Alemaniera euskararentzat eredu?
Artikulua PDFn
Euskararen arazo lexikalak direla eta, alemaniera aipatzen da maiz, euskararentzat eredu baliagarria dela defendatuz, alemaniera europar hizkuntz ez-erromaniko garrantzitsu bat denez gero. Gehienbat, latinetiko nahiz grekotiko maileguez hitz egiten da, alemanierak honetan daukan jokaera jarraibidetzat ipini nahian. Zoritxarrez, ezjakintasun harrigarri bat antzematen da gai honen inguruan, alemaniera aztertzeko proposamena berez interesgarria den arren. Bestela esanda, alemaniera adibidetzat hartzearen aldeko argumentuak, alemaniera hizkuntza eta beronen bilakaera historian zehar ongi ezagutu gabe erabiltzen dira, hau da, egiazko datuak eduki gabe.
Gaia eztabaida zahar bati lotzen zaio, hitz berrien sorrerari buruzko eztabaidari hain zuzen. Galdera edo arazoa, oro har, hauxe da: zer egin behar da hiztegigintzan, ordain egokirik ez dagoenean? Hizkuntzak bere baitatik sortu behar al du hitz berria beti? Edo, sortu ordez, beste hizkuntza batera jo behar al du mailegu bila? Etab. Ezaguna da, hitz kultu edota teknikoen kasuan, latinak eta grekoak tradizioz jokatu duten paper nagusia mendebaleko hizkuntzetan. Testuinguru honetan hala ere, errazago azaltzen da gaztelera, frantsesa, eta ingelesaren jokabidea alemanierarena baino. Esan denez, euskarak —edo euskaldungoak— greko edo latinetik datozen hitzak bereganatzeko lotsa duen bitartean, alemanierak ez du inoiz horrelako problemarik izan. Egia oso bestelakoa da alabaina. Hortaz, komeni da alemanierak batzeko egindako bidea ezagutzea, oso laburtuta bada ere.
Hasteko, alemaniera batuaren, edo Hochdeutsch deitutakoaren premiaren kontzientzia argia XVII. mendearen hasieran hasi zen zabaltzen eta nagusitzen. Baina Lutero ere, hizkuntza berari hurbildu eta dialektoen sakabanatzeari uko egiteko beharraz ohartua zen aurreko mendean. Biblia itzuli zuenean horixe izan zuen helburu: hiztun guztiek ulertua izatea. Zalantzarik gabe, eragin handia eduki zuen Erreformak alemanierari, erlijioaren arloan, latina, hebraiera, eta grekoaren ondoan leku bat egiteko.
Hitz berriak alemanieratik bertatik sortzeko ahaleginek ordea XVII.ean zehar hartu zuten indarra. Izan ere, garai hartan frantsesa zen nobleen arteko harremanetarako hizkuntza eta latina berriz, zientzietan nagusi. Egoera horri aurre egiteko, hizkuntza nazional eta arautu baten aldeko korronte zabal bat hedatu zen idazle eta pentsalarien artean. Hala zioen Leibnizek: "Menpeko gara adimenarekin zer ikusirik duten gauzetan, eta gure itsukeriak behartzen gaitu borondate arrotz bati jarraitzera, bai bizitzeko, hitz egiteko, idazteko, eta bai pentsatzeko orduan ere... Egoera honek ezin du hobera egin, zientzia eta gai nagusietan gure hizkuntza erabiltzen ez badugu." (Ermahnung an die Teutschen...1683)
Ordukoak dira jakintza-eremu guztietako neologismo asko eta asko, maileguak saihesteko eginak, gaurko hizkuntzan arruntak direnak. Hala nola, hemen adibide gutxi batzuk ematearren, Moment esateko, Augenblick hitz elkartua. Hitzez hitz: (begietako) begirada. Moment baino erabilera handiagokoa, anbiguoa eta ez-zehatza bada ere, askok berehala salatuko luketen bezala, euskaraz asmatua balitz behintzat. Augenblick hitzari denbora-kutsua ematea arbitrario samar dirudien arren, inork ez du gaur egun minutu bat galtzen hitza ondo asmatua den jakiteko, filologoak salbu. Berdin Nachruf, Nekrolog-en ordez, Fernglas, Teleskop-en ordez, Briefwechsel, Korrespondenz-en ordez, eta abar. Greko edo latinetiko maileguak ere agertzen dira hiztegietan noski, baina esanguratsua da, ikusiko dugunez, hauek hitz arrotz edo Fremdwörterbuch izeneko hiztegietan jasota egotea ere.
Halaber, interesgarria da jakitea XVIII. mendearen bigarren erditik aurrera hizkuntza batzeko prozesuak bat egin zuela dialektoekiko jakinmin nazional eta hizkuntzaren aberastasun lexikala zaintzeko ardurarekin. Hizkuntzaren ikerlariek ikuspegi horretatik ikertu zituzten dialekto desberdinak.
Batua edo Hochdeutsch delakoaren inguruko eztabaidak aurrera jarraitu zuen mende horretan ere: zein dialekto hartu eredu, zein arau ortografiko bilatu hizkuntza idatziarentzat, nongo ahoskerari lehentasuna eman, nola aurkitu estandar orokor bat, talde sozial guztietan, bai eta lurralde desberdinetan ere, lokarri izango zena... hizkuntzak batzeko prozesuetan ohizko izaten den eztabaida beraz.
Bestalde, eta Ilustrazioaren pentsamenduaren ondorioz, alemaniera Unibertsitatera sartzen hasi zen. Orain ere, filosofia eta zientzietako diziplinen zabalkunde nahia zela eta, hitz arrotzen ordezkatzeari lotu zitzaion. Jarrera honen erakusle on bat Wolff filosofoa dugu, lexiko arruntetik hitz asko eta asko hartu eta hizkera kulturako irabazi zituena: Begriff (kontzeptua), Wissenschaft (zientzia), etab. Idazleen ekarpena ere garrantzitsua izan zen mende horren bukaeran, herriaren hizkuntzan oinarritu eta literatura nazional berria finkatzeari ekin baitzioten (Herder, Goethe, Schiller...).
Gorabehera politikoak eta Alemaniako batasuna zela medio, purismoaren aldeko jarrera berriro ere piztu zen XIX. mendean. Industrializazioaz batera, hizkera teknikoak hedatu ziren. Jendea alfabetatzen hasi zen eta prentsa ugaritzen. Horrek ondorioak izan zituen hizkera moderno eta arina gauzatzeko nahiz zientziaren dibulgaziorako. Maileguak itzuli egin ziren, jendeak hobeto ulertu ahal izateko.
1871tik aurrera hizkuntza batzearen azken fasea burutu zen. Oraingoan, jatorri alemanierakoak ez ziren hitzak erakunde ofizialek zokoratu zituzten. Makina bat hitz berri sortu ziren. Pare bat aipatzeagatik: Fahrgast, Passagier-en ordez, Fahrrad, Veloziped-en ordez, etab. Alemanieraz ez dakienak berdin topatuko ditu biak hiztegietan, baina erabileraren maiztasunaz eta testuinguruaz ez badaki ezer, egiazkoak ez diren ondorioak atera ditzake.
Bigarren Munduko gerraz geroztik, ostera, ingelesaren bidez sartu dira maileguak: Interview, lynchen, Boykott... Hala ere, gure mendean ezinbesteko den "tresna" hori, sistema bera kolokan jarriko lukeena egun batean ibiliko ez balitz, Marcusek esan bezala, hots, telebista Fernsehen dugu alemanieraz...
Ikus dezagun amaitzeko zer den aleman hiztunentzat hitz arrotzen hiztegia. Holako baten hitzaurrean irakurri ahal denez, hiztegiaren helburua hauxe da: eguneroko bizitzan nahiz diziplina espezifikoetan erabiltzen diren hizkuntza arrotzen terminoak ulergarri egin eta azaltzea. Horrek erakusten du, batetik, asko direla hitz arrotzak, baina bestetik, azalpenaren beharra dagoela oraindik, terminoak egunerokoak izanda ere. Argi dago, hizkuntza erromanikoetan, latinarekin duten harreman zuzenagoarengatik, hitz arrotzen hiztegia ez dela hain ezaguna edo beharrezkoa.
Hitz kultu baten adibidea azter dezagun, bada, ingelesez, frantsesez eta gazteleraz dagoena: "intervención" (intervention/intervention), esaterako. Gaztelera/alemanierako ertaineko hiztegi batean begiratuz gero, bost edo sei adiera eta beste horrenbesteko ordain desberdin aurkituko ditugu (Eingriff, Vermittlung, Einmischung, Einschreiten, Beschlagnahme, ...), hauetariko bat Intervention delarik. Kasu honetan, parentesien bidez adierazten da zuzenbide edota politikako termino espezifiko dela <Pol > <Jur >. Hitz arrotzen hiztegi batera jotzen badugu aldiz, Intervention sarrera aurkituko dugu, ondoan zuzenbide eta politika alorreko bere esanahi mugatua dakarrela, aleman jatorrizko ordain batez adierazia.
Zer esan nahi da guzti honekin? Hasteko, alemanierak ez duela inoiz maileguak hartzeko joera handirik izan. Aitzitik, tradizioaz eta berezko bideez baliatuz sortzaile eta berritzaile ausarta izan da beti. Horren adibide ugari aurkitzen dira gaurko alemanieraren hitz-altxorrean. Alemanierak oso gaitasun handia erakutsi du, eta horretan behar luke eredu izan, hitz elkartuen bidez, besteak beste, hitz berriak sortu, inposatu eta maileguak saihesteko ere, nahiz eta azken hauek oso ondo zedarritutako arloetatik erabat baztertu gabe.
Baina honetaz gain, gogoan hartu behar da, euskara eta alemaniera hizkuntza ez-erromanikoak izanda ere, hizkuntza bien hiztunak oso egoera desberdinetan bizi direla: gaur egun, euskaldun gehienak elebidunak direnez, gaztelera nahiz frantsesaren bidezko mailegu kultuak erabiltzea bide erraza dute, errazegia alegia. Hizkuntzalariei beraz, hizkuntzaren ezagutzatik bertatik abiatuta, zailago dena eskaintzea egokitzen zaie halabeharrez.
Askotan entzuten da gure artean euskal ordain bat ematen denean, erdaraz daukan esanahi guztiz berdina ez daukala. Zenbaitek nahasmenaz edo definizio-ezaz edo maileguak hartzeko konplexuaz hitz egiten dute orduan. Ez dakite, antza, hizkuntza finkatu, garatu eta batuen artean ere berdin gertatzen denik. Kontzeptu batzuk beti daude hizkuntza batean hobeto adierazita bestean baino. Herrien esperientzia eta metafora desberdinak daudelako azpian. Hizkuntza, bizitza bezala, ez da logika hutsa, ez eta perfektua ere. Itzultzea saiatze amaigabe bat da. Hannah Arendtek positibisten kontra esan zuenez: eskerrak gizakia gai den behin betiko erantzunik ez duten galderak bere buruari etengabe egiteko, horri esker delako gai erantzuna dutenentzat erantzun egokia bilatzeko.
Bibliografia
Geschichte der deutschen Sprache, Wilhelm Schmidt. Wissenschaftliche Verlagsgesellschaft Stuttgart. 1996.
Ethymologisches Wörterbuch, Friedrich Kluge. Walter de Gruyter Verlag. Berlin. 1975.