Zuzenketa, itzulpen kalitatea ziurtatzeko prozedura: zuzenketa mailak, motak eta modalitateak
Artikulua PDFn
Itzulpena: Arantzazu Royo
Zuzenketa: Gotzon Egia
Kalitatearen kontzeptua itzulpengintzan
1980ko hamarkadaren amaieran "kalitate" terminoa funtsezkoa izan zen proiektuak kudeatzerakoan. Era guztietako sektoreetan, zerbitzuaren edo azken produktuaren kalitatea bermatzeko xedez irizpide objektiboak eta neurgarriak bilatzeko sortutako arauek goratu zuten termino horren garrantzia.
Itzulpengintzaren alorreko enpresa, erakunde eta profesionalek ez diote egun ihes egiten normalkuntza, egiaztapen eta kalitatearen ziurtapen joera horri. Itzulpen Zerbitzuen Europako Kalitate Araua (EN-15038 ARAUA) dugu horren erakusgarri, 2006ko maiatzaren 17koa.
Nolanahi ere, zehaztu beharra dago itzulpengintzaren alorrean prozedura jakin batzuk betetzeak ez dakarrela nahitaez xede testuaren (XT) —azken produktuaren— kalitatea ziurtatzea, faktore ugarik eragiten baitiote itzulpen prozesuari.
Izan ere, itzulpen enpresek jasotzen dituzten ziurtagirien helburu bakarra da bezeroei frogatzea irizpide neurgarri batzuk ezarri dituztela zerbitzuak emateko erabiltzen dituzten prozedurei dagokienez.
Itzulpen kalitatea, eta, ondorioz, itzulpen kalitatearen ebaluazioaren (IKE) emaitza ere, kontzeptu erlatiboa da (hainbat faktoreren mende baitago: bezeroaren irizpidea, sorburu testuaren (ST) kalitatea, XTren funtzioa eta hartzailea, itzultzailearen gaitasuna, zuzentzailearen edo ebaluatzailearen irizpideak); eta neurri batean kontzeptu subjektiboa ere bada (era askotako interpretazioak izan ditu ikuspegi diakroniko nahiz sinkronikoan, ebaluazio metodoak lantzen ari ziren adituen joeren eta teorien arabera).
Hala ere, badirudi denek onartzen dutela baloraziorako edozein prozedura onargarria eta baliozkoa izateko, irizpide argi, ondo definitu eta ahalik eta objektiboenak behar dituela oinarrian, ez baitago ebaluatzerik atzeman ez daitekeena. Itzulpenari dagokionez, xede testua, eduki semantikoa eta adierazteko modua baloratzen dira.
Itzulpenen ebaluazioa bi parametro nagusitan oinarritu izan da: xede hizkuntzaren (XH) erabilera egokia, idiomatikoa edo naturala izatea, eta sorburu testuaren zentzua oso-osorik aldatzea xede hizkuntzara (fideltasuna).
Alabaina, itzultzaileak egin dituen hautuak egokiak diren ala ez, eta aldi berean itzulpenean dauden akatsak, huts egiteak edo desbideratzeak hala diren, horiek denak ezin dira erabaki sorburu testua, alde batetik, eta XHren arauak nahiz erabilera, bestetik, zein bere aldetik begiratuta, baizik eta ikusita bi irizpide horiek batera nola eragiten dioten xede testuari, itzulpen eskaeraren arabera.
Laburbilduz, alor profesionalean itzulpena baloratzeko gehien erabiltzen diren hiru irizpideak hauek dira: a) XTren hizkuntza kalitatea aztertzea, atzemandako akats motak eta horien larritasuna kontuan hartuta; b) XT bezeroari bidaltzeko aski egokia den ala ez erabakitzea, itzulpen eskaera kontuan hartuta, eta c) XTk bezeroaren itxaropenak zenbateraino asetzen dituen ebaztea.
Itzulpena prozesu eta produktu gisa
Itzulpena terminoa erabiltzen dugu adierazteko alde batetik sorburu testu bat xede testu batera aldatzeko prozesua, eta, bestetik, aldaketa horren emaitza izango den produktua. Hala ere, argitu beharra dago ez direla gauza bera itzulpen kalitatearen ebaluazioa (IKE), hau da, XT produktu gisa baloratzea, eta itzulpen prozesua ebaluatzea.
Begi bistakoa dirudi itzulpen zerbitzu bat emateko prozesu normalizatu jakin batzuk ezarri, aplikatu, jarraitu eta ziurtatuz gero, xede testuaren kalitatea hobea izan daitekeela. Hori hala izanik ere, alor profesionalean, itzulpen kalitatea baloratzeko erabiltzen diren prozedura gehienak itzulpen prozesuaren emaitzan (XTn) oinarritzen dira, ezen ez itzulpen prozesuan berean.
Itzulpen prozesua diogunean, elkar loturik dauden jarduera multzoaz ari gara; erakunde itzultzaileak hainbat fasetan antolatzen ditu jarduera horiek, hizkuntz baliokidetasunak eta, ahal dela, kultur baliokidetasunak zehazteko, eta, hala, jatorrizko kulturako eta jatorrizko hizkuntzan idatzitako testuaren zentzua beste kultura batera aldatzeko, xede kulturara, xede hizkuntzan idatzia eta xede kulturako hartzailearentzat, bezeroak (itzulpenaren eragileak edota azken hartzaileak) emandako itzulpen aginduaren zehaztapen esplizitu edo inplizituak kontuan harturik.
Alor profesionaleko itzulpen kalitatea baloratzeko prozedurak: kidetasunak eta aldeak
XTren kalitatea baloratzeko alor profesionalean erabiltzen diren prozeduren[1] ezaugarriak sailkatzeko oinarria Louise Brunettek (2000) itzulpenak ebaluatzeari buruz idatzitako artikulu batean hartu dugu batez ere. Itzulpen kalitatea ebaluatzeko prozeduren gainean Brunettek eskaintzen dituen definizioak 1993ko azterketa batetik datoz, testu pragmatikoak[2] soilik erabilita abiatu zuena.
Balorazio prozesuen deskripzioa honela egin dugu guk, zazpi irizpidetan oinarrituta:
1) xede testuaren (XT) egoera; 2) XT baloratzeko erabiliko den zati edo segmentuaren luzera; 3) XT eta ST alderatzea; 4) ebaluazio txantiloi bat erabiltzea akatsak haztatzeko; 5) zuzentzaileak XTn egindako zuzenketak eta aldaketak arrazoitu beharra; 6) balorazioaren hartzailea eta 7) balorazioaren xedea
Zuzenketa pragmatikoa, zuzenketa didaktikoa eta formaziorako zuzenketa
Itzulpena zuzentzeak esan nahi du baloratu behar dela ea xede testuak (XT) itzulpen eskaeraren zehaztapenak betetzen dituen, hainbat irizpideren bitartez, eta gero, zuzenketak edo hobekuntzak egin behar direla, xede testua bezeroari (azken hartzaileari edo itzulpenaren eragileari) emateko behin betiko eta egokitzat hartu aurretik.
Alor profesionalean, zuzentzaileek ez dute harremanik izaten itzultzailearekin, non eta zuzenketa horren helburua ez den itzultzailearen trebakuntza edo haren teknika hobetzea, testua bera hobetzeaz gain. Testua hobetzeko zuzenketari zuzenketa pragmatikoa deitzen dio Brunettek (ZP) eta besteari, berriz, zuzenketa didaktikoa (ZD).
Nolanahi ere, Hosington (Thaon) eta Horguelin (1980) egileei kasu eginez, nahiago dugu formaziorako zuzenketa (FZ) terminoa erabili, alor profesionalean egiten den zuzenketaz ari garenean; izan ere, itzulpena zuzentzea eta hobetzea ez ezik, itzultzailearen prestakuntza ere bai baitu xede. Zuzenketa didaktikoa (ZD) terminoa alor akademikoan egiten den zuzenketaz hitz egiteko erabiliko dugu.
Itzultzaileak eta zuzentzaileak harremana izan ala ez, horrek sortzen ditu hiru prozedura horien arteko aldeak. Bai zuzenketa didaktikoa bai formaziorako zuzenketa egiten dutenek arrazoitu egin behar dituzte testuan egindako aldaketak, XT eta itzultzailea, biak hartzen baitituzte kontuan. Zuzenketa pragmatikoa egiten dutenek, aldiz, ez dute zertan arrazoitu testuan egiten dituzten aldaketak itzultzailearen aurrean (autoritateen iturriak aipatuz edo adibideak jarriz), eta, beraz, malgutasun handiagoz joka dezakete, zuzentzaile didaktikoek edo formaziorako zuzentzaileek ez bezala. Zorroztasuna diogunean, zuzentzailearen xehe goseaz ari gara, zuzenketak edo aldaketak egiterakoan. Zorroztasun horrek zuzenketa pragmatikoaren kalitateari eragiten dio, beste zuzenketa motetan bezala, zuzentzailearen jakintza eta gaitasunaren mende baitago, batez ere aldaketa estilistikoetan. Alabaina, orrazketa horiek zuzentzailearen nahiera edo intuizioen araberakoak izan daitezkeenez, ez baititu arrazoitu behar, Brunetteren arabera (2000: 171) zuzenketa pragmatikoak osagai arbitrario bat dauka.
Hiru zuzenketa mota hauetan badago, baita ere, kidetasunik: zuzendu beharreko gaia testu osoa da, behin betikoa izan ala ez, baina zuzenketak jaso artean produktu erdi bukatutzat jotzen dena. Hiru zuzenketa mota hauetan helburu nagusia xede testua hobetzea da. Alabaina, zuzenketa didaktikoak eta formaziorako zuzenketak badute beste helburu gehigarri bat, itzultzailearen gaitasuna zorroztea. Prozedura hauetan ez da inoiz kalifikazio aritmetikorik ematen.
Formaziorako zuzenketa, zuzenketa pragmatikoa eta itzulpen kalitatearen ebaluazioa.
Formaziorako zuzenketak (FZ) eta zuzenketa pragmatikoak (ZP) alde batetik, eta itzulpen kalitatearen ebaluazioak (IKE) bestetik, duten alderik esanguratsuena ebaluaziorako eragiketen eremua da. FZ eta ZP itzulpena ekoizteko prozesuaren barneko balorazio prozedurak dira. Aldiz, Mossop-en arabera (2001: 92), IKE kudeaketaren eremukoa da, arazoak identifikatzen ditu, baina ez ditu akatsak zuzentzen.
Hortaz, formaziorako zuzenketaren eta IKEren emaitzen hartzaileak desberdinak dira, prozedura horien helburuak desberdinak diren bezainbatean. Itzultzaileak jasoko du FZren emaitza, xede baititu nola testua hobetzea, hala itzultzailea heztea. Aldiz, IKEren hartzaileak kudeaketa edo administrazio zerbitzuak izan ohi dira. Itzultzaileak kontratatzeko erabiltzen da batez ere, itzulpen prezioak eta ordainsariak zehazteko, edota elkarte profesionaletan nahiz enpresetan sarrera onartzeko.
Testuaren egoerari dagokionez, IKE behin betiko produktutzat hartzen den testuaren gainean egiten da, hau da, bezeroari aurkezteko prest dagoenean edo hari bidali ondoren. Zuzenketa jaso bitartean, FZ eta ZP testu erdi amaitu edo behin-behinekotzat jotzen direnetan egiten dira. FZ eta ZP bi prozedura horiekiko beste alde nabarmen bat da IKE lagin baten gainean egiten dela, ez xede testu osoaren gainean.
Ebaluazio txantiloi gehiago edo gutxiago landuriko batean agertzen da IKEren emaitza, eta horren bidez kalifikazio edo nota aritmetiko bat ematen zaio xede testuari, testuan aurkituriko akatsen kopurua eta larritasuna aintzat harturik. Jarraian, ebaluatzaileak kudeaketa edo administrazio zerbitzura bidaliko du ebaluazio txostena, eta itzulpenaren kalitate/prezio harremana baloratzeko erabiliko da. FZren eta ZPren kasuan, behin itzulpena zuzendu eta gero, itzultzaileak zuzentzailearen oharrak eta txostena aztertuko ditu, XTn zuzenketak egiteko.
Itzulpen kalitatearen kontrola eta itzulpen kalitatearen ebaluazioa
Itzulpen kalitatearen kontrola (IKK) eta itzulpen kalitatearen ebaluazioa (IKE) merkatuak eskaintzen duen zerbitzu ematearekin lotzen diren prozedurak dira.
Kalitate kontrola maiztasun jakin batekin erabiltzen da, itzultzailearen lana eta haien formazioa baloratzeko. Horregatik dago beste faktore batzuei lotuta, produkzio kostuari edo lan egiteko abiadurari, esaterako.
Testuaren egoerari gagozkiolarik, Horguelin eta Brunette (1998: 6-7) egileen gisara, Mossop-ek (2001: 92) dio kalitate kontrola itzulpena entregatu aurretik egiten dela, eta itzulpen kalitatearen ebaluazioa, berriz, behin xede testua bidali eta gero egin daitekeela.
Gure ustez, bereizketa hori erabakigarria da, bi prozedura horien arreta-guneari eragiten baitio. Kalitate kontrola testuaz eta bezero-hartzaileaz arduratzen dira, XT egiaztatu eta behar izanez gero zuzentzeko, bidali aurretik; ebaluazioa, berriz, kudeaketaz arduratzen da soilik.
Bestalde, Mossop-ek (Ibid.: 84) kalitate kontrola eta zuzenketa ia sinonimotzat jotzen baditu ere, kalitate kontrolaz arduratzen diren pertsonak (quality controllers) eta zuzentzaileak bereizi beharra azpimarratzen du. Zuzentzaileak itzultzaile kualifikatuak izaten dira beti, baina quality controllers deritzen kategorian profesional mota bat baino gehiago dago; horien artean dira begiraleak (proofreaders): ez dira itzultzaile, eta beste zuzenketa edo egiaztapen batzuk egin ohi dituzte, itzulpena sorburu testuarekin alderatu beharra eskatzen ez dutenak. Bereizketa hori egitea garrantzizkoa da, begiralearen eta zuzentzailearen lanak bereizteko.
Ebaluatu beharreko testuari dagokionez, beste bereizketa batek alderatzen ditu IKK eta IKE: testu segmentuaren luzerak. IKK ia beti egiten da testuaren lagin bat edo gehiago irakurriz, hitz kopuru jakin bat hartuta, edo atal bat edo gehiago hartuta, XTren luzeraren, xedearen eta garrantziaren arabera. Kalitate kontrola xede testuaren lagin bat edo gehiago irakurriz egin daiteke, esate baterako bezeroak eskatu duen terminologia erabili den egiaztatzeko, edo jatorrizko eta xede testuen lagin batzuen irakurketa konparatiboa eginez. Itzulpen kalitatearen ebaluazioa, ordea, bereziki konparatiboa da, eta XT osoa nahiz testu horren lagin bat edo gehiago har daitezke horretarako.
Batzuetan, adibidez, adosturiko tarifa ordaintzerakoan desadostasunik sortzen bada, itzultzaileak bigarren IKK bat eska dezake IKE gisa, hau da, balorazio kualitatibo eta kuantitatibo bat, egindako aldaketak eta zuzenketak arrazoituak izan daitezen.
Horren inguruan, aipatzekoa da zenbait erakunderentzako lan egiten duten itzultzaile autonomoei bi prozedurak aplikatzen zaizkiela: alde batetik, kalitatearen kontrola, bezeroari begira, eta, bestetik, kalitatearen ebaluazioa, helburu administratiboarekin, ordainsariak zehazteko edo kontratuan zehazturiko baldintzak bete diren ala ez ikusteko.
Adibide gisa, Europako Batzordearen Itzulpen Zerbitzuan, kanpoko itzultzaileen lanek kalitatearen ebaluazioa pasatzen dute lehenik, eta zuzenketa egiten da gero, hala behar izanez gero. Ebaluazioaren emaitza negatiboa baldin bada, kalitate kontrolaren batzorde arduradunari bidaltzen zaio itzulpena, bigarren ebaluazio bat egin dezan. Europako Batasuneko Organoen Itzulpen Zentroan gertatzen den bezala, IKE eta zuzenketa pertsona berak egiten ditu[3].
Itzulpen kalitatearen ziurtapena
Mossop-en teoriari jarraituz (2001: 92-93), esan genezake itzulpen kalitatearen ziurtapena (IKZ) erakunde itzultzaileko kide guztiek, bai itzulpen prozesua hasi baino lehen, bai prozesuan bertan, baita ondoren ere gauzatzen dituzten prozedura guztien multzoa dela, kalitateari dagokionean bezeroarentzat garrantzizkoak diren helburuak bete direla ziurtatzeko. Hori horrela, ondorio hau atera genezake: biek ala biek laguntzen dute itzulpenaren kalitatea ziurtatzen.
Bestalde, kalitatea ziurtatzeak prebentzioarekin du zerikusia, eta kalitate kontrolak, berriz, kalitate arazoak atzematearekin. Itzulpenaren kalitatea ziurtatzeak, beraz, bere barne hartzen ditu prozedura zehatzak, ziurtatzeko:
- Zerbitzuaren kalitatea (lanerako jarraibideak betez, bezeroaren kexuei trataera egokia emanez, lanen kopiak artxibatuz eta zainduz).
- Produktu fisikoaren kalitatea (aurkezpen, maketazio, formatu, bidaltze epe eta abarren baldintzak betez).
- Itzulpenaren kalitatea (bezeroaren nahia betez).
Nolanahi ere, LISA QA Model arauak dio testuaren lagin bat edo gehiago egiaztatzea nahikoa dela itzulpenaren kalitatea ziurtatzeko; kalitate kontrolerako, berriz, testua oso-osorik aztertu behar da (Koo eta Kinds, 2000: 148). Kasu horretan, LISA QA Model araua bat dator Mossop-ekin (2001: 84), kalitate kontrola eta zuzenketa bat eta bera direla esaten duenean.
Brunetteren ekarpena berria gertatzen da itzulpen kalitatearen ziurtapena (IKZ) egiteko moduari dagokionez; izan ere, ziurtapen hori fresh look (2000b: 172) esaten dionaren bitartez eginez gero, zuzenketa didaktikoaren (edo esparru profesionalean formaziorako zuzenketaren) eta kalitate kontrolaren tarteko eragiketatzat hartzen baitu.
Prozedura horren arabera, zuzentzaileak hartzailearen ikuspegitik soilik epaitzen du XT, xede kulturan (XK) izango duen efektua ere argitu nahirik. Ikuspegi horretan datza berrikuntza. Oso gutxitan gertatzen da zuzentzaileak sorburu eta xede testuak erkatzea. Jatorrizko testu bat bailitzan epaitzen du testuaren kalitatea, XHren idazkuntza eta argitalpen arauen arabera. Prozedura horren azken helburua bezeroa pozik uztea da, kalitate maila oneko itzulpena eskainita.
Bestalde, IKZn, zuzenketa didaktikoan eta formaziorako zuzenketan gertatzen den bezalaxe, zuzentzailearen eta itzultzailearen arteko elkarrekintza bat gertatzen da, itzultzaileak jasotzen baitu balorazioa hiru prozedura horietan. IKZren helburua kualitatiboa da berez. Horren erakusgarri da zuzentzaileak arrazoitu egiten dituela aldaketak, itzultzailearen indarguneak eta ahulguneak nabarmentzeko. Hala ere, ezin dugu ahaztu zenbakizko kalifikazio bat jartzeak helburu desberdina duela alor profesionalean eta alor akademikoan.
Zuzenketa mailak eta zuzenketa modalitateak
Alor profesionalean, itzulpen enpresek eskaintzen duten zerbitzu osagarri bat izaten da itzulpena zuzentzea, produktuari (XTri) balio erantsia ematen diona, eta beste gastu bat dakar horrek, zuzentzailearen ordainsaria, alegia; bezeroak ez du beti gastu hori bere gain hartu nahi izaten.
Bestalde, itzulpenaren zuzenketak kostu gehigarri bat dauka, horretarako behar den denbora, alegia. Beraz, XT bidaltzeko epea zehazterakoan hori ere kontuan hartu beharra dago.
Bezeroek itzulpena epe estu samarretan eskatu ohi dutenez, itzultzaileek eta zerbitzu emaileek ez dute izaten behar edo nahi adina denbora zerbitzu hori baldintza egokietan emateko, eta, jakina, faktore horrek azken produktuaren kalitateari eragiten dio.
Itzulpen zerbitzu emaileek erabakitzen badute ezinezkoa dela XTren erabateko zuzenketa egitea, arrisku maila jasangarri bat finkatu eta aintzat hartu behar dute itzulpenaren kalitateari dagokionez, bi faktoreren arabera.
Lehen faktorea ekonomikoa da, ziurrenik bezeroa ez baita gugana berriro etorriko gustura geratzen ez bada. Bigarrena, berriz, profesionala da, kontuan hartu behar baita itzulpenenaren akatsek eragin gaiztoa izan dezaketela hartzailearengan. Horregatik, zenbat eta handiagoa izan balizko akatsen eragin indarra, orduan eta handiagoa itzulpenari aplikatu beharreko kalitate kontrola. Funtsezkoa da hori, akatsaren eragina larria izan daitekeenean edo XTn itzulpen akatsak edo hutsuneak aurkitzeko arriskua handia denean, adibidez, testuaren zailtasunagatik, itzultzailearen gaitasunaren berri ez izateagatik, edo itzulpena arnas estuka egiteagatik.
Zenbait egoeratan, denbora aurrezteko eta itzulpenaren kalitatea ziurtatzeko, egiaztapen irakurketa egin daiteke, erabateko zuzenketa egin ordez. Nolanahi ere, prozedura horrek badu arriskurik, ez baitu bide ematen itzulpen akats jakin batzuk eta hutsune guztiak atzemateko. XT koherentea eta irakurgarria izan daiteke esaldi edo paragrafo bat itzuli gabe geratu bada ere, baina ez du STren egileak eman dion zentzua osorik jasoko.
Horrez gain, itzulpenaren kalitate kontrola (IKK) laginak aztertuz egitea erabakitzen bada, jakina, aztertu ez diren testu zatietan akatsak egon daitezke. XT osorik aztertzen ez denean, gainera, tentazioa nahiko handia izaten da zuzenketarako denbora azaleko akatsak identifikatzen emateko, arreta itzulpen akats larriagoetan jarri ordez.
Akatsak zuzentzeko denbora askorik ez duenean, zuzentzaileak jarrera hori hartzea arduragabekeriaren seinale da, eta agindu zaion lanagatik jasotzen duen ordainsaria zuritzeko ari dela adierazten du. Horrela ikusten da, batzuetan, erraz atzematekoak diren akatsak identifikatzen pasatzen dutela zuzenketarako denbora eskasa, esaterako XTren formatuari dagozkion akatsak, proba begirale batek erraz konpon ditzakeenak.
Alor profesionalean itzulpen kalitatea baloratzeko erabiltzen diren prozedurak aztertu eta gero, esan genezake prozedura horietako batzuk zuzenketa partzialaren baliokide direla, edo zuzenketa maila eta modalitate jakin batzuen baliokide.
Bi eratan izan daiteke zuzenketa partziala:
- Xede testuaren ehuneko bat edo zati jakin bat zuzentzen delako.
- Zuzentzaileak parametro jakin batzuk soilik aplikatzen dituelako testua zuzentzeko.
Zuzenketa maila diogunean, itzulpena zuzentzerakoan gertatzen diren intentsitate mailaren aldaketaz ari gara, xede testuaren kalitatea baloratzeko eta behar diren zuzenketak edo hobekuntzak egiteko, zuzentzaileak edota itzultzaileak (autozuzentzaileak) testu zatiak aztertu eta jatorrizko testuarekin konparatzen dituenean, itzulpen enkarguaren zehaztapenak kontuan hartuta.
Zuzenketa mailaren definizio hori aintzat hartuz gero, XTren erabateko zuzenketaren eta zuzenketa partzialaren artean bereizketa egin daiteke.
XTren erabateko zuzenketak jatorrizko testuarekin itzulpena % 100 konparatzea eskatzen duenez, besteak beste, aurrerantzean prozedura horri zuzenketa konparatiboa deituko diogu, zuzenketa mailari dagokionez.
Ikuspegi horretatik, beraz, zuzenketa konparatiboa da itzulpenaren kalitatea baloratzeko prozeduren artean zuzenketa maila handiena daukana, xede testua osorik (% 100) aztertzen eta konparatzen baita jatorrizkoarekin.
Bestalde, iruditzen zaigu XT egiaztatzeko irakurketa eta itzulpen kalitatearen kontrola prozeduretan zuzenketa partziala egiten dela itzulpen kalitatea baloratzeko.
XTren kalitatea ziurtatzeko (IKZ) egiten den egiaztapen irakurketak erdibideko zuzenketa maila dauka, zuzenketa konparatiboaren eta itzulpen kalitatearen kontrolaren (IKK) artekoa, zuzentzaileak edo itzultzaileak xede testua osorik irakurtzen eta aztertzen baitu, kalitate arazoren bat topatzen duenean soilik jo arren sorburu testura.
Itzulpen kalitatea baloratzeko prozeduren artean itzulpen kalitate kontrolak dauka zuzenketa maila txikiena, zuzentzaileak edo itzultzaileak xede testuaren lagin batzuk baino ez baititu aztertzen eta konparatzen STrekin (% 10 izan ohi da).
Taula: zuzenketa mailak
Baloraziorako prozedurak | Aztertzen den XTren zatia | XT/ST konparazioa | Zuzenketa maila |
Zuzenketa konparatiboa (zuzenketa pragmatikoa eta formaziorako zuzenketa) |
osorik (% 100) | beti | Erabateko zuzenketa / Maila handia |
Zuzenketa elebakarra (XT egiaztatzeko irakurketa) |
osorik (% 100) | ez beti | Zuzenketa partziala / Tarteko maila |
Laginen zuzenketa (kalitate kontrola) |
Lagina/k (eskuarki % 10) |
beti | Zuzenketa partziala / Maila txikia |
XT egiaztatzeko irakurketa eta itzulpen kalitatearen kontrola prozedurek daukaten zuzenketa maila hobeto adierazteko, zuzenketa elebakar eta laginen zuzenketa terminoak erabili nahi izan ditugu hurrenez hurren.
Azkenik, XTren zuzenketa partziala terminoa erabil dezakegu, baita ere, xede testua bezeroari bidali aurretik itzulpenaren kalitatea egiaztatzeko eta dagozkion zuzenketa eta hobekuntzak egiteko zuzenketarako parametro bakar bat edo batzuk erabiltzen diren kasuetan. Horrek zuzenketa modalitateak ere bereizteko bidea ematen digu, zuzentzaileak edo itzultzaileak erabiltzen dituen parametroen edo parametro multzoen arabera: edukien zuzenketa, hizkuntza zuzenketa, zuzenketa funtzionala eta formatuaren zuzenketa.
Itzulpenak zuzentzeko irizpide orokorrak
Zuzenketari buruzko lan monografikoak aztertu ditugunean, ikusi dugu egile guztiek (Brunette, Horguelin, Hosington eta Mossop) lehenik zuzenketarako parametroak aztertu dituztela, eta ondoren zein printzipiotan oinarritzen den zuzenketa. Guk, ordea, alderantziz egingo dugu: lehenengo zein oinarritatik abiatzen garen zehaztuko dugu, zuzenketarako irizpide orokorretatik, alegia, eta, ondoren, itzulpena zuzentzeko erreferentziatzat har daitezkeen parametroak zehaztuko ditugu.
Gure iritziz, itzulpen aginduaren berri zehatza izatea da itzulpena zuzentzeko oinarrizko baldintza. Gero, alderdi praktikotik bada ere, XT jatorrizko testua balitz bezala irakurtzea da logikoena. Lehen irakurketa horretan akatsak aurkituz gero, itzultzaile eskarmentu handiko batek erabaki dezake, a priori, itzulpena zuzentzea merezi duen ala ez, hau da, XTren zuzenketa errentagarria izango den ala ez. Baiezkoan, XTk eskatzen duen zuzenketa maila eta zein parametro erabiliko diren erabakiko dugu, itzulpen eskaeraren zehaztapen esplizitu edo inplizituen arabera. Ondoren, xede testuaren akatsak zuzendu eta dagozkion hobekuntzak egingo ditugu, betiere zuzenketa eta hobekuntza horiek arrazoitzerik baldin badago. Azkenik, XT bezeroari aurkezteko prest dagoen erabakitzeko erantzukizuna zuzentzaileak hartuko du.
Aurreko gogoetak, gure ustez zuzentzailea zein irizpidetatik abiatu behar den azaltzen du oro har, bere langintza zehazteko. Jarraian, zuzenketarako zazpi irizpideak nola egituratu eta arrazoitu ditugun azalduko dugu, gaingiroki (ikus zuzenketarako irizpideen laburpena eranskinetako 2. taulan).
- Itzulpen eskaeraren berri izan. Lanean hasi aurretik, nahitaezkoa da zuzentzaileak ahalik eta informazio osoena izatea itzulpen produkzioaren inguruan: helburua, hartzailea eta XTren balizko zabalkundea; sorburu testua (ST) zein egoeratan sortu den (egilea, data, helburua, hartzailea, testu mota); XT aurkezteko baldintzak (epea, itxura, formatua, ordainsariak) eta zuzenketarako har daitekeen denbora.
- XT jatorrizko testua balitz bezala irakurri. Alor profesionalean kostua/etekina harremanak garrantzi handia duenez, denbora aurrezteko, behin itzulpen eskaeraren ezaugarriak zein diren jakinda, XT osorik irakurtzea da egokiena (lagin bat edo gehiago), hartzailearen larruan jarrita, berak ez baitu jotzen STra. Zuzentzaileak horra joan beharra badu mezua ulertzeko, esan dezakegu itzulpena ez dela funtzionala, ez duelako betetzen itzulitako testu ororen gutxieneko baldintza berezkoa: komunikazioa eraginkorra izatea. Itzulpenaren kalitatea XT irakurriz baloratzeak bide ematen du kalitate eskaseko edo erdipurdiko testuak hastapenetik baztertzeko, eta, ondorioz denbora aurrezteko.
- Zuzenketaren errentagarritasuna aztertu. Xede testuaren edo haren pasarte batzuen lehen irakurketan erabaki dezake zuzentzaileak zuzenketa errentagarria izango den ala ez, gogoan izanik zenbatetan jo beharra duen jatorrizko testura, eta akats motak nahiz kopurua. Hala eta guztiz ere, zuzentzaileak jakin behar du XT egiaztatzeko irakurketaren bidez, edo, hala balitz, itzulpen langinak irakurriz, ez duela akats mota jakin bat baino identifikatzerik izango (zentzugabekeriak, inkoherentziak, akats gramatikalak, ortografikoak, sintaktikoak eta tipografikoak), ez baita zuzenketa konparatiboa egiten. Zuzenketa lana nahikoa errentagarri ez bazaio iruditzen, bi aukera ditu zuzentzaileak: testua itzultzaileari atzera bidali, zuzen dezan, edo, oso txarra bada, jatorrizko testua beste norbaiti itzularaztea.
- XTk eskatzen duen zuzenketa modalitatea eta maila zehaztu. XT zuzentzea errentagarria irudituz gero, XTk zein zuzenketa maila behar duen erabakiko du zuzentzaileak, eta zein parametro erabiliko dituen; zuzenketa modalitate egokiena, alegia. Horretarako, faktore hauek hartu behar ditu kontuan, gutxienez: itzulpen eskaeraren zehaztapen esplizitu zein inplizituak, zenbat denbora beharko duen lan hori egiteko, itzultzailearen eskarmentua eta gaitasuna, eta, azkenik, gai horretan zuzentzaileak berak duen jakintza.
- XTn aldaketak murriztu. XTn egin beharreko aldaketa orok, dela zuzenketa dela hobekuntza, denbora eskatzen du. Horregatik, denbora gutxi dagoenean, zuzentzaileak behar-beharrezkoak diren aldaketak soilik egin beharko lituzke, hau da, akatsak zuzentzeari dagozkionak. Estiloa hobetzeari dagokionez, zalantza izanez gero, zuzentzaileak ez du testua aldatu behar, eta argi eduki behar du berea ez den idiolektoa erabili izana (kasu honetan itzultzailearena) ez dela inolaz ere akats.
- Zuzenketak arrazoitu. Zuzentzaileak zuzenketa edota hobekuntza oro arrazoitzeko gai izango dela izan behar du buruan beti, bezeroak edo itzultzaileak hala eskatu ala ez, xede testuan edozein aldaketa egin baino lehen. Irizpide hau ardura handiz bete behar da, bai formaziorako zuzenketan bai zuzenketa didaktikoan.
- Zuzentzailearen erantzukizuna. Zuzenketa pragmatikoan, zuzentzailea da XTren kalitatea onetsiko duena, bezeroari bidali baino lehen, itzultzaileak ez baitu aukerarik aldaketak egokiak diren erabakitzeko. Itzultzailearen eta zuzentzailearen arteko harremana estua bada, erantzukizun hori ez da hain handia izango; izan ere, zuzentzaileak itzulpen eskaeraren baldintzak bete diren ziurtatuko du, baina itzultzaileak egingo ditu aldaketak, XT onargarria izan dadin. Bezeroak hainbat eskakizun egin ditzake (terminologia jakin bat erabiltzea, erregistro jakin bat eta abar), eta zuzentzaileak onartu ez. Hala gertatzen bada, bere desadostasuna adierazi behar du, alderdi horretan erantzukizunik egotzi ez diezaioten.
Itzulpenak zuzentzeko parametroak
Alor profesionalean itzulpenaren kalitatea ziurtatzeko edozein sistemak, kalitate irizpideak eta zuzenketa parametroak zehazteaz gain, irizpide horiek erabiltzerakoan zein alderdi egiaztatu behar diren eta nola azaldu beharko luke.
Bestalde, kontuan hartu behar da itzulpen prozesuan alde nabariak daudela faseen eta jardueren artean eta, Mossopek (2000: 40) dioenez, itzultzaileek xede testua sortzeko behar diren jarduerak (autozuzenketa barne) era desberdinetan eta faktore askoren arabera banatzen dituztela faseetan.
Mossopek dioen horretan oinarrituta[4], esan genezake ez dagoela zuzenketa parametroak aplikatzeko hurrenkera zurrun bat ezartzeko arrazoirik, eskala handitan egindako ikerlan enpirikoek emaitza eztabaidaezinik eskaintzen ez diguten bitartean.
Mossopen sailkapena alde batera aintzat hartuta, bederatzi parametro ezarri ditugu guk zuzenketarako, eta gero lau multzotan banatu. Gure esperientziak erakutsi digu parametroetako batzuk aldi berean erabil daitezkeela XTren kalitatea egiaztatzeko.
Izan ere, parametro bat baino gehiago aldi berean erabiltzea gerta daiteke antzekoak direlako nolabait. Antzekotasun horrek lagunduko digu, gainera, parametroak multzotan sailkatzen ez ezik, XTn egiaztatu nahi diren alderdi orokorren arabera, zuzenketa modalitatea eta horri dagokion zuzentzailearen soslaia zehazten.
Komeni da azpimarratzea, halaber, irizpide berberak erabiltzen direla (salbuespenak salbuespen) jatorrizko testu baten nahiz itzulpen baten kalitatea baloratzeko, azken helburua mezua eraginkorra izatea baita bietan.
Parametro horiei jarri diegun izena erreferentziazkoa baino ez da, eta jarraian azalduko ditugu ezarri ditugun parametro bakoitza erabiltzerakoan gure ustez zuzentzaileak edo itzultzaileak (autozuzentzaileak) egiaztatu beharreko alderdiak.
Edukiari dagozkion parametroak
Arestian esan bezala, XT egiaztatzeko irakurketatik abiatzea iruditzen zaigu praktikoena itzulpena zuzentzeko; hala, testuaren logikari, datuei eta itzultzaileak erabili dituen terminologia eta fraseologiari dagozkien akatsak, besteak beste, atzematea errazagoa izango da, batik bat testua gai espezializatu baten gainekoa denean. Egoera horretan, zuzentzaileak gai horretan jakintza zabala izatea komeni da, bestela, akats horiek oharkabean pasa baitaitezke eta, beraz, hobe da gai horretan aditua den norbaitek egiaztatzea edukiari dagozkion alderdiak.
Logika
Parametro honen arabera, zuzentzaileak testua ondo egituratua dagoen egiaztatu behar du, ikuspegi formaletik edo linguistikotik eta ikuspegi semantikotik. Beraz, parametro honetan XTren koherentzia eta kohesioa egiaztatu behar dira.
Itzulpena logikoa izateko, hasieratik bukaeraraino, dagokion testuinguruan zentzu osoa eduki behar du irakurlearentzat, eta, beraz, ideien sekuentzian ez da agertu behar kontraesanik edo zentzugabekeriarik.
XTren logika akatsak sor daitezke: a) STk edo horren zati batek logikarik ez duelako edo b) itzultzaileak sorburu testuaren zentzua xede testura aldatzerakoan huts egin duelako. Lehen kasuan, itzultzaileak bezeroarengana edo egilearengana jo behar du arazoa konpontzeko, itzulpena egin aurretik. Bigarren kasua sarritan gertatzen zaie itzultzaile hasi berriei, dela SHz dela gaiaz ez dutelako behar bezalako jakintasunik, baina arituei ere bai, presaz edo neke handiz ari direnean.
Datuak
XTn akats faktualak, kontzeptualak, zenbakizkoak edo matematikoak badauden ikusteko gaiaren adituarengana jotzerik ez badago, esan beharrik ez dago zuzentzaileak gaiaz asko jakin behar duela. Akats mota hauek bi testuetan aurki daitezke: STn hala agertzen direlako, edo XTn itzultzaileak sartu dituelako.
Lehen kasuan, bezeroari horren berri eman behar zaio, edota, zuzenketarik egin aurretik, testuaren egileari galdetu, akats horiek garrantzi handia hartzen baitute komunikazioan. STren egileak ez badu hori onartzen eta aurkitutako akatsa larria bada, komenigarria da nolabait adieraztea XTn agertzen den huts egitea ez dela itzultzaileak egina, bestela egilearen gaitasuna jartzen baita zalantzan, eta horiekin batera itzultzailearena eta zuzentzailearena ere bai. Parametro hau aplikatzen denean arreta berezia jarri behar zaie zenbakiei.
Hizkuntza berezitua
Hizkuntza berezituari dagokionez, itzultzaileak erabili duen terminologia ez ezik, fraseologia eta dokumentuaren egitura ere egiaztatu behar ditu zuzentzaileak, XT aztertzerakoan. Genero eta testu mota bakoitzak bere baliabide propioak ditu, XHren lexikoari, sintaxiari eta erretorikari dagozkien baliabideak, eta horiek ez dute zertan bat etorri jatorrizko hizkuntzaren baliabideekin. Zuzentzaileak ez badu gai horretan jakintza handirik, XHn idatzitako erreferentziazko testuetara jotzea komeni da, XTn terminologia eta fraseologia egoki erabili diren ikusteko.
Hizkuntzari dagozkion parametroak
Hemen proposatzen ditugun parametroetako batzuk alderdi orokorrak egiaztatzeko erabili ohi dira. Hala, testua edukiaren aldetik nahiz hizkuntza aldetik zuzentzeko hizkuntza berezituaren parametroa erabili beharko litzateke. Hala ere, zuzentzaileak gaiaz askorik ez dakienean, oso berezitua delako, gaiaren aditu batek zuzendu beharko lituzke hizkuntza berezitu jakin baten terminologia eta fraseologia. Kasu horretan, zuzentzaileak hizkuntzari dagokion zuzenketa egin beharko luke, horretarako bi parametro hauek erabiliz:
Xede hizkuntzaren arauak eta hizkuntza erabilera
Parametro hau erabiltzerakoan, zuzentzaileak ziurtatu behar du itzultzaileak XHren kode linguistikoa errespetatu duela, hizkuntzaren arauen eta erabilera usadioena. XTn aldaketarik egin aurretik, zuzentzaileak garbi izan behar du zuzenketaren eta hobekuntzaren arteko aldea, bai eta idiolektoen ugaritasuna ere. Esaldiak argiak eta zehatzak diren egiaztatzeaz gain, komunikazioa eraginkorra izan dadin, arreta berezia jarri behar dio estiloari, eta itzultzaileak erabili dituen esapideak eta konbinazio terminologikoak XHn egokiak diren ere begiratu behar du.
Azkenik, itzultzaileak doinu egokia erabili duen egiaztatuko du zuzentzaileak, hau da, STn erabilitako hizkuntza maila eta erregistro antzekoak, betiere XTren hartzailearen soslaia antzekoa bada.
Hartzailearen beharretara egokitzea
XTren eta STren hartzaileen soslaiak bat ez badatoz, zuzentzaileak egiaztatu behar du ea itzultzaileak aldatu ote duen doinuera, hizkuntza maila eta erregistro egokiak erabilita. Gainera, XTren jario maila (kohesioa) hartzailearen eta itzulpenaren helburuen beharretara egokitzen direla ziurtatu beharko du. Ez dugu ahaztu behar, horren haritik, STren jario faltak ez duela itzulpenarena justifikatzen, eta itzulpenaren erabiltzailearen eta xedearen arabera erabakiko dela hori, ez STren arabera. Zuzentzaileak kontuan hartu behar du irakurleak lehen irakurraldian jaso behar duela testuaren zentzua, abiadura normalean irakurrita. Hala ez bada, litekeena da esaldien arteko loturak egokiak ez izatea, lotura sintaktikoak argiak ez izatea, edo itzultzaileak hitzen nahiz lokailuen hurrenkera jatorrizkotik kalkatu izana.
Bestalde, zuzentzaileak egiaztatu behar du ea itzultzailea saiatu ote den jatorrizko kulturaren erreferentziei loturiko hitzen kopurua (esaldiak, adibideak eta izenak) murrizten, XTren jarioa oztopatu baitezakete.
Xede testuaren helburuari dagozkion parametroak
Itzulpen batek bete beharreko baldintza da STren zentzua fideltasunez eta zehaztasunez transmititzea. Hori egiaztatzeko, nahitaezkoa da bi testuak konparatzea eta, horrez gain, kontuan hartzea zein diren XTren funtzioa eta hartzailea.
Jakina, zuzenketa konparatibo hau, ongi egingo bada, itzulpen gaitasuna duen norbaitek egin behar du. Zenbait egilek (Kelly: 2002 eta Presas: 2000) itzulpen makrogaitasuna esaten diote horri eta, testuetan agertzen diren hizkuntzak eta sorburu zein xede kulturak ondo ezagutu behar dira, besteak beste, bai eta itzulpen teknikak eta estrategiak ere. XTk bere funtzioa betetzen ote duen egiaztatzeko, zuzentzaile-itzultzaileak hartzailearen beharretara egokitzea parametroa aplikatu behar du, horretarako bi alderdi hauei begiratuta:
Zehaztasuna
Zehaztasuna itzulpenaren ezaugarri nagusitzat hartu izan da beti. Sorburu eta xede testuen zentzuak bat datozela ziurtatu behar du zuzentzaileak. Nolanahi ere, Mossop (2001a: 100) eta Kussmaul (1995) egileen arabera, itzulpenak ez du ahal bezain zehatza izan behar; aitzitik, itzulpen horren erabilerak eskatzen duen neurrian izan behar du zehatz.
Zehaztasun falta gehienak ST ondo ulertzen ez delako gertatzen dira, baina bestela ere zehaztasun faltak antzeman daitezke XTn. Ondo ulertuta ere, askotan arazoa izaten da transferentzia desegokien bitartez esaldi semantikoki anbiguoak sortzen direla. Halakoetan, autozuzenketa baino hobea da itzulpenaren zuzenketa anbiguotasun arriskugarri horiek atzemateko, nahiz arrazoi politiko eta ideologikoengatik batzuetan anbiguotasun hori beharrezkoa izan.
XTren irakurgarritasunari dagokionez, Mossopekin bat gatoz neurri batean, zeren, kasu batzuetan zenbat eta zehatzago izan testua, orduan eta zailago irakurtzen, eta alderantziz (2001a: 101). Zehaztasunaren eta irakurgarritasunaren arteko oreka lortzea da gakoa, itzulpen eskaeraren arabera beti.
Osotasuna
Non eta itzulpen eskaera ez den itzulpen laburtu bat egitea edo STren zati bat soilik itzultzea, hasiera batean, XTk sorburu testuaren mezua osorik eman behar du. Beraz, XTri ezer ez zaiola alferrik erantsi ez kendu ziurtatu behar du zuzentzaileak. Nolanahi ere, halabeharrezkoa da zer edo zer erantsi edo kentzea. XTren osotasunaren parametroa betetzeak azalpen kultural edo teknikoak eman beharra eska dezake; beste batzuetan, gaizki idatziriko ST batean agertu ohi diren errepikapenak ez dira XTn eman nahi, ezta ere XTn era inplizituan agertu diren STren zentzu unitateen esplizitazioak.
Azkenik, euskarri elektronikoan bidaltzen diren testuei gagozkiolarik, beste gabe ikusten ez diren testu ezkutuen elementuak ere itzuli direla ziurtatu behar du zuzentzaileak. Kontuan hartu behar da, esate baterako, goiburukoak eta oin oharrak ez direla ikusten Word-en "ikusi" eta jarraian "normala" sakatzen baditugu testua pantailan ikusteko.
XTren itxurari dagozkion parametroak
XTren zehaztasunak testua oso-osorik itzultzea dakar berekin, kasu gutxi batzutan izan ezik. Dokumentua luzea denean erraza baita oharkabean zerbait itzuli gabe geratzea (paragrafo bat edo are gehiago orrialde oso bat), osotasunari dagokion parametroa bereiz egiaztatzea komeni da, itzuli gabe utzitako zatirik ez dagoela ziurtatzeko.
Testua osorik itzuli dela egiaztatzeko, alde batetik kapituluak, atalak, epigrafeak eta paragrafoak konta daitezke, eta bestetik aurkibidea eta bibliografia erkatu; horrela, aldi berean egiaztatzen da XTren itxura fisikoari dagozkion eskakizunak ere bete diren. Nolanahi ere, XTren osotasuna horrela egiaztatzea ez da nahikoa, izan ere, zuzenketa konparatiboaren bitartez baino ezin baita egiaztatu STren zentzua osorik eman den ala ez.
XTren itxurari dagozkion alderdiak bete direla egiaztatzeko, adibidez, paragrafo guzti-guztiak itzuli direla, edo testuaren antolaketa eta ortotipografia egokiak direla, zuzentzaileak ez du zertan itzultzaile ere izan behar. Izatez, ortotipografia eta, gramatikari buruz ez ezik, maketazioari eta orrien antolaerari buruz ere nahikoa dakien edonork egiazta ditzake alderdi horiek, liburuak edo dokumentu luzeak zuzentzerakoan.
Maketazioa
Zuzentzaileak, halaber, testuaren egitura eta antolaketa orokorra argiak diren egiaztatu behar du, dokumentuaren maketazioari dagozkion alderdiak garrantzi handia baitute testua irakurtzeko garaian. Besteak beste, taulen, atalen eta abarren zenbakiak azaltzen diren orriak aurkibidean agertzen direnekin bat datozela begiratu behar da.
Bestalde, orrien antolaera egokia dela ziurtatuko du, eta, horrekin batera bezeroak horri buruz eskatutako zehaztapenen arabera egin diren begiratuko du, non eta ez diren XHn erabiltzen direnez bestelakoak. Horretarako, marjinak, lerroarteak eta zutabeen, sekzioen eta taulen arteko tarteak homogeneoak diren egiaztatuko du. Egiaztatze horiek berebiziko garrantzia dute ST eta XT dokumentu berean argitaratzen direnean (eskuarki bi zutabetan), irakurleak bi testuak aise alderatuko baititu.
Ortotipografia
Zuzentzaileak egiaztatu behar du elementu tipografikoak ondo erabili ote diren XTn (letra etzana, maiuskula txikia, letra lodia, azpimarra, koska, zuriuneak, lerroarteak, eta abar), eta, itzulpen eskaeran hala eskatzen bada, estilo liburu edo kode tipografiko jakin baten arauak bete ote diren ere begiratu behar du. Gainera, erratak edo letra gaizki jarriak, errepikatuak, ihes egindakoak eta abar zuzendu behar ditu, eta aldi berean, gaizki eraikitako hitzak edo testuari forma ematerakoan gerta daitezkeen akats material guztiak.
Bestalde, azpimarratu beharra dago ez dagokiola zuzentzaileari akats ortografikoak zuzentzea, itzultzaileak XTren arau ortografikoak menderatu behar baititu.
Zuzenketa modalitateak
Aurkeztu berri ditugun parametroak lau multzotan banatuta, kasu bakoitzean XTn egiaztatu beharreko alderdien eta itzulpen eskaeraren arabera, lau zuzenketa modalitate bereiz ditzakegu. Beraz, kidetasun bat duten zuzenketa parametro jakin batzuk erabilita, praktikan zuzenketa modalitate diferenteak bereiz daitezke, honela izendatu ditugunak: edukiaren zuzenketa, hizkuntza zuzenketa, zuzenketa funtzionala eta XTren formatuaren zuzenketa.
Zuzenketa modalitate horien helburuari dagokionez, sorburu testuak, liburuak eta aldizkariak jatorrizko testu soil diren heinean hobetzeko erabiltzen diren eragiketa batzuen antzera egiten dira (probak orraztea, kontzeptuak zuzentzea, estilo zuzenketa eta zuzenketa tipografikoa). Esan genezake, beraz, zuzentzaileak XTren edukiaren, hizkuntzaren eta aurkezpenaren gainean egiten duen lana bat datorrela, oro har, STren gainean eduki, estilo edo tipografia zuzentzaileak egiten duenarekin.
Zuzenketa funtzionalean, ordea, ez da paralelismo hori gertatzen, sorburu eta xede testuak alderatu behar baititu zuzentzaileak, eta ez da hori gertatzen proba orrazketetan, non galeradak, inprenta probak, eta beharbada, hirugarren probak baino ez baitira alderatzen sorburu testuarekin.
Zuzentzailearen soslaia
A priori, pentsa daiteke itzultzaile ona zuzentzaile ere izan daitekeela, baina kontua korapilatsuagoa da. Uste horren oinarri falta adierazteko, Darbelnet-ek (1980: 397) bi nozio garrantzitsu erabiltzen ditu: idiolektoa eta erabilera aniztasuna.
Pertsona bakoitzak bere idiolektoa dauka, hau da, bere hizkera propioa. Onartuta dauden erabilera anitzek aldaera edo idiolekto kopuru jakin bat hartzen dute, eta, beraz, zuzentzailearen hizkera espezifikoa ez da erabil daitekeen bakarra, erabilera zuzentzat hartzen denaren mugen barruan beti ere. Batzuetan, zuzentzaileak idiolekto jakin bat okertzat har dezake berea ez delako.
Zuzenketak egiteko, beraz, hizkuntzaren erabilera zuzenaz eta hizkuntza horren aldaerez edo idiolektoez jakintza sakona behar da. Zuzentzaileak ezaugarri hori bereganatu nahi badu, hizkuntzaren erabilera aztertua eta hausnartua behar du, eta horretarako bi baldintza bete behar ditu, Darbelneten ustez (1980: 397): motibazioa eta denbora.
Bestalde, nabarmendu nahi dugu XTren zuzenketa modalitatearen araberakoa izan behar dela itzulpena zuzenduko duen pertsonaren soslaia, bereziki itzulpenaren zuzenketa erabatekoa egiterik ez dagoenean. Halakoetan, zuzenketa modalitate bat edo gehiago aukeratuko dira, XTn egiaztatu beharreko alderdi orokorren arabera, eta, aldi berean, itzulpen eskaeraren ezaugarrien arabera.
Alderantziz egitea, hau da, XT modalitate jakin batez zuzentzea une horretan eskueran dagoen zuzentzailearen ezaugarrien arabera, ez da batere profesionala. Beraz, zuzentzailearen soslaiari gagozkiolarik, egokiena izango litzateke eskueran izatea:
- Gaiaren zuzentzailea, edukia zuzentzeko: jatorrizko testuak lantzen duen gaian aditua den pertsona, edo jakintza sendoa duena bederen, edukiari dagozkion alderdiak egiaztatzeko (logika, datuak, eta hizkuntza berezitua).
- Hizkuntza zuzentzailea, hizkuntza zuzentzeko: hizkuntzari buruzko jakintza handiko pertsona, XTren hizkuntza erabilerari dagozkion alderdiak egiaztatzeko (hizkuntza berezitua, hizkuntza arauak eta erabilera, eta hartzailearen beharretara egokitzea).
- Itzultzaile-zuzentzailea, zuzenketa funtzionala egiteko: itzulpen gaitasun eta esperientzia nahikoa dituen itzultzailea, XTren funtzioarekin zer ikusia duten alderdiak begiratzeko (hartzailearen beharretara egokitzea, zehaztasuna eta osotasuna).
- Zuzentzaile tipografikoa, formatua zuzentzeko: tipografiari, gramatikari eta maketazioari buruzko jakintza eta esperientzia dituen pertsona, XTren itxurari dagozkion alderdiak egiaztatzeko (osotasuna, maketazioa eta ortotipografia).
Itzulpenak zuzentzeko proposamen metodologiko osatua
Azaldu dugunaren ondorio partzial gisa, itzulpenak zuzentzeko proposamen metodologiko osatuaren proposamena aurkeztuko dugu labur-labur, eskema baten bidez.
Eranskinen 3. taulan agertzen dira guk ezarri ditugun bederatzi parametroak, lau taldetan banatuta[5], hiru irizpideren arabera:
- XTren zuzentzaileak zaindu behar dituen alderdi orokorrak,
- zuzenketa modalitate egokia eta
- zuzentzailearen oinarrizko soslaia.
Alor profesionaleko itzulpenen zuzenketa praktikara eramateko asmoz, hurbilpen gisara sortu dugun proposamen hau, eta bertan aurkeztu ditugun parametroak testu mota guztiak (berezitua, dibulgaziozkoa edo literarioa) zuzentzeko erabil daitezke. Hala ere, parametro horietako bat, gehiago edo denak erabiltzeko beharra faktore ugariren mende dago; hauek, bereziki: itzultzaileak gaiari buruz duen jakintza eta eskarmentu profesionala, bezeroak argi adierazi dituen baldintzak edota itzulpen eskaerak berak ezarri dituenak XTren azken hartzaileari dagokionez, baldintza ekonomikoak (hirugarren batek zuzentzen badu, itzulpen prezioa goratu egiten da) eta denborari dagozkion baldintzak (lana egiteko epea).
A) XTren zuzentzaileak zaindu behar dituen alderdi orokorrak:
- edukiari dagozkionak (parametroak: logika, datuak, eta hizkuntza berezitua)
- hizkuntzari dagozkionak (parametroak: hizkuntza berezitua, hizkuntza arauak eta erabilera, eta hartzailearen beharretara egokitzea)
- XTren helburuari dagozkionak (parametroak: hartzailearen beharretara egokitzea, zehaztasuna eta osotasuna)
- XTren itxurari dagozkionak (parametroak: hizkuntza berezitua, hizkuntza arauak eta erabilera, eta hartzailearen beharretara egokitzea).
B) Zuzenketa modalitatea
- Edukiaren zuzenketa (parametroak: logika, datuak eta hizkuntza berezitua)
- Hizkuntza zuzenketa edo estilo zuzenketa (parametroak: hizkuntza berezitua, hizkuntzaren arauak eta erabilera, eta hartzailearen beharretara egokitzea)
- Zuzenketa funtzionala (parametroak: hartzailearen beharretara egokitzea, zehaztasuna eta osotasuna)
- Formatuaren zuzenketa (parametroak: osotasuna, maketazioa eta ortotipografia).
C) Zuzentzailearen soslaia
- Gaiaren zuzentzailea, edukia zuzentzeko (parametroak: logika, datuak, eta hizkuntza berezitua)
- Hizkuntz zuzentzailea edo estilo zuzentzailea, hizkuntza edo estiloa zuzentzeko: (parametroak: hizkuntza berezitua, hizkuntza arauak eta erabilera, eta hartzailearen beharretara egokitzea)
- Itzultzaile-zuzentzailea, zuzenketa funtzionala egiteko (parametroak: hartzailearen beharretara egokitzea, zehaztasuna eta osotasuna)
- Zuzentzaile tipografikoa, formatua zuzentzeko (parametroak: osotasuna, maketazioa eta ortotipografia).
Beraz, bederatzi parametro horien sailkapena, lau multzotan banatuta, XTren zuzentzaileak zaindu behar dituen alderdi orokorretan oinarritzen da. Zuzenketa modalitatea alderdi horien arabera egingo da, eta, aldi berean, zuzentzailearen soslai egokia zehazteko balio du.
BIBLIOGRAFIA
AENOR (2000). Guía para la implantación de sistemas de la calidad en PYMES. Madril: AENOR.
BRUNETTE, L. (2000a). «L'auto-révision - Contexte d'une formation en révision». Formation des traducteurs. Actes du colloque international Rennes II (1999ko irailak 24-25). In Collombat, O. eta Gouadec, D., 173-179. Paris: La Maison du Dictionnaire.
———. (2000b). «Towards a Terminology for Translation Quality Assessment - A Comparison of TQA Practices». The Translator 6, 2. zenb.: 169-182.
———. (2003). Révision et mesure de la qualité des traductions. Traduction, terminologie et Rédaction. Actes des Universités d'été et d'automme (2002) et du colloque international: Université de Rennes II. TOUDIC, Daniel eta GOUADEC, Daniel, 123-33. Paris: La Maison du Dictionnaire.
DARBELNET, J. (1980). «Théorie et pratique de la traduction professionnelle: différences de point de vue et enrichissement mutuel». Meta, XXV, 4: 393-400.
HORGUELIN, P. A. (1985). Pratique de la révision. 2. ed. Montreal: Linguatech.
———. (1988). «La révision didactique». Meta 33, 2. zenb.: 253-257.
HORGUELIN, P. A. eta BRUNETTE, L. (1998). Pratique de la révision, 3ème édition revue et augmentée. 3. ed. Brossard (Québec): Linguatech éditeur.
HOSINGTON, B. M. eta HORGUELIN, P. A. (1980). A practical guide to bilingual revision. Montreal: Linguatech.
Instituto de la Calidad S.A. «Sistemas de Aseguramiento de la Calidad». Hemen aurki daiteke: http://www.institutodelacalidad.com (sarrera: 2001.11.15)
KELLY, D. (2002). «La competencia traductora: bases para el diseño curricular». Puentes, 1. zenb.: 9-20.
KOO, Siu Ling eta KINDS, Harold (2000). «A Quality-Assurance Model for Language Projects». Translating Into Success. American Translators Association, in Robert C. SPRUNG, 147-57. Vol. XI. Amsterdam/Philadelphia: John Benjamins Publishing Company.
KUSSMAUL, P. (1995). Training the Translator. Amsterdam/Philadelphia: John Benjamins.
LAROSE, Robert (1998). «Méthodologie de l'évaluation des traductions». Meta 43, 2. zenb.: 163-186.
MOSSOP, B. (1982). «A Procedure for Self-Revision». Terminology Update, Vol 15, 3. zenb.: 6-9. Ottawa: Department of Supply and Services Canada.
———. (1992). «Goals of a revision course». Teaching Translation and Interpreting. Training, Talent and Experience. Papers from the First Language International Conference. In DOLLERUP, C. eta LODDEGARD, A. (Eds), 81-90. Amsterdam/Philadelphia: John Benjamins.
———. (2000). «The Workplace Procedures of professional Translators». Selected contributions from the EST Congress, Granada (1998). In Translation in Context, (eds) Chesterman, A. et al, 39-48. Vol. 39. Amsterdam/Philadelphia: John Benjamins.
———. (2001a). Revising and Editing for translators. Manchester: St. Jerome.
———. (2001b). «The Translation of Hidden Quotations». Terminology Update, 34, 2. Zenb.
PARRA GALIANO, S. (2001). «La revisión de traducciones en la didáctica de la traducción: cara y cruz de una misma moneda». Sendebar 12. zenb.: 373-386.
———. (2002). «Revising and Editing for Translators, artikulu bibliografikoa. Egilea: Brian MOSSOP (2001). Manchester: St. Jerome Publishing. 176 or.». Trans (Traduktologia aldizkaria) 6. zenb.: 241-247.
———. (2004a). "Multilingüismo, traducción y ciclo de trabajo en las instituciones de la Unión Europea". Puentes, 3. zenb.: 51-60. ISSN: 1.695-3.738.
———. (2004b). «L'Évaluation de la qualité de la traduction dans le domaine professionnel: le rôle de la révision et de l'autorévision et ses implications pour la didactique de la traduction». In Georges Androulaukis (Ed.), Traduire au XXème siècle: Tendances et Perspectives. Tesalónica: University Studio Press (424-431).
———. (2005). La revisión de traducciones en la Traductología: aproximación a la práctica de la revisión en el ámbito profesional mediante el estudio de casos y propuestas de investigación. Granada: Granadako Unibertsitatea.
———. (Argitaratze bidean). "Propuesta metodológica para la revisión de traducciones: principios generales y parámetros". Trans (Traduktologia aldizkaria). ISSN: 1137-2311.
———. (Argitaratze bidean). "La revisión y otros procedimientos para el aseguramiento de la calidad de la traducción en el ámbito profesional". Turjuman (Revue de Traduction et d'Interprétation - Journal of Translation Studies). ISSN: 1113-1292.
PRESAS, M. (2000). «Bilingual Competence and Translation Competence». Developing Translation Competence. In SCHÄFFNER, C. eta ADAB, B., 19-31. Amsterdam: John Benjamins Publishing Co.
Eranskinak eta taulak
Alor profesionaleko itzulpenen kalitatea ziurtatzeko erabiltzen diren prozedurak: terminologia proposamenak eta definizioak
Alor profesionalean testu pragmatikoen itzulpen kalitatea ziurtatzeko maizenik erabiltzen diren bost prozeduren definizioak aurkeztuko ditugu jarraian. Horrez gain, baloraziorako prozeduren (BP) arteko aldeak eta kidetasunak taula batean laburbildu ditugu (ik. 1. taula).
Itzulpen kalitatearen BPk izendatzeko terminologia eta definizioak zehazteko honako iturri hauek erabili ditugu:
- Alde batetik, egile hauen ekarpenak: Brunette (2000), Horguelin eta Brunette (1998), Hosington eta Horguelin (1980), eta Mossop (2001).
- Bestetik, kalitatea kudeatzeko sistemen inguruan erabiltzen den gaztelaniazko terminologia.
Lehen iturriari dagokionez, oinarri hartu ditugun azterlanetatik bi ingelesez daude, eta bestea, berriz (Horguelin eta Brunette: 1998), frantsesez. Zuzenketari buruz eta itzulpen kalitatearen bestelako BP batzuei buruz hain gutxi idatzi denez gaztelaniaz, ingelesera eta frantsesera jo dugu geure proposamen terminologikoa osatzeko.
Bigarren iturriari dagokionez, egoki iruditu zaigu ISO 9001: 2000 arauaren gaztelaniazko bertsioaren Terminoak eta definizioak hartzea oinarritzat. Izan ere, arau horren itzulpenean normalizaziorako erakunde nazional ugariren ordezkariek hartu dute parte, bai eta espainieraz egiten duten herrialde askotako enpresa alorreko ordezkariek ere[6]. Arau horren balioa ukaezina da: nazioarteko normalizazioan ekimen aitzindaria da, eta Kalitatearen kudeaketari dagokionez, alor horretan gaztelaniazko terminologia bateratzen da arauaren bitartez.
Definizioak
Itzulpen kalitatearen ziurtapena (IKZ). Erakunde itzultzaileko kide guztiek, bai itzulpen prozesua hasi baino lehen, bai prozesuan bertan, baita ondoren ere gauzatzen dituzten prozedura guztien multzoa, kalitateari dagokionean bezeroarentzat garrantzizkoak diren helburuak bete direla ziurtatzeko. Itzulpen kalitate kontrola (IKK), itzulpen kalitatearen ebaluazioa (IKE) eta zuzenketa kalitatea ziurtatzen (KZ) laguntzen duten prozedurak dira. Oharra: Itzulpen kalitatearen ziurtapena xede testua egiaztatzeko irakurketarekin amaitu ohi da, testua osorik irakurrita, ezen ez lagin bat, eta kalitate arazoak atzematen direnean baino ez dira alderatzen sorburu eta xede testuak; zuzentzaileak, berriz, itzulpenean egin dituen aldaketak edo zuzenketak arrazoitu egiten ditu, hala eskatzen badu itzultzaileak.
Itzulpen kalitatearen kontrola (IKK). Behin betiko xede testuaren ekoizpenean zehar egiten den itzulpen kalitatea baloratzeko prozedura da. Itzulpen kalitatearen ziurtapenaren eremuan, xede testuaren lagin bat edo gehiago irakurriz egin daiteke balorazioa, edo lagin bat edo gehiago sorburu testuarekin alderatuta (laginen zuzenketa), itzulpen eskaeraren baldintza esplizitu eta inplizituak betetzen dituela ziurtatzeko eta bezeroari bidaltzeko moduan dagoela. Kudeaketaren eremuan, berriz, IKKren azken xedea baliabideak (denbora eta dirua) aurreztea denez, itzultzaileak hala eskatzen badu soilik arrazoituko ditu zuzentzaileak xede testuan egindako aldaketak.
Formaziorako zuzenketa (FZ): Xede testu (XT) osoaren eta sorburu testuaren (ST) alderaketa zorrotza, XT produktu erdi amaitutzat jotzen delarik, eta aurrez erabakitako irizpide jakin batzuk oinarri hartuta; XTn aurki daitezkeen akatsak ezabatzea edo testua hobetzea ez ezik, itzultzailearen gaitasuna hobetzea ere badu xede.
Oharra: Egile frankofono batzuk (Horguelin eta Brunette) zuzenketa didaktikoa (ZD) terminoa (révision didactique) erabiltzen dute, alor profesionalean prestakuntza ere helburu duen zuzenketaz hitz egiteko.
en: formative revision, training revision.
fr: révision didactique.
Zuzenketa pragmatikoa (ZP): Xede testua osorik hartuta alderatzen da sorburu testuarekin, itzulpena hobetzeko, baina zuzentzaileak ez du egindako zuzenketa edo aldaketak arrazoitu beharrik.
Taula: Itzulpenen kalitatea ziurtatzeko prozedurak. kidetasunak eta aldeak
Baloraziorako prozedurak (BP) | Formaziorako zuzenketa (FZ) | Zuzenketa pragmatikoa (ZP) | Itzulpen kalitate Kontrola (IKK) | Itzulpen kalitatearen ebaluazioa (IKE) | XTren egiaztatze irakurketa (EI) |
Xede testuaren egoera (XT) | testu erdi amaitua | testu erdi amaitua | testu erdi edo amaitua edo behin betikoa | Behin betiko testua | testu erdi amaitua edo behin betikoa |
XTn baloratzen den zatia | XT osoa | XT osoa | lagina lagina/k | XT osoa edo | XT osoa |
STren eta XTren arteko alderaketa | beti | beti | batzuetan | beti | Akatsak topatzen badira soilik |
Ebaluazio txantiloia erabiltzea | batzuetan | ez | batzuetan | bai | ez |
Zuzenketak arrazoitzea | bai | ez | Hala eskatuz gero | ez | Hala eskatuz gero |
Hartzailea | Itzultzailea | Bezeroa | Kudeaketa zerbitzua edo itzultzailea | Kudeaketa zerbitzua edo administrariak | Bezeroa edo itzultzailea |
Helburua | Kualitatiboa eta formaziozkoa | kualitatiboa | Administratiboa eta kudeaketarako | Administratiboa eta kudeaketarako | kualitatiboa |
Brunettek sorturiko taularen egokitzapena da (Cf. Brunette, 2000: 172)
Taula: Itzulpenak zuzentzeko irizpide orokorrak
IRIZPIDEA | PREMISA |
1- Itzulpen eskaeraren berri izan | - Helburua, hartzailea, XTaren zabalkundea - ST zein egoeratan sortu den (egilea, data, helburua, hartzailea, testu mota). - XT aurkezteko baldintzak eta zuzenketarako har daitekeen denbora. |
2- XT jatorrizko testua balitz bezala irakurri | - XT irakurriz hasi zuzenketa - Hartzailearen larruan jarri - Ez jo STra |
3- Zuzenketaren errentagarritasuna aztertu | - XTn aurkitu diren akats moten nahiz kopuruaren azaleko azterketa - Zuzenketarako denbora estimazioa - Erabakiak hartzea: zuzendu, itzultzaileari atzera bidali, berriro itzuli (beste itzultzaile batek) |
4- XTk eskatzen duen zuzenketa modalitatea eta maila zehaztu | Hauen arabera: - Eskaeraren ezaugarri inplizitu eta esplizituak - Itzultzailearen eskarmentua eta gaitasuna - Zenbat denbora beharko duen - Gai horretan zuzentzaileak duen jakintza |
5- XTn aldaketak murriztu | - Akats nabarmenak zuzendu lehenik - Zalantza izanez gero, ez zuzendu xede testua - Gogoan izan: idiolekto ugaritasuna, batetik, eta XT zuzentzearen eta hobetzearen arteko aldea, bestetik. |
6- Zuzenketak arrazoitu | - Ez aldatu XT, horretarako arrazoi sendorik ez baldin badago |
7- Zuzentzailearen erantzukizuna | - Zuzentzaileak bere gain hartu behar du, itzultzailearekin harremanik ez badago. - Bien arteko harremana estua bada, itzultzaileak ere izan dezake erantzukizunik. - Ez onartu erantzukizuna, bezeroaren eskakizun jakin batzuen aurrean desadostasunik balego. |
Taula: Itzulpenak zuzentzeko proposamen metodologiko osatua
Parametroak | XTn egiaztatzen diren alderdi orokorrak | Zuzenketa modalitatea | Zuzentzailearen soslaia |
- Logika - DATUAK - Hizkuntza berezitua |
Edukia | Edukiaren zuzenketa | Gaiaren zuzentzailea |
- Hizkuntza berezitua - XTren arauak eta erabilera - Hartzailearen beharretara egokitzea |
Hizkuntzari dagozkionak | Hizkuntza zuzenketa | Hizkuntza zuzentzailea |
- Hartzailearen beharretara egokitzea - Zehaztasuna - Osotasuna |
XTren helburuari dagozkionak | Zuzenketa funtzionala | Zuzentzaile-itzultzailea |
- Osotasuna - Maketazioa - Ortotipografia |
XTren itxurari dagozkionak | XTren formatuaren zuzenketa | Zuzentzaile tipografikoa |
Oharrak:
1. Artikulu honetan honela erabiliko dugu prozedura terminoa: jarduera bat burutzeko modu espezifikoa, ISO 8402:1994 arauak dioen moduan.
2. Brunettek testu mota hau aukeratu zuen azterketarako, itzulpen ez-literarioa eta zuzenketa irakasteko egokien iritzita, eta Quebec-en gehien itzultzen den testu mota delako. (Brunette, 2000: 170).
3. Ikusi Parra Galiano (2005: 214-235) 1. kasuaren azterketa: kanpoko itzulpenen kalitate ebaluazioa eta zuzenketa Europako Batasuneko Organoen Itzulpen Zentroan.
4. Mossop-ek (2001a) 12 parametro ezarri ditu, lau multzotan banatuta. Ikus, baita ere, Parra Galiano, 2005: 142-145.
5. Hirugarren taulan ikus daitekeenez, XTn egiazta daitezkeen alderdi orokorren multzo bakoitzeko azken parametroa, aldi berean, hurrengo multzoaren lehena da, lau zuzenketa modalitateen hurrenkeraren arabera.
6. Argentina, Txile, Kolonbia, Costa Rica, Ekuador, Espainia, Ipar Amerikako Estatu Batuak, Mexico, Peru, Uruguay eta Venezuela; COPANT (Arau Teknikoen Batzorde Panamerikarra) eta INLAC (Kalitatea Ziurtatzeko Institutu Latinoamerikarra) erakundeetako ordezkariak.