Itzultzaile elkartea eta itzulpenaren inguruko zenbait lan Katalunian
J.L. Agote

Katalunian, gurean ez bezala, itzultzaileek badute elkarte bat eta honek egiten dituen lanez gainera, beste alderdi edo erakunde batzuetatik ere ekintza mordo bat egiten dira itzulpenaren eremuan. Guzti horren berri laburki ematera gatoz artikulu honetan eta bi atal nagusi bereiziko ditugu horretarako; lehendabizi, elkartearen nondik norakoa azalduko dugu eta, gero, Administrazio Eskola eta Generalitatetik datozen lanak.

a.- Itzultzaile elkartea

Nola sortu zen:

1983ko ekainaren 18an sortu zen APTIC/LC (Associacio Professional de Traductors, Interprets i Correctors de Llengua Catalana) Kataluniako Generalitatearen Administrazio Eskolaren antzinako lokaletan egin zen biltzar orokor batean. Estatutu-projektu batzuk irakurri eta emendatu ziren bertan zirenenen artean 70 pertsona inguru eta, ordezkariak hautatu ondoren, beharrezkoak diren tramiteak burutu ziren eta 83-VII-22an argitaratu zen konstituzioa Generalitatearen Egunkari Ofizialean.

Zein helburu dituen:

APTIC/LCren xedeei dagokienean, honako hauek aipa ditzakegu:

1.- Alderdi supraestrukturalak:

1.1.- Katalanierazko itzultzaile, interpretari eta korrektoreen zentsu gaurkotu bat egin, bertan beren espezializazio profesionala seinalatzen delarik, eta honek lan konkretuak bideratzeko balio beharko du. (Ikus 1.5. apartatua. Zentsua argitara bidean dago).

1.2.- Profesaionalen egungo ordainsari-baremoak errebisatu eta gutxieneko batzuk finkatu, Elkartearen laguntza jakinaz gainera Autogobernuko instituzioena ere beharko luketelarik. (Profesionalen ordainsari-tarifa gutxienekoak argitara bidean daude).

1.3.- Laneko kontratu-eredu bat ezarri. (Egiteko bidean).

1.4.- Seguritate Sozialeko erregimen bat lortu itzulpengintza, interpretaritza eta korrekzioko profesionalentzat. (Estudioan).

1.5.- Lan konkretuak bideratu eta koordinatu afiliatuentzat. (Egituratze-prozesuan. Ikus 1.1. apartatua).

1.6.- Katalanierazko itzulpen, interpretazio eta korrekzioetako azken produktuaren kalitatea hobetzera lagundu, ahal den bitarteko guztiekin.

1.7.- Kreatibitatea eta zorroztasun profesionala suspertu, laguntza beka eta sarien bitartez, beste entitate eta erakunde publiko eta pribatuekiko lankidetzan.

1.8.- Herrialdeko politika jeneralaren segimendu bat egin itzulpenari (idatzizko nahiz ahozkoari) dagokionean, hartara hautsi dadin kanpoko hizkuntza batean egindako produktu baten merkatura azaltzetik berorren gurera ekartzera, gaur bertan ere, dagoen desfasea. (Hau da, esate baterako, best-seller eta difusio handiko filme gehienen kasua).

1.9.- Ahal diren erakunde eta instituzio guztiak premiatu itzulpena, interpretazioa eta korrekzioari dagokien guztiaren jurisdikzioa Kataluniarako lortzeko (zinpeko itzultzaile/adierazleen arazoan bezala). Hain zuzen ere APTIC/LC berehala Kolejio Profesional bihurtzeko asmoa du, Kataluniako Parlamentuak I. Legislaturan zehar onetsi zuen Lege homonimoaren arabera (Elkarteak 1984eko urtarrilaren 14ean egindako biltzarrean onetsia izan zen arazo hau).

2.- Alderdi paraestrukturalak:

2.1.- Harremanak egin federazioak— Nazioarteko Elkarte Profesionalekin (APETI, FIT, AIIC, ATA, The Translators' Association, etab.).

2.2.- Katalanieraz mintzatzen den lurralde guztietara hedatu, Estatutuetako 1. artikuluak dioenaren arabera: Irlak, Pais Valecia, Rosello, Capcir, Vallespir, Conflent, Alguer eta kanpoko beste zenbait kulturgune katalan.

2.3.- Katalanierazko itzulpena, interpretazioa eta korrekzioaren ustorla egin.

2.4.- Itzulpena, interpretazioa eta korrekzioan espezializatutako biblioteka bat sortzea, katalanieraz egina, gauza batzuetan Pen Club eta EUTIrekin batean muntatu daitekeena.

2.5.- Komunikazio organoak eratu-boletina, aldizkaria, urteroko memoria, etab.afiliatuen eta APTIC/LCren alorrean interesaturiko guztien artean.

2.6.- Jendea sentsibilizatu itzulpena, interpretazioa eta korrekzioari dagokionean, prentsako artikulu, mahai-inguru, hitzaldi, kolokio, ihardunaldi, ikastaldi eta sinposioen bidez.

Laburtuz, ahalegina egingo da itzultzaile-, Interpretari- eta korrektore-lanbidea arrazoizko eta duin bihurtzeko.

Inskripzioa:

Estatutuetako 2. artikuluaren arabera, APTIC/LCko partaide izateko ondoko baldintza hauetakoren bat bete behar da:

a) Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Itzultzaile eta Interpretari Eskola Unibertsitarioak argitaratutako titutuluaren jabe izan.
b) Atzerriko Eskola Ofizial batek argitaratutako titulua eduki.
d) Kataluniako junta iraunkorrak argitaratutako titulua eduki, itzulpena, interpretazioa eta korrekzioari dagokiena.
e) Kataluniako Administrazio Publikoak emandako ziurtagiria eduki.
f) Enpresa pribatu batek emandako ziurtagiria eduki.
g) Itzuli edo korrejitutako bi obra, gutxienez ere, aurkeztu.

Edo bestela:

h) Zuzendari-Taldearen akordioa izan.
i) Elkarteko bost partaideren bermea izan.

Ze aktibitate egiten ari den gaur egun:

  • Generalitat, Udaletxe, Diputazio, Unibertsitate, argitaletxe, enpresa pribatu eta abarretatik datozen lanak banatzen dira afiliatuen artean, beti ere kontutan harturik profesionalen espezializazioak eta lanik gabe dauden pertsonak.
  • Profesional-munduan sartzen ari diren afiliatuak (Bellaterrako Itzultzaile eta Interpretari Eskola Unibertsitarioan diplomatutako gazteak, Filologia Katalanean lizentziatuak...) koordinatu eta orientatzen ditu, testuak errebisatuz eta kontseiluak emanez-badira hizkuntz kontseilari bezala ari diren afiliatuak.
  • Era berean, informazioa ematen da afiliatutako profesionalei interesa lekizkiekeen hitzaldi, ikastaro, sinposio, beka eta subentzioez.
  • Honako argitalpenok egiten dira:

1. El Directori d'Afiliats edo "laneko agenda", bertan ageri direlarik nahi duten afiliatu guztiak, bakoitzak menderatzen dituen hizkuntza desberdinekin eta tematika konkretukin.

Agenda honen lehenengo promozioa egin da Katalunia guztiko erakunde prublikoetan, entitate ezagun samarretan eta enpresa publiko mordoxka batean (publizitateko agentziak, notaritzak...)

2. Torsimany aldizkaria, itzulpen, interpretazio eta korrekzioan espezializatutako lehen aldizkaria delarik, hasieran hiru hilabetez behin argitaratuko da. Informazio hau eskainiko du:
- Katalanieratik edo katalanierara itzulirik merkatuan dauden lan guztien berri.
- Hizkuntza desberdinetako itzulpenei buruzko kritika eta komentarioak (balio ezagutuko profesionalek eginak).
- Itzultzaileen artikuluak beren esperientziari buruzkoak.
- Elkarrizketak.
- Profesionalen interesen defentsari dagozkionean APTIC/LCk burutzen dituen gestioen informazioa.
- Merkatura azaltzen doan kontsulta-materialari buruzko informazioa, besteak beste.
- Aldizkaria afiliatu guztien kolaborazioari irekia dago.

Beste zenbait gestio:
1. Proposamenak prestatzen ari dira laneko Komisioak sortzeko.
2. Mintegiak prestatzen ari dira korrektore, itzultzaile eta interpretarientzat.

b.- Administrazio Eskola

Kataluniako Administrazio Eskolak Revista de Llengua i Dret izeneko aldizkari bat argitaratzen du urtean bitan gutxi gora behera, baina aldizkaria izan arren 300 orrialde inguruko liburukote bat da eta era guztietako estudioak egiten dira bertan administrazio- eta zuzenbide-hizkuntzaren inguruan. Senez-en aurreko alearen "Iruzkinak" atalean Lengua i Dret-eko gaien zerrenda luze bat ageri denez, hemen ez dugu berriro azalduko hango guztia. Administrazio Eskola honek, bestalde, argitalpen ugari egiten ditu hiru sailetan banatuta izen hauekin: Col·lecció Estudis, Col·lecció Materials eta Col·lecció Manual i Formularis. Hizkuntzari dagozkionak bakarrik aipatuko ditugu hemen:

- Estudis bilduman: El vocabulari juridic del Llibre de les Costums de Tortosa, Carles Duarte i Motserrat; 128 orrialde.
- Materials bilduman: Llengua i Administració. Actes del Col·loqui sobre llengua i administració. Hitzaldi bilduma. 317 orrialde.
L'establiment del llenguatge administratiu. Actes de les jornades sobre l'establiment del llenguatge administratiu catala, hitzaldi bilduma. Tradició i Modernitat en l'establiment del llenguatge administratiu, hitzaldi bilduma.
- Manuals i Formularis bilduman: Formulari de documentacio municipal, 221 or., Jaume Sanchez i Isac.
Formulari de procediment administratiu, 146 or., Josep-Enric Rebes.
Manual i formularis per a ajuntaments, I. Iiburukia, 544 or. Luis Chacón Ortega.
Manual i formularis per a ajuntaments, II. Iiburukia, 544 or. Luis Chacón Ortega.

Guzti honetaz gainera, Hizkuntz Politikarako Zuzendaritza Orokorrak 8 orrialdeko aldizkaritxo bat, Llengua i Administració izenekoa, argitaratzen dute Administrazio Eskolarekiko lankidetzan, eta bertan administrazio-hizkuntzari buruzko lantxo, artikulu, terminologia, bibliografia eta beste hainbat gauza azaltzen dituzte bi hilabetez behin, hizkuntzaren normalizaziorako.

Eta bukatzeko, eskuartean foileto piloa dudanez, ezin utzi aipatu gabe Katalunian ematen diren ikastaldi, ihardunaldi, kolokio, tailerrak eta abar. Hona hemen banaka batzuk:

  • Cursos intensius de Llengua Catalana i Llenguatge Administratiu per al funcionariat i personal al servei de l'Administració. Administrazio Eskolan ematen dira urtean bitan. Hiru maila daude eta 60 ordu irauten dute.
  • Curs basic de traducció administrativa. Eskolan bertan, baita ere, 18 ordutakoak.
  • Col·loqui sobre llengua i administració. Lehen aipatu dugun liburu batean bildua.
  • Jornades sobre traducció i interpretació. Orobat.
  • Jornades de normalitzaci6 linguistica als Ajuntaments. Tarragonan eta Tortosan.
  • Jornades sobre l'establiment del llenguatge administratiu català. Lehen aipatutako liburu batean bildua.
  • Curs sobre fonaments del llenguatge administratiu català.
  • Curs de correció i traducció de textos administratius i juridics.
  • Sessions sobre llenguatge administratiu.
  • Seminari sobre redacció de disposicions administratives.
  • I Taller de correció i traducció en llengua catalana. EUTI, APTIC eta beste zenbait erakundek antolatua.
  • I Simposi Internacional de Traducció en Llengua Catalana. Katalunieraren Nazioarteko II Kongresuaren barruan, bertako Komisio batek eta APTIC/LCk antolaturik, aurtengo maiatzean egina.

Aurreko guztia ikusi ondoan argi eta garbi gelditzen da Katalunian oso aurrera dabiltzala gure aldean, itzulpenari dagokion guztian. Publikazio, estudio eta ikerketa ugari egiten dituzte lanean ari denak non hornitu izan dezan. Eskola Unibertsitarioa dute itzultzenik asteko eta Elkarte bat ere bai informazioa, kontseiluak, bibliografia, babesa eta abar lortzeko. Itzultzaileak badu nora jo eta ez dauka momentuero irtenbideak bilatuz ibili beharrik. Hemen hizkuntz-ereduarekin berarekin ere zalapartaka gabiltza oraindikan eta gehiengoaren joera bistan badago ere ez dirudi besteak berehalakoan makurtuko direnik. Euskaldunok gutxi garenez, literatura egiten duten idazle gutxi daude eta itzuli beharra dago, deus gutxi itzultzen bada ere, baina badirudi administrazioan inork ez dakiela euskaraz eta itzultzaileak, ordenagailu baten gisan, gainera botatzen dioten guztia euskararatu behar duela, ondo edo gaizki, nola edo hala, inoren aurrean itxura egin dezaten. Urteak aurrera doaz eta, nik dakidala behintzat, itzultzaileak ez dauka inongo administraziotan erdarara itzuli beharrik. Euskal Herrian gauden arren badirudi erdara dela hemengo jatorrizko hizkuntza. Bada ordua euskaraz produzitzen hasteko eta gauzak serioskiago egiten hasteko. Guztiau gutxi balitz ere, hemen bakoitza bere aldetik dabil batasunik handiena behar denean. Ea noiz hasten garen biltzen, harremanak egiten, iritziak azaltzen eta, jakina, kritika serioak kaleratzen.