Itzultzaile Eskola: Historiaurrea eta Iragana
Xabier Mendiguren

Historiaurrea eta Iragana

Oraindik euskal-itzulpenaren historia egiteko dagoelarik, agian ausartegia gerta liteke egitera noan baieztapena, baina bere ustez, Europa eta mundu mailan oro har, azken gerrate orokorraz geroztik itzulpen-zientziaren alorrean eman den kontzientzi hartzea eta garapena, Euskal Herrian joan den hamarkadaren azken aldean eta oraingoaren hasieran gertatu dela aitortuko nuke, eta are gehiago, euskararen bateratzearekin eta ikastoletako irakaskuntzarekin lotura estuan gainera.

Aurretik ez dira falta zenbait itzultzaile jakin eta nabarmeni buruzko aipamenak eta azterketak. Orixeri itzultzaileaz hamaika laudorio eta gorespen entzun izan genuen gerrate zibilaz aurreko eta ondoko urteetan[1] baino inoiz ez da egin euskal itzulpenerako eta itzultzaileenganako hurbiltze sistematikorik traduktologia modernoaren ikuspuntutik. Txarrespen edo onespenezko kritika sutsuak erruz banatu izan dira gure historian baina ia beti talai subjektibo batetik eta gehienetan iruzkin inpresionista, lotura handirik gabeak, egiteko.

Baina hau ez da harritzekoa, zeren eta goraxeago esan dudanez itzulpen zientziarako lehen urrats baldarrak aski berriak izan badira mundu mailan ere, gogora dezagun Eugen Nidak 1974an egin zuela abiaburu linguistikoen ikuspuntutik itzulpena tratatzeko ahalegina[2], Casagrande-Voegelin hizkuntza lan bikoteak 1954ean proposatu zituzten itzulpen korrespondentziak askozaz sistematikoago aztertzeko metodo garrantzizkoak eta azkenik, jadanik kiasikoak diren Vinay Darbelnet[3] eta Fedoroven[4] lanek 1958an ikusi zuten argia.

Itzultzaileen Prestakuntzarako Ikastaldiak (Arrasate-Ustaritz-Arantzazu-Iruñea)

1976an hasi eta 1980ko urrira bitarteko epean, hau da, Itzultzaile Eskolak bere ateak zabaldu arte, bost ikastaldi antolatu ziren euskal Herriaren gune desberdinetan itzulpengintzaren inguruan kontzientzia sortzeko eta lehen ezagupen teorikoak eskaintzeko.

Lehendabiziko bi ikastaldiak programaz eta irakaslegoz berdintsuak izan zirelarik, batera aipatzeari deritzogu egokien. Lehena 1976.eko uztailean antolatu zen Arrasateko Lanbide Eskolan, CIM-AHIZKE hizkuntz irakaskuntzarako zentruaren babespean eta hamar egunez 30 ikasleko kopurua butzea lortu zuen.

Ikastaldi teoriko-praktiko hartako irakasleak hiru izan zirelarik, hiru sailetan banatu zen gaia:

a) Sarrera, literatur testuen itzulpena, kazetaritzako testuen itzulpena eta Orixeren itzultze-modua (X. Mendiguren).
b) Testu didaktikoen itzulpena, "Bilboko Eskola" eta hizkuntzaren finkapena, morfologia (aurrizki-atzizkiak) eta lexikologia (X. Kintana).
c) Testu teknikoen itzulpena eta analisi sintaktikoa (J.R. Etxebarria).

Ikastaldi hau berau errepikatu zen Ustaritzen Udako Euskal Unibertsitatean urte bereko udan. 1978-79 ikasturtean zehar, J.R. Etxebarriak beste ikastaldi bat eman zuen berrogei orduz Santuxun itzulpenari buruz, eta neurri handi batean aurrez Arrasaten erabilitako programaz baliatu zen edukin teoriko eta praktikoak antolatzerakoan.

Kronologiari dagokionez Santutxukoa baino lehen ospatu bazen ere aurreko hiruekin programaz homogenotasunik ez duelako orain aipatuko dugun ikastaldia 1977ko irailean egin zen Arantzazun. Eliza Ebanjelikoak Euskara Batura Biblia osoa itzultzeko asmoa[5] adierazi zuelarik katoliko eta ebanjelikoz osoturiko taldean-talde bat eratu eta itzulpen-lana garantiaz burutzeko ikastaldi bat antolatu zuen.

Ikastaldi teoriko-praktiko hartan, alde batetik sistematikoki eman zen Itzulpenaren Teoria, Biblia itzultzerakoan aurkitzen diren zailtasunak bereziki argituz, Nida-Taberen[6] joera soziolinguistikoaren ikuspuntutik; irakaslea Prof. Doktor Hans Peter Rüger, Tubingako Unibertsitatekoa izan zen gai honetan, eta bestetik, Mendoza jauna, Bibliaren espainolezko itzulpenen arduradunak, Bibliaren Itzalpen herritarrak gaia azaldu zuen.

1980ko udan eta Iruñean, berriro UEU-aren marko barruan, beste ikastaldi bat antolatu zen itzulpenaren alderdi teoriko praktiko eta profesionalak jarraitzeko. UZEI eta sortzear zegoen Itzultzaile Eskola izan ziren programaren prestatzaile, hiru sail nagusitan:

a) Itzulpen-munduari buruzko informazio orokorra (historia, bibliografia, itzulpen-mota eta joerak...).
b) Euskal Itzultzaileen antolaketa profesionala (erakundea, aldizkaria, ikastaldia).
c) Jardunaldi praktikoak (testu itzulien konparaketa eta kritika).

Itzultzaile Eskolaren Aurretxostena

Euskaltzaindiak, Joan San Martin, bere jagon-sailburuaren bitartez, 1979 urtearen azken aldera, Xabier Mendigureni eskatu zion Itzultzaile-Eskola bat sortzeko aurre txosten bat presta zezala. 1980ko martxoaren 28an jarri zuen eskaturiko dossier aurre projektua Euskaltzaindiaren eskuetan. Itzulpenaren Mundua eta Euskal Itzultzaileen Oinarrizko Prestakuntzarako Eskola[7] zuen izenburua eta hiru atal nagusitan banaturik zegoen:

a) Itzulpena Munduan,
b) Itzulpena gurean
c) Itzultzaile Eskolaren zuinak.

Lehendabiziko atalean, sarreraz gainera honako gaiak erabiltzen ziren: Itzulpena eta Linguistika, Leialtasun eta Baliokidetza Kontzeptuak, Literatur Testuen Itzulpena, Bibliografia eta Itzultzaile-Interpretari-Eskolak CLUTI-ren arabera.

Bigarren sailaren edukina hau zen: Euskara xede nahiz sorburu hizkuntza dela egindako itzulpenen zerrenda, euskal itzulpenari buruzko zenbait gogoeta, euskal itzultzaileen prestakuntzarako ikastaldiak, euskal itzultzaileentzako inkesta, euskal itzultzaileen Lan-Jardunaldia.

Azken sailean, Eskolaren zer-nolakoari heltzen zitzaion bete-betean eta beronen premia aipatu ondoren, antolaketa faseak, itzultzailearen prestakuntza, helburu nagusi eta bereziak, ikasgaiak, irakaslegoa-ikaslegoa eta funtzionamentuari buruzko zertzeladak aztertzen ziren.

Europa eta Ameriketako Itzultzaile-Eskolei buruz jasotako informazioa eta beraien programak aztertu ondoren, garbi ikusten zen Itzultzaile-Eskolaren eginkizuna batipat interpretari edo adierazle lanetarako jendea prestatzea dela; izan ere, biltzarreko adierazleen eta adierazle zinpeko eskaria harrigarriro ugaldu bait da azken urteotako munduan.

Euskararen gaurko egoeran, aldiz, interpretarien prestakuntzari heldu baino lehen, urrena zientzi sail eta alor desberdinetako hizkuntza aurretiaz finkatzearen premia larria dago, hizkuntza teknikoak berea duen zehaztasun eta monosemia lortzeko. Beraz, argi dago lehentasuna duela idatzizko itzulpen-trebakuntzaren fasea aldez aurretik erretzeak.

Bestalde, garai beretsuan argitaratu zen UZEI-ren "Euskara Administrazio Publikoan" (Projektua eta Aurrekontua) lanaren 63. orrialdean agertzen denaren arabera ere zera espero da, Euskaltzaindiak sortu behar duen Itzultzaile-Eskolak itzulpen arrunterako ikastaroak ematea, eta horien ondoren —eta ez lehenago— egin beharko lirateke, UZEIn nahiz egokia den tokitan, Administrazio itzulpenetarako ikastaro berezituak.

Beraz, hasiera hartan Itzultzaile-Eskolaren jardun eremua itzulpen arruntak egiten irakastera, hau da, itzulpen espezializatuak aurresuposatuko lukeen kultura orokor mailako itzultzaile prestakuntza eskaintzera mugatu zen, eta honela geratu zen finkaturik ElOPE (Euskal Itzultzaileen Oinarrizko Prestakuntzarako Eskola) deituaren helburu nagusia: "Euskara eta gaztelaniazko hizkuntz ezagupenak eta literatur historiak, autoreen obrak aztertu eta sakoriduz testu pragmatiko eta literario orokorrak bi zentzutan idatziz itzultzeko gaitasuna ikasleei eskuratzea".

Dossier-Aurre projektua aurkeztu eta berehala eman zuen ontzat Euskaltzaindiak Eskola sortzea eta urte berean, 1980an ireki zituen bere ateak, Donostiako Aurrezki Kutxa Munizipalak behin-behingoz Arbideko Dorreetan utzi zizkion geletan. Hona hemen 30 pertsonetako lehen ikaslego hark lau irakasleren eskutik ikasi zituen ikasgaien zerrenda:

- Euskara eta Euskal Literatura.
- Gaztelania eta Erdal Literatura.
- Linguistika Orokorra eta Estilistika.
- Itzulpen Teoria eta Praktika.
- Euskal-Itzulpenaren historia eta testu-konparaketarako metodologia.

Lehenengo Promozioa (1980-82)

Lehen promozio honen prestakuntzarako bi ikasturte programatu ziren eta lehen urtearen ondoren ikaslegoaren banaketa bat egin zen bakoitzak erakusten zuen gaitasun-mailaren arabera; eta bigarren urtean itzulpen-praktika soila egitera mugatu aren bi taldeok lehendabiziko urtean azterturiko teoriazko ezagupenen ildotik. Bi urtetako lan honen ebaluazioa eginik, gutxienezko gaitasun-mailara iritsi zirenei agiri bat eskuratu zien Eskolak; bere garaian Eusko Jaurlaritzak sortuko duen Diplomaz baliokidetuko den agiria.

Lehen promozio honetako ikaslegoa aski heterogenoa geratu zen bai adinez, jatorriz eta aurre-prestakuntza mailaz nahiz eta sarrerako baldintza gisa denei Euskaltzaindiaren D titulua (oraingo EGA) eta C.O.U. ikasketa-maila eskatu. Bestalde, irakaslegoarentzat ere urte esperimentala gertatu zen, zeren gurean ez bait zegoen era honetako irakaskuntzak beharrezkoak dituen baldintzak eta teknikak bit zitzakeen beste esperientziarik, hasieran aipatu ditugun ikastaldi laburren jarraibideaz aparte.

Ikasgai desberdinen programei zegokienez, lehen urteko behin behinekotasuna gaindituz, edukinak hobeki egitarautu eta dosifikatu ziren maila guztietan. Ahalegin honen fruitu dira 83-84 ikasturterako argitaratuko diren hiru liburuak:

- Itzulpen-teoriazko ezagupenak.
- Itzulgaiak: testu pragmatiko eta literarioak.
- Euskal Itzulpenaren Antologia I.

Oro har, azken hi ikasturteek izaera akademiko trinkoagoa izan dute, bai klaseetako jardunean, urtean zehar burutu diren lan eta azterketetan honetarako garrantzizkoa izan da piskanaka ugalduz doan Eskolako Liburutegiaren laguntza, eta irakaslegoaren gero eta dedikazio osoagoa gaurkoz duen aitzinkontu mugatuak eskaintzen dituen ahalbideen barruan.

Birprestakuntza-ikastaldiak

Azken bi urte hauen barruan Itzultzaile Eskolak burutu dituen ekintzen artean aipamen berezia merezi dute Birprestakuntza-Ikastaldiek.

Eguneroko ikasketa formalak burutzeko aukerarik ez zuten itzultzaile profesional eta irakasle askok eskatzen zituzten beren lanarekin uztargarriak izan zitezkeen ikasketa batzu eta Eskolak, garrantzi handikoa zerizkion eskari honi erantzuri nahirik, 82eko lehen hiruhilekoan, batekoz beste 50 bat ordutako iraupena zuten jardunaldi teoriko-praktikoak antolatu ditu, UZEI-rekin lankidetzan. Ikastaldi hauek itzulpen teknikoa eta literarioari buruzkoak izan dira eta dagoeneko 150 partaide izan dituzte. Oraindainokoan izan zuten arrakasta ikusirik, etorkizun garrantzitsua izan dezaketela uste dugu eta hiru mailatan programatuko dira beraietako ikasketak Eusko Jaurlaritzak aurki sortuko duen Itzultzaile-Gaitasun Agiria eskuratzko baliagarriak izateko eran.

Bestalde, Itzultzaile Eskolak parez-pare antolatu du ingelesetik euskararako itzulpen-mintegi bat ere eta bi urtetan parte hartu du Hezkuntza Sailak IRALEren bitartez bere eskurnenean dauden irakasleentzako antolatzen dituen Birprestakuntzarako Ikastaldietan.

Lehen promozio honen prestakuntzak derrigor izan zituen mugatasun eta hutsuneak ikasle-irakasleen arteko harreman estu eta lankidekorrari esker gainditu ziren neurri handi batean, denek kontzientzia argia bait zuten beren pausoen aitzindari-balioaz.

Balantzea positiboa izanik, bigarren promozio bati begira zenbait aldakuntza eginbeharra nabarmendu zen eta batez ere hirugarren urte batera ikasketak hedatzea, bi urte gutxiegitzat jo bait ziren beharrezko azpiegitura linguistikoz ikaslea hornitzeko.

Bigarren Promozioa (1981-84)

Aurreko urtean bildutako esperientziaren gainean eta nabarmendu ziren hutsuneak bete nahirik, ikasturte berrirako Eskolaren statusa sendotzea eta bere ekintza hedatzea eta Sakontzea erabaki zen.

Eskolak nahitaezkoa zuen egoitza iraunkorra eta Euskal Jaurlaritzaren aurrean egindako gestioei esker, Martuteneko Lanbide Hezkuntzako Ikastetxean lortu zuen kokalekua.

Aldi berean, oraingoz Eskolaren irakaskuntza unibertsitate mailan jartzeak zituen zailtasunak kontuan harturik, FP2-ren marko barruan legezko nortasuna bilatzeari ekin zitzaion eta 82-83, joan den ikasturte honetan, lortu da tramitazio guztia burutzea eta "arautu gabeko irakas-zentru" gisa Eskola onartua izatea.

Edukin akademikoari dagokionez, gero eta ikaslego tipikoagoa etorriko zela aurrikusiz —eta halaxe gertatu da— azpiegitura linguistikoaren ahultasuna errebortxatu beharrak eraginik bi urtekoa izan ordez hirukoa izatea erabaki zen prestakuntza epea. Honela, bada, hobeki dosifikatu ahal izan dira hiru urtetan zehar hasieran bi urtetan bakarrik ikasten ziren ezagupen teoriko-praktikoak.

Gaztelania eta euskaraz gainera, hirugarren hizkuntza baten irakaskuntza ezartzea ere beharrezkotzat jo zen eta horrela sartu zen ingelesa hiru ikasturterako. Ingelesaren ezagupen maila egokia zutenentzat zuzenean ingelesetik euskarara itzulpenak burutzeko mintegi bat antolatu zen.


Oharrak

1. Ibinagabeitia, A. "Orixe Euskeratzalle" (87-177 or.) Orixe Omenaldi. Donostia, 1965.

2. Nida, Eugen. Bible Translating, New York, 1947.

3. Vinay, J.E. - Darbelnet, J. Stylistique comparée du français et de l'anglais. Paris, 1958.

4. Fedorov, A.V. Vudenie u teorijuperevoda. Moskva, 1958.

5. Aurten agertu da asmo haren atal bat: Itun Berria (Elizen arteko Biblia). Lazkao, 1983.

6. Nida-Taber. The Theory and Practice of Translation. Ley den, 1969.

7. "Itzulpenaren Mundua eta Euskal Itzultzaileen Oinarrizko Prestakuntzarako Eskola", (Dossier-Aurreprojektua), Euskera, XXVI (2. aldia). Bilbo, 1981.