Itzulpena eta testuen interpretazioa
Koro Zumalabe

Arazo honen azterketari ekin nahi diogunean, lehendabizi gogora etortzen zaigun auzia testu artistikoen eta ez artistikoen itzulpenen arteko diferentziena da. Testu ez artistikoen jatorrizkoarekiko leialtasuna ezinbesteko baldintzatzat onartu ohi da, eta testu artistikoetan leialtasuna, hots, testuaren "teneur" a gorde beharra, balantzaren alde batean ikusten da, eta balantzaren beste aldean, arrazoi kreatiboengatik egingo litzatekeen jatorrizko testuarekiko traizioa. Testu artistikoetan, beraz, balantzaren bi besoen existentzia onartzen da, iritzien arteko diferentziak alde bakoitzaren garrantzi desberdinean eta oreka puntua ezartzearen zailtasunean bilatu behar direlarik.

Lehen hurbilpena deia esan daitekeen hori, ordea, ikuspuntu psikologiko eta etikoetan oinarritzen da, problemak, aldiz, itzulpen prozesuaren lege objektiboetatik sortzen diren bitartean, eta bide honetatik joan behar du, baliagarri izango bada, eskuartean darabilgun arazoaren analisiak.

Itzulpen prozesuaren legeak zeinu sistemaren eremuan kokatzen dira, eta lehen enuntziatu bat honela egin genezake. Edozein itzulpenetan ematen da artistikoa izan nahiz ez izan:

1. Zeinu sistemaren 'desplazamendua".
2. Testu zatien transformazioak (mozketa, luzapen, ordenaren nahiz elementuen aldaketa...).
3. Neurri batean edo bestean, interpretazioaren fruitu izatea, intepretazioak hiru aldi dituelarik: Jatorrizkoaren deskonposaketa eta testu berriaren konposaketa, eta bi pauso hauek ematerakoan sortzen da elementuen balioen arteko hierarkia berra.

Azkeneko puntu honetan kokatzen da gure arazoa, eta beraren azterketa sakonagoak emango digu testu artistikoen eta ez artistikoen arteko mugaren berri garbiagoa.

Alde batetik, hizkuntzaren planoari ematen den interpretazioa dago, H1 hizkuntzatik H2 hizkuntzara pasa bidean H1 eta H9 hizkuntzak direnak direlako, beren aberastasun guztiekin, sortzen den interpretazio-beharra. Hau bai testu artistikoetarako eta bai ez-artistikoetarako ere. Hemen bereziko ditugu interpretazioa maila linguistikoan (hertsiki kontsideratuz) eta maila estilistikoan, hizkuntzaren azpi sistemak, ohitura terminologikoak eta abar, hizkuntzaren eremuan bait daude.

Eta beste aldetik, tradizio literarioaren planoan ematen den interpretazioa. Hau ez da testu ez artistikoetan ematen, bai ordea artistikoetan, hauek beti bait daude bi hizkuntzatan idatziak, hizkuntza naturalean, alde batetik, eta jatorrizko testuaren zibilizazioko tradizio literarioan bestetik. Horretaz, itzulpena egiterakoan H1-H2 maila ezezik, T1+T2 maila agertzen da. Eman diezaiogun, bada, interpretazioari begiratu bat maila hauetan, banan bana.

Interpretazioa maila linguistikoan

Maila honetan itzultzailea jatorrizko testuaren baliokiderik egokienak bilatzen saiatzen da, baina badira beti hitz edo adierazpen itzulezinak, H1 eta H2-ren korrelazio faltagatik gertatzen direnak. Honelakoetan irtenbide bakarra hizkuntzaren eremutik atera eta errealitatera joatea da. Adibide gisara aipa dezagun P. Neruda-k "Canto General"-en las mariposas de Muzo idazten duenean, Muzo tximeleta urdinak itzuli beharra dagoela, zehaztuz, eta jacarandá dioenean jacarandá zuhaitz morea, zeren eta pinpilinpausa horien kolorea eta arbola hauen loreena hitzekin loturik bait daude poetarentzat, eta ezezagunak bait dira gure irakurlearentzat.

Itxuraz, hau interpretazio linguistiko edo estralinguistikoa litzateke; itxuraz soilik, ordea. Errealitatera joate hau linguistikoa da, hain zuzen, testua zeinu linguistiko bezala hartzen delako, testuak izendatzen dituen objektu errealetaraino joanez, eta enuntziazioaren egiazkotasuna errealitatean aztertuz, literaturatik kanpo. Kasu horietan hizkuntza komunikabide huts bihurturik geratzen da, testu zientifiko edo informaziozkoetan gertatzen den bezalaxe obra literarioetan ere. Zuzena da, beraz, interpretazio hori interpretazio linguistikoa dela esatea.

Interpretazio linguistikoa obra literarioen itzulpenean erabiltzea itzulezintasun objektiboa gainditzeko ahalegina da, zilegia beraz, baina puntuala: ez du metodo iraunkor bihurtu behar.

Interpretazioa maila estilistikoan

Itzultzaileak H1-eko testua H2-ra pasatzerakoan, jatorrizko testuaren estiloa, hizkuntz mailak lexikoan nahiz fraseologian H1-eko ohitura terminologikoak, argot eta dialektoak, eta, orohar, jatorrizko hizkuntzan dauden ohiturazko erabilerak kontuan hartu beharko ditu, eta ordainak bilatzeko H2-ren potentzial estilistiko guztia eskutan dauka.

Halere, soluzioak ez dira beti jatorrizko figura estilistikoaren baliokideen bidez ematen ahal, sarritan H2-ren logika, ohitura estilistikoak jarraitzen dira. Eta, batez ere, itzulezintasunaren eraginez komunikazioari indar eman zaionean balio artistikoaren kaltetan, orduan biziagotzen da interpretazio estilistikoaren beharra.

Bestalde, itzulpenak H2-ko literaturan parte hartu nahi badu, itzultzaileak bere asmaketa erasten dio obran.

Interpretazio mota honen adibide gisa, gero tradizio literarioaren mailako interpretazioa azaltzeko aukeratu dugun nobelatik har ditzagun exenplu batzuek. Nobela Bruno Jasietiski idazie poloniarraren Pale Pary da (Paris-i su ematen diot), Varsobian poloneraz argitaratu eta zenbait hizkuntza Lara itzulia izan ondoren, idazleak berak urte batzuren buruan, 1934an, errusieraz emana.

Jatorrizko testuko zenbait elementu galdu egiten da, hala nola:

  • retruekanoak poloneraz, oko/okno; errusieraz, oko/glaz
    poloneraz, cierpki, cierpliwy glód; errusieraz rnnogoterpelivyj golod
  • jatorrizkoan eduki bikoitza duen hitza erabiltzen den bitartean: ru bazka, errusierazko itzulpeneko rubaskach hitzak ez dauka aberastasun hori, poloneraz normalean kozu1a erabiliko bait litzateke, eta hitz hura aukeratzean soldadu heroikoek beren jantziari emango hoketen izena hartzen bait da.
  • Polonerazkoan leit motiv baten papera jokatzen duen hitza obraz errusieraz zenbait sinonimoetan barreiatzen da, obraz, kartina, videnie, hala komunikazio-gaitasuna gehituz, baina originalaren ardatz estrukturala galtzen dela.

Aurreko adibideek, estilistikaren aldetik, jatorrizko testuaren pobretze bat badakarte ere, badira aberasten duten elementuak, horrela oreka hobeto lortzen laguntzen dutenak, adibidez:

  • poloneraz juduak izendatzeko zyd izenaren parean, errusieraz bi erabiltzen dira: evrej, karga emotiborik gabekoa, eta id mespretxu-karga duena. Hura narratzaileak erabiltzen du eta baita Solomin pertsonaiak ere begiko dituen juduez ari denean, jendeak, berriz, id erabiltzen du eta baita Solominek ere, salbuespen diren kasu haiek ez beste guztitan, oro har, juduei gorroto bait die.

Interpretazioa tradizio literarioaren mailan

Interpretazio linguistikoak eta estilistikoak ez dute obra osoaren izaeran garrantzizko eraginik. Jatorrizko obran zehar puntualki, zatika, hemen eta han sakabanaturik egindako esanahi-aldaketak ez dira sistemaren (tradizio literarioaren zentzuan) joera nagusietan nabarmentzen. Nolabait, hizkuntza naturala bere osotasunean sistema bat bada ere, bere izaera zabalegia da, aberatsegia, obra literario baten egitura nagusia aldatu ahal dezan. Aldiz, tradizio literarioaren hizkuntza (T) erabat aldatzen denean, T1 eta T2 zibilizazio arrotzen tradizioak direnean, edo obran bestelako tradizio literario bat inposatzen zaionean, obra osoaren "berrinterpretazioa" dago, eta obra itzuliak jatorrizkoarekiko oso zentzu desberdina izan lezake.

Horixe egin zuen, hain zuzen, Bruno Jasienskik berak 1934-ko errusierazko bertsioan, H1-H2 itzulpen bat ezezik, T1-T2 itzulpena ere egin bait zuen, arte futuristaren korrontean bete-betean sartzen zen obra errealismo sozialistaren sistemara pasatu zuenean.

Ikus dezagun zehatzago:

Jatorrizko bertsioan, Pierre Parisen erabat galdurik aurkitzen da, bertako bizi-legeak ulertu ezinik, eroturik, eta Paris suntsitu nahi du. Hirirako ura bonbeatzeri duteneko gordailuak izurri baziloz pozointzen ditu, eta horren ondorioz sekulako iskanbila sozialak sortzen dira..., zoriak hala nahita, gartzelako ura ez da kutsatzen, presoak kalera irtetzen dira, errepublika komunista txinoa antolatzen dute Sena ibaiaren ezkerraldean, horiek zuriak izurri kutsatzailetzat hartu eta hiltzen dituztelarik, irrati eta telegrafo sarea bereganatzen dituzte, hala garaipen ideologikoa lortzearren Frantzian eta Europan.

Arte futuristaren zeinu diren elementuak zentzu ematen diote nobelari. Horien artean aipa ditzagun:

  • Informazioari energiari baino garrantzi handiagoa ematen zaio, hala, hasieran ur-sistema izan arren hondatzen dena, informazioaren kontrola da, bukaeran, errepublikaren helburu nagusia.
  • Ero batek aldakuntza iraultzaileak erakar ditzake.
  • Maitasuna, maitasuna denagatik tratatzen da, funtzionaltasunik gabe, eta berdin heriotza. Aipa dezagun, gero aldaketa hobeto ikusteko, nola P'an Tseng-kuei-ren maiteak, bere buruaz beste egin baino lehen han idazten dion gutunean esaten dion: A! ze beldurra ematen didan heriotzak!
  • Fantasia.

Horrela idatziriko obrak, ordea, Polonia-ko prentsa komunistaren aldetik kritika gogorrak jaso zituen, alegia:

  • Iraultza proletarioaren ikuspegi" mistiko-apokaliptikoa" eskaintzen zuela.
  • Gizarteko antagonismoen funtsezko motibaziorik eza.
  • Erotismo izugarria.

Errealismo sozialistak fikzio literarioaren oinarri ziren legeak mundu errealarenak berak izatea (monosemia) eskatzen zuen, beraz: gizarte-gatazkak produkzio-moduaren kontraesanen ondorio direla agertzea, produkzio-indarren (eta energi iturrien) garrantzia zalantzan ez jartzea, traszendentziari hegalak moztea...

Eta errusierazko bertsioan:

  • Pierre ez da eroa, Frantzia inperialistaren gobernuak erabiltzen duen agente itsu bat baizik. Pierrek ez du Paris suntitu nahi, gobernukoen aginduz kutsatzen ditu urak, eta hon egiteagatik, hain zuzen, energi baliabideen sabotaia egiteagatik, langileek hil egiten dute.
  • Nazionalitateen arazoa beste era batera tratatzen da: horiek zuriak hiltzen dituzte, baina ez denak, faxistak besterik ez. Errepublika berriko komisariaren aginduetara makurtzen direnak gera daitezke.
  • Maitasuna eta heriotza ez dira hutsaren truk ematen, P'an Tseng Kuei-ren lagunaren hil aurreko esaldia hau da orain: A! Bai gogorra gare garaipena ezagutu gabe hil beharra! Laster lortuko da, ziur nczgo. Dena hobea izango da orduan.

Galde daiteke ea 1934eko errusierazko bertsio honen arazoa itzulpenaren eta interpretazioaren esparruan kokatzen den ala ez, baina nolanahi ere, garbi esan behar dugu H1-H2 eta T1-T2 biak sartzen direla itzulpenaren esparruan. Izan ere, nahiz eta gehienetan T1-T-k ez duen adibidean daukan erradikaltasuna hartzen, beti darama berekin gaiaren ikuspuntu bat. Gehien ematen den maila honetako interpretazioa laburpena izan ohi da.

Bi hitz bukatzeko:

"Itzulpenean interpretazioa egiteari kritika egin dakioke. Galde daiteke, interpretazioa zer da: itzultzailearen hutsa ala pribilegioa? Galdera honi ezin zaio erantzun garbi bat eman. Batez ere, ezin dira interpretazio-prozedurak errazegi baztertu, zeren, alde batetik, jatorrizkoaren zentzua (esanahia) faltseatzen badute ere, interpretazioaren artea literatura nazionalaren garapenean parte hartzen duen kreazio bezala kontsidera erazten bait dute, hots, kreazio originalarekin batera, nazio-literaturaren garapenaren arduradun eta beraren balioen sortzaile".


The nature of translation liburutik, Edwad Balcerzan-en La traduction, art d'interpréter eta Josef Oermák-en La traduction du point de vue de l'interprétation artikuluetan oinarri harturik.