duen hizkuntzaren ikuspegi orokorrak, hiztegi edo izendegi erako beste produktu batzuek ez duten bermea ematen dio terminologia-banku bati. Eta berme horri dagokion lekua aitortu beharko litzaioke, hizkuntza-plangintzarako.

Hizkuntza-plangintzaren atal garrantzitsu bat da terminologia-plangintza, eta plangintza orok zabalkundearen beharra du bilatzen diren ondorioak lortzeko. Terminologia-bankuak berebiziko garrantzia du terminologiaren zabalkunderako, ez bakarrik telematikoki edonork kontsultatzeko moduan jar daitekeelako, baita terminoen ezarpenaren kontrola egin eta gero, ezarpen horren arabera edo bestelako aldagaien arabera terminologia-bankuan egin daitezkeen eguneratzeak hedatzeko modurik eraginkorrenetako bat delako ere.

Beraz, estandarizazio bidean dagoen hizkuntza baten mesedetan hizkuntza-politika eraginkor bat egingo bada, terminologia-bankuak baliabide ahaltsuak dira, gizartearen bilakaerak eta teknologiaren garapenak behar dituen kontzeptuak koherenteki izendatzea ahalbidetzen duten neurrian. Halaber, hizkuntzaren ikerketarako tresna baliotsuak ere izan daitezke terminologia-bankuak.

Terminologia-zentroa

Baina terminologia egitea ez da amaitzen hiztegiak egin eta terminologia-bankua eraikitzearekin. Zentzu modernoan, hizkuntza-politikaren barnean kokatzen da terminologia; eta, hori bideratzeko, plangintza bat eta lan-talde profesional bat, hots, Terminologia Zentro bat behar dira.

Terminologiaren kudeaketan hainbat fase bereizten ditu Auger ikertzaile kanadarrak:

1. Ikerketa

Hiztegi terminologiko berria egitea, arlo jakin bateko terminoen erabilera ikertzea da. Garai batean, erabilera hori paperezko dokumentuetan aztertzen zen. Gaur egun testu elektronikoetan oinarritzen da gero eta gehiago. Horregatik, terminologia-lanak hizkuntzaren tratamendu automatikoarekin zerikusi zuzena dauka; eta, alde horretatik, egungo teknologia berriek laguntza handia ematen diote hizkuntzalariari. Beraz, ezinbestekoa da ikerketa eta berrikuntza teknologia berrien erabileran oinarritzea.

Informazio terminologikoaren formatua ere aldatuz joan da, eta XML egituran oinarritzen den estandarrean finkatu da. Garai bateko Martif, eta gaur egungo TBX (TermBase eXchange), LISA eta ISO erakundeetan bermatua, antzekoak dira. Fitxa terminologikoa hainbat informaziotan banatzen da: informazio administratiboa, kontzeptuaren azalpenari buruzkoa, eta terminoei buruzkoa, hizkuntzaka multzokatuta.

Corpusetan oinarritutako termino-ikerketari gero eta garrantzi handiagoa ematen zaio. HNP (Hizkuntza Naturala Prozesatzeko) tresnen erabilerak bere eguneroko lana errazten dio terminologoari: corpuseko dokumentuak morfologikoki analizatu (lematizatu), eta termino-erauzketako teknikak baliatuz, automatikoki ateratzen dira "terminogaiak", betiere terminologoak egiaztatuak izan daitezen.

UZEIren hiztegigintzak une honetan ia bezero bakarra du: Eusko Jaurlaritzaren Kultura Saila eta HAEE/IVAP, horiek ezartzen baitituzte Euskalterm Bankua aberasteko egin behar diren hiztegi berriak.

Hiztegi berrien ikerketa-lan honek baldintza egoki batzuk behar ditu: hizkuntza-tresna eta baliabide egokiak eskura izango dituen ingurune bat; besteak beste, dokumentazio-zerbitzua, liburutegia, hizkuntza automatikoki prozesatzeko tresnak, informatika-zerbitzua eta abar.

2. Normalizazioa

Normalizazioaren faseak ezin ukatuzko garrantzia du euskararen testuinguru konkretuan. Hiztegi terminologiko bat egiten denean, terminologia-lana egiten duen erakundearen (hala nola UZEIren) ekarpen bat egiten da, nolabait behin-behinekoa. Baina, euskara bezala normalizazio bidean dagoen hizkuntza batentzat, funtsezkoa da bestelako erakundeekin lana kontrastatzea eta ekarpenaren adostasuna zabaltzea. Hori, hein batean eta lehen urrats gisa, adituek eskaintzen dute hiztegi terminologikoa egiten den unean. Hala ere, adostasun orokor eta zabalago bat beharrezkoa izaten da, baita goi-mailako erakundeen bermea ere.

Gure kasuan, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak (HPSk) koordinatzen du zeregin hori. Normalizazio-prozesu horretan bi urrats edo "galbahe" finkatu ditu Jaurlaritzak.

Lehenik, HPSk hautatutako Batzorde Tekniko bat eratzen da hiztegi edo lan terminologiko bakoitzerako. Lan bakoitzean desberdina izango da batzorde hori, kasuan kasuko jakintzagai edo arlo konkretuan adituak diren erakunde edo sektoreetako ordezkariak bilduko baititu. Betiere HPSko eta UZEIko ordezkari bana izango dira bertan. Hiztegia aztertu, zuzendu, osatu eta denen artean adostutako azken bertsio bat egingo da.

Hurrengo urratsa Euskararen Aholku Batzordeko Terminologia Batzorde-atal Berezia da. Batzorde hau terminologia-gaietarako batzorde gorena da, eta berbera da lan guztietarako, hainbat erakundetako ordezkari finkoz osatua baitago. Batzorde teknikoetatik pasatu den terminologia-lanaren azken azterketa egingo du, eta behin betiko onartuko du. Bertako erabakiak nolabaiteko arau izango dira terminologia-lanean dihardugunontzat.

Batzorde horien jarduna bideratzeko, Terminologia lanerako irizpideak eta Maileguak eta kalkoak terminologia-lanean irizpide-bildumak ezarri zituen Terminologia Batzordeak 2004an.

3. Zabalkundea

Terminologia egitea bezain garrantzitsua da ekoizpena ezagutzera ematea eta iritsi behar den lekuetara iristea, hau da, sozioterminologia egitea. Hedapenerako baliabide garrantzitsuena egun Terminologia Banku Publikoa da.

Baina oraindik Euskalterm ez dute erabiltzaile potentzial guztiek ezagutzen. Hemen ere publizitatearen eta marketinaren arloan baliatzen diren teknikak aplikatzeak zabalkundea asko hobetuko luke. Hedabideak ohikoak lirateke: prentsa, irratia, telebista.

Gainera web kontsultaz gain, beste zabalkunde modu batzuk ere aztertu beharko lirateke, bereziki enpresen eta ikastetxeen arloari begira.

4. Ezarpena

Terminoen ezarpena edo inplantazioa esaten denean, haien "arrakasta" jakin nahi da: ea zenbateraino erabiltzen diren normalizazio-fasean egokitzat proposatu diren terminoak, edo ea zenbat erabiltzen diren haien lehiakideak, bigarren mailako sinonimoak edo baztertzekotzat jo direnak.

TEIS (Termino Ezarpenaren Informazio Sistema) izeneko ikerketa-proiektua garatu du UZEIk 2006-2007 urteetan. Euskarazko terminometriaren lehen urrats honetan, Québecen Quirion ikerlariak erabilitako metodologia oinarri hartuta, euskarazko termino-ezarpena aztertu da. Betiere komunikazio ofizialari ematen zaio lehentasuna, eta ezarpena ikertzeko lau multzotan banatzen dira erabiltzaileak: administrazioa, komunikabideak, irakaskuntza eta arlo sozioekonomikoa (enpresak). Ikerketaren lehen fasean, batetik, 500.000 hitzeko corpus bat bildu zen, eta bestetik, Hiztegi Batuko zenbait hitz, termino-erabilera izan dezaketenak, aukeratu ziren, eta haien ezarpena neurtu zen. Ondorioa esanguratsua izan zen: Hiztegi Batuan proposatzen diren terminoen ezarpena % 90etik gorakoa zen, hots, hamarretik bederatzitan erabiltzaileek Euskaltzaindiak proposatutako hitza erabiltzen zuten. Ikerketaren bigarren zatian, Internet hartzen da corpus birtual erraldoi gisa, eta han aztertzen da terminoen erabilera. Eta beste erabiltzaile-talde bat ere gehitu da, Interneteko "foroak" (blog eta gainerakoak).

Informazio hau baliozkoa da terminologiaren kudeaketa egiten duen Administrazioarentzat, hortik jakingo baitu zeintzuk izan daitezkeen termino gomendatuak ez erabiltzearen arrazoiak.

5. Ebaluazioa eta kontrola

Terminologia Batzordea hasi berria da, eta oraindik termino gutxi dira handik haren "termino gomendatua" ponderazio-markarekin atera direnak. Espero daiteke 2008an Batzordetik pasatuko diren hiztegietako terminoak 5.000tik gora izango direla. Beraz, Horta aurrera, haien jarraipena egin beharko da, eta ezarpenaren bilakaera neurtu.

Ondorengo urteetan, erabilerak emandako emaitzen aurrean, ebaluazio bat egin beharko da:

- ez-erabiltzearen arrazoiak aztertu: ez da gauza bera termino bat ez erabiltzea ezagutzen ez delako (zabalkundearen hutsegitea izango litzateke), edo termino bat ez erabiltzea desegokitzat jotzen delako.

- arrakastarik izan ez duten proposamenak berrikusi, eta haien ordez erabiltzen diren ordainen egokitasuna baloratu.

6. Eguneratzea

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta HAEE/IVAPek eskatuta, Euskalterm Terminologia Banku Publikoa mantentzeko lanak egiten ditu UZEIk. Hiztegi berriak egiteaz gain, Bankuko fitxa-eguneratzeak egiten dira arloka. Adibidez, aurreko urtean Zuzenbideko fitxak berrikusi ziren, gero Matematikakoak, Psikologiakoak, Fisikakoak eta abar.

Fitxa-eguneratze honetan garrantzi berezia dute kanpoko adituek: gehienetan Unibertsitateko irakasleak izaten dira, eta haien ekarpena era askotakoa izaten da:

• kontzeptuen egiaztatzea: zeintzuk falta diren, zeintzuk dauden soberan
• sailkapena berrikustea
• euskarazko ordainak egiaztatzea

Bigarren alderdi bat lan honetan azpimarratu beharrekoa: HNP tresnen erabilera. IDITE (Itzulpenen Diagnostiko Terminologikoa) ikerketa-proiektuan terminoen diagnostikoa egiteko sistema bat garatu du UZEIk. Bi emaitza atera dira ikerketa horretatik:

1) Hiztegi terminologiko bat testu-corpus bati kontrajarrita, bien arteko termino-desadostasuna antzemateko gaitasuna. Horrela, Zuzenbideko terminoak parekatu dira lege-testu normalizatuetakoekin (Kode Zibila, Zigor Kodea eta abarrekin), eta informazio hori baliatu da Zuzenbideko terminoak eguneratzeko.

2) Euskarara itzulitako dokumentu baten txekeo terminologikoa egiteko funtzionalitate bat gehitu zaio eLENA aplikazioari. Aplikazio hau itzulpen-memoriak kudeatzeko softwarea da, UZEIk garatua. Itzulpen bat inportatzen denean, sistemak aukera ematen du aurrez txekeo bat agindu, eta zuzenketak egiteko.

LABURBILDUZ

Terminologoak, haren lana baliatzen duten hiztunek, eta terminologia hizkuntza-politika eraginkorra egiteko ezinbestekoa duen Administrazioak, arazo eta behar desberdinak detektatuko dituzte terminologiaren arloan, bakoitzak duen ikuspuntuaren arabera eta kontzeptu berriak izendatu beharrak hiztunari eragiten dizkion premiekiko hartzen duen distantziaren arabera. Aniztasun hori barneratu beharko lukete horietako bakoitzak, eta horren arabera jardun bakoitzak bere esparruan.

Ikuspuntu-aniztasun horren gainetik, ordea, azken hamarkada hauetan euskarak terminologian egin duen bidea eta gero, iritsi da garaia ahalegin gehiago egin ditzagun orain arte egin den terminologia zenbat, eta batez ere, zergatik erabili den edo ez den erabili ezagutzen hasteko. Gaur egun eskura ditugun baliabideekin, azterketa hori inoiz baino egingarriagoa da, eta egitea komeni da, etorkizunean hizkuntza-normalizazioan egingo den lana alferrikakoa izan ez dadin. Edozein dela ere euskal terminologoek hobesten duten lan-ildoa, hiztunek dute-eta azken hitza, hizkuntzako beste edozein arlotan gertatzen den bezala.