Elhuyar eta UZEI: euskara laneko hizkuntza bihurtu nahian
Artikulua PDFn
ABIAPUNTU HONETATIK, AGUR!
Euskararen taupada bakoitza entzunez gabiltzanok gehiagotan izaten ditugu uzkur ibiltzeko arrazoiak poztekoak baino. Oraingoan, ordez, besterik da asmo handiko eta, zergatik ez?, ausarteko aldizkari hau jaiotzen ikustean eta erditzen laguntzean.
Mendian gora doanari igotako malkarrei begiratzeak adorea ematen dion bezala, abiapuntu berri honetatik atzera begiratzeak hatsarte bat eman diezaiguke apika. Orain hamabi urte Elhuyar-koak biltzen hasi ginenean edo duela zazpi urte UZEIren asmoa apetaz hartu genuenean ez genuen asko uste izango urte gutxi barru itzulpenari, terminologiari eta hizkuntzalaritza kontrastiboari buruzko aldizkari bat argitara emango zenik. Gauza batzutan behintzat aurrera goazen seinaletzat hartuko nuke hori gaur jazotzea.
Bidezkoa dirudi, hortaz, eskutan dugun aldaska berri hau ahalbidetu duten iragan hurbileho lanen azterketari ekinez hasteak.
Nork berearen berri ematea izango da errazena eta horregatik nik Elhuyar eta UZEIren lanak aurkeztuko ditut.
1. ELHUYAR KULTUR ELKARTEAREN HISTORIA ETA LAN ESPARRUA
1.1. Elhuyar taldearen sorkuntza
1986 urtearen inguruan. Donostiako Industri lnjineruen Goimailako Eskola Teknikoan, Euskal Herriko beste ikastetxe batsman bezalaxe, Euekal Kultur Taldea (E.K.T.) izeneko mugimendu bat sortu zen. Euskal Kulturak memento hartan pairatzen zuen itolarrian Talde hark ikasle-giroa euskalduntzea zuen helburutzat. Horretarako, zenbait lehiaketa etab. egin ziren.
Iharduera hauek hasieran bultzatu zituztenetako batzu beren ikasketak bukatu eta lanean ari zirela, 1972a inguruan, EKT-k irauten zuen, atzetik etorri zen beste belaunaldi bat asmo hari segida ematen saiatu zelako.
Hasierako haietako batzu eta oraindik ikasle ziren beste hauetakoen talde bat Donostiako "Círculo de San lgnacio” biltokian elkartzen hasi ziren. Beren asmoa egin zituzten ikasketetako gaietan euskara lantzea sen. Hasiera hartan eta ondotxoz beranduago ere taldeak ez zuen legezko egiturarik eta langile finkorik izan.
Larunbat arratsaldeetan egiten ziren (eta oraindik ere egiten diren) bilera irekietan izaten zituzten taldeko partaideek beraien arteko harremanak.
Hasierako taldekideak injineru eta injineru-ikasleak bakarrik baziren ere laster hasi ziren beste lanbide batzutakoak ere biltzen: fisikari, kimikari, etab.
Dena den, Elhuyar izenak berak iradokitzen duen bezala, lanesparrua zientzia eta teknikarena izan da beti.
1.2. Elhuyar aldizkaria
Zientzi eta teknika-gaiez interesatzen diren euskaldunekin harremanak izateko modu bat bezala Elhuyar aldizkaria jaio zen 1974ean. Lau ale atera ohi dira urtean eta inoiz, ozpakizunen bat delako edo, ale bereziren bat ere ateratzen da.
Azken zortzi urte hauetan harpidedunen kopurua 600 inguruan mantendu da gorabehera handirik gabe. Aldizkariaren harpidetza utzi dutenak eta harpidedun berriak paretsukoak izan dira kopuruz, baina utzi dutenak gehienetan euskarazko ekintza bati laguntzeko asmo hutsez egun batean abonatutakoak izan diren bezala, harpidedun berriak zientzi ikasketak egindako unibertsitari gazteak izan dira. Horrek espezializazioa eta funtzionalitatea ekarri dizkio aldizkariari.
Hamar urte hauetan 131 autore desberdinek argitaratu ahal izan dituzte beren artikuluak aldizkari honetan.
Gaiei dagokienez, Matematika, Fisika, Kimika, Biologia, Medikuntza, Informatika, Teknologia elektrikoa, Teknologia mekanikoa eta Zientzi gai orokorrak izan dira erabilienak.
1.3. Udako Euskal Unibertsitateko partaidetza
U.E.U.k, 1973an jaio zenez geroztik, izan du Elhuyar-en partaidetza, bai antolamendu aldetik eta bai irakaskuntzarenetik.
Antolamendu kontutan, besteak beste, Elhuyar-ek U.E.U.-ren Gipuzkoako ordezkaritza darama ia hasieratik.
1.4. Testugintza
1976. urtean Elhuyar Taldea O.H.O.rako ikasliburuak euskaratzen hasi zen Gipuzkoako Ikastolen Elkartearen enkarguz. Urte hartan bi matematika-liburu eta Natur Zientzietako liburu bat itzuli ziren.
Hurrengo urtean bertan taldekidetako batzu matematika-arloko Ian originalak prestatzen hasi ziren.
Bestalde, garai horretan Lanbide-Heziketarako Teknologia mekanikoari buruzko lehen lanak itzuli ziren eta B.B.B.rako testugintzari ekin zitzaion.
1984. urtearen bukaeran Elhuyar-ek egindako testuliburuen katalogoak 43 titulu izango ditu, horietatik 13 B.B.B. eta U.B I. mailetakoak, 19 Lanbide-Heziketakoak eta 1 Unibertsitate-mailakoak. Liburu hauetaz kanpora badira, beste argitaletxe batzuk argitara emandako ikastestuak izan arren, Elhuyar-ek landu dituenak, dela sortuz dela itzuliz.
Gaien aldetik honela banatzen da produkzio hori:
Fisika eta Kimika: 16 liburu
Matematika: 14
Enpresen administrazioa: 6
Teknologia mekanikoa eta marrazketa teknikoa: 2
lnformatika: 1
Teknologia elektrikoa eta elektronika: 4
GUZTIRA: 43
1.5. Terminologia zientifikoari buruzko ikerkuntza
Elhuyar-en lan guztia euskara gai teknikoetara egokitzeko ahalegin bat dela azpimarratzen ari gara behin eta berriro. Asmo horrek eraginda, 1972tik 1978ra Elhuyar taldeak euskara idatzian erabilitako terminologia zientifikoaren azterketa bati ekin zion.
Lan horren berri emanez 1976ko urtarrilaren 2an Euskaltzaindiari txosten bat bidali zitzaion. Txosten hori Euskera aldizkarian (Euskera XII, 1977, 100-109 orr.) argitaratu zen.
Azterketa-lana amaitu ondoren, Mikel Zalbide taldeko lankideak izenpeturik, beste txosten bat bidali zitzaion Euskaltzaindiari eta hau ere Euskera aldizkarian argitara eman zen (Euskera XXIV, 1979-1, 291-305). lkerketaren ondorio bezala, 53.000 sarrerako hitz-bilduma bat osatu zen 150 iturri inguru arakatu ondoren.
Garai hartan egin zen lanari esker eta ikerketari eman zitzaion tratamendu informatizatuaz baliatuz oraindik beste etekinik atera dakioke bilduma horri, hala nola atzizki-aurrizkien azterketa, hitzen luzeren neurketak, maiztasunak eta hauen eboluzioa etab.
1.6. Hiztegigintza
Gai zientifikotan euskaraz lan egin ahal izateko hiztegi aldetik hutsune handiak bete behar izan dira. Elhuyar-ek ahalegin handiak egin ditu arlo honetan ere.
Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialarekin eta Euskaltzaindiarekin elkarlanean 1976an Elhuyar-eko lankide batzu Arkitektur Hiztegia lantzen hasi ziren. Handik hiru urtetara Euskera aldizkarian (Euskera XXIV, 1979-1, 307-327 orr.) lehen hitz-zerrenda bat argitaratu zen.
UZEl jaio zenetik aurrera harreman estuak mantendu ditu Elhuyar-ek erakunde horrekin. Konkretuki partaidetza handia izan zuen jadanik argitaratuak dauden Fisika eta Kimika Hiztegietan eta berehala argitaratzekoa den Teknologia mekanikoaren Hiztegian.
Bestalde, testugintzak etengabeko hiztegigintza eskatzen du, batez ere urratu gabe dauden arlotan.
1.7. Alfabetatze teknikozko ikastaroak
1979tik aurrera garrantzi berezia hartu dute Alfabetatze Teknikozko Ikastaroek (A.T. I.). Saio hauen helburua zientzi teknika gaietako irakasleak, beren eskolak euskaraz eman ditzaten, trebatzea izan da.
Oraindainokoan 500 ikasle inguru pasa dira ikastaro hauetatik.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin lankidetzan egin izan dira azkeneko urte hauetan ikastaro hauek. 1984. urtean zehar Hezkuntza Sailarekin, HABE rekin eta ikastaro hauetaz arduratzeko interesa duten beste erakunde batzurekin bilerak egiten ari gara ikastaroen edukinak, ikasmaterialak, ebaluazio-sistemak, finantzabideak, etab. sistematizatzeko.
1.8. Zientzien berbaldia euskaraz
Hiztegiak planteatzen dizkigun arazoak UZEIren lanak aurkezten ditudanerako utzita, zientzien berbaldia euskaraz lantzeak sortzen digun zenbait buruhauste aurkeztuko dut, adibide gisa.
Hauetako bat —eta ez txikia gainera— adierazpen matematikoen irakurbidea izan da. Pentsa dezakezuenez arlo honek berebiziko pisua du irakaskuntz sistema osoan, esate baterako.
Bistan da gaur egun mundu osoan erabiltzen den notazio matematikoa erabili behar dugula guk ere, baina hori bezain argia da notazio hori ez zela egin euskal sintaxiaren legetan pentsatuta.
Egia esan behar bada notazio matematikoa ez da sortu inongo hizkuntza naturaletako arauak bete behar dituela pentsatuta. Alderantziz, hizkuntza naturalek ez dutelako bere hartan matematikarako balio asmatu da notazioa. Hizkuntza naturaletan egitura sintaktikoa esplikatxeko zentzua kontutan hartu behar izaten da eta erizpide formal hutsek ez dute balio. Matematikak, aldiz, erizpide formal hutsak behar ditu hain zuzen.
Badirudi ba notazioa onartzea ezinbestekoa dela. Han horrela izanik, notazioaren aurrean euskaldunoi planteatzen zaigun arazoa, Martxel Ensunza-k bere Alfabetatze Zientifikoa[1] liburu guztiz gomendagarrian esaten digun bezala, hauxe da:
"x a-rantz doaneko y-ren limitea b-ren berdina da" irakurri? Adierazpen laburra denean hor nonbait, baina luzeagoa denean, esate baterako (aipatu liburuaren 138. orrialdeko adibidea):
Sistema bat asmatu behar izan da, jakina, ohizko hizkuntzaren sintaxia hankaz gora jartzen duena, baina Matematikan ere euskaraz iharduteko aukera eman diguna. Adostasun bat lortu da eta lasai eztabaida dezake Leioako Zientzi Fakultateko batek Altzako Kimika-Fakultateko beste euskaldun batek edozein problema matematiko. Biak ados egongo dira nirekin lehen aipatutako adierazpen matematikoa euskaraz irakurtzeko era honako hau dela:
"f lehen x, berdin, limite delta x zerorantz doanean, logaritmo, a oinarrian, x gehi delta x, ken logaritmo, a oinarrian x, zati delta x".
Edota topologiako adibide bat hartuz (Ensunza 1983, 162. or.)
honela irakurri behar dela:
"Edozein epsilon handiago zerotarako, badago delta handiago zero, non, x ken x lehen balio absolutuan, txikiago delta bada, halabeharrez, efe x ken efe x lehen balio absolutuan, txikiago epsilon den".
Norbaitek espantuz eta harriduraz ikusiko du hau behar bada, baina bi gauza esan ditzaket
- Ez dela buruhausterik gabe lortu irakurketa hau proposatzea eta adostasuna lortzea.
- Orain arte bide hau ezean euskal zientzilari eta teknikariek erabili izan duten beste bide bakarra erdarazko irakurketa dela.
Matematikak planteatzen dizkigun arazoak notazioarekin hasi besterik ez dira egiten. Hau gure arazoak zertan dautzan ez dakien irakurleari argibide txiki bat emateko besterik ez dut azaldu.
Formulazio kimikoak, Biologiako taxonomiak, Informatikak etab. bakoitzak bere berbaldi propioa dute. Honelako eremutan ahalegindu da Elhuyar euskara lantzen lehen aipatutako ekintza-moten bidez.
2. UZEI. HIZTEGI-ARAZOAK
2.1. UZEIren definizioa eta oinarrizko printzipioak
UZEI, lehen hurbilketa batez, euskararen normalizazio-zerbitzurako lantalde izateko sortutako erakunde bat dela esan dezakegu.
Lantalde honek kanpoko beste hainbat lankideren ahaleginak sustatzen eta bateratzen ditu.
Hizkuntzaren prozesuak duen hainbat arazo eta egitekoren artean, UZEI eremu mugatu batekoei bakarrik erantzuten saiatu da ezinbestean.
Hizkuntza baten normalizazioan lexikoarena nahitaezko eta funtsezko oinarria da. UZEIk lexikoaren normalizazio honetan sail bat hautatu du: jakintza eta lanbide desberdinei dagokien terminologia berezituena, alegia. Lexikoaren normalizazioa da, bestalde, teorikoki bederen, gatazka zientifikorik txikienetarikoa eskaintzen duena.
Izan ere, azken urteotako teoria linguistikoetatik abiatuz, hitzak, hizkuntzak osatzen duen sistema horren barnean, sistematizazio txikiena duten elementuak dira. Hauek ere egituratu nahi izan dira, baina zerrenda zedarrigabeak osatzen dituztelarik, oztopo handiak aurkitu dituzte hizkuntzalariek eta badira sistematizazio batera iristeko modurik ikusten ez dutenak ere.
Azterketa lexikologikoak zentzurik ba ote duen planteatu du zenbait estrukturalistak, esate baterako. Hiztegia irregulartasunen zerrenda baldin bada hizkuntzalariak ez luke ikuspegi honetatik lexikologiaz zertan arduratu, hizkuntzaren alderdi sistematikoa arakatzen ari denean. Badirudi, hauxe izan dela, hain zuzen ere, hizkuntzalaritzaren beste adar batzuren aldean, lexikologia gutxi landutako arloa luzaro izatearen arrazoia.
Bloomfield-ek eta estrukturalismo amerikanoak ere zentzua haintzakotzat hartu ez zutenez ez zezaketen lexikologia gogoko izan.
Nolanahi dela ere, bi baieztapen egin daitezkeela uste izan dugu beti.
- Hiztegia dela hiakuntzaren alderdirik aldagarriena edo, bestela esateko, maila honetan egiten diren aldaketak eta berrikuntzak direla hizkuntzaren sistemari gutxien eraso diezaioketenak.
- Hizkuntzaren normalizazioak sorkuntza literariorako mintzaira ezezik adierazpide zientifiko, filosofiko, juridiko eta oro har intelektualetarako tresna behar duela. Horretarako hizkuntzaren baliabideak aberastu behar direla terminologia aldetik.
Honek ez du esan nahi arazoa hor amaitzen denik, gramatika eta estilistika-mailako problemak ere berehala topatzen bait dira bidean, geroxeago adieraziko dudan legez.
Azken puntu honi gagozkiolarik, esan beharra dago UZEIko hiztegigintza ez dela inoiz zerrenda-mailan soilik landu, batzutan argitalpen-eskakizun batez ere ekonomikoek zerrenda hutsak kaleratzera behartu bagaituzte ere.
Aipatu ditugun helburuei erantzun nahiean eta hizkuntzaren egoerak eskatzen duen hainbat eta hainbat eremu lexikal bete beharrak eraginda, UZEIk zenbait talde jarri ditu lanean hiztegi bereziak eta aurrerago aipatuko ditudan beste lanak egiteko.
2.2. Egindako lanak
Aipatutako erizpideak eta behin baino gehiagotan gure ahalmenak gainditzen dituen eske sozialak bultzatuta, era desberdinetako eta are desberdinegietako lanak egin ditugu. Ondoko lerroetan lanon enumerazio bat egiten saiatuko naiz:
a) Hiztegigintza
Jakintza desberdinetako espezialisten lankidetza guztiz garrantzitsuari esker, hiztegi teknikoak landu eta argitaratu ditugu: Fisika, Politika, Kimika, Psikologia, Ekonomia, Matematika, Hizkuntzalaritza, Artea, Filosofia, Administrazioa, Trafikoa, Enpresa, Kiroldegia izeneko kirol-hiztegi txikia, Estatistika, Animalien eta Landareen izendea, Liseriketa, Teknologia mekanikoa, Zuzenbidea, Futbola eta Finantzak.
Laster argitaratzeko moduan dago Erlijio-hiztegia ere eta hainbat lan egin da Historia-hiztegia, Medikuntza-arloko zenbait hiztegi, Eraikuntza- eta Hirigintza-hiztegiak eta Literatur-hiztegia aitzinatzeko. Berrikitan Soziologia-hiztegiari ere ekin diogu.
b) Oinarrizko lan teorikoak
Hiztegi huek lantzeko, UZEl berehala hasi zen zenbait oinarri teoriko finkatzen bere barne-lanerako. Azken finean, oinarri teoriko horien eta talde-lanaren emaitza dira hiztegiok.
Lan teoriko guztien abiapuntua ordu askotan zehar prestaturiko txosten batzu izan ziren. Ondoren, txosten horiek eztabaidatzeko, 1978ko abenduan, gure lantegian bilduta egon ziren barne-lankideak Euskal Herriko hainbat hizkuntzalari eta hiztegigile ezagunekin.
Hiztegi teknikoetarako hitz-eraketazko lexikologi erizpideen finkapena izan zen saio haien helburua, behin eta berriz erabaki lexikal puntualak hartzen ibiltzeak lituzkeen arrisku ikaragarriei ihes egin eta erizpide amankomun batzutan funtsatu ahal izateko.
Zeregina, bilera batzutan burutzeko, handiegia zela ikusirik esku artean genuen arazo-multzo ugaria atalkatzea erabaki zen eta hasikin gisa bost gairi buruzko txostenak prestatu ziren:
- Lexiko-sorkuntzarako bideak.
- Maileguzko hitzak: ebakera eta idazkera.
- Eratorpena.
- Hitz-elkarketa.
- Gainerako baliabide sintagmatiko lexikalak.
1978ko Gabonetako bilera haietan egindako kritika sistematikoari esker, argitaratutako hiztegietan nabari daitekeen aski bateratasun-maila handia lortu da, inoiz, geroztiko eskarmentuak erakutsitakoagatik egin diren aldaketek edo hutsegite handixeagoek nahiz txikixeagoek, orduan hartutako zenbait erabaki saihestera eraman bagaituzte ere.
Geroztik hasierako zirriborro haiek umotzeko eta osabetetzeko borondatea eta zenbait lankide finen inurri-lan eskerga (bi zentzuetan) ez da falta izan.
"Maileguzko hitzak: ebakera eta idazkera" izan zen liburu bihurturik 1981ean plazaratu zen lehen fruitua, lan urte luzetan zehar asko aberastu eta gero.
Zorionez, UZEIk ez bezalako itzala eta erantzukizuna duen Euskaltzaindia ari zaio azken boladan aspalditik arlo honetan zegoen erabaki-premiari erantzuten, denon mesedetarako. Orain arte Euskaltzaindiak hartutako erabakiek erakusten digutenez, guk etxe-barrurako proposatu genituen behin-behineko erizpideak ez zihoazen desbideratuegiak eta haietan oinarritutako lanak beste balio bat hartzen duelakotan gaude.
Oraintxe bertan hitz-elkarketari buruzko azterketa aurrera doa, hain gai korapilotsua arakatzeko euskal literaturaren luze-zabal osoan murgilketa sakonak egitera behartu ondoren. Oraindik ere ondorioak ikusteko betazalak ederki erresumintzerainoko ordu txikiak arteko saio luze ugari beharko den arren, ez genuke luzaz berantetsi nahi lan honen zain dagoen hainbat lankide.
c) Informatizazioa
Berehala ikusi genuen, teknologia modernoak eskaintzen duen tresneria baliotsu hau erabili ezean, hiztegigintzak setatsuenari ere gainez eragin diezaiokeela.
Hasiera batean informatika-etxe baten zerbitzuak jarri digun irizpidean ordenadorearen laguntza. Azken urte pare honetan etxean dugu ordenadorea eta bertan ari gara hiztegigintzak behar dituen programa bereziak egiten. Izan ere gure lan berezirako ez bait daitezke software-produktu komertzial egokiak salgai aurkitu. Sail honetan etengabeko sorkuntza daukagu eta apurka terminologi banku baten oinarriak ipintzen ari gara.
d) Erabileraren ikerketa
Bi eratako ikerketak aipatu nahi nituzke arlo honetan:
1) Hiztegiak egiteko burutzen diren hustuketak
Zenbait sailetako hiztegiak egiteko oso garrantzizkoa da euskal literatura osoan erabili den eta are gaur eguneko ahozko hizkuntzan erabiltzen den hiztegia aztertzea. Adibiderik azpimarragarrienetako bat animalien eta landareren izendegia izan daiteke. Batetik hiztegi estandardizatuaren beharra dute zoologoek edo botanikoek eta bestetik arlo honetako hiztegiak euskarak berak bezain historia luzea du. Bilketa-lan sakona egin da eremu honetan. Jasotako bilduma aberatsegia da alderdi batetik animalia edo landare askok herritik herrira eta autoretik autorera izen desberdinak hartzen dituelako eta beste alderdi batetik berriz hutsune asko bete behar izan dira hiztegia osatzeko, taxonomia zientifikoak eskatzen duen zehaztasunari hiztegi tradizionalak inolaz ere erantzuten ez diolako.
Beste zenbait hiztegi egiteko, Informatikakoa esate baterako, horrelako azterketa batek ez dezake askorik eman, jakintza hau guztiz berria eta euskaraz oso gutxi landua delako.
Euskal literaturako testuen hustuketari buruz ohar bat egin nahi nuke. Lexiko-sorkuntza modernorako egiten den testuen hustuketa eta hiztegi historikoa osatzeko egiten dena ez dira erabat berdinak. Horrek ez du esan nahi batak bestearekin zerikusirik ez duenik. Alderantziz, irrika bizia daukagu horretarako gai direnek, espero dugunez luzagabe kaleratuko duten hiztegi historikoa eskutan edukitzeko eta erabiltzeko.
Haatik, orain arteko esperientziak erakusten digunez, hiztegi berezituak egiteko iraganeko iturrietara jotzen denean testu bakoitzak espezialitate desberdinetatik egindako irakurketa desberdinak eskatzen ditu eta testu bat ez daiteke inoiz hustutzat eman, zeren eta bai bait dakigu beste ikuspegi batetik irakurtzen denean testu horrek idarokizun berriak eskainiko dituela.
Ez dakit ipiniko dudan adibidea oso egokia izango den baina esango dudana hein batean bederen argigarria gerta litekeela uste dut.
Adibidez, klasiko bat irakurtzen ari dena injineru mekanikoa baldin bada "Ezpata landatzen dio bihotzaren gainean" dioen pasartera iristen denean berehala etor dakioke burura laza bati buruz ingelesez "to tail", frantsesez "encastrer", alemanez "eispannen" edo espainieraz "empotrar" esaten dena. Egia da hustutzen ari den testuinguruak ez duela ez lazekin eta ez eraikuntzarekin zerikusirik, baina testuinguru horretako konnotaxio guztiak alde batera utziz, landatu aditzak hor adierazten duena aipatutako kontzeptu teknikoari dagokio oso osorik: gorputz batean hau bain askoz lerdenagoa den beste gorputz baten muturra sartu (bigarren hau ekintza horregatik beste irozkairik gabe sostenga-turik geratzeraino).
Nekez hel liteke medikua, filologoa, ekonomilaria edo apaiza konstataxio hori egitera.
Irakurle bakoitzak bere formazio (eta are deformazio) profesionalak ezartzen dizkion betaurrekoak jarrita irakurtsen du testua. Honek ez du autore klasikoaren azterketa linguistiko edo literarioaren ikuspegitik inolako interesik noski, baina hizkuntzaren modernizaziorako lexiko-sorkuntzarako oso gogoan izatekoa da eta izaten dugu.
2) Azken urteotako erabileraren azterketa
Ikerketa-mota honen helburua beste bat da, euskararen modernizazio-prozesuan lexikoaren sorkuntza eta erabilera praktikoa nolakoak diren aztertzea, hain zuzen.
Batez ere irakasmunduko eta komunikabideetako terminologiak ari gara arakatzen. Eremu hauetan erabili edota erabiltzen den terminologiaren ezaugarriak aztertu nahi ditugu: jakintzagaiz jakintzagai, autorez autore, irakasmailaz irakasmaila etab. hiztegiaren bateratasun-maila, sinonimi eta polisemi mailak, lexiko-sorkuntzarako bide desberdinen eta eraikuntza sintagmatikoak eratzeko hedabideen erabilerak ikertzen ditugu.
Azken urteotako lexikoaren egitura nolakoa den eta ohizko ondare lexikalarekiko gertatzen ari diren berrikuntzak ezagutu nahi ditugu. Kontutan eduki behar bait da hizkuntzaren normalizazioak hizkuntz ohituren aldaketa suposatzen duela. Prozesuan zehar zer mantentzen den eta zer aldatzen, azaltzen diren problema berriak zein diren etab. ezagutzea oso beharrezkoa da.
e) Kontsultategia
Gure lana ez daiteke akademiko edo zientifiko hutsa izan; gizarteari zerbitzu praktikoa eskaintzera iristen ez bagara ez dezakegu esan gure helburua atzeman dugunik. Argitaratzen diren lanek neurri batean soilik balio dute zerbitzu hori emateko. Etengabe datoz guregana oso era desberdinetako galderak.
Batek galdetuko dizu Natur Zientzietako klasean duten arranontziko ur gezatako Unio jeneroko halako muskuiluri (ala txirlari?) nola deitu behar dioten euskaraz, hurrengoan plastikako irakaslea etorriko zaizu ea nola arraio esan ditzakeen euskarak "azul celeste", "azul ultramar", "azul marino", "azul cobalto", "azul turquesa", "azul azafata"... Horrelako kontsulta puntual baten ondoan etor dakiguke eta etortzen zaizkigu maiz herri bateko Udaleko euskara-zerbitzuak egin duen denda eta lantegietako ageriko idazkien bilduma (“helado de avellana", "fonda", " hospedería", "hotel", "hostal", "motel", "pensión", "casa de huéspedes", "veteranos", "senior", "junior", "juvenil","infantil"," mini -infantil", "benjamín","alevín", "cadete") edo administrazioaren halako sailetako bulegoak behar duen termino-zerrenda edo hirigintza-arloan herri batean Arau subsidiarioen jendaurreko erakusketa euskaraz egin nahi dela eta hango terminologia osoa ("aguas residuales", "aguas fecales, "aguas negras, "aguas pluviales",... "vial", "camino", "acceso",... "cornisa”, "marquesina", ”voladizo"...). Kontsultategi honen mesederik handiena ez da erantzuterakoan premia jakin hari ebazpena eman izana baizik eta beharrizanen ezaugarrien berri guk izatea erantzun sistematizatuagoak eman ahal izateko.
f) lrakasmalerialgintza
Denbora luzean eginkizun honetan ez dugu sartu nahi izan, dena esan behar bada, baina zenbait arlotan dagoen premia larriari erantzun beharra dagoela ikusirik heldu egin diogu lan honi ere.
Bestalde aitortu beharra dago hiztegiaren baliozkotasuna testuinguruan probatzeko eta hiztegia berbaldian txertatzerakoan aurkitzen diren arazoak nabarmentzeko bide paregabea dela testugintza. Ildo honetatik abiatuz egin ditugu Historia BBB-1, Artearen Historia UBI, Natur Zientziak BBB-3, Filosofia BBB-3, Filosofia UBI, Psikologia, Ekonomia, Marrazketa BBB-1 liburuak.
g) Alfabetatze teknikozko ikastaroak
UZEIk ikastaro hauetarako batez ere b) puntuan aurkezten ditudan lan teorikoetan oinarritutako materiala azaldu izan du.
2.3. UZEIko metodologiaren oinarriak
a) Hustuketa
Lehen ere aipatu dut gure lanean berebiziko garrantzia duela lehengo euskal iturrietara jotzeak. UZEIko lanen oinarrian gure lehendikako literaturaren hustuketa, datu-bilheta, dago. Lehendik euskarak dituen hiztegi orokorrek, jakina, laguntzarik estimagarriena ematen digute.
b) Lexiko-beharrizanen azterketa
Alderdi honetatik zientzia bakoitzak bere baitan dituen premiak ezagutzen ahalegintzen gara. Lan honetan espezialistek dute hitza gehienbat.
c) Inguruko hizkuntzetako hiztegiaren azterketa
Euskal harrobian duguna ezagutu ondoren eta lan bakoitzaren helmuga lexikal berezitua non dagoen ezagutu ondotik, inguruko hizkuntzetan zer dagoen aztertzen ahalegintzen gara arlo jakin bakoitzean. Hizkuntza horietako hiztegi berezituak (eta orokorrak) bilatzen ditugu, ahal dela espainiera, frantsesa, ingelesa eta alemana gogoan izanik: hiztegi eleaniztun berezituek balio berezia dute guretzat.
Hitz-zerrenda eleaniztunak arakatzeak eta lantzeak baditu, gure ustez, alde on zenbait, hala nola espainierarekiko menpekotasunetik alde egitea, euskararen zenbait baliabideri etekin hobea ateratzeko idarokizun aberatsagoak jasotzea, alemanaren konposizio-sistema gogoan izanda adibidez, hizkera teknikoen nazioartekotasuna haintzakotzat hartzea etab.
d) Disziplinarteko elkarrizketa
Normalizaziorako lantzen ari garen arloetan erantzun koherente, homogeno eta orohartzailea lortu nahi genuke.
Zientzi-sail desberdinen arteko interferentzia lexikalak oso ugariak dira, ordea, kulturan, eta horregatik disziplinarteko elkar hizketa guztiz beharrezkoa da.
e) Testu jarraituen lanketa
Hitz-zerrendak beti ere testu jarraituaren probalekua beharrezkoa du. Horregatik, ahal den guztietan, hiztegiak idazlanetan erabilita agertzen saiatzen gara.
f) Erabiltzaileak hiztegigintza-prozesuan integratzea
Hizkuntzaren normalizazio-arauak gizarteak zilegiztatzen ditu azken finean. Sortzen den hiztegia erabiliko den segurantzia izateko onena eremu bakoitzean hizkuntz eragile izango den profesional-taldea hiztegigintza-lanetan txertatzea da.
g) Kontzeptu-sareen azterketa
Hiztegigintza berezituan, jakintza sistematizatuen eskakizunei era egokian erantzutekotan, arreta handiz ikertu behar dira zenbait sema erkide dituzten hitz-abanikoak. Kasu honetan aztertu nahi izan da alde batetik hitz-abaniko horiek zer-nolako zatiketa daukaten beste hizkuntzetan (ea kontsultatutako hizkuntza guxtietan zatiketa berdina egiten duten) eta honen arabera ikusi nolakoa egin beharko genukeen euskaraz, eta bestetik, euskaraz erabaki lexikalak ematean maila honetako polisemia arbuiatu.
Honek bete-betean hizkuntzalariak eta zientzia bakoitzeko espezialistak elkarlanean jartzera garamatza. Hizkuntzalariak zenbait erizpide eskainiko dio espezialistari eta honek, aldiz, jakingo du zientzia horren lexikoaren nondik norakoa, zer berezi behar den, zer ez, zenbait erabaki lexikalen praktikotasunik eza, mugak, etab.
h) Proposamenduak eta kritika
Hauxe izan liteke gure hiztegigintzaren ezaugarririk propioenetako bat: proposamen eta kritikaren joan-etorriko dialektika prozesuan zehar behin eta berriro erabiltzea.
Kontzeptu-eremua zedarriztatzeko proposamenari espezialisten kritika dagokio, euskal ordainen proposamenari, berriz, UZEIko lankide guztiek edo gehienek, hiztegia egiten parte hartzen dutenek, euskal hiztegigintzan ari direnek, beste zenbait erakundek, egiten diote kritika.
Materialak beren kritika eta guzti itzultzen zaizkigunean erantzun guztiak batu egiten dira zerrenda bakar batean eta horren gain hartzen dira gure erabakiak, nahiz eta beti geratu zalantzazko zenbait hitz azken argitalpen-unera arte.
2.4. Lexikologiazko zenbait erizpide
Hasiera-hasieratik izan da UZE1ren kezka lexiko-sorkuntzarako iturriak arakatzea, alde batetik euskararen barne-funtzionamendua aztertuz eta bestetik nahitaezko diren hitz mailegatuak etxeratzeko moduak ikusiz.
Lexikoaren azterketan eratorpena, hitz-elkarketa, zabalkuntza semantikoa, berrezarpen lexikala, berrikuntza fonologikoa eta eraikuntza sintagmatikoak dira UZEIn bereziki estudiatzen diren gaiak.
Eratorpenari dagokionez, azpimarragarriena sailkapen-erizpide berri batzutan barrena abiatzea izan daiteke; egungo joera linguistikoak kontutan hartuz eta Azkuek, edo Villasantek beranduago, egindako lana jasoz, urrats berri batzu eman nahi izan dira.
Antzerako zenbait esango genuke hitz-elkarketari buruz, eta, esandakoaz gain, beste zerbait azpimarratu beharko litzateke: egungo hiztun gazteak galtzen ari diren konpetentzia berreskuratu nahia, albo-hizkuntzen eraginez galtzen ari garen konpetentzia geureganatzeko asmoz.
Zabalkuntza semantikoa, berrezarpen lexikala eta berrikuntza fonologikoa gai labainkor samarrak dira. Jaso dugun tradizio batetik abiatuz, hainbat eta hainbat aldiz ikusten da hitz batek ez diola erantzuten osoki adierazi nahi dugun kontzeptu bati, baina, historia barrena hitzen eremu semantikoak aldatu egiten dira eta, bide hau baztertuz gero, hitz mailegatuek sarrera handiagoa lukete.
Lexiko-sorkuntzan zabalkuntza semantikoa eta berrezarpen lexikala kontutan hartu dira; izan ere, orain arte euskaraz esan ez bada, ezin izango da sarritan kontzeptu bati ehuneko ehunean erantzuten dion hitza aurkitu, baina, bai hurbiltzen zaionen bat. Gainera bide hauek baztertzeak, kontzeptu haiek sortu dituen hizkuntzako hitza hartzera eramaten gaitu, hark bakarrik jasoko bait ditu kontzeptuak izan ditzakeen konnotazio guztiak.
Zabalkuntza semantikoak sortzen dituen arazoez ohartuta gaude. lzan ere, zabalkuntza semantikoaren bide sortutako zenbait hitz artifizialegi gerta dakioke euskal hiztunari eta bestalde, oinarri bezala hartu den hitzaren eremu semantikoa aldatzeak, bere mugakide diren hitzekiko harremanak ere aldatzea esan nahi bait du.
Berrezarpen lexikalak ez du zabalkuntza semantikoak adinako arazorik sortzen, hitza hilik dagoelarik, berpiztean ez da euskal hizkuntzarentzat artifizial-kutsurik izango behintzat.
Zabalkuntza semantikoaren eta berrezarpen lexikalaren mugak ezartzea, hots, zein neurritan aplika daitezkeen erabakitzea, erraza ez den bezala, berrikuntza fonologikoarenak ere ez. Historikoki horrela sortutako hitzak oihartzuna izan badute onartu dira, baina, ez da bide hau iturri emankorrenen artean sartu orain arteko gure praktikan.
Puntu hau apur bat argitzeko zenbait ohar egingo ditut. Hizkuntz zeinua arbitrarioa dela eta, behin baino gehiagotan galdetu izan da, eta oso leku desberdinetan galdetu ere, ea zergatik ez den hiztegia aberasten are huts-hutsetik sortutako hitzekin ere, baldin eta hauek hizkuntzaren fonologi sistemarekin ados badaude. Adibidez, proposa nezake oraintxe bertan tresna asmatu berri bat izendatzeko "karratela*" hitza. Nik dakidala bederen "karratela*" euskal hitza ez da orain arte izan, baina badirudi gure ohizko soinuen konbinazio zilegi bat dela. Bide hau onartuko balitz, teoria hutsean behintzat, sekulako iturria izango genuke prozedura honetan hitz berriak sortzeko.
Eragozpena ez dator fonologiaren aldetik, komunikazio-zailtasunen aldetik baizik. Deus ere iradokitzen ez diguten milaka zeinu ikasi beharra ezinezkoa litzaiguke gizarte-mailan.
Hainbesteraino heldu gabe ere egin izan dira gure hizkuntzan antzeko gauzak.
Batez ere Sabino Aranaren garaitik 1936ko gerrara bitarteko urteetan "lutelestia" (geografia) edo "notin" (pertsona) bezalako hitzak sortu zituzten maileguzko hitzei ihes egiteko asmoaz. Tankera honetako sorkuntzek izan dute zenbait kasutan arrakasta: "argazki", "ikurrina", etab. baina oro har lexiko sorkuntzarako bide hori etenda dago gaur gaurkoz.
2.5. UZEIko hiztegien izakera eta egitura
Lexikografi lanen tipologia bera egitea arrunt lan gaitza denez, ezin izan erraza UZEIko hiztegiak zer motatakoak diren esatea kanpoko hiztegiekiko konparazioa oinarritzat hartuz.
Besteak beste, kontuan izan behar bait da egoera anormal batean sortuak eta helburu anormal baterako eginak direla.
UZEIko hiztegiak nolakoak diren esatea baino nolakoak ez diren esatea agian errazagoa izango da.
Ez dira behintzat autore baten, obra baten edo autore-nahiz obra-sail baten hiztegien bildumak euskarari dagokionez.
Hala ere esan beharra dago hiztegi eleaniztunak direnez, euskararekin parekatzen diren beste hizkuntzetako hitzak hizkuntza horietako erabileran eta erabilera hau deskribatzen duten hiztegietan aurkitzen direnak direla. Gure hiztegietan ageri diren euskal hitzak erdal hitzen ordain gisa proposatzen dira, hizkuntza horietako erabileran eta erabilera hau deskribatzen duten hiztegietan aurkitzen direnak direla. Gure hiztegietan ageri diren euskal hitzak erdal hitzen ordain gisa proposatzen dira.
Horrek ez du esan nahi proposamen guztiak erabat berriak direnik ezta gutxiago ere, gure iturririk nagusiena beti ere ohizko ondare lexikala izan dadin saiatzen bait gara eta horretarako euskal hiztegi orokorrak (Azkue, Lhande, Kintana, P. Mugika, L M. Mugika, S. Pouvreau, Tournier-Lafitte, Retana, Larramendi, Aizkibel, etab.) eta gaurko ahozko hizkuntza ditugu gidari.
Gure Arte-hiztegian esate baterako baliokidetza hauek aurki daitezke:
actitud = jarrera
acumular = metatu
aguja = orratz
ajuar = atu
alacena = arasa
arruga = zimur
baile = dantza
blanco = zuri
brillo = distira
cabaña = txabola
campanario = kanpandorre
cementerio = kanposantu; hilerri
chaflán = alaka
éxito = arrakasta
formón = trintxa
fragua = sutegi
imagen = irudi; imajina
mueble = haltzari
plomo = berun
salida = irteera
suceso = gertaera; jazoera
Beste zenbait kasutan, askotan, euskaraz inoiz erabili ez den kontzeptu batentzako ordaina proposatzen da.
Ohizko ondare lexikalak ez du honelakotan zuzenean ebazpiderik eskaintzen, baina hizkuntzan ohizkoak diren lexiko-sorkuntzarako bidetatik abiatuz eta maileguzko hitz berriak onartzera jo gabe ere egiten dugu hainbat proposamen.
Askotan erabiltzen dugu eratorpena ohizko ondare lexikaleko hitzetatik kontzeptu berriei legozkiekeen ordainak sortzeko. Oraingoan gure Hizkuntzalaritza-hiztegiko adibideak dakartzat. Esate baterako:
accesibilidad = eskuragarritasun
acomodable = egokigarri
anteriorización = aurreratze
apelación = deikuntza
arbitrariedad = hautazkotasun
bilabial = ezpainbikari
co-aparición = agerkidetza
conmutativo = trukakor
decadente = gainbeherakor
enmudecimiento = mutuketa
interiorización = barnerakuntza
labializacion = ezpainkaritze
predictor = aurresale
reagrupacion = birtaldekatze
traslativo = lekualdatzaile
Maiz hitz zaharrak berregokitzen ditugu aski mekanismo konplexuz baliatuz: berrezarpen lexikala eta/edo zabalkuntza semantikoa eta/edo kalko semantikoa eta/edo berrikuntza fonologikoa (azken hau aipatutako mugapen handiekin bada ere) etab.
Adibide bila Matematika-Hiztegira joko dut oraingoan:
adherencia = atxekidura
aleatorio = zorizko
anillo = eraztun
campo = eremu
casquete = txapel
cóncavo = ahur
desarrollo = garapen
intersección = ebaketa
intervalo = tarte
operador = eragile
óctuplo = zortzikoitz
orientado = norabidatu
potencia = berredura
progresión = aitzinapen
radicando = errokizun
rectificación = zuzendapen
Espezialitatetako hiztegiak lantzen ditugunez, ulertzekoa da batetik kultura grekoan oinarritzen den zibilizazio honetan agertzen zaigun hainbat nazioarteko terminori ateak zabaltzearen zergatia eta bestetik komunikazio zientifikoak dituen eskakizunak bete nahi dutugularik, batez ere polisemia izugarri puztu gabe beti harrobi propiora jotzerik ez dugularik, maileguzko hitzez ere baliatzeko dugun beharra ere garbi dago.
Inor gutxik defendituko du gaur egun maileguzko hitzak zeharo gaitzetsi behar ditugunik. Oraindik ez da asmatu garbizalekeriaren eta mordoilokeriaren arteko mugak hiztegi-kontutan non dauden erabakitzeko metroa. Guk arazoa bestela planteatu dugu. Maileguak hartzekotan hauek nola idatzi eta nola ahoskatu behar diren da edo izan da gure buruhaustea. Saiatu gara problemak sailkatzen eta irtenbideak proposatzen eta gogoeta horren fruitua Maileguzko Hitzak liburua izan da.
Era askotako zalantzak sortzen dira: garai batean maileguak egokitzeko indarrean zeuden lege fonologikoak, zenbateraino daude gaur egun bizirik?, egokitzapena egiteko garaian zeri begiratu behar zaio? hitzaren etimologiari ala gure fonetikari?, zein bidetatik iristen zaizkigu maileguak? begietatik ala belarrietatik?, hots, zer da hobea, jatorrizko grafiari kasu egitea ala gure ahoskatzeko moduari? Erraztasunari begira hobe litzateke arau orokorrak ematea, baina, nolanahi dela ere, salbuespenak egin beharra dago erabil-ohituren, maileguak duen zahartasunaren etab.en arabera.
Ez da berbera "gaztaina" bezalako mailegu zahar bati buruzko erizpidea eta oraintsu arte behar izan ez dugun "katodo"-ri buruzkoa. Beste hizkuntzetan bezala hizkuntzaren erregistro desberdinei dagozkien hitzak tratamendu desberdina izan behar dute. Gaztelaniazko ”obra" eta "ópera" edo "actor", "factor" eta "hacedor" hitz desberdintzat hartzen diren bezala, euskaraz ere "erretore" eta "errektore" edo "istoria" eta "historia" egon beharko dute.
Horregatik aurkituko dituzue gure hiztegietan "spin”-en ondoan "ispilu" eta "izpiritu", "errota" eta "erreserba"-rekin batera "arratoi" eta "radon" etab.
Desberdintasun horiek denak, ordea, aldez aurretik ezarritako erizpide batzuren ondorioak dira.
Gure hiztegiek izan ditzaketen aje guztien artean, eta seguru asko akatsok ez dira gutxi izango, nabarmenena ez dut uste homogenotasunik eza izango denik.
Orain arte esandakoak elementu lexikal bakunei buruzkoak izan dira. Dena den, problema asko eta asko esanahi-unitate luzeagotatik datozkigu eta hemen morfosintaxiaren arazoekin topo egiten dugu.
Kultura modernoan oso ugariak dira elementu lexikal soil edo bakun batez adierazi ordez "hitz-katea" luzeagoen bitartez aditzera ematen diren kontzeptuak.
Hitza zer den eta hiztegietan azaldu behar duten sarrerak zein diren eta zein baztertu beharrezkoak bukaerarik gabeko eztabaidagaiak dira.
Esate baterako, "artaburu" adierazleari "artoaren burua" semema dagokio. Adierazle horretan murgiltzen bagara bi adierazle-zati aurki ditzakegu: "arto" eta "buru" eta hauetako bakoitzari semema bat dagokio. Hauek ordea ez daitezke gehiago zatika; esanahi-unitate minimoak direla esan dezakegu. Unitate hauek "monemak" direla esaten dugu eta zenbait monemaz osatutako adierazleak berriz "sememak" direla.
Gure kasuan beste arazo bat planteatzen zaigu, gure hiztegiak euskararen itzulgarritasuna bilatzen dute hedadura handiko hizkuntzekiko, beraz gure hizkuntzak ez dituen hedabide sintagmatiko batzuren bidea sortutako esanahi-unitate konplexuen ordainak ematen ahalegindu behar dugu. Horrek bi ondorio ditu berekin: euskal hedabide sintagmatikoak ezagutu beharra eta erdal eraikuntza sintagmatikoak euskaratzeko bideak bilatu beharra. Arazo hau hiztegi soilean azaltzen ez bada zalantzarik ez izan testu jarraian agertuko dela.
Inguruko hizkuntzekiko desberdintasun nabarmenak ditugu alderdi honetatik. Bi oso nabariak aipatzeko preposizio-bidezko hedabidearen falta eta oraintxu arte izan dugun adjektibo erreferentzialik eza aurkeztuko nituzke.
Euskaraz beste bide batzu ditugu izenaren multzotik abiatuz izen-sintagma luzeagotara jotzeko:
1) Ezker hedabideak
- Izenlagunaren bidea. Izenaren multzoaren ezkerreko aldetik -ren atzizkiaren bitartez edota erlazio-atzizkien eta -ko atzizkiaren bitartez: “Newton-en legeak”, “ilargirako bidaia".
- Konposizioaren bidea. Izen batekin ezkerreko aldetik muga dezakegu gehiago haren esanahia: “lasterketa” baino zehatzagoa da esate baterako “zaldi-lasterketa”.
- Izendapen berezia izen arruntaren ezkerretik ezarriz. Esate baterako: "EGA titulua", “Bessemer prozedura”.
- -dun eta -tar atzizkien bitartezko ezker-hedabideak: "arantzadun alanbrea",“Boolear algebra”.
2) Eskuin hedabideak
- Adjektibo bidezkoa. Izenaren tasunak zehazteko bide dugu. Izen + adjektibo multzoak maiz topatzen dira berbaldian. Hauetako askok ez dute inolako lexikalizaxiorik "hautsontzi garbi”, “landare eder"...; baina beste batzu bai: "izen arrunt”,“zenbaki oso"... Horrelako zenbait multzo lexikalizatuta ezezik ihartuta edo fosilduta ere aurkitzen da, hots, izenak eta adjektiboak elkarturik emango luketen esanahiaren ordez horrelako multzo batek erabiliaren erabiliz beste esanahi bat hartu du. "Katagorria" ez dira katuak eta batzu ez dira gorriak ere.
- Eskuineko izenlagunaren bidea. Nahiz eta ezkerreko izenlagunak adina ez erabili, bide hau ere badugu. Batez ere forma fosildutan azaltzen zaigu gaur egun: “Ama Doloretakoa”, “aingeru goardakoa”, "zezesuzkoa", baina inoiz ondo etortzen zaigu beharrizan berrietarako ere: “baldintza beharrezkoa eta nahiboa”, Matematikan, esate baterako.
- Eskuineko aposizioak. Aposizioak ere gehienetan ezker-hedapenak diren arren, erabilera jakinetan eskuin hedapenak ditugu: "aita Donostia", "osaba Tom"...
- Postposizioak. Hizkuntz erromanikoetan behinik be-hin preposizioen edo funtzio presposizionalen bidez egiten diren hedapenak euskaraz postposizioez baliatuz egiten dira batzutan: ”irrati bidez”,”adibide gisa”...
- Eskuin hedapen sintaktikoa. lzenlagunaren bide ezker-hedapen edo eskuin-hedapen bezala erabili ordez hauta dezakegun beste bide bat da: "urez asetako lurra" esan ordez esan dezakegu "lur urez asea", esate baterako.
Gure inguruko hizkuntza erromanikoetan eraikuntza sintagmatiko konplexuak oinarrizko bi egituraren konbinazioz eratzen dira:
1) izena + adjektiboa
2) izena + preposizioa + izena
Adibidez; mekanika-arloko kontzeptuak erabiliz:
metal duro: izena + adjektiboa
plaquita de metal duro: izena + preposizioa + izena + adjektiboa
plaquita de metal duro de sujeción mecánica: izena + preposizioa + izena + adjektiboa + preposizioa + izena + adjektiboa
herramienta de corte con plaquita de metal duro de sujeción mecánica: izena + preposizioa + izena + preposizioa + izena + preposizioa + izena adjektiboa + preposizioa + izena + adjektiboa
Euskaraz, aurrean aipatutako hedabideak, adjektibo erreferentzialak barne, ditugu eraikuntza sintagmatiko hauen ordainak sotzeko:
metal gogor: izena + adjektiboa
metaI gogorrezko plakatxo: (izena + adjektiboa) izenlaguna + izena
orapen mekanikoko metal gogorrezko plakatxo: (izena + adjektiboa) izenlaguna + (izena + adjektiboa) izenlaguna + izena
orapen mekanikoko metal gogorrezko plakatxodun ebaketa-erraminta: [(izena + adjektiboa) izenlaguna+ (izena + adjektiboa) izenlaguna + izena] dun + (izena + izena) → konposizioa
Mekanika-arloa ezagutzen ez duenarentzat adibide hau bitxia eta bihurria izango da, agian, baina edozein tornularirentzat guztiz kontzeptu erabili eta ezaguna da.
Dena den, adibide hau, azalpen honetara ekarri badut erdal eta euskal hedabide sintagmatikoen konparazio praktiko txiki bat egiteko izan da eta ez bestetarako.
Itzultzailearen ikuspegitik interesgarria litzateke erdal hedabide bakoitzarentzat euskal baliokide bat sakelean izatea. Zoritxarrez ala zorionez hori ez da horren automatikoa.
Berehala ikus daiteke zergatik. Eman dezagun gaztelaniazko izen + adjektibo erreferentzial multzoak euskarazko izen-konposizioz itzultze erabakitzen dugula. Askotan ez dugu oztoporik aurkituko.
deporte invernal = negu-kirol
sociedad agricola = nekazal gizarte
empresa publicitaria = publizitate-enpresa
superficie esférica = esfera-azal
Itzulpen mekanismo hau aski erraza da: erreferentziazko izena konposizioan elementu determinatzaile bezala erabiltzean datza. Berehala aurkitzen ditugu ordea mekanismo hau erabiltzeko oztopoak:
"control numérico" ezin itzuliko dugu "zenbaki-kontrol", agian "zenbakizko kontrol" edo "zenbaki bidezko kontrol" egin beharko dugu, izenlaguna + izena edo postposizioa + izenlaguna + izena erabiliz. Euskaraz adjektibo erreferentzialik ez erabiltzea lortu dugulako pozik bageunde, berriz, laster aurkituko dugu haien beharra ere: "central nuclear" ez da ez "nukleo zentral", ez "nukleozko zetral" eta ez antzekorik. Saiatu soluzioa bilatzen eta "nuclear" adektibo erreferentzialaren premia nabarituko duzu berehala.
Hasieran ontzat eman ditugun konposizio bidezko itzulpenak ere ez harritu testuan barrena erabili ezinezkoak agertzen bazaizkizu. Pentsa ezazu "fragmento esférico del cubo" eta "fragmento cúbico de la esfera” esan behar dituzula:
Kasu honetan "fragmento esférico" ez da "esfera zatia", "kubo zatia" baizik eta "fragmento cúbico" ez da "kubo zatia", "esfera zaia" baizik. "Esfera-zati kubikoak" eta "kubo-zati esferikoak" dira.
Eraikuntza sintagmatikoei buruzko arazoen agerpen hau lexikoaren eta berbaldiaren arteko harremanen arazoa ikusarazteko bide bat besterik ez da izan.
Azken finean gure hiztegiek artikuluen atala eta hiztegiaren atala zergatik dituzten apur bat ulertzeko bestetarako ez.
Gure hiztegiak behin-behinekoak ezezik hizkera-molde berriak lantzeko abiapuntu eta lehen hurbilketa direla esan behar.
Bestalde, hiztegl eleaniztunak izan beharra daukate gure hiztegiek erreferentzia bakarraren menpekotasunetik irten nahi badugu, baina horrek oztopo berriak dakartza. Arrazoi berriak aurkitzen dira ikuspuntu honetatik begiratutn hiztegiok hurbilketa, eta sarritan hurbilketa baldarra, direla ikusteko.
Demagun ingelesezko "belt" hitzetik abiatzen garela. Mekanikaren arloan zenbait transmisiotan erabiltzen den zinta antzekoa adierazten digu. Euskarazko "uhal" eta "petral", espainierazko "correa" eta frantsesezko "courroie" izan daitezke "belt" horren baliokideak.
Espainierazko”correa” hitzak, ordea, teilatuan latak sostengatzen dituzten gapirioen azpian eta astazaldien gainean luzetara egoten diren lazak ere izen horixe dute.
Euskaraz horren baliokidea "petral" bera dela uste dut, baina frantsesesko "courroie”-k ez du balio eta ingelesezko "belt"-ek ere ez. Frantsesez "panne" da hori eta ingelesez "purlin".
Baina frantsezko "potine"-k baditu beste hiru esanahi: espainierazko "avería" eta ingelesezko "breakdown”-i dagokiena, euskaraz "matxura" izango litzatekeena, bata, itsasontzietan izaten den haga baten muturra, ingelesez "peak" deritzana, espainieraz "pena" edo "penol" esaten dena eta euskaraz ezagutzen ez dudana bestea eta ingelesez "peen", espainieraz "cabeza de martillo", "boca de martillo" edo "cotillo" esan daitekeena, eta euskarak agian "gorro" eta "mailu-buru" ere esango litzatekeena hirugarrena.
Itsasontzietakoari frantsesez "penne" ere esaten zaio.
Ingeleaezko "peak"-ek itsasontzien mundutik irten gabe espainierazko "uña de ancla" eta frantgesezko "bec d'ancre" ere esan nahi du. Euskaraz ez dakit nola esaten zaion.
Ingelesezko "breakdown" berak kimikan espainierazko "descomposición" eta frantaesezko "décomposition", euskaraz Kintanak "desosera" proposatu duena esan nahi du.
Hau dena teknologi mundutik atera gabe eta sinonimoak edo erdisinonimoak gehiegi kontutan hartu gabe ateratzen zaigu.
Konturatuko zarete "beIt"-etik esanahiz hurbil dauden beste hitz batzu honekin batera aztertu nahi baditugu abaniko bat osatzeko etab. hau dena eromena izan daitekeela. Hurbilketarekin konformatu behar hortaz.
Artikulu honetan ELHUYAR eta UZEI elkarteek euskararen modernizazioa erdietsi nahian egiten dituzten lanak zein diren eta aurkitzen dituzten oztopoak nolakoak diren gaingiroki azaldu nahi izan dut. Irakurle askorentzat gure mundu berezi honetarako lehen hurbilketa izango da. Ezin zen pentsatu ere horrelako artikulu batean dena esatea dagoenik.
Aldizkari hau horrexegatik jaio da, problemak ugariak direlako terminologiaren eta hizkuntza berezituen arloan eta zer esanik ez itzulpenaren (itzulpen-mota desberdin ugarien) munduan.
Saiatuko gara aurrerantzean gaur nahas-mahas eta batere osotasun-asmorik gabe azaldutakoa pixkanaka xehetzen eta urte luzeak opa dizkiogun aldizkari honetan zuei ekartzen.
1. Ensunza, Martxel. Alfabetatze Zientifikoa (Iruñea: UEU 1983).