Babeletik EIZIEra Mendekostetik pasata
Artikulua pdf formatuan
Bibliako bi pasadizo aipatuko ditut hemen: lehenengoa Itun Zaharrekoa eta, bigarrena Itun Berrikoa.
Itzulpenaren beharra, —eta, beraz, EIZIErena eta enparauena—, nola edo zer dela-eta sortu zen azaltzen digu aurrenekoak. Hau da aipamena:
"Garai hartan mundu guztiak hizkuntza eta mintzaira berberak zituen. Ekialdetik etorririk, gizonek lautada bat aurkitu zuten Xinear lurraldean eta bertan kokatu ziren. Honela esan zioten elkarri: "Ea, adreiluak egin eta sutan erre ditzagun". Honela, harriaren ordez adreilua erabili zuten eta kare-orearen ordez bikea. Gero, esan zuten: "Ea, eraiki ditzagun hiri bat eta zerurainoko dorre bat. Ospetsu egingo gara eta ez gara munduan zehar barreiatuko".
Jaitsi zen Jauna gizasemeak eraikitzen ari ziren hiria eta dorrea ikustera, eta esan zuen: "Hara, guztiak herri bat bera dira, hizkuntza bat berekoak. Hau beren lehenengo lana badute, ez zaie aurrerantzean egin nahiko duten ezer ezinezko gertatuko. Jaitsi eta nahas diezaiegun, bada, hizkuntza, elkar uler ez dezaten".
Horrela, Jaunak handik bota eta mundu zabalean sakabanatu zituen; hiria eraikitzeari utzi egin behar izan zioten. Horregatik, Babel –hau da, "Nahasketa"–, eman zioten izen, han nahasi baitzuen Jaunak mundu osoko hizkuntza eta handik sakabanatu baitzituen mundu zabalera".
(Elizen arteko Biblia, Itun Zaharra, Hasiera 11, 1-9)
Utzi bakean nahasketa nork eragin zuen, Jainkoa izan zen ala gizonak izan ziren; kontua da ordura arte hizkuntza eta mintzaira berberak zituen mundu guzti hartan harrezkero ez zutela elkar ulertzen eta sakabanatu beharra izan zutela, ez haserrerik gabe seguru asko. Sakabanatu baziren, sakabanatu ziren: Ekialde Erdi hartatik Alaskaraino ere joan ziren-eta batzuk.
Ulerpidea eten: errazena! Hanka edo lepo-hezurra haustea ere ez da zaila; gero kontuak. Laster igarri zioten galdutako ulerpidea komenigarria ez ezik, behar-beharrezkoa zutela. Bai. Izan ere, denborak bere luzean gorabeherak ditu, eta giza bizitzak, berriz, dualismoan jokatzeko joera, eta, hala, elkarrengandik urruntzeko sentitu zuten amorrua bezain premia bizia hasi zitzaien barrua zirikatzen aurrena eta erretzen laster, elkarrengana hurbiltzeko edo, behintzat, elkar ulertzeko.
Egoera hartatik irten beharrak iraultza izugarria eragin zuen, ez nolanahikoa. Zenbat jarduera eta lanbide berri! Besteen hizkuntzak ezagutu behar ziren; lortzen zutenek gradu berri bat iristen zuten gizartean, hiztun berrien gradua. Hiztun berri haiek hizkuntza bera ez zutenen arteko zubi ziren, hara: interpretari, itzultzaile bihurtu ziren. Eta ondorioz:
- hizkuntzak ikasteko eskolak sortu ziren eta, bai ba, hizkuntza-irakasleak prestatzekoak ere bai
- jarduera horretarako beharrezkoak dira hiztegiak eta metodoak
- baita itzulpen-teoria eta pragmatikari buruzko aldizkariak ere (Senez esaterako), jardunaldiak, kongresuak
- itzulpen espezializatuak: zientzietakoak, teknologiakoak, zinpekoak….
- ikusentzunetako bikoizketak…
- itzultzaileen eta interpretarien estatutu profesionalak
- e.a., e.a.
Babelekoak astindu zituela bazterrak! Lan ederra eman zion EIZIEri.
Bide horretatik gabiltzala, egingo dudan beste aipamen hau Itun Berrikoa da:
"Mendekoste-eguna iritsi zenean, toki berean bildurik zeuden guztiak. Bapatean, haize-boladarena bezalako burrunba etorri zen zerutik eta beraiek zeuden etxe guztian durundi egin zuen. Orduan, suzko mihiak bezalako batzuk ikusi zituzten, bakoitzaren gainean bana kokatzen. Denak Izpiritu Santuaz bete ziren eta hizkuntza arrotzez hitzegiten hasi, bakoitza Izpirituak eragiten zion eran.
Egun haietan judu jainkozale asko ziren Jerusalenen, eguzkiaren azpian diren nazio guztietatik etorriak. Burrunba hura entzutean, hara bildu zen jendea samaldan, eta txunditurik gelditu ziren, nork bere hizkuntzan hitzegiten entzuten baitzien. Zur eta lur, honela zioten: "Mintzo direnok, ez ote dira denak galilearrak? Nola daiteke, bada, guretako bakoitzak bere jatorrizko hizkuntzan horiei entzutea?. Baditugu gurekin partiar, mediar nahiz elamdarrak…"
(Elizen arteko Biblia, Itun Berria, Eginak 2, 1-8)
"Eguzkiaren azpian diren nazio guztietatik etorriak"… Ba ote zen han euskaldunik, galiziarrik edo laponiarrik? Hala izan ez eta ere, berdin da. Baina polita izango litzateke jakitea zer gertatu zen han apostoluek beren hizkuntzan, galileeraz hain zuzen, egin eta galilearrak ez zirenek mezua bakoitzak bere hizkuntzan hartzeko bat-bateko itzulpenik gabe: Mesopotamiakoak mesopotamieraz, Kapadoziakoak kapadozieraz e.a. Ez jakin. Zer jan behar ote da horrelakorik lortzeko? Hori ere ez dakigu.
Han gertatutakoa edo hango ahalegin haiek hurrengorik, jarraipenik ez izana ere… Tamalgarria? Bai batetik. Ondo pentsatuz gero, hala ere, lehen aipatutako eginkizun guztietako bat bera ere ez genuke izango gaur egun, eta hori ere ez komeni. Abortuaren alde edo kontra egon, EIZIErik ez genuke izango, ez zen jaioko eta.