Hizkuntza eguneratzeaz
Iñaxio López de Arana, Lidia Beitia

Euskal hedabideak berriki plazaratu dira gure artera. Izan ere, oraindik urte asko ez dira hemengo kazetaritzaren eguneroko ihardunean ezin zela euskararen zantzu txikienik ere somatu. Euskal kazetaritzak urte hauetan egindako bidea laburra bezain trinkoa izan da: oztopo bat baino gehiago gainditu behar izan ditu, hizkuntza kazetaritzaren egungo beharrei egokitzeko. Horren ondorioz, hitz eta izendapen berri asko sortu, kalkatu, egokitu edota mailegatu behar izan dira gure hedabideetan erabiltzeko. Auzi hori hurbilagotik ezagutze aldera, ETBk, Euskadi Irratiak eta Euskaldunon Egunkariak (aztertutako aleak: 1995eko ekainaren 9koa, 10ekoa, 13koa, 14koa, 15ekoa, 16koa, 20koa eta 23koa) darabilten lexikoari inoizko arretarik handiena eskaini diogu boladatxo batean, telesaioetan, irratsaioetan nahiz artikulu idatzietan erabilitako hitzen antzinatasuna edo berritasuna ebazteko asmoz. Galbahe lan horretarako, Lur eta Elhuyar hiztegi entziklopedikoez baliatu gara. Bestalde, artikulu hau nolabait egituratu beharra zegoela eta, modu hau iruditu zaigu egokiena: lehenengo, aurkitutako hitz berri horiek ekarri dizkiguten zenbait gogoetagai helaraziko dizkizuegu, eta gero, hitz horiek osatutako zerrenda edo corpusa bera.

Aurrerabidearekin batera, hizkuntza guztiek bezala, euskarak ere hitz eta termino berrien premia du. Halere, euskarak ez du gaztelerak edo frantsesak beste baliabide hitzak sortzeko orduan. Euskarak kazetaritzan duen tradiziorik eza, albisteak kanpoko berri agentzietan mamituak izatea, kazetaritzak behar dituen izendapen berriak atzerriko hizkuntzetan (batez ere, ingelesez) sortuak izatea; horiexek dira euskarak gainditu behar dituen traba batzuk egungo kazetaritzaren beharrak asetzeko. Gainera, hori gutxi balitz, euskara oso bestelakoa da kazetaritzaren lexikoa hornitzen duten hizkuntzen aldean, hizkuntz tipologiari dagokionez.

Euskal kazetaritzarako lexiko egokia sortzea gaitza bada, are gaitzagoa da hedabideetan erabili ohi diren hitzak kalean normaltasunez eta edozein hiztunen ahotan entzutea. Izan ere, edozein euskalduni samurragoa eta normalagoa egiten zaio erdal hedabideetan entzundako hitzak ahoratzea euskal hedabideetan argia berriki ikusi duten eleak erabiltzea baino. Esaterako, aulkia eta mugikorra edozein euskaldunek ezagutu eta ulertzen dituen hitzak dira; biak termino bakarrera (aulki mugikorra) bilduz gero, ordea, nekeza egiten zaie euskaldun gehienei, baita kirolaz edo kirol horretaz —izan ere, arraun kirolari dagokion espresioa da— aritzeko ohitura duenari ere, horren esanahia antzematea eta, jakina, are nekezagoa hitz hori beren solasaldietan erabiltzea. Horrelakoetan, aspalditik ezagutzen duen hitzari lotzea du errazen eta usuen: kasu horretan, zalantzarik gabe, aulki mobila erabiliko luke hiztun arruntak, euskal hedabideek aulki mugikorra formaren aldeko milaka aldarrikapen egin arren. Arazoa areagotu egiten da hitza erregistro kultotik datorrenean. Esaterako, atxikipen hitza (gazteleraz "adhesión") ez da inola ere euskaldunon eguneroko hizkeran sartzen, hedabideek bultzatu arren, hiztunek ez baitute oraindik erabiltzen. Horixe da, bada, hitz bat onetsia izateko ezinbesteko baldintza. Beraz, oraindik izugarrizko aldea dago euskal hiztun arruntek eta hedabideek darabiltzaten hizkeren artean. Hori horrela izanik, hedabideek irakaste lan horretan jarraitu behar dute, beren eta herritar soilen arteko hizkuntz aldea murriztea nahi badugu. Lantegi hori errazteko, euskal hedabideen arteko adostasuna gauzatu beharko litzateke lexikoari dagokionez. Orain arte hedabide bakoitza bere aldetik ibili da erabili beharreko hitzak aukeratzeko orduan. Bakoitzak bere zerrendak ditu eta ez dirudi gehiegitan jotzen dutenik elkarrengana beren beharrak asetzeko. Horren ondorioz, hitz, kontzeptu edo ideia bat adierazteko ordain bat baino gehiago dugu. Hori aberastasun-ezaugarri izan daiteke norbaiten irudiko, baina batasun falta horrek ikus-entzule-irakurlea nahastea baino ez du lortzen. Izan ere, aski usu topatzen ditugu gailurreko bilera eta goi bilera eta albiste zerbitzuak eta zerbitzu informatiboak bezalako bikoteak.

Lexikoa eratzeko bideak

Hauexek dira gaur egungo joera nagusiak hitz berriak sortzeko:

Hitzak mailegatzea

Hizkuntza bateko hitz bat hartu eta beste batera ekartzea. Maileguen barruan bi multzo bereiz ditzakegu:

a) Mailegu berriak: SHtik XHra testuan zeuden-zeudenean, inolako aldaketarik egin gabe isurtzen diren hitzak. Esaterako: set, play-off eta beste. Ingelesetik gure hizkuntzan sartzen ari diren hitz guztiak gazteleraren bidez txertatu dira; are gehiago, euskarak ez du hartzen gazteleraz erabiltzen ez den ingelesetiko hitzik. Gaztelerak betidanik aurrea hartu izan dio euskarari auzi horretan; horixe da euskarak gaztelerari dion morrontzaren beste agerbide bat.

b) Mailegu egokituak: euskal ortografiara moldatuta, atzizkiren bat hartu edo bestelako egokitzapenen bat eginda, SHtik XHra isurtzen diren hitzak. Esaterako: luntx, rokodromo, enbargoa, eskuderia, errekorra, asentamendua, errealizatu, bisibilitatea, eta beste.

Hala ere, mailegua ez da beti beharrezkoa, batzuetan alfer-alferrekoa baita, euskararen lexikoaren kalteko: solasaldia eta lasterketa hitzen partez, tertulia eta karrera. Gehiegikerian erortzeak hizkuntza desitxuratzea eta besteren esanera jartzea dakar. Behar ez denean ez hartzeak, aldiz, hizkuntza pobretzea eta bigarren mailako bihurtzea eragiten du. Neurri egokia bilatzea da giltzarria.

Hitz soil edo multzoak kalkatzea

Hizkuntza bateko hitz bat (bakuna edo konposatua) hartu eta beste batera aldatzea itzulita, lehendik hizkuntzan zegoen hitzaz edo hitz segidaz baliatuta, alegia.

Esaterako: adiskidantzazko partidua, argi berdea eman (baimena eman), bake indarrak, diru bereziak, gastuak estali (ordaindu), eskuhartze azkarreko indarrak, telefonoa hartuta eduki eta beste.

Mailegu-mota berezi bat da kalkoa. Azken urteotan nagusitzen ari den baliabidea dugu gainera, eta zalantzarik ez dago hizkuntzaren altxor lexikoa aberasteko bide guztiz egokia dela, ongi eta zuhur erabiltzen asmatuz gero; izan ere, sarritan neurriz gora erabiltzen da, euskarak lehendik ere dituen baliabideak zokoratuz. Gehiegizko erabilera horren ondorioz, euskararen altxorra bazterrean uzten ari da eta gazteleraren nahiz ingelesaren menpekotasuna areagotzen. Esate baterako, kalko okerrak ere erabiltzen dira, gaztelerari orpoz orpo jarraitzeagatik: gerra lehertu ipini partez ez al litzateke egokiagoa izango gerra sortu edota gerra hasi esatea? Gaizki eratutako bestelako kalkorik ere aurkitu dugu gure corpusean: zorpen.

Hitzak sortzea

Euskarazko moldeetatik abiaturik hitz berriak eratzea. Maileguen eta kalkoen alderantzizko joera dugu hau. Honelakoak, zoritxarrez, oso gutxi ditugu. Eskasia horrek agerian uzten du hitz berriak erderetatik hartzen direla gehienbat.

Esaterako, bakebideratu, diru bereziak, etxeratze deia, hitzartu eta beste.

Adiera berriak ematea hitz zaharrei

Euskararen altxorreko hitzei hedabideek beste adiera bat ematea, lehendik zuena galdu gabe. Gisa horretako adibide gutxi aurkitu ditugu: asentamendua ("kokapena" esanahia ere hartu du), aurrizkia ("prefijo telefónico" adiera hartu du); indarrak ("armada" esanahia hartu du, ingelesezko force hitzaren eraginez); dilijentzia (ibilgailua ez ezik, orain zuzenbide gaietako izapideak edo iharduerak ere badira), denboraldia (kirol gaietan adiera berezia du: partidu ofizialak hasten diren garaitik amaitzen diren bitarteko aldia); gailurra ("goi bilera"-ren pareko esanahia ere hartu du); eragingarria (zergen alorreko adiera berri bat ere badu, "zerga gutxiago ordaintzeko bidea" edo esan nahi du); ibilbidea (irudizko adiera ere hartzen du: "trayectoria" —politikoa edo dena delakoa—); kanporaketa (kiroletan "eliminatoria" esan nahi du), neurketa (kiroletan "partidu" hitzaren parekoa da), salataria (azken bolada honetan "txibatoa" ere esan nahi omen du). Bestalde, suspenditu aditzak gaztelerazko "suspender" aditzaren adierarik gehienak hartu ditu.

Sintagma osoak (izen konposaketa) erabiltzea

Euskarak gaztelerazko izen konposaketak errespetatu egiten ditu. Esaterako: adiskidantzazko partidua, eskuhartze azkarreko indarrak, bake indarrak, bake misioak, bakebideratu, aulki mugikorra. Sintagmen osagaiek sorburu hizkuntzetan dituzten kategoriei eusteko joera dugu euskaraz. Esaterako, bake indarrak gaztelerazko fuerzas de paz esamoldetik hartu du euskarak. Era berean, gaztelerak ingelesezko peace forces-etik hartu du. Alegia, ingelesezko bi izenek osatutako elkarte hori gazteleraz bi izenen bidez ematen den bezala, euskaraz ere halaxe erabiltzen dugu. Ez al litzateke ulergarriagoa euskal hiztunentzat, kasu honetan, indar baketzaileak terminoa geure egingo bagenu, kanpotiko joera saihestuta? Beraz, ulergarritasunari lehentasuna eman behar zaio, gure ustez.

Kazetaritza: iturri oparoa

Albisteen zer-nolakoari dagokionez, kirola, politika eta nazioarteari buruzko sailak emankorrenak ditugu hitz berrien sorkuntzan; kultura eta gizartea sailetan, ostera, ez dugu horrenbeste hitz berri aurkitu, sail hauek ez dutelako hitz berrien hainbesterainoko beharrik.

Hedabideek gizartearen alor guztien berri eman behar dutenez, denetariko terminologia erabili behar dute. Eginkizun hori ganoraz burutzeko, terminologiak osaturik eta bateraturik egon beharko luke. Horrek, ordea, ez luke hedabideen betebeharra izan beharko, bestek sortutakoa erabili eta hedatzea baizik. Euskara eguneroko langai duten batzuek (itzultzaileek, interpretariek, irakasleek, idazleek eta bestek) hizkuntz lehengai finkatu horren premia badute, zer esan, bada, euskal kazetariez? Ez al da garaia denok dugun arazo honi irtenbidea emateko?

Terminologia bateratu ez delarik, hedabide bakoitzak bere gustuko hitzak hautatzen ditu, lehen adierazi bezala. Horren ondorioz, termino berbera izendatzeko hitz bat edo sintagma bat baino gehiago topatzen ditugu sarri, aniztasun horren ispilu. Esaterako: agerpena eta agerraldia (comparecencia); albiste zerbitzuak eta zerbitzu informatiboak (servicios informativos); bisibilitatea eta ikusgarritasuna (visibilidad); deitu eta konbokatu (convocar); diru kutxak eta diru bereziak (fondos reservados); eleduna eta bozeramalea (portavoz); eskainua eta aulkia (escaño); ezlegezkoa eta ilegala (ilegal); gailurreko bilera eta goi bilera (reunión en la cumbre); gobernu hirukoitza eta hiruko gobernua (gobierno tripartito); konpetitibitatea eta lehiakortasuna (competitividad); unitate ibiltaria eta unitate mugikorra (unidad móvil).

Bestalde, unean uneko beharrei erantzuteko, errazenera lerratzen dira hedabideak, beste hizkuntzan dagoena hartzera, alegia. Horren ondorioz, ezer gutxi sortzen da euskaraz (hitzartu, bakebideratu, gainsaria eta beste hitz bakan batzuk salbu), beti atzerriko hizkuntzen meneko; horra jokabide horren arriskua.

Hiztegietan oraindik jasota ez badaude ere, kazetaritzak hitz berri asko eta asko bere egin ditu. Horien artean bi multzo bereizi behar ditugu: adierazpide galkorrak eta adierazpide iraunkorrak.

a) Adierazpide galkorrak: unean unekoak, denboraldi batez baino bizirik ez dirautenak, haien sorrera eragin duten albisteak hedabideek erabiltzen dituzten bitartean, hain zuzen ere. Esaterako: kazeako untziak, eskuhartze azkarreko indarrak, altxorraren pagareak, dekretukada, bake misioa eta beste.

b) Adierazpide iraunkorrak: euskaran dagoeneko errotu direnak. Hizkuntzaren altxorrean sartu beharrekoak ditugu horiek, aurrerantzean ere beren beharra izango duelako kazetariak. Esaterako: bizkarzaina, diru bereziak (edo diru kutxak), berri agentzia, final laurdenak, golegilea, denboraldia eta beste.

Hitz berrien kategoria gramatikala

Hitzik edo izendapenik gehienak izenak ditugu, gazteleratik mailegatuak edo kalkatuak. Izan ere, euskaraz berriki erabiltzen hasi garen kontzeptu horietako gehienak izenak dira, hitz horien sorburuko hizkuntza diren erdarek (gaztelerak eta ingelesak, batik bat) izenak erruz erabiltzeko joera oso nabarmena baitute. Bestalde, kazetaritzaren helburua gertakarien berri ematea da eta ez horrenbeste, ordea, gertakariei buruzko baloraziorik egitea. Hori dela eta, hizkera objetiboa darabilte kazetariek, izen askoren eta adjetibo gutxiren beharra duena.

Transposioaz ezer gutxi baliatzen dira hedabideetan. Alegia, gazteleraz edo ingelesez izena dena euskaraz ere izena izaten da gehienetan. Esaterako: euskarazko erretirada gaztelerazko retirada-tik dator. Eta zergatik erabiltzen da, erretirada eta ez, esaterako, erretiratzea? Alegia, zergatik itzultzen da izena izen gisa eta ez, adibidez, aditz gisa?

Lehen adierazi bezala, adjetiboak askoz gutxiago dira izenak baino. Haatik, adjetibo erlazional batzuk (izen batetik eratorritakoak) erabiltzen dira: bideografikoa (bideografia izenetik); beste batzuk, aldiz, erdarazko hitzetatik eratorritakoak: binkulantea (gaztelerazko "vínculo"-tik), biolentoa ("violencia"-tik) eta beste. Kasu horietan maileguetara jotzen da zuzenean, oinarrian duen izenari erreparatu gabe. Esaterako: violencia: bortxa edo bortizkeria › violento: bortxazkoa, bortxazalea edo bortitza, bortizkeriazalea.

Aditz berri gutxi sortu dute hedabideek gure corpusean. Hona guk jasotako guztiak: estortsionatu, azpikontratatu, dinamizatu, dibertsifikatu, errealizatu, (gastuak) estali, (gerra) lehertu, gorpuztu, hitzartu, identifikatu, inpugnatu, inputatu, kamuflatu, kodetu, konbokatu, promozionatu, saneatu, suspenditu, zigorgabetu. Horietan hiru talde bereizi behar ditugu: maileguak, kalkoak eta euskaratik bertatik sortutako aditzak.

a) Maileguak:

- Euskal hitz egokia egonda ere, mailegaturik hartzen dira hainbat aditz: inputatu (egotzi, leporatu), promozionatu (sustatu, piztu), konbokatu (deitu).

- Euskal hitzik egon ez eta ezinbestekoa egiten zaigu hainbat aditz mailegatzea, perifrasietara jo nahi ez badugu behintzat. Gazteleraz, aditz baten inguruan esanahi antzekoak (ñabarduraren bat gora edo behera) dituzten aditzak badaude; euskaraz, berriz, ez, gehienetan behintzat. Esaterako, gaztelerazko estorsionar aditzaren alor semantikokoak dira: afanar, arrancar, arrebatar, depredar, despojar, desposeer, desvalijar, devastar, expoliar, hurtar, pillar, quitar, robar, saquear, sisar, substraer eta beste. Horiek adierazteko, ordea, hauexek ditugu euskaraz: ebatsi, kendu, lapurtu, ostu. Lau horiek esanahikideak izanik, ez dira erdarazkoen ordainak, ez baitituzte erdarazkoen ñabardura guztiak biltzen. Beraz, euskal kazetariak baliabideak behar ditu gaztelerak eta beste edozein erdarak dituen ñabardura horiek ere emateko, perifrasiak ez dira-eta kazetaritzaren hizkuntz tresna aproposak. Hona arrazoia: argitasuna eta zehaztasuna dira, izan ere, hizkera horren ezaugarririk behinenak.

b) Kalkoak: sail honetan bi multzo ditugu:

- Egokiak: erabide eta hautapen zuzena izan duten aditzak: azpikontratatu, kodetu, errealizatu, zigorgabetu eta beste.

- Zalantzazkoak: (gastuak) estali, (gerra) lehertu nahiz gorpuztu (antzeztu aditzaren adieraz). Aditz horiek hartu duten adiera berri hori zuzena da ala gazteleraren edo ingelesaren gehiegizko eraginaren ondorioa?

c) Euskaratik bertatik eratutako aditzak. Esaterako: hitzartu. Honelako kasuak, zoritxarrez, oso gutxi dira, errazago izaten baita maileguetara nahiz kalkoetara jotzea.

Beste hainbat iritzi

Urte luzetako hutsunea betetzera etorri dira euskal hedabideak. Garai berriek premia berriak ekarri dituzte berekin. Horiek asetu nahirik, EITBk eta Euskaldunon Egunkariak estilo-liburu bana kaleratu dute. Argitalpenon helburua hauxe da: beren kazetariei funtsezko irizpide batzuk ematea beren lana errazago eta hobeto egin dezaten. Eta, jakina, lexikoari dagozkion hainbat aipamen ere badakartzate liburuok.

Ikus dezagun, bada, Euskaldunon Egunkariaren estilo-liburuak hitz berriez, esamoldeez, maileguez eta bestez zer dioen:

"(...) Mailegura jo behar denean, oso zuhur ibili behar da. Espainoletik hartzeko erraztasun handiagoa izango dugu noski erredakzioan, baina EGUNKARIA nazionala denez, eta euskararen beraren onerako eta mailegua dependentzia bihur ez dadin, frantseseko espresioarekin parekatu beharko dugu gaztelaniazkoa. Berdinak direnean ("fúnebre / funèbre") ez dugu problemarik izango."

"Desberdinak direnean ("control / barrage", "gol / but") aztertu egin behar da batak bestearen eremuan nolako eta zenbaterainoko hedadura duen, eta horren arabera aukeratu."

"(...) Euskaraz arrotz gelditzen diren esapideak itzultzen tematu beharrean, hobe perpausa beste era batera esaten saiatzea. Euskaraz "menos grande / moins grand" zuzen-zuzen itzuli ezin den bezala, bitxi eta itsusi ematen dute "mugatik ez urruti" (hobe "mugatik nahiko hurbil"), "ura ez-edangarria da" ("ez da edateko ona", adibidez) eta antzekoek."

"Prentsa idatziak topikoak sortzeko erraztasun handia du. Eguneroko errutinak idaztekotasun estereotipatuak finkatzen ditu nahitanahiez, eta medio batetik bestera ere esportatzen dira gainera. Hizkuntza bakoitzak bere topikoak sortzen ditu, baina hizkuntzatik hizkuntzara ere pasatu ohi dira, ez bakarrik gaztelaniazko edo frantsesezko prentsatik euskarazkora, baita ingelesezkotik hurbiletara eta handik gurera."

"Hizkuntzaren aldetik, topiko horiek ez dira zuzenak askotan. Zuzenak direnean ere ez dira beharrezkoak beste askotan eta esamolde arruntago, jatorrago eta ulergarriagoekin ordezka ditzakegu."

Maileguen auzian zuhurtasunez jokatu behar dela esaten digu, beraz, Euskaldunon Egunkariaren estilo-liburuak. Horrekin batera, beste aholku batzuk ematen ditu: mailegua hartu aurretik, gaztelerako eta frantseseko espresioak sakonki aztertzea; euskaraz arrotz gertatzen diren esapideak itzultzea eta bai beste era batera esatea; prentsa idatziaren topikoekin kontu handiz ibiltzea, askotan ez baitira zuzenak, eta zuzenak izanda ere, sarri ez baitira beharrezkoak.

EITBren esku-liburuak, ostera, hauxe dio maileguaren erabileraz:

"(...) Aipa ditzagun labur-labur, hitz bat maileguz hartu aurretik, aintzat izan beharreko zenbait puntu:

* Maileguaz adierazi nahi duguna euskaraz esateko modurik badagoen ikusi, euskararen beraren baliabideei lehentasuna emanez.

* Erabili nahi dugun maileguaren historia; noizdanik erabiltzen den euskaraz...; zein hizkuntzatatik hartua den...

* Maileguaren hedapena; non erabiltzen den eta zenbat; zenbateraino dagoen sustraitua...

* Mailegua hartzerakoan kontutan hartu behar ditugu egungo bi mailegu-iturri nagusiak, frantsesa eta espainola, alegia. Iparraldean eta Hegoaldean nola esaten den ikusi beharko dugu mailegua aukeratzean.

* Hirugarren mailegu-iturri handia ere ondo aztertu, ingelesaren eragina, alegia. Nazioartean hedaturik egotea, ez da besterik gabe, hitz bat hartzeko arrazoi.

* Gainontzeko hizkuntzetan hitz eta kontzeptu berriak nola erabiltzen diren begiratuko dugu.

* Hitz teknikoak, eta batez ere oinarritzat latina eta grekoa dutenak, askotan erabilgarri izan daitezke euskaraz ere.

* Euskararen alor semantikoak aintzat hartu; hitz bat maileguz hartzeak ez du esan nahi bere alor semantiko osoa bereganatu behar duenik.

* Euskal itxura hartzen duten maileguak ere arretaz erabili behar dira."

Beraz, EITBren esku-liburuak, Euskaldunon Egunkariaren estilo-liburuak bezala, maileguekin eta kalkoekin tentu handiz ibili behar dela esaten digu: euskarak baliabiderik izan ezean baino ez da erabili behar mailegua eta gainera ez nolanahi, haren nondik-norakoak ezagutu behar dira lehenago. Honen iritziz ere, euskarak bi mailegu-iturri nagusi ditu: gaztelera eta frantsesa. Ingelesetik ere hitzak har ditzakegu baldin eta ondo aztertzen baditugu aurretik. Halere, ikusi behar da nola erabiltzen dituzten gainerako hizkuntzetan ere.

Bestalde, esamoldeak direla eta ez direla, Justo Mª Mokoroaren Ortik eta Emendik. Repertorio de locuciones del habla popular vasca esaeren bildumaren hitzaurrean Antonio Zavalak azaltzen duen iritzia ekarriko dugu orriotara, auzi honi argi pittin bat ekarriko diolakoan. Bere ustez, hizkuntzaren jabe osoa izateko, lexikoa eta gramatika ezezik, esaerak ere menderatu behar dira, horiexek ematen baitigute munduko dinamikaren berri. Horretarako, irudi eta metaforen bidez baliatzen dira askotan.

Gaur egun, Antonio Zavalaren aburuz, euskarak esamolderik sortu beharrean, errazkeriara jo eta erderetatik (batez ere, gazteleratik) hartzen ditu, batere gupida gabe. Bere hitzetan:

"Oartu gabe, izan ere, erdal kutsua oso zabalduta daukagu, ta gero ta geiago sartzen ari zaizkigu erdal esaerak gure eguneroko izketan. Erdarak alderdi guztietatik erasotzen dio euskerari, ta gure izkuntza gaixoa pobretzen eta baldartzen ari zaigu urtetik urtera".

Hori, jakina, euskal kazetaritzan bete-betean isladatzen da, erdal kutsuko esamoldeak eta topikoak gero eta gehiago baitira euskarazko hedabideetan. Joera hori saihesteko, berebiziko esfortzua egin beharko lukete euskal kazetaritzan dihardutenek, euskararen altxorreko esamoldeak berreskuratuz, lehendik zeudenak berregokituz edota berriak egoki eratuz eta zabalduz.

Esaterako, gaztelerazko "dar luz verde" euskaraz eskua eman edota baiezkoa eman esamoldeen bidez adieraz dezakegu. Gazteleratik zuzen-zuzenean hartutako argi berdea eman, berriz, alfer-alferrikakoa dugu. Beste hainbeste gertatzen da cubrir gastos esapidearekin. Zertarako asmatu zalantzazko gastuak estali, ordaindu aditz jatorra izanda? Eta zer esan, bada, gorpuztu aditzaz? Ingelesezko to embody aditzetik hartu da zuzenean, gaztelerazko incorporar bitarteko izan dela. Dudarik gabe, gorpuztu aditzaren alor sematikoa bortxatu da: gauzatu, eratu nahiz forma hartu edo eman-en sinonimoa izatetik, hainbat testuingurutan antzeztu aditzaren esanahikide izatera igaro da.

Corpusa

Abenturerismo: aventurerismo. Abenturerismo nuklearra: aventurerismo nuclear.
Abonodun: abonado. Koldo Mitxelenak bere Orotariko Euskal Hiztegian abonamendu jaso du. Horren esanahia: abono, suscripción. Beraz, horren arabera, hitzak abonamenduduna behar luke eta ez abonoduna.
Adiskidantzazko partidu: partido amistoso.
Amosal: amosal.
Argi berdea (eman): (dar) luz verde (baimena eman). Horren pareko, aspaldiko eskua eman edo baiezkoa eman esamoldeak ditugu.
Arte: arte. Arrantza arteak: artes de pesca. Koldo Mitxelenaren Orotariko Euskal Hiztegian eta ELHUYAR nahiz LUR hiztegi entziklopedikoetan artea hitza jasotzen da, eta ohizkoa ez ezik, beste adiera bat ere ematen zaio bertan: harrapagailua, amarrua edota zepoa.
Asentamendu: asentamiento. Hitz honen lehengo esanahia hauxe da: egindako obran gerta daitekeen beheramendua, material konpresio-lanagatik edo azpiko lurzoruaren mugimenduagatik (LUR hiztegi entziklopekoaren definizioa. Orain, ordea, beste adiera bat ere eman zaio, kokapen mota batena, hain zuzen.
Atxikipen: adhesión. Atxikipen zabala: amplia adhesión. Koldo Mitxelenak bere Orotariko Hiztegian atxikimendua jasoa du. Horren esanahia: apoyo, adhesión, lazo, ligadura.
Aulki mugikor: asiento móvil.
Aurrizki: prefijo (telefónico). Adiera berri bat hartu du hitz honek. Baliteke oso zuzena ez izatea erabilera hau, aurrizkia, berez, aurre eta hizkia hitzen elkartea delako, eta telefono zenbaki bat, jakina, ez dago hitzez osaturik, zenbakiz baizik.
Azpikontratatu: subcontratar.
Bake indarrak: fuerzas de paz. Izen konposaketa edo hitz elkarketa. Indarra hitzak adiera berri bat hartzen du, armadaren parekoa, ingelesezko force-ren eraginez.
Bake misio: misión de paz (Milit.). Izen konposaketa edo hitz elkarketa.
Bakebideratu: pacificar. Izen konposaketa edo hitz elkarketa. Euskaratik bertatik sortutako hitza. Koldo Mitxelenak bere Orotariko Hiztegian bakebidea jasoa du. Horren esanahia: medio de poner paz, modo de pacificar.
Berrekin: reanudar. Koldo Mitxelenak bere Orotariko Hiztegian adierazten duenez, Sabino Aranak 1897an sortutako hitza dugu berrekin.
Berri agentzia: agencia de prensa.
Berrinbertsio: reinversión.
Bideografiko: bideográfico. Adjetibo erlazionala.
Binkulante: vinculante. Erabaki binkulanteak: decisiones vinculantes. Adjetibo eratorria.
Biolento: violento. Adjetibo eratorria. Koldo Mitxelenak bere Orotariko Hiztegian biolent hitza jasoa du. Hain zuzen ere, hitz hori Donibane Lohitzuneko Pierre d'Urte-k idatzitako liburu batean agertzen da.
Bisibilitate: visibilidad. Koldo Mitxelenak bere Orotariko Hiztegian bisible hitza jasoa du. Itxura denez, hitz hori Joannes Leizarragak, Tartasek eta Joseph Otsoa de Arinek erabiltzen zuten.
Bizkarzain: guardaespaldas.
Bolanta: bolanta.
Bonba-auto: coche-bomba.
Debate: debate. Koldo Mitxelenak bere Orotariko Hiztegian adierazten duenez, Eusebio Erkiagak erabiltzen zuen hitz hori eta Ibon Sarasolaren Maiztasun Hiztegian ere jasotzen da.
Dekretukada: decretazo.
Denboraldi: temporada. Kirol gaietan adiera berezi bat izaten du hitz honek: partidu ofizialak hasten diren garaitik amaitzen diren bitarteko aldia, eskuarki irailetik edo urritik hurrengo urteko maiatzera edo ekainera arte.
Derrotista: derrotista. Adjetibo eratorria. Koldo Mitxelenak bere Orotariko Hiztegian derrotatu aditza jasoa du eta honako definizio hau ematen zaio: "Quedarse saciado de comer y beber". Halaxe erabiltzen du José Mª Aspirozek "Azkue hiztegiari gehituz" izeneko artikuluan.
Desestabilizazio: desestabilización.
Dibertsifikatu: diversificar.
Dilijentzia: Diligencia (Zuzenbi.). Lehen zaldiz tiratutako ibilgailuaren adiera besterik ez zuen. Zuzenbide gaietan adiera berezi bat hartu du azken bolada honetan: izapideak edo iharduerak. Koldo Mitxelenak bere Orotariko Hiztegian adierazten duenez, Joannes Leizarragak ere bigarren esanahi horrekin erabiltzen zuen.
Dinamizatu: dinamizar.
Diru bereziak: fondos reservados.
Disidentzia: disidencia. Barne disidentzia: disidencia interna.
Diskrezio: discreción. Koldo Mitxelenak bere Orotariko Hiztegian adierazten duenez, Joannes Leizarragak, Silvain Pouvreauk, Joseph Otsoa de Arinek eta bestek erabiltzen zuten.
Distentsio: distensión. Distentsio aldiak: épocas de distensión.
Disuasio: disuasión. Disuasio nuklearra: disuasión nuclear.
Eledun: portavoz.
Enbargo: embargo. Arma enbargoa: embargo de armas. Koldo Mitxelenak bere Orotariko Hiztegian enbargoa gabe enbargua jasoa du. Pedro Miguel Urruzuno idazleak erabiltzen zuela adierazten da bertan.
Enfrentamendu: enfrentamiento.
Entzunketak: escuchas. Telefono entzunketak: escuchas telefónicas. Entzunketa sarea: red de escuchas.
Eragingarriak: incentivos. Zerga-eragingarriak: incentivos fiscales.
Errealizatu: realizar (Zin.).
Errekor: record. Denbora errekorra: tiempo record.
Erretirada: retirada (Milit.).
Eskainu: escaño.
Eskuderia: escudería.
Eskuhartze azkarreko indarrak: fuerzas de intervención inmediata. Kalkoa. Eskuhartu aditzak parte hartu esan nahi izaten du normalean; kasu honetan, berriz, borrokari lotu adierazteko erabiltzen da.
Esprint: sprint.
Estali: cubrir. Gastuak estali: cubrir gastos. Estali aditzaren adiera berri bat, ordaindu aditzaren parekoa, hain zuzen ere.
Esterminio: esterminio.
Estortsionatu: estorsionar.
Estralurtar: estraterrestre.
Etxe Zuria: La Casa Blanca.
Etxeratze dei: toque de queda.
Final-erdi: semifinal.
Final-laurdenak: cuartos de final.
Folio: folio.
Foro: foro.
Foruzaingo: policía foral.
Gaiezpen: incapacitación. Gaiezpen berezia: incapacitación especial.
Gailur: Cumbre. Gailurreko bilera: reunión en la cumbre. Gailurra hitzak adiera berri bat hartzen du, goi mailakoaren parekoa, hain zuzen.
Gainsari: bonificación (Kir.). Euskaratik bertatik sortutako hitza.
Gerra lehertu: estallar la guerra.
Giza ezkutuak: escudos humanos.
Gobernagarritasun: gobernabilidad.
Gobernuburu: jefe del gobierno.
Golegile: goleador.
Gorpuztu: interpretar (incorporar). Gorpuztu aditza gauzatu, eratu nahiz forma hartu edo eman-en sinonimoa da. Aditz honek, ordea, adiera berri bat hartzen du, antzezturen parekoa, hain zuzen. Gorpuzturiko pertsonaia: personaje interpretado. Ingelesetik (to embody) gaztelerara igarotako hitza eta gazteleratik euskarara.
Gregario: gregario (Kir.).
Hartuta eduki (telefonoa): tener intervenido el teléfono. Hartu aditzak ohikoa ez den adiera du kasu honetan.
Hazkundearen goi: techo del crecimiento.
Hazkuntza: crecimiento. Hazkuntza ekonomikoa: crecimiento económico.
Hegal: ala. Talde bateko jokalari bat izendatzeko erabiltzen da zenbait kiroletan. Rugby talde bateko hegala: ala de un equipo de rugby.
Hesi: barrera. Segurtasun hesia: barrera de seguridad.
Hiruko gobernu: Gobierno tripartito.
Hiruko marra: línea de tres (Kir.).
Hitzartu: acordar. Euskaraz sortutako hitza.
Ibilbide: trayectoria. Izen konposaketa. Adiera berria (irudizkoa) hartu du hitzak. Ibilbide politikoa: trayectoria politica.
Identifikatu: identificar.
Ilegal: ilegal.
Inbestidura: investidura.
Inflazio tasa pilatua: tasa de inflación acumulada
Inhabilitazio: inhabilitación.
Inpugnatu: impugnar.
Inpunitate: impunidad. Inpunitate giroa: ambiente de impunidad.
Inputatu: imputar.
Intransigente: intransigente.
Ireki: abierto, open. Golf-eko lehiaketak izendatzeko modu bat.
Irudi-robot: retrato robot.
Irregulartasun: irregularidad.
Iturri: fuente. Polizi iturria: fuente policial.
Kadete: cadete. Kadete maila: categoría cadete.
Kamuflatu: camuflar.
Kanporaketa: eliminatoria. Kirol gaietan adiera berezi bat hartzen du hitz honek: lehiaketa mailakatu baten faseetariko bakoitza.
Karnada: carnada.
Karrera: carrera (Kir.).
Kazeako untziak: barcos de cacea.
Kodetu: codificado. Katea kodetua: canal codificado.
Kolokazio: colocación. Kolokazio agentzia: agencia de colocación.
Komenientzia: conveniencia. Komenientziako bandera: bandera de conveniencia.
Komisariatu: comisariado.
Konbokatu: convocar.
Konfrontazio: confrontación. Konfrontazio egoera: situación de confrontación.
Konpetitibitate: competitividad.
Kontrol: control (Kir.).
Kontzentrazio: concentración.
Kostera: costera.
Lauko gobernu: gobierno cuatripartito.
Lidergo: liderazgo.
Luntx: lunch. Harrera-luntxa: lunch de recibimiento.
Lur harrotu: tierra batida (Kir.).
Makinaria: maquinaria.
Makro: macro.
Masibo: masivo. Erabilera masiboa: utilización masiva.
Master: master.
Maternizatu: maternizada. Esne maternizatua: leche maternizada.
Minoritario: Minoritario.
Mundial: Mundial (Kir.).
Muntaia: montaje.
Neurketa: partido. Kirol gaietan partidua esan nahi du.
Ofentsiba: ofensiva. Balizko ofentsiba: ofensiva hipotética.
Pagare: pagaré. Altxorraren pagareak: pagarés del tesoro.
Pankarta: pancarta.
Play-off: play off (Kir.).
Plus: plus. Biolentziaren plusa: plus de la violencia.
Prebentzio: prevención. Prebentziozko neurria: medida de prevención.
Prebisio: previsión.
Prekarietate: precariedad.
Prekarizazio: precarización.
Prentsa ohar: nota de prensa.
Presidentzialista: presidencialista. Erregimen presidentzialista: régimen presidencialista.
Pribatizazio: privatización.
Promozionatu: promocionar(se).
Rokodromo: rocódromo.
Salatari: confidente. Salatari hitzari beste ñabardura bat ematen zaio. Izan ere, confidente erdarazko hitza norbait edo zerbait salatzen duen pertsona izateaz gain, izkutuko informazioa norbaiti (normalean, poliziari) jakinaraziz dirurik eskuratzen duena ere bada.
Saneatu: sanear.
Saskiraketa: enceste. Hiruko saskiraketa: enceste de tres puntos.
Seniorra: senior.
Set: set.
Super-talde: super-grupo (Musik.).
Suspenditu: suspender (musika edo horrelako ekitaldiei dagokienez).
Teklista: teclista (Musik.).
Telefono mugikor: teléfono movil.
Telonero: telonero (Musik.).
Tertulia: tertulia.
Tipifikazio: tipificación.
Traslado: traslado.
Txantaje: chantaje.
Txikane: chicán.
Ultraeskuindar: ultraderechista.
Umilazio: humillación.
Untziola: astillero.
Zelular: celular. Telefono zelularra: teléfono celular.
Zentro-eskuin: centro-derecha. Zentro-eskuineko Gobernua: gobierno de centro-derecha.
Zerrendaburu: cabeza de lista.
Zigorgabetu: Despenalizar.
Zorpen: endeudamiento. Gaizki eratutako kalkoa dugu hau.
Zorpen politika: política de endeudamiento.