Kalitate arauak itzulpengintzan: jaio dira berriak
Karlos del Olmo

Sarrera

Zer espero du bezeroak hizkuntz zerbitzu bat agintzen dionean horrelakoen hornitzaileari? Produktuen bizi zikloek, gutxi dirautela, ezinbesteko dute kalitatea gestionatzeko moduren bat, sorkuntza eta ekoizpena oso zatikaturik eta deserdiraturik egotean. Kalitate-estandarrena oso gai eztabaidatu eta korapilatsu da hizkuntza industrietan. Euskal Herrian ere maiz aipatzen da hizkuntz kalitatea, baina bestelako ikuspegi batetik, hau da, hizketa jakin baten beraren kalitatea hizpide, halakok euskara "ona" edo "txarra" ote darabilen epaitzean. Jakina, honako honetan berbabideak beste norako bat hartzen du, hau da, ekoizpenaren beraren antolamendua, itzulpengintzaren gobernu ona. Kalitatea ezingo da erdietsi bezeroak jardunbidean esku hartu ezean (dokumentazioa, terminologia, formatua...). Bezeroari begirako kalitateaz berba egin behar genuke.

Historiari begira, kalitatearekiko ardura ia atzo arratsaldekoa da hainbat industriatan eta ia gaur goizekoa hizkuntz industriei gagozkiela. Hala ere, kalitateari estu-estu loturiko beste alor bat zaharragoa da: itzulpengintza automatikoa bera. Ia ordenagailua asmatzeaz batera jaio ziren itzulpen automatikoa lantzeko saioak. Eta, zuzenean edo zeharrez, denok izaten dute jomuga itzulpengintza hobetzea (kalitatea zaintzeaz batera, ekoizpen merkeagoa lortzea, ahal dela). Baina bide biak ez doaz, ezinbestean, bat eginik.

Kalitatea, azken buruan, zer da? Oso gaitza da hizkuntz zerbitzu bat noiz den goi kalitatekoa definitzea. Batzuetan itzulpena jatorrizkoari orpoz orpo jarraitzea izango da. Bestetzuetan jatorrizko testu narras bat berridatzi eta laburtzea. Azken buruan, kalitatea bezero-hornitzaile harreman bakoitzaren arabera definitu beharko da, hau da, dimentsio askotarikoa izango da eta, sarri, oso dinamikoa. Laburtzearren, bezeroak zer behar duen, horixe izango da kalitatea. Laburpen txukun eta arina hobea izan daiteke itzulpen fidel eta oso landua baino. Zergatik? Bezeroak erantzun arina behar izaten duelako sarri bai sarri. Bezeroak ekoizkin azkendua ez eze, hori lortzeko prozesua ere izaten du itxaro.

Kalitate labelaren jabe izateak, guztiagaz ere, ez du bermatzen itzulpen zerbitzu baten produktua kalitate handiagokoa izango dena. Kontua bezeroaren eta itzulpen hornitzailearen hartu-emanetan datza. Oso komunikazio lotura estuak ezarri beharko dituzte bezeroek eta itzultzaileek kalitatea segurtatuko badute. Gakoa, betiko legez, diru kontutxoak dira: batetik, itzulpen txarraren ondoriozko gastuak; bestetik, itzulpengintzaren kostuak murriztea. Itzulpen prozesu osoa aztertu eta berreginda, multinazional batzuek itzulpen gastuak laurdena edo erdia ere gutxitu dituzte. Nork zer esan lezake Euskal Herriko administrazioetan, esaterako, «xahuturikoen» gainean? Zenbat bider itzultzen dute administrazioek edo eurek kontrataturiko enpresek testu bera edo horren aldakiak? Zelan onar daiteke administrazio publikoek informatikaren aro honetan oraindik ez edukitzea itzulpenak elkarri eskuratzeko bideak? Zer dela eta horren alferrik erabili herritarren zerga izerdietatik eskuratutakoak?

Kalitatea etengabe hobetu beharreko jardunbide dinamikotzat jo behar da. Bezeroaren eta zerbitzariaren (itzultzailearen) artean feedback iraunkorra eratzea da auzi-mauzia. Sarritan, jardunbide edo lan harremana bera aldatzea izango litzateke lehenengo urratsa kalitatea sendotzeko.

Zelan segurtatu, adibidez, enpresaren edo erakundearen terminologi baseetan aldaturiko terminoak itzulpenetan ere jasoko direla? Besteak beste, bi osagai zehaztu beharko dira: operazionala (enpresa/erakundearen terminologian aldatutakoak berehala itzulpen zerbitzuen esku jartzea...) eta estrategikoa (dokumentazio beharrak behar bezala planifikatzea; proiektuak ez bikoiztea, benetan aldatu beharrekoa baino ez aldatzea...).

Munduan etengabe haziz doa hizkuntz euskarrien beharrizana. Jakina, ez dago zertan nabarmentzerik Euskal Herriko eta inguruko gizarte egitura elebidunetan zelako zama (ekonomikoa ere) batzen duen. Horrelako beharrez jabetzeko eta behar den legez erantzun ahal izateko, itzulpen zerbitzariek senperrenak ikusi behar dituzte bezeroarekiko lotura zirkuituak sendotzen ez ezik, bezeroa bera itzulpen proiektuko partaide bihurtzen ere.

Hizkuntz zerbitzuak bestela antolatzea noraezekoa izango dute erakunde eta enpresek, honako hauek beti begipe izanda:

  • Informazioaren muina beti bera izan arren, formatuaren edo aurkezpen bidearen arabera egokituko da eta are itxuraldatuko ere komunikazio egoeren arabera (bezeroentzako eskuliburuak, ahozko jarraibideak multimedia ...)
  • Dokumentuak industri/administrazio produktuaren funtsezko osagai bihurtzea. Gero eta lausoago bihurtuko da marketin dokumentuen eta material teknikoaren arteko bereizketa.
  • Bezeroak eta itzulpen zerbitzuak eskuz esku gestionatu beharko dute «infoziklo» bat non erakundeek/enpresek guztiz kontrolpean eduki behar dituzten informazioa sortzeko, elikatzeko, banatzeko eta kontsumitzeko bideak halako inguru jakin baterako.

Horiek horrela, prest egongo dira hizkuntz zerbitzuak produktu egokiak unerik egokienean eskaintzeko bezeroekin estu-estu lankidetzan jardun ezik? Ez, itxuraz. Kalitate hobea lortzen saiatzeak bezeroaren ondo-ondoan egoteke halakoaren beharrizanak begi bistatik galtzea lekarke. Kalitateak, beraz, bezeroaren eta itzultzailearen arteko harremana du oinarri, eta ez kalitate egitura burokratiko hutsa. Dinamismoa, lehia, moldakortasuna lirateke giltzak. Jakina, bide malkartsu eta nekepekoa da kalitate zirkuitu banakoak topatu eta ezartzea. Baina horrexek egingo ditu itzulpen zerbitzuak kalitatezko eta eraginkor.

Nola zedarritu kalitatea lortzeko metodologia? Beti ere luzaroko estrategia baten barnean, eskatzailearen aldian aldiko beharrizanen arabera. Administrazio publikoek bi alor zaindu behar dituzte, bateko itzultzaile dihardutelako eta, besteko, bezeroak ere direlako, hau da, itzultzeko agintzen dutelako. Eta, noski, erantzukizuna ere bikuna da: barne zein kanpo itzulpenak zaintzea eta bateraraztea, alegia, ekoitz modu biok uztartzea. Enpresa publikoen eta pribatuen ezaugarririk onenak elkartu eta txarrenak baztertzea. Erraza bezain... gaitza.

Giza baliabideak

Eta giza faktorea, zer? Kalitate ahalegin guztiak errekara lihoazke enpresek eta zerbitzuek itzultzaileon gaitasun eta trebeziak kontuan izan ezean. Hizkuntz zerbitzuetan ere arrunta da oso harako lege ezagun hura: «elitista izatea demokrata izan behar denean eta demokrata izatea elitista izan behar denean». Bestela esanda, itzultzailearen gaitasuna neurtu beharreko kontua da? Itzultzaile guztiak berdinak ote? Guztiak denetarik egiteko gauza? Ez da, ez, auzi erraza, ezta hurrik eman ere. Hizkuntza eta itzulpen zerbitzuak antolatzeko era asko dago eta denok alde on eta txarren jabe dira, abantailez bezain hornituak desabantailez. Bi joera izan ohi dira gure aitaren etxe honetan itzulpen zerbitzuak antolatzean: espezializazioa eta orojakiletasuna. Kontrakarrean ote? Ezin uka genezake zein bere onuren jabe dela. Ikasketa edo bestelako agiri ofizialak indarrean egon arren, gainontzeko itzultzaileek lanbideko atea itxita izan behar dute? Ezetz erantzunez gero (eta munduan zehar denak ez datoz bat horren gainean), zerk egiazta dezake itzultzailearen gaitasuna (kalitatearen bermea)? Jakina, lan ibilbidea hortxe legoke, baina... Horiek horrela izanik ere, itzultzailearen beraren gaitasuna hizkuntzazkoa, lanbidezkoa... osoko kalitatearen alderdi bat baino ez da. Muntaduna, ezin ukatuzko da-eta, baina beste osagai bat gainerakoen artean.

Euskal Herrian oraindino ez da bere gordin osoan jazo beste zenbait herritan (AEB, adibidez) gori-gorian bazterrik bazter dabilen eztabaida. Hau da, kalitatea hizpide darabilgula, eta aurreko pasartean diseinaturiko bezero-hornitzaile harremanen esparruan, bezeroak eskubide bete-betekoa izan behar luke testuen itzultzailea nor den jakiteko eta, gura izanez gero, horrekin zuzenean harremanetan jartzeko ere eta, jakina, gustukoa ez duen itzultzailea bazter uztekoa ere. Hizkuntza eta itzulpen agentzia batzuek izugarri oztopatzen dute bitartekorik gabeko harreman hori. Zeren izenean? Lehen aitatutako lege horren arabera? Inortxok ez dakienean nor den benetan ona; edo jendea hitz egiteko beldur denean; nahiz eta ondo baino hobeto jakin nor den ona edo txarra; kalitate zirkuituak oztopobideak izango ditu.

Aipatutako Ameriketako Estatu Batu horietan, adibidez, bi multzo handi daude erakundeetako funtzionario ez diren itzultzaileen artean. A taldea lehenengo mailako itzultzaile beregainen multzo aukeratu batek osatzen du, mundu osoan parerik izango ez lukeena. Jaun-andre horiek halako bezero sorta finko bat eduki ohi dute eta zuzeneko harremana izaten dute bezeroarekin, bitartekaririk gabe. Eurek sortutako testuak onargarri dira besterik gabe, eta bezeroek erabil ditzakete ia inongo edizio lanik egiteke ere.

B taldea ere bada, sail bik osatua. B taldeko lehenengo sailean hizkuntzalari aditu trebe eta etorkizun oneko batzuk izaten dira, eta bulego zein zuzeneko bezero sorta bat izaten dute bizibide. A multzora noiz helduko irrikan egon ohi dira. B taldeko bigarren sailean agentzietarako baino lan egiten ez duten beharginek osatzen dute. Lan zuria egin beharrekoak, agentziei maiz eskatzen zaien mando-lan zail eta zikina egin behar izaten dutenez gero. Jakina, B mailako lehenengo saila dute gutizi. C taldea ere aipa daiteke, ekoizpen katearen oinarrikoek osatua, horren ondoren on eta txar guztien jabe.

Itzulpen bulego eta agentzien artean ere horrelako sailak gertatzen dira: batzuek A saileko itzultzaileekin lan egiten dute (itzultzaile onak, garestiago kobratu arren, merkeago irteten dielakoan), besteek B mailakoak erabiltzen dituzte edo C taldekoak, eta kalitate emaitzak begi bistakoak izan ohi dira, lantzean behin eskandaluzko harria ere bai, nahiz eta maiz fakturazioan desberdintasunik agertzen ez den.

Aipatu herri horretan arazoa itzultzaileen gaitasuna neurtzeko sistema abiaraztea da, uste baino maizago itzultzaileen testuak beste itzultzaileok baino ulertzen ez dituztelako, jatorrizko hiztun edo irakurleek arazoak izaten baitituzte testu itzuliak endelegatzeko. Itzultzaile eta teorialari batzuk kexu agertzen dira Estatu Batuetako ekonomian nagusitu den merkatu eta lehia joera itzultzaileen artean oraindik guztiz zabaldu ez delako, hau da, itzultzaile «txarrak» bezeroari «onak» beste kobratzen diolako edo denok ia antzeratxo fakturatzen dutelako. Horrelakoak ez gara gure sailean oraindik ikusten hasi, baina ezin uka daiteke ekonomi zioek laster halako selekzio ez-darwindar moduko bat sortuko dutela.

DIN 2345

Europan Deutsches Institut für Normung (DIN) erakundeak hainbat arau eta estandar eman ditu industriako hainbat arlotarako. Hizkuntzen baranoan ere arautzen hasita zegoen, baina 1998. urtea arte ez du plazaratuko itzulpenak antolatzeko kalitate araudia. Baina, zein kalitatez dihardu arauak? Zeren araudi honek, harrigarria badirudi ere, ez duen hizkuntzaren beraren kalitatearen neurgarririk eskaintzen, itzulpen proiektua bera antolatzeko modua baino. Horra hor berritasuna: itzulgai bakoitza proiektutzat jotzea eta horri heltzeko kalitatezko jardunbidea zehaztea.

Estandarra Terminologia Estandarizatzeko Batzordeak prestatu zuen, Alemaniako, Austriako eta Suitzako itzultzaileen elkarteen ordezkariek parte hartuta.

Berez, zer da honako estandar hau? Itzultzailearen eta bezeroaren arteko hitzarmena eratzeko modu bat. Esan beharra dago sarri egiaztagiri eta dokumentu ofizialen itzulpenak aitatu bi herriotan arau hauetatik landa geratzen direla bestelako araudi eta kodeek gobernatzen dituztelako.

Itzultzaileek, barneko itzulpen sailek eta itzul agentzia edo konpainiek beren gain eta galorde adieraz dezakete ezen haiek egindako lanek estandar hau betetzen dutela. Jakina, horrek ondorio lekarke bezeroak konfiantza handiagoa izatea jasotzen duen produktuaren gainean, itzulpen bakoitzak estandarraren xedapenak betetzen dituela egiazta daitekeenetik. Erakunde arauemailearen erroldan izena emanda, itzulpen guztietan «DIN 2345 arauaren araberako gauzaturiko itzulpen proiektua» ikurritza jar dezake itzultzaileak.

Berez ez da itzulpenaren erabateko kalitatea segurtatuko duen tresna, baina oso aurrerapauso bikaina da hori erdiesteko bidetik. Gauza berririk aurkitu ez duen arren, erraztasunak ematen ditu erosleak eta itzultzaileak elkarri uler diezaioten.

Hona hemen arau osoa, labur bildurik:

1. Indar eremua

Atal honetan definitzen ditu itzulpen kontratuak xedatu beharrekoak: itzulgaia, bezeroaren eta hornitzailearen arteko elkarlanaren mugak, itzultzailea aukeratzeko irizpideak, lana nola gauzatuko den, xede testua, berrikuspena...

Horrelako beste estandarretan legez, indarrekoa izango da bi aldeok atxikitzen zaizkionean. Argi baino argiago utzi behar da estandar honek, italiarrak ez bezala, ez dituela interpretatze lanak arautzen, nahiz eta aipatzen dituen lan jardunbide batzuk interpretaziora ere heda daitezkeen.

2. Erreferentzi araudiak

Honako honetan arauak banan-banan zerrendatzen ditu itzulpengintzarekin erlazionaturiko DIN eta ISO araudiak, batez ere dokumentuen jitea, transliteratzeak, bibliografiak, terminoak, hitz zerrendak, dokumentazioa eta abarrak xedatzekoak.

3. Kontzeptuak

3.1 Orokorrak

3.1.1 Itzulpena

Testu bat sorburu hizkuntzatik xede hizkuntzara idatziz aldatzea.

3.1.1.1 Jatorrizko hiztunaren pareko gaitasuna

Hizkuntza ahoz zein idatziz menperatzea jatorrizko hiztunaren pare, hau da, hizkuntza hori txikitan ikasi eta eguneroko hizkuntzatzat erabili ez ezik, hizkuntz prestakuntzaren bat ere jaso duen lagunaren antzera.

3.1.1.2 Hizkera berezituzko gaitasuna

Ondo ezagutzea itzulgaiaren edukia eta horren hizkuntz konbentzioak menperatzea.

3.1.1.3 Itzultzeko gaitasuna

Trebetasuna izatea sorburu testua xede hizkuntzara egoki bihurtzeko, hizkuntzaren, gaiaren eta estilo idiomatikoaren aldetik, ondo erreparatuta testuak sorburu hizkuntzan zein xedekoan dituen zereginei.

3.1.2 Interpretatzea

Berbaldia sorburu hizkuntzatik xede hizkuntzara ahoz pasatzea.

3.1.3 Itzultzea (xede testua)

Itzul jardunbidearen emaitza.

3.2 Hizkuntzari eta testuari buruzko kontzeptuak

3.2.1 Sorburu hizkuntza

Itzulgaia idazteko erabili den hizkuntza.

3.2.2 Sorburu testua

Itzuli beharreko testua.

3.2.3 Testu paraleloa

Dela gaiagatik, dela testu motagatik, itzulgaiaren tankerako testuari esaten zaio, sorburu zein xede hizkuntzakoa izateak berdin diola. Jakina, horrelako testuen itzulpenak ere izango lirateke kontuan izan beharrekoak.

3.2.4 Testu inguru-mingurukoa

Sorburu testuaren gaiarekin zerikusia duen testua, dela sorburu hizkuntzakoa, dela xedekoa.

3.2.5 Xede hizkuntza

Itzulpena idazterakoan erabilitako hizkuntza.

3.2.6 Xede testua

Itzulpen jardunbidearen emaitza (ikus 3.1.3).

3.2.7 Testuaren helburua edo zeregina

Testuak informazioa komunikatzean nolako eginkizuna duen.

3.2.8 Kontrolpeko hizkera

Hiztegi eta formulazio arau mugatuak dauzkan hizkera.

OHARRA: Kontrolpeko hizkerak erabiltzen dira, adibidez, dokumentu teknikoetan testua ulergarriago izan dakion erabiltzaileari edo ez-jatorrizko hiztunei (esaterako, hegazkintzan), baita makina bidezko itzulpena errazteko ere.

4. Lan jardunbideak

4.1 Itzultzaileak nola aukeratu

Zerbitzu emaileak segurtatuko dio bezeroari itzultzaile adituek baino ez dutela esku hartuko itzulpen kontratuan. Aukeratzeko irizpideetan honako hauek izan beharko dituzte kontuan:

  1. Itzultzailearen gaitasuna

    - ikasketa formalak (ikasketa agiriak edo lanbide esperientzia egiaztatua),

    - lanbide esperientzia,

    - zein jakintzatan den aditua,

    - bestelako prestakuntza edo trebakuntzak.

  2. Itzultzeko gaitasuna.
  3. Itzul hizkuntza biekiko gaitasuna; ondo kontuan izanda ea beharrezkoa den bai sorburu hizkuntzan, bai xede hizkuntzan jatorrizko hiztunaren besteko gaitasunik.
  4. Itzulgaiaren jakintza alorreko testuak itzultzen izandako esperientzia.
  5. Itzul eta laguntza tresnak.
  6. Itzulpena eskaturiko helbururaino eramateko trebetasuna.
  7. Beharrezkoa izanez gero, zinpekoaren ontzat emana.

4.2 Bezeroak eta itzultzaileak hitzartu beharrekoak

4.2.1 Orokorra

Bezeroak eta itzultzaileak adostu beharko dituzte itzulpen proiektuaren antolamendu osagaiak (ikus 4.2.2) eta xede testuaren nolakotasunak (ikus 4.2.3).

Bezeroak eta itzultzaileak negozio harremanak aldian-aldian izaten badituzte, kontratu estandar halako bat izenpe lezakete. Kontratu mota hori dokumentazioaren atalean aipatuko da (ikus 4.5.).

4.2.2 Antolamenduzkoak

4.2.2.1 Eskaera, onarpena eta kontratua gauzatzea

Bezeroak ahoz edo idatziz aginduko du itzulpena, 4.1 ataleko irizpideak kontuan. Eskabideak testua bera edo horren gaineko argibide zabalak eraman behar ditu emendio.

Itzulgaia edo horren gaineko argibideak jasotakotan, itzultzaileak ahoz edo idatziz adierazi beharko du mandatua onartzen duela.

Arau moduan, kontratu idatzia erabiliko da, 4.2.2.2, 4.2.2.11, eta 4.2.3 atalen araberakoa. Itzultzaileak edo beste alde kontratatzaileak idatziz adierazi beharko du kontratua jaso duela. Ezer aldatu nahi izatekotan, alde guztiok onartu beharko dute.

4.2.2.2 Itzulgaia eta itzulpena nola eta noiz eman eta hartu

Bi aldeok zehaztu beharko dute:

  1. noiz jasoko dituen itzultzaileak itzulgaia eta laguntza testuak (ikus 4.3.);
  2. noiz jasoko duen bezeroak adostutakoen araberako itzulpena.

Jakina, itzultzailea behartuta egongo da bere eginkizuna betetzera bezeroak a) ataleko beharkizuna bereganatzekotan.

4.2.2.3 Itzulgaiaren eta itzulpenaren euskarria

Biok adostu beharko dute nahiz itzulgaia nahiz itzulpena bera zein euskarri eta formatutan emango dioten elkarri.

Itzulpena modu elektronikoan landu behar bada ere, kontratua gauzatuko da itzulpena kopia gogorrean balego legez.

4.2.2.4 Hardware edo software bereziak erabili beharra

Beharrezkoa izanez gero halako hardware edo software berezirik erabiltzea, arlo hori ere hitzartu beharko da.

4.2.2.5 Zerbitzu osagarriak

Bezeroak zerbitzu osagarririk eskatuz gero, itzultzailearekin adostu liteke. Hona hemen horietako batzuk:

  1. terminologia biltzea bezeroarentzat;
  2. 6.3 atalean aipaturikoez bestelako formatuak ematea;
  3. diseinu grafikoa;
  4. tipografia;
  5. kamara kopia, inprimatzea;
  6. besteren batek gainbegiratzea (ikus 4.2.2.7).

4.2.2.6 Prezioa

Itzulpenaren prezioa hitzartuko dute lerroa edo hitza oinarri, baita denboraren arabera edo tarifa finko gisa ere. Xede testua erabiliko da neurri moduan, baina ezinezkoa izatekotan, sorburu testua bera erabiliko da neurgarri.

Zerbitzu osagarriak (4.2.2.5) itzulpenaren preziotik at jasoko dira eta halaxe agertuko dira fakturan.

4.2.2.7 Beste inork begiratzea

Hirugarren aditu batek berrikusi beharra hitzartuz gero, zerbitzu osagarri moduan ordaindu beharko da. Kontratua prestatzen ari den bitartean, bi aldeok elkar hartuta aukera dezakete zuzentzailea.

4.2.2.8 Dokumentazioa bezeroari bueltatzea

Bezeroak dokumentuak atzera eskuratu gura izanez gero, itzultzailearekin hitzartu beharko du.

4.2.2.9 Konfidentzialtasuna

Itzultzailea behartuta dago lanaren nondik norakoak isilpean gordetzera eta materialak beste inork eskuratu ezin izateko moduan gordetzera. Bezeroak konfidentzialtasun berezirik eskatuz gero, akordioa idatziz bidali beharko dio itzultzaileari izenpetzeko.

4.2.2.10 Itzultzailearen izena jasotzea argitalpenean

Itzulpena argitalpen moduan kaleratuz gero, bi aldeok adostu dezakete ea itzultzailearen izena aipatu behar den ala ez.

4.2.2.11 Argitaratutakoaren kopia itzultzailearentzat

Nahi izanez gero, bi aldeok hitzartzea dute ezen itzultzaileak itzulpen argitaratuaren beste kopia bat jasoko duela.

4.2.3 Xede testuaren ezaugarriak

4.2.3.1 Testuaren funtzioa eta jasotzaile mota

Bezeroak azaldu beharko dio itzultzaileari zein den itzulpenaren funtzioa eta nortzuek jasoko duten itzulpena.

4.2.3.2 Itzulpena zertan erabiliko den argitzea

Bezeroak adierazi beharko dio itzultzaileari zertan erabiliko den itzulpena eta ez duela baliatuko beste edozertarako. Adibidez, hitzar dezakete ea testua edonork eskuratzeko moduko argitalpenean agertuko den ala halako jasotzaile kopuru mugatua izango duen.

4.2.3.3 Terminologia zehaztea

Bezeroak halako terminologia jakin bat erabiltzea nahi badu, horren berri emango dio itzultzaileari eta horretarako material muntaduna helaraziko (ikus 4.3). Terminologi zerrendak eta glosategiak bildu behar izanez gero, berezirik adostu beharko da (ikus 4.2.2.5).

4.2.3.4 Hizkuntz aldakiak

Bezeroak halako aldaki bereziren bat eskatuko balu, itzultzailearekin hitzartu beharko du.

4.2.3.5 Bezeroak eskaturiko estilo (liburu)ari lotzea (etxearen estiloa)

Bezeroak bere erakundearen hizkuntz estilo espezifikoa edo barneko terminologia erabiltzeko eskatuko balio itzultzaileari, horren jakitun jarri beharko luke itzultzailea eta behar beste material emango (erakundearen estilo liburua edo itzul orientabideak).

4.2.3.6 Kontrolpeko hizkera

Bezeroak kontrolpeko hizkera erabiltzea gura badu, itzultzailea jakinaren gainean jarri ez ezik, materiala bidali beharko ere dio xede hizkuntzako kontrolpeko hizkera horren arauak argiro erakusteko.

4.2.3.7 Xede taldearen kulturara egokitzea

Beharrezkoa izanez gero xede testuko edukia moldatzea jasotzaileen kultur ezaugarriak direla bitarte, itzultzaileak beharrizanaz jabearazi beharko du bezeroa.

4.3 Bezeroak eman beharreko lagungarriak

Bezeroak ahal denik eta zabalen lagundu beharko dio itzultzaileari material lagungarriak eskura jarrita proiektu bakoitzaren helmenaren arabera; besteak beste horrelakoak:

  1. literatura berezia;
  2. terminologi zerrendak;
  3. glosategiak;
  4. testu paraleloak;
  5. testu inguru-mingurukoak;
  6. lan bisitaldiak.

Gainera, solaskideren bat edo beste ere izenda lezake bezeroak, itzultzailearen galderei erantzun ahal izateko.

Kalitatea areagotzearren, gomendagarria da bezeroak feedbacka eskaintzea itzuli bitartean eta kontratua bururatu den moduaz.

4.4 Beste itzultzaileren bat kontratatu edo haren esku uztea

Estandar honen arabera kontratuaren onuraduna itzultzaile freelancea bera, itzulpen sailen bat edo enpresa zein agentzia izan daitekeenez gero, kontratua berberak itzul dezake edo beste bati itzultzeko agindu. Horrela jokatzekotan, bezeroari dagozkion zereginen erantzukizuna bereganatuko du bigarren agintzaileak.

Itzulpen kontratua onartzen duen aldeak guztiz hartzen du bere gain itzulpen proiektu osoa azkentzeko erantzukizuna, itzultze lana bera itzultzaileren bati edo gehiagori eskualdatu badio ere. Kontratatuak batez ere segurtatu beharko du itzulpena koherentea dela hizkuntzaren eta edukiaren aldetik, baita terminologia modu funtsatuan erabili dela ere. Kontratuak bezeroaren erantzukizunari heldu behar dio eskuordetu dituen itzultzaileekiko. Analogiaz, 4.1 eta 4.3. atalen artekoa ezarri beharrekoa da ordezkaturiko itzulpenari dagokionez. Zer esanik ez, jatorrizko bezeroak izendaturiko solaskidearen izena eta horrenganako helmena azken itzultzaileari jakinarazi beharko zaizkio.

Proiektu bat zatikatu denean, komenigarria da proiektu ordezkari bat izendatzea, berak jaso ditzan itzultzaileen galdera-zalantzak, horrela ahalik eta gutxien jo behar izateko jatorrizko solaskidearengana.

4.5 Dokumentazioa

4.5.1 Dokumentazio jardunbidea

Itzultzaileak dokumentazio sistema sendoa eratu beharko du itzulpen aginduak dokumentatzeko. Besteak beste, honako hauek jaso beharko ditu:

  1. bezeroa;
  2. agindua jasotako eguna;
  3. agindu zenbakia;
  4. sorburu testua jasotako eguna;
  5. hitzarturiko prezioa eta hori zehazteko adostutako oinarriak;
  6. testu itzuliaren luzera (hitza, lerroa, denbora...);
  7. emateko modua eta bitartekoak;
  8. hitzarturiko emate eguna;
  9. benetan noiz eman zaion itzulpena bezeroari;
  10. eskaturiko zuzenketak;
  11. zuzenketarako gida lerroak;
  12. fakturaturiko zenbatekoa;
  13. faktura eguna;
  14. ordaina jasotako eguna;
  15. hitzarturiko konfidentzialtasun zioa;
  16. jatorrizkoaren izenburua;
  17. sorburu eta xede hizkuntzak;
  18. hitzarturiko zerbitzuak;
  19. bezeroak izendaturiko solaskidea;
  20. terminologia bereziaren iturriak;
  21. oinarri gisa erabilitako dokumentuen zerrenda;
  22. hitzartutako zuzenketaren edo orrazketaren zenbaterainokoa;
  23. itzulpenaren artxibo izena;
  24. nolako hardwarea edo softwarea erabili duen;
  25. non gorde den itzulpena eta noiz arte gordeko den.

Jakina, harreman orekatua izango da itzul proiektuaren luzeraren eta itzulgaiaren inguruan sorturiko dokumentazioaren artean.

4.5.2 Gorde beharreko dokumentuak

Itzultzeko agindu guztien bilakabidea aztertu ahal izateko, hona hemen itzultzaileak gorde behar lituzkeen dokumentuen zerrenda:

  1. eskabidea;
  2. onartze idazkia;
  3. kontratua;
  4. konfidentzialtasun hitzarmenen aldakiak;
  5. sorburu testuaren aldakia (bezeroak debekatu ezean);
  6. fakturaren aldakia;
  7. erabilitako edo aipaturiko dokumentuak;
  8. xede testuaren aldakia;
  9. besteren batek zuzenduz gero, orraztu «aurreko» eta «osteko» testuak;
  10. inprimaturiko materiala izanez gero, bezeroarengandik eskuraturiko aldakia (4.2.2.11 atala).

Dokumentuak gutxienez zenbat denboran gorde behar diren erabakitzeko kontuan izan beharko dira indarreko lege xedapenak eta bezeroarekin hitzarturikoak.

5. Sorburu testua

5.1 Orokorra

Bezeroak berak du itzultzaileari testu zuzena (eduki teknikoaren eta linguistikoaren aldetik) eskuratzeko ardura. Testua lantzerakoan itzultzaileak hutsik antzemanez gero, bezeroari berandu baino lehen jakinarazi beharko dio. Kontratatzaileak hartu behar du bere gain sorburu testuko hutsak zuzentzeko zein itzultzailearen galderei erantzuteko erantzukizuna.

5.2 Sorburu testua analizatzea

Itzultzaileak berak erabaki beharko du itzuli ahala ea behar duen terminologia erraz eskuratzeko moduan dagoen ala oraindik konpilatzeko ote den, eta ea noraezekoa den areago sakontzea gaia bera. Horiek horrela, ondokook landu beharko ditu:

  1. sorburu testua aztertzea;
  2. itzultzailearen beraren terminologi iturriak aztertzea;
  3. bezeroak lagatako terminologia aztertzea;
  4. bezeroak utzitako material inguru-mingurukoa aztertu eta ebaluatzea;
  5. beharrezkoa izanez gero, itzuli beharreko gaiaren gaineko ikerlan elebakar eta elebidunak aztertzea, baita bestelako iturburuak ere (adib., datu baseak);
  6. behar izatekotan, bezeroarekin zein bestelako adituekin edukiaren eta osagai teknikoaren gaineko zalantzak argitzea (konfidentzialtasuna zainduta, 4.2.2.9).

6. Xede testua

6.1 Orokorra

Xede testuak zuzena behar du xede hizkuntzako arauen arabera, bai ortografia, gramatika zein hizkuntz erabileraren aldetik.

Bezeroarekin hitzarturiko ezaugarriak beteko ditu xede testuak (ikus 4.2) eta, bestela adostu ezik, baita 6.2 eta 6.4 bitarteko xedapenak ere.

6.2 Osotasuna

Sorburu testua oso-osorik itzuli beharko da (kultur desberdintasunek eragotzi ezean, 4.2.3.7). Oinpeko oharrak, eranskinak, gehigarriak, taulak, zerrendak eta irudiak ere beren hartan emango dira, egoki gertatzekotan eta bestela hitzartu ezean, jakina. Irudi eta tauletako testua ere itzuli beharrekoa da.

Itzultzaileak sorburu testuari zer edo zer emendatu edo ezabatzekotan, bezeroari ohartarazi beharko dio (ikus 6.3.9).

6.3 Aurkezpena

6.3.1. Orokorra

Bezeroaren nahiak lehentasuna du testu osoa aurkeztu eta planteatzerakoan. Bestela adostu ezean, 6.3.2tik 6.3.9a arteko xedapenak beteko dira, zenbateraino eta xede testuari ezar dakizkiokeen bezain urrutiraino.

6.3.2 Paperaren neurria

Paperaren neurriak DIN-A seriearen araberakoak izango dira, ahal dela A4 motakoak (are ordenagailua erabiltzen bada ere).

6.3.3 Tipografia

Sorburu testuaren tipografiari eutsiko zaio, xede hizkuntzaren tipografi ekanduek besterik eskatu ezik.

6.3.4 Testuaren eta zerrenden egitura

Xede testua bat etorriko da sorburukoarekin egituran, izenburuetan, eta kapitulu zein atalen zenbakietan, xede hizkuntzako erabilera bereziek edo bestelako konbentzioek eragotzi ezean.

Sorburu hizkuntzako ohiko hurrenkeran sortutako zerrendak xede hizkuntzako ohikora bihurtuko dira, batez ere alfabeto ordenaz den bezainbatean.

6.3.5 Taulak eta irudiak

Xede testuko irudi eta taulen hurrenkera bat etorriko da sorburukoekin, ez bada xedeko tipografi ohiturek edo testuan izandako luzera zein eduki aldaketek bestela jokatzera behartzen dutela. Horrela gertatuz gero, taulari edo irudiari buruzko oharra txertatu beharko da testuan, zeini bere tokian.

6.3.6 Oinpeko oharrak

Bai kopurua, bai hurrenkera bat etorriko dira sorburukoekin, zergatiko linguistiko edo tipografikoek bestela eskatu ezean.

6.3.7 Bibliografi aipamenak

Bibliografi aipamenak aldatu gabe hartuko dira, beraz sorburu hizkuntzako izenburuari eutsi beharko zaio (transliteratuta, beharrezkoa izanez gero). Ahaleginak zentzuzko mugen barnean egonez gero, hala ere, itzultzaileak egiaztatu behar luke ea lan hori argitaratuta ote dagoen xede hizkuntzan. Horrela balitz, xede hizkuntzako ordain izenburua eman beharrean legoke.

Bibliografia osorik itzultzeko eskatuko balu bezeroak, berariaz hitzartu beharko luke itzultzailearekin eta, ondorioz, xede hizkuntzan bibliografiak emateko estandarrak (ISO 690, ISO 690-2, DIN 1505, DIN 1505-2) bete beharko lirateke ahalik eta estuen.

6.3.8 Ikurrak, unitateak, matematika materiala

Xede hizkuntzako ohiko moduan eman beharko dira. Hizkuntzazko adierazpendun indizeak (Pnetto) ere itzuliko dira, bezeroak jatorrizkoak uzteko eskatu ezik. Itzultzaileak ikur eta indizeetan zerbait aldatuz gero (ikus 6.3.9) bezeroari ohartarazi beharko dio. Unitateak konbertitzen badira, sorburu testuko balio eta unitateak eman beharko lirateke parentesi artean, ISO 31 (DIN 1301) saileko estandarrek xedatu legez.

6.3.9 Itzultzailearen oharrak

Sorburu testuaren gaineko ezein aipu berezi itzultzaile ohar moduan jasoko da eta, arau moduan, eranskin batera bilduko dira amaieran. Testuari ere gehitu dakizkioke oinpeko ohar gisan edo tipografia bereziaz honako egoera hauetakoren bat jazotzekotan:

  1. xede hizkuntzako hartzaileentzat interesgarria izateaz gain, xede testuaren azken idazketan agertu beharra egotea, edo
  2. bezeroak itzulpenari barne erabilera baino ez ematea, edo
  3. bezeroak horrelako oharrak lan handirik gabe ezabatu ahal izatea (euskarri elektronikoan, adibidez), hori onartzeko prest agertu dela, edo
  4. oharrak zein nabarmenduriko pasarteak inprimatzailearentzako baino ez izatea, itzulpena kalerako formatuan entregatzen ez denean.

6.4 Testuaz gogoan izan beharrekoak

6.4.1 Izenak eta laburtzapenak

Arau orokor moduan, izenak eta laburtzapenak ez dira itzuli behar, salbuespen izango dela xede hizkuntzan modu finkatu eta onarturen bat izatea artistak, pertsonaia historikoak, erakunde publikoak, animaliak, eraikinak, produktuak, lan literario, artistiko eta zientifikoak, eta izen geografikoak izendatzeko. Itzuli gabeko izenak edo laburtzapenak lehenengo aldiz agertzen direnean, itzulpena gehituko da parentesi artean irakurleari testua hobeto ulertzen lagunduko badio.

6.4.2 Norbanakoen tituluak, lanbideak eta zereginak

Ez dira itzuliko xede hizkuntzan ordain argi eta ezagunik izan ezean.

Lanbideak eta zereginak itzuliko dira xede hizkuntzan baliokide finkaturik izanez gero. Horrela ez izatekotan, ohorezko tratamenduak xede hizkuntzako funtzio baliokideaz bihurtuko dira. Ebazpide bat izan daiteke terminoa itzuli gabe utzita, testuan lehenengo biderrez agertzean azalpenezko itzulpena gehitzea, irakurleari testua hobeto ulertzen lagunduko badio, jakina.

6.4.3 Transliteratzea eta transkribatzea

Izenburu, izen eta laburtzapenak xede hizkuntzako alfabetoan agertu ezean, ISO (edo DIN) estandarren arabera transliteratu beharko dira, xede testuaren erabilerak edo bezeroarekin hitzartuek bestela egitera behartzen ez badute. Ez badago transliteratzerik, izena transkribaturik emango da, hau da, xede hizkuntzako soinu eta fonetika arauen arabera.

1. taula: Transliteratzeko estandarrak

Latinaren alfabetora transliteratzea ISO arauak DIN estandar
Alfabeto arabiarra ISO 233 eta 233-2 DIN 31635
Alfabeto grekoa ISO 843 DIN 31634
Alfabeto hebraikoa ISO 259 eta 259-2 DIN 31636
Alfabeto zirilikoa ISO 9 DIN 1460

6.4.4 Datak eta orduak

Xede hizkuntzako ohituren arabera emango dira data eta orduak, DIN EN 28601 estandarra gogoan. Egutegi sistematik sistemara bihurtzea bereziki itundu beharrekoa da.

6.4.5 Aipuak

Sorburu testuak aipu modura jasotako atalik izanez gero, xede testuaren zereginaren arabera tratatuko da. Egileak aipuak atera baldin baditu irakurle xeheak erraz eskura dezakeen lanen batetik, itzultzaileak aztertu beharko du ea xede hizkuntzara itzuli ote duten, horretarako ahalegina neurriz gainekoa izan ezik. Topatuz gero, aipu eta iturrien berri emango du itzultzaileak. Bestela, itzultzaileak aukeran izango du, besteak beste, aipuaren zentzu nagusia ematea edo antzeko testu desberdin batez ordezkatzea, testu itzulia zertan erabiliko den gogoan.

6.4.6 Termino berriak

Itzultzaileak termino berria sortuko du baldin eta zentzuzko ikerketaren ostean xede hizkuntzan baliokide finkaturik topatzen ez badu. Itzultzaileak landutako labetik harako termino berria halakotzat nabarmendu beharko du orripeko oharrean (ikus 6.3.9). Termino berriak sortzerakoan ISO 704 eta ISO 1807 (DIN 2330) kontuan izan beharko dira.

7. Aztertu eta zuzentzea

Itzulpena bezeroari bidali orduko, itzultzaileak honako hauek egiaztatu beharko ditu:

  1. osorik ote dagoen;
  2. testuaren helburua oinarri, ea edukia eta terminologiak zuzenak ote diren;
  3. joskera, gramatika eta hizkuntz erabilerak egoki ote diren;
  4. bezeroak xede testuaz eskaturikoak eta 6. ataleko xedapenak bete ote diren;
  5. bezeroaren gainontzeko eskakizunak ase diren (4.2 azpiatala);
  6. itzultzailearen oharrak egoki diren.

Txatal horietako bakoitza zenbateraino sakondu behar den bezeroarekin testuaren erabileraz 4.2.3.2 azpiatalean itundutakoek baldintzatuko dute.

Aurretik hala erabaki bada, eta zerbitzu berezi moduan, eduki batzuk adituren batek egiazta ditzake (4.2.2.7 azpiatala).

8. Itzultzailearen adostasun adierazpena eta DIN ikurra erabiltzea

8.1 Itzultzailearen adierazpena

Ezein itzultzailek adieraz dezake eze itzulpenak estandarraren arabera landuta daudela (adostasun adierazpena).

8.2 DIN ezaugarri ikurra erroldapean erabiltzea

Ezein itzultzailek gehitu diezazkieke itzulpenei DIN ikurra eta honako testu hau «DIN 2345 arauaren arabera itzulia, DIN Errolda zenbakia.: ...». DIN ikurra erabiltzeko baimena eskuratzeko, erroldan jasoarazteko eskabidea bidali beharko du itzultzaileak edo enpresak:

DIN CERTCO Gesellschaft für Konformitätsbewertung mbH
Burggrafenstraße 6
D-10787 Berlin

UNI-UNITER 10574

Italiako kalitate araua ez da alemaniarra bezain zabala, baina antzeko alorrak jorratzen ditu. UNITER (Kalitate sistemak normalizatzeko eta egiaztatzeko erakundea) delakoak landu du eta 1995eko azaroaren 9an onetsi zuen UNI (Ente Nazionale Italiano di Unificacione) erakundeko Batzorde Tekniko Zentralak. Bere xumea gorabehera, arestikoa ez bezala, interpretazio kontratuak ere arautzeko saioa da.

Aurrekoaren antzera, arauaren indar eremua zehazten du itzulpen zein interpretazio zerbitzu eta jardueretarako (1. atala). UNI EN ISO 8402 eta UNI EN ISO 29004-2 arauak (2. atala) aipatu eta aktoan, itzulpena, interpretazio motak (elkarrizketena, aldi berekoa, esan ostekoa eta chuchotagea) eta briefinga (itzulpen edo interpretazio lanak prestatzeko bilkurak) definitzen ditu (3. atala).

Zerbitzuaren baldintzak eta itzulpen zerbitzuaren nolakotasunak 4. atalean zehazten ditu arauak, ondoko faseok bereizita:

  1. zerbitzua hitzartu eta kontratua prestatzea;
  2. zerbitzua gauzatzea;
  3. zerbitzua kontrolatzea.

Prestatze aldi horretan, itzulgaia balioetsi eta sailkatu beharko dute honako hauek kontuan:

  1. nolako gaitasun kultural, zientifiko eta teknikoa behar den ataza arrakastaz bururatzeko;
  2. ea terminologia berezirik eskatzen duen;
  3. zertan eta nola erabiliko den testu itzulia;
  4. estiloa.

Bezeroak bidalitako testuaren sailkapen ezaugarriak oinarritzat erabiliko ditu itzulpen zerbitzuaren hornitzaileak itzulpen zereginak hainbat itzultzaileri banatu behar izatekotan, arauak 6.1 atalean adierazten dituenen arabera.

Itzulgaia euskarri idatzian edo informatikoan eman dezake bezeroak eta itzulpena berdin jaso. Kontratua gauzatzerakoan, bezeroak itzulpen zerbitzuaren eskura utziko ditu material lagungarri guztiak. Kontratistak, itzulpen enpresak, «Itzulpen proiektuaren arduraduna» izendatu beharko du eta lagun horri bizkarreratuko zaio itzulpen erantzukizuna, hasieratik bertatik itzulpena bezeroak eskatu legez entregatu arte. Arduradunaren izen-deiturak eta gainerakoak berariaz jakinaraziko dizkio kontratistak bezeroari.

Ez da ahaztu behar itzulpen zerbitzuen artean testua berrikustea, zuzentzea eta integratzea ere badirela.

Esan legez, arau honen ekarririk garrantzitsuena 4.2 azpiatalekoa da, interpretazio lanak arautzen baititu. Itzulpenari legez, interpretatzeari ere izendatzen dizkio hiru aldi, kontratu bidez jaso beharrekoak:

  1. zerbitzua hitzartu eta kontratua prestatzea;
  2. zerbitzua bera egitea;
  3. kontrola.

Gero, interpretazio mota bakoitzaren berri ematen du, lan baldintza fisikoak ere zehaztuta (kabinaren nolakotasunak, mikrofonoak...), interpretearen lanbide gaitasuna arautzen duen atal orokorrera bidaltzen ere duela.

Kontratu idatziak, gutxienik, ondoko hauek jasoko ditu:

a) merkataritza baldintzak:

  • saria;
  • nola fakturatu;
  • nola ordaindu;

b) eta proiektuaren edukiak:

  • bezeroaren eskariaren definizioa;
  • sorburu eta zerbitzu hizkuntzak;
  • eskainitako zerbitzuak zein eremutan eta zertan erabiliko den zehaztea (argitaratzea, enpresa barrukoa, teknika alorrekoa...);
  • sorburu eta xede euskarriak;
  • azpiegitura tekniko eta logistikoa zehaztea;
  • zerbitzu modalitatea eta epea (alorreko elkarteetarako lan baldintzen arabera);
  • deontologia profesionala gordeko delako adierazpena;
  • zerbitzu hornitzailearen egituraren gardentasun metodologiko osoaren bermea;
  • auziak nork ebatziko dituen zehaztea...

Klausula batek kontrol aldia nola gauzatuko den zehaztu beharko du.

Lansariak eta horiek zehazteko irizpideak ere arautzen ditu 4.3.1 atalean nahiz itzultzekoak, nahiz interpretatzekoak. Itzulpenetan neurritzat karakterea, hitza, esaldia edo orria proposatzen ditu. Aldi bereko zein esan osteko interpretazio saioetan 7 orduko gehienezko lanaldi zatiezina da neurria. Elkarrizketa interpretazioan gehienez 7 orduan lan egingo da eta, gutxienez, 2 ordu fakturatu beharko dira.

Bosgarren txataltxoan enpresa hornitzaileak gutxienik izan beharreko egitura zehazten du:

  • bezeroekin biltzeko gela bat (itzulpen zerbitzuetarako besterik ez);
  • testu eta grafikoak lantzeko informatika lanabesak (itzulpen zerbitzuetarako besterik ez);
  • testuak eskualdatzeko azpiegitura ohikoa edo telematikoa (itzulpen zerbitzuetarako besterik ez);
  • zerbitzu hizkuntzetarako euskarri linguistiko eta informatikoa (hiztegiak, datu bankuekiko loturak...).

Agidanez, oso oinarri-oinarrizko azpiegitura xedatzen du. Pentsatzekoa da horrelako hornidura xumea arau batera biltzeak bestelako zergatikoren bat edo beste izango duela eragile, beharbada, «piratei» ateak itxiz joatea edo itzultzaile guztiak oso oinarrizko baliabide estandar gutxienekoetara erakartzea.

Hurrengo atalean enpresa hornitzailearentzako iradokizunak bilduko ditu, bi ataletara egin ere:

a) giza (itzultzaileak zein interpreteak) eta teknika baliabidez hornitzeko bideak;

b) giza baliabideak prestatzeko modua.

Itzultzaile-interpreteak aukeratuko dituen arduraduna itzulpen ala interpretazio ikasketa agiri baten (diploma edo lizentzia) jabe izango da eta behintzat bost urtean lanbidean jarduna. Beharginak hautatzerakoan bi fase bete beharko ditu:

1) dokumentuak aztertzea:

a) curriculuma eta eskabidea (itzulpen edo interpretazio ikasketa agiria edo lan esperientziaren egiaztagiria erantsita).

b) izangaiaren zinpeko adierazpena, lanbiderako tresna eta hornidura egokiak dauzkalakoa.

2) idatziz edo ahoz aztertzea izangaiaren gaitasuna eta profesionaltasuna.

Prestakuntzaz den bezainbatean (6.2 atala), itzulpen enpresak, zerbitzuen hornitzaile diharduen aldetik, itzultzaileak eta interpreteak etengabe prestatzeko ekimena abiarazi eta iraunarazi beharko du eta, ondorioz, honako hauek zainduta:

- motibaziozko osagaiak;

- prestakuntza eta trebakuntza;

- barne komunikazioa.

Lantzean behin laguntzaileekin bildu beharko du zerbitzu bakoitza antolatzeko eta, bestalde, bezeroari bermatu beharko dio laguntzaile horiek lanbidean ohiko diren bitartekoen jabe direla, hori dena honako hauek indarrean jarrita:

a) eguneratze eta trebakuntza ikastaroak;

b) laguntzaile bakoitza bere aldetik eginiko eguneratze saioak enpresaren beharretara egokitzea, bat etor daitezen.

Ikastarook enpresa barrukoak zein kanpokoak izan daitezke, jakina.

Honaino italiar arauak landutakoa. Sarreran esan legez, ez da DIN araua bezain sakona, baina, funtsean, lanbideari erantsi gura dizkio beste alorretan indarrean jarriz doazen kontratuak eta kalitate-estandarrak zein horretarako ekanduak.

Vademecum-a

Italiak lanbidea antolatzeko beste saiorik ere izan du, hango itzultzaileen elkarteek abiarazitako Vademecum asmoa bitarte dela, itzulpen zerbitzuek erabili beharreko orientabide moduan plazaratua.

Besteak beste, edozein zerbitzutan kontuan hartu beharreko honako alderdi garrantzitsu hauek aztertzen ditu, gogoeta egiteko orientabide gisa:

  • Egokia ote da egoitza lan helbururako?
  • Behar beste tresnarik bai?
  • Zeren arabera aukeratzen ditu zerbitzu arduradunak langileak edo kanpoko itzultzaileak?
  • Itzultzen hasi baino lehen, testua aztertzen da eta baliabideak aukeratzen?
  • Itzultzaile bakoitzaren «historiala» egiten da (zer itzuli duen, zertan den aditua, etab.)?
  • Itzultzaileek lana beti profesionaltasunez egiten dutela neurtzeko biderik edo neurririk ezarri da?
  • Ba ote dago bide arauturik lana bezeroari bidali aurretik kontrolatzeko?
  • Itzulpenaren estiloa berrikusteko ardura duen lagunik bai (jakina, berrikusi beharrekoa lehen hizkuntzatzat izan beharko)?
  • Epeak betetzen ditu beti zerbitzuak?
  • Bezeroaren eskabidearen baldintzak betetzen ditu beti?
  • Antzeko zerbitzuekin elkarlanean jarduteko biderik ezarri du?

Itzultzaileen elkarteen federazio batek horrelako ekimen bat abiarazten badu kideen kalitate maila segurtatzeko, prentsatzekoa da ekimena abian jarri arte zerbitzu guztien egoera ez dela izan hainbesterainokoa. Galdetzea ere badugu ea nozitu duten itzulpen zerbituek merkatuaren presioa, maiz merkatu lehiak berak behartzen du-eta halako lanbide bat arautzera, desagertuko ez bada.

QUARTET proiektua

Kalitate arauak erabili ditugu hizpide, eta mintzagai honi dagokionez ezin ahaztuzkoa da Euskal Herrian asko itzultzen den arren, hainbat itzulpen zerbitzu pribatuk zein publikok ez duela ia inongo biderik xedatu itzulpenen kalitatea bermatzeko, eta ahalen bat egiten izan denean, sarritan hariok hizkuntza ereduaren matazan galdu direla. Gaiaren bi adarrei hel diezaiekegu: zerbitzuaren beraren antolamendu eta jardun kalitatezkoei eta kalitatezko produktuari (produktu linguistikoa, alegia). Baliteke oso produktu linguistiko ona ekoiztea enpresa antolamendu txarrarekin, baina horrelako egitura bat nekez izango da lehiakorra, batez ere merkatu irekian. Beste muturrean, oso enpresa antolamendu onak emaitza linguistiko badaezpadakoak ere ekoitz litzake, eta jardunean iraun luzaro, bezeroak sarri bai sarri ia inongo modurik ez duelako jasotako emaitzaren nolakotasunak neurtzeko. Horrelakoak ere, noiz edo noiz behera etorriko dira. Baina egoerarik ohikoenak ez dira muturretakoak izaten.

Nola ere den, kalitateak badu diruzko osagai bat, txin-txinaren hots zaharra, eta begi bistakoa bezain aldi bikoa da: kalitateak dirua balio du, inbertitzeko eskatzen du, baina kalitateak irabazi ederrak ekartzen ditu, mozkin sortzailea izan ohi da. Ertiak eta enpresak bat egiten duteneko eremu hori desgobernatu samar dugu gure etxean. Hori dena behar bezala eratzeko kapaz izango ote gara? Nork dantzatu beharko du akuilua?

Nolako kalitate kontrola, barren? Oraindik guztiz estandarizaturik ez dagoen hizkuntza batean, hala-holako estandarizazioa lortu arte egonean iraun beharra dago ala, aldiz, terminologi koherentzia eta enparauak sakonduz joan, horrek estandarizazioa bera azkartuko eta sendotuko duelakoan?

Mundu zabalean bezero batzuk hasita daude itzulpen zerbitzuei eskatzen kalitate arauren baten arabera lan egiteko. Eta halakorik oraindik gertatu ez den lekuetan, aldiz, itzulpen zerbitzu batzuek kalitate arauen araberako itzulpenak eskaintzeari ekin diote.

Horiek horrela, Europako Batzordeak sustatuta eta Labein euskal enpresa partaide dela, QUARTET deritzon proiektua ari da jorratzen Europan, DIN 2345 eta beste kalitate arau batzuen araberako industri itzulpengintza sustatzeko. Zer dela eta? Sustatzaileen iritziz, Europaren moduko inguru eleanitz batean itzulpen kalitatea bermatzea noraezeko jomuga da, erakunde, enpresa eta herritarren arteko komunikazioetan hizkuntzek oztoporik sor ez dezaten. Orain artekoan itzultzaileak ez ei daude guztiz ekanduta tresna berriak erabiltzen itzulpen lastertasuna edo metodologiak hobetu eta kalitatea bermatzeko. Bien bitartean, itzulpen zerbitzuen hornitzaileek gero eta gehiago itzuli behar izaten dute merkatua nazioartera hedatu ahala. Itzulpenak negozio arrakastatsuak burutzen laguntzen du eta horren kalitatea bermatzea iker helbururik behinena bihurtuz doa.

QUARTET proiektua Europar Batzordeko MLIS programaren bitartez finantzatutako proiektua da. Helburu nagusia itzulpen enpresa txiki eta ertainetarako kalitate sistema eraginkorra garatzea da. QUARTET sistemak enpresaren sare informatikoa bera erabiliko du oinarritzat. DIN 2345 eta ISO 9000 arauen eskakizunak betetzen ditu eta lan jarioaren (workflow) automatizazioari esker itzulpengintzaren kalitatea eta lastertasuna bultzatzen ditu. Horiek ez ezik, enpresatik kanpo lan egiten dutenei etxetik jardun ahal izatea bermatu gura ere die. Hartarako, langile guztiek enpresaren ezagutzak, baliabideak eta tresnak (datu baseak, hiztegiak, bukatutako itzulpenak, etab.) noizgura eskura izango dituzte.

Honako atal hauek izan ditu proiektuak:

Itzulpen prozesua bera definitzea

QUARTET proiektuan parte hartu duten enpresen artean bi itzulpen eta lokalizatze enpresa izan dira: Celer Pawlowsky espainiarra eta Archetypon greziarra. Enpresa horiek beren itzul jardunbideak zehatz-mehatz definitu zituzten, azpi-jardunbide bakoitzaren sarrera, irteera, adierazle, partaide eta helburuak zehaztuta. Informazio hori guztia erabilita itzulpen jardunbide estandar bat diseinatu zuten, edozein itzulpen edo lokalizatze enpresaren jarduna deskribatzeko baliagarria.

Kalitate sistema diseinatzea

Prozesua erabat definitu ostean, ISO 9000 saileko arauak betetzeko moduko kalitate sistema bat diseinatu zuten itzulpen enpresetarako, baita sistema horrek izango lituzkeen informazio jarioa, parte hartzaileak, dokumentuak etab. definitu ere. Horiek ez eze, enpresen kalitatezko prozedurak ere idatzi zituzten.

Kalitate sistemaren automatizazioa diseinatzea

Proiektuaren hurrengo jomuga kalitate sistemaren informazio jario automatikoa errazteko informatika aplikazioa diseinatzea izan zen. Jorraketa horretan Irlandako Lotus enpresaren laguntza izan dute, eta emaitza Lotus Notes inguruneko aplikazio berri bat izan da. Aplikazioak kalitate sistemako dokumentuak eta erregistroak gorde eta kudeatzeko datu baseak ditu. Langileek horietara sartzeko eta aldaketak egiteko ahalmenak mugaturik izango dituzte rol eta pribilegioen bitartez. Dokumentuak eta erregistroak etengabe eguneratzen dira eta, beraz, langileek dokumentuen azken bertsioak izango dituzte eskura aplikazioaren bidez.

Aplikazioak ISO 9000 araupeko kalitate sistema baten barnean bete behar diren ekintza guztiak unerik egokienean beteko direla ziurtatzen du, lan jario automatikoa bitarte dela. Ekintza bat bukatu orduko, ataza igortzen zaio hurrengo eginkizuna betetzeko arduradun egokiari, eta horrela jardunbideak ez dira eteten edo denboraz kanpo geratzen.

Sarea diseinatzea

QUARTET sistema abiarazteko sarea diseinatu zuen Archetypon enpresak. Diseinua egiteko orduan, enpresen baldintza teknikoak hartzen dira kontuan, sistema ezartzeko kostua ahal denik eta txikiena izan dadin.

Enpresaren ezagumen gordailuak diseinatzea

Aldi honetan enpresaren ezagutzak gordetzeko datu baseak diseinatu zituzten itzulpen enpresek. Datu baseok sare bidez langile guztien eskura egongo dira eta, ondorioz, itzulpenen kalitatea hobetuko da eta informazioa biziago bilatuko. Ezagutza gordailuen artean hiztegi teknikoak, estilo arau edo iradokizunak, itzulpen amaituak eta abar izango dira.

Ezarrera

Sistema osorik diseinatu eta aktoan, Celer Pawlowsky eta Archetypon enpresek sistema abiarazteari lotu zitzaizkion. Enpresa bakoitzak bai aplikazioa bera, bai datu baseak bere beharretara moldatu behar izan zituen eta beharrezko informazio guztia emendatu behar izan ere zien. Sistema abiatua dela, eredu proiektu batzuk bitarte QUARTET sistema nola erabili saiatzen jardun dute, apur-apurka sistema beste proiektuetara zabalduz joateko. Horixe izan da proiektuko atalik latzena, luzeena eta baliabide gehien xahuturikoa, ezbairik gabe.

Emaitzak ebaluatzea

Itzulpen enpresek QUARTET sistema erabilita lortu dituzten emaitzak aztertu dituzte. Horretarako, zenbait adierazle ezarrita, abiarazi aurretiko eta geroko balioak konparatu dituzte. Balioak aztertu ostean, QUARTET sistemari esker lortutako hobekuntza eta oztopo nagusiak identifikatu dituzte, sistema ezarri gurakoa den edozein enpresatarako baliagarriak izan daitezkeelakoan.

Emaitzak hedatzea

Proiektuaren atal hau berandutu da sistema abiarazten emandako denbora dela eta, baina QUARTET proiektuaren emaitzak lau haizetara zabaltzeko asmoa dago Europan zehar, eta beharbada Euskal Herrian bertan ere EIZIEgaz elkar hartuta.

Beraz, QUARTET deritzon proiektua itzulpen kalitatezko jardunbideak abiarazteko jaioa da eta hartarako tresna eta metodologia aurreratuak darabiltza. Besteak beste, komunikazio azpiegitura aurreratua oinarri izango duten osagai modularrak erabiliko dira itzulpengintzan.

Amaia

Euskal Herriko itzulpen zerbitzu ofizial zein pribatuak desafio biri erantzun beharrean daude. Erronketako bat Europa eleanitzetik datorkie, bestea euskal gizarteak berak bere buruari aitortutako koofizialtasunetik. Hizkuntza biotan kalitate bera segurtatu behar duten erakunde eta enpresa publiko zein pribatuek kalitate zirkuituen bermagarriak ezinbestekotzat dituzte. Enpresa pribatuek etekinak murriztearen zemaia dute buru gainean. Erakunde publikoentzako desafioa oso bestelakoa da: herritarren hizkuntza eskubideak eta diru publikoak daude jokoan. Ez dago etengabe jarduterik denon ekonomi baliabideak itzulpen zerbitzu txarto antolatuetan xahutzen.

Itzulpengintzaren kalitatea eragile askoren menpean dago eta labetik harako teknologi aurreratuek zein kalitate arauek asko eta asko lagun dezakete behar horretan. Telematikak eta telekomunikazioek izandako aurrerakuntzei esker, hizkuntz zerbitzuen enpresa hornitzaileek eta erakunde ofizialek aukera ezinago bikaina dute lan ingurune bakoitzean metodo eta tresna sofistikatuak ezartzeko zerbitzuen gestioa, kalitatea eta lastertasuna gehitzeko. Lehiaren meneko merkatuan noraezekoa dute itzulpen zerbitzuen hornitzaileek prozesua berriro «ingeniariatzea» merkatuan eraginkor iraungo badute. Itzulpen praktikarik onena erabiltzea faktorerik erabakigarriena izan daiteke lehiaketan buru izan ahal izateko.

Kalitatea bera ez da nahikoa enpresa batek negozioan iraun ahal izateko. Kalitatearen estandarizazioa ezinbesteko bihurtuz doakie lehiakor izateko asmoa duten enpresa guztiei. Baina kalitatea ezer ez da izango epeak labur eta kostuak zentzuzko izan ezean. Nola elkartu, orduan, bateko, halako lehiakortasun itzela eta, besteko, kalitate mekanismo estandarizatuak?

Kalitate sistemek burokrazi lan handia eragin ohi izan dute gaur arte. Bereak eta bi eman behar dituzte enpresek kalitatezko dokumentuak ondo idatzi eta gainbegiraturik, ontzat emanda eta behar bezala banaturik daudela segurtatzen. Nondik eskuratu laguntza? Lan jarioa bera automatizatzea izan daiteke giltzarria. Jardunbide hori, azaletik baino ez bada ere, QUARTET proiektuaren gaineko atalean azaldu da handi-mandika. Besteak beste, enpresa edo erakunde bakoitzaren ohiko lan prozesua ondo zehaztu ondoren, sare azpiegitura sendoak (Internet, intranet) beharko dira zedarritu eta diseinatu, taldeko langile guztiek tresnok eskura izateko moduan, kalitatea bermatzeko sistema automatikoaren euskarria izan ez ezik, itzulpen proiektuko lagun guztien telelana ere erraztuko du eta. Horregaz batera, beste tresna batzuk landu beharko ditu horrako enpresa horrek informazio gordailua itxuratzeko: datu base terminologikoak, glosategiak, enpresaren eta proiektu bakoitzaren dokumentu esanguratsuak, eta enpresaren ezagupen basea. Jakina, horrek ez du ia eraginik izango batera paperen joan-etorria errotik murrizten ez bada itzulpen jardunbidean bertan zein enpresa barruko txosten eta dokumentuetan. Askok berehala galdetuko dio bere buruari ea benetan ekar diezaiokeen inongo abantailarik horrelako kalitate prozesu automatiko batek harako enpresa edo erakundeari. Sosak (norberarenak edo herritarrenak) jokoan direla, erantzuna begi bistakoa baino gardenagoa da.

Lan jardunen automatizazioa ezbairik gabe egongo da kalitate sistema segurtatzeko moduan, hartarako mugarriak ezartzen badizkie lan prozesu eta jarraibideei (hau da, jendeak itzulpengintzari eusteko moduari), batera prozesuaren trinkotasuna ere bermatzen duela. Gutxiago ala gehiago automatizatutik, nolanahi ere den, kalitatea segurtatzeko arauek zein bestelako tresnek bi ondorio sail ekarri beharko dituzte:

a) Onurak:

  • Itzulpen kalitatea gehitzea.
  • Itzulpen ekintzak egokitzea edozein bezerok eskaturikoetara, halakoak emaitzarik onena eskura dezan.
  • Hizkuntza askotariko itzulpengintzarako euskarri errazagoa.
  • Itzulpen prozesu ondo egituratua, arauak zehazki definituko dituela lan jario osoan, kalitate-estandarretan oinarritutako kalitate sistemaren euskarri moduan.
  • Ekoizmena areagotzea, itzulpen ahaleginetatik erredundantziak ezabatuko dira eta.
  • Itzulpen proiektuak modu zehatzagoan katalogatu ahal izatea, lan prozesuak arinduta eta produktuaren ekoizte denbora laburturik.
  • Proiektua eta konfigurazioa modu eraginkorragoan gestionatzea eta itzul jardunbidea bera optimizatzea denbora eta kostuak aurreztuta.
  • Etengabe eguneratzea itzulpen tresnak, itzulpengintza bera ere aldez automatizatzearren.
  • Lantalde birtualen lana erraztea, taldekako itzulpenetan sortzen diren estuguneak gaindituta, telelana bera ere gehitzea.

b) Arazoak:

  • Teknologi aplikatua erakunde edo enpresaren lan ingurunean modu egokian txertatzea, itzulpengintza zein lokalizatze prozesuak oso-osorik gestionatzeko tresna estandarrak lantzea, eta lan jardunbidearen jarioari itzul zein lokalizatze tresna batzuk eranstea.
  • Lehengo prozesuetatik prozesu berrietara lasai igarotzea.
  • Langileak tresna berrietan trebatu eta prestatu beharra.
  • Jardunbide eta tresna berriak txertatzeak sor ditzakeen onurak eta kalteak modu fidagarrian neurtu beharra.
  • Baliabide eta materialak internet/intranet-erako formatu irakurgarrietara pasatzea.

Horiek horrela, kalitaterako eta automatizaziorako jauziak buruko minetan ekar diezazkieke itzulpen zerbitzuen hornitzaileei, ez dago ukatzerik. Baina beharbada jabetu beharrean gaude oraingo honek iraultza handiagoa ekarriko duela eskuz itzultzetik ordenagailuz itzultzera igarotzeak ekarririkoa baino. Gero eta gehiago itzultzen da. Gero eta arinago itzultzen da. Gero eta kalitate handiagoa eskatzen dute bezeroek. Irtenbidea? Kalitate-estandarrak betetzea eta horrelako estandarrak bermatzeko tresnak abiaraztea. Abantailen eta kostuen arteko orekaren auzian, atzenean gakoa horixe izaten da-eta gehienetan, itzultzaileok modu arinago eta hobean eskuratzen badute informazioa, kostuak ere murriztuko dira, telelaguntzazko metodoak merkeagoak direlako ohiko komunikabideak baino. Edozertara ere, ez dago ezkutatzerik kostuak handiak izan daitezkeela, baina ziur asko, ez beste ezein industria egokitzekoak baino handiagoak. Etekinek berehala hartuko diote gaina inbertsioari.

Kalitate-estandarrak eta itzulpen teknologiak direla bitarte itzul azpiegitura eraginkorrak eskura ditzakete enpresa-erakundeek zein banako itzultzaileek, erakunde publikoek erabiltzaile guztion esku jar baititzakete lokalizatze zein itzulpen baliabideak. Ez da urrunegi begiratu behar euskararen beraren estandarizatzeari eta gaurkotzeari zelako onurak (lasterrak) letozkiekeen antzemateko. Enpresa eta erakunde batzuk bide hori zapaltzen hasita daude, baina oso gutxitan lortzen izan dute urrutiko itzulpen taldeetako kideak elkarrekiko hartu-emanetan jartzea sare telematikoen bitartez. Euskal Herriko itzulpen erakunde batzuen joera langileak toki berera batzea da eta, horrela, teknika baliabideak bildu eta denon esku jarri partez, langileak berak pilatzen dituzte, telelanaren eta telematikaren abantailarik begi-bistakoenei ezikusi eginda. Normalean itzulpen konpainiek eta erakundeek kalitatea segurtatzeko halako edo bestelako kalitate bermagarriren bat darabilte, nahiz eta beti nazioarteko kalitate arauak oinarri hartzeraino heltzen ez diren, jakina. Horiek horrela, direnak direla kalitate criteria horiek, ondokoak izan beharko dituzte begi pare-parean: zehaztasuna, terminologia egokia eta horren trinkotasuna, hizkuntz kalitatea, estiloa eta tokian tokiko estandarrak. Badago egon horiek denak automatizaziorik gabe ere lortzea, baina ia erraldoi beharlekua izan daiteke hainbat itzultzailek landutako emaitzei elkarren antza eman behar izatekotan. Eta, jakina, ez da ahuntzaren gauerdiko eztula zuzentzaile/koordinatzailearen lansaria (kostu erantsia). Halako tamaina bateko enpresako automatizazio kostuaren bestekoa agian. Ez dago zertan berriro errepikaturik kalitatea bermatu eta itzulpengintza automatizatzeko sistemak bitarte direla gutxien-gutxienik itzulpen proiektuak lantzen emandako tarteak laburtzen direla eta hori ere badela dirua.

Dena dela kalitate delako hori, itzulpen eta lokalizatze enpresa-erakundeek honako ikurritz hau behar lukete izan beti begi aurrean: "Idatzi behin, erabili askotan".

BIBLIOGRAFIA

DIN arau ofiziala (ingelesezko bertsioa).

Neil Inglis «Hanging in the balance» in Language International 10.5 (1998).

Quartet proiektuko dosier ofiziala (ingelesezko bertsioa).

Thorsten Mehnert «Quality policy: comply or compete?» in Language International 10.5 (1998).

UNITER arau ofiziala (italierazko bertsioa).

Victorina Montanari «Vademecum dei centri di traduzione e interpretariato, una strada da seguire» in Federcentri Informa aldizkari elektronikoa, 1998, maiatza.

Wolfang Sturz «DIN 2345 hits the language industry» in Language International 10.5 (1998).