Itzulpen kritikaz
Artikulua PDFn
Senez aldizkari honen lehen eta bigarren zenbakietan zenbait itzulpenen kritikak agertu zaizkigu. Ez dut esango hemen aipatzen ziren puntuak bere haietan ongi kritikatuak ez zeudenik. Oro har, laprastada nabarmenak ziren gehienetan, eta zenbaitetan borondaterik hoberenez begiak zuzendu arren ezina gertatzen zaio kritikariari akatsa dagoen lekuan ez dagoela esatea. Nire kezkak ez doaz hortik, beste nonbaitetik baizik. Kritikaren egitekoa ugariago edo bakanago obran zehar ja beti agertzen diren akatsak bildu eta nabarmeneraztea ote da soil-soilik? Bidezkoa al da berrehun-hirurehun orrialdetan barrena zoliena eta arduratsuenari ere itzurtzen zaizkion akats horiek sailean jarri —Quandoque bonus Homerus dormitat— eta lan osoaren ikuspegia zuzenketa lan horretara mugatzea? Bistan dago ezetz. Akatsen zuzenketa kritikaren parte bat da, noski, baina normalean ez luke izan behar bakarra ez eta nagusiena ere, bestela ezina gertatuko bait litzateke itzulpen bakar baten defentsa ere, eta bestalde inpresio deslekutu bat emango luke, zeren eta itzulpena bere osoan irakurtzen duenak sekula ez bait du ateratzen honelako kritika bat irakurrita ateratzen duen ondoriorik. Badirudi, giza legeak berak eskatzen duela edozein kritika egitean lanaren on-gaitzak, argi-ilunak aipatzea eta tamainak1 ere kontutan izatea, obraren isladapena desitxuraturik gerta ez dadin.
Argi dago kritika beti izan dela zaila eta labana, eta are gehiago oraindik erreferentzia objektibo eta zientifikoak berriak eta urriak dituen itzulpenarena bezalako alor batean. Itzulpenaren zientzia bera, traduktologia, haur-oihaletan badago, zeranik ez beronen atalik kolokatsuena den hau. Halere, zerbait idatzi da honetaz eta nik uste zerbait iradoki litekeela ildo honetatik.
Itzulpen kritika zer den
Definizio gisako bat eman nahi izanez gero:
Xede-testua kritikatzea, era deskribatzailez eta baloratzailez testu hon arakatzea litzateke, sorburu-testuarekin alderatuz beronen baliabide zenbateraino den jakiteko".
(E. Zierer)
Beraz, aurrena deskribatze-lan xehe eta zehatza burutu behar da ikuspegi inpresionista eta iraizeko baten menpean ez geratzeko eta maila desberdinetan burutu ere.
a) Edukin semantikoarenean, informazio-galerarik gertatu den eta zer neurritanjakiteko.
b) Edukin pragmatikoarenean., jatorrizko testuak bere irakurleen artean lortzen duen ondorio komunikatibo bera itzulpenekoak ere lortzen ote duen ikusteko eta zer neurritan.
c) Azaleho egitura edo estilistikarenean. Maila honetan lau bat azpi-geruza berezi behar dira:
- langue" maila edo gramatikaltasuna
- erabiltze arauen maila edo onargarritasuna
- arau soziolinguistikoen maila
- estilo indibidualaren maila
Maila semantikoan XHko osagai lexikoak eta gramatikazko egiturak zenbateraino bat datozen edo pareko gertatzen diren aztertu behar da XHko sistemarekio eta bide batez zehatz transmititzen duten SHko testuan datorren informazioa.
Demagun frantsesezko perpaus hau: Jean est arrivé hier Juan ha llegado ayer itzuli duela norbaitek gaztelaniara. Argi dago gaztelaniaren gramatikaltasuna ez duela errespetatu eta ayer adberbioari aditz indefinitua dagokiola (llegó).
Antzeko zerbait gertatzen da I have worked in this company for 20 years ingelesezko perpausa euskaratzean Hogei urtez lan egin dut enpresa honetan esaten badut. Izan ere, ingelesezko I have worked horrek ez bait du adierazten fire zerbitzuak dagoeneko amaituta daudenik. Beraz, lanean ari naiz esamoldea erabili beharko genuke.
Egia da beti ez dela hain erraza gertatzen gramatikaren muga non dagoen jakiten, baina xehekeriatan sartu gabe hizkuntz-gaitasun normalaren jabe denak ez du zailtasun handiegirik izaten oinarrizko arau gramatikalak ezagutzen eta bete diren ala ez antzematen ere.
Maila pragmatikoari bagagozkio, osagai lexikoak gramatikazko eraikuntza eta esamolde edo lokuzioak XHko erabilpen arauekiko zenbateraino bat datozen eta ados dauden aztertu behar da, jatorrizko testua zer motatakoa den eta zer komunikazio asmo duen kontutan izanik.
Hemen ez da aski gramatikala den ala ez begiratzea, baizik eta ohizkoa, usadiozkoa den ala ez eta zer neurritan ere begiratu beharra dago.
Esate baterako ingelesezko The fly stands on the ceiling linguistikotasun gordinean Eulia zutik dago sabaian itzuli beharko litzateke, errusierazko Mucha sidit na potolke Eulia eserita dago sabaian itzuli beharko litzatekeen bezalaxe. Baina erabilpen arauek ez dituzte onartzen bi esamolde horiek, nahiz eta gramatikalak izan; usadioak Eulia sabaian dago finkatu bait du euskararen baitan.
Eta euskaldunontzat, funtzio pragmatikoari dagokionez, ez du zentzurik beste hizkuntza horietako zutik edo eserita egotean buruzko informazioak.
Alemanieraz, adibidez, das Buch ist auf dem Tisch izan, gramatikala da, baina usadioz das Buch liegt auf dem Tisch, Liburua mahai gainean dago (datza) erabiltzen da.
Die Blumenvase ist auf dem Tisch ere gramatikala da baina erabilpen arauek beti die Blumenvase steht auf dem Tisch esamoldea hobesten duten arrazoi berberengatik.
Funtzio ilokutibozko adierazpideen itzulpenean ere erabilpen arau edo usadioak eskatuko luke Fasten your seatbelts alemanierazko Bitte anschnallen gisa itzultzea.
Maila honetan garrantzi handikoak gertatzen dira denbora, lekua, topikoa, testuinguru kulturala eta hizkuntzaz kanpoko beste zenbait kategoria. Adibidez, ez dute balio berdina esamolde berek hego-amerikar baten eta espainiar baten ahoan, ezta ipar-amerikarraren eta britainiarraren ahoan ere, brasildarraren eta portugaldarraren ahoetan ere aldeak dituzten bezala.
Arau sozio-linguistikoen eremura jotzen badugu, berriz, hemen ere aztertzea komeni da xede-testuko eraikuntza gramatikalak, osagai lexikoak eta lokuzioak zenbateraino datozen bat erabilpen-arauekin gizarte geruza eta rolei dagokienean.
Jatorrizko hizkuntzan agertzen den trataera nola eman beda hizkuntza hartzailean? Ingelesezko you eta gaztelaniazko Vd. eta tú tratamenduek zer eskabide dituzten euskarazko zuketa eta hiketa erabiltzerakoan eta abar aztertu behar dira puntu honetan.
Ingelesezko "understatement" (eufemismoa) delakoa zenbateraino dator bat euskarazko usadioekin?
E. Nidak Bibliaren itzulpenean dela-ta bildu duen esperientzia aberatsak erakusten duenez, hizkuntza hartzailean soziolinguistikoki berezgarriak diren adierazpideak erabili ezean komunikazio ondorioa motelagoa eta eskasagoa gerta liteke.
Eta azkenik, norbanakoaren estilora edo idazkera indibidualera jotzen badugu, berrikuntza edo orijinaltasun estilistikoak adierazteko zer moduzko bitartekoez baliatu den itzultzailea aztertu eta neurtu behar du kritikariak. Jakina denez, baliabide hauek asko aldatzen dira testu tipo eta klasearen arabera. Adibidez, G. García Márquez-en El Coronel no tiene quien le esriba nobelaren itzulpena alemanierara egin duen Curt Meyer-Clason, fire eritzian errazegi aldendu da jatorrizkotik, esamoldeen indarra motelago eta usadiozkoagoen bitartez emanez.
Hona adibide batzu:
Masticó oraciones ≠ leierte sie Gebete
Una cigarra instaló su pito en el patio ≠ Im Innenhof hegann eme Grille zu zirpen
Siguió sabiendo el café en las pausas de su respiración pedregosa ≠ Sie schlürfte den Kaffee zwischen rauhen Atemzügen
La vegetación que reventaba en verdes intensos ≠ Das üppig wachsende Grün...
Argi dago ez dela batere erraza hizkuntza batetik bestera esamolde poetiko edo berti hauek egoki aldatzea eta subjektibismoren beste edozein alderdi baino isuriago dagoela hau. Halere, ahalegin serio bat egin ezik iruzur egiten zaio jatorrizkoari.
Itzulpen kritikaren helburuak
Itzulpen-kritikak, beste edozein kritikak bezala, aztertu eta baloratzen den obra eta jeneroen kalitatea hobetzea duela helburu nagusia esango genuke, baina aldi eta era berean beste helburu garrantzitsurik baduela ere aitortu beharra dago.
Sistematikotasun eta zehaztasunez buruturiko kritika batek itzulpenaren alderdi desberdinak sakontzen dituen neurrian, idea eta orientabide baliagarriak eskain liezazkieke itzulpen-praktikari eta didaktikari.
Bestalde, itzulpenaren baloratze orokorra bere osotasunean egiten duen kritikak laguntzea handia eskain diezaieke argitaletxeei beren itzulpen-politika finkatzen eta gorpuzten.
Eta azkenik, kritikariak beti izango du irakurleen begiak zabalerazteko erantzukizuna itzultzaileak bere lanean nahita edo nahigabe egin ditzakeen manipulazioen aurrez-aurre.
Kritikaren arazoak
Esan beharrik ez dago norbanakoa bakoitza eta errepika ezina den heinean, beronek egindako itzulpenak ere indibidualtasun kutsu nabarmena duela, testu konnotatibo eta poetikoei dagokienean batipat.
Eta oso zaila da, egia esateko ezina, kritikaria eta itzultzailea gaitasun edo konpetentzia hermeneutiko beraren jabe gertatzea SHko eta XHko testuen artean izan litekeen baliokidetasun-maila finkatu eta epaitzerakoan.
Bestalde, ez da pentsatu behar xede-testu bakarrik dagoenik jatorrizko testuaren bertsio hoberentzat jo litekeenik.
Jatorrizko testuak kritikariarengan sortzen duen komunikazio ondorioak badu eraginik xede-testuak sortzen dion ondorioan, baldin eta jatorrizkoa aldez aurretik irakurria baldin badu. Distortsiozko ondorio hau ez da gertatzen xede-testuaren hartzailearengan edo itzulpenaren irakurlearengan, zeren normalean ez bait du irakurtzen jatorrizkorik eta berak jasotzen duen informazio guztia xede-testuaren bitartez hartzen bait du.
Kritikaria jatorrizko testuaren hartzaileen artekoa gertatzeak edo ez gertatzeak ere izan lezake distortsiozko ondoriorik, batez ere testu adierazkor eta eragileen itzulpenari dagokionean. Gainera, ez da ahaztu behar sorburu-testu gehienak ez direla "puruak" izaten.
Azkenik, autoreak, sorburu-testuaren egileak, eta itzultzaileak, xede-testuaren egileak, nork bere aldetik duen sormena edo kreatzailetasuna nahastu ordez ongi berezten ahalegintzea da kritikariak ardura handiz burutu behar duen zereginetako bat eta guzti honek, konplexutasun handiko eta objektibitate/subjektibitate maila desberdinetako epaiketak egitea eskatzen du itzulpen-kritikak.
Hemen ere, harako hartan bezala, Karibdiseko muturra jota ez gelditzea komeni da baina, handik ihesian gabiltzala, Esziako zirimolatan galdu gabe.
Beraz, norbaitek itzultzaileari "ezinaren maitale" deitu badio itzulpen-kritikaria "ezinagoaren maitale" dela aitortu beharko genuke.