Administrazio sanitarioko euskara: egoera, itzulpena eta arazo terminologikoak
Roberto Manjon

Erakunde sanitarioetako euskararen arazoa

Egoera soziolinguistikoa

Osakidetzak —eta Osasun Sailak— eginkizun handiak ditu Euskadiko Administrazioak bultzatu behar duen normalizazio linguistikoan, ez bakarrik langileetan ugariena delako (hogeita hiru mila gutxi gora-behera), baita haren jarduera motak gizartean duen eraginagatik ere, herritarren eguneroko bizitzari estu eta artez lotzen baitzaio, kezkabide handiko alor batean hain zuzen, eta medikuen munduak duen prestijioagatik, ereduak sortzen oso ahaltsua baita.

Osasuna erabakiorra da, guztiz, gure bizitzan, eta alde honetan sentitzen dugu inon baino errazago noraino garen zaurgarriak; horrexegatik, agian, eremu horretan inon baino errazago onartzen dugu zenbait menpekotasun, beste batzuetan jasangaitzago zaizkigunak; hortik ere datorke neurri batean, profesional sanitarioekiko jende xeheak duen mirespena —izkutuko beldurra ez denean— bai eta beraien boterea eta itzala ere.

Baina, ondo dakigunez, administrazio eta zerbitzu sanitarioak atzeratuenetarikoak dira euskararen normalizazioan, gizartearen aldetik ere presio motela jasotzen dutela.

Izan ere, Euskal Herriko arazo linguistikoek erakusgarri argia dute Osakidetzan. Bertan inon baino nabarmenago da euskarak funtzio formaletan duen gabezia, eguneroko jarduera administratibo eta asistentzialetik kanpo dagoelako, salbuespenak salbuespen. Behargin gehienek ez dakite euskaraz, dakitenean, berriz, ez dira gauza izaten maila formaletan erabiltzeko. Gainera, nekez gainditzen da mendeetako muga ezagun hori: herritarrek nahiz funtzionarioek ondo dakite etxe ofizial batean nola mintzatu behar den, halako moldez non euskaldun asko deseroso ere senti baitaiteke euskaraz egin behar badu.

Adibide baterako, Deba Garaiko ospitalea: % 65,12 da eskualde horretako euskaldunen kopurua (Antzuola, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Elgeta, Eskoriatza, Leintz-Gatzaga, Oñati). Handiagoa da portzentaia umeak eta nerabeak oinarri (66,82), baina txikiagoa da erdiko adinei bagagozkie: 60,89 25-34 urtekoetan, 59,61 35-44 urtekoetan. Zaharretan, berriz, nabarmenki handitzen da: %79,33.

Besteen aldera, handia da euskaldunen kopurua ospitale honetako langileen artean: % 40 (7. maila edo goragoko bat egiaztatua dutenak edo euskaldun zaharrak, gehienak, eta oso gutxi alfabetatuak). Oro har, ez dira funtzio formaletan euskaraz egiteko gai; euskaldun zaharrak, behintzat, gai dira pazienteekin euskaraz aritzeko.

Hala ere, ez da langileen artean euskaraz egiten eta, sarritan, ezta pazienteekin ere. Beste alde batetik, hiru inprimaki baino ez dira elebidunak.

Euskarri grafikoak

Osakidetzako errotulazioak eta inprimakiek ederto erakusten dute euskararen gaitzen larria: toki askotan, errotulo asko edo guztiak erdera hutsez; testu ulertezinak nonahi; errore tipografiko, itzulpenezkoak edo gramatikazkoak, ugari; bazter guztietan, lexikoan, garai edo ikuspegi desberdinetako aukerak elkarrekin edo kontrajarrita ageri dira.

Testu elebidunetan euskara gehiago nabarmentzeko Gobernuak emandako arauak ez dira oraindik zentro askotan betetzen, aurrera pausu handiak eman baditugu ere.

Ez da munta txikiko arazoa inprimaki eta liburu-liburuxka elebidunen diseinuari lotutakoa. Aurrekontuak direla, euskararen irudia erdaldunenganaino ere helaraztea dela, sarri askotan, batera agertzen dira euskara eta erdara, irudi koniko berean alegia, bakoitza bere zutabean, edo nahasi samar, taulak eta grafikoak direnan. Jakina, agertzeko modu honek traba egin dezake irakurtzerakoan —inprimaki, taula eta grafikoetan batez ere. Irakurle euskaldunarentzat da kalterik handiena.

Hizkera

Administrazioko beste eremuetan bezala, berriki eta ia tradiziorik gabe sartu da euskara administrazio sanitarioan. Ondorioak ere berdintsuak dira: bazter guztietan eta egunero zalantza, nahaspila, naturaltasun falta, itzulpen txarrekiko menpekotasuna, testu ulergaitzak, aukera anitz kontrajarrita, sakabanatzea.

Lexikoa urria da administrazio sanitarioko beharrizanei erantzuteko, era berean, sintaxi eta estiloaren aldetik ez da behar bezalako egokipenik lortu; halatan, arin eta sustrairik gabe sortzen ditugu berbak, formulak, eraikuntza sintagmatikoak. Ondorioa: hizkera berriak ez du erabili behar luketenen artean arrakasta handirik.

Horrela, nekez izan daiteke euskara funtzio linguistiko berrietarako tresna baliagarria.

Kontu zaharrak dira hauek. Itzulpenaren menpeko da euskara, baita berba berriak sortzen ditugunean ere. Eta ezbaian gabiltza gehienetan, berba okerrak, ulergaitzak bultzatuko ote ditugun beldurrez, edo aukera desberdinen artean bidea ezin aurkiturik.

Hizkera ez dago behar bezain finkaturik ez baturik: ohikoa da termino baten tokian hiru edo lau berba agertzea. Ohikoa da kontzeptu baterako berba desberdinak erabiltzea, zeren toki eta garai diferenteetan berba desberdinak baitira lehenetsiak. Irizpide anitzek horrenbeste berba sortzen dute, egunetik egunera aldatzen dira eta, baita itzultzaile beraren kasuan ere.

Ondorioa: igorle eta hartzailearen arteko kodigoa ez dago batere argi, lauso baino; honela, komunikazioa ez da efikaza. Guztiagatik ere, euskaraz egiten denean, erabilera errituala baino ez da.

Bada, euskarak ez du administrazio sanitarioan erritualizazio maila gainditu ("hizkuntza ofiziala", "euskotarron hizkuntza"), baina gainditzen hasi behar du erakunde sanitarioetako hizkuntza izango bada.

Ematen ari diren pausoak

Aurreko legealdian hasita, pauso batzuk ematen ari dira euskararen bidea behar bezala jorratzeko. Hiru dira garrantzitsuenak:

- Irizpideak bateratzeko eta finkatzeko ahaleginak egin dira Osakidetzako Idazkaritza Nagusian eta Osasun Saileko Zerbitzu Zuzendaritzan, eta Osakidetzako sarean zabaltzeko apur bat ere bai.

- Euskara-zerbitzua Osakidetza barruan sortzeko proiektua dago, aurreko legealdian zuzendaritza-kontseiluak onartuta, baina erakunde sanitarioak berriro egituratzeko prozesuan daudelako oraindik gorpuztu ez dena.

- Administrazio sanitarioetako euskal lexikoa bateratzeko eta finkatzeko batzordea eratu da. Izan ere, badugu azken urte hauetako jardunean erabilitako hainbat hitz berezi eta terminoren corpusa (dokumentuetatik atera behar ditugunak), corpus zaharra ("tradizionala" deritzaguna) baztertu gabe. Eseri eta aukera hauek guztiak aztertu behar ditugu, batzuk bultzatu eta besteak baztertzearren, Administrazioaren, profesionalen eta adituen artean iritziak ezagutaraziz eta akordioetara helduz[1].

Administrazio sanitarioko hizkeraren osagaiak

Atal honetan administrazio sanitarioko euskal hizkera sortzeko eta egokitzeko dauzkagun arazo garrantzitsu batzuk aztertu nahi ditut, ez, beraz, normalizazioari datxezkion guztiak, ez baita artikulu honen helburua hizkuntza-plangintzaz jardutea.

Administrazio sanitarioan, besteetan bezala, jatorri desberdinetako hizkera bereziak gurutzatzen dira (juridikoa, jarduera administratibokoa, ekonomia eta kontabilitatekoa...) baina, espezifikotasunez, medikuntzakoa, farmaziakoa eta erizaintzakoa. Gainera, eta hauxe da oraingo honetan interesgunea, sarritan erraz bereizten ez den hizkera-eremu bat dago, espezifikoena hertsiki helduz gero, administrazio sanitarioko hizkera hain zuzen, neurri batean medikuntza eta gestio administratiboa gurutzatzetik eratorria.

Jakina denez, hizkera berezietako terminoen eginkizuna ez da izendatze hutsa, sailkapen-sistema baten euskarria delako. Kontzeptuak sailkatzeko eta bereizteko erabiltzen dira, sinbolo bihurturik. Hortaz, arlo zientifiko-teknikoen sistema nozionalen parean ditugu sistema terminologikoak. Eta sistema den aldetik, nozionala antolatzen den koherentzia beraz antolatu behar ditu bere atalak, bere unitate adierazleak, hala zatika daitezkeenak (konposagaiak, morfemak eta lexemak erakutsiz, alegia) nola osoak.

Terminoen helburua bereizketak egitea baita, biziki murriztuta du adiera, ingurukoetatik aparte argi antzemateko behar heinean.

Katramilak bide bitatik datoz: batetik, baliteke eremu honetan zentzu bereziez erabiltzen diren hitz guztiak terminoak izatea —edo ondo eratutako terminoak ez izatea bederen—, bestetik, medikuntzakoa eta administrazio sanitariokotzat jo ditugun hizkerak bereizteko zailtasuna, lehenengoaren eremua biziki zabala eta mamitsua izanik, hizkera bion arteko mugak lauso eta lanbrotsuak direlako; izan ere, maiz, ez dugu marra bereizgarri metodologiko bat baino egiten, errealitatean, bizitzan, ez baita horrelakorik agertzen.

Bereizketa funtzionala izan ledin, hizkerok sistema ireki bi direla pentsatu behar genuke: ezaugarri multzo batek emango luke sistema bakoitzaren gunea edo ardatza; elementuek —hitzek eta berezitasun morfosintaktikoek, alegia— neurri aldakor batean beteko lituzkete ezaugarriok, gainera, ez liekete ezaugarri guztiei zertan erantzunik. Honela, sistemok baliagarriak lirateke elementuak sailkatzeko, baina ez lukete ezinbestean elkar baztertuko[2].

Nola zedarritu hizkera sanitarioari dagokion eremua? Izendatu dugun moduak berak eskaintzen digu, nonbait, giltzarria: helburu administiboaz erabiltzen diren terminoak izan behar dute eta jarduera sanitarioa arautzeko edo gestionatzeko erabili behar dira.

Esaera zaharrak dioenez, gaitz bakoitzak dauka bere gaitzago, eta arazo batek beste bateraino garamatza: zer esan nahi dugu "sanitarioa" diogunean?

Hona hemen proposizio edo abiapuntu bat, behin-behineko sailkapen lagungarri bat izan dadin. Handika-mandika agertuta, honelako azpieremuetako terminoak hartuko ditugu sanitariotzat:

  • •Asistentzia eta atentzio sanitarioa ematen duen egituraren guneak: zerbitzuen, unitateen, zentroen, gela moten izenak.
  • Administrazio sanitarioko egitura osatzen duten unitate, zerbitzu, zuzendaritza, zuzendariordetza espezifikoen izenak.
  • Administrazio sanitarioko eta erakunde asistentzialetako pertsonal espezifikoaren profesioak, jarduerak, baita lan-erregimeneko espezifikotasunak ere.
  • Administrazio sanitarioko jarduera administratibo eta gestio-lan espezifikoa izendatzen duten terminoak.
  • Jatorriz medikuntzatik, erizaintzatik edo farmaziatik badator ere, badago administrazio sanitarioko eguneroko jardueran oinarrizko eta ohikoa den lexiko eta terminologia mota bat, itxuraz, administratiboa ez dena, baina, Administrazioko testuak ikusi eta berehala ohartzen gara gestio sanitarioak erabat bereganatu duela. Gehienetan, oso ezaguna eta erabilia izaten da eta fakultatiboak ez direnek ere erabiltzen dituzte askotan: gaixotasun arruntak, jendeak aipatzen dituen medikamentuen edo prozedura medikoen terminoak. Izan ere, administrazio sanitarioan ohikoak direlako bereganatu edo bereganatzear ditu hizkera arruntak.

Medikuntzaren hizkeratik eratorria da, gehienbat, hizkera sanitarioa, esan bezala, farmazia eta erizaintza eragile garrantzitsuak badira ere. Izan ere, oinarrian zientzia hori duen jarduera administratuz sortzen da mundu sanitarioa.

Medikuntzako terminologia grekeratik[3] eta latinetik hartutako erro, aurrizki eta atzikiekin gorpuztu da[4]. Esan daiteke hizkuntza klasikoetako ekarpena beste terminologietan baino handiagoa eta nabarmenagoa dela honetan.

Antzinate klasikoan grekera zen medikuntzaren hizkera, eta halaxe jarraitu zuen erromatar inperioan ere, ertaroan, berriz, arabierak eta latinak izan ziren oinordekoak, Bizanzion izan ezik, bertan, grekerak iraun baitzuen. XIX. mendean erabat aldatu zen egoera: hizkuntza arruntek hartu zuten latinaren tokia. Hasiera batean, frantsesa izan zen medikuntzaren hizkuntza, gero alemanerak bereganatu zuen nagusigoa, gaur egun, berriz, ingelesa da hizkuntza erreferentziala.

Erromantzez argitaratzen direnak xede-testuak izaten dira, zeharka edo artez, sorburu-testu baten itzulpena dira eta. Ingelesa da, bada, sorburu-hizkuntza. Itzulpen okerrek (sasiadiskideak gehienbat) eragindako hitz eta esamolde okerrak sartzen dira ate honetatik, baita alperreko anglizismoak.

Euskal itzulpenak neurri handi batean gazteleraren menpean daudenez gero, gaztelerara heldutako okerrak sartzen dira euskaran ere: "detect" berdin "detectar" itzultzen dute gaztelerara, baina gazteleraz "detectar" beste zerbait da: "poner de manifiesto, por métodos físicos o químicos, lo que no puede ser observado directamente"[5]. Hortaz, minbizia "se detecta" mamografiaren bidez baina organo-emaileak ez, "se localizan" edo "obtienen" , arazoak, berriz, "se observan", "se perciben", "se notan". Eta euskaraz? "detektatu", "bilatu", "aurkitu" eta "ohartu" bereizi behar ditugu edo ingelesari jarraitu "detektatu" eta kito?

Grekera eta latinetik erroak, aurrizkiak eta atzizkiak hartzen dira, baita, batzuetan, hitz osoak ere:

"profilaxi" (medikuaren iritzia), "paranoia" ("para" ondoan "noia" izpiritua), "epi-" (gainean) "para-" (ondoan), "an-" (gabezia), "peri-" (inguruan), "skhizo-" (zatitu), "-algia" (mina), "-emia" (odola), "geni(a)-" (sorkuntza), "-iatria" (medikua), "linfo" (ura), "-lisi" (disoluzioa), "mano" (erotasuna), "narke" (lozorro), "neumo" (birikia), "obo" (arraultza), "onko" (hantura), "orexia" (jangura), "osi" (gaitz kronikoa), "-patia" (gaitza), "-plastia" (taxutu), "-plegia" (kolpea), "-ragia" (hautsi), "(e)sklero(si)" (gogorra, zurruna), "terapia" (sendatzea), "-tomia" (zatitzea), "zefal" (buru).

Nabari denez, grekeratik datoz ia guztiak, baina, jakina, erroak, aurrizkiak eta atzizkiak hizkuntza klasiko horretatik badatoz ere, sortutako hitzak ez dira grekoak, hizkuntza bakoitzaren hizkera berezitu modernokoak baino. Nazioarteko hitzak dira eskuarki, fonologia eta arau ortografiko desberdinen arabera moldatuak.

Zenbaitetan, nahasi samarrak eta txarto eratuak izan daitezke hitzok, hala ere, munta gutxikoa da hori hizkuntzetan, hitzek konbentzioz onartuak eta erabiliak diren neurrian balio baitute, ez jatorriaren kalitateagatik. Adibidez, esan dugun bezala, "para-" aurrizkiak (grekoa) "ondoan" esan nahi du, "entero" (grekoa) "heste" da, "parenteral" terminoak, beraz, esan nahi du ez dela hesteen edo urdailaren bidez egiten; komunzki, zainetatik elikagaiak nahiz medikamentuak sartzeari dagokio. Amaierako atzizkia, berriz, erromantzetik jaso da, latin jatorrikoa ("-lis", genitiboan).

Zientziaren izpirituaz jokatuz gero, unibertsaltasunari men eginez, nazioarteko termino hauek mailegatu behar ditugu, itxura behar bezala egokituta, zientziaren beharkizuna baita kontzeptuak bat etortzea, adiera bakarrekoak, argiak eta eragozpenik gabe identifikatzeko modukoak izatea[6]. Honela, ez dugu "haur-medikuntza" esango, "pediatria" baino[7].

Honela bada, neurri batean baino ez diogu bertoko tradizioari eutsiko, mendeetan eta gaur egun arte herriak erabili izan dituen gaixotasunen izenetan hain zuzen, eta honetan ere murrizketa handiekin: "elgorria", "baztanga", "buruko min" edo "bihotz-", "bihotzeko" erabil ditzakegu, noski, baina, testu motaren arabera (espezializazio maila oinarri), "zefalea", "zefalalgia", "entzefalo", "kantzerra" ,"kardio-", "kardiako" e.a. ere bai. "zain", "zainzuri", "kirio" esango dugu noizbait, baina gehienetan "baso", "baskular", "arteria", "bena", "nerbio" eta "tendoi".

Dena den, sarritan arazobide nagusia ez dute termino bakunek ematen, konplexuek eta multzoek baino —ohikoak hizkera berezietan—. Orduan, eraikuntza sintagmatikoak egin behar ditugula, hizkuntza bakoitzak bere erregela sintaktikoak dituenez gero, noraezekoa da eraikuntzak nork bere erara egitea, eta, itzulpenen munduan baikabiltza, sorburu-hizkuntzako eraikuntza sintagmatikoen baliokideak ematean sortzen dira katramilak.

Administrazio sanitarioko hizkeraren arazoak

Arazo terminologikoak

Esandako guztiagatik ere, errealitatea makurragoa da teorian dirudiena baino, batzuetan, gure inguruko hizkuntzak ez baitatoz bat gauzak izendatzeko orduan, hau da, beren erara moldatzen dute zenbait.

Arazoa hiru bidetatik dator:

  • Kontutan hartu behar da, hizkuntzak gora-behera, gure administrazio sanitarioa eremu batekoa dela, hots, erdaraz nahiz euskaraz adierazita, bat bera dela. Beraz, "servicio de asistencia" edo "servicio de atención" gauza desberdinak balira, desberdintasun hori euskaraz ere eman beharko genuke, zerbitzu hori Erresuma Batuan bestela antolatzen badute ere.
  • Norainoko itzala gorde behar diote itzultzaileak eta gai hauetaz idazten dutenek dabilen hizkuntzari eta hitzari?
  • Asma ote daitezke desberdintasun kulturalak?

Ez dut konponbide unibertsalik edo errezetarik, auzian irizpide linguistikoak ez ezik pragmatikoak eta ideologikoak —zentzu zabalean hartuta, balioak alegia— baitaude jokoan. Hala ere, iritziak iritzi, hona nire ikuspegia:

  • Hizkuntza gizartearena baita[8], errespetatu behar da arlo bakoitzeko profesionalek sortzen duten lexikoa edo terminologia, alor zientifiko edo tekniko horretan funtzionatzen duelako, gramatikaren kontra jotzen ez duen neurrian, beraiek baitira erabiltzaileak eta eguneroko jardunean funtzionarazten dutenak, bestela, etorkizunik gabe, oztopoak baino ez dira bidean jartzen.

Hizkuntza bizitzak egiten duelako bizi da, ez bulegariak.

  • Itzultzaileak ez du, bere iritziak medio eta dagoenetik ihes egitearren, hizkerak asmatzen ibili behar[9], bestela, idiolektoak edo hizkera asozialak sortzen baititu: itzultzailearen eginkizuna zubiak eraikitzea da, testu bidezko komunikazioaren ingeniaria baita.
  • Gizarte moderno batean, kultur bereizketa txikien euskarriak dira hizkuntzak, elebiduna denean ere bai, areago kultura berriei begiratzen badiegu, elementu handietan kultura-batasun handia egotea baita gizarte modernoaren ezaugarri nagusietariko bat.

Bat bera da —bazterreko salbuespenen bat gora behera— Euskal Komunitate Autonomoko kultura sanitarioa, eta berdin dio medikua edo pazientea euskaldunak direnentz. Esate baterako: "paziente" / "gaixo" du buruan euskal mediku batek, erdal medikuak "paciente" / "enfermo" duen era berean.

Kultur desberdintasunak asmatzen ibiltzeak alferrikoa ez ezik, traba ere egiten du, interferentziak sortuz eta adierazi behar duen errealitatetik urrunduz, hizkuntza minorizatua indarge uzten baitu, nagusiaren mesedetan noski. Mundua aldatzea dago, inbentatzerik ez, literaturan ezik.

Ez dut planifikazio linguistiko normalizatzailean euskal itzultzaileak duen zeregina ukatu nahi, baina azpimarratu nahi dut edozein ekimenek oinarri bi izan behar dituela present: hizkeren mekanismoak giza-komunikazioaren mekanismo orokorren barruan daudela eta terminologiak sistematikoa eta argi eta zehatz itzultzeko modukoa izan behar duela[10].

Egunero bidelagun ditugun arazo terminologikorik tipikoenak azalduko ditugu hurrengo orrietan. Beltzez nabarmenduko ditut erdal terminoak eta hobesten ditudan euskal baliokideak, behin-behineko proposizio gisa.

•Administrazio sanitarioko termino oso arrunt bik jartzen gaituzte lehenengo arazoaren aurrean: "atender" / "asistir" eta eratorritako abstraktoak, "atención" / "asistencia". "Atender", dio Diccionario Ideológico de la Lengua española[11] hiztegiak, "Aplicar los sentidos al conocimiento de alguna cosa. Tener en cuenta alguna cosa. Cuidar de alguna persona o cosa.", eta berdintsua da Diccionario de la Lengua Española[12] eta Diccionario de uso del español[13] hiztegiek dakarten esanahia. "Asistir", berriz, honelaxe zehazten du Julio Casaresek: "Prestar determinados servicios. Servir interinamente. Socorrer, ayudar. Tratar a un enfermo para su curación". Gehiago zehazten du María Molinerrek: "Contribuir con los medios propios o esfuerzos a que alguien salga de un apuro o mala situación. Particularmente, cuidar a alguien en una enfermedad, como médico, como enfermero, etc.".

Ñabardura bat dago kontzeptu bion artean: lehenengoak, "atender", zerbait ulertzen saiatzea, arreta ematea, kontutan hartzea, eta, azkenez, zaintzea adierazten du; bigarrenak, "asistir" laguntzea, zerbitzua ematea, tratamendua ematea, sendatzea. Lehenengoan, jarrera da azpimarratzen dena; bigarrenean, berriz, jokabidea adierazten da, arazoa konpontzera daraman ekintza.

Termino sanitarioek bereizketa hori dute oinarrian: "atender", "atención" hitzek zerbitzu sanitarioek laguntza eske datorrenaren aurrean daukaten jarrera fokalitzatzen dute, jaramon egiten zaiola, erantzuten zaiola, alegia; "asistir", "asistencia" terminoek, berriz, osasun-arazoa konpotzeko jarduera erakusten dute. Halatan, "atención" barruan laguntza sanitarioa ere egon daiteke inoiz, zentzu orokor batez erabiltzen denean, "asistencia", aldiz, espezifikoagoa da.

Adibide bat. Badira "ambulancias asistidas" eta "ambulancias no asistidas"; "no asistidas" direnek bestelako "atentzioa" ematen dute —pazientea garraiatzea— ez baitaramate medikurik ez aparatu sanitariorik. Beraz, honetan datza "asistentzia", laguntza sanitarioa ematea hain zuzen, "atender", berriz, anbulantzia guztiek egiten dute.

"Asistitu" eta "atenditu" euskal tradizio literarioan dauden arren, ez bide dute zentzu sanitariorik hartu[14].  Beste hitz bi agertzen dira ñabardura horrekin: "artatu" ("arretatu" sinkopatuta) eta "sorotsi". Hitzok ez dute erderaren bereizketa egiten. Lehenengoa testu bakanetan azaltzen da, gutxitan erabiltzen baita gaur egun; bigarrenak, orain dela urte batzuk ezkeroztik inguru batzuetan ikusten dugun arren, ez du indarrik hartu eta iraungitzeko bidean dago[15]. "sorotsi", bada, hilda zegoen XVI. menderako[16]; azken mende honetako giro garbizaleak egin ditu berpizteko ahaleginak.

Jakina, "asistitu" eta "atenditu" maileguek jatorrizkoen balio semantikoa bereganatu dute. Horregatik, ziur aski, nahiko zabaldurik daude medikuntzaz edo Administrazio sanitarioaren inguruan azken urteotan argitaratu diren testuetan[17].

"Laguntza" proposatu da "atención" eta "asistencia" batean jasotzeko, baina polisemia-arazorik ez da falta, "laguntza", "ayuda", "compañía", "atención", "asistencia", "apoyo", "prestación", "subvención", "auxilio", "socorro"..., izan daitekeelako. Esperientziaz dakigu, "laguntza" esanahi horiekin erabilita, orrialde batean lau "laguntza" desberdin azal daitezkeela eta, itzulpena sorburu-hizkuntzara atzera eginda, alde handiak azaltzen direla sorburu- eta xede-testuaren artean[18].

"Osasun-zaintza" da bazterretan ibili den beste aukera bat. Ez du aurrekoaren oztopo bat ere gainditzen, arazoa handitu baino: "zaintza trinkoak", "zaintza bereziak", "erizaintzako zaintzak", "zaintza paliatiboak"...

Bereizi behar ote ditugu euskaraz "salud" eta "sanidad"? Eta "sanitario"? Ondorio zuzena da "salud" eta "sanidad" "osasun" hitzean batuz gero, "sanitario" ere horren azpian sartzea. Bereiztea beharrezkoa balitz, ordea, nekez lortuko genuke kasu guztietarako "osasun-" ataldun konposiziora joz.

"Salud", dio Julio Casaresek, "Estado del ser orgánico en que todas sus funciones se efectuan normalmente"; María Molinerrek "Estado del organismo que no está enfermo [...] Circustancia de los seres orgánicos por la que pueden estar más o menos sanos o estar enfermos."

"Sanidad", Casaresen hitzetan, "Calidad de sano" eta "Conjunto de servicios gubernativos encargados de proteger la salud del común de los habitantes del país." María Molinerrek, "Calidad de sano" eta "Conjunto de servicios administrativos que se refieren a la salud pública."

"Sanitario", adjetibo erreferentziala, "Perteneciente o relativo a la sanidad" dela dio Casaresek, eta "De sanidad" dakar María Molinerrek.

Hortaz, aski desberdinak dira "salud" eta "sanidad", bata egoera eta bestea, kalitateaz gainera, instituzioek eskaintzen duten zerbitzuen multzoa dira eta.

Askotan, hitzen testuinguruak berak desegiten ditu nahaspilak, ondoan "arlo-", "zerbitzu-" edo "-garraio", "-jarduera", "-ikuskapen" agertuz gero, Administrazioa baitator burura ("sanitario", beraz). Hala ere, honela, ezin dira anbiguetateak saihestu: "osasun-zentroa" ("centro de salud" ala "centro sanitario"? "osasun-arazoa" ("problema sanitario" ala "problema de salud"?), "osasunaren arloa" ("área de lo sanitario" edo "área de salud"), "osasun-hondakinak" (asistentziak sortzen dituen hondakinak), "osasun publiko" ("salud pública" ala "sanidad pública"?), "osasun-eredu" ("modelo sanitario" ala "modelo de salud"?).

Ingelesez "health" ("salud" eta "sanidad") eta "sanitary" ("sanitario") bereizten dira, baina "safety" ("public safety") eta "sanitation" ere erabiltzen diren arren (zenbait konposatutan, "sanitation problems"). Frantsesez, "service sanitaire" erabiltzen dute, gutxitan "santé" ("salud"), "sanitaire" da, bada, adjetiboa[19]. Beraz, frantsesez eta gazteleraz "sanitarioa" adjetiboa berezko lexema batez ematen dute eta era berean jokatzen dute instituzioarekin ere.

Geure aldetik, gero eta gehiagotan baliatzen gara "sanitate", "sanitario" (sanitateari dagokiona) eta "osasun" kontzeptuez, argi eta zehatz bereizteko.

•"Paciente" eta "enfermo" erabiltzen dira erakunde sanitarioetan, dakigunez, lehenengoa bigarrena baino usuago. Desberdinak dira kontzeptualizazioaren aldetik, baita ikuspegiaren aldetik ere.

"Enfermo", osasunik ez daukana da, "paciente" dena, ordea, osasuntsu egon daiteke. Osasun-zentro eta ospitaletan jende asko dabil osasuntsu: analisiak egitera datozenak, medikuaren kontsultara doazenak, dietistari bisita egiten diotenak, haurdun dauden emakumeak... Hauek guztiek ez dute zertan gaixorik egonik. "Pazientea", bada, atentzio sanitarioa eskatzen duen pertsona da, batzuetan, asistentzia ere jaso dezake, gaixorik edo osasuntsu egonda ere. Gaixorik dagoenak gaitza du.

Edukia ez ezik, ikuspuntua ere aldatzen da, eta horixe da erabakiorrena, "paciente" medikuaren begira sortzen baitu: atentzioa eskatzera datorren hiritarra.

Baliteke euskaraz, tradizioz, "gaixo" baino ez erabiltzea, edonola ere, ez digu ezer konpontzen, batetik, tradizio administratiborik ia ez dagoelako, bestetik, gaur egungo administrazio sanitarioan dihardutenek, euskaldun nahiz erdaldun, kontzeptu horiek bereizten dituztelako.

Administrazioko zuzendaritza, diskurtso berri bat eraikiz —erreforma dela kausa noski— beste kontzeptu bat bultzatzen ari da: "bezeroa". Ez dakit "paciente" baztertzeko beste arrakasta lortuko duen.

Geure aldetik, batzuetan, aipatzen dena gaixorik dagoela zalantzarik gabe ohartzen garenean, eta, testuaren hartzailea zein den kontutan hartuta, "gaixoa" esanda argiago dagoela uste badugu, "gaixoa" ematen dugu lasai asko.

• "celador" edo "zeladore" den langileak eginkizun ugari eta oso desberdinak ditu: "jagole"[20] eta "zelari"[21] proposatu dira euskal baliokidea emateko, ziur aski, erdal hitzaren etimoa gogoan. Zeladore batzuek zaindu egiten dute, beste batzuek, aldiz, jarduera guztiz desberdinak dituzte. Zer da, bada, "celador de autopsias" deritzana"? "autopsia-jagole"? Ez noski.

Ez dugu berme hoberik aurkituko "zelari" aukerari lot dakizkiokeen hitzak burura ekarriz gero: "zelatatu. du ad. 1. Norbaiti, bera konturatu gabe, so egon, egiten duenaz jabetzeko. 2. Ezkutaturik norbaiten zain egon, hari ustekabean erasotzeko" edo "zelatu: du. ad. Zaldi eta antzekoei zela jarri."[22]

• "mediku" eta "sendagile" hitzen artean aukeratu behar izanez gero, ez dugu ahaztu behar ezen, batetik, "mediku" hitzak tradizio literarioa daukala bere alde, bestetik, herri-hizkeraren bermea ez zaiola falta[23].

• Askoz korapilotsuago da "médico" adjetiboaren baliokide egokia aurkitzea, adiera desberdinak baititu, sarritan, nekez, antzematen diogunak.

Hainbat kasutan, "medikoa" eta "kirurgikoa" kontrajartzen dira, hots, "medikoa" ez dela "kirurgikoa" adierazi nahi du Administrazioak: "zuzendariorde medikoa", "onkologia medikoa", "unitate medikoa", "eguneko ospitale medikoa", "tratamendu kirurgikoa eta medikoa"... Ezbairik gabe, kasu honetan, baliokidea ezin daiteke "medikuntza-" izan. Baina, maiz, medikuak egiten duela erakusten du, edota, oro har, medikuntzaren arlokoa dela: "medikuaren goardia", "enpresako medikuntza-zerbitzua", "medikuntza-komunikaziorako unitatea", ezgaitasunak baloratzeko medikuntza-unitate...

Dena den, usu sortzen da zalantza; horrelakoetan, "mediko" adjetiboa mailegatuaz baliatzeari deritzat egokiena: "jarduera medikoa", "eguneko ospitale medikoa"...

Hala ere, "médico" adjetiboa balio sanitariorik gabe ere erabiltzen da, hitzek duten majiagatik. "Larrialdi medikoak" irakurri dugu anbulantzia batean, beraz, ez dira suhiltzaileak hor doazenak.

• Batek baino gehiagok dio administrazio sanitarioan beharrean diharduten guztiak "langileak" edo "beharginak" direla eta, halatan, instituzio hauetan dihardutenen taldeari "langileak", "langileria" izendapena dagokiola. Ildo horretatik, "langile sanitarioak" (edo "osasun-langileak"?), "langileria sanitarioa", "sanitarioak ez diren langileak" edo "langile ez sanitarioak" e.a., esan beharko genukeela dirudi.

Casaresek dio "personal": "Conjunto de las personas que pertenecen a una determinada clase, corporación o servicio."

Bazter ditzagun, hasteko, "langilego" eta, zer esanik ez, "lanarigo" —txarto eratutako hitzak omen— azken bolada honetan biziki kritikatu baitituzte eta.

Zertan datza arazoa? Erderaz, "trabajador" "obrero"tik hurbil sentitzen dugu. Julio Casaresek dio "Jornalero, obrero", eta María Molinerrek "Obrero. Persona que se gana la vida con un trabajo corporal" dakar. Baliteke ñabardura horregatik, Administrazioan —orobat lan teknikoa egiten den tokietan— "personal" hitzaz baliatzea, lan-harremanetarako "trabajadores" ere erabiltzen duen arren. Hala ere, pertsonal hori "subalterno" denean, eragozpen gutxiago dago "trabajador" esateko.

Euskaraz gauzak ez dira oso diferente: "Langile. iz (1575). 1. Lan egiten duena; bere lanetik ogibidea irabazten duen pertsona." Eta gaineratzen du: "Lanbide jakin batean sari-truke aritzen dena; batez ere, eskuen bidez industrian lan egiten duena."

Administrazio sanitarioko askok "trabajador" edo "langile" direla esaterik ez lukete onartuko. Ezin uka dezakegu guztiaren azpian aurriritzi ideologikoak daudela. Ondorioz, "pertsonal sanitarioa" eta "pertsonal ez sanitarioa" —edo "sanitarioa ez den pertsonala"— baliokideak onartzen ditugu gero eta errazago[24].

• Tokiak izendatzeko ere badago gora-beherarik. "Centro de salud" hitzez hitz ematen dugu: "osasun-zentro". Erarik hedatuena da, Euskadiko Komunitate Autonomoan behinik behin. "Osasun-etxe" eta "osasundegi" ere irakur daitezke nonbait. Kontutan hartu "centro de salud" eta "centro sanitario" ez direla gauza bera.

"Zentro" diogu, lehen erabiltzen zen "zentru" baztertuta, Euskaltzaindiak -ter, -tra, -trum amaiera zuten hitzetan -tro hobesten duelako, nahiz eta Axularrek, "zentru" idazten zuen[25].

"Zentro" hitz generikoaz baliatu behar dugu hainbatetan. Nire ustez, eskuarki, ezin dugu "etxe" erabili "centro" esateko, "osasun-etxe" dugunean funtziona dezakeen arren: "laguntza-zentro", "zentro anbulatorio", "hitzartutako zentro", "tratamenduko zentro monografiko", "medikamentuei buruz informatzeko zentro", "eguneko zentro", "osasun mentaleko zentro", "gestio-zentro", "harrera-zentro", "ama-haurrentzako zentro"...

"Sorotsi" konposagaidun beste aukerei dagokienez ("sorostegi", "sorospen-etxe", "sorospen-zentro"), gogora bedi hitz horretaz beste toki batean esan duguna.

• Ezaguna denez, Osakidetzan, normalki, "ospitaleak" dauzkagu, ez "eritegiak" edo "eritetxeak". Literatur tradizioa du bere alde "ospitaleak" —Axular eta Jean Etchepare kasurako—, herritarren hizkera ere bai, nazio arteko hedapenaz ahatu gabe. Gainera, ospitalea ez da eritetxea eta eritegia, zerbait konplexuagoa baino. Jakina, Komunitate Autonomoan, osasun faltaz, "gaixorik" egoten gara, Ekialdean, berriz, "eri".

• Ezbaian ibili gara, luze, "anbulategi" mailegua, -tegi atzizkiaz mozorrotu arren, eta txarto eratutako hitza, baztertu behar genuenentz erabakitzeke. Arazoa honetan datza: bazterretan dabil eta, hizkuntzen etenik gabeko moldaketan, konbentziozkoak eta historikoki determinatuak baitira, gizartearen onarpenak du garrantzia, ez sorreraren kalitateak. Hala eta guztiz ere, ez dugu egun erabiltzen, irmoki finkatuta ez dagoelakoan eta oraindik baztertzeko paradan gaudela uste baitugu. Haren ordez, bada, "anbulatorio" darabilgu.

Kasu berdina da "laborategi" hitzarena, eta era berean erabaki dugu: "laboratorioa". "Kontsultategi" denean, berriz -hau ere mozorrotua, eutsi egin diogu hedatu denari, ez baitago, guk uste, txarto eratuta.

•Baina ohar gaitezen "anbulatorio", sustantibo ez ezik, adjetibo ere izan daitekeela, "anbulatorioak" baitira ospitaletatik kanpo Administrazio sanitarioak eskaintzen dituen espezialitateak: "asistentzia anbulatorioa", "ebakuntza anbulatorioa", "kirurgia anbulatorioa". Okerra da, bada, "servicios ambulatorios" esateko "anbulategiko zerbitzuak" esatea.

•Tratamenduren edo araketaren bat egiteko pertsona bat ospitalearen ardurapean egun bat baino gehiago geratzeari "ingresar" deritzagu eta "ingreso" ekintzari. "Ingresatu" eta "ingreso" maileguak hobetsi ditugu "ospitalean sartu", "sarrera" edo "sartzea" aukeren kaltetan.

Ingelesaren eta frantsesaren ildotik jo genezake[26] eta, ondorioz, "ospitalean onartu" eta "onarpena" erabiltzea, "onarpen-zerbitzua" esaten dugun bezala, ez dugu egin baina.

"Hospitalizar", eta "hospitalización" hurrean dabilzkie aurreko kontzeptuei, baina ez dira berdinak. "Ospitaleratu", eta "ospitaleratze" baliokideak eman ditu zenbaitek, administrazio sanitarioetako euskara-teknikariok, ordea, "ospitalizatu" eta "ospitalizazioa" hobetsi ditugu, hitz bat mailegatuz, haren ibilera, urteetan zedarritutako balio semantikoa alegia, bereganatzen baitugu. Bada, ez zaigu egokia iruditzen "ingresar" "etxeratu", "elizaratu" eta era horretako hitzen familian sartzea, "ospitalizazioa" "ospitalera joan" ez izanik, kontzeptua ia erabat galtzera garamatza eta.

"Ospitaleratu" baztertuta, "ospitaleratze" aukerak ez du euskarririk, "ospitalizazioa", berriz, -zio euskal atzizki jatorraz hornitua, egokia bezain naturala iruditu zaigu.

• "Medikamentu", "medikazio", "sendagarri" eta "sendagai" (Mendebaldean) edo "sendagailu", "sendakari" (Iparralde-Ekialdean dira farmakoak izendatzeko ezagutzen diren hitzak. Denak onartu ditugu, baina ñabardura desberdinekin: "medikamentu" eta "medikazio" farmakoak hizpide direnean eta gainerakoak, oro har sendatzen duten sustantziak, oro har, aipatzen ditugunean, "sendagarri" eta "sendagailu", tokian tokiko, erregistro arruntagoetarako bereiziz.

"Botika" hitzak ere (medikamentua eta farmazia) izan lezake partea banaera horretan, jendearentzat edo zabalkunde handiko testuetan.

Agian, arazo bera dugu "botikari" eta "farmazilari" hitzen kasuarekin, "Farmazia" jakintza izendatzeko utzita. Dena den, alor horretako prefesionalek beren hitza esan beharko dute.

•"Emailea" da odola edota organoak ematen dituena. Koherentziaz, "eman" da "donar"aditzaren baliokidea. Aski arrunta izan arren, ez dirudi, kasu honetan behintzat, polisemia-arazorik dugunik.

Bestela da familiako beste baliokide bat eman behar dugunean: "donazioa". Askotan, ildo beretik jota ez da inolako eragozpenik, "odola eman" eta "odol(a) emate" diogun bezala, orobat, "organo(a) emate" esan dezakegu eta. Hala ere, gauzak ez dira beti hain goxo eta, testuinguru batzuetan, lotura sintaktikoek ezarritako mugak direla, testu mota edo testuaren erritmoa dela, "donazio" ("organo-donazio") hitzaz ere baliatu beharra gertatzen da.

•Testu baztuetan "emanketa" da "prestación" hitzaren baliokidea: "emanketa ortoprotesikoa" kasurako. Gure aldetik, ordea, ez dugu ikusten zertan datzan neologismoak sortzeko garai batean hain ugari korritu zuten -keta, -pen atzizkien abantaila -zio atzizki jator, malguago, arruntago eta hedatuagoaren aldera. Honela, "prestazio" hobetsi dugu. Jakina, "laguntza" ere ("laguntza ortoprotesikoa") azaldu zaigu lehiara.

•Ziur aski, "larrialdi" ez da "urgencia" euskaraz esateko baliokiderik egokiena, ezta, bazterretan dabiltzan arnas txikiko lehiakide batzuek ere ("presakako", "premiabidezko", "premiatasun"...), dena den, "larrialdi" horren arrakasta eta hedapena ikusita, bere hartan utzi dugu, gauzak gehiago nahastuko ez ote genituzkeen beldurrez.

•"Osasun mental" hautatu dugu Axularren "adimenduzko osasun" hitzaren kaltetan, izan ere, desegokia deritzagu "salud mental" bezalako terminoa gaur egun adierazteko, ez baitira, berez, "adimenduzkoak" gizakiok pairatzen ditugun arimako gaitzak, ezta "burukoak" ere.

•"Ebakuntza" da "operación" eta "intervención" adierazteko gehienetan ematen duguna. Baina, alde batetik, "intervención" guztiak ez dira "ebakuntzak", beste aldetik, aukera horrek "operar" euskaraz "ebaki" esatera garamatza nonbait. Okerra da, begi bistan dagoenez, "ebakuntza egin" bezalako perifrasiak ezer gutxi konpontzen du. Hori guztia jendeak erabiltzen dituen "operazio" eta "operatu"[27] hitz arrunt eta guztiz hedatuen kaltetan ez ezik, zehaztasun eta argitasunaren kaltetan ere bai[28].

• Atalarekin amaitzeko, oraindik garbitu gabe ditugun beste auzi batzuk agertu nahi ditut, bazterretan dabiltzan aukera desberdinak, arazoen erakusgarri:

  • "prebentzio", "aurrezaintza", "aurrebabespen"
  • "preskribitu", "preskripzio", "agindu"
  • "administratu" (medikamentua) , "harrarazi", "eman"
  • "tratamendua hartu/ eman/jaso", "tratamenduan egon", "tratatu"

Adjetiboak

Terminoak, denotatzeaz gainera, sailkatzeko sistema bateko unitateak direnez gero, konposatuak izaten dira sarritan, gauzak ahalik eta gehien zehaztu beharrez. Honela, adjetibo ugari dago medikuntzaren eta administrazio sanitarioaren hizkeran, agian, beste hizkera berezietan baino gehiago, arazo bakoitza non eta nolako erlaziotan gertatzen den zehaztearren. Jakina, ez dira iritzi eta ikuspegi subjetiboak adierazteko, batzuk balioesteko eta deskribatzeko diren arren ("agudo", "crítico", "leve"...), erreferentzialak baizik.

Erreferentziok eman beharra dago, salbuespenak salbuespen, baita xede-hizkuntzan ere. Eremu labainkorra da itzulpenaren ikuspegitik, terminoa hitz talde batez ematen denean esaldiak eraikitzeko erregelak sartzen baitira jokoan, hots, sintagmatika, hizkuntza desberdinen arau sintaktikoak.

Horretarako hiru bide ditugu: izen konposatuak sortzea, perifrasiak egitea, adjetiboak mailegatzea. Gehienetan, hiru bideak erabili behar ditugu: "Mamografía bilateral en doble proyección: cráneo-caudal y oblicua medio-lateral" edo "Titi bietako proiekzio biko mamografia: burezur-kaudala eta erditik alde baterako zeharkakoa".

Ikusten denez, sarritan, nekez jo daiteke LEF batzordeak honelakoetan aholkatzen digun ildotik, zein baita, maileguak ekiditeko ahaleginetan, konposiziora jotzea.

Batzuetan, gainera ezinezkoa edo zentzugabekoa izan daiteke adjetibo mota hauek ez mailegatzea: "unidad central" berdin "unitate zentrala" ("unitate nagusia"?), "infección nosocomial" berdin "infekzio nosokomiala" ("nosokomio-infekzioa"? "nosokomioko infekzioa"? "nosokomiozko infekzioa"?)[29].

Testuingururik gabe jokatuz gero, eta erdararen antzera ez egiteko helburua nagusi dela, "funtzio-antolamendua", "epidemiologi inkesta", "erradiologi azterketa", "diagnosi eta terapia-unitatea" , "mamografiaren diagnosi irakurketa", "diagnosi kategoriak", "erradiologi kontrola", "epidemiologi analisi"..., bezalakoak asma genitzake[30], baina zer gertatzen da dagokien tokian sartzen ditugunean? Demagun testu hau daukagula:

"Berariaz aukeratutako zerbitzu eta unitateetan egin behar dira tratamendu kirurgikoa, erradioterapikoa eta medikoa: kirurgikoetan, onkologia erradioterapikoan eta onkologia medikoan, hurrenez hurren. Sareko gainerako ospitaleetan ere egin daiteke tratamendu kirurgikoa baina erreferentzia-ospitalearen tumoreetarako batzordeak koordinatuta."[31]

Nire irudiko, ondorio gaizto bi izango genituzke honelakoetan konposizioaren bidetik joz gero:

•Irakurketaren jariakortasuna motelduko litzateke, hots, eten gehiago egin behar genituzke eta, anafora gehiago sartzearen poderioz testua korapilotsuago sortuko genukeenez gero, ez genuke inondik ere erdaraz dugun erraztasuna lortuko.

•Naturaltasunean ere galduko genuke, euskarak, orokortasunetik espezifikotasunera igaro behar dugunean, hots, izenek seinalatzen duten eremua murrizteko, baliabide desberdinak dituen arren, izena-adjetibo erlazioa baita ohikoena, maiztasunik handiena duena.

Hizkuntza bakoitzak bere estiloa du: erritmoak, kadentziak, ohiko aukera morfologikoek eta sintaktikoek, konbinazio jakinen maiztasunek egiten dutena. Begi bistakoa da euskaraz, izenlagunez gainera, konposizioa ere oso emankorra dela, baina, nik uste, ez da izenen orokortasuna murrizteko bide nagusia.

Euskara eta inguruko erromantzeak, dauden desberdintasun asko eta sakonak gora-behera, bat datoz honetan, izen-adjetibo egituran alegia, ingelesez ez bezala, murriztailea izenaren ondotik baitaramate. Horregatik mailegatzen ditu euskaldunak hain erraz honelako adjetiboak, gutxitan, konposiziora jotzen badu ere. Izan ere, "nuklear", "natural", "artifizial", "entziklopediko" adjetiboek ez dute euskara bortxatzen, baina aberastu egiten dute, "kardiobaskular" adjetiboak egiten duen bezala[32].

Nire irudiko, berezkoagoa da, "ospitale psikiatrikoa" "psikiatri ospitalea" baino, edo "zumo naturala" "naturazko zumoa" nahiz "natura-zumoa" baino, edo "energia nuklearra" "nukleo-energia" baino, "komunitate terapeutikoa" "terapia-komunitate" baino.

Zer esanik ez "erresonantzia nuklear magnetikoa" deritzan teknika berriaren kasuan.

Ez dut ezagutzen, berez, "Autonomi Elkartea" edo "Autonomi Komunitatea" esango lukeen euskaldunik, "Komunitate Autonomoa", berriz, guztiok esango genuke inolako eragozpenik gabe, hizkuntza biak, egitura horren aldetik (izena + adjetiboa) bederen, bat datoz eta.

Preposiziodun osagarriak

Gaztelerak, adjetibazioaz gainera, preposiziodun osagarrien bidea darabil, orokortasunetik espezifikotasunera igaroz, izenaren eremua murrizteko[33]. Egituraren aldetik oso desberdinak diren arren —murriztailea aurretik agertzen da—, berdintsuak dira funtzioaren aldetik, izenaren erlazio erreferentzialak emateko erabiltzen direlako.

Ugariena "de" preposizioduna da, eta oso anbiguoa, azpian balio semantiko desberdinak izkutatzen dituelako. Hala ere, gehienetan, testuinguruak desegiten du anbiguetate hori, erraz igartzen baita izkutatu den erlazioa nolakoa den.

Euskaraz izenlagunaz eta konposizioaz baliatzen gara gehienetan baliokideak emateko, nahiz eta beste aukera batzuk ere dauden. Izenlaguna darabilgunean, -en, -(*)ko[34], -rako dira erabiltzen ditugun erlazio-atzizkiak, baina, oraintsu arte, Administrazioko itzultzaileak helburutasuna sumatu duenean -rako, hobetsi duenez gero, biziki ugaritu da besteen kaltetan, izen-erl.-izen ("Aurrekontu Kudeaketarako Zuzendariordetza") izen sintagma kalkatuak eginez.

Esan beharra dago azken bolada honetan zenbait aldaketa gertatu dela, zeren kalko sintaktikoaren indarrez hain arruntak egin diren nominalizazioei[35] hadapena txikitzearren, oinarrian aditza nabaritzen denean, aditza + -tzeko egitura bultzatzen ari baita, oinarrian aditza sentitzen bada: "Euskara Gizarteratzeko Zuzendaritza", "Kutura Sortu eta Zabaltzeko Zuzendaritza"...

Orobat, nolabaiteko bultzada jaso du -ko erlazio atzizkiak lehen -rako jaun ta jabe zen eremuetan. Hala ere, askoz motelago suspertzen ari da, zergatik? Nire iritziz, besteak beste, ondoko arrazoi hauengatik:

•Ideia oker bat zabaldu da, -ko atzizkiak NON-NOIZ leku-denborazko erlazioa baino ez duela adierazten edo, birdeklinazioaren bitartez, adizlagunak izenlagun bihurtzeko baino ez duela balio. Bada, zein euskaltegitan ez da eztabaidatu "kotxeko giltzak" edo "kotxearen giltzak" esan behar ote den, gehienok —nik ezagutzen ditudan euskaretan bederen— lehenengoa erabilita ere.

•Garbizaletasunak indartu du murrizketa hau. Izan ere, kalko gaiztotzat hartu da -ko balio horietatik kanpo erabiltzea, batez ere, sorburu-testuan "de" agertuz gero.

Baina hamaika lekuko dago murrizketa hori gezurtatzeko, hain da nominalizatzaile boteretsua:

"Mendiko botak", "aingeru guardakoa", "laneko tresna", "lotako txanoa", "etxeko giltzak", "etxeko andrea", "zesta puntako txapelketa" (ETB), "mezatako liburua", "elizako bidea", "emazteetako gutizia" (zioen Axularrek), "Antiguako Ama", "fisikako liburua"...

Taldea adieraztea da balio behinetariko bat: "Badiolaneko Txomin" diote Ondarroan, "Pastorkoa", "Letraukoa", "PNVko alkatea", "HBko militantea"... Eta ez da munta gutxiagokoa posesiboa, -dun ordezkatuz: "urte biko umea", "ele ederretako gizona", "begi urdineko mutila", "ehun ardiko taldea", "bi ugazabako etxea kaltea"...

-Ko leku-denborazkoa dela iritziarekin bat, oso zabaldurik dago balio destinatiboa emateko -rako(a) baizik ez dugula. Azpian, "-ko" berdin erdal "de" eta "-rako" berdin "para" erlazioa suposatzen dira. Baliteke kalko sakon eta izkutu baten emaitza izatea ikuspegi hori, zeharkako itzulpenaren bidez isuria, erderaz pentsatu behar baita bereizketa hori egiteko, atzoko nahiz gaurko euskarak ez baitu horretarako biderik ematen.

Egun, -rako atzikiaz izenlagun eta adizlagun funtzioak emateko baliatzen gara Hegoaldean, kasu bietan balio destinatiboarekin. Baina -ko balio destinatiboduna ohikoa da Iparraldean, zein tradizio literarioan zein gaur eguneko hizkeretan, Axularren "kalte egin arimako" edo lehengo "emaztetako guztizia" horiek adibide. Izan ere, Iparraldean guk -rako atzizkiaz baliatzen garen askotan nahikoa dute -ko erabilita, baita, aditzari atxikirik, esaldien arteko erlazioa adierazten duenean ere: "Ekia jalgi zeneko..." Oraindik ere "norako" galderari "etxeko", "mendiko", "baserriko" erantzuten diote.

Hegoaldean, berriz, ez da atzo arratsaldekoa -rako adizlagun sortzailea, eta horixe da alomorfo nagusia, -ko hutsa oraindik ere oso ugaria den arren: "Zertako?" galdetzen da Bizkaiko hizkera gehienetan, eta "jateko" erantzuten dugu denok; halaber, "Noizko?" entzuten dugunean "biharko", "eguerdiko" da erantzuna, "dagoneko" lagun dutela.

Bizkaiko euskaran, tradizio literarioan nahiz gaurkoan, honelakoak ez dira batere bitxiak: "abadetako ikasi", "zerbait bazkaitako", "okelatako erosi"... Baita izenlagunetan ere: "buruzagitako gai", "pekatuko okasino", "matrimonioko sakramentua", "adulterioko pekatua", "lapurretako pekatua"...

Hala ere, Euskaltzaindiak azaldu duenez, euskal tradizio literario osoan -rako oso gutxitan erabili da izenlagunak sortzeko -bi lekuko baino ez[36], komunki, adizlagunen erlazio-funtzioa egin baitu. Euskaltegietan irakatsiagatik ere, "Tolosako autobusa" eta "Madrilgo bidea" diogu euskaldun gehien-gehienok, ez, ostera, "Tolosarako autobusa" edo "Madrilerako bidea", toki horietara garamatzala zalantza izpirik gabe, erdaraz pentsatzen hasi ezik. -rako izenlagun sortzailea da berriztapena, tradizio urrikoa eta oraindik ere gutxi erabilia[37].

Badirudi, hala ere, -rako izenlagun sortzailea Bizkaian zabaldu eta indartu dela gehien eta toki batzuetan "Bilborako autobusa" esan ere egiten ei dutela, baina orokorra izan gabe.

Honela bada, aski berria da -rako izenlagun destinatiboa sortzeko eginkizunetan, ez -ko, berriz.

Begi-bistakoa da -rako mota honek lur emankorra aurkitu duela Administrazioan, halako moduan ezen toki eta garai batzuetan -ko baztertzeraino heldu baita. Premia berriei erantzuteko esfortzuan gertatu da eraberritzea, "para" balioa azpimarratzeko beharra sentitu baita. Sarritan, ondo dator beste baliabide hori, bai anbiguetateren bat argitzeko bai kakofoniak saihesteko[38]. Kasu askotan, berriz, ez dago inolako arrazoirik -ko ez erabiltzeko.

Administrazio sanitarioan ez dugu baliabiderik galdu nahi —ez -rako berria ez betiko -ko atzizkia ere—, gure ustez, euskara ez baitago eskueran eduki dezakeen ezer alperrik botatzeko, aldiz, eskuratu, hartu, sortu, berriztatu behar du funtzio linguistiko jasoetarako duen mendeetako eskasia gaindituko badu.

Halaber, uste dugu herriaren mintzamolde eta idazmoldetik hurrean jardun behar dugula, ahalik eta gehien, eta ez bakarrik administrazio modernoaren izpirituarekin bat egitearren; euskarak bere komunitate linguistikoa du, errespetoa merezi duena, sarritan esperantoa bailitzan erabili badugu ere, hizkuntza makal eta gaixo honi ordaindu ezinezko kaltea eginez.

Hortaz, -rako atzizkiarekin batera, -ko maiz erabiltzen dugu administrazio sanitarioan —konposizioaz gainera noski— kasu bitan batez ere, izenak adierazten duena zein arlotan gauzatzen den edo zertarako den, adibidez:

"osasun mentaleko moduloa", "eskola-osasuneko taldea", "erizaintzako eskola unibertsitarioa", "asistentzia espezializatuko zerbitzua", "asistentzia psikologikorako zerbitzua", "ospitalizazio-unitatea", "zerbitzu nagusietako zuzendariordetza", "ikerketa sanitarioetarako fondoa", "asistentziarik gabeko anbulantzia", "erizaintzako laguntzailea", "osasuneko mahai sektoriala", "erizaintzako zaintzak", "instalazio eta mantenimenduko injineru teknikoa", "oftalmologiako zerbitzua", "pediatriako kontsultak", "pediatriako larrialdiak," "egonaldi laburreko unitatea".

Izenlagunen kateak eta estiloa

Besterik da erdal izenlagunen kateak —erlatiboak barne— itzultzen ditugunean. komunzki, kate gogaikarriak eta ulergaitzak egin izan dira Administrazioan eta Administraziotik kanpo, alperreko kalkoak sartuz eta euskal estiloari iruzur eginez:

"Formula honekin Nafarroarentzat berria den etapa politikoan sar gaitezke. Formula hau ahalbidetzea, elkarrizketa nagusi izan daitekeen eta izan behar duen, gure herriaren pluraltasuna present egon daitekeen eta izan behar duen, gure herriaren aberastasuna agertu bai baina bere mixeriak ezkutatzen ez dituen etapa berria ahalbidetzea da."[39].

Are txarrago, aurreko kasuan bezala, Sebero Altubek emandako galdegaiaren legeari jarraituz gero, oraindik orpoz orpo jende askok egiten duen bezala.

Ziur aski, ondoko hauen problema ez da, funtsean, desberdina:

"Pazienteen guztirako banaera eta beren bilakaera."[40]

"Pazienteen bilakaeraren araberako banaera."

"Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria."

"Sareko gaixo larrientzako ospitaleetako ingreso guztien gainekoa."

Mende hasieratik hona biziki kezkatu izan gara hizkuntzaren garbitasunaz, hamaika sasigramatika eta Appendix Probi idatzita, hizkuntzaren estiloaz, aldiz, behar baino gutxiago, nire irudiko[41].

Gauza jakina da inguruko erromantzeetan egitura nominalek oso pisu handia dutela, testuaren antolamenduan ardatz bihurtu arterainokoa; zer esanik ez hizkera administratiboa denean. Baina horrelako sintagmen sorburu-hizkuntza euskara balitz, ziur aski, oso era desberdin batez antolatuko genuke, euskaran, ingelesaren antzera, egitura nominalen pisu erlatiboa askoz txikiagoa baita, aditzaren mesedetan[42].

Aldizkari honen aurreko alean erakutsi denez[43], gazteleran arruntak diren erlatibo askok euskaran ez dute erlatibozko baliokiderik, batzuetan, benetako funtzio adjetiborik ez dutelako, enfatizatzailea baino, edo erdaraz mintzo, askotan, funtzio adjetiboaren azpian beste balio asko estaltzen direlako, edo, azkenik, euskarak beste bide batzuk hobesten dituelako. Euskararena ez da kasu bitxia, inolaz ere ez. Ingelesez irakurrita, esate baterako, berehala ohartzen gara horretaz: sintagma askok, erlatiboak izan gabe, erlatiboa lukete baliokidea gazteleraz[44].

Euskal literatura klasikora jo eta berehala konturatzen gara aspaldiko idazleak malgutasun handiz baliatzen zirela izenlagunaz —batez ere perpaus erlatiboaren kasuan— ez baitziren motel eta beldurrez ibiltzen irakurleari esan behar ziotena argi eta zehatz helarazterakoan. Izan ere, erlijioa arinkeriaz hartzeko moduko gauza ez zela, eta testua elebakar, ez zuten pentsatzen, Administrazioan sarritan den bezala, jendeak ulertzen ez bazuen, ondoan erdal testua zeukanik edo hurrengo belaunaldiek egingo zutenik.

Nork bere estiloa eta berezitasunak izan arren, ez zituzten kateatzen, aldiz, maiz, adjetiboaren tokira eramaten zituzten izenlagunak, helburu birekin: balio murriztailea ahuldu eta azalpenezkoa[45] indartzea, izen sintagmaren ardatza eskuinera ez eramatea, osagarri-kate luzeak izen sintagmaren gunearen aurretik agertzeak ulertzea oztopatzen duelako:

"Izen lotsagarri damu emoten deusteenak"

"Erran zien behar ziela langile ezagutzen ez zien hura tronpatu"

"Agur egiteko apez eskualdun arrotz gu hainbertze maite gintuen hari"

"Menditar laborari beti bere gain ibili den bat"[46]

"emacume cleitu andi bagaco asco"[47]

Frai Bartolome Santa Teresaren adibide batzuk, aposizioak[48]:

"Tratu asco dagoz engainuzcuac" (122)

"Norberac faltac daucazanac" (196)

"Agura zaarrac ta Juezac, lotsa pusca bat euqui biar eveenac, cirian Santa Susana garbija galdu gura euqueen guizon bijac." (250)

"Izan leitequez gurarijac guere izatiac berez escauten ez ditubanac baina gueure ustiac ontzat daucazanac" (252)

XX. mendearen hasieran Helgoaldean piztu zen garbizaletasunak euskara tradizio literariorik gabe utzi zuen, lurperatu behar zela uste baitzuten. Erasoa ez du lexikoak bakarrik pairatu: baliteke sintaxiari emandako kolpeak garrantzitsuagoak izatea, baina ez gara hain erraz ohartzen. Sabino Aranak, Arrandiagak eta haren kideek lexikoan egindako saiakerek ordain zuzena dute sintaxian Sebero Altubek-eta egindakoekin[49].

Handik hona, sintaxi zurrunagoa eta txiroagoa izan dugu gure beharrizanei erantzuteko idazle klasikoek beraienei egiteko zituztenak baino, euskarak eremu berriak bereganatzeko tresna malguak eta ugariak behar dituenean.

Arazoa ez da urliak edo sandiak erabiltzen zuen juntagailu hartaz baliatzea, nolako irizpidez ziharduten jabetzea baino. Baina, askotan goretsi arren, klasikoen amnesia dugu. Aztertu behar da idazle klasikoek nolako ahaleginak egin zituzten "Basarteko" hizkuntza hori garaiko kultura adierazteko gai izan zedin.

Gauza ezaguna da literaturak, gorputzik izanez gero, hizkuntza egiten duela, espresabideak bilatuz, tresna antzuak alboratu eta emankorragoak sortu eta ereduak bultzatzen baititu. Horixe da gaztelerak jorratutako bidea, garai batean, kulturaz eta administrazioaz jabetzeko herri xehearen bazterretatik jauzi egin behar izan baitzuen. Euskara txokoraturik egon da, funtzio sozial batzuetan baizik ez baita erabili.

Euskaraz arnas egiten duen literatura sortuz gero, bere sintaxia ere eraberrituko du.


Oharrak

1. Lana egin behar duen batzorde teknikoa: Mikel Alvarez, Basurtuko ospitaleko zuzendariorde medikua; Xabier Agirre, UZEIko medikua; Patxi Arrasate, Gipuzkoako Farmaziaburua; Alberto Loizate, Osasungoa Euskalduntzeko Erakundekoa; Iñaki Ugarteburu, UPV-EHUko Medikuntza-Falkultatean euskara teknikoa irakasten duena; Elena Etxezarreta, HPINeko teknikaria; Edorta España Ivapeko teknikaria; Alfredo Hurtado de Saratxo, Osasun-saileko euskara teknikaria; Roberto Manjón Lozoya, Osakidetzako euskara-teknikaria.

Nafarroako Gobernuko itzulpen-zerbitzua ere gonbidaturik dago eta badirudi ez dela eragozpenik egongo.

2. Farmaziakoa da administrazio sanitarioan gurutzatzen diren besteetatik gehien aldentzen dena, espezifikoena, termino batzuk gora behera; erizaintzakoak, berriz, termino asko dauzka amankomunean administrazio sanitariokoarekin, baina, edonola ere, hartzen duen eremua ez da besteena bezain zabala.

3. NAVARRO, F.A., HERNANDEZ, F. "Palabras de traducción engañosa en el inglés médico", Medicina Clínica, Barcelona, 1992, 99 zk., 575-580 orr.

4. Agirre, Jabier, ETXEBARRIA, Elixabete, JAUREGI, Mariaje, Osasun zaintza, HABE-UZEI, Donostia, 1992

5. REAL ACADEMIA ESPAÑOLA DE LA LENGUA, Diccionario de la Lengua Española, Espasa-Calpe, 1990

6. Hau ez dute humanistek beti argi ikusi. Nekez eztabaidatuko genuke gaur egun "kimika", "fisika", "matematika", "biologia" e.a., esan behar dugula —hitz "jatorrak" asmatzen ibili gabe—, era berean, ez dago "linguistika" ez esateko arrazoirik, bestela, behar ez dena asmatzen ibiliko gara, kontzeptu lausoak ekartzen eta txarto eratutako hitzak bultzatzen. Berton, hain zuzen, alperrik hitzak asmatzeko jolas nazionalari loturik, "hizkuntzalari" eta "hizkuntzalaritza" asmatu ditugu, zeren, denek dakitenez, euskaldunok diferenteak baikara.

7. Ingelesez "paediatrics" edo "pediatrics" (EEBB), "pédiatrie" frantsesez, alemanieraz "Pädiatrie" eta "kinderheilkunde".

8. Hauxe da linguistika modernoaren oinarri teoriko nagusienetako da, Saussurek definitua: hizkuntzaren izaera soziala.

9. Ezinbestez baizik ez da asmatu behar, euskara zientifikoan, esate baterako, sarritan egin behar izan duten bezala, baina orduan ere hizkuntza erreala eta beharkizun zientifikoak ezinbesteko erreferentzia direla. Hala ere, ez nabil zeharkako itzulpenaren gainean, hau da, euskal teknikariek edo zientifikoek nork bere arloko jardunean sortzen duenaz, zuzeneko itzulpenaz baino, itzultzaileak beste batek sortutako testuaren baliokidea alegia.

10. Aasen-ek norvegiera normalizatzean erabilitako irizpide batzuek hartuko nituzke aintzakotzat: hizkera arruntetatik ahalik eta hurbilen ibiltzea, hitzak asmatzen edo galdutakoak berpizten ez ibiltzea. Aasen-en normalizazio modernizatzaile hori da ezagutzen diren arrakastatsuenetariko bat. MARCOS MARIN, Francisco eta SANCHEZ LOBATO, Jesús, Lingüística aplicada, Síntesis, Madrid, 1991, 152 or.

11. CASARES, Julio, Diccionario ideológico de la lengua española, Gustavo Gili, Barcelona, 1989

12. REAL ACADEMIA ESPAÑOLA, Diccionario de la lengua española, Espasa-Calpe, Madrid, 1990

13. MOLINER, María, Diccionario de uso del español, Gredos, Madrid, 1991

14. MITXELENA, Koldo, Orotariko euskal hiztegia, Euskaltzaindia-DDB-Mensajero, Bilbao, 1987

15. Esan didatenez, "sorospen" Gipuzkoako Foru Aldundian erabiltzen dute "socorro" esateko.

16. Garibayren Refranes y sentencias da jasotzen duen dokumentu bakarra. Aski ezaguna denez, eta errefrauek hizkera arkaikoa isladatzen dutenez gero, jasotzen direnerako hilda dauden hitzak eta moldeak ere erakusten dituzte.

17. Batez ere, UZEIk eta Elhuyarrek kaleratutakoak ditut gogoan.

18. "laguntza-sistema" "sistema asistencial" edo "sistema de prestaciones"? "laguntza emateko zerbitzua" "servico de asistencia" edo "servicio de atención" ? " psikologi laguntzako zerbitzua" "servicio de apoyo psicológico" edo "servicio de asistencia psicológica"? "laguntza-kostuaren unitatea" "unidad de coste asistencial" edo "unidad de coste de prestaciones"? " laguntzailea" "auxiliar" edo "ayudante", ez baita gauza bera osasun-laguntzaile teknikoa (ATS) edo klinikako laguntzailea (auxiliar de clínica).

19. Larousse hiztegia, 1991.

20. Euskadiko osasun-erakundeetarako seinaleztapen-proiektua, Eusko Jaurlaritza, 1985, argitaratu gabea.

21. Hiztegia 2000, 1991

22. Euskal hiztegi modernoa, Elhuyar-Elkar, 1994.

23. Esate baterako, Axularren eta Jean Etchepare mirikuaren lanak, Iparraldean "sendakin" ere erabiltzen bada ere.

24. "Pertsonal: enpresa, erakunde, zerbitzu publiko batean lan egiten duten pertsonen multzoa; langilegoa. Klinikako pertsonalak greba egingo du." Euskal hiztegi modernoa, op. cit.

25. Maileguzko hitzak, Euskaltzaindia, Bilbao

26. Ingelesez "to be admited to the hospital" eta "admission", "admis" eta "admission", frantsesez.

27. Frantsesez "opération chirurgicale", "opérer", ingelesez "surgical operation", "to operate on" edo "to operate upon".

28. Zein da, bada, haien hobena? Hoben nazionala: normala izatea, bestela esanda, inguruko europar hizkuntzekin erlazionaturik egotea, hegoaldekoontzat, hoben handiagoa gazteleraren antza izanez gero, orduan, edonork ulertzen duelako. Jakina denez, euskara ulertzen ez den hizkuntza mitikoa da, denborarik —historia eta espaziorik— gabea.

29. "Nosocomio" edo gaixoak zaintzeko tokia ("nósos" edo gaixotasuna, "komein" edo zaindu).

30. "Antolamendu funtzionala", "inkesta epidemiologikoa", "azterketa erradiologikoa", "unitate diagnostiko-terapeutikoa" (edo "diagnostikoa eta terapia egiteko unitatea"), "mamografiaren irakurketa diagnostikoa" (edo diagnostikoa egiteko irakurketa), "kategoria diagnostikoak", "kontrol erradiologikoa", "analisi epidemiologikoa"

31. "Titietako Minbizia Goiz Detektatzeko EAEko Programa", Osakidetza, 1995.

32. Euskal hiztegi modernoa, Elhuyar-Elkar, Donostia, 1994

33. "Complementos preposicionales del nombre" direlakoak.

34. -entzako, -enganako, ekiko...

35. "Natura Ingurunearen Antolamendu eta Ikerketarako zuzendaria", "Sailaren Koordinaziorako Sailburuordetza"...

36. Fray Bartolomerenak dira, -ko hutsa dutenekin batera; azken hauek ugarienak: "Soinuba bada ona ta oneracua, joiquiyac bere onac dira. Soinuba bada pecaturacua..." Euskal gramatika. Lehen urratsak, Euskaltzaindia, Iruñea, 1985, 381 orr.

37. "Gure iritzia hau da: horrelakoetan, azken urteotako jaidura gorabehera, badirudi -ra- gabeko formak zaharragoak direla eta adineko euskaldunek, euskalkirik gehienetan bederen, egungo egunean ere maizago erabiliak, nahiz eta euskaldun gazteek, bizkaieraz batez ere, zerbait nongo izatea eta norako izatea, ondotik izena darraionean ere, bereizi beharra somatzen duten. Adineko euskaldun huts bati, ordea "Elizako liburua badut etxean" dioenean, "liburua ez da elizakoa, baizik elizarakoa" erasotzeak ez du zentzurik; hark ez du horrelako bereizkuntzarik somatzen.

Bestela esanda, nongo beti izenlaguna den bezala, norako beti aditzlaguna da, edo nahiago bada, izan da. Beraz "Bilboko trena", "Errenderiko autobusa, "Etxeko zapatilak", "kanposantuko bidetxigorra", "zeruko bidea", "zineko sarrera" eta abar guztiz jatorrak dira eta guztiz zaharrak eta horiei -ra- erastea ez da inola ere beharrezko, hizkuntzaren —euskalkirik gehienen bederen— lege eta usadioei errespetorik zor bazaie." Euskal gramatika. Lehen urratsak, op. cit., 379-380 orr.

38. "-koko" taldeak sortzen dira hitza "-koz"amaituz gero.

39. "Felix Tabernaren tartea. Nola ikusten duzue PSN-CDN-EA kolalizioa?" Argia, 1995-VII-30, 1.541 zk.

40. Hau da, pazienteak, guztira hartuta, nola banatzen diren eta banaera hori nola bilakatzen den.

41. Emaitza hor dago: hizkera berezietako testu asko —itzulpen zuzen edo zeharkakoen fruitua beti ere— beharrak eragindakoa baino arrotzago zaizkio euskara errealari, hots, euskal komunitatearenari, hots, euskara bakarrari, balizko euskara ez baita asmoa baino besterik: balizko olak burdinik ez.

42. Abiapuntu eta noraezeko erreferentzia erdal testua dela, nekez egiten diogu itzuri izen sintagmen kateamendu horri, horretarako, ikuspegia eta, agian, baita gure erlatiboa, kontzeptualizazioa ere, aldatu behar baikenuke, ahalmen hori, ostera, gutxitan dugu eskumenean. Izan ere, mezuaren karga izentasunetik adiztasunera eroan behar genuke, gramatikazko aldaketa edo modulazio hutsa ez dena.

43. BIGURI, Koldo, "Erdarazko erlatiboen itzulpena" Senez, 1994, 10. urtea, 37-72 orr.

44. Esperientzia pertsonal bat azalduko dut, hizkuntzaren estiloaren eta gramatikaren artean dagoen tarte handiaren erakusgarri. Ingelesa ikasten nengoela, irakasleak, britaniarra, idazlan bat egiteko esan zidan. Ahalegin handiak egin nituen garbi-garbi idazteko. Irakasleari eman eta, hura harrigarria! biziki haserre esan zidan halakorik berriro ez egiteko. Huts gramatikalak zeintzuk ziren argitzeko eskatuta, batere ez zegoela ihardetsi zidan, baina hura ez zela ingelesa "spanenglish" baino, hau da, ingelesaren gramatikarekin idatzitako gaztelera, gauzak ez zirela-eta nik bezala esaten. Asko ziren ingeles estilotik aldentzen zirenak, baina, bi dira, gogoratzen dudanaren arabera, nabarmenenak: bata, egitura nominalek adiztasuna azpiratuta —hots, aditzak ardatz, egindako sintagma eta esaldi osagarriak— estiloan zeukaten gehiegizko pisua; bestea, esaldiak txertatuz nolako perpaus luzeek egituratzen zuten testua, horretan erlatibozkoen lana gailentzen zela.

45. Gogoratu erlatibo murriztaile eta azalpenezkoaren arteko diferentzia. Juan Garziak esaten duenez, euskal erlatiboa beti da murriztailea, askotan zentzuz izan ez arren, pragmatikagatik ohartzen baikara murrizketa edo azalpena ote den, ez egituragatik. Adjetiboaren tokira eroanda, berriz, azalpenenezko balioa indartzen omen da.

46. Adibide hau eta aurreko guztiok liburu honetatik aterata daude: AGIRRE BEREZIBAR, Jesus Maria, Euskal Gramatika deskriptiboa, Bizkaiko Foru Aldundia-Labayru Ikastegia, Bilbao, 1991. Dena den, Fray Bartolome Santa Teresa da sistemaz baliatzen ausartena eta corpusik handiena eskaintzen duena.

47. SANTA TERESA, Fray Bartolome, Icasiquizunac II, Iruñea, 1817, 178 orr.

48. SANTA TERESA, Fray Bartolome, op. cit., 122, 196, 250, 252 hurrenez hurren.

49. Euskal literatura klasikoari gainbegirada bat egitea baino ez dago Sebero Altubek emandako ordenari buruzko legeak testu zaharrek, oro har, ez dituztela egiaztatzen konturatzeko, Mitxelenak behin esan zuen bezala, non egin zuen gogoratzen ez banaiz ere.