Ikus-entzunezko itzultzaileei egindako galdeketa: emaitzak eta ondorioak
Artikulua pdf formatuan
Aurkezpena
Euskarazko ikus-entzunezko itzulpena Euskal Telebistaren egitasmoa hezurmamitzen ari zenarekin batera jaio zen. 1980ko udazkena zen eta Irrati-Telebista Eskolan lehenik eta Filmak Bikoizteko Zerbitzuan ondoren prestatu ziren lehenengo itzultzaile, egokitzaile eta bikoizleak.
Ordutik hona ETB eta euskarazko ikus-entzunezko itzulpena elkarren zordun izan dira. Itzulpen mota honek berebiziko garrantzia izan zuen euskarazko telebistaren sorreran eta geroko garapenean, izan ere 1983-1992 bitartean kanpo produkzioak batez beste emisio-denbora osoaren erdia hartzen zuen ia. Bestaldetik, itzulpen mota honek Euskal Telebista izan du bezero nagusia, zineman eta bideoetako eta DVDtako esparru komertzialetan oso urria baita haren presentzia. Euskal Telebistak zituen beharrak asetzearren, hiru bikoizketa-etxe sortu eta 100 profesional baino gehiago aritu izan dira kanpoko produkzioak euskarara itzultzen eta bikoizten.
Azken hamar urteetan, ordea, behera egin du nabarmen euskarazko ikus-entzunezko itzulpenaren merkatuak eta horren ondorioz alor honetako itzultzaileen beharra ere gutxitu da. Beherakada horren arrazoi nagusia ETBko arduradunek barne produkzioa indartzearen aldeko apustua egitea dugu. Alor honetako itzulpengintzari dagokionez, politika horrek ekarri dituen emaitzak begien bistakoak dira: gaur egun euskarazko ikus-entzuneko itzulpena marrazki bizidunen eta dokumentalen esparrura mugatuta dago[1].
Paradoxa bada ere, merkatuak krisialdia bizi duen garai hauetan inoiz baino artikulu gehiago argitaratu dira ikus-entzunezko itzulpenari buruz azken Senez horren froga argia izanik. Era berean, ikus-entzunezko itzulpenak zor zitzaion aitorpen akademikoa ere jaso du unibertsitatearen aldetik eta dagoeneko bost urte bete dira ikus-entzunezko itzulpena irakasten zaiela Euskal Herriko Unibertsitatean Itzulpengintza eta Interpretazioko ikasketak egiten dituzten ikasleei.
Aurrekari horiek gogoan izanik, telebistarako egiten den ikus-entzunezko itzulpenaren halako ikuspegi orokorra eskaini nahi dut orrialde hauen bidez. Horretarako, ETB1en euskarara bikoizturiko programak ikustea ahalbidetzen duen giza kate luzearen hasierako mailan daudenengana, hau da, ikus-entzunezko testuak euskarara aldatzeaz ardura dutenengana, hurbildu nahi izan dut, batetik, ikus-entzunezko itzulpenaren gainean dituzten kezka eta iritziak ezagutzeko, eta, bestetik, itzulpen mota honek berezko dituen ezaugarriek norainoko eragina duten haien eguneroko lanean jakiteko.
Ikerlan honek bi helburu nagusi ditu: lehenik, itzultzaile-egokitzaileen[2] oinarrizko profilaren eta lan baldintzen berri jakin, eta bigarrenik, ikus-entzunezko itzulpenaren berariazko oztopoen eragina ezagutzea.
Aipatu xedeak erdiesteko metodologiaz denaz bezainbatean, adierazi behar erabilitako metodologia hainbat itzultzaile-egokitzaileri igorri zitzaien galdeketa batean oinarritzen dela. Nire ustez, galdeketa horrek[3] ikus-entzunezko itzulpenean nagusi eta erabakigarri diren alderdiak jasotzen ditu. Ohartzen naiz, halere, galdeketa partziala izan daitekeela eta beste hainbat alderdi ere lan zitezkeela. Hala helburuak nola helburuak lortzeko baliabideak xumeak dira, eta bere xumean bada ere, ikerlan honek eremu honetan argi apur bat egiteko eta jarduera praktikoa hobeto ezagutzeko balio badu, esan dezaket lortu nahi nuen helburua bete dudala.
Beraz, hemen aurkezten dudan lana hainbat itzultzaile-egokitzaileri igorri zitzaien galdeketatik atera ditudan ondorioak dituzue.
Galdeketaren nondik norakoak
Lehenago esan bezala, metodologiak berariaz prestaturiko galdeketa bat du oinarri. Jarduera profesionala bertatik bertara ezagutu eta hainbat ikuspegi eta iritzi biltzeko biderik egokiena eta aldi berean erosoena galdeketa baten bidez itzultzaile-egokitzaileengana jotzea iruditu zait.
Horiek horrela, galdeketa prestatu eta 2007ko azaroan zehar igorri nien gaur egun lanean diharduten edo alor honetan lanean jardun izan duten hamalau itzultzaile-egokitzaileri. Kontuan hartu behar da gaur egun ez direla hogei baino gehiago izango lanbide honetan aritzen direnak, Euskal Telebistako lehenbiziko urte haietan 100 bat izateraino iritsi baziren ere.
Itzultzaile-egokitzaile horien izenak bikoizketa-etxeek berek eman zizkidaten. Galdeketa bidali aurretik, telefonoz jarri nintzen haiekin harremanetan eta galdeketaren berri eman. Adierazi behar dut guztiek harrera ona egin zidatela eta prest ageri zirela galdeketari erantzuteko.
Hamalau horietatik bakarrik zazpik erantzun dute, hau da, erdiek baino ez. Guztiarekin ere, uste dut adierazgarritasun maila nahikoa dutela emaitzek, eta, beraz, emaitza horien sinesgarritasun maila ere aintzat hartzeko modukoa dela[4].
Galdeketarekin hasi aurretik, zehatz-mehatz agertzen dira galdeketaren bidez lortu nahi diren helburuak, hots:
- Gaur egungo euskarazko ikus-entzunezko itzulpena zertan den ezagutzea eta egoerari buruz gogoeta egiteko akuilu izatea.
- Ikus-entzunezko itzulpenaren prozesua murrizten edota baldintzatzen duten faktoreen berri ematea.
- Ikus-entzunezko itzulpenak zein arazo nagusiri egin behar izaten dien aurre ezagutaraztea.
- Etorkizuneko erronkak mahaigaineratzea.
Galdeketaren emaitzak
1. Murrizketa profesionalak
Edozein lanbidetan gertatzen den bezala, ikus-entzunezko itzulpengintzan ere hainbat oztopori edo murrizketari egin behar izaten diote aurre lanbide honetako profesionalek. Murrizketa horiek ez dagozkio bakarrik arlo honetako itzulpenari, izan ere denboraren murrizketak, esaterako, itzulpen mota guztietan izaten baitu eraginik.
Murrizketak aintzakotzat hartzea garrantzitsua da, xede hizkuntzako testuari zuzen-zuzenean eragiten baitiote. Bi fasetan gertatzen dira: itzultzeari ekin aitzin eta itzulpen prozesuan bertan.
Itzulpen prozesuaren aurreko fasean zenbait faktore daude itzulpenaren emaitza baldintzatzen dutenak, edo, gutxienez, baldintzatu ahal dutenak. "Kanpoko faktore" deituko diegu eta itzultzaileek nolako lan-baldintzei buru egin behar izaten dieten definitzen dute. Horien artean hauek dira aipagarrienak
1. Prestakuntza maila
2. Itzulpena egiteko eskura duten materiala
3. Itzulpen enkargua egiteko denbora
4. Itzulpenaren ordainsaria
1.1. Prestakuntza maila
Batek ez gainerako guztiek hamar urte baino gehiagoko eskarmentua dute lanbidean, eta asko ari dira edo ari izan dira lanean Euskal Telebista sortu zenetik.
Gehienek mintegi eta ikastaroen bidez jaso dute ikus-entzunezko itzulpenerako prestakuntza. Ikastaro horiek eman dituztenen artean, K2000 bikoizketa-etxea eta Ibon Sarasola eta Miren Azkarate aipa daitezke.
Hiruk adierazi dute itzulpengintzako ikasketak egin dituztela eta horietako batek egina du Euskal Herriko Unibertsitateko euskara-gaztelania itzulpengintza masterra.
Batek bakarrik egin ditu Itzulpengintza eta Interpretazioko ikasketak, eta pertsona hori da, hain zuzen ere, lanean urte gutxien daramana. Gogoratu Itzulpengintza eta Interpretazio ikasketak 2000-01. ikasturtean ezarri zirela EHUn.
Beraz, lasai esan daiteke arlo honetako itzultzaile ia gehienek lanbidea ekinez ikasi dutela.
1.2 Itzultzaileek eskura duten materiala
Hasierako materialari dagokionez, bikoizketa-etxeek sorburu hizkuntzako gidoiak jartzen dituzte itzultzaileen eskura. Gehienetan postprodukzioko gidoia izango da, hau da, filmatzean izan diren aldaketak jasotzen dituen gidoia. Aurreprodukzioko gidoia jasotzez gerotan, tentu handiz ibili behar du itzultzaileak, askotan ez baitira bat etortzen pantailan entzuten diren elkarrizketak eta gidoiak jasotzen dituenak.
Gidoiarekin batera, VHSko bideo zinta ere jasotzen dute. Itzultzaileek erantzun dutenez, gaur egun DVD formatuan egindako kopia gero eta gehiago erabiltzen da.
1.3 Enkargua egiteko denbora
Oro har, badirudi arlo honetako itzultzaileek denbora nahikoa izaten dutela enkargua epe barruan egiteko. Horrela, gehienek esaten dute denbora "enkarguaren edo materialaren arabera"koa izaten dela eta zaila dela zehazten, lanen luzera desberdina izaten delako. Batek, esaterako honela erantzun du: "Serie luzeetan, epea, jasotako atal kopuruaren eta euren emisioaren araberakoa izaten da".
Egia da batzuek aipatzen dutela lana "egun bererako edo hurrengo egunerako edo asteburuan zehar egiteko" eskatzen zaiela, baina badirudi salbuespenak besterik ez direla.
Gehiago zehazte aldera, batek adierazten du epea astebetekoa dela film luzea bada; beste batek dio "marrazki bizidunetako atala izanez gero, 1-2 egun"; hirugarren batek "8-14 egun bitartean".
1.4 Itzulpenaren ordainsaria eta lanaren geroko aitorpena
Erantzun dutenen artean bik uste dute nahiko ordainduta dagoela.
Halere, gehienen ustez lanbidea gutxi ordainduta dago eta baten ustez "infraordainduta dago".
Azkenik, beste batek uste du okerrena ez dela gutxi edo nahiko ordainduta egotea, baizik eta "arazo larriena joerarena dela, beheraka, atzeraka eta okerrera doala, alegia".
Egile eskubideei dagokienez, itzultzaileak bai jaso ditzake eskubide horiengatiko ordainsariak, betiere Egile eta Argitaratzaileen Elkargo Nagusian (SGAE delakoan) horretarako eskaera aurkezten baldin badu.
Halere, guztiek erantzun dute esanez egindako itzulpen-egokitzapenek ez dutela geroko aitorpenik jaso, eta, beraz, ez dutela, egile eskubideak direla eta, inolako ordainsaririk jaso.
2. Murrizketa formalak
Alderdi profesionalekin loturik dauden murrizketak ikusi ondoren, goazen orain ikustera murrizketa formalek nola eragiten dioten azken emaitzari.
Murrizketa formalak itzulpen prozesuaren baitan gertatzen dira eta zerikusi handia dute itzultzeko erabakietan. Era honetako murrizketak bikoizketarako itzulpen-egokitzapenaren arau, teknika eta konbentzioei datxezkie eta garrantzitsuenen artean sinkronia eta isokroniaren kontzeptuak daude.
2.1 Bikoizketarako konbentzioak
Konbentzioez denaz bezainbatean, erantzun gehienek adierazten dute argibideak bikoizketa etxeak berak jartzen dituela, eta, ondorioz, bikoizketarako zeinuak erabili behar dituztela bikoizketa-etxearen arabera. Beste bik, berriz, enkargua egin dien pertsonaren arabera. Ondorioz, itzultzailea bezeroaren esanetara dago.
2.2 Kode grafikoen itzulpena
Izenburuak ikus-entzunezko testuen hasieran agertzen dira. Haien itzulpena dela eta, "gehienetan telebista kateak nahiz banatzaileak aurrez jarritakoak izan ohi dira, nahiz eta inoiz proposamenen bat egiteko eskatzen zaigun".
Errotuluak ere itzuli egin ohi dira. Itzultzaileak orduan ondo markatu behar du denbora kodea eta soinu teknikariak arduratzen dira errotulu bakoitza dagokion denboran sartzeaz. Errotuluak itzultzen direnean erabiltzen diren teknikak bi dira batez ere: testuaren itzulpena offen narratzea edota azpidatzien bidez aditzera ematea.
2.3 Pertsonaien izenen, beste hizkuntza batzuetako berbaldien eta abestien itzulpena
Pertsonaien izenei dagokienez, itzultzaile batek aipatzen du azkenaldian, "merchandising" dela eta, "izenak bere horretan uzteko" eskatzen dutela sorburu hizkuntzako produkzio etxeek. Izan ere, askotan filmetan zein marrazki bizidunetan sona handia lortu duten pertsonaia ospetsuak iturri ezin oparoagoa dira era guztietako produktuak saltzeko (gogoratu, adibidez, Harry Potter eta The Simpsons kasuak).
Beste hizkuntza batzuetako berbaldiak direla eta, dauden daudenean utzi eta azpidatzi ohi dira. Azpidatziez esan behar da oso zorrotz bete behar direla ETBk azpidazketarako ezarrita dituen arauak, hala nola lerroen luze-laburra, lerro bakoitzeko iraupena, arau ortotipografikoak...
Abestien aurrean nola jokatzen den azaltzeko, egokia iruditu zait Otzerinjauregi itzultzaileak egindako komentarioa hona ekartzea, oso argi esplikatzen baitu abestiekin zer egiten den:
"Abestirik agertuz gero, kasu bakoitza aztertu ohi da. Gehienetan jatorrizkoa uzten da, besterik gabe. Inoiz azpidatzi ere egin dugu. Eta kasu batzuetan, abestiko hitzek tramarekin zerikusi zuzena badute (batez ere umeentzako saioetan edo marrazki bizidunetan) itzuli eta kantatu egiten dira. Nik normalean itzulpen zuzena egiten dut, eta gero musikan nik baino adituagoren batek egiten du egokitzapena. Marrazki bizidunetako hasierako eta azkeneko kantak ere itzuli eta kantatu egin ohi dira".
2.4 Sinkronia fonetikoa eta isokronia
Ikus-entzunezko obra baten kalitatea neurtzeko erabiltzen diren hiru parametroen artean egokitzapena, hots, sinkronizazio lana, agertzen zaigu ahozkotasunarekin eta dramatizazioarekin edo bikoizketarekin batera.
Irudiek, hau da, ikusizko kanalak, eta soinuek, hau da, entzunezko kanalak, itzultzaileak behartzen dituzte, alde batetik, xede hizkuntzako hainbat fonema (kontsonante ezpainkariak eta bokal irekia edo erdi irekiak bereziki) pantailan ageri den pertsonaiaren artikulazio mugimenduen arabera doitzera, eta, beste alde batetik, itzulpena jatorrizko berbaldien luze-laburrera ekartzera.
Horiek horrela, galdeketa honen bidez jakin nahi nuen sinkronia fonetikoak eta isokroniak norainoko eragina duten itzultzaileen egokitze lanetan, eta, hortaz, ikus-entzunezko testuaren azken emaitzan.
Ezpain sinkroniari dagokionez, erantzun guztiak bat etorri dira: hala kontsonante ezpainkariek (b/p/m, f/v) nola bokal irekiak edo erdi irekiek (a, e eta o) eragin handia edo erabatekoa dute egokitze lanean.
Isokroniak ere berebiziko garrantzia du itzultzailearen egokitze lanean.
Azkenik, pertsonaiak onen edo offen egoteak duen eraginaz ez datoz bat erantzun guztiak: batzuen ustez, eragin txikia du azken emaitzan; beste batzuen ustez, berriz, eragin handia.
Arazo nagusiak
Galdeketari jarraiki, ondoren jakin nahi nituen bikoizketarako itzulpenak bere baitan biltzen dituen arazo edo oztopo nagusiak. Horretarako, nire ustez itzultzeko zailtasunik handienak dituzten sei koskaren zerrenda osatu eta zailtasunaren arabera 1etik 5era zenbatzeko eskatu nien (1 = zailtasunik gabekoa; 5 = zailtasunik handiena).
Emaitzak taula baten bitartez erakutsi baino lehen, derradan umorea itzultzea dela itzultzaile guztien ustez zailtasun mailarik handiena erakusten duen elementua; ondoren, abestiak eta erreferentzia kulturalak ageri dira hurrenez hurren.
Hona hemen arazo nagusiak eta itzultzaileen erantzunak arazo bakoitzaren zailtasun mailak 1etik 5era zenbatuta:
Komunikazio erregistro egokia | 3 | 5 | 4 | 3 | 3 | 2 | 4 |
Hizkuntza aldaerak | 3 | 5 | 4 | 5 | 3 | 2 | 3 |
Umorea | 4 | 3 | 4 | 5 | 5 | 4 | 5 |
Ironia | 3 | 3 | 3 | 5 | 4 | 3 | 3 |
Erreferentzia kulturalak | 4 | 4 | 4 | 4 | 3 | 3 | 2 |
Abestiak | 3 | 4 | 5 | 4 | 5 | 4 | ----- |
Zuzentzaileen eragina
Bikoizketaren prozesuaren barruan hainbat profesionalek hartzen dute parte. Horiei guztiei esker, telebista ikusleok kanpoko hainbat programa euskaraz ikusteko aukera izaten dugu.
Euskararen kasuan, bikoizketa-etxeetan hizkuntza zuzentzaile bat izan ohi da. Gainera, ETBko kalitate kontroletik ere igaro behar da itzuli-egokitutako produktua.
Horiek horrela, bikoizketa-etxeetako nahiz ETBko hizkuntza zuzentzaileen egitekoak itzultzaile-egokitzaileen lanean duen eragina ezagutu nahi nuen.
Gehienen ustez, zuzentzaileek egiten edo proposatzen dituzten aldaketak xumeak izaten dira. Beraz, haien eragina ez da oso handia.
Beste biren ustez, ordea, zuzentzaileek egiten edo mahaigaineratzen dituzten proposamenek estiloa eta bereziki adierazpideak aberasten laguntzen dute.
Ikus-entzunezko itzulpena eta euskararen normalkuntza
Azkenik interesatzen zitzaidan jakitea ikus-entzunezko itzultzaile-egokitzaileek 25 urtez isilpean mamitu duten lanak zer-nolako eragina izan duen euskararen estandarizazioan eta normalkuntzan.
Batek bakarrik erantzun du esanez ez duela uste eragin handirik izan duenik. Beste batek dio bikoizketak euskararen ahoskera batua finkatzeari lagundu diola.
Gehienek uste dute adierazpideak, hau da, esaerak, esaldi eginak edo klixeak, aberastu eta hedatzeko balio izan duela.
Bukatzeko, adierazpideak aberasteko ez ezik, komunikazio egoera bakoitzari dagozkion ahozko erregistro desberdinak finkatzen joatea ere faboratu duela uste dute.
Iruzkinak
Galdeketari erantzun ondoren, aukera eman nien nahi zuten guztia gaineratzeko, izan ere galdeketa guztiak partzialak izaten dira eta askotan zenbait alderdi itzuri egiten zaizkio galdera egileari eta behar bezala jorratu gabe uzten dira.
Hain zuzen ere, ikuspegi partziala ematea saihestearren, uste dut merezi duela iruzkin horietako batzuk orrialde honetara bere gordinean transkribatzea, hartara irakurleak eduki osoaz jabetu daitezen.
Galdeketaren bidez bildutako erantzunen arabera zein telefonoz izandako elkarrizketen ondorioz, oro har esan daiteke oso ikuspegi ezkorra dutela beren lanbideaz eta lanbidearen etorkizunaz. Ikus-entzunezko itzulpenaz denaz bezainbatean, gero eta okerrago goazelako ustea edo irudipena nabarmen baino nabarmenagoa da. Hona esandakoaren froga:
"Ikus-entzunezkoak hilik daude ETBn. Ez dute film bakar bat ere emititzen. Gaztetxoentzako telesailik ere ez. Adin batetik aurrera haurrek ihes egiten diote ETBri (8-9 urte). Eta nerabeek, zer esanik ez. Horren lekuko naiz egunero.
Salbuespenak salbuespen, ikus-entzunezkoen alorrean analfabetoak gara.
Eta bukatzeko, duela hogeita sei urte ogibide honetan hasi nintzenean (itzultzaile-egokitzaile), esan ziguten Donuts saltzaileen pareko estatusa genuela. Halaxe izan gara orain arte eta jarraitzen dutenak egoera horretan daude.
Bukatzeko, duela urte pare bat, hamar urtean gure eroste-ahalmena %50 jaitsi arren, KPI igoera ere ukatu zigun bikoizketa etxe batek."
Kezka horretaz gain badute kezka gehiago, noski, irudiak eta soinuak ezartzen dizkien mugekin zerikusia dutenak. Interesgarria iruditzen zait hona ekartzea lanean hasiberriek edo ikasketak bukatu eta berehala lanean hasteko direnek luze gabe buru egin beharko dieten buruhausteen zer-nolakoen berri ondo baino hobeto ematen baitu:
"Marrazki bizidunak itzultzen aritzen naiz eta, serie batzuek sormen lan handia eskatzen dute. Hizkuntzaren erabilera, lekuan lekukoa da, eta guk euskara batuan sortu behar dugu. Hori da arau bakarra, batzuentzat arau, besteentzat gomendio... Ni beldurrak ibiltzen naiz, hitzak asmatzea zilegi izango den, noraino 'asma' dezakedan, umorea edo txistea aldatu bai ala ez, efektu bera sortu edo hitzei lotu... (ez ahaztu irudia dela nagusi). Eta 'asmamena' ezin da arautu."
Eta horrekin lotuta, hizkuntza bera askotan oztopo izaten dela eta, kexu ageri da itzultzaile bat:
"(...) itzultzaile-egokitzaileoi askatasuna falta zaigula uste dut. Hizkuntza gure lanerako tresna izanik, ez dugu hura erabili eta gure beharretara moldatzeko, ez askatasunik, ez segurtasunik, nahiz eta behar-beharrezkoak diren gure itzulpenak dituen mugak gainditzeko. Baina horrek badu konponbiderik, guztiontzako ikus-entzunezko testuetarako 'corpusa' eratzea (itzulpen nahiz barne produkziorako baliagarri izango dena). Eta urrats gutxi eman dira hemen."
Ondorioak
Oker handirik gabe esan dezaket ikus-entzunezko itzulpena dela itzulpengintzako ikasleen artean interes gehien pizten duen ikasgaia. Zoritxarrez, ikasleen itxaropenak eta lan merkatuak gaur egun eskaintzen dituen lan aukerak ez datoz bat. Galdeketan zehar eta lanbide honetako zenbait profesionalekin telefonoz izandako elkarrizketetan agerian geratu denez, euskarazko ikus-entzunezko itzulpenaren lanbideak gain behera egin du azken hamar urteetan, munduan gertatzen denaz bestera, bide batez esanda. Izan ere, ikus-entzunezko itzulpena[5] da XXI. mendean gehien praktikatzen eta kontsumitzen den itzulpen mota.
Horrekin lotuta adierazi behar dut gehienen ustez lanbidea gaizki ordainduta dagoela, eta horri gaineratzen bazaio gero eta lan gutxiago sortzen dela, ondorioak begien bistakoak dira: batetik, ia ez dago itzultzailerik bakar-bakarrik itzulpen mota honetatik bizi denik; eta, bestetik, nola erabiltzen ez diren tresnak herdoildu eta kamustu egiten baitira, hala gertatzen zaie itzultzaileei ere: jardun ezik, ekinaren ekinez garai batean bereganatutako gaitasun eta trebezia guztiak arian-arian galduz joaten dira.
Ondorioen artean azpimarratu nahi nuke ikus-entzunezko itzultzaileen prestakuntzan autodidaktismoak jokatu duen paper garrantzitsua. Ikus-entzunezko itzulpena ikasteko aukera gutxi zegoen garaietan, jardunaren jardunez eta bikoizketa-etxeek han-hemen antolatutako mintegi eta tailerretan esku hartuz lortu zuten aurrera egitea eta emaitza gero eta duinagoak lortzea. Eta norberaren ahaleginari esker, lanbide honetako profesionalek lanbidearen oinarriak finkatuta utzi dituzte, eta horregatik merezi duten aitorpena jaso behar dute.
Jarduerari berari dagokionez eta konbentzioak direla eta, erantzunek baieztatu dute bikoizketa-etxe bakoitzak bere konbentzio propioak erabiltzen dituela, nahiz eta arau orokorrak egon dauden.
Bestalde, itzultzaileek erantzun dutenaren arabera, egokitzapen prozesu horren barruan sinkronia fonetikoak eta isokroniak berebiziko garrantzia dute. Gaizki sinkronizatuta dagoen film batek, esaterako, ez digu ikus-entzunezko produktuaz behar bezala gozatzen utziko, eta, ziurrenik, ikus-entzuleak kanala aldatzera edo telebista itzaltzera eramango ditu.
Ikus-entzunezko testuak itzultzeko garaian aurkitzen dituzten kosken artean, bat nabarmendu behar oroz gainetik: umorearen itzulpena. Orobat, abestien eta erreferentzia kulturalen itzulpena ere arazo iturri izan ohi da.
Azkenik, ikus-entzunezko itzulpenak euskararen garapenean izan duen eragina dela eta, gehienek uste dute ez bakarrik ahoskera finkatzen laguntzeko, baita adierazpideak aberasteko eta erregistro desberdinak erabiltzeko ere balio izan duela.
ESKER ONA
Nire esker ona erakutsi nahi diet galdeketa erantzun duten guztiei: Santi Brouardi, Maite Eizmendiri, Idoia Gilleneari, Jesus Mari Lasari, Leire Lekuonari, Gema Lizarralderi eta Jesus Otzerinjauregiri.
ERANSKINA: IKUS-ENTZUNEZKO ITZULPENARI BURUZKO GALDEKETA
1. Aipatu itzultzaile-egokitzaile gisa jaso duzun prestakuntza (behar diren guztiak markatu).
( ) Filologiako ikasketak
( ) Itzulpengintzako ikasketak
( ) Ikus-entzunezko itzulpeneko prestakuntza
( ) Bikoizketarako prestakuntza
( ) Berridazketarako prestakuntza
( ) Besterik bada, aipatu, mesedez:
2. Ikus-entzunezko itzultzaile-egokitzaile gisa duzun eskarmentua.
( ) 5 urte baino gutxiago
( ) 5-10 urte bitartean
( ) 10 urte baino gehiago
3. Zenbat denbora izaten duzu itzulpen enkargua egiteko?
( ) Astebete
( ) 8-14 egun bitartean
( ) Besterik bada, aipatu, mesedez:
4. Itzulpena egiteko ematen zaizun materiala:
( ) Sorburu hizkuntzako gidoia (preprodukziokoa nahiz postprodukziokoak)
( ) VHSko kopia
( ) DVDn egindako kopia
( ) Azpidatzien kasuan, bikoizketarako prestatu den itzulpen-egokitzapena ere izaten dut
5. Itzulpenaren ordainsaria
( ) Ondo ordainduta dago
( ) Nahiko ordainduta dago
( ) Gutxi ordainduta dago
6. Izan al du zure itzulpenak inolako aitorpenik edo copyrightik? Egile-eskubideak direla eta, ordainsaririk jaso al duzu?
( ) Bai
( ) Ez
7. Bikoizketarako zeinuak edo konbentzioak erabili behar ditut
( ) Bikoizketa-etxearen arabera
( ) Enkargua egin didan pertsonaren arabera
( ) Produktua emititzeko erabiliko den bidearen arabera (zinema, telebista, DVD)
8. Ondoren aipatzen diren arazoen aurrean, arau zehatzik jarraitu behar izan al duzu?
( ) Izenburuen itzulpena
( ) Gaininpresioak
( ) Errotuluak
( ) Abestiak
( ) Beste hizkuntza bateko berbaldiak
( ) Besterik. Azaldu, mesedez:
9. Sinkroniak (on/off, kontsonante ezpainkariak, bokal irekiak) emaitzan duen eragina:
( ) Erabatekoa
( ) Handia
( ) Txikia
( ) Bat ere ez
10. Isokroniak, hots, berbaldien luze-laburrera egokitzeak, egokitze lanean duen eragina:
( ) Erabatekoa
( ) Handia
( ) Txikia
( ) Bat ere ez
11. Arazo nagusiak. Zenbatu 1etik 5era zailtasunaren arabera (1>zailtasunik gabekoa; 5>zailtasunik handiena)
( ) Komunikazio egoera bakoitzerako erregistro egokia topatzea
( ) Hizkuntza aldaerak (dialektoak, argota ...)
( ) Umorea
( ) Ironia
( ) Erreferentzia kulturalak (ahozkoak nahiz ikonikoak)
( ) Abestiak
( ) Besterik bada, aipatu mesedez:
12. Zenbaterainoko eragina dute ETBko nahiz bikoizketa-etxeetako zuzentzaileek egiten edo proposatzen dituzten aldaketek?
( ) Gehienetan aldaketak xumeak izaten dira
( ) Estiloa (adierazpideak) aberasten laguntzen dute
( ) Batez ere ahozko erregistroarekin dute zerikusia
13. Zure ustez, eraginik izan al du ikus-entzunezko itzulpenak euskararen estandarizazioan eta normalkuntzan? Hala bada, zein esparrutan?
( ) Ahoskeran (bikoizketari esker)
( ) Adierazpideetan (esaerak, esaldi eginak, klixeak...)
( ) Ahozko erregistro desberdinak finkatzean
14. Orain aukera duzu nahi duzun guztia gaineratzeko:
Oharrak
1. Euskal Telebistarako egiten den itzulpenaz bakarrik ari naiz, eta, beraz, ez dira kontuan hartzen areto komertzialetan noizean behin euskaraz estreinatzen diren filmak, gehienak haurrei zuzenduta.
2. Ikus-entzunezko testuak itzuli ez ezik, sinkronizatu ere egin behar dira, hau da, testua aktoreen aho mugimenduetara egokitu. Hori dela eta, itzultzaile-egokitzaileak deitzen zaie ikus-entzunezko testuak itzultzen dituzten profesionalei.
3. Lan honen bukaeran eransten da itzultzaile-egokitzaileei bidalitako galdeketa.
4. Soziologian erabiltzen den metodologiak ezarritako prozedura irizpideen arabera, posta bidezko inkesta baten galdeketa balioduna izan dadin, gutxienez unibertso osoaren %5ek kontrastatuta egon behar du (Libro Blanco de la traducción en España, 1997: 28). Gure kasuan 20 bat izango dira ikus-entzunezko itzultzaileen unibertsoa osatzen dutenak. Hortaz, jaso ditugun erantzunak, hots, zazpi, unibertsoaren %35 dira.
5. Telebistarako eta zinemarako itzulpena ez ezik, bideojokoetako eta multimediako itzulpena ere ikus-entzunezko itzulpenaren barruan sartzen dira.