Euskararen eta gaztelaniaren arteko itzulpenaren estilistika konparatu baterako materialak: perpaus erlatibo esplikatiboak euskaratik gaztelaniara eginiko literatura-itzulpenetan
Koldo Biguri

“Euskararen eta gaztelaniaren arteko itzulpenaren estilistika konparatu baterako materialak: perpaus erlatibo esplikatiboak euskaratik gaztelaniara eginiko literatura-itzulpenetan” izeneko tesiak euskaratik gaztelaniara egindako gaztelaniazko literatura-itzulpen corpus bat aztertu du, itzulpenotan ageri diren perpaus erlatibo esplikatiboak (PEE) jatorrizko testuetan nola emanda dauden ikusteko eta, horrela, bi hizkuntzen arteko itzulpeneko baliokidetasun-arauak aurkitzeko. Helburu horrekin, azken berrogei urteotako hamar azpicorpus aztertu dira zehatz-mehatz, azpicorpus horien hautaketa justifikatu ondoren. Azterketa estatistiko honek argi eta garbi erakusten ditu, besteak beste, perpaus erlatibo esplikatiboen inguruan dauden arazoak (izan ere, gaztelaniazko PPE horietarik %45, perpaus juntaduraren eta hipotaxiaren bidez adierazita baitaude sorburu testuetan) eta “antizeinismoak” euskal idazleengan izan duen eta duen eragin ikaragarri eta kaltegarria ere.

Joan den 2016ko azaroan irakurri nuen EHUko Unibertsitatean goiko izenburu luzea daraman tesia, Carlos Cid Abasolo Madrilgo Universidad Complutenseko irakaslearen zuzendaritzapean egina, zeinean gaztelaniaren eta euskararen arteko itzulpenaren estilistika konparaturako ekarpen bat egin nahi nuen, itzulpen-ikerketa deskriptiboen metodologian oinarriturik, eta arreta erlatibakuntzako itzulpen-arazo jakin batean jarriz: gaztelaniazko perpaus erlatibo esplikatibo edo ez-murrizgarrietan, bi hizkuntza hauen erlatibakuntza-sisteman dauden berezitasun eta desberdintasunak izaten baitira euskarazko itzultzaileek topatzen duten arazorik garrantzitsuenetariko bat.

Desberdintasun hori, ordea, ez da oinarritzen euskararen eta beste hizkuntzen tipologia linguistikoan soilik, bai baititu sustrai historiko eta ideologikoak ere, garbizaletasunaren ideologia linguistikoari lotuak: euskara idatziaren diakroniari begiratzen badiogu, literatura-euskararen erlatibakuntza-sistemak antzekotasun handiagoak zituen inguruko kultura-hizkuntzetakoekin XVI. mendetik XIX. mende bukaera bitartean, XX. mende hasieratik aurrera baino; une horretatik aurrera, Azkuek, Orkaiztegik eta Altubek bultzatutako garbizaletasun sintaktikoaren eraginez, ia proskribituta geratu zen euskal letretatik erlatibo aposatua –gehienbat balio ez-murrizgarria zuen ZEIN/NON erlatiboa, alegia–, nahiz ordura arteko euskal idazle eta itzultzaileek normaltasunez erabiltzen zuten; bestalde, XX. mendeko 60ko hamarkadatik aurrera erlatibo horren erabilera «berpizte»aren aldeko ahots batzuk altxatu baziren ere, egitura horrek problematikoa izaten jarraitzen du oraindik; «arrotz-marka» egozten zaio gramatika gehientsuenetan eta baita euskararen irakaskuntzan erabiltzen diren liburu eta metodoetan ere, eta, ondorioz, oso erabilera txikia du gaur egungo euskara idatzian oro har, bai eta literaturan ere, eta are txikiagoa, noski, ahozko euskaran.

Itzulpen-arazo honi buruz egindako azterlan apurretan, euskara beti hartu izan da itzulpeneko xede-hizkuntza gisa, jatorrizko perpaus erlatiboak nola euskaratu diren ikusteko, bi erlatibakuntza-sistemen arteko desberdintasunari buruzko ikuspegi partziala emanez; horrexegatik, tesi honetan, irudi osoa eman ahal izateko, beste norabidean egindako itzulpenak aztertu dira, joera edo erregulartasun antzekoak ala desberdinak topatzen diren frogatu ahal izatearren.

Horretarako, euskaratik gaztelaniara itzuliak izan diren literatura-lan narratibo garaikideen katalogotik corpus bat osatu, eta euskarazko sorburu-testuetako (ST) sintaxia konparatu dugu gaztelaniazko xede- testuetako (XT) sintaxiarekin, abiapuntu eta ikerketa-unitatetzat XTetako perpaus erlatibo esplikatiboak (PEE) harturik, euskarazko jatorrizko testuetan idazleek zer baliabide sintaktiko erabiltzen dituzten ikusteko asmoz. Jardunbide honekin, bi hizkuntzen gaur egungo erlatibakuntza-sistemen eta kanon sintaktikoen desberdintasunaren azalpena erabat osa daiteke, PEEei buruzko azterketari dagokionez, horrek aukera ematen duelarik euskararen eta gaztelaniaren arteko konparaketa sintaktiko-estilistiko osatuago bat egiteko, bi itzulpen-norabideak aztertuz eta bi kanon linguistikoak parez pare jarriz.

Horrenbestez, tesi hau hizkuntzalaritzak eta itzulpen-ikerketak partekatzen duten bidegurutzean kokatzen da, Estilistika Konparatua (EK) deritzonaren eta Itzulpen- Ikerketa Deskriptiboen (IID) esparruan; horretarako, itzulpen-ikerketari buruzko bi lerro horiek uztartu ditugu, Alberto Álvarez Lugrís irakasle galiziarraren ereduari jarraituz: hots, azken berrogei urteotan euskaratik gaztelaniara egindako literatura- itzulpenetatik ateratako corpusean topatu ditugun erregulartasunak antzeman eta, hartara, itzultzaileen «jarduera-arauak» nabarmendu dira, ikerketaren interesgune nagusia STetan kokatuz, euskal idazleen kanon estilistiko-sintaktikoaren ezaugarriak definitzeko, kanon horren erreferentzia kontuan izateak berebiziko garrantzia izan baitezake itzulpen-jarduerarako eta itzulpenaren didaktikarako ere.

Tesia lau kapitulutan banatuta dago: lehenengoan, ikerketaren marko teoriko eta metodologikoa finkatu da, oinarritzat hartu ditugun EKren eta IIDen abiapuntu eta eskema nagusiak aurkeztu eta beren testuinguru zientifikoan kokatzeko. EKren eredua hautatu da, uste dugulako euskararen eta gaztelaniaren erlatibakuntza-sistemen azterketa linguistiko konparatibo soila ez dela nahikoa estilistikoa ere baden erlatibakuntzaren itzulpen-arazoa argitzeko, eta, aldiz, jakintzagai hau lagungarria izan daitekeela hizkuntza bakoitzaren joera estilistikoak aurrez aurre jartzeko eta hizkuntza baten edo testu baten ikerketa elebakarrari ihes egiten dioten ezaugarri estruktural batzuk antzemateko ere. Baina EK tradizionalaren planteamenduak gaindituta geratu dira aspaldian, haien izaera arauemailea ez delako nahikoa itzulpenaren konplexutasun osoa azaltzeko eta, orobat, itzulpenaren jarduera profesional eta akademikorako aplikatzeko moduko emaitza baliagarri gutxi ematen dutelako. Horregatik, Álvarez Lugrísen proposamenari atxikiz, EKren iker-eredua IIDen abiapuntu eta metodologiarekin uztartu eta osatu da, itzulpenaren alorreko fenomeno asko ulertu ahal izateko behar-beharrezkoa delako itzulpen-ekintza errealetara eta egiazko testuez osaturiko corpus batera jotzea eta itzulpenaren azterketa deskriptiboa egitea; lehendabizi, Polisistemaren teoriaren arabera itzulpena gobernatzen duten Initial norm edo «hasierako araua» eta Preliminary norms edo «aldez aurretiko arau» edo harrera-arauak ezagutzeko, eta, ondoren, itzulpen-prozesuaren gorabehera desberdinak azaltzen dituzten Operational norms edo «jarduera-arauak» argitzeko.

Bigarren kapituluan, bi hizkuntzen gramatiketan erlatiboak nola sailkatu eta deskribatu diren eta euskaraz egin diren itzulpen-ikerketetan erlatibakuntzaren arazoa nola islatu den aztertzen da, bi erlatibakuntza-sistemak aurrez aurre jartzeko helburuz. Ikusi dugu gure azterketarako hautatu dugun ikerketa-unitatea, perpaus erlatibo esplikatibo edo ez-murriztailea, nahiko zehatz dagoela mugarrituta gaztelaniazko gramatiketan, nahiz badiren erlatibakuntza-sistemaren deskribapen konplexuagoak egin dituzten proposamenak, bai eta terminologiarekin lotutako arazo batzuk ere; aldiz, euskararen esparruan, ikusi dugu erlatibakuntzari buruzko gramatika- lan zaharrenetan nagusi zen garbizaletasun sintaktikoaren eraginez euskal erlatiboari buruz egiten ziren deskribapenak partzialak zirela, nahiko bazterturik uzten baitzituzten erlatibo apositibo mota desberdinak –ZEIN/NON erlatiboa bereziki–, euskara idatziaren historian tradizio ezin handiagoa eduki arren literatura-euskalki guztietan; eta, gramatikarien lan modernoenetan, berriz, garrantzi handiagoa eman zaiola erlatibo arrunta deitzen denaren mekanismo edo arauak aztertzeari eta bereziki zein kasu diren erlatibagarri argitzeari, erlatiboaren balio semantikoari baino, eta, gainera, honi dagokionez, desadostasunak ere badaudela oraindik ere aztertzaileen artean.

Kapitulu honetan, halaber, euskaraz egin diren itzulpen-ikerketa apurretan erlatibakuntzaren gaia nola landu den ere birpasatu dugu, eta, horrela, ikerketa deskriptibo batzuen emaitzak ikusi ditugu; haien bitartez, garbizaletasun sintaktikoaren ondorioz gaztelaniatik euskarara egindako itzulpen-corpus mugatu batean itzultzaileek erlatibo apositiboak saihestuz gaztelaniazko erlatibo esplikatiboak euskaratzeko erabiltzen zituzten baliabide sintaktiko desberdinak ikusi ditugu, bai eta errusieratik euskarara egindako literatura-itzulpenen corpus moderno eta zabalago bateko itzultzaileek erabilitako estrategiak eta baliokidetasunak ezagutu ere; azken ikerketa honen bidez, jakin dugu itzulpen-corpus horretan ZEIN/NON erlatiboaren erabilera % 13raino iristen dela, hau da, hiru aldiz handiagoa dela gure corpuseko euskarazko jatorrizko testuetan aurkitu duguna (% 3,2) baino; eta itzulpenetako proportzio handiago hori bat datorrela baliabide sintaktiko horren erabileraren aldeko jarrera eduki arren batez ere itzulpengintzarako edo testu tekniko eta konplexuenetarako gomendatzen dutenen planteamenduarekin.

Desberdintasun horretan oinarriturik, planteatu dugu euskarazko literaturan ez ote den nolabait sustatzen ari halako kanon sintaktiko bikoitz bat eta, beraz, halako prosa-eredu bikoitz bat: erlatibakuntza gutxiagoko kanon bat jatorrizko sorlanetarako, eta erlatibakuntza apositibo gehiagoko beste bat itzulitako lanetarako, zehaztasunaren izenean eta egilearen estiloarekiko leialtasunaren izenean jatorrizko hizkuntzako erlatibakuntza-estilo konplexuagoa erabili beharko lukeena. Eta, honi dagokionez, gure iritzia eman dugu; alegia, gure hizkuntzaren egoera soziolinguistikoa kontuan harturik, ez zaigula iruditzen horrelako kanon edo prosa-eredu bikoitza komenigarria denik, ez euskararentzat, ezta euskarazko itzulpenek euskal literatura-sistemaren barruan duten harreraren eta prestigioaren aldetik ere.

Hirugarren kapitulua euskaratik gaztelaniara itzulitako literaturaren ezaugarri kuantitatibo eta tipologikoen azalpenari eskainita dago. Horrela, norabide honetako itzulpengintzaren azken lau hamarkadotako zenbaki urriak eta bilakaeraren ezaugarriak ezagutzeaz gain, ikusten da era honetako itzulpen gehienak Hego Euskal Herriko gaztelaniazko xede-kultura endogenoa deitu dugunera zuzenduta daudela, hau da, euskararen eremu geografikoaren barruko erdaldunei; eta, gainera, denborarekin, eta seguru aski EAEko erakundeen patrozinioaren eraginez, itzulpen endogeno horiek nagusitasun nabaria hartzen ari direla gaztelaniazko xede-kultura exogenora zuzendutakoen gainetik. Edo, bestela esanda, azken garaiotan, euskarazko literatura-lanen gaztelaniazko itzulpenak nagusiki euskal argitaletxeak ari direla bultzatzen, euskal merkatu erdaldunarentzat.

Horren eraginez, ikusi dugu argitaletxe espainiarrek euskal idazlerik kanonizatuenen lanak itzultzeko interesa erakutsi dutela bakarrik, eta, gainera, bilakaeraren ikuspuntutik begiratuta, idazle horietako batzuen lanen itzulpenak jada ez direla ateratzen kanpoko argitaletxe horietan, euskal argitaletxeetan baizik, eta, beraz, ustez, zabalkunde askoz gutxiagorekin. Horren eraginari buruz dugun ustea jarri dugu kapitulu honetan: alegia, kaltegarria izan daitekeela gure literatura atzerrian ezagutzera ematen jarraitzeko, orain arte behintzat Espainiako argitaletxeek bultzatutako itzulpenak izan direlako beste merkatuetara iritsi ahal izateko bide edo zubia, eta ez dirudielako euskal literatura-sistemaren zabalkunde-indarra nahikoa denik helburu horretan Espainiako literatura-sistema ordezkatzeko.

Bestalde, kapitulu horretan, egiletasunaren aldetik dauden itzulpen-tipologia desberdinei buruz egin diren deskribapenak gogoratzen dira, eta teorialarien arabera euskararena bezalako egoera diglosikoetan dauden hizkuntza gutxituetan egiten den itzulpengintzaren izaera diglosikoa aipatzen da, batez ere autoitzulpengintzaren fenomenoa azpimarratuz, besteak beste egitate horrek zuzeneko eragina duelako, ez bakarrik itzulpenen harrera-arauetan, baina baita jarduera-arauetan ere –itzulpena egiteko moduan, alegia–, bai maila testualean, eta baita maila linguistikoan ere. Zentzu honetan, euskarazko Haur eta Gazte Literatura alorreko autoitzulpengintzaren estrategiei buruz dagoen bibliografiaren ondorioak ekarri ditugu, tesiaren corpuseko lanen azterketatik ateratako emaitzekin konparatzeko, bereziki interesatzen baitzitzaigun ikustea ea gure corpusean ere aurkituko ote genituen estrategia horiek eta, aurkituz gero, ea autoitzulpenetan bakarrik ala beste tipologietan ere aurkituko ote genituen.

Azkenik, laugarren kapitulua corpusaren analisiari eta analisi horren emaitzei eskaini zaio. Horretarako, lehen-lehenik, euskara- gaztelania literatura-itzulpenen katalogoan oinarriturik ikertu den corpusa osatzeko erabilitako baldintzak azaltzen dira; lehendabiziko erabakia izan da gaztelaniazko xede-sistema literario exogenoan ateratako itzulpenak aztertuko genituela, nahiago genuelako literatura-sistema horrek berak bere ohiko irizpide editorial, kanon linguistiko, zuzentze-protokolo, onargarritasun-irizpide eta abarrekin bultzatutako itzulpenak izatea; gainera, azterketaren emaitzak errealitatearen isla ahalik eta zehatzena izateko asmoz, erabaki zen gaztelaniazko literatura-sistema exogeno horren barruko argitaletxeren batean gutxienez bi narrazio-liburu itzuliak zeuzkaten autoreak bakarrik aztertuko genituela, hartara gehiago bermatuko litzatekeelako, gure ustez, autore horien lanen itzulpena homologagarritzat jotzen dela literatura-sistema horretan, honek bere baitan hartzen dituen beste itzulpenekiko.

Modu horretan, gainera, corpuseko idazle eta itzulpenen izaera kanonizatua ziurtatzen zen, literaturaren soziologiako kontzeptua gureganatuz, uste dugulako literatura kanonizatuak baduela eraginik hizkuntzaren kanonean eta, hortaz, tesian landu nahi genuen aztergaian. Corpusa osatzeko jarritako baldintzak betetzen zituzten 10 idazleen (B. Atxaga, H. Cano, U. Elorriaga, A. Lertxundi, M. Onaindia, E. Rodríguez, K. Uribe, R. Saizarbitoria, A. Urretabizkaia eta I. Zaldua) lan bana aukeratu ondoren, haietako bakoitzaren azpicorpusaren analisi xehea egin dugu, hiru zatitan banatuta: batetik, xede-testuari dagokion itzulpen-tipologia zehaztu dugu; ondoren, azpicorpusetik ateratako binomio guztien sailkapena egin da ST eta XTen artean topatu ditugun itzulpen-baliokidetasunen arabera; eta, azkenik, baliokidetasun horietatik ondorioztatu dugu zein baliabide sintaktiko erabiltzen diren euskarazko jatorrizko testuetan gaztelaniazko itzulpenetan perpaus erlatibo esplikatiboen bidez itzulita daudenak.

Horrela, hamar azpicorpusen banakako azterketaren emaitzetan oinarrituz, corpus osoaren analisi bateratua egin dugu, eta orain aurkeztuko ditugunak dira tesi honetatik atera ditugun konklusioak:

a) Itzulpena gobernatzen duten arauei dagokienez:

– Itzulpenaren egiletasunaren ikuspuntutik, ikusi dugu jatorrizko idazleek itzulpenetan duten eskuhartze-maila nahiko handia dela: corpusa osatzeko hautatu ditugun hamar lanetatik hiru autoitzulpenak dira, eta beste bi, idazlearen eta beste itzultzaile baten arteko lankidetzan egindako itzulpenak. Datu hau Casanova, Dasilva edo Manterola bezalako ikertzaileen arabera egoera diglosikoan dauden hizkuntzetako literatura itzuliak dituen ezaugarriekin bat dator.

– Hiru autoitzulpenetatik bitan eta elkarlanean eginiko bi itzulpenetatik batean topatu ditugu idazleen berridazketa-estrategiak: zehazki, jatorrizko testuetan ez dauden osagai narratibo batzuen gehiketak, tamaina desberdinekoak, hasi segmentu erlatiboren bat duten perpaus soil edo paragrafoetatik, eta orri batzuetako pasarte handi bateraino ere; azpicorpusen batean, gainera, STan eta XTan kokapen desberdinetan dagoen atalen bat ere aurkitu dugu. Honelako gehiketa eta aldaketak portzentualki gehien erabiltzen dituzten XTak Atxagaren lankidetzarekin egindako itzulpena eta Zalduak egindako autoitzulpena dira. Honelako berridazketa-estrategiek bigarren bertsioak izatetik hurbil jartzen dituzte itzulpen hauek. Hau ere egoera diglosikoan dauden hizkuntzetako literatura itzuliaren ezaugarri bat da.

– Alografotzat jotzekoak diren beste bost itzulpenetatik bitan gutxienez ere topatu ditugu orain arteko bibliografian –eta, euskararen esparruari dagokionez, López Gaseniren azterlanetan– autoitzulpenaren ezaugarritzat ematen zen osagai testual edo narratiboen gehiketa (gure bilaketa perpaus erlatibo esplikatiboren bat duten segmentuetara mugatu dugularik). Tamaina desberdinekoak –perpaus soilak edo paragrafoak ez ezik, baita atal osoak ere izan daitezkeela ikusi dugu– diren segmentu horiek euskarazko STetan ez dauden testu-zatiak izanik, ondorioztatu beharra dago itzulpen alografoetako batzuetan behintzat ere susma daitekeela idazleen esku hartzea. Gure ustez, eskuhartze hori euskal literatura- sistemaren tamaina txikiak errazten dituen idazle eta itzultzaileen arteko harreman hurbilek eragindakoa da, eta agerian jartzen du euskal idazleek neurri handi samarrean atxikitzen dutela beren lanen gaztelaniarako itzulpen-prozesuaren gaineko kontrola.

– Gaztelaniazko XTen artean gorabeherak badauden arren, euskaratik egindako itzulpenotako perpaus erlatibo esplikatiboen kopurua nahiko txikia da, 100 orrialdeko batez besteko kopurua 17,7raino bakarrik iristen baita; kasu pare batean, gainera, gaztelaniazko jatorrizko testuetan anormalki baxua dirudien kopuru txikia dute. Gure ustez, badirudi euskaratik gaztelaniara egindako itzulpenen ezaugarri sintaktiko-estilistikoetako bat dela PEE kopuru txikia egotea XTetan, era horretako egiturak literatura-euskara garaikidean ere oso gutxi erabiltzearen ondorioz eta, beraz, gaur egungo euskal idazleek beste era bateko joskera nahiago izatearen ondorioz. Ezaugarri hau, gainera, itzulpen-tipologia guztietan antzeman dugu, eta, beraz, orokorra da.

– Bi azpicorpusetan –Unai Elorriagaren eta Arantxa Urretabizkaiaren lanen itzulpenetan, zehazki–, jatorrizkoaren estiloari eta, beraz, source-oriented translations direlakoen «egokitasun» parametroari eusten dien itzulpen- estrategiatzat hartu behar dugu gaztelaniazko XTetan PEE kopuru anormalki baxua aurkitu izana. Kasu honetakoak autoitzulpen bat eta elkarlanean egindako itzulpen bat dira; beraz, «egokitasun»aren parametroa era honetako itzulpen- tipologietan ere topa daiteke, eta ez bakarrik itzulpen alografo batzuetan.

b) Sorburu-testuen eta xede-testuen arteko itzulpen-baliokidetasunei dagokienez:

– Beheko grafikan ikus daiteke, portzentajetan adierazita, gure corpuseko STetan euskal idazleek erabilitako zein egituretatik ateratzen diren XTetan aurkitu ditugun gaztelaniazko perpaus erlatibo esplikatiboak:

Biguri.jpg

– STetako egitura erlatibo desberdinak eta erlatibozko aposizioak batuz gero, XTetako PEEekiko baliokidetasun sintaktikoa deitzen dugunaren ehunekoa % 43,5 ingurukoa da batez beste; hau da, gaztelaniaz topatu ditugun erlatibo esplikatiboen erdia ere ez da ateratzen euskarazko egitura erlatiboetatik. Beraz, argi geratu da euskarazko testuetan erlatibakuntza erabiltzeko joera txikiagoa dela gaztelaniazko testuetan baino.

– Horrenbestez, gaztelaniazko itzulpenetan, egitura parafrastiko erlatiboak erabiltzeko joera handia dago; hots, euskarazko egitura sintaktiko ez-erlatiboak erlatibo esplikatiboekin itzultzeko joera. Batez beste, corpus osoan topatu ditugun binomio guztietatik % 56,5ean aurkitu dugu horrelako itzulpen parafrastikoak egiteko joera hori. Erregulartasun hau, gainera, orokorra da, itzulpen-tipologia guztietan antzeman dugu.

– Perpaus juntaduraren eta sintagma suborazionalen erabilera parataxiatzat harturik, egitura parataktikoak dira bigarren prozedurarik erabiliena sorburu-testuetan: % 34,5arekin.

– Egitura hipotaktiko ez-erlatiboen erabilera nahiko handia da, binomio guztien artetik % 21 inguruan topatu baitugu, haien barruan modu perpausak eta kausa perpausak izanik egiturarik erabilienak; % 9,1 eta % 8,6, hurrenez hurren (% 17,7, bien artean).

Datu hauetan guztietan oinarrituta, honako konklusio orokor hauek atera ditzakegu:

1) Frogatuta geratu da, gure tesiaren gaiari dagokion neurrian, euskaratik gaztelaniara egindako literatura- itzulpen gehienak target-oriented translations direlakoen edo xede- kulturara egokitutako itzulpengintzaren parametroetan kokatzen direla, aztertu dugun erlatibakuntzaren arazo sintaktiko-estilistiko jakin honi dagokionez; baina, orobat, badirela eredu horretara makurtzen ez diren itzulpenak ere, jatorrizkoaren estiloari eta joskerari eusten diotenak, source-oriented translations gisa, eta, ustez kontrakoa espero zitekeen arren, ez direla beti itzulpen alografoak eredu horri jarraitzen diotenak, idazleen eskuhartze erabateko edo partzialarekin eginikoak baizik, hots, autoitzulpen bat eta elkarlanean eginiko itzulpen bat.

2) Gure corpuseko euskarazko testu guztietan, erlatibakuntza gutxiagoko kanon sintaktiko-estilistiko halako bat da nagusi, eta, ondorioz, testu horietako gehienak gaztelaniara itzultzen direnean, parafrasi erlatiboetara jotzen da sarritan, hizkuntza horretan ohikoak izaten diren PEEak erabiliz, eta erregulartasun hori itzulpen- tipologia guztietan topatzen dela, ez bakarrik autoitzulpenetan, baita elkarlanean eginiko itzulpenetan eta itzulpen autografoetan ere.

Hortaz, tesi honen bidez, frogatuta geratu da erlatibakuntza mota desberdinen erabilerari dagokionez literatura alorrean euskararen eta gaztelaniaren kanon sintaktiko-estilistikoak desberdinak direla gaur egun; horretan oinarrituta, zalantzarik gabekoa iruditzen zaigu erlatibakuntza mota honetan datzala gaur egungo euskararen eta gaztelaniaren arteko desberdintasun sintaktiko-estilistikorik handienetako bat. Gure iritziz, tesian zehar azaldu ditugun arrazoiengatik, desberdintasun hori ez da oinarritzen soilik bi hizkuntzen tipologia linguistikoan, badituelako sustrai historiko eta ideologikoak ere, XX. mende hasieraren inguruan sortutako garbizaletasunaren ideologia linguistikoari lotuak, zeinaren eraginez ordura arte euskara idatzian erabiltzen zen erlatibakuntza-eredua guztiz eraldatu eta inguruko kultura-hizkuntzen ohiko eredutik urrundu baitzen, tesian zehar ikusi ditugun ondorio linguistiko eta estilistiko nabarmenekin.

Honen guztiaren atzean dagoena da euskarak duen egitura erlatibo apositiboaren –ZEIN/NON erlatiboaren– erabilera oso urria, adibide guztien % 3,2arekin soilik, egitura horrek oraindik jarraitzen duelako estigmatizaturik egoten planteamendu garbizaleen artetik arrakastarik handiena lortu zuen antizeiñismo delakoaren ondorioz. Beste alde batetik, era honetako egitura apositiboek euskarazko testuetan duten maiztasun txikiaren eraginez eta, beraz, egitura parataktikoen eta egitura hipotaktiko ez-erlatiboaren erabilera handiagatik, euskaratik gaztelaniara egindako literatura- itzulpenen ezaugarrietako bat da itzulpen horietako perpaus erlatibo esplikatiboen urritasuna, gaztelaniazko literatura-testuetan baino nabarmenki gutxiago erabiltzen baitira, gaztelaniara beste hizkuntza batetik egindako itzulpen batetik ateratako datuak erakutsi duen bezala; onartzen dugu, hala ere, datu hau gehiago kontrastatu beharra dagoela eta corpus zabalago baten azterketak baieztatu beharko lukeela tesi honetan hipotesi mailan utziko dugun egitate hau.

Gauzak horrela, gure tesian, frogatuta utzi dugu ezaugarri eta joera hori corpuseko euskarazko testu guztiek partekatzen dutela, hainbesteraino ere non halako kanon sintaktiko-estilistiko orokor batez hitz egin daitekeela iruditzen baitzaigu; gainera, kanon hori, ikusi dugun bezala oso sustraituta egoteaz gain, diakronikoki transmititu ere egiten ari da, gure corpusa osatzen duten euskal idazleen artean bereiz daitezkeen bi belaunaldietan aurkitzen baita, bai bere literatura-euskara XX. mendeko 80ko hamarkada inguruan autodidaktikoki finkatu zuen lehen idazle-belaunaldian (Atxaga, Lertxundi, Onaindia, Saizarbitoria eta Urretabizkaia), bai euskarazko eredu idatzi landua aurreko belaunaldi horrengandik eta eskolaren bitartez jaso zuen bigarren belaunaldian ere (Cano, Elorriaga, Rodriguez, Uribe eta Zaldua).

Bestalde, egitate horri XTen ikuspun-tutik begiratuta, ikusi dugu euskaraz nagusi den kanon sintaktiko-estilistiko hori itzultzeko orduan itzulpen gehienak xede- hizkuntzan eta xede-sistema literarioan ohikoa den eredu sintaktikoki konplexuagora moldatzen direla, jatorrizko testuetan baino egitura erlatibo esplikatibo gehiago erabiliz; hau da, XSaren onargarritasunaren aldeko joera dela nagusi itzulpen horietan, eta, gainera, joera hori ez dela mugatzen euskal idazleek berek eginikoak diren autoitzulpenetara, zeren eta itzulpen alografoetan eta elkarlanean eginiko itzulpenetan ere antzeman baitugu. Hortaz, joera hori euskaratik gaztelaniara egindako literatura-itzulpenaren erregulartasun orokortzat har dezakegula iruditzen zaigu, nahiz eta egia izan beste itzulpen batzuetan, corpuseko hamarretatik bitan bakarrik, horrelako joerarik ez dagoela eta itzulpen horiek jatorrizko testuaren edo hizkuntzaren ezaugarri estilistikoei eusten dietela, egokitasunaren aldera makurtuz.

Azkenik, gure ustez, frogatuta geratu da Itzulpen-Ikerketa Deskriptiboaren metodologian oinarritutako Estilistika Konparatua tresna eraginkorra izan daitekeela itzulpen- arazo desberdinen azterketarako eta aplikazio teoriko eta praktiko baliagarriak izan ditzakeela itzulpenaren didaktikarako ere. Zentzu horretan, lan interesgarri bat erator liteke tesi honetatik, euskararen eta gaztelaniaren arteko konparazio estilistiko- gramatikala egiten jarraitzeko: alegia, tresna metodologiko honetan oinarriturik aztertzea ea gaztelaniatik edo antzeko hizkuntzetatik egiten diren euskarazko itzulpenak ere kokatzen diren XKra egokitutako itzulpengintzaren parametroetan erlatibakuntza mota honi dagokionez –eta, beraz, ea bat ote datozen tesi honetako idazleen lanetan ikusi dugun kanonarekin–, ala source-oriented translation direlakoen artean kokatzekoak ote diren, betiere tesi honetan aztertu dugun arazo sintaktiko-estilistikoari dagokionez. Tesi honetako bigarren kapituluko 2.3. puntuan ikusi dugun bezala, azken posibilitate horren zantzuak behintzat badaude, eta, horrelako lanik noizbait egin eta zantzu horiek egiaztatzen badira, errealitate bat izango da erlatibakuntzari dagokionez kanon sintaktiko bikoitza erabiltzen dela gaur egungo euskarazko literaturan, erlatibakuntza gutxiagoko edo sinpleagoko kanon bat jatorrizko sorlanetarako, eta erlatibakuntza gehiagoko edo konplexuagoko beste kanon bat itzulitako lanetarako.