Testu-liburuetako hizkuntza-maila
Artikulua PDFn
1. Sarrera
Artikulu honen xedea, zenbait testu-liburutako euskara-maila aztertzetik ateratako ondorioak azaltzea da. Azterketa hori egiteko arrazoia, Deustuko Unibertsitateak Donostian duen egoitzan Euskal Filologiako azken urtea egiten ari ginela, eta Elixabete Perez Gaztelu irakasle genuela, Hizkuntza-Mailak deritzan gairako prestatu genuen lana izan da[1].
Aztergai izan dugun lan honetan, euskaraz argitaratutako testu-liburu guztiak hartzea ezinezkoa zitzaigunez, Eusko Jaurlaritzaren onespena duten Lehen Hezkuntzako azken kurtsoko zenbait testu-libururen gainean aritu ahal izan dugu soilik. Aukeratu ditugunak Euskara eta Ingurunea gaiak lantzen dituztenak dira, gure ustez hizkuntza-maila aztertzeko langai egokienak baitira.
Erabili ditugun testu-liburuen[2] izenak, gure lanean barrena behin eta berriz ahotan hartuko ditugunez, egokia iruditu zaigu laburdura hauez baliatzea:
- Txepetx: Txep.
- Ingurunea: Ing.
- Sirimiri: Sir.
- Giltza: Gil.
- Txanpa: Tpa.
- Txor - Txor: Tx - Tx.
Esan bezala, baliatu ditugun liburuak ez dira egun L.H.ko 3. ziklorako onetsiak dauden guztiak, eskuratu ahal izan ditugunak baizik. Hala ere, lagin baten antzekoa izan arren, gure ustez testu-liburu horiek ikuspegi zabalagoa eskaintzen digute, eta egun euskal hezkuntzan erabiltzen den hizkuntza-mailaz ohartaraz gaitzakete. Dena dela, beharbada guk hemen egindakoa baino lan sakonagoak eta osoagoak egin beharko lirateke. Izan ere, eskolak hamaika arazo larri dituen arren, hizkuntza-mailaz arduratzeari ez deritzogu gutxiesteko auzia.
Testu-liburu horien azterketa egiteko, gure lana bi ikuspegitatik bideratu dugu: didaktika eta gramatika aldetik. Irizpide horien bitartez, gure helburua liburu hauen egokitasun eta zuzentasun maila neurtzea izan da.
Egokitasuna neurtzerakoan aztertutako liburuak adin horretako haurrek duten hizkuntzaren eta ulermenaren mailara moldatzen diren edo ez ikusi nahi izan dugu. Hala ere, pedagogoak ez garenez, ez dugu Pedagogiaren eremuan gehiegi sartu nahi izan eta liburuak nahiko azaletik begiratu ditugu. Dena den, hamaika urteko haurren ulermen-maila nolakoa den ikusteko, Añorgako Amassorrain eta Urnietako Egape ikastoletara jo genuen. Gisa honetan, testuen egokitasuna bertako ikasleekin egindako ariketetatik epaitu ahal izan dugu, neurri batean, bederen.
2. Paragrafoen luzera eta antolamendua
Aztertutako liburuetako testuetan oso luzeak diren hainbat paragrafo aurkitu ditugu. Horrek zenbait eragozpen sor ditzake: alde batetik, hain luzeak izatean gaiaren haria galtzeko arriskua dago, areago hamaika urteko neska-mutilek; bestetik, liburugileak berak, esaldiaren zentzua galtzen duela dirudi eta gaizki moldatutako perpausak sortzen ditu:
Beste garraio mota bat hodien bidez egiten dena da, hala nola, hiriguneetara egin beharreko ur-garraikoak edota elektrizitate-sareen bidez (tentsio altuko sarea), korronte elektrikoa ekoizten den puntuetatik kontsumitzen den lekuetaraino bideratzen denean egindakoak. (Txep., 171).
Azpimarratua gurea da, sintaxiaren aldetik zuzena ez dela adierazteko; gure ustez, bideratzen denean soberan dago.
Europako Elkartearen helburuak estatuek beren ekonomiak pixkanaka elkartzea, merkatu baten bidez bateratzea eta ekonomia-sistema bakar bat osatzea da, horrela, elkarte honetako kide diren herrialdeen baldintzak berdindu, hobetu eta ingurugiroa zaindu, aurrerapen ekonomiko, politiko eta sozialen bidez. (Txep.,160).
Perpausaren bigarren zatian (horrela...sozialen bidez) zerbait falta dela antzeman dezakegu, alegia, zainduko da, aditz laguntzailea, adizki jokatua edo antzeko egituraren bat beharrezkoa da perpaus honek zentzua izan dezan.
3. Gaien trataera
Aztertutako liburuen argitaletxeak bat baino geihago izaki, gaien trataeran ere desberdintasunak islatzen dira:
Inguruneak biltzen dituen gaien artean (Historia-Gizartea, Natur Zientziak eta Fisika-Kimika) alde nabarmenena Historia-Gizartean sumatu dugu. Izan ere, Elkar argitaletxeko liburuak Euskal Herrian bertan egindako liburuak izaki, Euskal Herriko egoera sozio kultural eta historikora egokitzen dira. Ibaizabalekoak aldiz, Espainian egindako liburua denez, gaia lantzeko orduan ere, Espainia hartzen du kokalekutzat eta ez Euskal Herria. Gainera, Euskal Herriari aipamenik txikiena ere ez dio egiten. Aitzitik, Autonomia-Elkarte izenpean agertzen da:
Aipa itzazu zure Autonomia-Elkarteak esportatzen dituen produktu ezagunenak (Txep., 173).
Dudarik gabe, ikasleek Elkareko liburuek darabilten ikuspuntutik gertuago ikusiko dute beren burua, eta testuinguru eta historia horretan kokatzen errazago egingo zaie.
Euskal Herritik oso urruti, Ekialde Hurbilean... (Sir., 64)
Esan bezala, oso bestelakoa da Txepetx liburuaren ikuspegia:
GURE HISTORIA
Espainia jada, hobeto ezagutzen dugu: bere ingurune fisikoa... (Txep., 180)
Espainia abiapuntutzat hartzeaz gain, Gizarteari dagozkion zenbait gaik Espainiako antolamendu sozial eta politikoa dute hizpide. Ikastolan eginiko galderetan, ordea, ikusi ahal izan dugu ez direla gai gisa honetako testuak eta kontzeptuak ulertzeko:
Espainiako konstituzioa:
Espainiako Nazioak, justizia, askatasuna eta segurtasuna ezarri eta bertakoen ongizatea bultzatu nahian, subiranotasunaren izenean, honako asmo eta gogoak aldarrikatzen ditu:
-Konstituzioaren eta legeen esparruan demokrazia bermatzea ordena ekonomiko eta sozial zuzen baten arabera.
- Zuzenbidezko Estatua indartzea, bertako legedia herriaren borondatearen adierazgarri izango delarik. (Txep., 188).
Ingurunea gaian bezala, Euskaran ere alde handiak nabari dira atzizkien sistema edo deklinabide deitzen dena lantzeko garaian. Horrela bada, esate baterako Txanpa liburuan deklinabidea gaztelaniaren bidez azaltzen dute:
Quién ikusi gaitu gaur etxeko leihotik? (Miren)
Quién galdu zaigu mendiko bideetatik? (Xabier)
Alguien etorri al da gaur goizean itsasotik ? (Ez)
Alguien ikusi al zaituzte gaur Cordoba-tik ? (Ez) (Tpa., 17). Kaixo Txiki: (¿Qué tal?)
Azkenean ikasturtea (terminado) dago.
Egia esan, ez gara (de broma) ibili ikasturtean zehar, ez. (sudando) lan franko burutu dugu denon artean (codo con codo). (De este modo), lagun handiak egin ditugu gure ikaskideen artean. (Tpa., 192-193)
Ez du deklinabide osoaren inongo kuadrorik ematen. Planteatzeko modu horren ondorioz, kasuen arteko desberdintasunak ez bereizteko arriskua dago eta gaztelaniako hitz batzuen itzulpena egiten besterik ez dute ikasten.
Guztiarekin ere, Pedagogiaren arloan oso trebatuak ez gaudenez, alderdi horri begiratu bat besterik ez diogu egin eta artikulu honetan desegokiena iruditzen zaiguna besterik ez dugu aipatu.
Jarraian bada, bete-betean guri dagokigun gaiari helduko diogu, alegia, testu-liburuen hizkuntzaren aldeko zuzentasun eta egokitasunei.
Aztertutako testuak zuzenak diren edo ez epaitzeko euskal tradizioaren bideak eta euskara batuaren arauak jarraitzen ote dituzten izan dugu irizpide.
4. Kasu-markak
Kasu-marken alorrean hainbat hanka-sartze topatu ditugu. Esate baterako ergatiboaren erabilera okerra:
- Absolutiboa beharrean ergatiboa:
...faktoria-untziek zer diren... (Txep., 141)
...errepideek egin izan dira... (Txep., 170)
...arabiarrek (...) egon ziren...(Ing., 176)
...haurrak baginatik kanpora atera dadin (Txep., 83)
...karraskariek (...) bihur daitezke (Txep., 81)
Bestalde, baginaren ordez magina edo ematutua hobeto bide leudeke.
- Absolutiboa ergatiboaren ordez:
...gutxienekoak soilik diraute (Txep., 144)
Espainiar guztiak (...) dituzte (Txep., 162)
Masa komunikabideak(...) elkarrekin egiten dute lan (Txep., 165)
Zeinu berdineko poloak (...) indarra egiten dute. (Ing., 55)
(Gainera, berdineko beharrean bereko beharko luke.)
...bi pertsonak harremanak eduki ditzakete (Ing., 81)
Lehen mailako kontsumitzaileak (...) ugariagoak izan behar dute hortan (Ing., 95)
Bi pertsonak elkarren artean gutunez dituzte harremanak (Gil., 18)
- Antzerako koipez (Txep.,. 3), antzerako gauzak (Txep., 26): antzerako forma egun oso zabaldua dagoen arren, ez dirudi hagitz zuzena, -ra adlatibo marka soberan baitago. (Euskaltzaindia 1995: 251).
- Aztertutako testu-liburu guztiak -rekiko atzizkia daramaten hitzez josiak daude, askotan beste atzizki edo egitura bat erabiltzea egokiagoa bada ere.
Mendiarekiko aurkako lekua (Txep., 81)
Giza izaerarekin loturik daude askatasun ideologiko eta erlijiosoarekiko, adirazpen askatasunarekiko, manifestatzeko, biltzeko eta elkartzekoarekiko, intimitate-eskubidearekiko eta ohore eta heziketarekiko eskubideak."(Txep., 151)
Gainera, adibideotan ikus dezakegun bezala, sarritan oso modu traketsean baliatzen da aipatu atzizkia. Izan ere, -(r)ekiko, -(r)ekin + -ko atzizkiez osatua dagoen aldetik, beti izen batek lagunduta joan behar du.
Bestetik, badirudi askotan -(r)ekin soziatiboaren esanahia galdu, eta gaztelaniazko zenbait preposiziok (al, hacia...) euskaraz sortzen dizkigun arazoak konpontzeko, sistematikoki baliatzen dugula. Lehenengo adibidearen kasuan, mendiaren esatea aski zen; bigarrenaren kasuan, berriz, -(r)ekiko eta -ko atzizkiak nahasten dira, eta, antza denez, guztiak eskubideak izenaren laguntzaile dira. Hala ere, esaldia oso luzea gertatzen da, eta adieraren aldetik, badirudi itzultzaileak berak ere esaldiaren zentzua galdu duela. Honela bada, eskubideak izena, izenlagun bakoitzaren ondoan jarriko bagenu, intimitate-eskubidearekiko eskubideak egitura sortuko litzateke.
- Testu-liburuetan beste joera indartsu bat aurkitu dugu: Maiz mugagabea beharrean absolutiboa edo inesiboa erabiltzen dute. Adibidez:
Edozein komunikazio zentruko (Txep., 167)
Krabelina asko (Gil., 57)
Sua eman (Gil., 49)
iman berri batean bihurtzen da (Ing., 55)
iman batean bihurtzen da (Ing., 57)
mota bat beste mota batean bihurtzeko (Ing., 58)
OEHk (1997:435, 436) erakusten duenez, tradizioan inesiboa darabilten adibideak badauden arren, ez dirudi egokiena estandarrean, bederen, halakoak behin eta berriro erabiltzea.
Era berean, azken hiru adibide horietan gaztelaniaren eraginez sortu den joera bat suma dezakegu: gaztelaniako uno artikulu zehaztugabearen eraginez euskaraz bat zenbatzailea behar baino egitura gehiagotara zabaldu da. Honenbestez, txukunagoa litzateke iman bihurtzen da...esatea. Antzeko arazoa aurki dezakegu egitura honetan: lehen begirada batean (Ing., 25)
- Zenbaitetan instrumentala soziatiboak egon beharko lukeen tokian ageri zaigu:
...inguruneaz harremanak izatea (Txep., 82)
... errenta nazionala biztanle kopuruaz zatitu...(Txep., 144)
- Batzuetan bizpahiru leku-denborazko genitibo elkarren ondoan topatu ditugu. Berez, gramatikak mugak jartzen ez badizkigu ere, Euskaltzaindiari jarraiki (1993:164), ulermenari begira ez dirudi oso egokia denik bi -ko edo gehiago elkarren segidan jartzea:
Errepublika Txekiarreko Pragako hiriburuko datuak (Ing., 128)
...sortu zeneko garaiko (Ing., 11)
5. Hiztegia
5.1. Eratorbidea eta elkarketa
Atal honetan antzeman dugunez, liburugileek hitzak nolanahi sortzen dituzte, euskal eratorbidearen eta elkarketaren legeak jarraitu gabe.
Laburzurrean, artikulu honetan ez ditugu testu-liburuetan aurkitutako guztiak aipatuko; nabarmenenak iruditu zaizkigunetatik batzuk besterik ez ditugu ekarriko. Era berean, gehiegi ez luzatzearren, hitz horien desgokitasunaren azalpen laburra besterik ez dugu egingo.
- Biztanlegoa (Txep., 33, 169, 180, 188, 193), ikaslegoa (Txep., 187), gehiengoa (Gil., 79, 80). Hitz horien desegokitasuna adiera mailan sumatzen dugu. Izan ere, "multzoak" edo "elkarteak" adierazi nahi dira, baina -goa atzizkiak iparraldeko tradizioan "izen abstraktu", "ofizio", "neurri" edo "toki" adierak ditu. Beraz, zuzenagoa dirudi "multzoa" adierazteko hegoaldeko -(t)eria erabiltzen jarraitzea: ikusleria, biztanleria edo besterik gabe ikusleak, biztanleak, gehienak... (Euskaltzaindia 1995:481).
- Erabakiorra (Txep., 187): Hitz eratorri hori -kor eta -garri atzizkien arteko nahasketaren eredu garbia dugu: lehena pasiboa eta bigarrena aktiboa izanik, badirudi bien arteko alde hori gero eta ilunagoa dela. Beraz, adierari begira, hitz horretako oinarriak -garri hartu beharko luke: hautagarri, erabakigarri...(Azkarate 1993; Egunkaria, 1994ko otsailak 11, 26)
- Isladapen (Txep., 190), asmapen (Sir., 182, 192), erabakimen (Ing., 159), solidapen (Txep., 103), urtzapen (Txep., 45), burutzapen (Gil., 103), irudikapen (Txep., 37), motibapena (Sir., 44). Adibideotan ikus dezakegu -men/-pen atzizkia erabiltzeko joera oso handia dela eta sarritan egokiagoak izan zitezkeen beste zenbait atzizki bazterrean utzita (-zio, esate baterako), zuzenean -men/-penera jo dutela. Honezaz gain, horietako askok ez dute izenak sortzeko inongo atzizkiren beharrik, oinarria jada izena baita: isla (-da- alde batera utzita), urtze (aditz-izena), erabaki...
- Errepublikaren ezarrera (Txep., 193), sustraien hedapenak (Txep., 45), erakunde horien funtzionamendua (Txep., 149), informazioaren idazketa (Txep., 168), itsasuntzien eraiketa (Txep., 184), animalien haziera (Txep., 68), herrien agerpena (Txep., 190), fedearen agerpena (Txep., 190), egunkarien laborazioa (Gil., 41), nobela baten laborazioa (Gil., 191), paisaiaren deskribapena (Gil., 104), objetu baten funtzionamenduaren deskribapena (Gil., 145), liburutegiaren erabilpena (Gil., 146), fitxa bibliografiko baten ulerkuntza (Gil., 147), kontinente baten zeharketa (Tpa., 78). Horien azpian capacidad de decisión bezalako egiturak euskaratzeko sentitzen dugun beharra dakusagu. Egitura horiek guztiak erabat txartzat hartzekoak ez badira ere, argi dago aipatutako behar horrek gehiegizko nominalizaziora garamatzala. Horrezaz gain, erdal egitura hori jarraitu beharrak askotan tradizioan ageri ez diren izen berriak sortzera bultzatzen gaitu: ezarrera, eraiketa, laborazioa, zeharketa...
- joankoi (Ing., 143, 145): Emigrante hitzaren euskarazko baliokide gisa datorkigu, baina bere eraketa ez da zuzena, ez osamoduaren aldetik, ez eta adieraren aldetik ere: -koi atzizkiak izenak har ditzake soilik oinarrian (aurrerakoi, atzerakoi eta besteren bat kenduta) eta "joera-zaletasuna"adierazten du; hori noski, ez dator emigrante hitzaren adierarekin bat.
- anbulategi (Txep., 33), aprobetxategi (Txep., 90): Gaztelaniazko ambulatoriori euskal itxura emateko -tegi atzizkia erantsi diogu, baina hitz horrek oinarrian huts egiten du, euskaraz, bederen, *anbula ez baita ezer. (Sarasola 1997:58-60; Azkarate, Egunkaria, 1994ko otsailak 4, 26).
- Aprobetxategi, berriz, badirudi Euskal Herriko gaztelaniaz lagunarteko hizkeran erabiltzen den hitza dela, euskarazko -tegi atzizkia hartuz eratuta. Hala ere, liburu horretan euskarazko hitz jatorra eta arrunta izango balitz bezala agertzen zaigu. Gainera, -tegi atzizkiak "lekua" adierazten du eta kasu honetan, izaki bizidun batzuen kualitatea adierazteko erabilia dago. Honenbestez, gure ustez hitz hori zeharo desegokia da, eta ulermenerako ere ez da batere garbia, testuan agertzen den moduan behinik behin:
beste animalia asko aprobetxategiak direla esan izan da, etsairik gabe aurkitu direnean izugarri ugaritu baitira. (Txep., 90).
- belarrilkariak (Txep., 97), tindakari (Sir., 97): -kari atzizkiak "objektua-produktua" adierazten du eta ez aditzoinak adierazten duena egiteko balio duen zerbait. Beraz, hilkari edo tindakari ez lirateke hiltzeko edo tindatzeko balio duen zerbait baizik hil edo tindatu ondoko zerbait. Beraz, hilgarri / tindagarri edo beste egituraren batera jo beharko litzateke gogai hori adierazteko. (Azkarate, Egunkaria, 1994ko otsailak 11, 26).
- basamortutsu (Txep., 65): Adibide hori osamoduari begiratuz zuzena den arren, adieraren alderditik zailtasunak sortzen ditu: erliebe basamortutsua. Badirudi gaztelaniako relieve desértico itzuli nahian sortutako izenondo aldrebesa dela. Eta gure iritziz, nahikoa litzateke eta gardenagoa basamortu-erliebea hitz elkartura jotzea.
- energia askodun (Txep., 74), leiho gutxidun (Txep., 190), esanahi berridun (Gil., 8), bere azkazal belzdun eskubiko esku kiratsa (Gil., 127): Tradizioari begira, eta 1995eko Euskaltzaindiaren arauak baieztatzen duen bezala, egitura horietan -ko atzizkia erabili beharko litzateke -dunen ordez (Euskaltzaindia 1995:177). Horrez gain, aipatzekoa da azken adibideko egitura narratsa.
- europear (Txep., 189): Badirudi hitz horren oinarrian erdaretako europeo / européen / european izenondoa dugula. Jatorria adierazteko, ordea, Europa izen berezia hartu beharko litzateke oinarritzat. Hortik abiatuz, europar hitza izango litzateke zuzena (Miel Loinaz 1992; Euskaltzaindia 1995:272).
- beretsu (Txep., 7, 69, 133; Ing., 20): Bertsu idatzi beharrean beretsu agertzen zaigu behin eta berriz. Izan ere, -tsu erator-atzizkia zuzenean lotzen zaio kontsonantez amaituriko oinarriari; eta, bere izenlaguna baino izan ez daitekeenez, ez da oinarri egokia. Hortaz, oinarria ber denez, hitz eratorriak bertsu behar du (Oihartzabal 1994:26; Euskaltzaindia 1995:50).
- kuriosoki (Tpa., 45), kuriositate (Tpa., 74): Aditzondoak sortzeko -ki atzizkiak oinarrian izenondoak hartu ohi ditu. Alde horretatik, badirudi kuriosoki ongi eratua dagoela kurioso izenondoa baita. Tradizioan, ordea, ez da kurioso agerzen kurios baizik (Sarasola 1996:500). Beraz, oinarri egokia azken hori denez, hitz eratorriak kurioski izan behar luke eta ez kuriosoki. Beste horrenbeste gertatzen da kuriositate hitzarekin. -tate atzizkiak izenondoak har ditzake oinarrian baina kasu honetan, mailegu egokitua dugu. Euskaraz kuriosi ez da ezer. Horregatik, hiztegiek ematen dituzten formak kuriostate, jakinmin edo kuriostasun dira. Era berean, gauza bitxi ere esan dezakegu.
Tradiziokoak ez diren zenbait hitz elkartutan, bi osagaiak elkarrekin idazteaz gain, hots-aldaketak ere egiten dituzte eta hori ez dator Euskaltzaindiaren arauekin bat (Euskaltzaindia 1995:136). Esate baterako: anaigiroan (Txep., 150), lagungiroan (Tpa., 202), ibaiaho (Txep., 56), lagunurkoa (Txep., 157), argitzala (Txep., 106), abelbideak (Txep., 91), iparrekialdean (Txep., 90), betabereak, zaltabereak, artabereak, udabereak, ahuntzabereak (Txep., 91), segundorratza (Txep., 99), erregetxeetako (Txep., 188), gorputzadarretako (Gil., 143), irratikaseta (Tpa., 98).
5.2. Erdarakadak
Bestalde, eta zuzenean elkarketari ez badoakio ere, aztertutako testu-liburuetan agertzen diren zenbait egituratan gaztelaniaren itzala suma dezakegu. Hala nola:
- espazialontzia (Ing., 32), ugalketa-sexuala (Ing., 75, 78; Txep., 78), sentzazio sexuala (Ing., 91), iraultza industriala (Txep., 128), untzi espazial (Txep., 129), arau konstituzional (Txep., 159), zelula sexuala (Txep., 78), drama eternal (Tpa, 84), esaldi adberbial (Tpa., 90, 91), komunikabide-sozialak (Txep., 166), osasun mentala (Tpa., 144). Egitura horiek euskaraz onartzekoak baldin badira, alegia, erdal adjektiboa hautatzen bada, izenaren eskubitara dute beren tokia, hots, euskaraz izenondoek hartu ohi duten tokia errespetatuz. Horren arabera, espazialontzia gaizki legoke eta Txepetxek darabilen untzi espazial (Sarasola 1997:170-172) edo Giltzan (Gil., 8) agertzen zaigun aireontzi erabili beharko genituzke (Sarasola 1997:232).
Halaz ere, untzi espazial, iraultza industriala... egiturak zuzenak badira ere, euskaraz baditugu beste aukera batzuk hori bera adierazteko eta beharbada, gaztelaniaz gisa honetako izen-izenondoak ditugunean bide horietara jo beharko genuke. Aukera horietako bat, beti ezin egin badaiteke ere, hitz elkartuetara jotzea litzateke. Bide horretatik egitura horiek honela taxutuko genituzke: espaziontzi, sexu-ugalketa, sexu-sentsazio, industria-iraultza, konstituzio-arau, sexu-zelula, gizarte-komunikabide, buru / gogo-osasuna... Drama eternalen kasuan, berriz, betiko drama edo antzeko egituren bidez ematea egokiagoa litzateke. Bestela, izenlagun + izena bezalako egituretara ere jo daiteke.
- merkatal harremanak (Txep., 173), merkatal elkarraldaketa (Txep., 164): Merkatal forma merkataritik datorrenez, bere gramatika-kategoria izena da. Gainera, merkatarik [+ gizakia] tasuna du eta merkatalek ez digu tasun hori iradokitzen. Areago, gaztelaniazko relaciones mercantiles egituraren oihartzuna sumatzen dugu. Euskaraz, ordea, gisa horretako izenondo erreferentzialik ez dugunez, badirudi -al horren bitartez eman nahi dela aditzera. Hortaz, egitura horri bazterrean uztekoa dela deritzogu eta Sarasolak ere hori bera uste du liburuan nekazalturismoaz ari dela (Id.:146).
Honenbestez, beste modu hauetara adieraztea zuzenagoa dela uste dugu: merkataritza harremanak, merkatarien arteko harremanak, merkatu arteko harremanak, merkatu harremanak...
- jaiotze data (Gil., 19), erabilera-jarraibideak (Gil., 146): Aditz izena + (aditz) izena osamodua duten hitz elkartuek ez dirudite gure idazleen artean tradizio handikoak eta horren arabera, jaiotegun edo sortegun egokiagoa da jaiotze-data baino. Erabilera-jarraibideak hitz elkartuari erreparatzen badiogu, berriz, liburugileek sortu dutela bistan da. Bestetik, adiera aldetik erabat iluna denez, gure ustez alde batera uztekoa litzateke eta horren ordez, erabiltzeko bideak, erabilbideak edo antzeko egituren bidez eman.
5.3. Maileguak
Aztergai ditugun liburuetako testuetan erdaratiko hitz ugari topatu ditugu. Esate baterako: botere exekutiboa (Txep., 158); exekutibo hitzak seguru aski, hamaika urteko haur batentzat beste esanahi bat izango du: enpresa gizon edo emakumea... Honenbestez, ez da botere exekutiboaaren adieraziaz ongi jabetuko. Aldiz, UZEIk dakarren betearazteko botere edo guk eskolan ikasi genuen botere betearazlea garbiagoak direnez, hitz horren adiera hobeto jaso dezakete.
Maileguak erabiltzeko orduan, oreka edo irizpiderik ezaagerian geratzen da; izan ere, zenbaitetan, egunero erabiltzen ditugun hitzen ordez maileguetara jotzen dute. Adibidez: eskualde, eremu... erabili beharrean erregio (Txep. 141), funtsezko hitzaren ordez esentzial (Tpa. 84) ospakizun edo elizkizun beharrean zeremonia (Tpa. 24, 93) krezatzaile (Tpa. 85) sortzaileren ordez eta abar. Bestetan, berriz, maileguetara ez baizik, eguneroko euskaraz —haurren artean batik bat— oso ezagunak ez diren hitzak baliatzen dituzte; hala nola: jaraunspenezko monarkia.
Ildo beretik, sukalkin (Tpa., 130) hitza ere aurkitu dugu. Osamodua gora-behera, tradizioan oinarritutako hiztegietan soilik aurki daiteke, jada zaharkitua dagoen hitza baita. Horren ondoan, egun erabiliko genukeen hitza sukaldari da. Beraz, ulermenari begira, askoz egokiagoa iruditzen zaigu azken hori erabiltzea. Testu-liburuen helburua irakaskuntza da, izan ere, eta, horretarako, behar-beharrezkoa da erabiltzen den hizkuntza-maila argia eta ulerterraza izatea.
6. Aditza
Aditzaren inguruan ere hainbat eta hainbat trakeskeria irakurri ahal izan ditugu. Hona hemen aurkitu ahal izan ditugunetarik zenbait:
- Ohiturazko orainaldia, orainaldi burutua erabili beharko litzatekeen tokian agertu zaigu hainbat pasartetan:
...dinosaurioak sortzen dira (...) hasten dira(...) agertzen dira...(Sir., 29)
V. mendearen hasieran (...) bukatu egiten da (...) iristen dira... (Txep., 186)
...bere iloba Karlos I.ak (...) hartzen ditu (...)ematen zaio (...) Portugal Espainiatik banatu egiten da... (Txep., 192)
- Aditz komunztaduran ere hutsak topatu ditugu. Hala nola:
Bikote batek haurrik izan nahi duten (Sir., 199)
Propietate honek zer pentsatu ugari ekarriko dizute (Ing., 41)
Egurra, papera edo beste erregaiak (...) askatzen dute (Ing., 49)
Aldaketei deitzen diogu (Ing., 75)
Guzti hauei (...) deitzen zaio. (Ing., 86)
Hemen alboan duzu burdinolaren marrazkia eta hurrengo orrialdean erreka ertzeko burdinola baten argazkiak (Ing., 197)
- Iritzi aditzaren zenbait forma trinko ez datoz euskal aditz batukoekin bat (Euskaltzaindia 1993:370-371):
deritzaie (Ing., 13, 45, 46, 52, 55, 106, 127): aditz batuak deritze nahiz derizte dakartza forma zuzentzat.
deritzaio (Txep., 80): deritzo / deritza dira aditz-forma zuzenak.
7. Joskera
Joskeraren alderditik ere desegokitasun ugari aurkitu ditugu:
- Bezalaren erabilera okerrak:
...barbaro bezala izendatzen... (Txep., 186)
Aintzira hauen artean Leman aintzira eta Konstantzakoa aukeratu ditugu garrantzitsuen bezala. (Ing., 125)
ori dela eta, Europako lurralde gehienak klima epeleko bezala har ditzakegu. (Ing., 126)
Kirikitxok esanda bezala liburuko 35. orrialdera joana bazara... (Ing., 36)
- Azken urte hauetan ekialdeko -elarik menderagailua hartu eta gaztelaniako gerundioa agertzen zaigun testuinguru guztietan baliatzen hasi gara horren ordain gisa, ondorio balioarekin. Hori ordea, ez da izan bere jatorrizko erabilera. Izan ere, ekialdean denbora, kausa eta kontzesio adierarekin erabili ohi da. Eskola liburuetan erabilera oker horren hainbat adibide aurkitu ahal izan dugu:
egiten dugularik (Ing., 25), daudelarik (Txep., 72), direlarik (Txep., 84), duelarik (Txep., 77), delarik (Txep., 120), duelarik (Txep., 134, 135, 137, 142, 148, 161, 183, 185), eta abar.
J. Garziak (1997:304) horrelakoak euskaraz emateko zenbait bide aipatzen dizkigu; hala nola: koordinazioa edo justaposizioa, -z edo -rik atzizkiak...
- Bitartean lokailua gaizki erabiltzen dute maiz:
Iparraldeko aintzira hauek (...) diren bitartean , Alpetako... (Ing., 125)
bakarra duen bitartean... (Tpa, 24)
Horiek gaztelaniatik zuzen-zuzenean egindako itzulpenak dira. Bitartean ez dago bere berezko balioarekin, gaztelaniako mientras konparazio kutsua duen lokailuaren ordainetan baizik. Gainera, arestian aipatutako gaztelaniazko gerundioarekin gertatzen zen bezala, mientras hori gaztelaniaz ere ez dirudi zuzen erabiltzen denik. Eta berriro ere erabilera oker hori geureganatu dugu (Id.: 285-287).
- Dela medio egituraren erabilera okerra:
arrazoi hori medio (Txep., 59)
trataera berriak medio (Txep., 193)
- Ere emendiozko lokailuaren, eta, bereziki, baita ere egituraren erabilera ez da beti zuzena (Euskaltzaindia 1990:45-51). Esate baterako:
Hartu baita ere (Tx-Tx, 63)
Aztertu, baita ere, energi iturriak: ikatza, petrolioa, gas naturala... (Ing., 51)
Hor dugu, baita ere, kanpoan egoten diren metaletan ematen den oxidaketa ere. (Ing., 49)
Adierazi baita ere, animalia horiek erruleak ala umegileak diren. (Ing., 74)
Baita ere / ezta ere egituren osamodua bai + eta / ez + eta denez, bi edo osagai gehiago elkartzen dituzte. Beraz, baita / ezta osagaia ezin da elkartzen dituen bi osagaien atzean joan, bien erdian baizik. Honenbestez, adibide horiek gisa honetara hobeto bide leudeke: energi iturriak ere aztertu, kanpoan egoten diren metalen oxidaketa ere hor dugu, eta abar. Bestalde, azken adibide horretan (ematen aditzaren erabilera alde batera utziko dugu, oraingoz; izan ere, horri buruz "8. Gaztelaniazko kalkoak" atalean jardungo dugu) baita ere eta ere, biak batera agertzen dira.
- Zenbait pasarteren osamodua aski iluna da:
Gas desberdinez osatutako eta Lurra inguratzen duen geruza da atmosfera (Ing., 17).
(Ikus desberdin hitzari buruz gorago esandakoa).
ur nahiko dutela (Ing., 122)
Badirudi nahiko(a) graduatzailea izenaren ezkerretara jarriz gero -a mugatzailea eskatzen duela. Hala ere, aukera bat baino gehiago dugu: ur nahikoa, nahiko ura, nahiko(a) ur (Euskaltzaindia 1991:183).
eskualde buru ziren horietan eta egun zehatz batzuetan ospatzen ziren (Txep., 172)
botoa ematen du sufragio unibertsalaz (Txep., 157)
Ez dirudi egitura horretan zuzena denik kasu-marka instrumentala erabiltzea, sufragio unibertsala ez baita bozkatzeko "instrumentua", horretarako baldintza baizik.
- Ondoriozko perpasuen egitura okerra:
Begiak hain ditu txikiak (...) marratxo bi diruditela (Gil., 9).
Horrelako hutsak gaztelaniaren ondoriozko perpausak kalkatzerakoan (tan...que) sortu ditugu euskaraz; kontuan izan gabe gaztelaniazko que guztiek ez dutela euskarazko -ela menderagailu konpletiboaren balio bera.
8. Gaztelaniazko kalkoak
Atal honetan gure testu-liburuetan aurkitu ditugun gaztelaniazko egitura eta semantikaren mailako euskarazko kalkoak izango ditugu mintzagai. Horren erakusgarri dira, besteak beste, honako adibideok:
- erreferenduma ospatu (Txep., 157), bizikletaz zirkulatu (Txep.,176, 177), pertsonen zirkulazioa (Ing.,159).
Gaztelaniako celebrar aditzak euskarazko ospatuk baino eremu zabalagoa hartzen duenez, gaztelaniaz aditz horrekin esaten diren hainbat egitura euskaraz ospaturekin adierazteko joera okerra zabaldu da. Euskaraz, erreferenduma egin edo galdetu zuzenagoa litzatekeen arren, egin aditza arruntegia sumatzen dugulako edo, eta gaztelaniaren eragina oso handia delako egitura trakets horretara jotzen dugu.
Beste bi adibideei dagokienez, zirkulaturen ordez euskaraz ibili esango genuke baina gaztelaniaren andar/circular aditzen arteko bereizketa egiten denez, eta hizkuntza "teknikoago" baten izenean, euskaraz ez dauden bereizketa horiek egiten ari gara.
- Mantendu
Euskal aditz horrek (familia mantendu, behiak mantendu...) gaztelaniazko mantenerekin duen antza dela medio, azken horrek duen esparrura zabaldu zaigu, honako egiturak sortuz: begia eta likidoaren gaina lerro horizontalean mantendu (Ing., 40), kableak pertson eta animaliengandik urruti mantentzen dira (Ing., 54), dieta mantentzeko (Txep., 35), heze mantentzen (Txep., 88), gero eta azkarrago egin behar dugu korrika leku berean mantentzeko (Txep., 116), instituzioak mantendu (Txep., 188), ingurugiroa mantendu (Txep., 162),portaera zuzena mantendu (Gil, 40), ardatzak mantenduz (Gil., 46), jarrera hauek mantentzen dituzun (Gil., 50). Beraz, atxiki, eutsi bezalako aditzak ere hor daudela ez genuke ahantzi beharko. - Gaztelaniaz dar aditza era inpertsonalean erabil daitekeen arren, euskaraz eman iragankorra da. Hori dela eta, gaztelaniaz se da gisako egiturak ditugunean, euskaraz gertatu, jazo...edo antzeko aditzen bidez eman behar ditugu. Beraz, eman da (Ing., 24, 49, 73, 80; Txep., 174, 183,187) gisakoak erabat baztergarriak dira. Adibidez:
ratxo birkonkista astiro eman (Txep., 187)
herrialde edo nazio garatuetan eman ohi dira (Txep., 174)
Hor dugu, baita ere, kanpoan egoten diren metaletan ematen den oxidaketa ere. (Ing., 49)
- Nagusiena (Txep., 91, 99, 126, 143, 145, 150, 187; Ing., 126)
Nagusi izenondoak ez du gradu gorenak sortzeko baliatzen dugun -en osagaiaren beharrik, gradu gorena baita (Sarasola, 1997: 143). - Desberdin (Txep., 14, 23, 25, 40, 51, 78, 113, 123; Ing., 29, 33, 36, 38, 45, 50, 86, 94, 112, 124, 170, 181; Gil., 97, 176, 177): gaztelaniaren eraginez, desberdin gehiegi erabiltzen da eta askotan modu desegokian (Id.: 57). Zenbait kasutan, ordea, ez da beharrezkoa. Esate baterako:
Gorputzeko atal desberdinek ere elkarrekin komunikatua egon behar dute (Txep., 14).
Komunikatua gaizki komunztatuta egoteaz gain, desberdin soberan dago. Izan ere, gorputzeko atalek esatea aski litzateke. Gisa bera gertatzen da besteak beste adibide hauetan ere:
...hau era desberdin askotara gerta daiteke beraiengan (Txep., 78).
Horrenbeste plastiko mota desberdin daudenez... (Txep., 113).
...makina mota desberdin ugari dago (Txep., 125).
...hiru multzo desberdinetan (Ing., 124).
...sei nahastura ezberdinen zerrenda (Ing., 46)
...ugaltzeko era desberdin horiek guztiak (Ing., 94)
... hiru edo lau janari desberdin prestatu (Gil., 176)
Ipinitako adibide horietan aski litzateke era askotara, horrenbeste plastiko mota, makina mota ugari, hiru multzotan, sei nahasturen, ugaltzeko era horiek guztiak, hiru edo lau janari esatearekin. Berriz ere gaztelaniaren eragina aipatu behar dugu, bai baitirudi desberdin esaten ez bada, ez dela argi geratzen makina, plastikoak... desberdinak direla.
Mota ugari, era guztiak, hiru multzo... dagoela esaten bada, ordea, jadanik agerian jartzen da ez direla berdinak.
Beste zenbait kasutan, berriz, desberdin hainbestetan erabili beharrean beste egitura batzuen bitartez ere azal daiteke: hainbat, zenbait, ugari... edo antzekoen bitartez besteak beste:
bizitzeko modu desberdinak (Txep., 181)
une desberdinak (Txep., 170)
hedadura desberdinak (Ing., 112)
Besteren ordez ere inoiz ageri da ezberdin osagaia: eskala ezberdinera marraztuta (107.or). Esan bezala, kasu honetan beste eskala batean marraztuta esatea egokiagoa izango litzateke.
Areago, hitz hori bi modutara agertzen zaigu: desberdin nahiz ezberdin. Ez dirudi irizpide jakinik jarraitzen denik bata eta bestea erabiltzeko garaian. Aitzitik, elkarren ordezko dira eta balio berbera dute. Esate baterako: propietate desberdin horien (Ing., 45), sei nahastura ezberdinen zerrenda (Ing., 46), energia iturri ezberdinez (Ing., 50), bi era desberdini (Ing., 50)...
- Desberdinekin batera, berdin ere arras gaizki agertzen zaigu (Txep., 7, 47, 69, 72, 77, 112, 123, 125, 150; Ing., 10, 14, 16, 20, 37, 42, 48, 55, 68, 69, 81, 87, 106, 186; Sir.,12, 185).
Berdin eta bera ez dituzte bereizten, elkarrekin nahasteraino (Euskaltzaindia 1993: 133):
Guztiok ez dugu berdin jokatzen (Txep., 7).
Eguzkiaren argiak eta beroak ez du intentsitate berdina (Txep., 47).
...izaki bizidun guztiak ez gara modu berdinean elikatzen (Txep., 72).
Hari eroalean zehar ez da beti elektroi kopuru berdina joaten (Txep., 123).
Umea eta heldua ez daude euskarritik distantzia berdinera (Txep., 125).
...ezaugarri berdina dituztenak talde berdinean (Ing., 69).
...iraupena ez da berdina (Ing., 81).
Kasu horietan guztietan, bera erabili beharko lukete, ez baita izaki bat baino gehiagoz ari, bakar batez baizik.
9. Ondorioak
Hori guztia ikusi ostean, akats horietako asko —gaztelaniak duen eragina ahantzi gabe, noski— arreta ezagatik egiten direla esan dezakegu. Hori dela eta, akats horiek guztiak zuzentzeko premiazkoa iruditzen zaigu X. Mendigurenek "Irakaskuntza liburuetako euskararen desberdintasunak" (1996: 210-213) artikuluan dioen bezala, eskoletan banatuko diren testu-liburuak gainbegiratu, zuzendu eta orraztuko dituen talde edo erakunde bat sortzea.
Haurren hizkera hori hobetzeko gune funtsezkoa eskola-orduak dira. Horien barnean, noski, irakasleen hizkerak eta eskolak emateko baliatzen diren materialetako euskarak lagungarri ez ezik, eredu ere izan behar dute.
Beraz, euskara hobetzen lagundu beharrean, liburuak ere gaztelaniaz pentsatuak daudenez, umeak gaztelaniaz pentsatzera bultzatzen ditu, euskaraz ari diren ustearekin. Hortaz, hartzen ari diren oinarria kontuan izanik, ez gintuzke harritu behar neska-mutilen hizkuntza-maila horren eskasa izateak. Horri oso larria deritzogu, haur horiek izango baitira euskararen etorkizuna bere gain hartuko dutenak.
Egia da euskara eremu guztietara zabaltzen ari den heinean, "euskal usaina" neurri batean behinik behin galduko duela, baina testu-liburu horiekin lortzen dena euskara traketsa ez ezik —euskal usaina inondik ere ez darion hizkera— gaztelaniatik zuzenean itzulitakoa da.
Dena den, liburu guztiak ez dira maila berean jartzekoak. Guk azterturiko liburuen artean, alde nabarmenak sumatu ditugu Elkar-ek argitaratutako liburuen eta beste argitaletxeek plazaratutako liburuen artean. Azken horiek gaztelaniako ereduen itzulpenak edo moldaerak dira, eta darabilten hizkuntza-maila, zuzenean euskaraz sortutakoen aldean, kaskarragoa da. Honenbestez, agerian geratzen da itzultzaileek ez dutela lan handirik hartu hiztegietara jotzen edo erdal egiturei euskal ordain jatorrak bilatzen; aitzitik, orohar, gaztelaniazko formak hartu ditu itsu-itsuan, euskaraz zuzenak edo egokiak ote ziren begiratu gabe. Eta itzultzaileari ezin dakioke horrelako axolagabekeriarik onar.
Bestalde, are kritikagarri eta larriagoa iruditzen zaigu euskarazko liburuek darabilten hizkuntza-maila hain eskasa eta traketsa izatea, hizkuntza bera irakasten baitute. Hortaz, zalantzan jarri behar dugu testu-liburu horiek irakasten duten euskara.
Nolanahi ere, kaleratzen diren testu-liburuen egoera ezin dieziokegu inori lepora, are gutxiago erantzulerik bila. Gainera, sarreran esan bezala, eskolaren mundua hemen ispilatua baino ñabarragoa da, hamaika arazo baitituzte. Guztiarekin ere, estimatzekoa litzateke ardura gehixeagoz egingo balituzte lanak, erantzunkizun handia hartzen baitute bere bizkar.
BIBLIOGRAFIA
Azkarate, M., 1993, "-garri eta -kor atzizkien erabileraz", Berba, 10. UZEI-EUSKALTERM, Donostia.
———, 1994, "Eratorpenaren adar okerrak (1)", Egunkaria, 1994ko otsailak 4, 26.
———, 1994, "Eratorpenaren adar okerrak (2)", Egunkaria, 1994ko otsailak 11, 26.
Euskaltzaindia, 1990, EGLU I11 Bilbo, Euskaltzaindia.
———, 1991, EGLU I, Bilbo, Euskaltzaindia.
———, 1993, Euskal Gramatika Laburra: Perpaus bakuna, Bilbo, Euskaltzaindia.
———, 1994, EGLU IV, Bilbo, Euskaltzaindia
———, 1994, Euskera XXIX, Bilbo, Euskaltzaindia.
———, 1995, Euskaltzaindiaren arauak, Bilbo, Euskaltzaindia.
Garzia, J., 1998, Joskera lantegi , Gasteiz, HAEE.
Loinaz, M., 1992, "-iar atzizkia zenbait erdal adjetiboren mailegatzaile gisa", Berba, 6. UZEI-EUSKALTERM, Donostia.
Mendiguren, X., 1976, "Irakaskuntza liburuetako euskararen desberdintasunak" Euskera (1976 ) 210-213.
——— 1978, "Euskara batua eta irakaskuntza" Euskera (1978-2) 523-531.
——— 1996, "Euskararen hizkuntz ereduaz eta kalitateaz zenbait gogoeta" Euskera XLI (1996, 2) 583-604.
Oihartzabal, B., 1994, "Bertsu, beratsu eta beretsu hirurak igualtsu?" Egunkaria, 1994ko otsailak 11, 26.
Sarasola, I., 1997, "Euskal hitegigintzaren eta terminologiaren inguruan" Nazioarteko Terminologia biltzarra, Donostia,UZEI/ HAEE, 69-86.
———, 1997, Euskara batuaren ajeak, Irun, Alberdania.
Txillardegi, 1979, Euskal aditz batua, Donostia, Euskaltzaindia.
Hiztegiak
Michelena, L. & Sarasola, I., 1987, Orotariko Euskal Hiztegia, Bilbo, Euskaltzaindia.
Sarasola, I., 1996, Euskal Hiztegia, 2. edizioa, Donostia, Kutxa Gizarte eta Kultur Fundazioa.
Elhuyar hiztegia: euskara - gaztelania, 1996, Elhuyar.
UZEI, 1980, Donostia, Elkar.
——— Fisika
——— Kimika
——— Artea
——— Biologia
——— Matematika
——— Administrazioa
Testu-liburuak
Euskara:
Txanpa 6, Bruño, 1991, Bilbo (Madril).
Txor-Txor 6, Ibaizabal, 1994, Bilbo.
Hizkuntza eta literatura, Giltza / Edebé taldea, 1995, Sondika (Bartzelona).
Ingurunea:
Ingurunea 6, ingurunearen ezaguera, Elkar-GIE., 1995, Donostia.
Txepetx, ingurunearen ezaguera LMH 6, Ibaizabal, 1995, Bilbo.
Sirimiri, Esperientzi arloa, 6.Maila, Elkar-G.I.E., 1995, Donostia.
Oharrak
1. Zor diogu, hain zuzen, bai ikasgai horretarako hautatu genuen gaia testu-liburuen azterketa izatea, bai eta handik ateratako emaitzak artikulu honetan biltzeko eta argitara emateko aukera ere.
2. Ikus bibliografia.