Zazpi ohar Kataluniako telebista-bikoizketari buruz
Josep M. Carbó

Itzulpena: Maddi Egia

Senez-ek eman didan aukera baliatu nahi nuke hausnarketa pertsonal batzuk azaltzeko; agian ez dira oso landuak izango, baina horrexegatik, hain zuzen, erabilgarriak izan daitezke ikus-entzunezko euskarrietarako itzulpengintzaz premiazko eztabaida etengabea sorrarazteko.

1. Bikoizketa-industriako ekoizpen-katea

Bikoizketa ez da eskulangintza hutsa. Beraz, ez da alferrik izango produktu bikoiztuan amaitzen den prozesu industrialaren jardueraren balantze labur bat egitea; izan ere, prozesu horretan partaide diren egileen soslai profesionala kasu batzuetan gehiago eta besteetan gutxiago egokitzen baita egin beharreko lanera. Lehen egileak, itzultzaileak alegia, prestakuntza ona izan ohi du, itzulpengintza-fakultatean eskuratutakoa. Soinu-teknikariek ere prestakuntza egokia ekarri ohi dute Lanbide Heziketa Zentroetatik. Aktoreak handik eta hemendik datoz: Katalunian, gaztelerazko bikoizketako aktoreei irrati- eta antzerki-munduko ahotsak gehitu izan zaizkie, baina hala ere, prestakuntza-zentro egonkorrik ez dagoenez, belaunaldi berriek ez dute erreleboa erabat hartzen. Egokitzaile guztiek ez dute behar bezalako prestakuntza linguistikorik: itzultzaileak eta hizkuntzalariak esparru horretan sartu diren heinean arindu izan da gabezia hori. Eta azkenik, hor dira hizkuntzalariak, guztiak unibertsitate-ikasketadunak.

Beraz, katalanezko telebista-bikoizketaren esparruan, bi agente profesional indartu beharko lirateke: aktoreak eta egokitzaileak. Aktoreen esparruan, antzerki-eskola nagusietan bikoizketa-ikastaroak finkatu beharko lirateke, aktore batek lehenik eta behin aktore izan behar baitu, ondoren bikoizketan, antzerkian edo zineman lan egiteko. Erakunde publikoek prestakuntza edo ikasketa horiek bermatu beharko lituzkete, azpiegitura kultural nahiko garrantzitsua baita. Egokitzaileei dagokienez, nire ustez, aukera egokiena da itzultzaileak egokitzaile bihurtzea. Lehenik eta behin, egokitzen dakien itzultzaileak arrisku arruntenetik ihes egiten daki bere lanean: gidoia hitzez hitz itzultzea. Itzultzean egokitzera behartzen delarik, itzultzaileak filmaren protagonistaren jarrera orokorrari lehentasuna ematen dio (ahots-jokoak, keinuak). Ondorioz, esaldiak askoz ere egokiagoak dira ozenki irakurtzeko, edo aktore batek interpretatzeko.

TVCrako lan egiten duten bikoizketa-estudioak aldez aurretik homologatutako itzultzaile eta hizkuntzalariekin lan egitera behartuta daude, kalitate-maila orokor bat bermatzeko horrela. Berme hori ezinezkoa gertatuko litzateke, batzuek nahi duten gisan, itzultzaileak libreki kontratatuz eta gaizki egindako lanak zigortuz. Izan ere, horretarako, TVCk produktu guztiak zehazki berrikusi eta zuzentzeko egitura bat behar luke, eta gaur egun ez du hartarako beharrik. Itzultzaileak homologatzeak beste ondorio positibo bat ere badu: itzultzaileak langile autonomoen mundu gogorrean ibili behar dira, eta bikoizketa-estudioek, itzultzaile homologatu talde egonkorrak sortzeko joera hartzen dute, lanean nolabaiteko jarraipena izango dutela bermatuz. Kalitate-kontrolaren ikuspuntutik, TVCrentzat funtsezkoa da itzultzaile bakoitza banaka baloratzea. Itzulpen agentzien bitartez jokatuta, berriz, ezinezkoa gertatzen da aurrez jakitea lan bakoitzak zein kalitate-maila izango ote duen.

2. Ez da ona itzultzaileak bakarka lan egitea

Itzultzaileen lanbidearen ezaugarri nagusi bat da, gehiegitan bakarrik lan egin behar izatea. Askotan, horrelako lanetarako solaskide bat behar izaten da, hizkuntza eta bereziki estilo kontuei buruz hitz egiteko. TVCn, hizkuntzalariek berrikusi eta zuzentzen dituzte itzulpenak, eta itzultzaile batzuek mekanismo hori inposiziotzat har dezakete; alabaina, horietako askorentzat, itzultzaileen eta hizkuntzalarien arteko harreman hori oso emankorra izan da: poliki-poliki, hizkuntzalariek ikasi dute testuen arau-zuzentasuna bermatzeaz gain, itzultzaileei adierazpen-baliabideak ere eman behar dizkietela, ikus-entzunezko produktu bakoitzaren generoaren eta komunika­zio-xedearen arabera. TVCko bikoizketa zer­bitzuan, itzultzaile askok oso harreman berezia dute testua zuzenduko dion hizkuntzalariarekin. Itzultzaile-taldeak osatzen ditu hizkuntzalariak, bereziki telesailetarako, hainbat itzultzaileren estilo-irizpideak norbaitek bateratu behar baititu. Hizkuntzalariaren berrikuspena bigarren ikuspen bat da, itzultzailearen Estokolmo-sindrome lexikoa ezabatzeko, aditu baten hitzak erabiltzearren. Estilo-liburuak tresna erabilgarriak izan daitezke, baldin eta ez badute beti-bateko nahikeriarik. Ikus-entzunezko itzulpenetan sor daitezkeen egoerak muga gabeak dira, eta ezingo genituzke kasu gertagarri guztiak batera bildu. Gure esperientziak erakutsi digunez, gauzak zehaztasun gehiegiz arautzeak interpretazio-arazo gehiago ekartzen ditu. Estilo-liburua gimnastikako taula bat bezalakoa izan behar da: konponbide zehatz eta itxiak eman beharrean, tratamendu-teknikak irakasten dira (arreta non jarri eta zalantzak nola konpondu). Estilo-liburua zigor-kode bihurtzen bada, orduan bai, itzultzailearentzako oztopo bihur daiteke. Horregatik, hobe da gutxieneko irizpideak zehazten dituen estilo-liburu bat erabiltzea, eta gero baldintzak sortzea kasu bakoitza egunez egun eta banaka kontsultatzeko. Ildo horretan, tresna telematikoez baliatu gara, hain zuzen ere posta-zerrendaz, "Versió Doblada" foroa sortzeko. Dagoeneko, zazpi urte darama itzultzaile eta hizkuntzalarien arteko harremana sustatzen, eta, urtean behin, guztien arteko elkarretaratze bat egiten da, TVCk antolatua.

"Versió Doblada" foroari esker, itzultzaileek eta hizkuntzalariek estilo-liburuko irizpideei buruz eztabaida dezakete, irizpide horiek aldatuz edo berriak erantsiz. Eginkizun hori asko aiseago da "És a dir"[1] webgunea antolatu denetik aurrera, bertan orientazio material guztiak baitaude jasota, baita proposamen-gune bat ere, itzultzaileek edo hizkuntzalariek egindako ekarpenei buruz etengabe eztabaidatzeko.

Bikoizketaren oinarrizko kontzeptua berregintza da. Itzulpena ona izango da, baldin eta elkarrizketak katalanez eginak daudela badirudi; hau da, elkarrizketak berregitea lortu badu. Eta itzulpena kaskarra izango da, baldin eta jatorrizko hizkuntzaren kalkoak nabaritzen badira, edo ez badu benetako ezeren antzik (badago inork hitz egiten ez duen katalana –baita gaztelera ere–, baina denok ulertzen duguna). Itzulpen bat egiteko, onena izango litzateke sekuentzia oso baten esanahia hartu eta katalanez nola esango genukeen pentsatzea. Horregatik, oso garrantzitsua da bukaerako testu-begirale bat egotea, testua itzuli gabekoa, haren erreferentzia bakarra izango baita gauzak katalanez nola esan ohi diren.

3. Bikoizketaren sinesgarritasun eztabaidatsua

Bikoizketan erabiltzen den hizkuntzaren ezaugarririk behinena da egiantzekotasunaren kontzeptu paradoxikoa. Ikuslearentzat sinesgarria izan behar da, baina ez benetako hizkuntza erabileraren arabera, baizik eta ikusleak kontsumitu ohi duen fikzioa ezagutarazten duen hizkuntza-motaren arabera. Bikoizketak duen artifizialtasunaren arazo korapilatsua dago funtsean. Bikoizketak artifizialtasuna berezkoa duela kontuan hartuta, noraino iristen dira mugak? Auzi horrek etengabe sortzen dituen iritzi aldeko nahiz aurkakoek plazaratzen digute galdera hori, behin eta berriro.

Ikusleek bikoizketaz duten pertzepzioari buruz egin diren lehen ikerketen emaitzak ditugularik, badirudi hizkuntza-eredua (hori izaten baita araudi, hizkera arrunt eta erdarakadei buruzko eztabaida guztien jomuga) ez dela sinesgarritasunaren eragile nagusia. Ikerketa horiek ikusle-kopuru txikiekin bakarrik egin direnez, ezin dira ondorio orokorrak atera, baina esan daiteke bikoizketaren sinesgarritasunaren erreferentzia dela ikuslea ohiturik dagoen fikzio-hizkera.

Fikzio-hizkuntza hori gaztelera denez, edo zehatzago esanda, bikoizketan erabiltzen den gaztelera, ohartuko gara ikusle batek TVCn film bat katalanezko bertsioan ikusi aurretik film hori bera gazteleraz ezagutu baldin badu, gaztelerazko bertsio hori bihurtuko dela erreferentzia, bertsio originala balitz bezala. Auzia ez da gaztelerazko itzulpenak hobeto edo okerrago jasotzen ote duen jatorrizko bertsioa, katalanezko aldaerak baino. Izan ere, ikusleek ez dute jatorrizkorik ezagutzen; gaztelerazko bertsioa ontzat emanik, katalanezkoa onartuko dute gaztelerazkoaren antzekoa den heinean, eta alderantziz.

Aldagai soziolinguistikoa ere erabakigarria da. Ikusle katalan gehienak bikulturalak dira: interes eta estimu berdina izan dezake katalanezko nahiz gaztelerazko produktu batekiko. Ikusle gaztelaniadunak, ordea, katalanezko bikoizketa artifizialtzat joko du, hain zuzen ere katalanez delako. Katalanezko albistegi bat arretaz ikus dezakete, edukiagatik, baina fikzioan hizkera oso elementu garrantzitsua da, eta katalanezko fikzio-hizkuntzarekin ohituta ez dagoenez, hasieratik urruntze bat sortzen da.

Katalan hiztunak eta gaztelania hiztunak bat datoz alderdi batean: bikoizketari sinesgarritasuna ematerakoan, asko laguntzen du pertsonaiek betidanik gazteleraz izan duten ahots bera izatea katalanez ere. Katalunian gaztelerazko bikoizketak egiten direnez, bi bertsioetan ahots berak entzutea lor daiteke. Beraz, badirudi sinesgarritasunaren auzia ohitura eta tradizio kulturalari lotua dagoela.

Kulturaren esparruko sektore mobilizatuagoek, berriz, bikoizketetan aniztasun handiagoa eta hizkuntza jatorragoa erabiltzea eskatzen dute. Ondorioz, etengabe ebaluatu behar izaten da zein esamolde erabiltzen diren gehien, eta zenbateraino duten gazteleraren eragina. Horrez gain, esparru akademikoan proposatu berri da hizkuntza estandarraz gain, ahozko azpiestandar bat onartzea. Izan ere, bikoizketa-usadio luzeko hizkuntza guztiek dute horrelakorik. Gaztelerak badu, zergatik ez katalanak? Alabaina, gaia korapilatsua da; izan ere, ahozko hizkuntzara hurbildu nahi izanez gero, kalean hitz egiten den hizkuntzara hurbilagotu beharra dago, eta hor bi oztopo nagusi sortzen dira. Alde batetik, bikoizketaren artifizialtasunak ez du biderik ematen oso "natura­lista" izateko (bestela, begira nolako na­turaltasunez onartzen dituzten gazteleraz "majadero" edo "qué diablos" bezalako esamoldeak bikoizketetan). Bestetik, ahozko hizkera dialekto geografikoetan gauzatzen da, eta estandar bat nahi izatekotan horietako bat hautatu beharko da, besteak baztertuz, eta horrela polemika are gehiago katramilatzen da.

4. Hizkuntza-eraginen jokoa fikzioan

Katalunian bikoizketak egiten hasi ginenean, arazo nagusia zen ez zegoela erreferentziazko fikzio-hizkerarik. Kultura normaletan, bikoizketarako erreferentzia zinema izan ohi da, eta zinemak, halaber, antzerkian oinarrituta eraiki ohi ditu elkarrizketak. Normalizatu gabeko kulturetan, esaterako kultura katalanean, ez genuen horrelako oinarririk: eleberri katalanak (arrazoi historikoak direla medio, inoiz ez du harreman onik izan errealismoarekin) ez zigun ia ezertan laguntzen, eta 1930eko hamarkadako herri-antzerkiak ere ez, sainetearen tradizio kostunbrista besterik ez baitzigun laga.

Hala, asmatzen joan beharra izan genuen eta grinez egon ginen katalanezko ekoizpen propioaren gidoien zain (telenobelak, telefilmak, film luzeak). Esperoak uste baino luzeago jo zuen, eta guretzako ustekabea izan zen katalanezko bikoizketak ordu arte eraikitako ereduaren iturritik edan zutela gehienbat. Ez zen harritzekoa ere, gidoilari berrien erreferentzia linguistikoa ikusitako telebista baitzen, katalanez (hasiera fikzio guztia bikoiztua zen)… baita gazteleraz ere, noski.

Eragin-joko hori, ordea, uste baino konplexuagoa da. Katalanezko fikzio propioak hegaldia altxatu duen honetan, bikoizketan lanean ari garenok argi daukagu "ahozko fikzio-hizkuntza" ekoizpen propio horrek erabakitzen duela, eta ez guk. Adi gaude, fikziozko hizkera horretan erabiltzen dituzten hitz eta esamolde berriei, lehen esan dugun bezala, bikoizketaren sinesgarritasuna erabileraren ondorioz ezartzen den fikziozko katalanaren ereduan oinarritzen baita.

5. Jatortasuna eta argota

Gazteen argotaren esparruan, katalana diglosia-egoeran dago, eta egoera hori ez da aldatuko hedabideek katalanezko berezko argota sortu eta luze-zabalean ezartzea lortzen ez duten arte. Gaur-gaurkoz, gaztelerak sortzen du argot hori, eta katalanak fonetikoki egokitu edo hitzez hitz itzultzen du.

Izan ere, telebistako gidoi originaletan, pertsonaia gehienek ez dute oso hizkera landu edo konplexurik; aitzitik, pertsonaiak hitz edo esamolde adierazgarri gutxi batzuez nabarmendu ohi dira. Prozedura hori –batzuek pintzelkada esaten diote– itzulpenean ongi jaso beharra dago, horretan erabakitzen baita argotaren erabilera ere, gidoi askotan eta pertsonaia askotan, erabat garatuta azaldu ordez, ohar gutxi batzuetan aditzera emana denez.

Gazteen argotari dagokionez, modaren eraginez oso iraupen laburra duen arren, 1970eko hamarkadatik aurrera sortutako gazte-kulturak "gazte-argot estandar" baterako oinarriak finkatzen joan dira, hainbat argot-aldagaitako elementuak bertara bildurik. Adibidez, "tio" apelatiboa, edo "muntar-se", "passar de" aditzak eta "rotllo" izenak iraun egin dute, eta azkenean hizkuntza arruntaren barnean sartu dira, ez bereziki gazteen hizkeran bakarrik.

Pintzelkadaren prozedurari buruz, amaitzeko aipatu behar dugu 2004-2005 artean ikerketa garrantzitsu bat egin zela gaur egungo musika talde gazte katalanen abestietako hiztegiari buruz. Hiru filologia-ikasleri eskatu zieten 64 diskoetako abestietako letretatik, gazteen argotari zegozkion ter­minoak aukeratzea. 182 termino aukeratu zituzten, horietatik 79 hiztegian ageri zirenak, eta beraz, hizkera arrunt eta orokorraren barne zaudenak. Hipotesi moduan, beraz, esan daiteke testu bat argot erakotzat jo daitekeela testua guztiz eta erabat argot hutsa izan gabe.

6. Ekosistema linguistikoan leku baten bila

Katalanez bizitzeak, kultura gehienbat gazteleraz, eta hein gutxiago batean, beste hizkuntzatan kontsumitzen dugun mundu honetan, gure lana orientatzen duen kontzeptu bat etengabe birdefinitu beharra dakarkigu: normalizazioa. Teorian, hizkuntza normalizatu bat da funtzio kultural guztiak betetzen eta bizi izateko aukera ematen duena. Besterik ez. Baina mundu honetan, kultura-ondare asko jatorrizko hizkuntzan kontsumitzen dugu (abestiak, bideo-jokoak eta Internetekin lotuta dauden beste ekintza asko), kirol asko ere jatorrizko hizkuntzan egiten ditugu (futbola, saskibaloia, igeriketa eta beste kirol gutxi batzuk kenduz gero, ia ezinezkoa dirudi beste kiroletako hiztegia itzultzea, kirolariek beraiek ingelesez bakarrik ezagutzen baitituzte hitzak), teknologia berriak zuzenean ingelesez erabiltzen ditugu, eta sukaldaritza etnikoa irensten dugu hitzak jatorrizko hizkuntzan erabiltzeko esnobismoaz. Hori guztia ikusita, zer premia ote du gizarteak hainbat esparrutan itzulpenik egiteko?

Terminologia, itzulpengintzako oinarrizko tresna izanik, badirudi esparru tek­nikoetan bakarrik dela probetxugarria (esparru informatikoak kenduta, noski). Fenomeno hori lehendik ere bazegoen, masako kulturaren aurretik, baina askoz ere proportzio txikiagoan. Esan nahi dut hizkuntza zehatz batzuk, arrazoi historikoak direla medio, esparru semantiko batzuetako hiztegiaren hornitzaile bilakatzen direla. Orain eskandalizatu egiten gara, ingelesak funtzio horretan monopolioa duelako, baina iraganean ezer esan gabe onartu genuen italieraren nagusitasuna musika-esparruan, edo frantsesarena gastronomia-munduan. Zein punturaino da beharrezkoa katalan hiztunentzat azken orduko abentura-kirol edo jostailu informatiko berrieneko hiztegia itzultzea? Zein punturaino du eragina gure hizkuntzaren osasunean?

7. Gaztelera, otsoa; katalana, txanogorritxo; eta ingelesa, ogroa

Halabeharrez, katalana gaztelerarekin batera bizi da, mesfidantzaz, etengabe oztopatzen duelako. Iritzi publiko katalanak oso argi dauka gaztelerak katalana oztopatzen duela, baina bikoizketan lanean ari garenok, egunero ikusten ditugu ingelesaren interferentzia bortitzak, eta jendeak ez du inolako sentsibilitaterik horri buruz.

Harrigarriena da, iritzi publikoak gazteleraren interferentziatzat jotzen dituen fenomeno linguistiko batzuk, berez, ingelesak eragindakoak direla, lehenbizi gaztelerara itzulita barneratu direnak, eta, ondorioz, katalanez erabiltzen hasi diren arte jende askok ikusi ez dituenak. Egia esateko, guk egiaztatu izan dugunez, ingelesak gazteleran daukan interferentzia-maila gaztelera hiztunen iritzi publikoaren alarmak pizteko adinakoa litzateke, katalanek hizkuntzarekiko duten kezka bera izango balute gazteleradunek. Izan ere, gaztelerazko hizkuntzalariek hizkuntzari buruz dituzten kezkak bat datoz ia hizkuntzalari katalanenekin.

Gazteleraren eta katalanaren arteko harreman gatazkatsuak ez digu ikusten uzten beste hizkuntza askotan gertatzen diren fenomenoak, berriak izate hutsagatik Katalunian gazteleraren interferentziatzat jotzeko joera baitago. Ez dut soil-soilik esan nahi hedabideetako hizkera pobretua dagoela, termino espezifikoak termino orokorrez (edo hiperonimoez) ordezten direlarik. Nire ustez, eta oraingoz uste hori oso subjektiboa da, lehen bihurkariak ez ziren aditzak orain hala izatea fenomeno psikologiko eta kultural baten ondorioa da (pertsonalizazioa eta gure gizarteko indibidualismoa), eta lehenaldiko aditzak gero eta gutxiago erabiltzea, edo subjuntiboak ere gero eta gutxiago ikustea "orainaldiko" ikuspuntuaren ondorioa, berehalakoari lotua dagoen bizitza sozialaren isla. Bi fenomeno horiek gidoiak idazteko modua aldatu dute, eta jende askok, lehenbizi gazteleraz idatzitako gidoietan ikusi dituenez, gazteleraren interferentziatzat jotzen dituen arren, beste hizkuntza askok ere arazo berak izan ditzakete.


1. És a dir webgunean ikus daiteke.