Komikien itzulpena
Artikulua PDFn.
Komikizale guztiok ondo baino hobeto dakigunez, komiki gutxi, oso gutxi argitaratzen da euskaraz. Gutxi sortzen da euskaraz eta are gutxiago erdaretatik euskaratzen; beraz, ez da harritzekoa Senez-en (ez eta beste inon ere, nik dakidala) komikiak euskaratzeari buruzko artikulurik batere argitaratu ez izana, jardun hiper minoritarioa izaki. Alabaina, bada horretan ikasbiderik bai itzulpengintzaren gainerako alorretan dihardutenentzat, bai eta euskaraz sortu eta idazten dutenentzat. Hala iruditzen zait niri behintzat, eta horrexek bultzatu nau artikulutxo hau orriotara ekartzera. Deskripzio xume bat baino ez da, frantsesezko komikiak euskarara ekartzerakoan sortzen diren arazoak eta kontuan hartu beharreko hainbat elementu nabarmentzea beste xederik ez duena; baina bere apalean baliagarria izatea espero dut, besterik ez bada, gai berari buruzko beste testu interesgarriago batzuk argitararazteko.
Bederatzigarren artea. Literaturaren aldiriak
Lehenik eta behin, adierazi nahi dut literatur itzulpenaren esparruan kokatzen dudala nik komikiaren itzulpena, askorentzat gehiegikeria izan daitekeen arren. Beste batzuentzat, ordea, iraina litzateke «bederatzigarren artea» beste ezeren menpe jartzea. Alabaina, itzulpenari gagozkiolarik, guztiz ulergarria deritzot komikien itzulpena literatur itzulpenaren baitara ekartzeari, itzultzaileak testua itzultzen baitu, eta komikiena, bestelako testu motekin erkatuta, gertuago dago literatur testuetatik beste edozeinetatik baino. Gainera, beti ere itzulpenaren ikuspegitik, komikiak itzultzerakoan agertuko zaizkigun hainbat arazo (hitz jokoak, umorea, estilo zuzena...) gainerako literatur testuetan ere aurkituko ditugu, neurri handiago edo txikiagoan. Literatur testuen mugetan ibiliko gara agian, baina ez uste daitekeen bezain aldenduta. Eta, hala ere, badu komikiak zer berezko eta berezi bat, gainerako literatur testuetatik bereizten duena.
Komikiaren zenbait ezaugarri
Un récit dessiné et imprimé (Renard)
Une littérature graphique (Francis Lacassin)
Une figuration narrative (Pierre Carperie)
Ez naiz orain luzatuko komikiaz eman litezkeen definizio ugariez, funtsean denek onartzen duten ezaugarri nagusia bat bera baita: kode aniztasuna. Hau da, bi kode nahasten dira komikian: irudia edo kode ikonikoa eta testua edo kode idatzia, eta bien batuketatik harantzago doan esanahia sortzen du bien arteko elkar eraginak. Horregatik ezin daiteke komiki bat itzuli testuen zerrenda hutsa edukita, komikia osotasuna delako, eta testua ere osotasun horren barruan bakarrik uler (eta beraz itzul) daiteke.
Hainbeste da hori horrela non hainbat konbentzio ere sortu baitira; esaterako, animalia edo pertsona baten gainean «Zzzz» jartzen badu, badakigu lotan dagoela, aurpegia ikusten ez badiogu ere. Edo pertsona baten inguruan izarrezko koroa moduko bat ikusten dugunean, badakigu zorabiatuta dagoela, seguruen kolpe baten ondorioz. Konbentzio horiek ezagutzea, konbentzio horiek irakurtzen jakitea da, noski, komikiak itzultzeko baldintza nahitaezkoa.
Testuaren eta irudiaren arteko erabateko lotura horri buruz askoz gehiago hitz egin liteke, komikiaren berezko baliabide askoren oinarria baita; adibidez, bien artean kontrastea sortzea efektu komikoa lortzeko, edo pertsonaia baten berbaldiaren barruan irudiak eta hitzak tartekatzea... Baina itzultzaile baten begietatik ikusita, bada hitzezko eta irudizko kodeen arteko elkarlotura horrek sortzen duen kontu arras arazotsua: irudian txertaturiko testuena (onomatopeiak, oihuak, etab..).
Garai batean (ordenagailuena baino lehenagoko garaian, eta gaur egun oraindik ere zenbait kasutan), inprimaturiko orri bakoitzeko zenbait plantxa zeuden: beltza, kolore nagusi bakoitzeko bat eta testuarena; eta azken hori zen hizkuntza desberdinetako argitalpenetan aldatzen zen bakarra, itzultzaileak alda zezakeen bakarra. Baina batzuetan, hainbat interjekzio (zaratak, oihuak...) irudiaren plantxatan marraztuta egoten dira, eta orduan itzultzaileak ezer gutxi egin dezake jatorrizko «BOUM» baten ordez euskarazko idazkerarekin bat datorren beste onomatopeia bat agertzeko. Egia da gaur egun ordenagailuen erabilerak gauzak aldatu dituela, baina arazoak hor dirau, neurri batean, eta geroago ikusiko dugun bezala, arazo berriak ere ekarri ditu.
Komikietako testu motak eta horien ezaugarriak
Testu motak
Aurreko guztia kontuan hartuta bada ere, itzultzaileak testua itzuli behar du; beraz, komikietan agertu ohi diren testu motei erreparatuta hiru atal bereiziko ditut:
- Kartutxoak. Elkarrizketakoa ez den testua da, goian edo alboan, koadro batean («kartutxo» batean) agertu ohi da eta esan genezake halako off ahotsaren modukoa dela. Normalean bi funtzio bete ohi ditu kartutxoetako testuak: 1) denbora kokatzea: dela denbora aldaketa iragartzea (aldi berean..., bi urte lehenago..., handik x astera...), dela denbora eta tokia kokatzea (Paris, 1945), dela denbora-elipsietan gertatu denaren berri ematea; edo 2) Ainguraketa funtzioa, hots, irudiaren zehazgabetasuna zehaztea; esaterako, urrunean ikusten badugu zaldun multzo bat, zaila izango dugu jakitea lagunak ala arerioak diren, eta kartutxoko testuak azalduko digu hori. Nolanahi ere, egile bakoitzak bere modura jokatzen du, eta hainbat kasutan kartutxoak ia behin ere erabiltzen ez badira ere, badaude bestelako komikiak non hitzezko kontakizunaren hari nagusia kartutxoen bidez harilkatzen den.
- Globoak (boule - bocadillo). Hor agertzen da normalean testurik gehiena, itzultzailearentzako langairik ugariena. Baina horretan ere, alde grafikoari begiratu beharko diogu mezua behar bezala ulertuko badugu. Boule, bokadillo edo globo horiek borobilduak izaten dira gehienetan, eta muturtxo bat dute, hizlaria nor den adierazteko. Globoaren formak berak informazio osagarria ematen digu (pentsamendua, beldurra...), komikiaren konbentzio grafikoei esker. Beste batzuetan, zeinuak erabiltzen dira hitzekin batera, hitz tabuen ordezko; edo grafiaz balia daiteke egilea enfatizatzeko (hitz bat askoz handiago marraztuz, esaterako).
- Testu osagarriak Irudien barruan ager daitezkeen bestelako testuei eman diet izen hori: afitxeak, denda izenak, gutunak... Askotariko testuak dira, eta itzulpen estrategia eta teknikak ere askotarikoak izango dira, kasuan kasuko irtenbidea bilatuta (itzuli, ez itzuli...).
Testu osagarrien artean aparteko atala merezi dute kantuek. Askotan komikiaren «soinu banda»ren osagarrietako bat dira, baina paper askoz garrantzitsuagoa ere izan dezakete, Brassens-en Le Gorile kantak Tardiren komiki honetan bezala; edo kontakizunaren kontrapuntua markatu, Kin'La Belle komikiko rap-ak bezala. Inoiz horrelakorik itzultzen saiatu denak badaki errezeta edo arau betirakorik ez dagoela, kasuan kasuko irtenbidea asmatu behar dela, eta Asterixen komikietan agertzen diren kanta frantses tradizionalen ordainetan euskarazko Boga-boga eta antzekoak ematea zilegi baino areago guztiz egokia izan badaiteke ere, ez dut uste hori denik hemen emandako adibideetan jarraitu beharreko bidea.
Testuen ezaugarriak
Estilo zuzena
Obraren baitan duten funtzio eta kokapenaren arabera sailkatutako hiru testu mota horietatik, alabaina, globoena da komikietako testu mota bereizgarriena, komikietako hizkera dei genezakeena, gainerako testu motak ezer gutxitan bereizten baitira beste literatur generoetan agertzen direnetatik, ez bada espazioak ezartzen duen mugagatik.
Ez da komiki asko irakurri behar konturatzeko estilo zuzena nagusitzen dela globoetan. Zuzenetan zuzenena, esan genezake: akotaziorik gabeko elkarrizketak. Ñabarduren berri, aldarteen berri irudiak emango digu, eta behar bezalako arreta eman beharko dio itzultzaileak, ondo itzuliko badu.
Elkarrizketak literatur genero guztietan agertzen dira, esango du baten batek, arrazoi osoz esan ere. Bai, hala da, baina komikietakoek badute alderik besteekin erkatuta. Elkarrizketek gidatzen dutenez (normalean) istorioen haria, ahalik eta sinesgarrienak izan behar dute, benetako ahozko jardunetik ahalik eta gertuen egon, konbentzioak konbentzio. Zinemakoak biziagoak dira, antzerkikoak entzunak izateko idazten dira...
Eta egiantzekotasun hori lortzeko, bestelako literatur testuetan ez bezala, komikietan erabat onartuta dago hizkuntzaren arau akademikoak haustea, bai esaldien antolamenduan, bai ahoskerak jasotzeko orduan. Eta frantsesez idatzitako komikiei begiratuz gero, argi dago nolabaiteko transkripzio fonetikoa egiten dela maiz «benetako ahozko hizkuntza» islatzeko. Ez dakit gainerako hizkuntzetan nola moldatzen diren, baina nago askoz tradizio handiagoa dagoela frantsesez <minab'>! idazteko, «minable»ren ordez, euskaraz <e'ongo ga'> «egongo gara»ren ordez idazteko baino (frantsesetik komikiak euskaratzen ditugun itzultzaileon zoritxarrerako).
Interjekzioak
Badira beste modu batzuk ahozkotasun hori idatzira ekartzeko, besteak beste interjekzioen erabilera. Eta, izan ere, guztiz logikoa da komikietan interjekzio asko agertzea: batetik, benetako ahozko hizkeran asko erabiltzen direlako; eta bestetik, pertsonen emozioak eta sentimenduak idatziz baina labur adierazten dituztelako.
Bada esan duenik komikiak itzultzea, sakonean, interjekzioak itzultzea dela. Nik ez nuke horrelako baieztapen borobilik egingo, komikietatik komikietara aldea baitago, baina ukaezina da garrantzi handia dutela eta ezinbestekoa dela jatorrizko hizkuntzan dituzten erabilerak eta baloreak ondo ezagutzea euskarazko ordain egokia eman ahal izateko. Eta zin dagit esaten errazagoa dela egiten baino. Batetik, interjekzioak berezko esanahirik ez duten hizkuntza zeinuak direlako, polisemikoetan polisemikoenak, eta itzultzaile orok ondo daki arazoen kutxa zabaltzea dela hori. Eta bestetik, itzultzaileon lan tresna nagusi diren hiztegi eta gainerakoetan zaila delako horiei buruzko argibideak aurkitzea, eta aurkituz gero ere, oso litekeena da horien erabilera bat bera ez izatea gaur egun eta duela hamar urte. Adibide labur batez azaltzeko, irudia ikusi gabe zail da asmatzen frantsesezko «Aïe» minaren adierazle den edo beldurrarena.
Eta jatorrizkoa ondo jaso eta ulertu ondoren, euskaraz eman behar da! Ez naiz, baina, eginbeharraren zailtasunetan luzatuko.
Onomatopeiak
Onomatopeiak dira beste edozein testutan baino gehiago agertzen diren interjekzio horietako batzuk, komikiaren soinu bandaren osagarri nagusietako bat.
Batzuetan irudiaren barruan agertzen dira, eta itzultzaileak egokitu beharra ikusten badu ere, ez da beti posible izaten. Beste kasu batzuetan globoen barruan agertzen dira, eta orduan ordezkoa eman behar da nahi eta nahi ez.
Euskarazko ordain egokia emateko gogan hartu behar da hizkuntza bakoitzak modu desberdinean eman ohi dituela objektuek sortutako zaratak nahiz naturarenak, zeinek bere barne arauei jarraituz.
Alabaina, bada kontuan hartzeko beste gertakizun bat. Tebeoetan agertzen diren hainbat onomatopeia Ipar Amerikako komikietatik Frantzia-Belgikakoetara eta horietatik Europa osora zabaldutakoak dira, askotan kalko huts modura, eta gaur egun komikiaren kode edo konbentziotzat jo litezke; ezagunenetako bi baino ez aipatzearren «bang» (tiroa) edo «snif» (usaina hartzea).
Zer egin, bada, euskarazko ordain egokiak emateko?
Hortxe du lana itzultzaileak, animalien ahotsak eta beste ezer gutxi aurkituko baitu hiztegi edo gramatiketan jasota. Hainbatetan maileguan hartuko ditu jatorrizkoak, eta orduan grafia zaindu beharko du; beste batzuetan asmatu edo sortu egingo ditu, xede hizkuntzako soinu eta arauak kontuan hartuta. Eta beste batzuetan, ondo itzuliko badu, akademiek ezarritako arauak hautsi eta testu jakin horretarako baino balio ez duten irtenbideak asmatu beharko ditu.
Ahozkotasuna islatzeko bestelako baliabide batzuk
Lehen aipatu dugun ahozkotasuna islatzeko beste baliabide batzuk ere badira, esaterako hitz hasierako silaba errepikatzea zalantza adierazteko (ba... baina...). Edo hitzak luzatzea (Kontuuuuuuuuz). Efektu bera lor daiteke esaldi etenak erabiliz (eta, bat batean...). Asko erabiltzen dira, baita ere, esaldi laburrak (interjekzioak askotan), harridurazkoak, galderazkoak... (Geldi! Hara!)
Azkenik, azpimarratzekoa da hizkera berezien erabilera eta transkripzioa, direla soziolektoak nahiz ideolektoak eta antzerakoak... Sinesgarritasuna ematen diete pertsonaiei eta, gainera, haiei buruzko informazio osagarria eskaintzen digute. Frantsesezko milaka adibide aurki genitzake, baina lagin modura haur eta gaztetxoen hizkera agertzen duten biñeta bana, eta frantsesa nolabaiteko azentuarekin hitz egiten duten bi pertsonena (bata portugesa eta bestea afrikarra) ekarri nahi ditut hona.
Eta orain GALDERA, horrela, hitz larritan: nola eman hori dena euskaraz?
Bada, nik ez dut erantzunik, ez errezetarik, baina han-hemenka begira aurkitu ditut bide interesgarriak. Literaturan badira saio politak, esaterako Sarrionadiaren Kiromandxia, edo Urtzi Urrutikoetxearen Kanta bakarra Ikernerentzat, edo Pablo Sartreren L'Europan irakur dezakeguna. Gazte hizkerari buruz azken boladan argitaratutako testu eta gogoetak ere interesgarriak izan daitezke komikien «ahozkotasun» horrek planteatzen dituen itzulpen arazoak gainditzeko. Baina gehien bat euskaraz sortutako komikiei begiratu beharko diegu, eta horretan ezin aipatu gabe utzi Antton Olariagaren lana, bai komikietan bertan, bai eta Zazpiak Batman eta antzeko ekimenetan egindako ekarpenagatik. Hari esker idatz dezakegu lasai «tumatxa», «aixkiria», «dunk»... Are gehiago, ez dakit zein izango den mozkorren zotinen onomatopeia akademikoa, kanonikoa, baina nik ez dut dudarik: euskal mozkorrek Iptxs! egiten dute.
Umorearen adierazpena
Eta azkenik, umorea aipatu nahi dut. Izatez, umorea ez da komikien ezaugarrietako bat —badira umorezko komikiak eta gaua bera baino beltzagoak direnak—, nahiz eta egia izan askotan baliatzen direla komiki egileak umoreaz. Hortaz, gainerako literatur testuetan umorearen itzulpenak sor ditzakeen arazo berberak sortuko dizkigu komikietan ere: kultura jakinetan oinarritutako txisteak, hitz jokoak eta abar. Alabaina, badira bi errekurtso, komikietan bereziki maiz erabiltzen direnak efektu barregarria lortzeko eta itzultzaileoi makina bat buruhauste ematen dizkigutenak.
Horietako bat izen propioekin jolastea da, hots, izenak asmatzea. Batzuetan pertsonaien izaerarekin loturik daude, beste batzuetan soinu jolas hutsez asmatuak dira, eta beste batzuetan erreferentzia kulturalak dituzte atzean, edo metaliteratura... Asterixen abenturetako edozein hartu, eta erreparatu izenei: denek dute atzean beste irakurketa bat, guztien atzean dago jolasen bat, fonetikoa, kulturala... Eta hori adibide bat baino ez da, bestela begiratu Achille Tallon-en biñeta honi, ez du lan makala izango hori euskaratzeari ekiten dion itzultzaileak; eta libertimentua ere, bide batez esanda.
Amaitzeko, beste literatur genero guztietan ere erabiltzen den baliabide bat, baina komikietan ia pentsaezinezko mailetara eraman daitekeena: hitz jokoak.
Batzuetan obraren barruko errepika edo sasi-errepikekin egiten da hitz jokoa, beste askotan erreferente kulturalekiko hitz jokoak dira (Asterixen latinezko esaldiekin edo Erromaren garaiko nahiz Frantzia garaikideko pertsonaiekin egiten direnak), eta beste batzuetan hizkuntzaren baitako jolas eroak dira. Eta honetan, inolako oinarri zientifikorik ez dudan arren, esango nuke komiki frantses eta belgikarrek aparteko zaletasuna dutela. Eta hori erakusteko ale bat nahikoa dela sinistuta, hona Achille Talon a un gros nez albumaren aurkibidea.
Formatoak ezarritako mugak
Orain arte aipatutako guztiei nahikoa iritzi ez, eta gindatxoa jarriko diot komiki itzultzaileen kezkabideari: espazioak ere baldintzatuko du gure itzulpena.
Globo nahiz kartutxoetako testuek badute muga fisikoa, ez beti bera, ez bada jatorrizkoak markatzen duena. Bestela esanda, perifrasien bidetik abiatuz gero, irakurleari lupa oparitu beharrera heldu gaitezke, eta komikia ikusi egiten da, irakurri ere bai, baina batez ere ikusi.
Eta espazioarekin loturik, errotulazio arazoak ere egoten dira, eta ez bakarrik agertu behar diren zeinu guztiak etab. ondo markatu behar direlako, ez bada azken garaian komiki batzuk ordenagailuz errotulatzen direlako, eta kasu horietan hitzak ez dira zatitzen lerrotik lerrora (eskuzko errotulazioetan bai); bada, horrek espazio asko kentzen du, eta letra tipoa txikitzea ez da beti irtenbide egokia.
Itzulpenarekin estuago lotuta dagoen beste arazo espazial bat ere badago, esaldien antolaketarena. Askotan testua biñeta batetik bestera pasatzen da eta segida logikoa eman behar zaio kontaketari, beraz, arreta berezia jarri beharko dio itzultzaileak esaldi barruko ordenari, esaldien arteko loturari, mozketak egiteko moduari.
Honaino bada, arazo eta kezkabideen zerrenda. Baina ez nuke azken puntua jarri nahi Fernandoren egia borobil horietako bat bota gabe: arazo, zailtasun eta oztopo zerrenda luze hori gorabehera, komikiak itzuli egiten dira, itzuli egingo dira eta itzuli egin behar dira. Nik hala uste.