Poesia itzuli
Artikulua PDFn
Azken aldean gero eta poesia gehiago argitaratu ohi da euskaraz, beste hizkuntzetatik itzulia. Aresti, Joan San Martin azken aurreko boladan lekuko; lehentxeago Arrese-Beitia; eta azkenengo boladan, Euskal Herriko Unibertsitatea argitaratzen ari den saila: gazteleratik euskarara eta euskaratik gaztelerara itzuli bait dira hainbat lan, eta gehiago oraindik itzuliko direnak. Baina gisa berean, badira itzulpenak grekotik, latinetik, frantsesetik, ingelesetik, alemanetik, italieratik.
Egia esan behar bada, jatorrizko hizkuntzatik zuzenean baino gehiago, batzutan bederen, bitarteko beste hizkuntzetatik itzuli dira.
Batzuk prosaz itzuli dira, beste batzuk poesia moduan tajutuz. Batzuk jatorrian poesia librean eginak ziren, beste batzuek neurria eta errima zekarten.
Eta izenak ere aipa daitezke lan honetan: Gaztelu, Fray Luis de Leon itzultzen; Orixe elizako ereserkiak itzultzen; Lino Akesolo, Santa Teresa; Santi Onaindia, Homero, Virgilio, Goethe itzultzen; Sabin Muniategi, hainbat eta hainbat poesia, bereziki Hegoamerikakoa itzultzen... etabar.
Poesia itzultzea erraz denik, ezin esan inolaz, horretan aritu den orok ondotxo dakienez.
Hasiera batean, ezer itzul ote daitekeen galde ohi zen. Baina ikusirik itzuli ere egiten zela, ezin uka zitekeen itzulpena posible zela.
Besterik da, ordea, poesia. Poesia moeta asko izaki, gainera, galde daiteke inolaz poesia poesiaren bidez eman daitekeen, sorburuko hizkuntzak eskaintzen dituen bideak, beste hizkuntza batera osotoro jaso ote daitezkeen, alegia.
Zilegi bekit, beraz, lehen unetik esatea, ezinezko dela. Poesia mota asko hizkuntza batekoak edo bikoak direlako, baina ez denetakoak, edo ez euskarazkoak behintzat.
Adibidez, metroa silaben luze-laburrean oinarritzen denean, ezin euskara daiteke, euskarak ez duenez luze-laburrekorik, gaur behintzat.
Gisa berean, azentuen gainean eraikirik dagoen poesia —aparte neurria eta erritmoa— apenas jaso daitekeen azentuaren banaketa. Hona adibide polit bat, Quevedo miretsiari hartua:
La voz del ojo, que llamamos pedo
(ruiseñor de los putos) detenida,
da muerte a la salud más presumida
y el propio Preste Juan le tiene miedo.
Mas pronunciada con el labio acedo
y con pujo sonoro despedida,
con pullas y con risas da vida
y con puf y con asco siendo quedo.
Cágome en el blasón de los monarcas
que se precian, cercados de tudescos,
de dar la vida y dispensar las Parcas.
Pues en el tribunal de sus gregüescos
con aflojar y comprimir las arcas
cualquier culo lo hace con dos cuescos.
Zalantzarik ez dago, honen soinuak eta doinuak nekez euskara daitezkeela. Hortik, beraz, galdea: itzul daiteke poesia, poesian?
I. Jarrera desberdinak
Poesiaren itzulpengintzan jarrera oso desberdinak ikus daitezke, itzulpenaren helburua kontutan hartuz, noski.
1. Hitzez-hitz.
Gogoan daukat Horazio eta Ovidio eta Virgilio etabar itzultzen hasi ginenean. Lehen lana jatorrizko testua ulertzea zen. Horretarako, hitzez-hitz itzuli behar izaten genuen, eta hortik aurrera ez zitzaigun zilegi inolako barrabaskeriarik. Latinez ikasteko ari ginen itzultzen, ez arteko obrak sortzeko.
Helburua hori izaki, itzulpena ahalik eta zehatzena egin behar zen. Eta latina ikasteko liburuetan ere, itzulpenak halakoak izan ohi ziren. Eta poesia horiek ez zeuden poesia gisan itzuliak, prosa arruntean baizik.
Geroago etorriko ziren erraztasunak... edo zailtasunak, poesia itzultzen ari ginela konturatzean, eta poesia egin nahi genuenean.
Gazte ginen oso, ordea, eta gure poesiek ez zuten Rimbaud-en genialitaterik. Eta halako genialitaterik gabeko poesiak atera ohi zitzaizkigun.
Baina, latina aipatu eta bestelako hizkuntzak ez aipatzeari, gaizki deritzot: gauza bera gertatzen bait zitzaigun frantsesarekin edo alemanarekin edo beste hizkuntza bat edozeinekin, harik eta komentzitu ginen arte poesia poesia truk eman zitekeela.
Adibidez, salmoak poesia dira jatorriz. Baina, salmoak ikertu nahi dituenak ez dizu itzuliko poesia moduan, hitzez-hitz baino, eta gainera nahiko trakets, helburu-hizkuntzan jatorrizkoan adierazten dena esan nahi delako. Agian, berriz, salmoak dastatu nahi dituenak poesia gisan dasta ditzake gehiago, eta sakoneko esanahia era horretan hobeto jaso lezake, prosazko itzulpen zurrunean baino.
Hona 129. salmoaren zenbait itzulpen, erka ditzagun:
DUVOISIN:
Jauna, leze beheretarik zure gana arthiki dut deihadar:
Jauna, entzun zazu ene mintzoa.
Zure beharriak atzarriak izan beitez ene othoitzaren deyari.
Gaizkiak begietan idukitzen baditutzu, Jauna; Jauna, nork iraunen ahal du?
Zure baithan delakotz barkhatiartasuna eta zure legearen gatik iguriki zaitut, Jauna.
Zure hitzean iguriki du ene arimak; Ene arimak Jaunaren baithan izan du bere pheskiza.
Goizeko beilatik arratseraino, Israelek Jauna baithan iduk beza bere pheskiza;
Zeren Jaunaren baithan baitira urrikalmendua eta berrerospen nasaya.
Eta harek berak berrerosiko baitu Israel bere gaizki guzietarik.
OLABIDE:
Leze-sakonetik ots dagizut, Yaube!
Yaube!, bere deya entzun!!
Itzul zure belarriok nere otoi-deyera.
Yaube!, ogenak gomutan ba'dituzu,
Yaube!, nor dagoke zutik?
Zuregan dago, ordea ogenen askespena,
Zurekin itzazlez ari gaitezen.
Yaube'rengan dut uste,
Aren itzarengan dut nik itxaropena;
Yaube'rengana erpai nago,
goizabarra itxoiten dagon zaitzailea baño erpayago.
Zaitzalleek goizabarra baño areago,
Yaube'rengan uste izazu Ixrael;
errukia Yaube'rengan bait-da,
eta Arengan zor-ordain ugaria;
Ixrael Ark yareingo du,
egin ditun ogen guzietatik.
ORDUEN LITURGIA
Barnenetik Zuri dagizut oiu, Jauna,
entzun, Jauna, nere mintzoa.
Beude erne zure belarriak,
nere oiu-eskarira.
Gure erruak gogoan badauzkazu,
Jauna, nor dagoke zutik, Jauna?
Baiña barkamena Zugan daukazu,
zure begirunez serbi zaitzagun,
Jaunagan itxaroten nago,
nere barrena Aren itzaren zai dago.
Gau-mutilla goiz-argiaren zai dago: n
ere gogoa Jaunaren zaiago.
Gau-mutilla goiz-argiaren zai dago:
Israel Jaunaren zai ala bego.
Jaunagan bait dago errukia,
Arengan askatasun ugaria;
Berak utziko du Israel askaturik,
egin dituen oben guztietatik.
IRATZEDER.
Aita Baztarrikak gipuzkeratua.
Leize leizetik
Zuri oiuz,
entzun nazazu,
entzun jauna.
Dena belarri
niganatuz,
entzun nere dei
ta zotiña.
Obenez oroi
bazera
Zu zuri begira
nor dagoke?
Denen barkapen
maite duzu,
bildur bezeinbat
badut pake.
Jaunaren zai zai
dut biotza,
egitzat daukat
Aren itza.
Nik egizago
Jauna goza,
gau-zaiak baño
goiz-argia.
Gau-zaiak baño
goiz-argia, nago zai zai noiz
Jauna goza.
Jauna biotzez da betea,
zein maite duen
salbatzea.
Ark du Israel
salbatuko,
oben guztiak
barkatuko.
HARIZMENDI APEZA
Zuri, Jauna, oihu datzut
leku beheretatik.
Zuk, Jauna, entzun ezazu
ene oihua amulsurik.
Idekazu belarria
zure bihotzarena,
aditzekotzat oihua
ene otoitzarena.
Gaizkiei zagozkenean
beha begi samurrez,
nola zure aintzinean
irakuts daite beldurrez?
Ezen gu ganik gizonak
behar du barkamendu,
hartakotz zure legea
ene arimak maite du
Zu baitan ene arima
betikotz da fidatzen;
zu zaitu gogo guziaz
bere jauntzat autatzen.
Israel ere goiz-arrats,
egun edo gau ilhun,
Jaunari dagoko galdez,
balitz bezala zordun.
Alabaiña, Jauna baitan
da miserikordia;
Jauna ganik heldu zauku
gure erospen handia.
Eta hark erosiko du
Israel bekatutik,
baita argira helduko
bere beltz ilhunbetik
Jokamolde guztiz desberdinak soma daitezke itzulpen hauetan. Gogoan hartzekoa da, noski, salmo hau otoitz egiteko dela, eta hartaz sakoneko zentzun hori babestu eta zaindu behar dela beste ezeren gainetik. Baina jarrerak nabarmen daude: Iratzeder-ena kantatzeko da, eta kantu neurtuan gainera. Horregatik, itzulpena horretara egokitu da.
Harizmendirena, berriz, norberak pentsatu eta berotasunez jasotzeko. Baina honek ere neurrira makurtu du jatorrizkoa.
Besterik da Orduen Liturgiakoa: taldean esateko egina izaki, edo kantatzeko, baina kantu librean kantatzeko, erdi errezitatuz kantatzeko, jatorrizkoari gehiago atxiki zaio; baina ez da inolaz ikertzaile batentzat egina.
Duvoisin eta Olabide itzulpen zehatzagoa ematen saiatu dira, baina gauza bat hartu behar da kontutan: joskera eta bertsikuluen banaketa. Askoren ustez, komenigarri da bertsikuluen segida zaintzea, eta hortik datoz arazoak, bakoitzak ahal duen bezala konpontzen dituenak. (Salmu honetan ez, baina beste askotan nabari igertzen dira halako gorapiloak.)
Hitzez-hitz egin nahi den itzulpenak (gainerako ohizko puntuak kontutan harturik noski, prosazko itzulpenean ohizko direnak alegia) derrigor darama itzultzailea prosara.
Baina, hor dago galdera beti zintzilik: poesia prosaz itzultzen bada, poesia itzuli da, ala beste zerbait egin da?
Aspaldiko arazo honi ez diot nik erantzunik emango. Aldiz, aipa dezadan Rosa Chacelek esaten duena: "Mi francés, más vivido que estudiado, me permitía confiar en mi oído —tengo que hacer alusión a lo que en música representa el oído absoluto; quien posee capta la nota con todas sus vibraciones fisiológicas, con su exacta jerarquía en la escala, etc. (...) La traducción de la gran literatura, de la poética —aunque, desde el punto de vista que trato de señalar, sólo la poética cuenta en todo género literario, sólo lo poético, lo inefable— es donde el traductor anda con temerosa precaución como cuando se entra en un lugar sagrado" (Jean Racine. Seis tragedias.. Ed. Alfaguara, 1984). Rosa Chacelek, mila arazo izan eta gainditu ondoren, itzulpena bertsotan egin zuen.
2. Zentzura
Zentzura esaten denean, zer esan nahi den ez dago garbi.
a) Testuak esaten duena norberaren erara ematea, esan ohi da askotan, eta orduan, hitzez-hitz itzultzearen alderantzizkoa gertatu ohi da. Garbi dago, jarrera hau zilegi ezezik beharrezko ere badela, bereziki esamoldeei dagokienean. "Toca madera" euskaratu behar bada, kasik ezinezko gertatuko da, hain zuzen ere euskaraz ez daukagulako konjuru hori. Eta ordezkoak bilatzen zail gertatzen da, bereziki testu osoa esaera horren gainean eraikia baldin badago. Orduan, agian, bestelako bide bat hartu beharko da, eta jatorrizkoa "hark duen zentzua jasoz" itzuli beharko da.
b) Baina, bada beste joera bat: poesiak bere sakonean daukan "zentzua" jaso nahi izatea. Horretara iristean, ordea, irudi literario guztiak hartu behar dira buruan, bat bakarra ere ahaztu gabe.
Has gaitezen euskaratzen:
Pura, encendida rosa,
émula de la llama
que sale con el día,
¿cómo naces tan llena de alegría
si sabes que la edad que te da el cielo
es apenas un breve y veloz vuelo?
(A la rosa, Francisco de Rioja).
- Hasteko, ikus:
Pura... émula: U-a U-a.
Emula de la llama ... sale con el... llena: l-ll.
- Hitz bila:
Pura = Huts, soil, garbi, garden, bakun, akats-gabeko, xalo...
Encendida = piztu, irazeki, iziotu, izetu, sutan ipini. Arrosa.
Emula = Burkide, nahikide, leihakide...
Llama = gar, sugar, lama, su-lanbo
Sale = irten, atera, ilki, elki, jalgi, sortu, etorri, jaio.
Día = eguna... alba, goizalba...
-Itzultzen hasi:
Arrosa garbi, piztua
egunaz ateratzen den
garraren lehiakide.
- Soinu bila:
Sutan izetu arrosa
Egunaz datorren
garrakin lehian.
- Oharrak:
"U-a" jokoa jasotzen da: Sutan, -tu, eguna.
"L-ll" ez. Baina ordezko "rr" dago: arrosa, datorren, garra.
Balioko ote den... Izan ere "Pura" galdu dugu.
Hemen, itzulpena kasik hitzez-hitz egina da, baina aliterazio horien bidez, sakonean beste zerbait dator. Orduan, "zentzura" itzul daiteke.
Nola, itzuli bestela, adibidez, Paul Valéryren Le Cimitière marin?
La scintillation sereine sème (IV).
"El centelleo tan sereno siembra", itzultzen du Jorge Guillének (Alianza Editorial, 45. or).
J'attends l'écho de ma grandeur interne,
Amère, sombre et sonore citerne,
sonnant dans l'âme un creux toujours futur! (VIII).
Eta Jorge Guillenek berriro:
De mi grandeza interna espero el eco:
Es la amarga cisterna que en el alma
Hace sonar, futuro siempre, un hueco.
Dudarik ez da, hitz bakoitza adina, soinuak eta erritmoak eta tonua hartu beharko ditugula kontutan, hau itzultzeko.
3. Poesia berria eginez?
Orain arte esan duguna baliozko bada eta poesia poesia bidez itzuli nahi bada, garbi dago helburu hizkuntzan poesia sortu behar dela. Era batean edo bestean, baina poesia. Nola lortzen den?
Sena behar dela? Poeta izan behar dela? Auskalo.
Euskaraz ere nahiko adibide badugu, poesia bat bederaren itzulpen desberdinak erkatzeko.
Erka dezadan, Gurutzeko San Juanen Cántico Espiritual-en, lehen ahapaldia (Ikus Hegats 5, 1991ko abendua).
¿A dónde te escondiste,
Amado, y me dejaste con gemido?
Como ciervo huiste,
habiéndome herido;
salí tras tí clamando,
y ya eras ido.
Gaztelu
Nora zaitut kuku,
Maitea ni emen lagaz intziri?
Zauri nuzu-ta, ba zoaz
oreña bezala nigandik;
oiuz narraizu, eta Zu igesi.
Orixe
Non zaude kuku, Maite?
Emen nuzu mingulin.
Oreiñak antzo, iota
nadukazu maitemin;
atzetik oska nuzu
ta zuk neri aldegin.
Santi Onandia
Nora jun zara Maite,
ni emen lagarik min-garrasika?
Orein antzera zoaz
iges ni zauriturik;
emen nouz deiez, ta Zu gordeka.
Lino Akesolo
Non zara, Maite, ostendu
olan nozula izten zotiñez?
Oreina lez zara aldendu,
ni jo ondoren maitemiñez;
deika atzean ni… eta zuk iñes!
1.- Santi Onaindia da San Juanen neurriak bete-betean jarraitzen dituena. Baina, 2.a eta 5.a bakarrik errimarazten ditu. 5.enean "hemen nozu deiez", ibiltzearen mugikortasuna guztiz kenduz.
2.- Lino Akesolok 1-3 bersotan zazpi silaba ordez, zortzi erabiltzen ditu. 2.a eta 5.a hamarrekoak ditu. Errima bete-betean jarraitzen du, 1-3 eta 2-4-5 errimatuz. Baina errima eta neurria gordetzeko, laugarrenean "maitemiñez" sartzen du (Orixek bezala bestalde), zentzura egoki datorrena, baina jatorrizkoan ez dagoena erantsiz. Eta azken bertsoan, 5.ean, "deika atzean ni" dio Akesolok, agian "atzetik"edo "jarraiki" hobe zitekeenean.
3.- Orixek, bosteko bertsoa egin ordez, seikoa egin du, eta hiru errima bakarrik jarri dizkio. Guztia zazpikotan itzuli du. Orixek, gainera, lehen eta bigarren bertsoen arteko lotura hautsi egiten du, galde-ikurra aurreratuz. Akesolok bezala, 4.enean "maitemin" sartzen du. Galde daiteke, gainera, ea "kuku" hitza egokiena den: hizkuntza maila urratzen duela dirudi.
4.- Gazteluk, hasiera bertatik pertsonalizatu egiten du: "zaitut". 3-4 bertsoak, berriz, trukatu egiten ditu.
Bada guzti honetan, puntu bat, ordea, jatorrizkoan idoro uste dudana, eta une berean gonbarazio eta paradoja dena: "como el ciervo huiste, / habiéndome herido". Orein zauritua da, hain zuzen irudi ezagunena, eta orein zaurituak egin ohi du ihes. Baina hona nola agertzen duen San Juan berak puntu hau:
"Este gemido, pues, tiene aquí el alma dentro de sí en el corazón enamorado, porque donde hiere el amor, allí está el gemido de la herida clamando siempre con el sentimiento de la ausencia, mayormente, cuando, habiendo ella gustado alguna dulce y sabrosa comunicación del Esposo, ausentándose, se quedó sola y seca de repente, que por eso dice luego: Como el ciervo huiste.
Donde es de notar que en los Cantares compara la esposa al Esposo al ciervo y a la cabra montesa, diciendo: Semejante es mi Amado a la cabra y al hijo de los ciervos; y esto, no sólo por ser extraño y solitario y huir de las campañas como el ciervo, sino también por la presteza de esconderse y mostrarse, cual suele hacer en las visitas que hace a las devotas almas para regalarlas y animarlas, y en los desvíos y ausencias que las hace sentir después de las tales visitas, para probarlas y humillarlas y enseñarlas; por lo cual las hace sentir con mayor dolor la ausencia, según ahora da aquí a entender en lo que se sigue, diciendo: habiéndome herido.
Que es como si dijera: no sólo no me basta la pena y el dolor que ordinariamente padezco en tu ausencia, sino que, hiriéndome más de amor con tu flecha y aumentando la pasión y apetito de tu vista, huyes con ligereza de ciervo y no te dejas comprehender algún tanto". (Poesía completa y comentarios en prosa, Planeta, 1986, 173-174 orriak).
Era horretan, argiturik geratzen da paradoja eta gonbarazioa garbia da: "oreinak bezala egin zenuen ihes, ni zauritu ondoren".
Lau itzulpen hauek elkarren artean erkatzean, ordea, hor dago galdea? Sorkuntza berri dira? Itzulpen direnik ezin uka edozein modutan.
4. Jatorrizkoaren kopia?
Orain arte dakargun berriketan, kasik aurreko guztiaren ondorio bezala etor liteke galde hau. Kopia egin behar da?
Ezinezko dela ezin uka. Poesia ezin da kopiatu. Soinu asko kopia edo alda edo truka daitezke, baina kopiarik ezin egin daiteke.
Joerak, beraz, bi bereiziko nituzke: hitzez-hitz edo kopia egin nahi izana. Eta bigarrena, poesia berri bat, zentzura egina (abandona dezagun prosazko itzulpena, ez bada ikerketarako).
Adibide bakarra jarriko dut, gonbara dezazuen, nola badauden itzulpen onak eta hobeak (txarraz ez dut hitzegin nahi).
Hona Gabriela Mistral-en Piececitos poesiaren itzulpen bi: bata ona, baina bestea askoz hobea.
Ointxoak
(Gabriela Mistral)
Inazio Berakoetxea
Umetxoen ointxoak
otzarren urdinsko,
nola ikus ta jazten ez
ene Jainko
Zauritutako ointxoak
arri koxkor denez
elurraz laidoturik
ez loiez
Giza itxuak ez dak
zuek ein bidea
argi bizidun lorez
jazten dala;
zuen ointxo odoltsua
ipili lekuan
akara usaitsuago
sortzen dala.
Bide zuzenetatik
zoaztenez gero,
izan izan bikain, osoak
zeratenok.
Umetxoen ointxoak,
pitxitxo bi miñez,
nola doaz aldetik
ta ikusten ez.
Nemesio Etxaniz
Oi, aurtxuon oin txikiok!
Hotzaren hotzak hain more!
Nola zauzkate orren gorririk,
izanikan Jainko lore?
Oi, aurtxuon oin txikiok! ,
arri zorrotzetan miñez!
Ain ondatuak elur zapaldu
eta lokatza zikinez!
Gizon itxuak ez daki,
Zuen ointxoak jo-ala,
nolatan lurra argizko lorez
apaintzen dan bereala;
ta nola zuen oinpeak
zapaldutako tokian,
usaitsuago zabaldu oi dan
akara Udaberrian.
Bide zuzenetan zehar
zoazten ezkero,
kemen aundiko gizon azkarrak
bikaiñak zeraten gisan.
Oi, aurtxuon oin txikiok,
bi arri bitxi munduak!
Nola dijoaz zuek ikusi
gabe bidez jende itxuak?
II. Neurridunak eta neurrigabeak
Honaino apuntatu ditugun adibide guztiak neurrian idatzitako poesiak izan ditugu. Eta poesia horiek, ikusi dugu, itzul daitezke edota prosan edo poesian, ahalik neurridunean.
Beraz, neurridunetan neurria onartzea komenigarri litzateke. Neurriak ere poesia jazten du, eta batzutan poesia egin ere egiten du, poema baten osagarri delarik eta haren zati banaezinezko.
Horrezaz gainera, besterik ere jaso behar da: hau da, literatur baliapideak kontutan hartu behar dira, generoak, irudi literarioak, etabar.
Beraz, neurridunetan halako puntuak ageriagoan ikusi ohi dira, nabarmen somatu ohi diren, garbiegi bait daude ezkutatu ahal izateko.
Besterik da "neurri gabe" deituetan. Horietan neurria somatzen ez da hain erraz izaten, eta itzultzeko orduan igerri egin daiteke ulertu den ala ez poesia hori.
EZ BAIT DAGO NEURRI GABEKO POESIARIK.
Printzipio hori kontutan hartu behar da beti. Eta neurria bilatu egin behar da. Ez da egia neurri eta errima gabeko deitu ohi den poesia, lerro laburragotan idatzi den prosa denik. Izan bada prosa, poesiaren arauak jarraikitzen saiatzen dena, eta prosa poetiko deitu ohi dena. Baina poesia orok du neurria. Adibidez: arnas neurria deitua, irakurketa erritmoa kontutan hartzen duena.
Beraz, hori bai hartu behar dela kontutan itzulpen itxurako bat egin nahi bada. Itzultzaileak beti argi eduki behar bait du, poetak ez duela ezer idatzi halabeharrez, berez sortu balitzaio bezala; aldiz dena josten saiatu dela. Poesiak azken batean teknika eskatzen du, eta teknika hori ulertu eta bereganatu behar du itzultzaileak, eta ondoren hasiko da itzultzen. Bestela, segituan hutsegingo du.
Egia da, era berean, silabaz osaturiko neurririk ez duen poesia errazago itzul daitekeela, baina itzulpen hori berariaz zaindu behar da, bestelako erritmoak jaso ahal izateko.
Euskal Herriko Unibertsitatea ari da azken aldian Euskal Herriko poeten lanak argitara ematen, eta euskaratik gaztelerara eta gazteleratik euskarara egin dira itzulpenak.
Nahiko ondo ezagutzen ditudan bi lan hartuko ditut eskuartean, adibidetarako. Gabriel Celaya eta Carlos Aurtenetxe.
GABRIEL CELAYA, "Gaviota" (36-37 orriak)
Tus gritos y mis gritos en el alba.
Nuestros blancos caballos corriendo
con un polvo de luz sobre la playa.
Tus labios y mis labios de salitre.
Nuestras rubias cabezas desmayadas.
Tus ojos y mis ojos,
tus manos y mis manos.
Nuestros cuerpos
escurridizos de algas.
Oh amor, amor!
Playas del alba.
Lehen itzulpena
Zure oihuak eta nire oihuak oilaritean.
Gure zaldi zuriak korrika
argi hautsa arrotuz plaian.
Zure eta nire ezpain kresalezkoak.
Bion buru horail ilaunduak.
Zure eta nire begiak,
zure eta nire eskuak.
Bion gorputz
oholdizko labainak.
Oi amodio, amodio!
Oilariteko plaiak.
Beste itzulpen bat:
Zure oihuak eta nere oihuak goizalban.
Gure zaldi zuriak lasterka
argizko hautsetan hondartzan.
Zure ezpainak eta nere ezpainak kresalez.
Gure buru horailak indarrak lagata.
Zure begiak eta nere begiak,
zure eskuak eta nere eskuak.
Gure gorputzak
oholdioz labainak.
Oh amodio, amodio!
Goizalbako hondartzak.
OHARRAK: Bigarren itzulpenean hartu dira kontutan:
- Lehen ahapaldiko errima kontsonantea (Alba - playa - desmayadas).
- Oilarite: oiloak ibili ohi den lekua da: oilo-lurrean ohituta gaude, esan ohi da. Eta oilarite da hain zuzen Oilarrak kantatzen duen unea.
- Celayak apropos bezala errepikatzen ditu bikoteak: Zure begiak eta nire begiak... Beraz, lehen bertsoan esan badu: "zure oihuak eta nire oihuak", gainerakoetan ere errepikatu egin behar da.
- Lehen eta bigarren ahapaldietan dio: "Bion buru horail" eta "Bion gorputz", eta hauetan "Bion" bada, zergatik ez da "Gure zaldi zuriak", "Bion zaldi zuriak"?
Karlos Aurtenetxeren poesia zati asko nik euskaratu nituen. Eta esan behar dut, gozamenik eta atseginik sakonenak dastatu nituela lan horretan. Baina, Aurtenetxe ez da batere erraza: arnasketaren erritmoa, batetik, eta bestetik paradojen, esaera hautsien, sinkopeen ugaltasunak zail egiten du itzulpena.
Hona adibide gisan, Las voces de piedra poematik, Naufragio de José en Pedro poesiako pasarte bat, azkena hain zuzen:
dice josé mira es el hombre de los días
pares
del circuito de la sombra al fondo
josé coge el cubo de la sombra el jueves lentamente
y calla
coge el cuchillo y calla
tibia con tibia la sonrisa de su hermano pedro
en josé
la joya de su mano adelgazada
hasta el extremo
de existir
Itzulpena:
dio josek ikus egun bikoitzetako
gizona da
itzalaren zirkuitokoa hondoan
josek itzalaren kuboa hartzen du ostegunean astiro
eta isiltzen da
hartzen du aiztoa eta isiltzen da
epelez epel pedro bere anaiaren irribarrea
josegan
bere esku argaldutako joia
izan izateraino
bertaraino
OHARRAK
- Estilo zuzena eta zeharkakoa biak batera datoz: dice josé mira es el hombre... coge... calla...
- Esaera bikoitzak: ikus 3.-4. bertsoak: del circuito de la sombra el fondo / josé coge el cubo de la sombra. "Al fondo" nori dagokio? "Sombra"ri edo "josé coge"ri? Beraz, "hondoan" azkenerako utzi behar, efekto berbera jaso dezan.
- "Tibia con tibia la sonrisa" dator 7. bertsoan. Bi esaldi daude gazteleraz gisa berekoak: "Brazo con brazo" lehena, eta "Tibia sonrisa" bigarrena. Zein hautatu? "Bernazur" edo "epel" hautatu? Nik "Epel" hautatu nuen, gero eskua aipatzen badu ere.
- Azken esaldiaren zailtasuna: "la joya de su mano adelgazada / hasta el extremo / de existir". Itzulpen zehatza (beharbada) litzateke: "Izateraino bertaraino argaldutako bere eskuko joia". Bada esaera egina gazteleraz: "Adelgazado hasta el extremo", hau da "erabat argaldua". Baina horri "de existir" gaineratzen dio. Kontutan hartu "hasta el extremo de", gaztelerazkoak azken helburua adierazten duela.
Azken batean, edozein modutan, bi poesia hauek erakusten dute neurri eta errima libreko bertsorik ez dagoela: barneko neurria bilatu behar dela, nahi izanez gero: poesia eta musika erkatuz, poesiak ere musikak bezala doinu eta konpas berriak bilatu ditu etengabe, eta itzultzaileak horiek atzeman behar ditu, itzultzen hasi aurretik. Eta bestela, hutsegingo du bere lanean.
III. Poesia itzul ezinezkoak
Jainko maitea! Poesia itzul daitekeela esanez hasi eta azkenean itzultzen asmatzen ez dakigun poesiarik badela esanez bukatu behar hau, gero!
Eta hala da. Poesiak, ezer lantzen badu, lantzen du norberaren hizkuntza. Eta hizkuntza horrek, ez bakarrik ematen ditu kontzeptuak, baizik bizikizunak eta sentimenduak... eta baditu jokoak ere, beste hizkuntza batean apenas zentzurik daukatenak.
Hitz-jokoetan, hitzaren bi esanahietan oinarritzen diren poesiak dira, zalantzarik gabe, ezinezkoenak. Hizkuntza bakoitzak ditu bere jokoak, esanahi asko dituen hitzak, eta ordainak bilatzen nekeak izaten ditu itzultzaileak. Hori epigrametan aurkituko duzue gehienetan, txisteak eta zirtoak bezala bait dira. Hona, ezezagun batek idatzia:
—Mal ha predicado el cura
—dijeron unas devotas,
y yo repuse: —Es verdad,
hablaba a tontas y a locas.
Edo Antonio de Solís y Rivadeneyra-ren beste hau:
"A UN NECIO QUE SE COMPONIA MUCHO
Aunque veis que en componerme
gasto mi tiempo y mi resto,
más simple soy que compuesto".
Gogora datorkit, zentsura garaian, herrietan bertsolariek kantatu behar zutenean, gaiak etabar guztiak zentsurara eraman behar izaten zirela. Eta hala, amaiera emanda kantatu beharrekoetan, gazteleraz tokatu ohi zen: "Completarán el verso con las siguientes rimas: Mirando, son, vuelta, al hilo". Zuek ulertuko duzue erritma horiek zirela: "begira, dira, bira, harira". Auskalo, gero gaztelera zatekeen bertso hura beste baten bidez... baina ez zentsuran noski.
Euskaraz ere badira gisa berekoak. Horiek hizkuntza batean balio dute, ez beste batean, edo bestela nahiko lan hartu behar da itzulpena egiteko. Bertsotan sarri gerta ohi da halakorik, baina poesia bat ekarriko dut hona, epigrama bat, hauteskundeei buruz egina:
Onaindiak
onaindiagu
onaindiazue
onaindiate
Onaindia
eta Bandres
sei
besterik ez.
Baina bada bestelakorik ere, broma daramana sarrienik, baina hitzen soinuari kontu eginez egina, alajaina. Ezin uka daiteke, beraz, poesia denik, eta ez epigrama. Hona gazteleratzeko horietako bat:
Ai Miren, oi Miren
bi begiren
irribarren bitarten
gordetzen ziren
ai Miren, oi Miren
amets guztien
asmo eta itxaropen
beti hain lerden
ai Miren, oi Miren."
Musika hau gazteleraz ezin eman daitekeela esanez gero, ez dut uste inork harrituko denik, ez bada sartzen tartean harako "ailere ailere" hura. Itzuli, bestela, egin daiteke... baina nekez poesia bezala.
Ah Miren, oh Miren,
entre las sonrisas
de los dos ojos
se escondían
ah Miren, oh Miren
los deseos y esperanzas
de todas las ilusiones
siempre tan lindas
ah Miren, oh Miren.
Baina, zuek esango didazue zer esan nahi duen honek! Nik ez nuke ulertuko gaztelerazko itzulpen hau broma edo erdi-broma bezala sekula, eta jatorrizkoa bai: jatorrizkoari barretxo bat eskainiko nioke.
Hala ere, badira beti zati batzuk, bigarren edo hirugarren zentzu batzuk poesiatan, neurridunetan bezala neurribakoetan, jaso ezin daitezkeenak, eta derrigor moztu egin behar direnak. Baina gauza bera gerta ohi da prosan ere:
Tomás es un hombrón barbudo con unos zapatos enormes.
Es por el que siento más simpatía entre todos los locos.
Sí, todos los locos.
Todos nosotros los locos..."
(Uslar Pietri, El patio del Manicomio).
Garbi dago, bokalen bidez sortzen diren iradokizun guztiak ezin jaso ditzakeela itzulpenak: "Bai, ero oro. Gu ero oro..." esan daiteke, eta nahiko hurbil geratzen da. Baina ez dauka gaztelerazkoaren borobiltasuna.
Gauza bera gerta ohi da poesian ere, euskarazkoetan bezala gainerakoetan: badira zati batzuk beste hizkuntza batean eman ezin daitezkeenak. Adibidez:
Tiriki, tauki, tauki,
mailuaren hotsa. Tiriki, tauki, tauki,
mailuaren hotsa.
Hamasei harri lantzen
ari da Oteitza.
Ai, oi, ai,
ari da Oteitza"
(B. Gandiaga, Hiru gizon bakarka, 149 or.).
Hizkuntza guztietan gerta ohi da gauza bera. Eta hona beste adibide bat italieratik hartua: Giuseppe Ungaretti -oraintsu itzuli berri du zati bat Gil Berak-. La Terra Promessa poemako "Finale":
Piú non muggisce, non sussurra il mare,
Il mare.
Senza i sogni, incolore campo è il mare,
Il mare.
Fa pietà anche il mare,
Il mare.
Muovono nuvole irreflesse il mare,
Il mare.
A fiumi tristi cedé il letto il mare,
Il mare.
Morto è anche, vedi, il mare,
Il mare.
Itzulpena:
Ez dabil orruka, ez zurrumurruka itsasoa,
Itsasoa.
Ametsik gabe, soro kolorgeko da itsasoa,
Itsasoa.
Urrikaltzeko ere bada itsasoa,
Itsasoa.
Mugitzen dute hodei dizdizbakoek itsasoa,
itsasoa.
Ibai tristeen ohe ere gertatu zen itsasoa,
itsasoa.
Hila ere bada, begira, itsasoa,
Itsasoa.
Baina, nire zalantzak baditut honetan ere: Ungarettik itsasoraren kulunka barea jaso nahi du, eta jasotzen du. Bestalde, behartu egin behar dira bertsoak eta esaldiak, azkenean beti "Itsaso" gera dadin.
Beste adibide bat, Afrikako portugaleratik:
Eu sou carvão!
E tu arrancas-me brutalmente do chão
e fazes-me tua mina, patrão.
Eu sou carvão
e tu ascendes-me, patrão
para te servir eternamente como força motriz
mas eternamente não, patrão.
Eu sou carvão
tenho que arder na explotação
arder vivo como alcatrão, meu irmão
até não ser mais a tua mina, patrão.
Eu sou carvão
tenho que arder
queimar tudo com o fogo da minha combustão.
Sim! Eu serei o teu carvão, patrão!
(José Craveirinha, Mozambique).
Itzulpena:
Ni naiz ikatza!
Eta basakiro ateratzen nauzu lurretik
eta zure mehategi egiten nauzu, ugazaba.
Ni naiz ikatza
eta su ematen didazu, ugazaba
zerbi zaitzadan betiere indar mugitzaile bezala
baina ez betiere, ugazaba.
Ni naiz ikatza
eta su egin behar dut, bai
eta dena erre nire erreketaren indarrez.
Ni naiz ikatza
erre behar dut esplotazioan
bizirik erre alkitrana bezala, neure anaia
zure mehategi ez nadin arte, ugazaba.
Ni ikatza naiz
su egin behar dut
erre dena nire erreketaren suaz.
Bai!
Ni izango naiz zure ikatza, ugazaba!
Azken poesia honek ezin du jaso "ão" jokoa, eta ordezkoren bat bilatu behar du, ezin aurkituz.
Beraz: itzultzaileak erabaki garbiak hartu behar ditu poesia itzultzen duenean: nagusiena jaso behar du, bai ideiatik, bai moldetik, eta batzutan ideia eta moldea nahasturik, bateginik datozenean, ahalegin guztiak egin behar ditu... eta lotsarik gabe ohartxo bat jarri beharko luke: Hitz joko aldrebes bat egin du poetak. Euskaraz adibidez: Poesia batek esaten du:
Esku bi
eta eskubideak
ditugu.
Itzul daiteke, noski: "Tenemos dos manos y los derechos", baina hitz jokoa galdu egingo da. Ohartxo batek konpon lezake. Bestela esan zitekeen: "Tenemos la derecha y los derechos", baina nik ez dakit balioko zukeen itzulpen gisan.
Beraz, halakoak eskubete etorri ohi dira poesian, eta galtzabete lan izan ohi du itzultzaile ernaiak dena jasotzen, are batzutan konturatu ere egiten.
Bukatzeko
Bukatzeko ordua ere iritsi da. Guzti honekin gauza bakar bat besterik ez nuen esan nahi: poesia itzuli egin daitekeela eta poesia bezala itzuli ere egin daitekeela. Hori lortzen ez bada, itzultzaileari egotzi behar zaiola errua, baldin poesia itzuli nahi badu, behintzat.
Eta ondorioak beraz, laburbilduz:
- Poesia poesia bezala itzuli behar da, jatorrizkoaren poesia izaera errespetatuz. Beraz, edertasunak izan behar du lehentasuna.
- Batzutan sorkuntza berria egin behar da —kasik beti—. Eta horregatik, batzutan ezin errespetatu ahal izango dira poesiaren azal diren puntu batzu, adibidez neurria. Ahalik, ordea, hura ere errespetatu behar da, bestelako neurri bat erabiliz, besterik ez bada.
- Sarri jatorrizko poesiari bere poesia izaera azalak ematen dio, eta hori kontutan hartzekoa da.
- Baldin jatorrizkoan itzul ezinezko diruditen puntuak azaltzen badira, horiek ere beste joko baten bidez itzul daitezke —nahiz ondoren ohartxo bat jarri.
- Eta azkenik: poesiak, itzulita ere, poesia izan behar duela; hau da, helburu hizkuntzan poesiatzat hartu behar da. Adibidez, Horazioren "Beatus ille" Fray Luis de Leonen "¡Qué descansada vida" da. Eta euskaraz ere gauza bera lortu behar da. Hori bai: poesia itzuli nahi bada, hizkuntza eta honen baliapideak oso ondo ezagutu eta erabili behar dira.
Baina guztia itxi aurretik, zor dizuet Quevedoren sonetoaren itzul-pena. Hona, beraz, bera, bukaerarako onena ez bada ere.
Begiko ahots, uzker izeneko
(putoen urtxindor) baldin eutsia
sasoi onena da hiltzen hasia
ta preste Juan beldur da dagoeneko.
Ezpain zakarraz ahoskatuz gero
eta gogo ozenez airerazia
zirtoz eta barrez dakar bizia
eta puf ta nazkaz bada isileko.
Kaka monarken ospea, harrotzen
direnez, tudeskoz inguraturik
dutela bizi ta parkak banatzen.
Bere galtzen epaimahaian haatik,
kutxak badira askatu eta estutzen,
bi uzkiz dagi edozein ipurdik.
Azken ohar bat, ordea
Poesia itzultzea benetan da onuragarri, irakurtzea baino gehiago. Poeta orok irakurtzen du beste poeten lana, eta behin eta berriro gainera. Baina bada esperientzia bat, irakurketa baino sakonagoa, eta hain zuzen, itzultzea da.
Munduko poeta handi asko izan da itzultzaile, eta itzultzaile on. Itzulpena, poesia itzultzea, izugarrizko ariketa da, eta esaten baldin bada poeta dela hizkuntza gailurrera eramaten duena, haren posibilitateak aztertu, arakatu eta sakontzen dituena, poesia itzultzen duenak kasik bi bider egin behar du lan hori.
Gomendiorik egitea zilegi balitzait, hauxe egingo nieke poetei: itzul dezatela poesia, horrek berarekin dakarren neke guztia hartuz, etekinak neke guztiak gainditzen dituelako. Neri mesede besterik ez dit ekarri.