Itzalak
Hona hemen Iban Zalduaren 'Itzalak' liburutik hartutako izen bereko narrazioa
Itzalak: Nekane
Museoan topatu nuenean ahaleginak egin behar izan nituen urduri jartzen ez ninduela erakusteko, eta lortu nuelakoan nago, barrutik dardara batean nengoen arren. Ez nuen Margarekin topo egin 1997tik. Ondo gogoratzen dut urtea, gure azkeneko enkontruan gaztelaniaz argitaratu berria zen Alessandro Bariccoren Zeta eleberria gomendatu zidalako, eta izugarri gustatu zitzaidalako.
Bera ere lasai zegoela erakusten saiatu zen: arinki besarkatu ninduen, urte horiek guztiak pasatu izan ez balira bezala. Ez nuen kemenik izan nire besoetan estuago eta luzeago hartzeko.
Ohiko konplimenduak trukatu genituen. «Guapa ikusten haut. Noiztik erabiltzen dun rouge-a?». Mikelekin nabilenetik, pentsatu nuen, baina ez nion erantzun zehatzik eman, ez galdera horri, ez bota zizkidan beste askori ere; dena den, ez dut uste erantzunik espero zuenik: galderak ere besarkadak bezalakoak ziren, arinak, adeitsuak, handitasunik gabekoak.
Marga itsustuta zegoen, eta lodi samar. Nikotinak horituak zeuzkan eskuin eskuko hatz luzea eta erakuslea, eta sustrai urdinek agerian uzten zioten ilearen tindua. Baina ez nion ezer esan, noski. Institutuko lau urteak elkarrekin egin genituen Margak eta biok; «SuperPop-etik Rimbaud-eraino», berak aipatzea atsegin zuen legez. Adiskideak baino gehiago, sekta bat izan ginen urte horietan zehar. Hala gertatu zen ikasmahaian elkartu gintuzten ia lehenengo egunetik: García ni, Garciandía bera. Garai batean ia arratsaldero joaten nintzen Margaren etxera: bere gurasoek, nireek ez bezala, hi-fi aparatua zuten, eta erabiltzen uzten ziguten; orduak eman genituen Silvio Rodríguezen Rabo de nube eta Lou Reeden Berlin entzuten, eta irakurtzen, eta hitz egiten, eta erretzen. Memorian iltzatuta daukat Margak esan zidana, *Gosaria Tiffanys-en* amaitu ondoren: «Nik ere Hollyk bezala pentsatzen dinat: Norberaren aberria ondo sentitzen zaren lekua da. Eta bila nabil oraindik». Eta nik barre egin nuen, esaten zuena barregarriegia iruditzen ez zitzaidan arren. Margak eta biok ez genuen ia eztabaidarik. Ez ginen saiatzen. Baliteke adiskidetasuna hori izatea.
«Gustatzen al zain erakusketa? galdetu zidan halako batean; ez zen nire erantzunaren zain egon. Ezta niri ere. Aterako al gaitun hemendik?». Baietz erantzun nion, zer edo zer hartzera joan gintezkeela ondoko tabernaren batera, baina ezetz egin zidan buruarekin: «Nahiago dinat paseo bat ematea, axola ez bazain. Badakin », eta gehitu zuen, irribarre batekin: «Arraroa irudituko zain, ezta? Lehen hi hintzen ibiltariena ». Egia da: niri mendia izugarri gustatzen zitzaidan arren, kostata lortu nuen, pare bat alditan, Marga nirekin eramatea; bigarrenean, edonola ere, kasik deshidratatu egin zitzaidan Irumugarrietarako bidean, eta ez zen gurekin inoiz itzuli.
Pentsatzen jarrita, mendia izan zen urruntzen hasi gintuen kontuetako bat: mendi-elkartean ezagutu nuen Urko, nire lehenengo senarra. Mendia, eta ikasketak, noski: Marga Madrilera joan zen, Diplomazia Eskolara; ni, bitartean, Sarrikon ibili nintzen, Ekonomiakoak amaitu ezinik. Eta hasierako eskutitz piloa murrizten joan zen hurrengo urteetan. Ondoren nik ez nuen sekulan ulertu, politikaren munduan sartu zen Marga, eta gero eta aukera gutxiago izan genuen elkarrekin egoteko. Tira: mendia, ikasketak eta Yassin-en kontu hura, noski.
«Zumardia ederra zagon paseatzeko, ez dun hala uste?». Egia zela erantzun nion, eta zintzoa nintzen: udazkenetan soilik disfrutatu daitezkeen arratsalde epel horietako bat zen. Zuhaitzen itzal luzeek geziak ekartzen zizkidaten gogora. Gure oinetakoek hots gozoak ateratzen zituzten orbela zapaltzean, eta indigaztaina erori berriei ostikadak emateko sekulako gogoa sortu zitzaidan. Baina ez nintzen ausartu.
«Leitu al dun Bariccoren azkena? bota zidan. Ez dun nobela bat, saiakeratxoa baizik. Next din izenburua; globalizazioari buruzkoa dun. Ez zekinat gaia interesatzen zainan, baina ondo idatzita zagon, eta gauza pare bat ulertzen laguntzen din». Eten bat egin zuen, eta, labur izan bazen ere, atzera begiratu zuen, lehenengo aldiz; gero, aurrera jarraitu zuen: «Bazagon gauza bat, liburuan, pentsarazi didana. Irailaren 11ko gertakariez-eta ari dela, Bariccok zer edo zer esaten din etorkizuneko gerrez. Atzerriko gerra tradizionalen kontzeptua zaharkituta geratu dela zion; hemendik aurrera guztiak izango direla barne-gerrak: kronikoak, ekidinezinak, zibilak. Eta liburua itxi, eta pentsatu ninan Euskal Herrian aspaldidanik garela globalizatuenak eta modernoenak, gure gerra halakoxea delako. Ez dun uste?».
Ez dakit zer erantzun nion Margari, baina, berriro ere, ez dut uste erantzunik espero zuenik. Hitz egiten jarraitu genuen, honetaz eta hartaz, trenbidearen zubiraino iritsi arte; joan behar nuela esan nion orduan, ikusiko genuela elkar. Beste besarkada labur bat, eta bakoitza bere bidetik abiatu zen: ni iparralderantz, gure etxerantz, eta Marga, bizkartzaina atzetik zihoakiola, ekialderantz.
Ez dakit bere etxea handik ote dagoen.
Itzalak: Marga
Margak atzean utzi du Nekane. Urrats bizi eta ziurrez urrundu da, edo hala ematen du behintzat. Bakarrik geratu da eta erabaki behar du, esaterako, bizkartzainaren ondoan joan behar duen, ala atzetik segi diezaion utzi behar dion: beti dabil hori erabakitzen, hartutako azkeneko deliberoa aldatzen. Bizkartzain gehienek nahiago dute atzetik joan, berdin dio zein konfiantza mailatara heldu diren zainduarekin. Honekin, Eduardorekin, Marga ez da gaizki konpontzen, baina aurrekoarekin, Antoniorekin, hobeto ibiltzen zen: arazorik gabe jartzen zitzaion ondoan, paseatzen ari ziren adiskideak izango bailiran. Jartzen zitzaien, zuzendu du berehala, Antonio bizkartzain egon zen garaian Jose Javier hirian zegoelako oraindik, eta elkarrekin ateratzen ziren maiz. Eta Margak susmoa du Antoniok atsegin zuena ez zela beraren konpainia, Jose Javier bere senarrarena baizik. Jose Javier oso sinpatikoa baita, hori ezin da ukatu. Ez da batere klasista, eta edozertaz hitz egiteko gai da, fisko-erreformaz zein futbolaz, Habermas-ez zein Crónicas Marcianas-eko azken txutxumutxuaz. «Nola izango naiz klasista, langile klasekoa izanik?», esan ohi du Jose Javierrek, harro, eta eransten du: «Meategietako langilea nuen aita». Baina ez edozein langile, pentsatzen du Margak hura gogoratzean: kontramaisua izatera heldu zen Jose Javierren aita. Edonola ere, horretaz ez zen jabetu ezkondu eta urte batzuk geroago arte. Margak ez zuen Jose Javierren aita ezagutu, hilda baitzegoen senarra bihurtuko zenarekin irteten hasi zenean, Madrilen.
Ez, Margak ez du uste bera zenik Antonio bizkartzaina beren ondoan ibiltzeko motibo nagusia. Izan ere, Jose Javier Bruselara bidali zutenetik oso gutxitan joan izan da bizkartzainaren ondoan, eta elkarren ondoan joan direnean, beti izan da berak intsistitu duelako: emakumearen konpainia eta elkarrizketa premiak lotsa eta erreparo guztiak gainditu dituenean. Jose Javier zegoenean ez du gogoan bizkartzainari ezer esaten ziotenik elkartzeko unean: ondoan jartzen zitzaien, besterik gabe, eta hizketan joaten ziren, betiko adiskideak izango balira legez. Baita berarekin ere, Margarekin. Baina ziur dago katalizatzailea ez zela bera izan, Jose Javier baizik. Jose Javierren sinpatia naturala.
Ez du oraindik froga egin Eduardo bizkartzain berriarekin: oso gutxitan itzuli da Bruselatik Jose Javier, eta denbora gutxirako; halakoetan Madrilen pasatzen du denbora gehiago Euskadin baino, eta etxean geratu den pare bat alditan ez dira kalera irten. Baina Marga ziur dago Antoniorekin gertatzen zitzaien gauza bera gertatuko litzaiekeela.
Antoniori berari galde ziezaiokeen, oraindik bere bizkartzaina zen garaian. Adibidez, elkarrekin mozkortu ziren gau hartan, senarra Bruselara joan berritan. Baina gau hartan dezente hitz egin zuten arren, ez zion horri buruz ezer aipatu. Izan ere, nahiko modu ergelean hasi zen dena, hiriko koktelik onenak zerbitzatzen dituzten pub-ean, eta han bertan amaitu zen, goizeko ordu txikietan; pertsiana bota eta dezente beranduago irten ziren handik jabea Margaren ezaguna zen. Brian Ferry-ren disko guztiak ipini zizkieten, eta Sade-ren batzuk. Gaua aurreratu samar zegoela Margak jakin zuen, bizitzan gutxitan izaten diren argitasun-une horietako batean, bizkartzaina ohera eraman ahal izango zuela, eta Antonio horretaz ondo jabetuta zegoela ere bai. Baina ez zuten ezer egin, ez batak ez besteak. Bizkartzainak etxeko atariraino lagundu zion, beti bezala; ahal izan zuen moduan, igogailurako bidea sigi-saga egin eta etxera heldu zen Marga.
Gau hartan bakarrik izan zuen irudipen hura. Antoniok ez zuen berehala eskatu lekualdaketa: hiruzpalau hilabete utzi zituen pasatzen. Gero, Eduardo bidali zioten Margari, edo, hobeto esanda, Eduardo izan zen maizen etortzen hasi zena. Batzuetan, txanden arabera eta, beste bizkartzain batzuk izaten baititu, Joseba, Pablo, eta errubio hura, izena ahaztu zaio jada. Baina Eduardo da finkoena, lehen Antonio izan zen moduan.
Beti bezala, etxe-atariraino lagundu dio Eduardok; han, agur hits batekin, alde egin du. Ez dago gehiagoren beharrik, lehenago hitz egin baitute biharko eginkizunez: hamarretan puntu-puntuan egongo da behean, osoko bilkura dagoenez gero. Minutu batzuetan geratuko da Margaren etxearen ingurumarietan, eta joan egingo da ondoren.
Atezaina agurtu du sartzean. Posta-kutxan propaganda baizik ez du aurkitu, eta partiduko idazkaritzako gutun bat. Igogailuan zigarro bat piztu du. Etxera sartu eta, alarma deskonektatu bezain laster, konbinazio erdi bat prestatu du. Ginebra gutxi geratzen da botilan eta sukaldera sartu da, erosketa-zerrenda luzetxoaren amaieran apuntatzeko: "Beefeater 1". "Paperezko mukizapiak"-en azpian idatzi ditu hitza eta zenbakia, kaligrafia lodi-biribilaz.
Eduardo honek nor gogorarazten dion hausnartzen jarri izan da behin baino gehiagotan, baina gaur arte ez du erantzuna topatu: Nekanerekin izan duen enkontruak zabaldu dizkio leihoak Margaren memoriari. Yassinen antza du morroiak. Agian ez izugarrizko antza, baina bai behintzat halako eite bat. Bizartxo fin hura izango balu, Yassinen antzekoagoa zatekeen bizkartzaina. Bizartxo fin hura, eta larrua beltza, noski.
Bitxia iruditu zaio Yassinengan pentsatzen hastea, Nekaneri luzaroan ezkutatu baitio harekin oheratu zela. Behin bakarrik. Betidanik kontatu nahi izan dion zerbait da, baina ez da sekula ausartu. Eta konturatu da horixe dela, akaso, bien artean altxatu zen hormaren zatietako bat: ez bakarra, ez garrantzitsuena apika, baina bai, ziurrenik, aurrenekoa.
Erantzungailuaren argia piztuta dagoela ohartu, eta botoia sakatu du Margak. Jose Javierren ahots monotonoa da, Bruselatik: ihes egin dio mezuaren hasierak. « Sekulako hotza hemen, badakin. Bihar goizean Edvard Munch-en erakusketa batera joango gaitun, Ixelles-ko museora. Deituko dinat bazkalorduan, ea harrapatzen haunadan ».
Konbinazio-erdiaren beste trago bat hartu du, eta leiho aldera hurbildu da. Hantxe dago Eduardo, etxe aurreko indigaztainondoan bermatuta. Haren ahotik azkeneko ke-bafada irteten sumatu du, eta baita ikusi ere nola zapaldu duen, oinetakoaren puntarekin, zigarrokina. Horretan denbora izugarri luzea eman duela iruditu zaio Margari.
Azkenean, kalearen alde bietara begiratu eta urrundu egin da, patxadaz, bizkartzaina.
Itzalak: Eduardo
Oinetakoaren puntarekin zapaltzen hasi da zigarrokina, keinu kalkulatu batez. Film batean ikusi zuen Eduardok keinu hori, gaztetan, artean erretzen ez zuela: izugarri dotorea iruditu zitzaion, eta konszienteki kopiatzen saiatu zen. Keinu hori egin ahal izateko soilik hasi zela erretzen pentsatzen du batzuetan, zigarroak amaitzean Clark Gable-ren dotorezia-keinu hura behin eta berriro errepikatzeko. Zigarrokinaren parabola laburra ez du urrutiegi erori behar, zangoaren aurrerakako mugimendu ezaxolatia, oinetako puntaren zapaltze-ekintza sotila, pixka bat luzatzea atsegin duena. Eta kito.
Horretan ari dela, pentsamendu batek betetzen du bere gogoa. Hobeto esanda, oroitzapen batek: Mikelen oroitzapenak. Izan ere, Mikelen neskalaguna ez da bera han zegoela konturatu ere egin, museoan Margarekin topo egin duenean, ezta ondoren ere, elkarrekin eman duten paseoan. Eduardo ohituta dago bizkartzainei zuzentzen zaizkien begirada arinekin. Eta, gainera, zenbat aldiz elkartu da neska horrekin? Bi, hiru? Eta aparte geratu izan da beti, Mikelek eta berak bi hitz gurutzatzen zituzten bitartean. Sikiera afariren batera etorri izan balitz, jarraitu du pentsatzen, berarekin akordatuko zen, baina Mikelek aspaldi utzi zion ikaskideen bileretara etortzeari, eta neska horrekin geroago hasi zen irteten. Edu ez da haren izenaz ondo gogoratzen. Aintzane, Goizane, Nekane. Ez dago ziur. Manuk aipatu zion behin.
Mikel eta Edu hezur eta mami izan ziren karrera garaian. Pisu berean bizi izan ziren hiru urtez, eta elkarrekin suspenditu zuten, behin baino gehiagotan, Zuzenbide Erromatarra. Elkarrekin gainditu zuten, halako batean, bosgarren deialdian zeudela. Kalifikazio berarekin: 5,5.
Zazpi ziren fakultateko koadrilakoak. Seik jarraitzen dute biltzen, urtero bi edo hiru aldiz, afaltzeko edo bazkaltzeko; alde batera uzten ditu, jakina, noizbehinkako enkontruak, batarekin edo bestearekin. Manurekin, adibidez, sarritan egoten da, batik bat umeak izan zituztenetik: hark ere bi haur ditu, Patxiren eta Sabiñeren adin bertsukoak, eta nahikoa hurbil bizi dira gainera. Baina koadrila bera, ofizialki, andrerik gabe biltzen da eta bi edo hiru aldiz besterik ez; azkenekoa Bergaran egin zuten, Lasa jatetxean. Mikel izan da halakoetara etortzeari utzi dion bakarra.
Eduardo ez da gogoratzen noiz hasi ziren Mikel deialdietatik kanpo uzten. Mikelen erruz, ziur dago horretaz. Manu gogoratuko da hobeto; azken batean, bera da koadrilako saltseroa, jatetxeak aukeratzeaz eta telefono-deiak egiteaz arduratzen dena. Lehen maizago hitz egiten zuten Mikelez, Manuk eta biek.
Ez zen sekula heldu Mikelekin haserretzera. Eduardok badaki ez zitzaiola batere gustatu bera Ertzaintzan sartu izana. Eta hori baino lehenago, soldaduska egitea; Mikel, jakina, intsumiso egin zen, eta kartzelaz libratzeko zoria izan zuen. Baina Manu ere intsumisoa izan zen, eta ez dio ezer aurpegiratu inoiz. Eta Ertzaintzan sartzearena, zer? Ez zen Eduardoren ametsa, baina bizi beharra dago, zer demontre. Noren ametsak bete dira ba? Mikelen lanbideak berak, ONG horren bulego ziztrinean, ez dirudi abokatu ospetsu baten helmugarik gorena. Eta zer gaitz du Ertzaintzak, horren aldean? Ez, Ertzaintzan sartzea ez zen inola ere Eduardoren ametsa, baina kokoteraino zegoen Caja Laboraleko errenta-aitorpenaren kanpainako aldiko lan hartaz; urtean bederatzi hilabetez langabezian egoteaz.
Haserrea ez, baina arrangura puntu bat sentitu zuen Mikelek bere ezkontzarako gonbitari uko egin zionean. Tira, egia da Mikel ez zela sekula joaten lagunen ezkontzetara, beti hitz egin zuela ezkontzaren aurka, eta ez zegoela ezer pertsonalik haren erabakian Manuk maiz gogorarazten zion bezala, baina Eduardok ezin izan zuen sentipen latz hura saihestu. Kontatu diotenez, Margarekin elkartu den emakume beltzaranarekin ezkontzera doa orain, Goizane edo Nekane horrekin.
«Mikelek ezkontzaren aurkako bere predikuak irentsi beharko dizkik», esan zion lehengoan Manuk, txantxa-tonuan, parkean zeudela. «Ziur nagok Mikelek aurkituko duela horretarako justifikazio guztiz biribil bat, garai batean ezkontzen aurka zerabiltzanak bezain egituratua», erantzun zion Eduardok. «Mikel Mario Onaindia sentimental bat duk», gehitu zuen, aspaldian Mikelek berak erabili izandako esapide arbuiagarria parafraseatuz. Orduan konturatu zen haren kontrako arrangura sentitzen zuela oraindik ere, ez ziola barkatzen, ez ziola sekula barkatuko. «Ez hadi pasatu, motel», esan zion Manuk, ondo baino hobeto gogoratu behar zuenak Mario Onaindia sentimentalaren kontu hura Mikelen beraren uztakoa zela. «Ez hadi pasatu», errepikatu zuen, «denok zeukeagu aldatzeko eskubidea».
Eta orduantxe ohartu da zigarrokina oinetakoaren puntarekin zapaltzen jarraitzen duela, une izugarri luzea eman duela ekintza horretan. Tupustean gelditu du oinaren mugimendua.
Bizkartzainak ez du burua etxeko laugarren solairuko leihorantz jaso nahi, Marga han egongo dela susmatzen baitu. Gaurkoz amaitu du jarduera: ez du zaintzen duen emakumearen begirada azkenekoz pairatu nahi.
Azkenean, kalearen alde bietara begiratu eta urrundu egin da, patxada-antzean, Eduardo.
Itzalak: Nekane (II)
Badakit zer izango dudan etxean. Gutxi gorabehera. Mikelen agurra, muxu bat akaso eta, berehala, bere egunaren kronika. Bileraren bat edo beste. Lanari buruzko kontutxoren bat. Eta Gara-ko orrialdeetatik jasotako hiruzpalau albisteren iruzkina, ez oso xehea. Zenbait hitz errepikatuko ditu: "eskubidea", "putakumea(k)", "nazka(garria)". Zer edo zer erantzungo diot nik: ez ditut isiluneak atsegin. Ezer ganorazkorik ez, edonola ere. Asteburuko txangoaz hitz egingo dugu gero. Belagua, aipatu zidan autoan joan den igandean, itzultzen ari ginelarik. Baina izan daiteke Udalaitz. Edo Anboto: aspaldian ez gara Anbotora igo. Auskalo.
Baina ezinezkoa da, oraintxe gogoratu naiz. Asteburu honetan Sotora joan behar dugu, Urkori bisita egitera; erdi ahaztuta neukan. Hurrengo asterako utzi beharko dugu mendirako plana.
Mikelek nire egunari buruz galdetuko dit, noski. Ez zaio ahazten, normalean, eta eskertzen diot abegikortasun hori, nire baitan. Baina ez diot ezer aipatuko, edo, hobeto esan, ohiko formularen bat erabiliko dut: «Ondo», «Besterik gabe», «Hainbestean». Ez baitut gogorik izango Margarekin gertatu zaidana kontatzeko.
Enkontruak zerbait mugiarazi du neure barnean, horretaz ziur nago. Ziur nagoen bezala bakarrik geratu bezain laster Yassinen eskutitzak hartuko ditudala zapata-kaxa zaharretik. Ez dakit haiekin ezer gehiago egingo ote dudan, ezta kartazaletatik ateratzera helduko naizen ere. Ez da beharrezkoa. Baina eskutitz horiztatu horiek berriro ukitzeko gogoa sartu zait.
Duela hogeita bost bat urte ezagutu genuen Yassin. Uda izan behar zuen, auzoan baikenbiltzan arratsaldean, egiteko ezer berezirik gabe. Kioskoan egoten ginen, edo plaza ondoko arkupeetan, eta arratsalde osoan bi edo, asko jota, hiru aldiz sartzen ginen tabernaren batera, zurito bat edatera: etxean ez ziguten diru-sari handirik ematen eta sosik gabe ibiltzen ginen beti. Izugarri aspertzen ginen oporrak heltzen zirenean.
Hamabost urte genituen, bete berriak edo betetzeko. Garai hartan Marga, Cristina eta hirurak irteten ginen: koadrila izatera iristen ez zen hirukotea. Cristina urte eta erdi geroago hil zen, gurasoekin batera, auto-istripuan, herrira asteburua igarotzera zihoazela. Villanuño, Burgos: ez dakit zergatik gogoratzen naizen horren zehazki Cristinaren gurasoen jaioterriaren izenaz; Cristinaren hazpegiak, ordea, memoriatik erdi ezabatuta dauzkat, hirurotan ederrena zen arren, edo horregatik agian. Ilea bai, ondo gogoan dut: inbidia ematen zigun haren adats luze ilunak.
Kioskoko eskaileretan geunden eserita, kontu kontari, edo isilik, auskalo, hurbildu zitzaigunean. Inguru horietan diskotekarik ba ote zegoen galdetu zigun, adeitsu. Ingelesez: ez zen oso ingeles ona izango, dena ulertu baikenion. Inoiz ikusi genuen gizonik beltzena zen. Garai hartan, 70eko hamarraldiaren amaiera aldera, ez zen beltz askorik ikusten inguruotan.
Horren beltza izan ez balitz aurpegira barre egingo genion, ziurrenik: diskoteka bat, arratsaldeko bost eta erdietan, astegun buruzuri batean. Baina ez genion barre egin. Azaldu genion, urduri samar, zazpiak edo zortziak arte ez zutela irekiko Dallas-a, lau kale beherago zegoena, ezta pixka bat urrunago zegoen Yes ere. Ahal izan genuen bezala, BUPeko bigarren kurtsoko gure ingelesak ez zuen eta askorik ematen. Gu ez ginen sekula joaten Dallas-era edo Yes-era.
Izena Yassin zuela esan zigun, eta kuwaitarra zela. Marinela, heldu berria. Zenbait egun pasatuko zutela portuan ainguratuta, eta inguruak ezagutzeko asmoz zebilela. Diskotekak non zeuden azaltzeaz gain, irekita egoten ziren tabernak seinalatu genizkion. Eskerrak eman zizkigun, zeremonia handiz, eta alde egin zuen. Arratsalde erdirako hizketagaia izan genuen horrekin.
Oso itsusia iruditu zitzaigun hiruroi: sinpatikoa, baina itsusia. Hori izan zen arratsalde hartan atera genuen ondorio nagusia.
Biharamunean, ordu bertsuan, Yassin azaldu zen kiosko aldetik, eta, arratsaldero bezala, han ginen gu ere. Ez genion garrantzi berezirik eman ustekabekoari. Urrundik agurtu gintuen kuwaitarrak, pozik antza, eta guregana hurbildu zen. Hiriari buruzko pare bat gauza galdetu zizkigun, eta nola hala erantzun genion. Gero bere itsasontziari buruz hitz egiten hasi zitzaigun, eskifaiaz, Kuwaitez, Egiptoz, ezagututako portu eta hiriez. Ondoan eseri zitzaigun kioskoko eskaileretan. Guk galderaren bat egiten genion noizean behin, baina ez askorik ere: ez zirudien gure akuilurik behar zuenik. Entretenigarria izan zen, bitxia. Baita barregarria ere, batzuetan, etengabe nahasten zituelako gu hiruron izenak.
Ez dakit zenbat denbora egingo genuen han. Halako batean Yassin altxatu egin zen eta ea zerbait hartu nahi genuen galdetu zigun. Ez dakit elkarri begiratu genion ere, baina gogoan dut denak batera jaiki eta harekin abiatu ginela hurbilen zegoen tabernara. Hiru zurito eskatu genituen guk, kubalibre bat hark. Ez zigun, jakina, ordaintzen utzi.
Beste bi edo hiru tabernatan sartu ginen arratsaldeko bederatziak jo bitartean: erretiratzeko ordua, guretzat. Ez zigun behin ere ordaintzen utzi. Azkeneko tabernan sandwich bat eskaini zigun; guk ondo ezagutzen genituen taberna hartako sandwich hotzak, barra gainean dotore-dotore eskainiak, baina ez genituen probatu sekula, garestiegiak baitziren guretzat. Cristinak eta biok ezetz esan genion Yassini, esker oneko keinu batez, baina Margak onartu egin zuen gonbita; Yassinek berak beste bat hartu zuen. Zer esanik ez, Cristinak eta biok horzkada bana eman genion Margaren sandwichari. Arrautza egosia eta letxuga zeukan, eta maionesa. Oso gozoa iruditu zitzaigun hiruroi.
Hurrengo bi egunak antzekoak izan ziren: Yassin kioskora azaltzen zen, luzeago edo laburrago solastatzen ginen, tabernetako erronda egiten genuen denbora asko pasatzen genuen taberna bakoitzean eta bederatziak heltzen zirenean agur esaten genion kuwaitarrari. Sandwicharen eszena aurreneko egunean bezalatsu errepikatzen zen azkeneko tabernan. Yassin integratuta zegoen gure errutinan.
Bosgarren egunean, taberna batean geundela, Dallas-era joatea proposatu zigun, eta guk onartu. Behebarru batean zegoen diskoteka, eta eskailera piko batzuk jaitsi beharra zegoen: ez ziren izango arratsalde eguzkitsu bateko zazpi terdiak baino beranduago, baina gaua zirudien Dallas barruan; uste dut lokalaren iluntasuna suertatu zitzaigula deigarriena egun hartan, hurrengo urteetan munduko gauzarik normalena izatera iritsi zen bezala, Marga eta biontzat. Argi estroboskopikoek, sabaiko diskoteka-bola handiak, Bee Gees-en eta Village People-ren kantek, horrek guztiak ez gintuen lekuaren iluntasunak bezainbeste aztoratu.
Kaña bakarra eskatu genuen hiruontzat. Ezin ia hitz egin, zaratagatik. Dantzatzera animatu nahi gintuen Yassinek, baina gu barra ondoko eserlekuetan geratu ginen. Azkenean Marga altxatu egin zen eta sueltoan dantzatzen hasi zen kuwaitarraren parean. Baina lenta bat ipini zutenean Cristinarengana etorri zen Yassin; hark ezetza eman zion, noski. Hurrengo lenta-n niri bota zidan gonbita, eta ezetzarekin erantzun nion neuk ere. Azkeneko saioa Margarekin egin zuen, baina hark ez zuen onartuko beste biok errefusatutakoa gure lege ez idatziak zorrotzak ziren horri zegokionean, eta ezetz esan zion. Gainera, bederatziak ziren jada; etxera itzuli behar. Eta halaxe egin genuen.
Biharamunean, arratsaldero bezala, plaza aldetik agertu zen Yassin. Ez zen gurekin eseri, ordea: zutik geratu zen. Bisitaldiak ez zuen luzaro jo: agurtzera zetorren. Oso neska atseginak ginela esan zigun, baina berak emakume helduagoak nahi zituela ezagutu. Horiexek izan ziran bere hitzak: «I would want to know elder women». Bere helbidea eman zigun, eta, jakina, baita guk gureak ere: paper koadrikulatu batean idatzi genizkion. Eta, beti bezala, oso adeitsu, azkeneko diosala egin zigun.
Horixe izan zen istorioa. Behin baino gehiagotan komentatu genuen hirurok, hurrengo hilabeteetan. Gero Cristinaren istripuarena gertatu zen, eta Marga eta biok munduko adiskiderik minenak bihurtu ginen batxilergoa amaitu artean.
Yassinen aurreneko eskutitza karrerako lehenengo ikasturtea amaitzen ari nintzela heldu zen, hiru urte geroago; Lurmutur Hiriko zigilua zekarren. Bere ontziak hemen porturatu behar zuela berriro ere, aurki, eta ni ikusteko aukera izan nahi zuela. Margaz eta Cristinaz galdetzen zidan, baina batik bat elkarrekin pasatu genuen gau hartaz hitz egiten zidan; ordurako hobeto nekien ingelesez, eta poetiko-edo izaten zinez ahalegindu zela konturatu ahal izan nintzen.
Ematen zituen xehetasunengatik Marga baizik ezin zen izan Yassinekin egon zena: Yassinekin oheratu zena. Hark azkenekoz agurtu eta biharamunean, edo horixe ematen zuen kartak aditzera. Margak nola topatuko zuen, ez dakit; ondo pentsatuta, ez zen horren zaila izango, portuan ez ziren egongo eta kuwaitar banderapeko itsasontzi asko. Inoiz ez dut jakin, edonola ere, zer dela eta bidaltzen zizkidan niri eskutitzak, Marga nintzelakoan: hasieratik tronpatu zelako izenez, edo Margak berak nirea eman ziolako gau hartan. Kartan ni bainintzen birjinitatea galtzen zuena Yassinen besoetan.
Eta ez dut inoiz jakin Margak ez didalako sekula ezer kontatu. Nik ez diodalako inoiz ezer galdetu, agian. Hasieran, Yassinen eskutitza jaso eta berehala, nire adiskideari deitzekotan izan nintzen, Madrilera, bizi zen ikasle egoitzara. Itxarongo nuela erabaki nuen. Ikasturtearen amaiera ondoren elkartu ginenean, jakina, ez zidan kontuaz ezer esan; ez zeukan zertan, egia esan. Eta nik ez nion ezer aipatu kartari buruz. Urruntzen hasiak ginen ordurako.
Yassini erantzutekotan ere egon nintzen; berarekin zita bat adosteko edo. Baina azkenean ez nuen ezer egin. Yassin hirira helduko zen eta, akaso, gure auzora etorriko zen, eta are kioskora hurbilduko. Auskalo. Ni, badaezpada, ez nintzen inguratu ere egin, eskutitzean aipatzen zizkidan egun horietan.
Hurrengo bi urteetan Yassinen beste hiru eskutitz jaso nituen: bat Kiel-etik bidalia, beste bat Lagos-etik, eta hirugarrena Genoa-tik. Guztietan zerabilen tonu berbera, Jazmin saileko nobela erromantikoena gogorarazten zidana, nolabait. Aldi oro sentitu nuen erantzuteko tentazioa, baina inoiz gauzatu ez. Ondoren, ezin bestela izan, isiltasuna.
Yassinez 1991an oroitu nintzen, noski, Golkoko lehenengo gerra jazo zelarik. Margarekin komentatuko nukeen, akaso, baina ordurako ez ginen maiz elkartzen. Urte hartan aurkeztu zen lehenengoz hauteskunde batzuetara.
Etxera heldu naiz. Muxu bat eman dit Mikelek, eguna zer moduz joan zaidan galdetu dit. «Panpirekin eta Joxirekin izan dinat bilera; komentatu ninan atzo», jarraitu du gero.
«Eta, zer moduz?» galdetu diot nik. Baina gogoa armairu gainean daukat jada, aurki atera eta ukituko ditudan Yassinen eskutitz zahar haietan.
Itzalak: Aritzen oharrak
Garziandia andereak pleno-egunetan hartu ohi duen bidea egin du gaur.
Goizeko bederatzi eta erdietan (09:33) etxetik atera da, bizkartzainarekin elkartu da atarian ("Morroskoa", azkeneko aste hauetan izan duen berbera) eta elkarrekin egin dute Udaletxerako bidea, oinez: Nafarroako kalea, Leizarraga kalea, San Inazio hiribidea, Kontsulatuaren plaza, Txabarri kalea, Lehendakari Agirre eta Herriko Plaza (hots, aurreko oharretan "B" bidea izendatu duguna, baina gaurkoan ezkerreko espaloitik, oro har).
Bizkor egin dute bidea: hamarrak hamar gutxirako Udaletxean ziren (09:52); alboko atetik sartu da. Gaurko bilerak luze jo du. Zinegotzi gehienak Udaletxetik irten dira bazkaltzera, batzuk etxera eta beste batzuk inguruko tabernetara (PNVko gehienak, adibidez, Batzokira abiatu dira), baina Garziandiak udaletxean bertan egin du otordua, edo hori uste dut behintzat, "Morroskoa", goiz osoa Udaletxearen atari-inguruetan eman ondoren, segapoto-dei bat jaso eta, gero, Goizeko-Kabi tabernara sartu delako; ordu-laurden geroago plastikozko poltsa batekin atera da, Garziandiarentzako bokata batekin ziurrenik.
Bilera bostak aldera amaitu da, eta zinegotzi gehienak berehala irten dira; Garziandia 17:04etan zehazki. Ibaiko pasealekurantz egin du orduan, "Morroskoa" bospasei metro atzetik doakiola: Foru kalea, Seminarioko aldapa, Elgeta kalea, pasealekua. Museora sartu da orduan, erakusketa berriak inauguratu ondoren egin ohi duen bezala. Ordu-erdi izan da barruan (17:48etan atera da). Lagun batekin elkartu da Museo barruan, ezezaguna guretzat: emakume beltzarana, 1,75 inguru, Garziandia baino gazteagoa, larruzko jaka gorria eta bakero motzak. Zumardia zeharkatu dute, osorik, trenaren zubiraino, eta hantxe esan diote agur elkarri (18:12): emakume ezezagunak Gerezieneako auzunerantz jo du, Garziandiak etxerantz. Ez dirudi ohiko enkontru bat, baina errepikatuko balitz komeniko litzateke, agian, emakumearen inguruko informazioa jasotzea.
Ondoren etxerako bidea hartu du zinegotziak; "Morroskoa" ez da behin ere haren ondoan jarri. "C" bidea jarraitu dute, hein handi batean: Arregi kalea (18:14), Gernika kalea (18:20), San Agustin kalea (18:25), Bergarako Seminarioaren enparantza (18:31), eskuineko espaloietatik kasu honetan, salbu eta San Agustin kalea zeharkatzean. "C" bidean, normalean, Arregi kalearen ordez Azkueren etxartea hartu ohi duenez, bariazio honi "C bis" deitzea otu zait.
Etxera 18:36etan iritsi da; senarrak kanpoan jarraitzen du, antza denez. Egongelako argia 18:38etan piztu da. "Morroskoa" ohi baino luzeago geratu da atari-inguruan, erretzen, abiatu aurretik (18:46) (kontuan hartu). Garziandia salako leiho ondoan egon dela uste dut, baina ezin dut ziurtasunez esan, kaleko arbolen adarrek erdizka estaltzen dutelako leiho hori, ni nagoen lekutik begiratuta.
Ondoren logelako leihoa argitu da, baina segundo batzuk geroago itzali du.