Egile, irakurle, itzultzaile
Artikulua PDFn
Verinesko 1998ko Idazleen Topaketetan Koldo Bigurik irakurritako testua
Rosa Monterok Viajar para ser otro izeneko artikulua idatzi zuen duela zenbait urte, eta bertan zioen, laburbilduz, bidaiatzeak azken batean antz handia duela literaturarekin, eta erabiltzen zituen argudioak (bere hitzak aipatuko ditut: "Besteak izateko eta gure patuaren inbutu estutik ateratzeko dugun oinarrizko nahia dela-eta atsegin zaizkigu zinea, nobelak, teatroa; besteen bizipenekin hunkituak gertatzeko aukera ematen digutelako."), argudio horiek, nire ustez, baliozkoak lirateke adierazpena atzekoz aurrera jarri eta literatura bidaiaren oso antzekoa dela esanda ere. Adierazpen horrek irakurlearentzat adina balio du idazlearentzat, eta alde bakarra da: azken hau idazlana ixten doan eran izaten hasten den lurralde batean bideak zabalduz doan aurrelaria dela, lehena idazleak irekitako bidetik lurralde berri horretan barrena sartzen den bidaztia delarik.
Lurralde hori eta bere biztanleak, narratzaileak deskribatu nahiz aurkituak, alegiazkoak nahiz errealak izan daitezke, baina fikziotik gehien urruntzen den narrazioa ere, zatikakoa da ezinbestean, eta, beraz, subjektiboa. Literatur lana irakurlearengana heltzen denean, ordea, azken honek bere irudimenean berregiten edo berrikusten du (ikuspen berria zabaltzen zaio, alegia) era guztiz errealean, bere pertzepzio mailaren eta bizitzaz duen esperientziaren arabera; horregatik, idazlearen jarduera bakarra delarik, irakurlearekin ez da gauza bera gertatzen, irakurle bakoitzak egiten duen irakurketa desberdina baita funtsean, edota, bestela esanda, pertsonaia bati eta bere gertakizunei buruz ezer irakurtzen dugunean, gutako bakoitzak geure erara irudikatzen ditugu, irratian ezagutzen ez dugun pertsona baten ahotsa entzuten dugunean gutako bakoitzak bere itxura fisikoaren irudi jakin bat egiten duen antzera. Bidenabar, eta begien bistakoa den arren, hori ez da zinean gertatzen, pertsonaien ekintza behin betiko finkatzen baitu, eta are, gure irakurketarekin egin ahal izan dugun berregiketa ken baitiezaguke askotan. Zentzu horretan, adibide bat jartzearren, Marcello Mastroianik ordeztu du irakurle askoren irudimenean, ni ere tartean naizela, Pereiraz, Tabucchiren pertsonaiaz, genuen irudia.
Askotan bururatu zait gogoeta xume hau (aitortzen dut ez dela oso originala) nire itzultzaile jardunean ari naizela. Eta beraz, uste dut itzultzaileak, hizkuntza batean idatzita dagoen lan baten eta beste hizkuntza baten hiztunak diren irakurleen artean duen medium edo bitarteko-egitekoari dagokionez, hala idazlearen nola irakurlearen ezaugarriak biltzen dituela. Itzultzailea irakurle da lehenik eta, beraz, literaturaren uhartedi zabala osatzen duten uharteetako batean barneratzen ausartzen den beste bidazti bat. Irakurle berezia da, ordea, literatura den terra incognita horretan gainerako irakurleen gidari izatea baita bere egitekoa, eta egiteko horrek idazlearengana hurbiltzen du itzultzailea, estatus hori, jakina, suhartasunez ukatzen baldin bazaio ere, bere berregitea, hain zuzen ere, berriro sortzea ez balitz bezala.
Ez naiz hemen itzultzailearen irudia eta bere alde sortzailea defenditzen hasiko, besteak beste, orain duela zenbait denbora batzuk hasiak direlako (herabeki baldin bada ere) pertsona horiekiko zor historikoa, zilegi bekit hala esatea, ordaintzen, beren lana literaturarentzat eta, oro har, kulturarentzat behar beharrezkoa izan baita eta aurrerantzean ere hala izango baita, kultura idatzia hizkuntza bakarrean garatzen hasten den egunerarte behintzat. Esan, ordea, esan nahi dut itzultzaileak, beste edozein irakurlek bezala, bere ikuspegiaren arabera, inondik ere egilearena ez den ikuspegi baten arabera hautematen duela literatur lana, baina berezitasun bat du gainera: berak berregite hori, hots, itzulpena, ikuspegi horren arabera egiten du. Jakina, horrek ez du esan nahi oker itzultzen duenik edota ikuspegi-desberdintasun hori hutsegite iturri denik, hori ere, noski, gerta daitekeen arren, itzultzaileak azkenean bere ikuspegia ezarriz. Horrek ez du, oro har, zertan gertatu, eta gertatuz gero ez litzateke agian alde txarrera hartu beharko, gehienetan egin ohi den bezala, eta itzultzaileak agian izango ditu arrazoiak hori egiteko, eginkizun ohoragarri horri hainbeste kalte egin dion eta gure "kontziente kolektibo"-tik erabat desagertu ez den traduttore traditore topiko erabiliegiarekin zerikusirik ez duten arrazoiak. Are Antonio Colinasen mailako poeta, nobelagile eta itzultzaileak, Giuseppe Tomasi di Lampedusaren Stendhal-i buruzko ikasgaien hitzaurrean, "traidore xamar" jokatu duela aitortzera behartuta ikusten du bere burua, egilearen mezua bihurtzerakoan "adierazpen iheskorrenen inguruan hegan ibili" behar izan duelako, eta bere burua zuritzeko, begien bistakoa izan arren, erabat zer esan nahi duen gutxi jabetzen diren arrazoi bat ematen du, hain zuzen ere, "itzultzen den hizkuntza eta itzulpenetik sortzen dena ez direla bat eta bera, eta ez direla inoiz izango."
Bestela esan, eta bidai-metaforekin jarraituz, ausartuko nintzateke esaten literatur lan bat irakurtzea irakurleak egilearen lurraldera egiten duen joaneko bidaia baldin bada, itzultzea joan-etorriko bidaia dela, zeinetan itzultzaileak lurralde hori hurbiltzen baitie hizkuntza ezezagun batean idatzita dagoen obra batera jo ahal izateko bere laguntza behar duten beste irakurle batzuei. Eta, jakina, jatorrizkoa eta bere itzulpen posible guztiak bidaia desberdinak dira aipatu berri dudan Antonio Colinasen arrazoia dela medio, eta beraz, ez da gauza bera, eta alferrekoa litzateke inork hori nahi izatea, Il Gattopardo italieraz irakurtzea eta gazteleraz, japonieraz edota nik euskarara egin dudan itzulpenean irakurtzea. Bi bidaztik bidaia bera eginda ere bizipen berak izatea ezinezkoa den bezalaxe, obra baten jatorrizkoak eta bere itzulpen guztiek funtsean desberdinak diren munduak sortzen dituzte; beren bidaiak, jakina, antzekoak eta paraleloak dira, baina inola ere ez berdinak.
Axioma hori begien bistakoa iruditzen zaigu gaur egun, baina asko kosta da onartzea, tradizioz itzultzaile lanari ordezko izaera soila eman izan baitio eta ia beti mespretxuz begiratu baitio jatorrizko hizkuntzan irakurtzea maila intelektual jasoago batean dagoela pentsatzen duen elitista taldeak, eta hala da oraindik ere. Esan beharrik ez dago, ezin izan dela jarrera horri eusten jarraitu frantsesak, ingelesak, italierak, alemanak eta gaztelerak kultur eta literatur hizkuntza bakarrak izateari utzi diotenean, mende luzez izan baitzen hori horrela, hizkuntza klasikoak baztertu ondoren. Batzuek oraindik horrela pentsatzen jarraitzen baldin badute ere, erdeinuzko jarrera horrek ez du gaur egun inolako zentzurik, beste hizkuntza askotan ere egiten baita literatura, eta literatura ona, eta ez dut uste euskaraz idazten duen autoreren baten lana jatorrizko hizkuntzan irakur dezazuen eskatu beharko dizuedanik nire adierazpenarekin bat etor zaitezten.
Literatura ona egiten den beste hizkuntza horiek aipatu ditudanez, nabarmendu nahiko nuke, gertakari horrek hain zuzen ere itzulpen lanari buruz duten iritzi tradizionala aldarazi beharko liekeela itzultzaile askori, bigarren mailako jardueratzat baitaukate, eta baita itzulpena jarduera unibokotzat daukaten teoriko batzuei ere. Izan ere, beste hizkuntza horiek —euskara kasu, duela gutxi arte literatur hizkuntza ez zena, eta beraz, ezta literatur itzulpenerakoa ere— tartean sartu direlako azken hamarkadetan itzulpengintzak bildu duen esperientziak erakutsi du itzulpenak ez direla era batekoak, lehen esan bezala, itzulpen bakoitza bidaia bat baita, hizkuntza bakoitzaren literatur tradizioak berak, bilakaera historikoak, gizartean dituen sustraiek, hiztunen hizkuntz usadioek eta are hizkuntzaren hedadura geografikoak baldintzatua. Beste hizkuntza askoren paradigmatzat har daitekeen euskarak, esate baterako, gabezia handiak izan ditu aipatu berri ditudan faktoreei dagokienez, eta beraz, arlo askotan eta askotan ez da erabili eta oraindik ere ez da erabiltzen, edota, are tamalgarriagoa dena, bere erabilera ez da idatziz jaso eta beraz, galdu egin da neurri handi batean —itsasoko mundua datorkit gogora, esate baterako, gure aurrekoek ongi ezagutzen zuten esparrua, eta oso lekuko gutxi utzi dituena, eta horrek eragozpen larriak sortzen ditu Altxorraren uhartea bezalako lan bat, edota itsas giroko beste edozein lan itzultzerakoan—.
Usadio falta hori eta lekukotasunik ez hori direla eta, hutsune handiak ditu hizkuntzak, eta ondorioz, beste hizkuntza batean idatzitakoa hizkuntza horretara itzultzeko abenturari ekiten dion itzultzaileak, piezak falta zaizkion puzzlea egiten saiatzen den norbaiten antza hartzen du azkenean. Eragozpen hori, noski, edozein itzulpenek berezkoa duen zailtasuna da, zeinahi hizkuntzatan, baina gazteleraren edo lehen aipatu dudan beste edozein hizkuntzaren kasuan, itzultzaileak belaunaldiz belaunaldi falta ziren piezak aurkituz joan dira azken bost mendeotan, eta kontuan izan behar da, gainera, hizkuntza horiek beren artean izan duten harreman estuak eta etengabeko elkartrukeak, itzulpenari esker besteak beste, asko erraztu dutela egiteko hori. Etengabeko harreman eta elkartruke horri esker, hala itzultzaileak nola itzulitako literatur obra baten irakurleak, bide zabal eta ia oztoporik gabeko batean barrena ibili ohi dira, eta nik eta nire lagun euskaldunek, aldiz —baina baita beste hizkuntza batzuetakoak ere, esan bezala—, aihotz kolpeka ibili behar dugu, ezin sartuzko adarrarte batean borrokan, batzuetan, irekitako bidezidor estuak gure itzulpenen irakurleak irents ez ditzan ahaleginak eginez. Baikor nago, ordea, eta uste dut ari garela pixkanaka gure egitekoa normaltzen, gure belaunaldi gazteek edozein irakurle ikasik izan ohi dituen literatur erreferentziak euskaraz izan ditzaten, duela urte batzuk abiarazitako literatura unibertsaleko ehun obra itzultzeko ekimenaren bidez, esate baterako.
Hala ere, azkenean, aurre egin behar diegun eragozpen handi horiek akuilu gertatzen zaizkigu ia "hastapenekotzat" joko nukeen egoeran gauden itzultzaileoi, zeren eta, agian saritzat, gure egitekoaren alde sortzailea ageriago uzten baitute beste hizkuntza batzuetako itzultzaileenen aldean. Eta hortaz, gure bidaiak poz handiagoak ematen dizkigu azkenean, errepide estu eta bihurgunetsu batetik joateak autobide zabal eta gehienetan aspergarritik ibiltzeak baino atsegin handiagoa ematen duen bezala. Nik dudan esperientziak, behintzat, aditzera ematen dit beste batzuek jada ahaztua duten zerbaitez hobeki jabetzen garela gu, hots, itzulpena, aurretik ere aipatu dudan bezala, joan-etorriko bidaia dela, eta bidaia horretatik itzultzean itzultzaileak bere maletan souvenir batzuk ekartzen dituela, izaki nahiz objektu ezezagunak, hitz nahiz esapide berrien itxuran (batzuk beharrezkoak, besteak ez hainbeste) edota azkenean hizkuntzak bereganatuko dituen estilo prozeduren itxuran, hori bera gertatzen baitzen antzinako bidaztiak gaur egun gure parke eta lorategietan ikus ditzakegun landare espezieak hartuta itzultzen zirenean. Gure kexa bakarra da agian beranduegi iritsi garela; izan ere, mendeetan zehar lehenik ahozko narrazioak eta gero baita idatziak ere bete izan duten egiteko hori, gaur egun irudia oinarri duten beste medio batzuen esku daude, eta medio horiek gizartean kultura idatziak inoiz amestu ezin izango zukeen indarra izateaz gain erabiltzen dituzten irizpideak ez dira harenak bezain zorrotzak eta estuak. Gure kontsolamendu bakarra, gure lanaren fruituak iraunkorragoak eta sakonagoak izango direlako itxaropena izatea da, eta literatura unibertsaleko lan handiak luzaro irakurriko direla behin eta berriz. Nahi horrekin ekiten diogu guk behintzat gure lanari.
Itzultzailea: Mari Jose Kerejeta