Itzultzailea, ugazaba biren morroia
Artikulua PDFn
Segituan doazen aipuak Dámaso López Garcíak editore gisa paraturiko Teorías de la Traducción. Antología de textos liburutik jaso eta itzuli dira. Zertan esanik ez dago, jakina, aipu horietako batzuk, itzulpenen itzulpenak baino ez dira. Guztiagaz ere, aipu sorta xume bat baino osatu gura izan ez denez gero, badoaz irakurleak lar berdetuko ez direlakoan.
"Historialariak nola dakarren gaurko egun beti iheskorrera inoiz bizirik egondako hura, horrelaxe ateratzen die itzultzaileak hizkuntza hilei bizi lekukotasuna, hizkuntza horiek, adituen ingurutik kanpo, neurri batean, itzulpenerako baino ez direla bizi adierazten duen lekukotasuna" Dámaso López García Itzulpengintzaren teoriak. Testu antologia
"Itzultzailea, Itun Berriak dioenez, ahalmen berezien dohaina duen laguna da eta, horrelakoxea izateagatik, halako ezinegon moduko bat sortzen du, lagun bakan batzuenak baino ez diren isilpeko gauza gordeen jabetzak sortu ohi duen ezinegona" Dámaso López García Itzulpengintzaren teoriak. Testu antologia
"Haien esaldiak espero legez itzultzea lortzen badut, hau da, horien ederrak, esanak eta irudiak agerian jarrita, eta gauzen hurrenkerari ez ezik, hitzenei ere eusten badiet, gure esateko modutik urruntzen ez diren neurrian, (grekotik zehazki itzulita egon ez arren, saiatuko naiz, ordea, baliokideak aurkitzen) izango dituzte arau eta eredu estilo atikoa imitatu nahi dutenek" Marko Tulio Zizeron Hizlari motarik bikaienaren gainean
"Ez nion egoki iritzi hitzez hitz itzultzeari, hitz guztien egokia eta indarra gordetzeari baino. Eta horrela, ez nuen neure burua behartu irakurleari eleak banan-banan kontatzera, baizik eta, zelan edo alan esatearren, berba horiek ondo neurtuta ematera" Marko Tulio Zizeron Hizlari motarik bikanienaren gainean
"Honaino berba egin dut zorioneko gutunean zer edo zer aldatu izan banu eta itzulpen horrek hutsak balitu legez, eta horrelakorik izanda ere, hutsa baino ez bailitzateke, ezen ez delitua" San Jeronimo Pammaquiori gutuna, itzultzeko modurik onenaren gainean
"Grekoak itzultzean ez dut ematen berba berbaren truke, esangura esanguraren ordainean baino" San Jeronimo Pammaquiori gutuna, itzultzeko modurik onenaren gainean
"Ez hadi saia ordaintzen, interpretari peto hori, hitzaz hitzari" Horazio Ars poetica
"Denon ahotan dabil: Poesia ezin da itzuli eta ezin liteke itzulpenik izan. Itzultzerakoan forma poetikoa hautsen da eta metroa ezeztatu; edertasuna desagertzen da eta sentipenarekikoa galdu. Prosaz ez da beste horrenbeste jazotzen" al-Yahiz Animalien liburua
"Itzuli nahi duen egilea bera bezain adierazkorra izan behar du itzultzaileak eta hark beste jakin. Komeni da sorburu hizkuntza eta xede hizkuntza ondo baino hobeto ezagutzea, bietan berdin eman ahal izateko (...) Hala ere, nekez aurkituko da itzultzailerik halako jakintsuen parean egongo denik" al-Yahiz Animalien liburua
"Itzultzaileek bi itzul jokabide dituzte: (Bigarrena) Esaldia irakurri eta ulertzean datza. Gero esaldi baliokideaz itzultzen da, hitzak baliokideak ala desberdinak izan daitezkeela. Jokabide hori bikaina da" Slah al-Din al-Safadi. al-Gayt al-musayyam fisarh lamiyat al-'agam
"Ondo baino hobeto dakit zelako trebezia, neke, sen eta adimena eskatzen dituen ondo itzultzeak" Lutero Itzultzeko artearen gaineko gutuna
"Ez diet eragotziko nahi duten moduan itzultzea, baina nik ez dut itzuli gura euren modura, neurera baino. Eta nire itzulpenarekin bat ez datorrenak, itzulpena utz dezala niretzat eta berarentzat gorde gaitziritziok, inondik inora ez diet-eta ezelako jaramonik egingo" Lutero Itzultzeko artearen gaineko gutuna
"Esangurari baino begiratzen ez dioten bertsioetan, interpretazioak libroa behar du. (...) Hizkuntza baten irudi eta eskema guztiak ez dira beste hizkuntzan adierazi behar eta, are gutxiago, hizkuntza horrek bere-bere duen hori. Alferrik saiatu naiz ulertzen zertan datorren barbarismoa edo solezismoa onartzea jatorrizkoaren esangura beste horrenbeste berbez eman gura hutsaren hurrengo hori dela bitarte" Juan Luis Vives Bertsioak eta interpretazioak
"Ahal izanez gero, jatorrizkoarekin borroka zaitez eta bihur iezaiozu jaso zenuen baino berbakune hobea" Juan Luis Vives Bertsioak eta interpretazioak
"Poesia interpretatu behar da prosa baino askeago, erritmoaren mugakizunak direla kausa. Poesian zilegi da eranstea eta kentzea eta aldatzea, eta ezelako oztopo barik, pentsamendu poetikoaren osotasuna bera kaltetu ezik" Juan Luis Vives Bertsioak eta interpretazioak
"Baina, zer esango dut harako batzuen gainean, egokiago daukate-eta traidore izena traduktorea baino?, ikusirik traizioa egiten dietela ezagutzera eman gura omen dituztenei, gloria osten dietenetik, eta modu berean liluratzen dituztela irakurle jakinezak, zuria beltz erakutsita: zelan edo alan eta jakintsu deitura lortzearren itzultzen dituzte osagairik txikerrenetan ere menperatzen ez dituzten hizkuntzak" Joachim du Bellay Hizkuntza frantsesaren defentsa eta ilustrazioa
"Nork ere nahi duen lan baliotsua sortu bere hizkuntza bulgarrean, utz diezaiela itzulpengintza batez ere poetei, hauek ondo merezituta pagutzat eroango dute-eta ospearen ordez nekea jardun nekagarri eta probetxu urriko —gauzaez eta kaltegarrian ere esango nuke— horretan, beren berbeta ospetsu egitearren" Joachim du Bellay Hizkuntza frantsesaren defentsa eta ilustrazioa
"Zuei, itzultzen baino besterik ez diharduzuenoi, itaunduko dizuet: egile itsaltsu-itsaltsu horiek itzultzen jardun balute, eroango ete zuketen beren berbakunea egun egiazta ditzakegun bikaintasun eta gorentasuneraino? Ez ezazue pentsa, beraz, gura beste prestu eta antzatsu jardunten baduzue ere zereginean, inondik inora lortuko duzuenik gure berbeta, lurrean datzala, burua jaso eta zutunik jartzerik ere" Joachim du Bellay Hizkuntza frantsesaren defentsa eta ilustrazioa
"(...) eta lortu nahi izan nuen intepretazio hori bat etortzea jatorrizkoarekin, esakune eta berbetan ez ezik, horien joskuran eta airean ere, irudiak eta esateko moduak ahalik eta gehien gure berbakuntzari hurbiltzearren (...). Hortik baliteke bateon batzuk halako pozik ez egotea eta iruditzea hainbat zatitan arrazoia labur gelditzen dela eta oso euskaldunen erara esanda dagoela eta modu zaharkituan eta esanaren hariak ez duela korritzen" Fray Luis de León Salomonen kanten liburuaren hitzez hitzeko itzulpen eta adierazpena
"Itzultzaileak fidela eta zentzuzkoa behar du eta, ahal dela, berbak neurtu beste horrenbeste emateko, eta ez gehiago edo gutxiago, eta jatorrizkoek dituzten kualitate eta nolakotasun eta esangura aniztasun berberekoak, norberaren ulerkera eta iritzietara mugatu barik, itzulpenaren irakurleek jatorrizkoa irakurrita bereganatuko luketen esangura sorta oso bera uler dezaten, horrela, aske izanik, eurek eurenez ondoen iritzitakoa aukeratzeko" Fray Luis de León Salomonen kanten liburuaren hitzez hitzeko itzulpen eta adierazpena
"(...); kendu ziola bere jatorrizko baliotik asko, eta berdin egingo dute ahapaldiz paraturiko liburuak beste hizkuntzaren batera itzuli nahi dutenek, ahal besteko kontu eta trebezia handiak jarri eta erakutsiagatik ere, inoiz ez dute-eta helduko ahapaldiok jaiotzerakoan zuten puntua" Cervantes On Kixote
"Baina horregaz guztiagaz baderitzat berbetatik berbetara itzultzea, ez bada hizkuntzen erreginetatik, grekeratik eta latinetik, badela flamenkoen tapizak iruntzetara begiratzearen pare, irudiak ikusten diren arren, iluntzen dituzten hariz beterik baino ez dela izaten, eta ez dira ikusten aurrealdearen leuntasunez eta itxuraz horniturik; eta berbakuntza errazetatik itzultzeak ez du erakusten ez sormenik ez jariorik, erakusten paperetik paperera itzultzen eta kopiatzen duenak ere erakusten ez duen moduan" Cervantes On Kixote
"Eta hori dela bitarte ez dut ondorioztatu gura ez dela goratzekoa itzulpengintza, zeregin txarragoetan eta onura txikiagokoetan ere jardun bailezake gizakiak" Cervantes On Kixote
"Zereginari (itzultzeari ) ekin nion denbora pasatzearren, (...) eta ase nago ondo igaroagaz. Baina zerbitzua ere egin gura izan dut, horrela, ordain gisa eskerrak ematen dizkidatenean, hutsak barka diezazkidaten" Joâo Franco Barreto Eneida portugesa, "Atarikoa"
"(...): prosan bertan ere ezin da hitzez hitz itzuli. Horri baino begira ez dagoenak dena hondatuko du (...)" Joâo Franco Barreto Eneida portugesa, "Atarikoa"
"Idazle bat imitatzeak aukera ezin hobeak ematen ditu itzultzailearen trebezia dirdira dadin, baina hildakoen oroimenari eta itzalari egin dakiekeen irainik larriena da" John Dryden Ovidioren "Epistolak" liburuaren itzulpenaren "Atarikoa"
"Inork ez dauka poesia itzultzerik arte horretan jeinua ez ezik, egilearen hizkuntzan eta berean maisu trebatua ere izan ezik" John Dryden Ovidioren "Epistolak" liburuaren itzulpenaren "Atarikoa"
"Egilearen zentzua, oro har, sakratutzat eta bortxaezinekotzat jo behar da .(...) Bi egokieratan baino ezin dira gogoeta horiek zalantzan jarri: iritziak nabarmenki ezdeus edo zuzengabeak izatekotan; erantzun bakarrak balioko luke bietarako: ez lirateke itzuli beharko" John Dryden Ovidioren "Epistolak" liburuaren itzulpenaren "Atarikoa"
"Poesia hain da espiritu antzemangaitza, non hizkuntza batetik bestera isurtzean lurrintzen baita eta espiritu berririk eransten ez bazaio bihurketan, ez da caput mortuum besterik geratuko" John Denham "Eneida"ren bigarren liburuaren itzulpenaren "Atarikoa"
"Itzulpena areago dagokio gogoeten muinari, arduratsuagoa da pentsamenduok hizkuntza berriari egokien den moduan aurkezteaz eta esamoldeetan menperatuago daukate hizkuntza horretako esaunda eta esaerek" Alenbert & Diderot Entziklopedia edo zientzia, arte eta ofizioen hiztegu arrazoitua
"Izan ere, ez dago gauza zailagorik eta bakanagorik 'itzulpen' bikaina baino, ezer ez da-eta zailagoa eta bakanagoa iruzkinaren lizentziaren eta letrarekiko morrontzaren arteko erdigune orekatua aurkitzea baino" Alenbert & Diderot Entziklopedia edo zientzia, arte eta zereginen hiztegi arrazoitua
"Itzultzaile ona jatorrizkoarekin lehiatzekotan balebil eta horren aurrean porrot eginda geratu barik eta bere herrikideen aurrean ilun eta arrotz agertu nahi ez balu, derrigortuta egongo da, zelan edo alan, bere hizkuntza bortxatzera, horrek jakin dezan bere indarrak zenbaterainokoak diren, seduzitu egin beharko du zorrozki aurreiritzirik irrazionalenen aurka borrokatzeko, berbeta hori atzerriko hizkuntzetara gertura dadin eta, horrela, elkar hartu eta adosteko modu batzuk asma ditzan, eta itzultzaileak aberastu beharko du esamolde eta esaldiz desitxuratu edo kalterik emateke" Melchiore Cesarotti Hizkuntzaren filosofiaren gaineko entsegua
"Itzultzailearen hizkera ezein gimnasia ariketa egiteko trebaturiko atleta da, gorputz atal guztiei etekina ateratzen baitaki, hain dagoelarik prestu higidurarik bitxienerako ere, non berezkoena ez ezik, egin daitekeen higidura bakarra dela ematea ere lortzen baitu" Melchiore Cesarotti Hizkuntzaren filosofiaren gaineko entsegua
"Itzultzaileek eta atzerritarren imitatzaileek zapaldu dute gehien arbasoen hizkuntza. Ama hizkuntza ez dakitenez gero, ez dutelako ondo ikasteko nekerik hartu, jatorrizkoan edertasunen bat aurkitzerakoan, atzerriko esamoldeak metatuko dituzte" José Cadalso Gutun marokiarrak
"Itzulpenetan harmonia desitxuratzen da (...) Hiztegiek bizitzarik gabeko eleak baino ez dituzte erakusten. Beraz, esangurari lotzearren, nire hitzei bizia emateko lanari eusten diot, jatorrizkoaren gogoeta osagarriak eta harmonia lagun" Ugo Foscolo Itzultzailearen asmoa
"Ez da itzulpena terminoak baino esangura zehaztu behar handiagorik izan duen berbarik" Giovanni Carmignani Itzulpenaren gainean
"Letren errepublikan hitzez hitzeko bertsioa eta itzulpen askea ama beraren alabatzat jo zitezkeen, ahizpa onen antzera jokatzen dutela, aurpegiz desberdinak direla onartuta, baina ez elkar sasikotzat jotzeraino. Hala ere, jaiotzeaz bateratsu ekin zioten elkarren aurkako borroka basati bati. Hitzez hitzeko bertsioak legezko jaiotzaren eskubideak eskatu zituen itzulpen askearen aurka, jaiotza horretaz desjabetu nahi zuela arerioa" Giovanni Carmignani Itzulpenaren gainean
"Zein arauk lagun diezaguke zehazten non amaitzen den hitzez hitzeko bertsioa, non hasten itzulpen-itzulpena eta non uzten dion honek bere tokia imitazioari? Giovanni Carmignani Itzulpenaren gainean
"Prosaren itzultzailea esklabua da; bertsoaren itzultzailea arerioa" V. A. Yukovski Fableari eta Krylov-en fableei buruz
"Fablea deuseztatzen da hitzez hitzeko traduktioneaz" V. A. Yukovski Fableari eta Krylov-en fableei buruz
"Eta ez badauzka ez sentimenduak, ezta imitatu nahi duen poetaren asmamena ere, zer izango da bere itzulpena? Jatorrizko preziatu baten karikatura ezaina" V. A. Yukovski Fableari eta Krylov-en fableei buruz
"Eragin nahi diren aldren iritziz, itzulpenik errazena beti izango da onena. Jatorrizkoarekin berarekin lehiatzen diren itzulpen kritikoak, azken buruan, jakintsuen denborapasa baino ez dira" Johann Wolfgang von Goethe Poesia eta egia
"Badira bi maxima itzulpengintzan: batak lortu nahi du egile arrotza gugana erakartzea, gutar hartzeraino; besteak, aldiz, eskatuko digu arrotzera joan eta hango baldintzetara, hizkuntzaren moduetara eta berezitasunetara moldatzeko" Johann Wolfgang von Goethe Wielanden gaineko anaiatar gogorapena
"Sentitzen dugunean hitz berek, geuk esanda, esangura erabat desberdina izango luketela edo, behintzat, zentzu trinkoago bat eta, bestetzuetan, besteren ahoan baino delikatuagoren bat, eta bestek esan nahi duena adierazteko bestelako hitz eta esamoldeak erabiliko genituzkeela, orduan badirudi ezen gu geu, sentipen hori zertan den zehazterakoan eta geure gogoeta bihurtzerakoan, itzultzen ari garela" Friedrich Schleiermacher Itzulbide diferenteen gainean
"Haboro ere, noizean behin, nork bere buruaren hitzak ere itzuli behar ditugu benetan geure-geure bihurtu nahi izanez gero berriro" Friedrich Schleiermacher Itzulbide diferenteen gainean
"Parafrasia gehiagotan erabiltzen da zientzien alorrean; imitazioa areago artean; eta denok onartzen dugun arren artelanak, parafraseratzerakoan, tonua, dirdira eta arte edukia galtzen dituela, oraindinokarrenean segur aski inor ez da halako zozoa izan zientzi maisulan bat edukia nahierara landuta imitatzen saiatzerainokoa" Friedrich Schleiermacher Itzulbide diferenteen gainean
"Nire iritziz bi bide baino ez daude: edo itzultzaileak idazlea ahalik eta lasaien uzten du eta irakurlea horrengana hurbilarazten; edo ahalik eta askeen uzten irakurlea, idazlea honengana hurbilarazten duela" Friedrich Schleiermacher Itzulbide diferenteen gainean
"Esan ere liteke itzulpenak zenbat eta fidelago izan nahi duen, orduan eta zehazgabeagoa izango dela" Wilhelm von Humboldt Eskiloren Agamenonen itzulpen metrikoaren sarrera
"Itzulpena, eta bereziki poetena, ezein literaturaren zereginik ezinbestekoenetariko bat da, (...) batez ere norberaren hizkuntzaren garrantzia eta adierazkortasuna gehitzeko" Wilhelm von Humboldt Eskiloren Agamenonen itzulpen metrikoaren sarrera
"Harrimena barik arroztasuna sentitzen denean, itzulpenak bere helbururik nobleenak lortuko ditu; hala ere, harridura baino agertzen ez denean, are arrotza ilunduta ere, hor itzultzaileak agerian uzten du ez dagoela jatorrizkoaren parean. Irakurle inpartzialaren sena ez da gai horretan erraz okertzen benetako mugaz" Wilhelm von Humboldt Eskiloren Agamenonen itzulpen metrikoaren sarrera
"Literaturari ezin zaio zerbitzu hoberik eskaini giza izpirituaren maisu lanak hizkuntzatik hikzuntzara itzultzea baino" Madame la Baronne de Staël Itzulpenen izpirituaz
"Atzerriko hizkuntzak ondo ulertu arren, gozamen hurbilago eta hurkoagoa ere dasta liteke norberaren hizkuntzara ondo itzuliz gero" Madame la Baronne de Staël Itzulpenen izpirituaz
"Italariako benetan baliagarri eta ohoragarri diren ikasketen artean jarri behar al ditugu Alpeez bestaldeko poema eta nobelen itzulpenak? Benetan aberastuko al da gure literatura iparraldeko asmamenek sortutako lanak bereganatuta?" Pietro Giordani Madame de Staëlen esanen gainean
"Ezagutzeak ez dakar berez imitatu beharrik: aldiz, zenbat eta indar handiagoa hartu gogoak ikasteko, orduan eta gaitasun handigoa izango du jatorrizko lan iraunkorrak sortzeko" Madame de Staël Erantzuna Pietro Giordaniri
"(...) baina mailutzarraz edo sorbaldaz itzultzen ez denez gero, pena da Altzide edo Atlante bat itzultzaile onak izatera heldu ezina" Giacomo Leopardi Erantzuna Madame de Staëli
"Hizkuntza bakoitzak bere esamoldeak, irudi erretorikoak, esaerak dauzka eta ezin dira beste hizkuntza batera hitzez hitz itzuli" A. S. Pushkin Miltoni eta Chateaubrianden Paradisu galduaren itzulpenari buruz
"Itzulpenik fidelenean idazlearen espiritua senti daiteke" I. S. Turgenev Guillermo Tell. Schillerren idazlanak
"Are prosa xehean ere, itzulpenik onena, jatorrizkoren parean, ezin liteke izan halako musika lan jakin bateko tonalitate aldaketa jatorrizkoaren aldean dena baino gehiago" Arthur Schopenhauer Hizkuntzaz eta hitzez
"Horregatik itzulpen oro, beraz, itzulpen hila izango da eta estilo bortxatu, formal edo artifiziala izango du ala, aldiz, itzulpen askea, hau da, à peu près hutsa izatera mugatuko da eta, beraz, faltsua" Arthur Schopenhauer Hizkuntzaz eta hitzez
"Poemak ezin dira itzuli, birrosatu baizik, eta hori beti izango da gogaikarria" Arthur Schopenhauer Hizkuntzaz eta hitzez
"Itzultzaileak jakin behar du ezen berba edo jazoeraren batean aldaketa txikerren bat egitean datzala adituen onespena edo gaitzespena jasotzea" Matthew Arnold Homeroren lanen izulpenen gainean
"Bertsoz egindako itzulpenaren mamia honakoa litzateke: poema ona txar ez bihurtzea" Dante Gabriel Rossetti Lehengo poeta italiarrak liburuko sarrera
"Poesia zientzia zehatza ez denetik, bertsioaren literaltasuna bigarren mailakoa da xede nagusiarekiko (edertasuna). Eta literaltasuna diot, ez fideltasuna, ez dira-eta, ezelan ere, gauza bera" Dante Gabriel Rossetti Lehengo poeta italiarrak liburuko sarrera
"Itzultzailearen lana (apal-apal diot) bere burua ukatzean datza" Dante Gabriel Rossetti Lehengo poeta italiarrak liburuko sarrera
"Obeditzea, ahor non dirdiratzen den itzultzailearen gaitasuna" Victor Hugo Itzultzaileak
"Benetako itzultzaileak, erabateko eta kalitatezko itzultzaileak, adimentsua bada, jatorrizkoari egingo dio men, baita aginpidez egin ere. Men egite subirano horretan agertzen da gailentasuna. Itzultzaile bikainak men egiten dio poetari mirailak argiari men egiten dion moduan, haren dirdira bihurtzen du eta. Ispilu bizia izatea" Victor Hugo Itzultzaileak
"Zentzuz eta tentuz, eta zelan edo alan, itzulpen guztien alde gaude, erlijio guztien alde gauden modu-moduan" Victor Hugo Itzultzaileak
"Itzultzaileek ez dute infinitoa lantzen, erlijio sortzailearen antzera, baina beren lana horrenaren parekoa da" Victor Hugo Itzultzaileak
"Gure eskuzabaltasunak ez du itzultzaile bat ere baztertzen, ezta ia inozo-inozo parodian dihardutenak ere" Victor Hugo Itzultzaileak
"Itzultzaileek eginbide zibilizatzailea dute. Herrien arteko zubiarena jokatzen dute." Victor Hugo Itzultzaileak
"Poema bat itzultzea, oroz gain, estiloa itzultzea da" Antero de Quental Kritikariak
"Jatorrizko lanaz baliatu da (harako egilea) modurik duingabeenean, itzulpena lohituta, jatorrizkoa eskuragaitza baitzen (...) eta behar ez zuela egin du, jatorrizkoak baimentzen ez zuelako eta itzulpenak eskatzen ez zuelako" Joaquim de Vasconcelos Hizkuntzaren eta estiloaren gainean
"Sasoi baten histori sena zelan itzultzen duen ikusita epai daiteke" Friedrich Nietzsche Gaia jakintza
"(Erromatarren sasoian) garaitzen zen itzuli ahala, historikoa isildu ez ezik, gainera, unean unekoaz ia ezari-ezariko iradokizunak egiten ere zirelako; batez ere poetaren izena ezabatzen zen, itzultzailearena bestearen tokian jartzeko, ez lapurretan zihardutelakoan, baizik eta imperium Romanum kontzietziarik garbienaz" Friedrich Nietzsche Gaia jakintza
"Berbetatik berbetara itzultzearen zereginik zailena estiloaren tempoa ematean datza, azken hori leinuaren izaeran oinarritzen da eta, edo berba fisiologikoagoak erabiltzearren, askaziaren metabolismoaren batez besteko tempoan" Friedrich Nietzsche Ongiaz eta gaizkiaz haraindi
"Eta itzultzen dutenean, honela diote: itzuli egin dugu; aske jokatzen dutenean, honela diote: nahierara jokatu dugu halakoa eta halakoagatik; zerbait tartekatzen dutenean, honela diote: zer edo zer tartekatu dugu halakoa eta halakoagatik; eta traizioa egiten dutenean, honela diote: traizioa egin dugu halakoa eta halakoagatik" Sulayman ibn Jatta al-Bustani Homeroren Iliadako sarrera
"Hiru zailtasun ditu itzulpenak: itzulgaiarekiko fideltasuna eta zehaztasuna, estilo adierazkor eta argia, eta dotoretasuna" Yen Fu Evolution and Ethics and other essaysen txinerazko itzulpenaren sarrera
"Itzultzerakoan ezin diegu antzeko estiloa erantsi idazle guztiei" Futabatei Shimei Nire itzultzeko modua
"Itzulpen txarra garrantzia txikiko edukia lauso interpretatzean datza" Walter Benjamin Itzultzailearen zeregina
"Itzulpena forma da. Horrela ulertu ahal izateko, noraezekoa da jatorrizkora itzultzea. Itzulpenaren legea horren barnean dago-eta itzulgarritasun gisa" Walter Benjamin Itzultzailearen zeregina
"Itzulpen oro hizkuntzen arteko tartearen arazoa planteatzeko modu behin-behingo samar bat baino ez da" Walter Benjamin Itzultzailearen zeregina
"Itzulpena, aldiz, ez dago, poesiaren antzera, hizkuntzaren baso zarratuan, zelan edo alan esatearren, kanpoan baino, hizkuntzaren aurkez aurk, barneratu bagarik, jatorrizkoa gonbidatzen du sartzera, sartzera leku bakarrera non norberaren hizkuntzaren oihartzunak jatorrizko lanaren durundioa eman dezakeen beste hizkuntza batean" Walter Benjamin Itzultzailearen zeregina
"Egia esan, antigoaleko poetak, bertsoek beti ere bizirik irauten baitiote, etengabe jarri behar du bere espiritua beste itzultzaileren baten eskuetan, itzulpenak hilkorrak eta are iraupen laburrekoak dira eta" Ulrich von Wilamowitz-Moellendortz Itzultzearen artea
"Testua ulertzeko baino ez bada ere, estudioa ez da inoiz asko izango eta itzultzea, zelangura, ahapaldiak sortzearen parekoa baldin bada, nork bere alosiei deitu baino ez dago" Ulrich von Wilamowitz-Moellendortz Itzultzearen artea
"(Poeren Annabel Lee eta Ulalume) itzuli nituen ez beren balio berezkoenengatik, itzultzaileari etengabe erronka botatzen diotelako baino" Fernando Pessoa Poesia itzultzearen artea
"Itzulpena egilearen izena erabilita eginiko plagioa baino ez da" Fernando Pessoa Itzulpen teoria baterako
"Itzulpena beste hizkuntza batera eginiko parodia serioa besterik ez da" Fernando Pessoa Itzulpen teoria baterako
"Itzultzea interesgarria izango da itzulgaia zaila izanez gero" Fernando Pessoa Itzulpen teoria baterako
"Itzulpen oro egiten da hizkuntz gizalde baten autokontserbazio senak aginduta" Karl Vossler Hizkuntz gizaldea gogo gizalde gisa
"Itzulpengintza ukatuz gero (...), hizkuntz gizaldearen kontzeptua bera ere ukatuko da" Karl Vossler Hizkuntz gizaldea gogo gizalde gisa
"Eta, gertatzez, hizkuntza bakoitzak besteen mehatxuari egin behar dio aurre eta arartekorik ezean, batek ere ezingo du bizirik iraun besteen alboan. Arartekotza horren itxura begi bistako eta kontzienteari itzulpengintza deritzote" Karl Vossler Hizkuntz gizaldea gogo gizalde gisa
"Itzultzaleak zerbitzu egin nahi dio besteri eta, bigarrenik baino ez, bere buruari" Karl Vossler Hizkuntz gizaldea gogo gizalde gisa
"Itzulpenak arartekotzan ditu erabilgarritasuna eta ekonomi balioa" Karl Vossler Hizkuntz gizaldea gogo gizalde gisa
"Nire herrikide eta garaikidearen berbak entzun eta aditze hutsek bere gogoa nirera itzultzea dakarte. Itzulpena egon badago besteren hitzak edo norberak aspaldian botatakoak ulertzen diren noizgura eta nongura" Karl Vossler Hizkuntz gizaldea gogo gizalde gisa
"Itzulpenaz hitz egin ahal izateko, lehenik eta behin ondo kontuan izan behar da ezen itzulpena artea dela" Lin Yutang Itzulpenaren gainean
"Itzultzaileak bere gain hartu beharreko erantzukizunei dagokienez, honako hauek izan behar dira begi aurrean: lehenik, itzultzaileak egilearekiko duena; bigarrenik, itzultzaileak irakurlearekiko duena; hirugarrenik, itzultzaileak artearekiko duena. Erantzukizun horiekiko duen eginbeharraz jabetzen denean, orduantxe esan daiteke benetako itzultzailea dela" Lin Yutang Itzulpenaren gainean
"Hiztegiari begiratu eta berehala hitzen esangurak sinesten dutenak gehiegi fido dira definizioekin eta zurrun atxikitzen diote esanguraren aditu erratuari" Lin Yutang Itzulpenaren gainean
"Itzultzaileak berba guztiak ulertu behar ditu, baina ez du zertan den-denak itzuli" Lin Yutang Itzulpenaren gainean
"Erabateko fideltasuna ezinezkoa da. Itzultzaileak heldu nahi duen fideltasuna gutxi gorabeherakoa da eta ez erabatekoa" Lin Yutang Itzulpenaren gainean
"Artelanak ezin itzul daitezke" Benedetto Croce Ästhetik
"Literatur lanak itzulezinak diren arren, ezinean ahala bilatu beharrean gaude" Lin Yutang Itzulpenaren gainean
"Banakoaren askatasunaren esparruan egin behar ditu ahaleginak itzultzaileak. Ahor zergatik den artea itzulpengintza" Lin Yutang Itzulpenaren gainean
"Arrotz deabru horietako bat den arren, janzkera baino ezin dakioke alda ikusten erosoagoa izan dadin; baina nire iritzien aurka egonik ere, ez da zertan egongo sudurra moztu edo begiak errotik atera... Beraz, itzulpen deserosoa gurago dut" Lin Yutang Itzulpenaren gainean
"Azkenik, itzultzaileak sentituko bide du irakurle hizkuntzaz alferrari lana guztiz erraztearen ezintasuna" Ezra Pound Guidoren hartu-emanak
"Oro har, esatea daukagu Mardrus-ek ez dituela berbak itzultzen, liburuak irudikatutakoa baino: ahalmen hori galazo dute itzultzaileok, baina zilegi irudigileek" Jorge Luis Borges 1001 gauaken itzultzaileak hizpide
"Bere (Mardrus itzultzailaren) infideltasunak, bere infideltasun sortzaile eta bete-beteko horrek, axola behar digu, hain zuzen ere" Jorge Luis Borges 1001 gauaken itzultzaileak hizpide
"Itzulpengintza ez ote da, ezinbestean, ahalegin utopikoa?" José Ortega y Gasset Itzulpengintzaren miseria eta dirdira
"Itzulpengintza literatur flou etengabea da eta, bestalde, lelokeria esan ohi diogun hori gogoetaren floua baino ez denez gero, ez dugu harrigarri izan behar egile itzuliari beti lelo samar irizten badiogu" José Ortega y Gasset Itzulpengintzaren miseria eta dirdira
"Itzulpengintza hil da! Biba itzulpengintza!" José Ortega y Gasset Itzulpengintzaren miseria eta dirdira
"Ahor itzulpengintzaren neke gaitza: zeregin horretan berbeta batez eman gura izaten dute hain zuzen ere berbeta horrek isiltzen daroana" José Ortega y Gasset Itzulpengintzaren miseria eta dirdira
"Itzulpenaren gainean dihardugula, baiespen orokorrak egiteko arriskua dugu. Dena gustuaren orekan datza. Eta sormen osagai hori, komunikagaitz eta arautzen zaila, jokoan ez balebil, itzulpengintzak ez zituen inoiz idazle itzaltsuak tentatuko" Alfonso Reyes Itzulpengintzaren gainean
"Kezkatzekoa da gure prosako maisuak itzulpenei iruntzietara jarritako tapizak iriztea" Alfonso Reyes Itzulpengintzaren gainean
"Itzultzaileen aitorpenez apur-apurka estilistikarako arazo sorta baliagarri-baliagarria osa liteke" Alfonso Reyes Itzulpengintzaren gainean
"Eta mintzagai dugula itzulpengintzaren arazo ezina, nork ez du inoiz zer edo zer aditu horrelako edo halako hizkuntzan besterik esan ezin daitezkeen gauzez?" Alfonso Reyes Itzulpengintzaren gainean
"Itzulpenaren eta jatorrizkoaren arteko hartu-emanak oinarria eta deribatua, enborra eta adarraren hartu-emanaren antzekoa behar du. Itzulpenak sorburu izan behar du jatorrizkoagaz beharrean hasi aurretik horren adierazia berriro bizi duen egilea" Boris Pasternak Itzultazile baten oharrak
"Itzulpenak irudika daitezke gu baino arinago, menderik mende, hainbat literatura osok elkar itzultzen zutelako, eta itzulpenak ez dira idazlan batzuk ezagutzeko bidea, kulturek eta herriek elkarrekin komunikatzeko erabilitako bidea baino" Boris Pasternak Itzultzaile baten oharrak
"Zergura idaztea, idazketak gogoeta eskatzen duen aldetik eta guztiz berezko ez den barne berba jasotze makinal eta etengabea ez denez gero, testu bat berbetaz berbeta bihurtzen duenaren adinako itzulpengintza da" Paul Valery Bukolikoaken aldakiak
"Poeta itzultzaile mota berezi-berezia da, berbaldi arrunta, sentipena bitarte, 'jaungoikoen berbeta' bihurtzen duela" Paul Valery Bukolikoaken aldakiak
"Itzulpengintzak, formara hurbiltzeko halako borondate jakin batek bultzatzen duenean, zelangura behartzen gaitu urratsak egilearen aztarnen atzetik jartzen" Paul Valery Bukolikoaken aldakiak
"Xede hizkuntzatik jatorrizko hizkuntzarako tartea labur liteke, hau da, itzulia onegia izan ez dadin, lana ona izanez gero; eta txarregia izan ez dadin, txarra balitz" Fu Lei Sarrera: Itzulpengintza eta margolanen kopia
"Itzulpenari huts asko zuzendu dizkiot eta, halaz ere, ez dut asebetetzeko emaitzarik lortu. Artearen mundua infinitua da, baia giza ahala mugatua; bestela esanda, alferrekoa da bihotzaren ahalegina, gogotik saiatu arren; eta horrelakoetan, pintzela bota eta aieneka hasi baino ez dago" Fu Lei Sarrera: Itzulpengintza eta margolanen kopia
"Itzultzailea izaki apal eta zorigaiztokoa da: isilik dihardu beharrean, jo eta ke, egilearen itzalean eta, gainera, badaki zer jazoko zaion: oso ondo joanda ere, beti esango diote zoro utopiazale" Benvenuto Terracini "Itzulpengintzaren arazoa"
"Hara, zailtasun hori (gurea eta besterena bereiztea berbaldi arruntean) ez da jazotzen itzultzaileagaz, definizioz, gurata, bere nortasuna ezereztera jotzen du-eta egilearen pentzuan, edo, gutxienez, zailtasuna murriztuta egoten da itzultzailea adi-adi egoten delako saihesteko asmoz" Benvenuto Terracini "Itzulpengintzaren arazoa"
"Itzulpena kultur tarte batetik jaio da, tartea den txikerra izanda ere" Benvenuto Terracini "Itzulpengintzaren arazoa"
"Itzultzaile izatea erreaktibo ezin bikainagoa da eta bere bitartez guztiz argiro isola eta ia kolorezta daitezke giza hizkuntza bezain eme eta garden den substantzia bateko osagai eta forma batzuk" Benvenuto Terracini "Itzulpengintzaren arazoa"
"Hasierara itzuliko gara, beraz, ondo itzultzeko baldintza ganorazko bakarra izango da itzultzailea idazlea ere izatea, eta ez inprobisatzaile ausarta edo txoriburua" Francisco Ayala "Itzulpengintzaren arazoak"
"Hizkuntzak errotik dira desberdinak komunikatu behar dutenaren aldetik eta ez komunika dezaketenaren aldetik" Roman Jakobson "Itzulpenaren osagai linguistikoak"
"Honako galdera hauek erantzun behar lirateke: itzultzailea, zein mezurena?; traidorea, zein baloreri?" Roman Jakobson "Itzulpenaren osagai linguistikoak"
"Adostasuna dagoen lekuan ez da itzultzen, berba egiten baizik" Hans-Georg Gadamer Hizkuntza esperientzia hermeneutikoaren bitarteko
"Itzultzailea maiz oso mingarri sentitzen du ezinbestean bera eta jatorrizko testua urruntzen dituen tartea" Hans-Georg Gadamer Hizkuntza esperientzia hermeneutikoaren bitarteko
"Itzulpenaren muina lengoaiaren erdian izatean datza" Hans-Georg Gadamer Hizkuntza esperientzia hermeneutikoaren bitarteko
"Hizketan ikastea itzultzen ikastea da; umeak amari halako edo bestelako berbaren esangura itauntzen dionean, benetan termino desezaguna bere berbetara itzultzeko baino ez du eskatzen" Octavio Paz Itzulpena: Literatura eta literaritatea
"Testu oro bakana da eta, halaber, beste testu baten itzulpena. (...) Itzulpen bakoitza, zelan edo alan, asmakizuna da eta, ondorioz, testu bakana eratzen du" Octavio Paz Itzulpena: Literatura eta literaritatea
"Itzultzea lar gaitza da —sormenezkoa edo den ezein testu idaztea bezain zaila—, baina ez ezinezkoa" Octavio Paz Itzulpena: Literatura eta literaritatea
"Ez, ez da eta ez da izango itzulpenaren zientzia bat, itzulpena zientziaren aldetik aztertu ahal eta behar den arren" Octavio Paz Itzulpena: Literatura eta literaritatea
"Itzultzea eta sortzea eragiketa bikiak dira" Octavio Paz Itzulpena: Literatura eta literaritatea
"Ikusi dugu-eta, inondik inora, ideien mundua itzulpengintza dela bitarte sortzen dela, batasunari aniztasunean eusteko beharrizan praktikoaren presiopean" Agustín García Calvo Itzulpengintzaren historia baterako oharrak
"Eta horrela hiztun desberdinen komunikazioak (itzuli ahal izatea) unibertsal egiten du faltsifikazio orokorra" Agustín García Calvo Itzulpengintzaren historia baterako oharrak
"(...) Babelgo seme-alabek elkarri ulertu behar izateak itzulpena errealitate izatea inposatu du" Agustín García Calvo Itzulpengintzaren historia baterako oharrak
"Eskertuko ete diete ekialdetarrek idazle horiei literatura, arte eta filosofi maisulan bikainak itzuli izana?, eta aitortu nik aitortzen diedan onura gizaki handi horien sorterri izan diren herrialdeei, beren burua atzenduta, beren nortasuna ezerezten dutelako eta itzultzailearen jarreraz asebetetzen, itzultzailea ez izanik ez irakurle patxadatsua ezta sortzaile ospetsua ere, bion batasuna baino: ez dauka lehenengoak bezala, hats egiteko parada, ezta bigarrenaren ospearen poza, zerbitzari fidel, eskudun eta leial delarik, irakurlea artearen ederra eta handia dastatzera eramanda? Tasa Husayn Liburu eta egileak
"Jendeak zeregin erraztzat jotzen du (itzulpengintza), baina nik ikaragarria, garrantzitsua eta arriskutsua deritzat, asko duzu jakitea sendo lotzen dituela belaunaldi eta herriak, haien arteko desberdintasunak ezabatzen dituelako; elkarrengana biltzen ditu, eta zentzua, morala, sentipenak, ontasunarekiko maitasuna eta leialtasuna bakea eskatuta sustatzean oinarrituriko asmo horretara hurbildu. Gutxienik egin hori aitor diezaiegun ezin badizkiegu ordaindu gizakiari eta gizarteari egiten dizkieten zerbitzuak eta ekin gogoangarria" Tasa Husayn Liburu eta egileak
"Azken buruan, itzulpenaren arazoa itzultzailearen gogo eta idazketaren arteko harremanean datza, hau da hizkuntzan eta psikologian" Yen Fu Itzulpenaren gainean
"Itzulgaiarekiko fideltasuna itzultzaileak berak eta itzulpen kritikariek besterik ez dute ezagutzen, atzerriko hizkuntzak ez dakizkiten irakurleek ezingo dute epaitu" Liu Jingzhi Espirituzkoa eta ez formazkoa den antzekotasuna haztatzea: Yen Fu osteko itzulpen teorien ikuspegi orokorra
"Itzulpenak goi maila izanez gero, irakurlea gustura egongo da irakurritakoan" Liu Jingzhi Espirituzkoa eta ez formazkoa den antzekotasuna haztatzea: Yen Fu osteko itzulpen teorien ikuspegi orokorra
"Inoiz ezingo dira batera itzuli zentzua, espiritualitatea, adierazpen indarra, egitura eta musika edertasuna" Liu Jingzhi Espirituzkoa eta ez formazkoa den antzekotasuna haztatzea: Yen Fu osteko itzulpen teorien ikuspegi orokorra
"Nor edo nor ausart ete liteke esaten testuaren ehuneko ehun itzul dezakeela? Antza denez, oraindik ez da topatu halako lagun akatsgabea itzulpenaren esparruan" Liu Jingzhi Espirituzkoa eta ez formazkoa den antzekotasuna haztatzea: Yen Fu osteko itzulpen teorien ikuspegi orokorra
"Literatur itzulpenaren eskakizunik nagusiena berritzea da eta hori itzulpenak jatorrizkoaren zaporea gorde eta hizkuntzatik hizkuntzara pasatzean desitxuratzen ez denean besterik ez da lortzen" Qian Zhongshu Aspaldiko lau artikulu
"Nire aburuz, maisulan bera behin baino gehiagotan itzultzea bultzatu behar da" Mao Dun Mao Dunen itzulpenen antologia: Hitzaurrea
"Itzulpengintzaren historia aporiaz eta barne tentsio handiz beterik dago" Gianfranco Folena Herri xehearentzat moldatzea eta itzultzea: "Oharra"
"Pentsatzea ere bada gure mundu babeltarrean, gero eta gehiago planeta osoa hartzen duten semantika erreferenteetara biltzen delarik, kultura batasunera heltzeko bultzadak, segur aski oinarri hizkuntzanitz batean bermatzekoa, nahiz eta egun hizkuntza bakarraren inguruan polarizatu, askoz ere aurreramendu hobea izango duela ekanduaren gainean, hau da, sinkronian eta ez diakronian, itzulpenak elikatzen duen hizkuntz eta gogoeta laboratoiro handi horretan" Gianfranco Folena Herri xehearentzat moldatzea eta itzultzea: "Oharra"
"Itzultzailea ugazaba biren morroia da" Franz Rosenzweig
Teorías de la Traducción. Antología de textos. Dámaso López García. Escuela de Traductores de Toledo. Ediciones de la Universidad de Castilla-La Mancha. 1996. Cuenca.