Itzultzaile Eskola: Orainaldia
Artikulua PDFn
1. Antolamendu orokorra
Jadanik bost urtetako esperientzia lortu dugularik, nahiko garbi ikusten ditugu Eskolak bete behar dituen helburu eta xedeak; eta ditugun mugak eta ahalbideak ere orain argiago dauzkagularik, asmo horiek nola bideratu ere bai. Bestalde gure lana bereziki baldintzatzen duten faktore soziolinguistikoak azpimarratu behar direla uste dugu:
- Itzulpen-teoriak eta praktikaren ezagupen sistematizatu eta didaktizatu batek zeresan eta garrantzi handia du gaurreguneko euskara eta euskal kulturaren egoeran eta berauen garapenean, komunikabideei eta irakaskuntzari dagokienean batipat.
- Hala eta guztiz ere, lanpostu gutxi daude itzultzaile profesionalentzat eta dagoeneko jende gazte samarrez beteak gehientsuenak.
Beraz, ez dugu uste Itzultzaile Eskolak urtero profesional kopuru jakin bat (hogeiren bat pertsona urteko) merkaturatuko duen irakastegi soil eta komentzionala izan behar duenik. Aitzitik, langune desberdinetan barreiatu beharko lituzke bere indarrak, eta itzulpenarekin zerikusia duen guztiaren zentru dinamizatzaile izan beharko luke. Honek suposatzen du: a) Eskola ez duela mugatu behar goizetako kurtsoak egitera; b) bestelako lan motak ere bere gain hartu behar dituela.
Guzti hau dela eta, erabaki garrantzitsu bat hartu zen iaz, alegia, matrikulatze-epea bi urtez behin irekitzea. Antolamendu horri esker, bi helburu batera bete ditzakegu: alde batetik, Eskolatik irtengo den profesional-kopurua, epe luzera, ez da hain zabala; beste aldetik, bestelako lanetarako astirik eta posibilitaterik badu irakaslegoak. Lan horiek behar-beharrezkotzat jotzen ditugularik, uste dugu bide egokia hautatu dugula. Zereginak hauek dira, besteak beste: a) dagoeneko lanean ari diren profesonal-mota desberdinei birprestakuntza eskaini arratseko eta asteburutako ikastaldien bitartez; b) itzulpen teoria eta praktikaren ikerketa eta zabalkundea burutu eta bultzatu; c) bigarren horri begira argitalpen sail bat eta aldizkaria sortu.
Projektu horiek gorpuzturik daude jadanik. Aurrerago ikusiko dugu nolakoak diren. Bestalde, oraindik eginkizun diren epe laburrerako proiektuak hauek lirateke:
a) Alfabetatze Tekniko, Lanbide Hezkuntza, Irakaslego-Eskola eta abarretako programa eta ikas planetan parte hartu zuzenean edota irakasleen prestakuntza eta gidaritzaren bitartez traduktologiazko ezagupenak hedarazten, hizkuntz konparaketazko ezagupenak eskainiz eta hizkuntz irakaskuntza hobetzeko tresnak eskuratuz.
b) Erakunde publiko eta pribatuei bere honetan aholkaritza teknikoa eskaini, komunikabide eta irakaskuntzaren mailan batipat.
c) Itzulpenarekin zerikusia duten azterketa publiko guztietan mahaiko izan eta azterketak prestatu eta zuzendu itzulpenari dagokion atalean.
Hauek oraingoz proiektuak dira. Jadanik gorpuztuak diren jardunen berri ematen ahaleginduko gara orain..
Hirugarren Promozioa
Hirugarren promozioaren antolamendu akademikoa oro bar, bigarrenaren antzekoa da: hiru kurtsotan banatzen dira ikasketak, eta kurtso bakoitzeko helburuak eta antolamendua berdintsuak dira: lehenengoan, eta bereziki euskarari dagokionean, hizkuntzaren lantze eta hobetzeak hartzen du pisu nagusia; baita ere oinarrizko prestakuntza, hizkuntzalaritza, hizkuntz konparaketa eta abarri dagokienean. Bigarrenean, aurreko kurtsoan hasitako itzulpen teoria, praktika eta konparaketa, dira nagusi; estilistika eta literatura ere lantzen dira.
Azkeneko kurtsoa guztiz praktikoa da: mintegitan eratzen da eta ikasleen nahien arabera, bi sail nagusitan banaturik —itzulpen literarioa eta pragmatikoa— praktika lantzen da ia nagusiki, nahiz eta teoria ez erabat alboratu; oraingo honetan ordea teoria ere ikasleen esku geratzen da. Ikasturte horretan gainera eskolak ez dira goizero banatzen, astean bi edo hiru egunetan baizik, ikasleek lanerako astirik izan dezaten. Bide batez, eta hiru kurtsotan zehar, ingelesa ere lantzen da, bi sail nagusitan: lehendik ingelesa ongi ezagutzen zuten ikasleek itzulpean jardun dute, mintegi berezietan; ingelesa ezagutzen ez dutenei irakatsi egiten zaie, hirugarren kurtsoan.
Azterketa eta gaitasun frogei dagokienean, ohizko eran antolatzen dira: bi lauhilerokotan banatzen da ikasturtea, eta bakoitzaren bukaeran egiten dira frogak, bai ohizko azterketen bitartez, bailan praktikoen bitartez. Hirugarren kurtsoan, berriz, eta mintegiek osatzen dutela kontutan izanik, ikasleek, taldean, edo bakarka egindako lanak dira frogabide bakarrak.
Hirugarren promozio honetan izan den aldaketa kualitatiboa irakaslegoari dagokiona da. Izan ere, gure asmoetako bat lankide talde homogenoa sortzea zen, ongi koordinaturiko ekipoa osatuko lukeena. Laster lau irakasle izango gara Eskolakoa lanbide nagusitzat izango duguna. Elkartze honen ondorioak guztiz positiboak izan dira, eta Eskolaren bilakabidean erabakiorra gertatu da.
Birprestakuntza ikastaldiak
Gorago esan dugunez, lanean ari den hainbat profesionalen beharrei erantzuteko asmotan sortu zituen Eskolak aste burutako ikastaldi bereziak. Ikastaldi hauek trinkoak eta laburrak (berrogei ordu inguru) zirelarik, azkar konturatu ginen hauek motzegi geratzen zirela. Ikasleei egindako hainbat galdekizunetan bestalde arazo bera azaltzen zen behin eta berriz. Guzti hau kontutan izanik, iaz, hau da, 1983-84 ikasturtean, antolamendu berri bati eman genion hasiera. Antolamendu honetan hiru ikastaldi mailakatu burutzen dira: lehenengo maila udazkenean, bigarrena neguan —asteburutan beti— eta udan hirugarrena, uztailean hamabostaldi bat osoki honetara eskainiz. Dena den, esan behar da nahi duenak egin lezakeela ikastaldi bakarra (eta ez hirurak); bakar horrek hala ere lehengoa izan behar du, beste biek aurrekoak suposatzen bait dituzte. Horrela azken aldirako, irakasle eta ikasle arteko harremanak eta lan giroa, oro har, nahiko ona da, eta lana fruitukorra gertatzen da.
Ikastaldiek izandako erantzun ona ikusirik, aurten eta hemendik aurrera berdin jarraitzeko asmotan gara. Hala ere, bai ikasketa gaiak, eta baita ere programak eta antolamendua hobetzen eta, beharrezko bada, aldatzen saiatzen gara etengabe, teoria eta praktikaren arteko sintesi orekatu baten bila.
Argitalpen saila eta aldizkaria
Beste alor batetan, itzultzaile Eskolaren asmoak dira atzerrian itzulpen teoria eta praktikaren inguruan mamitzen den guztia Euskal Herriratzea, gure premietara egokitu eta beronen zabalkunde egin; halaber euskal itzulpenaren historia eta egungo egoera ikertu.
Hau dela eta, eta bereziki eskolako ikasleei laguntzeko asmotan argitalpen sail bat sortu du Itzultzaile Eskolak, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren diru laguntzaz, hiru liburu argitaratuak dira jadanik, eta beste bi ari gara prestatzen une honetan. Hauetariko batzu bereziki Eskolako ikasleentzat zuzenduak daude, hala nola Itzulgaiak (Textu literario eta dragmatikoak. K. Navarro eta X. Mendiguren). Besteak berriz gai hauetari interesaturik legokeen irakurlego zabalago batentzat gerta litezke baliagarri: Euskal Itzulpenaren Antologia I (Jesus Zabaleta; bigarren alea laster argitaratuko da), eta Itzulpen teoriazko ezagupenak (K. Mendiguren). Boskarren liburu bat ere datorren urte hasieran azalduko da, hizkuntzalaritzaz, Linguistika Orokorrezko Ezagupenak (K. Navarro).
Bestalde, lehen aipatzen genituen ikerketa eta kanpoko teorien egokitze lan horiek zabaltzeko asmotan sortzen da aldizkari hau. Bide batez, itzultzaile eta profesional interesatuen kezka eta arazoak —hala itzulpenari berari dagozkionak, nola arazo laboral eta antzekoak—, guzti horiek jaso, aztertu eta bideratzeko helburua ere badu aldizkari honek. Azken linean, euskal itzulpenaren eta itzultzaileen elkargune bihurtzea du helburu nagusitzat aldizkariak.
Interpretaritza
Eskola oraino testu idatzien itzulpenaz arduratu da; interpretaritza edo aldibereko itzulpena ez da landu. Izan ere, euskal interpretarien eskaera hutsa edo oso urna izan da orain arte. Baina azken urteotan euskal interpretarien edo adierazleen eskaera handitu egin da (erlatiboki bada ere), eta horretarako prestaturiko jenderik ez dago. Hau dela eta, eta eskakizunak sarritan zuzenean Eskolara insten zaizkigularik, adierazleen prestakuntzaz nolabait arduratzea erabaki dugu. Honela, 1985. urte hasieran hitzaldi sail bat antolatuko da Eskolako ikasle izandako multzo txiki eta hautatu batentzat: hitzaldi hauek ALCE (Asociación Española de Intérpretes de Conferencias) delakoaren partaide eta Bilboko Hizkuntz Eskolako idazkari-ohia den J. Arrimadas Saavedraren eskutatik izango dira; hitzaldien ondoren oinarrizko praktika gidatua landuko da.
2. Itzultzaile gaitasun agiria (IGA)
Aipaturiko guztiaz gain, gerora Itzultzaile Gaitasun Agiria izenpean ezagutuko den Diplomarako programa eta azterketa edukinen aurreproiektua ari da prestatzen une honetan Itzultzaile Eskola Hezkuntza Saileko Euskara Zerbitzuarekin batera.
Agiri eta azterketa hauen helburu nagusia itzulpenaren kalitatea hobetu eta homologatzean datza. Horretarako beharrezkoak diren ikasbide eta profesional izatze-bideak sistematikoki eskaintzearen garantia izango litzake agiria.
Agiri honen hartzaileak honako hauek lirateke (azpimarra dezagun azken erabakiak ez direla oraindik hartu; orain azalduko dugun eran izango dela uste dugu ordea):
- Itzulpen prestakuntzazko prozesu formal baten bidetik datozen eta gaitasun baten jabe direla erakusten dutenak.(Alegia, Itzultzaile Eskolako hiru ikasturteak burutu eta gainditu dituztenak).
- Itzultzaile-gaitasun hori egiaztatzeko "ad hoc" prestaturiko azterketak gainditzen dituztenak. Azterketa honek bi edukin mota hauek izango lituzke:
- Ezagupen Saila (Itzulpenaren Teoria eta Historia).
- Trebetasun saila (Itzulgaien azterketa eta itzulpena, testu itzulien kritika).
- Baldintza eta epe mugatu baten barruan, "curriculum" bat aurkez lezaketen itzultzaileak.
Bestalde, uste dugu balio desberdinekoak izan behar dutela hiru urtez Eskolako ikasle izandakoek jaso lezaketen agiria eta azterketa soil bat ganditu dutenek hartzen dutena. Baita ere, agiri honen garrantzi soziala ziurtatu egiri behar da; honetarako, zenbait lanpostutan berorren jabetza puntuztatu egingo litzateke eta udal-itzultzaile eta itzultzaile zinegina izateko derrigor eskatu.
Dena den, eta azken erabakiak hartu orduko, Eusko Jaurlaritzaren Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da agiri edo diploma honen nolakotasuna; berau eskuratzeko gainditu beharko den azterketa-programa edota bete behar diren baldintzak.
Etorkizunaz
Eskolaren etorkizun hurbila oraingo bidetik joango da. Izan ere, esan daiteke oraintsu finkatu dela Eskola, eginkizun nagusitan behintzat. Gure helburu nagusietakoa, hasiera-hasieratik, Eskola formal eta ohizkora ez mugatzera izan da; aldiz, egitura zabal, malgu eta dinamikoa eman nahi genion Eskolari eta horretan gaude. Oraingoz beraz, eta hori bai, geure lana etengabe kritikatzen eta hobetzen saiatuz, hasitako eginkizunen jarraipenean datzate eskolaren asmoak: ikastaldiak, argitalpenak, aldizkaria eta abarrekin aurrera eginez.
Epe luzera ordea Eskolak goitik behera aldatu behar duela uste dugu. Geure iritziz, Eskolaren lekua Unibertsitatean da. go, eta ez Eskola edo Fakultate bereizi gisa, disziplinarteko erakunde eran baizik. Honetarako arrazoiak hauek lirateke: lehenengoa eta nagusia, testu literarioak eta batez ere pragmatikoak —era askotakoak ordea— itzuli behar direlarik, aldian-aldiko gaien ezagupen sakona behar-beharrezkoa da itzultzailearentzat. Beste alde batetik, argi dago itzulpen teoriak eskaintzen duen tresneriaz jabeturik egon behar duela itzultzaileak, praktika errazago eta arrazionalagoa izan dadin. Azkenik, euskararen egoera berezia kontutan izanik, eta itzulpenak hizkuntz normalizazioan duen eraginagatik, itzultzaileak irizpide linguistikoak sakonagoak eta eginagoak behar ditu izan.
Etorkizuneko erakunde horiek, bestalde, bi sail nagusi izan beharko lituzke, gure ustez, irakaskuntzazkoa bat eta ikerketazkoa bestea. Bestalde, harreman estuak izango lituzke beste fakultateekin, eta beroiekin batera egin beharko luke lana sarritan.
Dena den, guzti hau ez dago gure eskutan, eta oraingoz helburu horretarantz urratsak emanez bidea prestatzea besterik ezin dugu egin.