Alemaniarren itzulpen tradizioa
Artikulua PDFn
Dagoeneko klasiko bihurtu den pasarte batean Schleiermacher filosofo eta hermeneuta alemaniarrak esaten zuenez, "edota itzultzaileak ahalik eta patxada handienean uzten du idazlea eta berarenganantz mugierazten du irakurlea; edota ahalik eta patxada handienean uzten du irakurlea, eta berarenganantz mugierazten du idazlea[1]. Bi polo aurresuposatzen dituen jokaera bikoitz honen baitan betidanik itzultzaileak eta itzulpenaren irakurleak somatu izan duten tirandura edo tentsioa berezkoa izan du itzulpengintzak. Wilhelm von Humboldtek, 1796ko uztailaren 23an Schlegeli idatziriko gutunean, itzultzaile oro ezinbestean bi oztoparri horietakoren bat gainditu beharrean aurkituko zela esaten zion: "zehaztasun handiegiz lotuko zaio edo jatorrizkoari, bere herriaren gustu eta hizkuntzaren kaltetan, edo bere herriaren orijinaltasunari, itzuli beharreko obraren kaltetan...".
Franz Rosenzweigek eta beste askok esan duten bezala, "itzultzea bi nagusiren zerbitzari izatea da[2], eta oraindik ere "traduttore traditore" italiar adagioak indarrean dirau kultur giro askotan itzulpengintzaren zerbitzari-izaera azpimarratuz. Metafora honek adierazten duenez, obraren, autorearen, inoren hizkuntzaren (lehen nagusiaren) zerbitzari izan behar da eta irakurlegoaren, norbere hizkuntzaren (bigarren nagusiaren) zerbitzari ere bai.
Lehen nagusiaren zerbitzari bakarrik izatea hautatuz gero norbere kulturguneari arroztasuna ezartzen zaio (irakurlea autorearengana eramaten da, Schleiermacherren hitzetan). Aldiz, bigarren nagusiarekin gelditzen bada (autorea irakurlearengana eramanez), irakurlegoaren parterik makalenaren gustua egin bai, baina atzerritar obrari traizio egingo zaio. Baina A. Bermanek ongi dioenez[3], ezinezko egoera hau aurresuposamendu ideologiko batzuetan erroturik edo oinarriturik dago, ez da berezko zerbait eta bere baieztapenaren lekukotzat Léonard Forsterrek bere The Poet's Tongues: Multilingualism in Literature (1970) obran deskribatzen duen Erdi Aroaren amaiera aldeko poeten mundua aipatzen digu; bertan poeta asko autoitzultzaileak ziren eta orduko irakurlego landuak atseginez irakurtzen zuen obra bera hizkuntz aldagai ezberdinetan. Bestela esateko, idazle autoitzultzaile haiek ez zeuden leialtasun eta traizioaren arazoaz jabeturik, ez bait zuten ama-hizkuntza zerbait sagaratua bailitzan hartzen. Aipatu dugun traduktologo frantsesaren iritzian[4], sakralizazio horretan legoke italiar adagioaren sorburua eta itzulpengintzaren "arazo" guztiena ere.
Itzulpengintzaren "arazo" hau planteiatu, eztabaidatu, garatu eta soluziobideetan jartzen nekez aurki daiteke alemaniarrena baino tradizio luze eta aberatsagorik, eta bertan argi eta garbi agertzen da etno-exozentrismoak sortutako tentsio eta errealitateen kontzientzia landua.
Tradizioaren aintzindariak
Lefeverek dioenez, "tradizioak ez dira "sortzen". Urte, hamarkada edota mendeetan barrena helburu berak, gutxienez antzeko samarrak, partekatzen dituen jende multzo batek kontzienteki taiutu eta finkatu egiten du[5]. Alemaniar tradizioan aitzindariak Lutero eta Justus Georg Schottel dira, tradizioaren mamitzaileak Bodmer, Breitinger, Lessing eta Herder, maisuak Humboldt eta Schleiermacher, Goethe, Schlegel eta Novalis ahaztu gabe, eta azken aldiko berrikusle eta kritikariak Wilamowitz, Benjamin, Borchardt, Rosenzweig, halaber, Grimm, Nietzsche, Schopenhauer eta abarren ekarpenak ere gogoan hartuz.
Luterok idatzi zuen Sendbrief vom Dolmetschen (1530) Erreforma garaiko borroken goritasunean sorturiko testu bat denez gero, ez da itzulpenari buruzko saiakera akademiko gisa hartu behar, baina bertan akiakularik gabe heltzen dio alemaniar nazioa eta hizkuntzaren auziari, eta bertan ia era beretsuan erabiltzen ditu übersetzen (itzuli) eta verdeutschen (alemaniartu) hitzak egintza bera izendatzeko. Luteroren garaiko eta ondorengo mendeetako alemaniera konkurrentzia latzean zebilen inguruko beste zenbait hizkuntzarekin, grekoa, latina eta frantsesarekin batipat, eta itzultzailearen egitekoa zen alemaniar hizkuntza eta literatura hobetzea lehiaketan atzera gera ez zedin. Hobetu nahi horrek tradizioan luzaroan puri-purian iraungo duen kontraesan batera bultzatzen du: alemaniera ona landu nahi zuen itzultzaileak "hizketako" alemanierara jo behar zuen, baina aldi berean alemaniera gaitu eta landu ere egin nahi zuen eta horretarako alemaniar material edo gaiari kanpotar eite edo formak eman behar zizkion edota kanpotiko ereduen parekotzat jo zitezkeen alemaniar hitz zaharrak birbiztu behar zituen. Lutero, Schottel, Gottsched, Lessing, Breitinger eta abarrek bigarren bide honi heldu zioten; aldiz, Bodmer eta Herder kalko eta literalismoen lehen bidetik ibili ziren batipat[6].
Johann Christoph Gottschedek (1700-1766) hizkuntza "hobetzearen" ideia lantzen du. Ereduen itzulpengintza idazleen, hizkuntzaren eta literaturaren trebetasun eta gaitasunak hobetzeko erabiliko dira Gottscheden ustetan, eta forma baino zentzua ematea beharrezkoago dela azpimarratzen du frantses neo-klasikoen idealaren ildotik. Horretan Leibnitz filosofoaren hizkuntz teoriari datxeko. Norbere hizkuntza baino inorena maiteago duena kritikatzen bazuen ere, ez zen iritsi erromantikoen "jaiotzatiko hiztunaren sindromeraino"; alderantziz, hizkuntza arrotzetik norbere hizkuntzara ezezik, hizkuntza arrotz batetik beste arrotz batera itzul daitekeelakoa onartzen du, eta praktika arrazoi etikoengatik baztertzen du, ez hizkuntzazkoengatik.
Tradizioaren mamitzaileak
Johann Jakob Bodmerrek (1698-1783), bere aldetik, aurre hartzen die Goethe eta Schleiermacherren ideiei eta argiro bereizten ditu itzultzeko dauden bi moduak, "pentsamendua, edukinaren interpretazioa, zeinaren helburua clare et distincte percipi den eta irakurle hartzailearen hizkuntz baliabideez errazkien lortzen den; eta beste modua, jatorrizkoaren ezaugarri banako eta formazkoetara zuzendua, zehaztasun handiena eta nork bere hizkuntz baliabideak arrotza den horretara moldatuz eta zehaztasun handiena erabiliz bakarrik lortzen dena". Horrela, 94. gutunaren amaieran dio: "Idatzi bat hitzez-hitz bere ama-hizkuntzara itzultzearen nekea hartu duen edonork, idatzi poetikoa batipat, konturatuko da (...) arrotz eta ezohizko gertatzen zaizkigun esamolde gehienek ez dutela ezer desegokirik beren baitan, ongi aztertzen badira, aldiz, sarritan gauzak oso irudi egokien bidez adierazten dituztela eta horregatik irakurlearen arretari oso era berezian eragiten diotela»[7].
Johann Jakob Breitingerrek (1701-1776), berriz, Gottschedek ez bezala, itzultzailea jatorrizko izaera eta formaren aldatzaile izan dadin nahi du, pentsamendu eta kontzeptuen maila berean. Jatorrizkoak bere irakurleengan duen efektu bera lortu behar du itzulpenak bere irakurleen baitan ere. Horretarako itzultzailea eta autorearen enpatia bat beharrezkotzat jotzen du, forma edukinaren maila berean tratatzeko, eta ondorioz zorrotz berezten ditu itzulpena eta imitazio edo bertsioa. Bere Critische Dichtkunst (1740) obran, iraganean porrot egin duten hainbeste itzulpen alemaniarren aipamena egiten du, eta errua ez dio itzultzailearen trebetasunik ezari egozten baizik eta alemaniar hizkuntzari buruz izan den gehiegizko joritasun-usteari, hitz eta esamoldeen baliokidetzari buruzko aurreritziei eta, batez ere, itzulzaile fidelaren egitekoak gaizki ulertzeari eta jatorrizkotik gehiegi aldentzeko joerari[8].
Itzulpengintzari buruz eztabaidagai berri batzuk sartu zituen Lessingen ondoren (1729-1781), Johann Gottfried Herder (1744-1803) dator eta gai horri buruzko eztabaida abiadura berri batean sarrerazten duela esan liteke, nahiz eta oso pentsamendu orokorrak adierazi eta bere ikuspegi osoa argitzeko bitarteko gisa haietaz baliatu. Herderrekin itzulpena hizkuntz iharduera ez, baizik eta metafora bihurtzen da, pentsamendu-kategoria, gerora Benjamin berak ere iradokiko duenez.
Herderren ideiak laburki emanez gero, honako hauek hautatzen ditugu: edozein hizkuntza bizi ama-hizkuntza da eta horregatik ez da beste edozein baino gutxiago. Bestela esateko, alemaniera frantsesaren pare da, nagusiago ez bada. "Alemaniera hobetzeko klasikoen obretatiko ekarpenak behar dira. Esamolde baliokideak ez dira aski; gaur eguneko hizkuntz materiala molde arrotzetan isuri behar da", nahiz eta gerora Schleiermacher eta Benjamini gertatuko zitzaienez, eredu arrotz horrek alemaniartzat ezin ezagutu izateraino kanporaturik geratzeko arriskua izan.
Herderrek ezaguera filologikoaren garrantzia azpimarratzen du (filosofo, poeta eta filologo izatea eskatzen dio itzultzaileari). Egiazko itzultzaileak hitzak, esamoldeak eta konbinazioak egokitu beharko lituzke, Herderren iritzian, hizkuntza garatuagoetatik bere ama-hizkuntzara. Grekoa eta latinetik batipat, baina baita hizkuntza gazteagoetatik ere.
Itzultzeko moduari dagokionez ez du inondik ere itzulpengintza "edertzailerik" onartzen, eta horretan bestetara jokatzen zuen frantses gustuari gogor erasotzen dio, eta itzulpen laxo edo solteegiak bi hizkuntzen kontrako bekatua egiten duela aitortzen du: ez du zintzo jokatzen jatorrizkoarekiko eta ez du fruiturik ematen bestean ere; aitzitik, moldatzaileegia ez den itzulpengintza bi hizkuntzekiko jator portatzen dela uste du.
Herderren ildotik, Johann Wolfgang Goethek (1749-1832) aurrerapauso bat ematen du eta itzulpen "ona" sortzeko arauak ezin litezkeela absolutuak izan adierazten du, zeren eta itzulpen "ona" bera ere ez bait da absolutua. Itzulpen bat "ona" den ala ez jakiteko sorburu-literatura eta xede-literaturaren artean zer harreman-maila lortu den ikusi behar da.
Goetherentzat hiru itzulpen-mota daude:
1) Lehenak geure hitzetan jartzen gaitu harremanetan atzerritarrekin: prosazko itzulpen soila da hoberena zentzu onetan.
2) Bigarren itzulpen-motak edukin arrotza hartu eta bere erara ematen du. "Parodistiko" izena ematen dio eta frantsesek beren obra poetiko guztien itzulpenean erabiltzen zutena zela zioen. Atzerrikoa (sentimenduak, pentsamenduak, gauzak ere bai) nork bere gisara moldatzea da. Alemanian Wieland zen joera horren ordezkari.
3) Hirugarren itzulpen-mota, nagusitzat eta azkentzat daukana, jatorrizkoa eta itzulpena bat egitea da, bata bestearen kaltetan ez, baizik eta mesedetan baloratua izan dadin. Hasieran kontrakar handia gainditu behar izaten du, zeren eta jatorrizkoari hurbil samarretik datxekon itzultzaileak bertan behera uzten bait du bere nazioaren jatortasuna eta horrela hirugarren bat sortzen da eta jendearen gustua hartara ohitu behar izaten da[9].
Tradizioaren maisuak
Aurrekoaren garaikidea izan zen Wilhelm von Humboldt (1767-1835) bere ideiatan ez da oso sistematikoa itzulpengintzarekiko: hizkuntza guztiak egokitzat jotzen ditu lanbide horretarako, baina batzuk hobetzat dauzka, alemaniera kasurako, aintzinateko metrika bere baitan birsortzeko aukera ematen duelako. Humboldtek testuarekiko fideltasuna azpimarratzen du, baina osotasun bezala harturik, zati eta xehetasunekiko fideltasunetik sortzen den barreiakuntzaren aurrez-aurre. Tradizioa gatzatzekoan formak duen garrantzia eta itzultzailea eta autorearen artean behar den enpatia azpimarratzen ditu; itzulpena eta iruzkina berezten ditu eta itzulpena, jatorrizkoa bezalaxe, inspirazio batetik sortzen dela aitortzen du. Itzulpen-ugaritasuna ontzat ematen du eta askoren artean jatorrizkorako metaketa-hurbilpen bat burutzen dela esaten du. Aeschylo's Agamemnon metrisch übersetzt von Wilhelm von Humboldt (1816) obraren sarreran agertzen ditu itzulpen-teoriari buruzko bere ideia nagusienak.
August Wilhelm Schlegelek (1767-1845) seguraski bere aurreko kide guztiek baino literatura gehiago itzuli zuen. Beretzat eta bere a naia Friedrichentzat itzulpengintza metafora bat da, kategoria kontzeptual bat, Herderentzat bezalaxe.
A. W. Schlegelek, literatur itzulpenari buruzko bere aitorpenetan aurreko eta garaiko kide askoren ideiak errepikatu zituen, baina guztien artean seguraski eraginik sakonena itzulpenean jatorrizko formari eutsi behar zitzaion iritziak izan zuen. Baina forma esatean batez ere metrika, neurria ulertzen zuen. Bestalde, itzulpena burutzeko dauden bi era aipatzen ditu: idazleak bere burua agertzen duenekoa eta ez duenekoa. Berak ere, Humboldtek bezala, ez du onartzen itzuli beharreko obraren apurketa: fideltasuna osotasunarekikoa da, ez zatiekikoa eta ez da literaltasunean, baizik eta baliokidetzan bilatu behar da. Alemanierara egindako itzulpenek hizkuntza hori Europaren erdigune kosmopolita gisako zerbait bihurtu behar zutelako ideia, aurrena Goethek iradokia, berak ere hartu egiten du eta Schleiermacherrenganaino iritsiko da. Lefeverek dioenez, «ironiaz ideia hori egia bihurtu da neurri handi batean (edo gutxienez ia egia) gure mende honetan, baina hizkuntza horiek ingelesa eta errusiera dira, ez alemaniera»[10].
A. W. Schlegelek, Goethek bezala, hizkuntza «exotikoetatik» itzulpenak burutzeari garrantzi handia ematen dio, baina hizkuntzaren tratamenduari dagokionez Humboldt baino arreta handiagoarekin ibili zen, eta itzultzaileak ez dituela bere hizkuntzaren mugak gainditu behar aitortzen du. Azkenik, Schlegelen ideia nagusia, oraindik erabat onartu ez dena, itzultzailea eta literatur kritikaria batean elkartu eta artistikoki eta zientifikoki baliozkoa den literatur-obraren birsorkuntza bat egitearen premiarena da. Hala ere, onartzen du gutxi izan litezkeela ideal hori lortzeko modukoak.
Novalisek (1772-1801) ere itzulpengintza metafora gisa hartzen du, eta itzulpena eta jatorrizkoa biak idealerantz hurbiltzeko ahaleginak direlako uste platonizatzailea azpimarratzen du. Alemaniarrak erromatarrekin erkatzen ditu itzulpengintzarako ageri duten joera edo bulkada indartsuan. Hori alemaniarren kosmopolitismoa eta indibidualtasunaren ezaugarritzat jotzen du. «Guretzat bakarrik izan da hedapen itzulpengintza. Moralitate poetikoa, norbere zaletasunen sakrifizioa behar da itzulpengintzarako. Ederraren eta nazioaren literaturarenganako benetako maitasunarengatik itzultzen da. Itzulpengintza literaturgintza da, nork bere obra idaztea den bezalaxe, eta zailago, arraroago da. Azken buruan, literatura oro itzulpen da».
Friedrich Schleiermacheren (1768-1834) Ueber der verschiedenen Methoden des Uebersetzens saiakera, 1813ko ekainaren 24ean Berlingo Zientzien Erret Akademian lehen aldiz irakurria da, Luterorengandik hasi eta alemaniar tradizioak itzulpenaz esan dituen gaien bilketa nagusiena. Beronen garrantzia ukaezina da, era sistematikoan eskaintzen bait ditu, batez ere, Alemania erromantikoa eta klasikoaren intuizio eta esperientziak itzulpengintzari dagokionez. Gainera, zorrozki baztertzen du XVI mendeak modan jarri zuen baina kaltegarritzat daukan imitazioa. Schleiermacherrek itzulpena ulerkuntza-egintza, hermenutika gisa hartzen du. Bestalde, harreman berri bat planteiatzen du hizkuntza arrotz eta ama-hizkuntzarekiko, eta itzulpengintza ama-hizkuntzaren espazioan kokatzen du. Baina beronentzat ama-hizkuntza ez da nazionalismo estu baten ikuspegitik ulertzen den zerbait, ama-hizkuntza itzulpengintzaren esperientziara irekitzen ez den bitartean "ama-hizkuntza partzial" besterik ez da.
A. Bermanentzat garai hartako Alemanian itzulpenaz burutu zen ikerketa metodiko eta sistematiko bakarra da, alde batetik, aztertu ez ezik definizioetatik itzultzeko metodo posibleak ateratzen dituelako, eta bestetik, ulerkuntzaren alor osoan itzulpen-egintzaren eremua mugatzen ahalegintzen delako, ondoren zeuden itzulpenak aztertu eta itzulpengintzako metodologia bat sortuz Rede mota ezberdinei aplikatua. Bide horretatik jotzen du bere Hermeneutikak.
Schleiermacher itzulpen orokorra eta murriztua, interpretaria eta itzultzailea bereztetik hasten da (gogoan izan bedi Luterok bi hitzak, dolmetschen eta übersetzen, gauza bera adierazteko erabiltzen zituela), lehena batez ere mintzatuaren alorrean eta bigarrena idatziarenean kokatuz. Lehenean negozioak eta bigarrenean zientziak eta artea kokatzen ditu, subjetiboa eta objetiboaren oinarrien gainean. Baina erokeria bat ez ote den galdetzen du hizkuntza arrotzaren eta hizkuntza horretan bere mundua adierazten duen idazlearen barne-muina nork bere hizkuntzara aldatzea. Erokeria hori burutzean erabiltzen diren bi irtenbide, hau da, parafrasia eta birsorkuntza (Nachbildung) ez ditu ontzat ematen itzulpenaren auziaren albotik edo kontrara dabiltzalako.
Orduan Schleiermacherrek dagoeneko klasikoa den modura argudiatzen du: demagun adiskide bat ezagutzen ez duen norbaitekin toparazi nahi dudala, orduan bi irtenbide daude: nire adiskidea halako horri bisita egitera joango da, edota halako hori nire adiskideari bisita egitera etorriko zaio. Itzulpengintzari dagokionez, jatorrizkoaren autorea itzulpenaren irakurleagana eraman edo itzulpenaren irakurlea jatorrizkoaren autorearengana eraman.
Lehen kasuan itzultzaileak bere baitatik irtetera, deserdiratze-ahalegin bat egitera behartzen du irakurlea autore arrotza bere arroztasunean atzematera; bigarrenean, aldiz, autoreak bere arroztasuna eranztera eta irakurlearekin familiartzera derrigortzen du autorea. A. Bermanek azpimarratzen duenez, bereizketa honen interesa ez dago itzulpen etnozentriko edo exozentriko, baizik eta itzulpena subjektuarteko topaketa bezala planteiatzean; izan ere itzulpenaren "arazoak" planteiatzeko era guztiak bi metodo horietara makurturik geratzen bait dira, itzulpena ulerkuntzaren atal bihurturik utzi den unetik. Schleiermacherrek hitzaldiaren hemendik aurrerakoa bi metodoak aztertzen ematen du: lehena finkatuz, bere baldintzak eta zentzua aztertuz eta bigarrenaren funtsezko absurdua erakutsiz.
Schleiermacherrek bi eratako itzulpena dagoela erakusten du: kautoa eta ez-kautoa, ulerkuntzan eta komunikazioan ere gertatzen denez. Ondorioz, autoreak idatzi duena itzultzailea bere ama-hizkuntzan idatzia izan balitz bezala ematen ahalegintzen denean itzulpenak benetakotasuna galtzen du, autore horrek bere hizkuntzarekiko duen lotura sakona eteten bait zaio. "Bai, zer erantzungo litzateke, baldin itzultzaileak esango balio irakurleari: ematen dizut liburua gizon horrek alemanieraz idatzi izan balu bezala, eta irakurleak erantzungo balio: (...) hori gizon honen erretratoa bere amak beste aita batekin sortu izan balu emango bazenit bezala da? Zeren eta autorearen izpiritua badute zientzia eta arteari (...) dagozkien obrek ama, sorterri-hizkuntza (vaterländisches Sprache) dute aita".
Teoria honek aldi berean norbere ama-hizkuntzaren eta beste ama-hizkuntzen ukapena da, zehatzago esateko, ama-hizkuntza ideiaren beraren ukapena da. Besteak ukatzen dituenak, bere burua ukatzen du. Eta Schleiermacherrek erakusten du, garai hartako Alemanian behintzat, artean hizkuntza nazionalak ez zeukala bere buruaren baieztapena egina, ez bait zen gauza onartzeko eta ez bait zituen beste hizkuntzak beren diferentzian onartu nahi. Eta bere burua garatua ez duen bitartean ama-hizkuntzak "partzial" izaten jarraitzen du, "osagarritzat" latina edo frantsesa erabiltzen dituena. Horrela alemaniar kultur elebitasunak trabatu egingo du bai ama-hizkuntzaren loratzea eta bai itzulpenena, zeren elebitasun horrek ez bait du atzerrikoa, arrotza denarekiko irekidura adierazten, baizik eta azken horrekiko menpetasuna. Aitzitik, ama-hizkuntzak bere burua kultur hizkuntza bezala baieztatzen duenetik hizkuntza horren inguruan ardazturiko komunitateak pentsa lezake hizkuntza arrotzak itzultzean mintzatzen jarraitu beharrean. Baina ama-hizkuntzak ezin dezake bere burua kultur hizkuntza bezala baieztatu harik eta itzulpen-hizkuntza bihurtu arte, hitzegiten dutenek libreki arrotza den horrekiko interesatu gabe. Itzulpen ez-kautoa ama-hizkuntza eta beste hizkuntzekiko harreman ez-kauto bati dagokio. Honela ikusten zituen Schleiermacherrek gauzak alemaniar kulturari zegokionez.
Frantsesaren itzulpena, berriz, birsorkuntza edo itzulpen etnozentrikoa zena, adierazpen klasikoarekiko lotura estuegiak dituzten hizkuntza preso hartu batena bezala ageri zaio. Hizkuntza preso hartu horiek hedatu edo zabaldu dezakete beren eremua ama-hizkuntzaz gainera beste hizkuntza bat hitzegin beharra duten atzerritarren hizkuntza bihurtuz (orduan frantsesarekin gertatzen zena, gaur ingelesarekin gertatzen da mundu osoan zehar), baina obra arrotzak beretzeko parafrasia edota itzulpen etnozentrikoa erabili beharra zeukan.
A. Bermanek hiru eskematan aurkezten du Schleiermacherren ikuspegia:
- Frantses hizkuntza klasikoa → Hedapena/hizkuntza arrotz "partzialen" menperakuntza. Itzulpen-egokitzapenak, itzulpen etnozentrikoak.
- Alemaniar hizkuntza aurre-klasikoa → Hizkuntza "garatuagoek" "osoturiko" hizkuntza partziala; elebitasun intelektuala; menpekotasuna. "Autorea irakurlearengana eramaten duten" itzulpenak.
- Alemaniar hizkuntza klasiko/erromantikoa → Hizkuntza "librea", "irekia" ama-hizkuntzaren sendarpena eta obra propioen sorkuntza. Itzulpen etnozentrikoak.
Itzulpen kautoak egin ahal izateko bi baldintza jotzen ditu beharrezkotzat pentsalari alemaniarrak: obra arrotzen ulerkuntza ezagutua eta desiratua izatea, eta ama-hizkuntza halako malgutasun baten jabe izatea. Baldintza horiek nabari ziren XIX mendearen hasierako Alemanian. A. Bermanek bere aldetik hirugarren baldintza bat ezartzen dio: hizkuntza nazionalaren autoafirmazioa, nahiz eta afirmazio hori dialektikoki arrotzarekiko harreman berriaren baitan egon.
Itzulpen ez-kautoak ez du inolako arriskurik kultura eta hizkuntza nazionalarentzat, arrotzarekiko harremanik ez izatea kenduz gero. Itzulpen kautoak baditu arriskuak. Horiei aurre egiteak esan nahi du kulturak baduela konfidantza bere buruan eta asimilatzeko gaitasunean. Schleiermacherrek dio: "Hori artea eta neurriarekin burutzea, nork bere buruari eta hizkuntzari kalterik egin gabe, hori da agian gure itzultzaileak gainditu beharreko zailtasunik handiena"[11], zeren arrotza dena ama-hizkuntzan aurkezteak arriskuan jartzen bait du berak «hizkuntzaren etxeko ongizatea» (das heimische Wohlbefinden der Sprache), hau da, Herderek "birjintasuna" deitzen zuena bera.
Aurreraxeago, Schleiermacher berak dio: "Sarritan entzun izan dira kexuak esanez horrelako itzulpen-mota batek kalte egin behar diola derrigorrez hizkuntzaren garbitasunari eta bere barne-garapen lasaiari". Baina laster ikusten da pentsalari alemaniarrarentzat ama-hizkuntza mito bat dela, zeren ez bait dago horrelako garapen isolaturik, baizik eta hizkuntzen artean askatasun-harremanez ordezkatu behar diren menpetasunezkoak bait daude. Birjintasuna gorde nahi duen alemaniera jadanik frantsesak kutsatu eta menperaturiko alemaniera da. Hain zuzen ere, itzulpenak egiten diren tokian menperakuntza gutxiago dago. Hala ere, ulergarria da brauki eta supituki egoera batetik bestera igarotzean ama-hizkuntzarekiko harremana desorekatzeko arriskua egotea, horregatik aipatzen du hizkuntza batekoa edo bestekoa izatea aukeratu beharraz "atsedenik gabe bitarte higuingarri batean flotatu nahi ez bada".
Tradizioaren kritikariak
Alemaniar aro klasiko eta erromantikoak itzulpengintzaz idatzi duenari gainbegiratu bat ematean ez dugu era batera zein bestera jarraitzen duten teoria batzuekin soilik topo egiten, baizik eta kontzientzia batekin eta gure garaiotan daukagun hizkuntzen mehatxu-zentzu gutxiagorekin. Lefeverek alemaniar "tradizioaren barne-kritikaren" eratzaileen artean Grimm, Nietzsche, Vossler, Schopenhauer, Benjamin, Wilamowitz-Moellendorff eta Rosenzweig sartzen dituenean zera dio: "Tradizioak izan duen indarraren froga bikaina da dizipuluen kritika, nik dakidanez, barne-kritikara mugatu izana. Alemanieraz idazten duen batek ere, gaur arte, ez du serioski tradizioa alde batera uzterik eta beste batez ordezkatzerik"[12]. Nietzschek itzulpena konkista gisa, Vosslerrek kultur inperialismo eta nazio-literaturaren gotorleku estrategiko bezala, Schopenhauerrek poliglotismoa eta itzulpena "hizkuntza" hobetzeko ez baizik eta "hizketa" (parole) ñabartzeko beharrezkotzat jotzen duenean, edota Benjaminek hizkuntza "puru" bat berreskuratu nahia edota Wilamowitzek filologiaren garrantzia azpimarratzean, Borchardtek itzulpenak zerbait jatorrizkora berreraman behar duela edo Franz Rosenzweigek praktika teoriaren gainetik eta konpromisuaren baliozkotasuna erreibindikatzen dituenean bezalaxe, funtsean ez dute inoiz Luterorekin hasi eta dialektikoki garatuz eta sendotuz mendez-mende etorri den alemaniar tradizioa hausten.
Aipatu ditugun itzultzaile eta pentsalari alemaniar horien ekarpenek aski garbi adierazten dute zeinen bide luze eta neketsua ibili behar izan duen alemanierak gaur egun "hedadura txikiko hizkuntza" deitzen ditugunon antzeko egoeran aurkitzen zenetik hasi eta hedadura handiko eta erabat garaturiko kultur hizkuntza izatera iritsi zen arte. Nahiz eta beste zenbait hizkuntzaren baitako itzulpen-historian ere antzeko garapen eta dilinda dialektikoak aurkitzen diren, ez dago inondik ere guztietan pauso berak eta ere berean ematen direnik; eredu alemaniarra frantses eredu klasiko etnozentrikoarekiko kontrajartzean garatu da.
Itzulpen etnozentrikoa eta exozentrikoa
Aipatu ditugun Alemania erromantikoko itzultzaile eta pentsalarien ekarpenak kritikoki aztertzetik abiatuz, Antoine Berman traduktologo frantsesa izan da seguraski itzulpen etnozentrikoa kritika zehatz eta zorrotzena eskaini duena. 1984ean, Collège International de Philosophie-n zuzenduriko mintegi batean azaldu eta gerora Les Tours de Babel talde-obran argitaratu zuenez[13], itzulpen etnozentrikoaren sehaska Erroman kokatzen du. Hasieratik beretik, erromatar kultura itzulpenaren kultura da. Grekoz idazten duten autore latinoen ondoren, testu grekoak itzultzen direneko aroa dator eta lur horretan errotzen da literatura latinoa. Era sinkretiko batez burutzen da kultura grekoaren formak eta hitzak latineratze hori. Zizeron eta Horazio dira itzulpen anexionista horren teorigileak lehen unean, eta Hieronimo aro kristauan bere Vulgataren itzulpena eta Pammakiori idatziriko gutunarekin. Guztiak bat datoz "zentzua" atzematea dela itzulpenaren egiteko nagusia (sensum exprimere de sensu).
Platonismoan oinarrizkoa den materia eta izpirituaren bereizketaren ildotik, "zentzua" atzemate hori etnozentrikoa dela aitortzen du Bermanek. Itzulpenaren helburua zentzua atzematzea dela esateak berau letratik, bere gorputz hilkorretik, zerrautsetik jaregitea dela esan nahi du. Zentzuarekiko fideltasuna letrarekiko fideltasunari kontrajartzen zaio. Letra arrotzarekiko infideltasuna norbere letrarekiko fideltasuna da. Horregatik dio traduktologo frantsesak, zentzua atzemateak beti hizkuntza baten lehentasuna adierazten duela. Bermanen iritzian, itzulpen etnozentrikoaren funtsa nork bere hizkuntza izaki ukiezin eta nagusitzat hartzean datza, zentzuaren lehentasuna oinarritzat harturik. Halako eran etxeratu eta girotu behar da zentzu arrotza, non obra arrotza norbere hizkuntzaren fruitu bezala agertu behar duen. Hortik datoz itzulpen etnozentrikoaren bi abiaburu nagusiak: obra arrotza itzulpena dela ez «sentitzeko» eran itzuli behar da; eta obrak hizkuntza hartzaileko irakurlearengan jatorrizkoak bere irakurlearengan eragiten zuen efektu berbera eragin behar du. Ondorioz itzulitako obraren «literarizazioa» sortzen da, horrela itzulpen etnozentrikoaren ondorioz obraren bertsio "hipertestuala" egiten delarik.
Antoine Bermanentzat era honetara buruturiko itzulpena auzitan jarri beharra dago. Hala ere, itzulpen etnozentriko eta hipertestuala auzitan jartzeak ez du esan nahi itzulpenak inolako elementu etnozentriko edo hipertestualik ez duenik. Hain zuzen, itzulpen orok ezinbestekoa duen alderdi etnozentriko eta hipertestuala mugatzea da egin behar dena, hau da, bertan zentzua atzemateak eta eraldakuntza literarioak zer parte duten finkatzea.
Ikuspegi horrekiko leialtasunean testuen deformazio-sistema aztertzen ahalegintzen eta «itzulpenaren analitika" deitzen duena eskainiz. Tradiziozko itzulpen literario eta filosofikoetan gertatzen den deformazioaren kritika horren ondorioz, analitika "negatiboaren" parez-pare analitika "positibo" bat ezar daitekeen ustea agertzen du, itzulpen etikora eramaten gaituena. Horrela buruturiko itzulpenak eskatzen duen egintza etikoa Bestea Beste den heinean ezagutzean eta onartzean datza, Goetheren humanismoaren eta Bildung garaiko alemaniar erromantikoen erara. Itzulpen etnozentriko ez-dialogiko, ez-etikoaren kontra Arrotza den hori norbere hizkuntzaren espaziora irekitzean datza, itzulpena "manifestazio baten manifestazio" bihurtuz. Bermanentzat "izpirituarekiko" fideltasuna kontraesan bat da bere baitan eta egiazko fideltasun eta zehaztasuna (Genauigkeit) testuaren literaltasun haragizkoarekiko bakarrik bete daitezke, Mendebaldean inoiz eta inon ez bezala Alemania erromantikoak eta Schleiermacherrek erakutsi zutenez itzulpengintza etnozentrikoaren kritika errotikoa burutuz.
Errusiar itzulpengintzaren historiari begiratu bat emanez gero, XVIII mendean eta XIX mendearen hasieran garbi ikusten da nola itzulpen etnozentrikoak, Sergej Goncarenkok "usvaivajuscij perevod"[14] deritzona —Zukovskijk erabili zuen lehen aldiz usvoit' (ekandutu, girotu) aditza aurreko itzulpen-mota izendatzeko— bere eginbeharra —errusiera mundu-literaturaren korrontean sartzea— burutu eta piskanaka galduz joan zen. Berregituratze hori ez zen bat-batean gertatu, aitzitik, denboraldi batez luzatu zen eta 1844 urte aldera V. G. Belinskij bezalako itzultzaile eta teorigile batek polemikatan sartu behar izan zuen artean les belles infidèles erara itzultzearen aldekoekin. Belinskijrentzat argi eta garbi zegoen ikuspegi exozentriko batetik aurrez-aurre zegoen lan eskerga: mundu guztiko poesia errusieraz berreraiki beharra zegoen, baina autorearen eta jatorrizko naziotasunaren ezaugarriak errespetatuz.
Sergej GoncVarenkoren iritzian, hain zuzen ere, une horretan hasten da itzulpenari buruzko teoria eta praktika egituratu eta sistematikoa Errusian, baliokidetasun semantiko eta estilistikozko eskakizunak planteiatuz eta sarritan, aurreko garaietako itzultzaileen disziplinarik ezarengatik eta sortzen ziren eztabaida gartsuengatik kontrako jarreraren aldekoak berak muturreraegi ere joaten zirelarik. Vjazemskijk zorrotz formulatu zituen "itzulpen menderatuaren" (podcinennij perevod) abiaburu edo legeak.
Azken ondorio gisa
Edozein hizkuntzatako itzulpengintzaren historia bi polo edo fideltasunen arteko tiranduran garatu izan da: leinu edo tribuaren "hizketako" hizkuntza "on", "umo", "goxoaren" eta poliseko premia berrietarako eskolak eta komunikabideek landutako hizkuntza berri, landu eta espezialduaren artekoan[15]. Polartasun hori etxekoa eta kanpokoa, etnozentrikoa eta exozentrikoaren arteko tiranduran ere mamitu da. Izan ere, hizkuntza gehienentzat ia beti leinutik poliserako bidea arrotzak zaizkion balio eta teknikak asimilatzetik igarotzen bait da.
Euskarari dagokionez, gure itzulpenak, XVI mendean, Leizarragaren Itun Berriaren itzulpenarekin, Ljudskanov[16] traduktologo bulgariarrak aipatzen duen "hitzez hitzeko" jitearekin egiten du salto plazara, testu erlijiosoei normalean hasieratan izaten zitzaien begirune fetitxistarekin. Joera hori berori ageri zaigu XIX mendeko kateximetan eta purismoaren garaiko testuen euskarapen kalkoz beterikoetan; eta 1936ko gerrate aurre eta osteko itzulpengintzan nagusitzen da «zentzuzkoa» deritzon joera, exozentrikoegitzat jotzen ziren aurreko ereduen kontrako erreakzioz.
Azken hamarkada honetako itzulpengintzak, aurrekoengan etnozentrismoa bereziki azpimarratzeak ekarri zuen joera erredukzionista gainditu, eta joera integralago baten ildotik aurrera egin nahi izan du, azken urteotako egoera politiko berriak ekarri dituen testu pragmatiko eta informatiboen uholdea irentsiz eta literarioekin orekatu nahiz. Itzultzaile-Eskola eta SENEZ aldizkariaren eragina ezinbestekoa izan dira traduktologiazko lehen nozioak gure artean zabaltzeari dagokionez eta testu itzulien azterketara terminologia amankomunago batez hurbiltzeko.
Hala ere, oraindik urrats ugari eman beharrean gaude geure itzulpengintzaren gogoeta sistematiko bat taiutzeko, horrek eskatzen digun tradizio aintzinakoa eta hurbilekoa egosiz, dagozkien lekuak historian izendatuz, gaur esku artean ditugun arazoei zentzu kritiko orekatuz erantzun eta etorkizunari behar bezala aurpegi emateko. Herabeti bada ere euskal itzulpenaz arduratzen hasi den Unibertsitatearen laguntza ezinbestekoa izango da horretarako.
Nolanahi ere, zalantzarik gabe aitor daiteke, gure belaunaldi honi egokitu zaiola bete-betean euskal itzulpengintza "leinutik" "polisera" egokitzea eta inguruneko hizkuntza garatuekin elkarrizketan bekoz beko hastea, tradizioa eta modernitatea, etnozentrismoa eta exozentrismoaren arteko tirandurek zenbaitetan kezkagarri bihurtzeraino, tradizio alemaniar, errusiar eta beste zenbait hizkuntzarenean ere gertatu izan denez. Badirudi hazteak berekin dakartzan ezinbesteko tirandura eta minak direla eta horregatik kezkagarri bihur daitezkeen arren, inoiz ez lukete alarmagarri izan behar barne kritika baten bidez oreka lortzeko mekanismoak ere sortzen ditugun heinean.
Oharrak
1. "Entweder der Uebersezer lässt den Schriftsteller möglichst in Ruhe, und bewegt den Leser ihm entgegen; oder er lässt den Leser möglichst in Ruhe, und bewegt den Schriftsteller ihm entgegen". Aip. in Störig, Hans Joachim, Das Problem des Übersetzens, Wissenschaftliche Buchgesellschaft, Darmstadt, 1969, 47 or.
2. "Übersetzen heisst zwei Herren dienen". Störig, op. cit., 194 or.
3. Berman, Antoine; L'Epreuve de L' Etranger. Culture et Traduction dans l'Allemagne romantique, Gallimard, Paris, 1984, 15 or.
4. Berman, op. cit, 17 or.
5. Lefevere, André; Translating literature: the German tradition from Luther to Rosenzweig, Approaches to Translation Studies, nº 4, Van Gorcum, Amsterdam, 1977, 1 or.
6. Lefevere, op. cit., 7 or.
7. Lefevere, op. cit., 22 or.
8. Lefevere, op. cit., 27 or.
9. Störig, op. cit. , 35 or.
10. "Ironically this idea has become a reality ( or at the very least a near-reality in our century, but the languages are English and Russian, not German". Lefevere, op. cit., 46 or.
11. "...dieses mit Kunst und Mass zu thun, ohne eigenen Nachtheil der Sprache, dies is vielleicht die grösste Schwierigkeit die unser Uebersezer zu überwinden hat". Aip. in Störig, op. cit., 55 or.
12. "It is eloquent proof of the strength of the tradition that the criticism of the disciples has, as far as I know, been limited to internal criticism only. No one writing in German has, to the present day, seriously proposed abandoning the tradition and replacing it with a new one". Lefevere, op. cit., 1 or.
13. Berman, Antoine; «La traduction et la lettre - ou, l'auberge du lointain», in Les Tours de Babel, T.E.R., Mauvezin, 1985.
14. Goncarenko, Sergej F.; Ispanskaja poezija v russkich perevodach, Progress, Moskva, 1978, 939 or.
15. Mallafrè, Joaquim; Llengua de tribu i llengua de polis: bases d'una traducció literaria, Quaderns Crema, Assaig, Barcelona, 1991.
16. Ljudskanov, A.; Traduction humaine eta traduction mécanique, Dunod, Fasc. I, Documents de Linguistique quantitative, 2, 4, Paris, 1969.