Journées européennes de la traduction professionnelle
Artikulua PDFn
Paris 25-26 mars, 1987
Urte honetako joan den martxoaren 25 eta 26an, Parisen ospatu zen Europako itzultzaile profesionalen bilera, Europako Kontseiluak Europako Komunitateen Batzordearekin eta Unescorekin batera bultzatua eta antolatua, munduan hizkuntzen irakaskuntzari dagokionean dagoen erakusketarik garrantzitsuena den Expolangues-en inguruan. Seirehun itzultzaile bildu ziren bertara Europa guztitik: literatur itzultzaileak, zientzi alorretako itzultzaileak, dibulgazio itzultzaileak, administrazio itzultzaileak. Euskal Herritik joanak, elkarren ezagunak behintzat, Itzultzaile Eskolatik, Herri Arduralaritzako Euskal Erakundetik eta Gipuzkoa eta Bizkaiko Foru Aldundietatik joanak ziren.
Bilera hauetan —aldi berean bilera bat baino gehiago izaten bait ziren— aztertu ziren gaiak itzultzailearen tresneria, itzulpen automatikoa eta itzulpenaren antolamenduari buruzkoak izan ziren batik bat.
Itzulpenerako laguntzazko tresneriari dagokionean, ordenadorezko testu tratamendua, itzulpenaren burotika, hiztegi elektronikoak, ordenadorearen laguntza itzulpen literarioan, datu eta dokumentazio baseak, datu bankuak eta terminologia sareei buruz hitzegin zen.
Itzulpenaren eta itzultzaileen antolamenduari dagokionean, itzultzaile literarioen nazioarteko kolegioak, itzulpena argitalpen sisteman, itzulpen zerbitzuen antolamendua eta itzulpenerako dauden laguntza instituzionalak izan ziren hizlariek aztertu eta aditzera eman zituzten gaiak.
Itzulpen automatikoari dagokionean berriz, gaur egun erabiltzen ari diren sistemen aurkezpen kritikoa egin zen: itzulpen automatikorako sistema bakoitzaren oinarri teorikoak eta berorren emaitzak aurrez aurre jarriz. Horrela aurkeztu ziren Komunitateen Batzordean erabiltzen eta hobeto prestatzen ari den Systran sistema, eta LOGOS, ALP, CALLIOPE, MACROCAT, TAO eta STS sistemak.
Egun bi horietan bildu zen informazioarekin, luzaroagorako ikuspegia hartzen du itzultzaileak, etorkizuna nolakoa izango den asmatzen hasteko oinarria hartzen du. Guztiaren amaieran, hala ere, mahai inguru eta eztabaida publiko bat ospatu zen itzulpenaren eta itzultzailearen etorkizunaz.
Txosten, aurkezpen eta ponentzia guztiak, antolamenduaren eredu izan behar lukeen batez, bilerak hasi ziren egunean bertan, sartzeko txartelarekin batera banatu zituzten antolatzaileek, Encrages aldizkariaren ale berezi batean bildurik, bertaratu guztiek eskura izan zitzaten.