Itzultzaileentzako laguntzak?
"Nondik etorriko ote da laguntza?", galdegiten da Biblian, orrialderen batean, itzultzaile bat laguntza eske ari balitz bezala. Eta erantzunak ez dio noski askorik argitzen: "Zerutik".
Beharbada, itzuli beharko lioke itzultzaileak galdera Bibliari. Eta non da zeru hori?
Zerurik ez, azken batean, itzultzailearentzat. Baina, badirudi ari dela aldatzen zerbait nonbaiten. Erakundeetan adibidez. Eta hasiak daude bat edo beste, itzulpen lanei laguntzak ematen.
Eusko Jaurlaritzak urteoro deitu ohi ditu itzultzaileentzako bekak, eta partitu ere partitzen ditu laguntzak. Bostehun mila pezeta itzulpen bakoitzerako. Aurtengo epea igaro baldin bada ere, etorriko da datorren urtean zeru zatiren bat norbaitentzat, hala baderizkio behintzat adituen batzarreak. Eusko Jaurlaritzaren laguntzak literaturara mugatzen dira, itzulpenari dagokionez, beste generoetan sailak bestela zaindurik badauzka ere. Baina itzulpena, literaturara dauka mugatua.
Laguntzaile berri bat azaldu da, halere. Berri ezin esan guztiz, iazkoan ere deitu bait zien itzultzaileei laguntzak banatzeko asmotan. GIPUZKOAKO AURREZKI KUTXA (azken boladan, GK bezala dabilena) da laguntzaile berri hori. ORIXE SARIAK dira, nahi duenak jakin.
GK genero guztien-edo da laguntzaile. Eta aurtengoan, adibidez, elaberria, olerkia, saiakera eta antzerkia onartzen ditu. Milioi t'erdi dauka agertzen direnen artean banatzeko. Eta epea ere bai, jarrita: irailaren 30ean. Dirudienez, urteoro deituko ditu sari hauek, eta lanen zailtasunaren, kalitatearen, eta beste zenbait abureren arabera izendatuko du aldi bakoitzean zenbatekoa izango den diru kopurua zehaztuz. Beraz, kasu honetan ez da dirutza bat eta bera obra bakoitzera emango, Eusko Jaurlaritzak ematen duen bezala. Edozein modutan, bada batzorde bat guzti hau neurtzen duena, idaztien eta itzulpenen kalitatea neurtzen duen bera, alegia.
BIZKAIKO FORU ALDUNDIAk ere badu sari bat jarria. Milioi erdikoa, eta bakarra bestalde. Ehun orrialdekoa izan behar du itzulpenak, eta prosazkoa. Baina bada zerbait guztiz ulertzen ez dena sari horretan: honela dio oinarrietan, eta datorren bezala aldatuko dut hona: ITZULPENGINTZA: Gai askea. Makinaz lekune bitan idatziak diren 100 orrialdetako gutxienezko edukina duten prosazko testuei buruzko itzulkinak, direla argitaratuak direla argitaragabeak eman beharko dira. Argitaratu-argitaragabe, hori da guztiz garbi ulertzen ez dena. Argitara emaniko liburuak ere aurkez daitezke? Edozein modutan, 12. oinarriak esaten duenez, zalantzarik-edo denean, Bizkaiako Foru Aldundiko Kultur Zabalkunderako Zuzendari Orokorrak ebatziko du. Halere, 4. oinarrian argitzen den bezala, Bizkaiko euskararen erabilpena modalitate guztietan balioztatuko da bereziki. Azkenik, ordea, hona lanak entregatzeko epea: Azaroaren 2a.
Beste sariketa bat, oraindik: ARRASATE EUSKALDUN DEZAGUN talde arrasatearrak antolatua. Bigarren aldia du erakunde edo elkarte honek, itzulpen sariketa deitzen duena. Kasu honetan, itzulpen laburren saria da: 12 eta 25 orrialdeetara mugatua. Eta gaia ere zehazturik dator oinarrietan: BIOGENETIKA, eta jatorrizko textuak bestalde, 1986, 87 eta 88 urteetan argitaratua izan behar du. Liburu baten zati koherente bat, edo artikulu bilduma bat izan daiteke. Iazko itzulpenak, dagoeneko, argitaratuak ditu AEDk. Lanak bidaltzeko epea Azaroaren lehenean bukatzen da. Eta gainerakoak erakundeak izaki, eta hau elkarte bat, hona beronen helbidea ere. AED ELKARTEA. "Jokin Zaitegi" sariketa. Pablo Uranga 4, ARRASATE. Eta saria: Irabazlearentzat, 250.000 pezeta, eta finalera heltzen direnentzat, 50.000 pezetatako akzesitak.
Eta azkenik, beste lehiaketa bat. EUSKAL ANTZERKI TALDEEN BILTZARREA deitu erakundeak antolatua. "Larzabal Saria" da. Itzulpenari dagokionez, Antzerki itzulpena da saritzen dena, "Oren batez goitikakoa", eta saria 2.000 liberatakoa. Lana entregatzeko epea, Irailaren 30ean bukatzen da. Eta helbidea, hona: EATB, Herriko etxea-Heleta. 64640 IHOLDI.
Hona beraz nondik datorren laguntza. Gisa honetakoa, askorentzat ez da guztiz desiratua izango. Baina, oraingoz hauxe dagoena, eta gainera zehazki gisa honetakoa da: Lehian sartu behar, itzulpenarentzat itxurazko laguntza lortuko bada.
Noski, besterik ere izan daiteke bazterretan, eta Mezenas batzuren sorrera ere aldarrikatzen zen egunkari batetan duela auskalo zenbat denbora. Baina, Mezenas horiek apenas inon azaltzen diren. Poesia edo ipuin lehiaketa arruntenak, dirudienez, ospe eta itzal handiagoa eman bide die askori.
Betiere, itzulpena da literatura munduan sariketetako eskekoa, ate bazterrean disimuluan jaten ematen zaiona.