UBI mailako filosofi testuak euskaratzeko proiektuak
Fakultate, Goimailako Eskola Tekniko eta Unibertsitate-Ikastegietara sartzeko gaitasun-probei buruz Espainiako Hezkuntza eta Zientziarako Ministraritzak 1987ko irailaren 3an emandako aginduak ezartzen zuenez, aipatu proba horien artean —selektibitateko azterketetan, hitz arruntagoetan esanda—, filosofia ikasgaiari zegokionean, testuak erabili behar ziren hurrengo ikasturteetan, ikasleari galderak egin eta testu-iruzkina edo testuaren inguruko idazlana eginerazteko; gauzak horrela, ordurarte erabiltzen zen gai-zerrendaren sistema alde batera uzten zen, eta ondorioz UBIko ikas-egitaraua bera eta hura emateko modua ere egokitu beharra zegoen, ikasleak ondo prestatuta joango baziren azterketa egitera. Gauzak horrela, ikaskizunak ikuspegi berriaren arabera moldatu behar izateaz gainera, estatuko komunitate elebidunetan arazo gehigarria sortzen zen testu horiek gaztelaniaz ez ezik, lekuan lekuko hizkuntzaz ere paratu beharko zirelako. Gure artean, esaterako, apenas zegoen filosofo klasikoen ez eta modernoagoen lanik euskaraz, halako moldez non ezinbestekoa bait zen UBI mailako egitarauan erabiliko ziren testu guztiak itzultzea. Horri gehitu behar, gainera, berez filosofiaren irakaskuntzak euskal ereduetan euskarazko testu bateratu egokien beharra zuela, gero eta handiagoa izan ere.
1987-88 ikasturtean ezin izan zen selektibitatearen aldaketa hori praktikara eraman, ez gaztelaniazko ez euskarazko azterketetan. Baina 1988. urtean Xabier Palacios, Gasteizko Filologia eta Geografia-Historia Fakultateko Filosofiaren Historia irakasle titularra Euskal Herriko UBI mailako Filosofia koordinatzaile izendatu eta bere bizkar hartu zuen Ministraritzaren agindua gauzatzeko lana; horrela, bada, halako testu antologia bat prestatzeari ekiteko proposamena eraman zuen Euskal Herriko Unibertsitateko Filosofia Sailera, eta beste hainbat pausu eta bilera egin ondoren UBIrako filosofia egitarauaren aurreproiektu bat tajutu zen, ikasturtea bost gai nagusitan eta lau arotan —aintzinatea, erdi aroa, aro modernoa eta gure garaia— banatzen zuena, hamabi filosofo sartuta guztira: Platon, San Agustin, Descartes, Rousseau, Kant, Hegel, Marx, Nietzsche, Wittgenstein, Heidegger, Habermas eta Foucault.
Aukeraturiko testuen euskal bertsioei zegokienez, itzultzaile egokiak aurkitzean zetzan lehen zailtasun nagu si a, zeren eta filosofigaien itzulpenak izatez dauzkan arazoez gainera —hizkuntza maila, lexikoa, halako hizkuntza jakin batean pentsatuak eta sortuak diren kontzeptuen bihurkera, eta abar—, jatorrizko hizkuntzetatik itzultzea bait zen planteamendua. Azkenik Zorroagako Fakultatearen bitartez lortu zen itzultzaile sorta batekin eta itzulpenen egokitasunaz —hizkuntzaren aldetik batez ere— arduratuko zen aditu batekin harremanetan jarri, eta proiektuaren alderdi praktikoari ekitea. Bien bitartean, Eusko Jaurlaritzak unibertsitate mailako testu liburuak argitaratzeko dirulaguntza deialdia egin zuen, eta hara aurkeztu zen ordura arte filosofia irakasle batzuen borondate ona baino ez zen proiektua.
Proiektuaren bultzatzaileen asmoen artean, bestalde, antologia osatuko duten testuekin batera, haiei eta haien egile eta garaiei buruzko aurkezpen-lan bana egitea ere bada, eta horretarako filosofiaren munduan Espainian eta baita kanpoan ezagun eta ospetsuak diren adituengana joko da; jakina, beste testu hauek ere bi hizkuntzetan agertu beharko dute. Dagoeneko badirudi lehen aurre-lana burutua dagoela, eta ziur aski ikasturte honetako selektibitate-azterketan lehiatu beharko dira euskal ikasleak filosofi testuokin, jadanik Katalunian hangoek egin behar izan duten bezalaxe.
Esan beharrik ez dago proiektu honekin euskarazko irakaskuntzari beste tresna bat, ezinbestekoa eta zer irabazirik franko emango diona, inguratzen zaiola. Ikasleek aukera aproposa izango dute, horrela, euskara mailarik zailenetako batera ohitzen, irakaslearen laguntzarekin, noski, eta honelako gaiez ere euskaraz pentsatzen jartzeko. Itzultzaileen eginbeharrekoak amaituta, ez dute, ez, nolanahiko lana izango bai ikasle bai irakasleek ere.