Itzulpena Nafarroako Gobernuan eta Parlamentuan
Artikulua PDFn
I. Orreagatik Cortesera itzulpenak duen bidea
Esku artean duzuen idazlan honen helburua Nafarroako Gobernuko Itzulpen Atalak egiten duen lanaren berri eskeintzea da. Lerro gutxi, agian, darabilzkigun proiektuak, ardurak, lanak eta abar adierazteko. Hala ere, horra gurea zertan datzan.
Egun, Itzulpen Atal honen kideak 21 itzultzaile bagara ere, ez gara denak hasieratik bertatik ihardun horretan egon, eta Administrazio Unitate honek duen egitura ere ez da bera izan bere hastapenetatik gaurdaino. Izan ere, 1988.eko ekainean 7 itzultzaile hasi arren, eta garai hartan Lehendakaritza Departamentuko Barne Eraentzako Zerbitzupean bageunden ere, Foru Administrazio hau egituratuz joan ahala, beste kokapen bat eman zioten Atalari, eta ondorioz, sortu berri zen Hizkuntz Politikarako Zuzendaritza Nagusiaren menpean paratu zuten, alegia, egun dihardueneko Zuzendaritzarenean. Hastapen horietatik egun arte, itzultzaile kopurua gehituz joan da, eta horrela, idazlan hau prestatzen ari garen unean, lehen esan bezala, 21 ari gara eginkizun desberdinak egiten:
1. Nafarroako Aldizkari Ofiziala:
a) Foru Administrazioa: 11 itzultzaile
b) Administrazio Lokala: 7 itzultzaile
2. Itzulpen Unitatea: 3 itzultzaile
Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen I. Tituluaren 9. artikuluak xedatu zuenez, "Nafarroako Gobernuak Iruñean euskara-gaztelera itzulpen ofizialeko administrazio unitatea sortuko du". Bi urte beranduago abiatu zen proiektu hau, 1988.eko ekainean hain zuzen ere. Hasmentan, administrazio-hizkera ezagutu eta hartaz jabetzeko xedez, Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala hartu genuen erreferentziatzat edo. Aldi berean, Eusko Jaurlaritzako HAEE-IVAP erakundearekin harremanetan jarri ondoren, ikastaro bizkor eta laburra eskeini ziguten. Handik aurrera, gure kontu hasi ginen zeregin horretan. Jakina, ezin ausart gintezkeen, tupustean, itzultzen genuena argitaratzen, eta hortaz, 89.eko azarora bitartean egiten genituen itzulpenak ez ziren argitaratu. Lan horiek zuten balioa, ordea, praktika hartzekoa zen, bai hizkuntzaren aldetik nola geroago eta egun erabiltzen dugun sistema informatikoa ezagutzeko ere. Denok dakigunez, Administrazioaren lanetan erabiltzen diren testuak behin eta berriz errepikatzen dira; honek aukera ematen du dokumentu ereduak izateko. Horretaz baliatuz, aipatu garai horretan hainbat eredu prestatu genituen, eguneroko praktikak, argibideek eta aldaketek agindu ahala aldatuz joan direnak alegia.
Lehen esan bezala, 89.eko azaroan hasi zen argitaratzen Nafarroako Aldizkari Ofizialaren euskal bertsioa, ez ordea osorik, esan nahi bait da, argitarapen horrek dituen lau sailetatik (Foru Administrazioa, Administrazio Lokala, Justizia Administrazioa eta Estatuko Administrazioa) lehena besterik ez genuela itzultzen. 1990.eko ekainaren 20an kaleratu zen euskaraz Administrazio Lokaleko lehen dokumentua, baina jakina, Foru Administrazioarekin egin genuen bezalaxe, hemen ere, ez ginen bat-batean abiatu, eta aurretik hainbat praktika eta saio egin genuen sail horrekin.
Egun, esku artean ditugun proiektuak bat baino gehiago izanik ere, bat da denen gailen azaltzen dena: Justizia Administrazioko dokumentuak itzultzea. Izkiriatzen ari garen honetan, gutariko bik prestatu eta landuriko ereduak eztabaidatzen ari gara. Planak okertzen ez badira, agian, uda baino lehenago plazaratuko dugu ekimen berri hau. Honek lan-banaketa berria ekarriko digu ezpairik gabe, baina horren jakitun gaude. Gure lankide hauek ahalegin berezia burutu dute delako eginkizun horretan: hizkera juridikoak dituen ezaugarri zaharkitu horiek euskaraz eguneratzeko esfortzu itzela egin dutela esan behar dugu. Hala ere, eguneroko ihardunak adieraziko digu hartutako bidearekin asmatu dugun ala ez. Baiezkoan gaude.
Estatuko saila litzateke momentuz nolabait ikutuezina den bakarra. Anekdota eta adierazgarri moduan, zera hau: Nafarroako Gobernuko Lehendakari berriaren (Juan Cruz Alli Aranguren jauna) izendapena erdara hutsez eman zen argitara euskarazko aldizkarian Estatuko xedapena bait zen. Hau bitxikeria! Ez dakigu inoiz sail horri heltzerik izango ote dugun.
Orain arte adierazitako gehiena Aldizkari Ofizialari zegokion, baina bada, lehen esan bezala, beste arlo bat ere bertan lantzen dena: Itzulpen Unitatea deritzona. Unitate horrek prestatzen dituen dokumentuak mota askotakoak dira: informazio orokorrekoak, kanpainetakoak, foiletoak, biografiak, liburuak, txostenak, inprimakiak, errotuluak, prentsarako iragarkiak (euskaraz argitaratzen dituztenean), Telefónicaren liburua, Goizuetako arau subsidiarioak, eta abar. Beste sailetan gertatu erara, hemen ere, itzulpenaren norabidea ia-ia bakarra da: erdaratik euskarara. Hala eta guztiz, Unitateak duen beste berezitasun bat alderantzizkoa (euskaratik erdarara) egitea ere bada, hauek oso gutxi diren arren (isunak, erreklamazioak, helegiteak, ...).
Baina, jakina, euskara bezalako lengoaia batek hizkuntz euskarriren bat behar du, zeri heldu, nola erabili eta nola ebatzi argituko diguna. Esan nahi bait da, Euskaltzaindiak emandako arauak betetzen ditugula, batzutan gogor xamarra bada ere. Adibide bat ematearren, aipa dezagun Euskaltzaindiako LEF Batzordeak hitz elkarketarako proposaturiko (ez aginduriko) bidea. Eztabaida horri momentuz heldu ez badiogu ere, korapilatsua izango delakoan gaude.
Bitartekoez ari garelarik, esan behar da UZEIk emandako erizpideak izaten direla erreferentzia nagusi. Horrekin batera, Atalaren iharduna hasi zenetik gaurdaino egindako lanak eman dizkigun aukerak eta bideak erabiltzen ditugu maizen, erraz uler daitekeenez. Edozein modutan ere, euskal esparrutik datozen esperientziak eta eritziak aintzat hartzen ditugu; honen adibidea izan daiteke itzulpengintzaren arloan diharduten erakunde, kolektibo eta taldeen ordezkariak burutzen ari diren lan-bilerak. Bidezkoa denez, parte hartzen dugu batzar horietan, Iruñean erabiltzen ditugun erizpideak mahairatu, eta besteek emandakoak gureganatzen ditugularik.
Itzulpen Unitateak egiten dituen lanen portzentaiari dagokionez, 90.eko datuei begiratuz gero, zera ondorioztatzen da: Aldizkarian argitaratzekoak ez diren dokumentuak (besteak oso-osorik publikatzen bait dira) Osasun Departamentuak agintzen ditu gehienbatean, alegia, %35, eta Hezkuntzak ondoren (%20). Osasun Departamentua aipatu denez, esan behar da, arlo honetako testu-hustuketa handiguratsu bati ekiten ari gatzaizkiola une honetan, lan luzea eta onuragarria izanen dena.
Badira bulego honetan ikutzen diren beste arlo batzu: telefonoz egindako kontsultei erantzun, Gobernuarentzat lan egiten duten enpresentzako itzulpena, Gobernuak antolatzen dituen oposizioetarako aholku-emaileak,...
Interpretaritza
Orain arte ikusi izanen duzuenez, itzulpengintza arloan mugitzen gara, izan ere, Itzulpen Atala izenak hori adierazten bait du. Interpretaritza arloan dugun lana murritza eta berezia da: gure departamentuak Iruñeko Auzitegian interpretari zerbitzua ematen du.
Iharduera horretan, 1991.urtean bederatzi aldiz bakarrik egin dira interpretaritza lanak.
Iruñeko Auzitegian ez dira ba euskal mintzoak nolanahi ere entzuten, baina... nortzuk hitzegiten dute euskaraz bertan? Erdaraz gaizki moldatzen diren euskaldunak edo, erdaraz jakin arren, administrazioan euskara erabiltzeko euren eskubidea erabiltzen dutenek. Lantzean behin, aitor ematera doazenak dira, besteetan, deklaratzaileak, lekukoak, auzitaratuak etab.
Bi talde hagitz ezberdin nabaritzen ditugu: lehenbiziko taldea herritatik datorkigun jendeak osatzen du, usu adinekoak dira eta herriko euskara dute komunikazio tresnatzat. Arruntean lur auzietan lekuko gisa testigantza ematera etortzen dira Iruñera. Gehienek erdaraz ere zertxobait badakite, jakina. Hala ere, nola ulertu, bada, egiten dizkieten tankera honetako galderak: "Diga ser cierto que el actor posee también otra finca próxima a la de la lites a novel y de cultivo."
Zer esanik ez, erdaraz ez dakitela diote. Gertatu zaigu behin batean erdaraz hitzik ere ez zekien batekin topo egitea.
Bigarren taldean bildu dugun jendeak ez ditu horren ezaugarri zehatzak: euskaldun berriak edo zaharrak daitezke, hiritar edo herritarrak, euskaraz txukun edo trakets hitzegiten dutenak... Elkarlotzen dituen ezaugarri bakarra adina da, lehenengo taldekoak baino gazteagoak izaten bait dira.
Eskatzen diguten interpretaritza mota esanostekoa da, euskaratik gaztelaniara eta gaztelaniatik euskarara. Azkeneko itzulpen horiek erdaraz ongi ulertzen ez duten euskaldunentzat beharrezkoak badira ere, egoera bitxia sortzen da euskaldunak erdaraz dakienean, ederki ulertu bait du aurretik itzuli behar zaiona. Elkar ulertzeko hizkuntzen artean dauden hesiak gaindituta, zer bilakatzen da interpretariaren lana? Horregatik batzuk itzulpena entzun baino lehen ematen dute erantzuna.
Egokitzapenak beste oztopo batzu ekartzen dizkigu. Auzitegian erabiltzen den hizkuntza goi mailakoa izateaz gain, hizkuntza teknikoa da, lege hizkuntza, alegia. Aurretik azaldu bezala, sarritan herrietako jendearekin egiten dugu lan, baita euskara ongi ez dakien jendearekin ere. Euren hizkuntza mailara egokitu behar dugu gure hizkera, hitz teknikoak alde batera utziz eta goi mailako hizkuntzaz esandakoak hizkuntza arruntean emanez. Adierazgarria da herrietako jende askok aditzera ematen diguna: "Nik euskara batua ez dot entenditzen". Hortaz, herrialde bakoitzeko hitz eta egiturak erabiltzen saiatzen gara.
Azken solasa
Azalpen luze-labur hau bukatzeko, zer hobe, ditugun egitasmoak jakin eraztea baino. Hauetako berebizikoena, zalantzarik gabe, Justizia Administrazioko dokumentuak (Aldizkari Ofizialean argitaratzen direnak) euskaratzea da, eta bigarrenik, orain arte egindako lanaren testu-hustuketa orokorra, gehienbat hiztegiari begira. Testu-lanketa hau mantso joanagatik ere, martxan dago, eta bukatutakoan zenbait proposamen luzatzeko aukeran egonen garela uste dugu. Proposamen horien ildo nagusia, honez gero, diseinatu dugu, bai eta zehaztapen bat edo beste ere, ez osorik ordea.
Bestalde, lehen iruzkindu ditugun bilera horiekin (itzulpengintza arlokoak alegia) segitzeko asmoa dago, eta egin ditzakegun ekarpenak mahairatzerakoa ere.
Luze mintza gintezke aipaturiko edozein punturen inguruan, baina espazioak agintzen du, bai eta astunegi ez iharduteak ere. Besterik ez. Hemendik aitzina inork ez dezala erran Nafarroako Erresuma zaharrean euskal bideak aukerarik ez duenik. Hala biz!
II. Aldibereko itzulpena Nafar Parlamentuan
Lehenengo legealdietan aldibereko itzulpenaren beharra izan bada ere, 1991 urtean hasitako legealdian areagotu dela behar hori esan daiteke. HB-k maizago parte hartzearekin eta EA-k parlamentari euskaldunik edukitzearekin, hain zuzen.
Egun lau dira euskara, gehiago edo gutxiago, erabiltzen duten parlamentariak: Zabaleta, Aoiz eta Araiz (HB) eta Oronotz (EA). Nafar Parlamentuan 50 parlamentari daudela kontutan hartzen badugu, %8 baino ez dela euskara erabiltzeko gauza, ariketa erraz baten bidez ateratzen den ondorioa da. Alde horretatik, Nafarroan %10 inguruan jartzen bada euskaldunen ehunekoa, esan dezakegu Parlamentuko errealidadea ez dagoela oso urruti gizartetik. Eta hala da ehunekoei dagokienez. Erabileraren normalkuntzari dagokionez, aldiz, gauzak bestelakoak dira; gizartean erabilera normalizatua ez delarik ere, Parlamentuan are eta gutxiago. Bakar batzutan egiazko edukiera politikoa izan duten interbentzioak izan badira ere, gehienetan erabilera testimoniala da.
Egoera honen faktore eragileak zeintzu diren aztertzeko orduan, honako hauek aipa daitezke:
- Elebitasunaren kulturak dakartzan egoera berrien ezagutza falta, talde politikoen aldetik, bai eta egoera horiek gainditzeko erabili beharreko baliabideena ere.
- Euskararen erabilerari berari gaineratzen zaion , politikoa eta sentimenduzkoa, horrek ernarazten dituen joerekin, aldekoak zein aurkakoak.
- Zerbitzuaren egitura bera; lan-baldintza fisikoak txarrak dira (kabinarik ere ez dago eta), bertako plantilarik ez dago -zerbitzuemate-kontratuaren bidez betetzen da eginbeharra-, eta zerbitzuemaileok ez dugu prestaketa berezirik izan, beste hainbat arlotan ibili eta gero hartaratu garelarik, ahal moduan.
Dena den, ez genuke dena beltzegi pintatu nahi: urtarrilean Lurdes Auzmendik emandako ikastaro batean parte hartzeko aukera izan genuen, prestaketa berezi hori eskuratzen joateko. Lan-baldintzak hobetuko omen dira, plantila bat sortu eta estabilizatzen joateko asmoa dago, eta pentsatzekoa da eguneroko lanak politikoen joerak aldatuko dituela ezari-ezarian. Geroak esango.