Testu itzuliaren organikotasuna
Artikulua PDFn
Glotodidaktikaren munduan, oro har, eta gure artekoan bereziki, mintzam en ari em an izan zaio lehentasuna , eta idazmenaren kaltetan sarritan. Bestalde, hizkuntzaren alderdi komunikatiboak ere ilunpetan gelditu izan dira gutxiasko, gramatikazko zuzentasun antzuegi baten aldareetan lepo eginak. Eta guzti honek euskararen ikaste eta ezagutze autistiko edo solipsista samar batera eraman gaitu, askotan komunikazio-euskara egoki batek eskatzen dituen baldintzak gehiegi kontutan eduki gabe, lexiko-gramatikak beren baitan, inolako zertarakorik gabe, zurrunki eraikitako munduak bailiren hartzeraino, Saussurek egindako Hizkuntza eta Hizketaren arteko bereizketa eta ondoren Coseriuk "arau" nozioaz osaturikoa gutxietsiz. Bestela esateko, bizitza abstrakzioaz ordeztu dugun arren lasai samar geratu izan gara, hortik benetako komunikazioari sortzen zitzaizkion eragozpenak gainditzen gehiegi ahalegindu gabe.
Testu idatziaren ezaugarriak
Baina ez dut auzi honi bere zabaleran ekiteko asmorik, eta oraingoz idatziaren alorrera mugatuko naiz, eta itzulpen idatziarenera zehazkiago.
Begibistakoa da zerbait idazten dugunean, gramatikaren arabera zuzen idatziriko perpaus sail bat bata bestearen ondoren ezartzea baino zerbait gehiago egiten dugula. Hau jakina bezain gutxi praktikatua dela esatera ausartuko nintzateke. Hainbesteraino arduratuko gara perpausaren komunztaduraz, aditzaren osagarriak ongi erabiltzeaz eta osagai sintaktikoen hurrenkeraz (Altube'tar Seber jaunak arauturikoaz gehienbat), ezen ikasleek platerak bezalako begiak ireki izan bait dituzte gramatikaren kontrako akats bakar bat egin gabe testu baztergarri bat idatz litekeela eskolan esan izan diedan bakoitzean.
Beraz, ez da gaizki etorriko hemen gogora ekartzea idazten ari garenean idazleak behar adina denbora hartzen duela (edo beharko lukeela behintzat) nahi duen hori pentsatzeko, antolatzeko, hitzak eta esamoldeak aukeratzeko eta, azken finean, gogoan duen hori ahalik eta erarik egokienean komunikatu ahal izateko. Idatzia gehienetan egituratuagoa, konplexuagoa, loturatuagoa izan ohi da.
Hiztunak pentsatu ahala, bizkorrago jaulkitzen ditu ideiak, eta idazleak ez bezala intonazioa, keinuak, egoera jakin batean egoteaz baliaturik, testu idatzian nekez eta askotan inola ere adierazi ezin daitezkeen elementuekin jokatzen du bere komunikazioa lortzeko.
Hiztunak normalean aurrean izaten ditu solaskide edo entzuleak (telebista eta irratiko zenbait kasutan izan ezik) eta atergabeko atzelikadura edo "feed-back"az baliatzen da esaten ari den hori komunikazioaren eskakizunetara moldatzeko.
Azkenik, ez da alferrikoa izango hiztuna izateak ez duela derrigorrean idazten jakitea eskatzen esatea ere, eta azken teknika hau alfabetakuntzaren bitartez jasotzen dela eta sarri samar erabili eta garatu ezean murriztu eta erdi-galdu ere egiten dela gaur egun herrialde industrialduetan Marconiren galaxian hainbeste pertsonari gertatzen zai onez , horrela" analfabeto funtzi onal" de ituen armada motelean sartuz.
Egia da, noizbehinka betetzen eta sinatzen ditugun taloietatik hasi eta nobelagileak idazten duen elaberri orritsu edota doktoregoko tesi korapilotsuraino eguneroko kazetek eskaintzen dituzten era guztietako albiste, iragarki eta idaztietatik igaroz, ia ezin sailkatuzko testu ugaritasuna dagoela, baina testuak, luzea zein laburra, sinplea zein konplexua izan, zuzen eraikitako esaldiak hurrenez-hurren ondozkatze soila baino zerbait gehiago izan behar du eta behar batzuei erantzuteko sortua den heinean komunikazio-unitate bat eratzen du, hau da, bitariko koherentzia eta lotura mota baten jabe dena: testuaren eta hizkuntz sistemaren arauek sortutakoarena eta idazleak gogoan duen helburu edo xedearena.
Testuaren lau mailak
Azter dezagun idazle edo testu baten egileak zer-nolako prozesua burutzen duen idatzi hori gauzatzean. Zerbait adierazteko premia sentitzean (inori zein bere buruari) aurrena eredu bat bilatuko du. Informazio baten formulazioa nabarmenki aldatzen da telegrama, gutun pertsonal edo formal, kazetako albiste soil zein irazkindu baten modua erabiliz komunikatu nahi denean. Ereduak zer genero edo azpigenero izango duen erabakitzeko orduan mezu idatzi horren irakurlea, beronen baldintzak, mezuaren zertarakoa eta abar bezalako alderdiak oso kontutan hartuko ditu eskupeta behar den jopuntura zuzentzeko eta testuak nahitaezkoa duen egokitasuna (alderdi pragmatikoa) zaindurik, komunikazio helburua lor dezan.
Ondoren, adierazi nahi dugun ideia edo ideiak pentsatu, hautatu, egituratu eta antolatu egin beharko ditu gutxienezko koherentzia batekin (alderdi semantikoa) eta azkenik ideia horiek esaldien bitartez adierazi behar dituenez gero, perpaus jakin batzuk eraiki eta elkarri loturik, kohesioa duten pasarteak osatuko ditu, edukina eta formaren arteko lotura estuan (alderdi estilistikoa).
Guzti hau dagokion hizkuntzaren gramatika arauak betez erredaktatuko du, kasuan kasuko hizkuntz sistema eta arauekiko zuzentasunean (korrektotasunean).
Ikusten denez, eta lehenago ere aipatu dugunez, azken urteotan testuaren eraikuntzan gehienbat kontutan izan eta azpimarratu dena, erpinetik behera deskribatu dugun piramide imajinario honen oina izan da. Izan ere, edozein hizkuntzaren ortografia, puntuazioa, lexikoa eta egituren erabilera erregulatzen duten arauak oinarrizko eta ezinbestekotzat jotzen dira hortik gorako mailetan zertzen diren kohesioa, koherentzia eta egokitasuna gauzatu ahal izateko. Baina motz geratuko litzateke hori bete duelako gainerakoa berez datorrela uste duen idazlea. Horregatik, uste baino sarriagotan gertatzen da, edozein eratako idatzi zein itzulpenek sortzen digun desegokitasunezko efektuaren aurrean testua osatzen duten esaldiak banan-banan aztertzen hastea eta akatsik ez aurkitzea, nahiz eta irakurri dugun testuaren aurrean halako ondoez lauso bat sumatzen dugun. Agian zuzentasunarekin zerikusirik ez duen eta aipatu ditugun goragoko mailaren batean egon liteke gaitzaren berri emango digun gakoa.
Itzulpena eta idatziaren ezaugarriak
Gorago aipatu ditugun testu idatziaren lau ezaugarriek garrantzi edo munta ezberdina dute itzulpenari dagokionean. Bistan dago egokitasuna eta koherentziari dagokienez, itzultzaileak jatorrizko testua ongi ulertu eta genero egokian kokatzetik hasi beharko duela, ondoren xedeitzulpeneko literatur tradizioa eta usarioetara behar bezala aldaketa egin ahal izateko. Eta zer esanik ez dago, estadio eta garapen-maila ezberdinetan aurkitzen diren bi hizkuntza eta kulturaren arteko itzulpenak zenbait arazo planteiatzen dizkiola itzultzaileari sorburu-testuaren irakurlearen eta xede-testuaren irakurlearen artean ondorio antzekoak lortu nahi baldin baditu.
Bestalde, testua eratzeko egin duen ideien aukera eta ezarkerari dagokionez, literatur testua baldin bada oso arriskutsua gerta liteke "logika" arrazoizkoagoen edo ulerterrezagoen izenean jatorrizko testuko osagaiak beste era batera antolatzea. Iraganean behin baino gehiagotan ezagutu izan dira jatorrizko testua "hobetzeko" tentazio aitortuak, baita eu skal i tzu ltzai leen artean ere, eta ondorengo belaunaldiek ez ezik zenbait garaikidek ere ia beti eta gogor txarretsi izan dituzte jokabide paternalista hauek. Bide laban honetatik urratsen batzuk ematea zilegi bada, agian testu pragmatikoetan —eta didaktikoetan bereziki— izan liteke, izan ere testu hauetan alderdi semantikoak bait du nagusitasuna eta hizkuntz formulazioak normalean era monosemikoan interpretatzeko taiutuak direlarik, hizkuntza bakoitzak bere historian zehar garatuak dituen baliabide estilistikoen arabera jatorrizko testuko mezua ematea zuribidetua ez ezik beharrezko ere gerta liteke. Vinay-Darbelneten Stylistique comparée du français et de l'anglais (1958) obra jadanik klasikoa eredu bikaina da, antzeko ikerketak beste hizkuntza-bikoteen artean burutzeko eta itzulpenak egiterakoan kontutan hartzeko.
Baina batez ere kohesioaren mailan planteiatzen zaizkio itzultzaileari arazo ugari eta jakinak, oraindik gramatika eta hiztegiarauemailerik gabe dagoen euskara bezalako hizkuntza batek zuzentasunaren mailan ere gorabehera eta eztabaidakizun bat baino gehiago izanik.
Dena den, eta gaurko lantxo honen helburuak mugatuz, kohesioaren alorra aztertzeari ekingo diogu.
Kohesioa Halliday-Hasanen (1976) arabera
Aurrera Hallidayk (1970) proposaturiko hizkuntz sistemaren arabera, hizkuntzak hiru funtzio nagusi burutzen ditu: ideazionala, pertsonartekoa eta testuala. Ideazionalak proposiziozko harremanak eta kanpomunduarekiko gure esperientzia azaltzen du. Pertsonartekoak hizketa-rolak kodetzen ditu eta mezuaren "edukinarekiko" hiztunak duen jarreraren berri ematen du. Testuala, berriz, testugintzarekin loturik dago eta kohesioa da berau gauzatzeko moduetako bat.
Kohesioak zerikusi estua eta zuzenekoa du perpausak elkarrekin lotzeko moduarekin testua eratzeko. Osagai kohesicemaileak aztertzen ditu, (semantikoak zein sintaktikoak), berauen norantza (anaforikokataforikoa) eta distantzia osagai kohesioemailearen eta aipatzen duen elementuaren artean dauden perpaus kopuruaren terminotan.
Testuak adierazpidearen arabera ahozkoak eta idatzizkoak izan daitezke eta erabiltzen direneko helburuen arabera deskribatzaileak, narratzaile-argudiozkoak eta esposatzaileak izaten daitezke.
Halliday eta Hasanek ( 1976) azterketa sakonagoak burutu dituzte gerora kohesioari buruz eta ingelesari dagokionez bost mekanismo kohesioemaile berezi dituzte: Erreferentzia, Ordezpena, Elipsia, Juntagailua, eta Lexiko-Kohesioa.
Erreferentzia: (Gizon bat ikusi dut. BERAK eman dit egunkaria.) Elementu kohesioemaile gisa oinarri semantikoa du eta aurretik testuan aipaturiko pertsona edo gauza anaforikoki zein kataforikoki identifikatzen duen proforma bezala funtzionatzen du. Erreferentziaren barruan lau kohesio-lotailu daude: izenorde pertsonalak, erakusleak, artikulu mugatzailea eta konparaketa.
Ordezpena: (Alkandora zaharturik daukat. Berri BAT behar dut. ) Kontakizun baten barruan aurretik xeheki esan diren gauzak ez errepikatzearren hau ta hau esan dit hola eta hola hitzegin zigun.
Elipsia: (Zer deritzezu poemei? (") Politak direla. ) Elipsiak esan nahi du perpaus batetik erraz berreskura daitezkeen elementu batzuk ezabatzea. Errepikapenari ihes egiteko edota arreta informazio berrira zuzentzeko erabiltzen da. Kohesio-lotailu gisa, elipsiak normalean anaforikoki funtzionatzen du eta elementu bat edo gehiago ezaba ditzake klausula baten subjektutik hasi eta klausula osoa eliditzeraino, polaritatea adierazten duen elementua izan ezik.
Juntagailua: (Gogor lan egin du. BERAZ ongi ordainduko diote. ) Elkarren ondoan dauden bi perpaus lotzen dituzten markagailu esplizitoak dira juntagailuak. Esanahi ezberdinetakoak izan litezke: gehikariak, denborazkoak, aurkariak, kausazkoak, jarraikariak.
Sail honetan hamar bat multzo ezberdin eman genitzake euskarari dagokionez (Ikus Bergarako UNED, 1986, 186-189 or.):
- Esanahi kontsekutiboa dutenak (orduan ba beraz honela horrela hala horregatik...).
- Aurreko esaldiaren kontrako zerbait eta hurrengo esaldiaren hasieran gehienbat erabiltzen direnak (hala ere bestalde haatik hala eta guztiz ere baina alabaina edozein eratan dena den dena dela nolanahi ere edonola ere edozelan ere zer esanik ez...).
- Aurreko esaldiaren argudio sendotuz, hurrengoaren hasieran jartzen direnak (gainera bestalde modu berean era berean halaber...).
- Adibide edo azalpenak ematekoak eta aurrean, erdian zein atzean ezartzen direnak (esaterako esate baterako adibidez kasu hau da hots hala nola...).
- Esaldi adbersatiboak lotzekoak (ordea ostera aldiz berriz alderantziz kontrara aitzitik baina alabaina...).
- Azalpen edo argibide gisara atzetik erabiltzekoak (hain zuzen (ere) noski behintzat bederen behinipehin...).
- Aurreko izena azpimarratu nahiz aposizio erara erabiltzen direnak (delakoa izenekoa aipaturikoa deitua...).
- Galdegaiaren funtzioa arintzeko izenordain edo esaldi ordain erara erabiltzen direnak (zera hauxe honakoa ondokoa...).
- Nork bere eritzia duela adierazteko komodinak (ene ustez nire eritziz ene gardiz ene iduriko uste dudanez nik uste...) .
- Aurretik esandako zerbaitetan oinarriturik argudiatzeko erabiltzen direnak (dakigunez esan bezala esan denez ikusten denez ezaguna denez jakina dugunez...) .
Lexiko-kohesioa: (Kea eta zarata handia zegoen. KEA herritik zetorrela ematen zuen) Lexiko-kohesioa honako bost era hauetara lor daiteke: osagai bera (Autoa bertan behera utzirik zegoen. Autoak zaharra zirudien.) sinonimoa (Kotxeak zaharra zirudien.) gainordinatua (Seatak zaharra zirudien) osagai orokorra (Traste zaharra egoera onean zegoen.) edota albokidea (Ez zegoen gidariaren aztarnarik.) erabiliz.
Aipaturiko hauezaz gainera Errepikapena (narratzaileak aurreko perpausaren parteren bat berriro esatea), Galde-erantzuna (gehienbat ahozko testuetan aurkitzen dena) eta Paraleloa (egitura antzekoa sortu eta elkarren ondoan ezartzea) ere kohesioa egiten duten baliabidetzat jo daitezke.
Egia esan, alor honetan gauzak dagozkien bidetik eraman nahi baditugu, beharrezko zaigu euskal kohesioaren mekanismoak aztertzea eta azken urte hauetan testu sortu eta idatzietan nabari den zentrifugazioari aurre egitea.
Zenbait erakustale
Amaitu aurretik erakutsi nahi nuke nola ardatz sintagmatikoa luzatzen ari den azken bolada honetan, ardatz paradigmatikoko zenbait elementuren kaltetan. Esaterako, usarioz erabili izan diren laguna du, aita nau eta abar bezalako perpausen ordez bere laguna da, bere aita naiz eta gisa honetakoak ari gara egunero entzuten eta irakurtzen.
Bestalde, aditza destrinkotze joeraren ondorioz ere antzeko fenomenoak ari dira sortzen: Aitari txapela erosi diot, Primeran etorri zaizkigu bezalakoen ordez Aitarentzat txapela erosi dut eta Primeran etorri dira horiek guretzat eta abar bezalakoak, bere, beraren, beren, beraien, berorien, berauen, haien, horien, hauen, eta antzeko formen artean sekulako nahastea nabari delarik.
Organikotasun testuala
Testu oro koherentzia ematen dion barne-logika baten arabera garatzen da. "Organikotasun testuala" deitzen dugun hori da tes tueraikuntzaren armadura, estiloa beronen kanpo-itxura delarik. Organikotik eratorritako izperria den honek idiomatikoaz aparteko barne-gaitasun bat adierazten du. Gramatikalarekiko kontrajarririk, idiomatiko hitzak hizkuntzaren jeinu edo nortasun berezia adierazten du; aldiz, organikotasunak testu bateko elementu guztien elkardependentzia hierarkizatuaren aipamena egiten du, sarritan hitzak eta egitura banaka lantzean itzultzaileak galtzen duen ikuspegi orokorrak kontutan izan behar lukeen hori.
Esan duguna lortzeko maniobra ezberdinak burutu behar izaten dira testu itzulian. Honako lau hauek dira sarrien egiten direnak: a calu uzultczren organlsotasuna
a) Informazio elementuak birbanatu testuan zehar.
b) Kontzentrazioa: adierazi bat baino gehiago kopuru txikiago batez adierazi.
c) Informazio-elementuak inplizitatu edo esplizitatu.
d) Lotailu edo osagai kohesioemaileak XHko testuaren logikaren arabera ezarri.
Zerrenda hau beste elementu eta jarduera askorekin luza liteke, seguraski, baina nolanahi ere itzulpeneko testu berriaren logika eta organikotasun horrek aginduko du kasu bakoitzean jatorrizkoaren mimetismo mekaniko edo ia hitzez-hitzeko batetik aldendu eta hizkuntz osagai ondozkatu multzo bat izan litekeen itzulpena egokitasuna eta zuzentasuna ezezik koherentzia eta kohesioa dituen testu organiko eta bizia izan dadin. Nire eritzian, euskal itzultzaileok orain arte baino arreta gehiago eskaini beharko genioke geure testuen alderdi honi, itzulpen irakurgarri eta ulergarriak egin nahi baditugu behintzat.