Administrazioko itzulpengintza
Artikulua PDFn
Euskal Herriko Administrazioetan euskara txertatzeko egin diren ahaleginen artean itzultzaileak hartzea da beharbada oihartzunik zabalena izan duen ekintza. Itzultzaile horiengan ikusi du zenbaitek Administrazioa euskalduntzeko bide eta ememuina eta Administrazioak euskaraz jaulkitzen dituen idazki gehienak berorien lanaren emaitzak dira.
Itzulpenari buruzko aldizkari berri honetarako Administrazioko itzulpenari buruz orri batzuk eskatu dizkidate eta hemen itzultzaile-itzulpen bikoteari lotuko natzaio bereziki, baino arazo orokorragoa den Administrazioa euskalduntzearen nahiz euskararen erabilpena bultzatzeko agiri paperetan elebitasuna zer eratan erabil eta agertu behar litzatekeenaren gaiei heldu gabe, lantxo honek muga eta helburu apalagoak bait ditu, eta itzultzailearen lana argitzeko beharrezko diren neurrian besterik ez ditut ikusiko.
Itzultzaileen sorrera, egoera, lana eta lanerako dituzten arazo nagusiak laburki aipatzera mugatuko naiz beraz eta aurrerantzean arazo horiek sakonean jorratzeko aukera aski izango dugula aldizkari honetan uste dut.
Gai hauek ukitu aurrez ordea Administrazioaren euskalduntze-prozesuan itzultzailearen eginkizuna non kokatzen den nire ustez agertu nahi nuke, gaur gaurkoz duena probisionala bait da nire ustez. Hasera batetan euskara Administrazioan sartzeko balio izan badu ere, aurrera begira bere lana murrizten joan behar luke Administrazioa euskalduntzen doan heinean. Ondoko irudian ikusi daiteke hori garbiago:
Administrazioko itzultzaileen sorrera
Dakigun bezala, Administrazioak erdaraz ihardun du ia beti idatziz batipat. Euskaraz mintzatu arren zenbait bilera, elkarrizketa eta abarretan, idatziz eta Administrazioaren arlo formalenetan, gaztelania, frantsesa, eta batzuetan gaskoina izan dira bere hizkuntzak. Gizartean euskara nagusi izan deneko datu aipagarriren bat aipatzeko, latinaren ordez gaztelania edo hobeto, erromantzea, Administziorako hartu zuen lehena Nafarroako Erreinua izan zen Gaztela beraren aurretik.
Euskaraz ezer gutxi dugu; foruak, batzar-agiriak etabar, denak erdaraz daude. Euskarazko zertxobait agertzekotan, eta itzulpenaz ari garenez, Foru-garaiaren azken aldera Korrejidoreak Batzar Nagusien hasieran egin ohi zuen hitzaldia euskarara itzultzen zela esan dezakegu.
1936.eko "Eusko Araudia" edo Estatutua indarrean egon zenean eta, gerra ondorengo etenaren ondoren, azken urte hauetan hasten da sartzen eta hedatzen euskara Administrazioan, nahiz eta erdara izan oraindik laneko eta idatzizko hizkuntza kasik zeharo nagusia eta itzulpen lanaren fruitu izan euskarazko idazki ia guztiak.
Gizarte mailan euskararen erabilpenak dituen arazoak kontutan hartu gabe ere, Administrazioan euskara sartzeko hiru arazo nagusi sortarazi ditu ofizialtasun ezak eta erdararen nagusigoak:
- Administrazioan erabiltzeko egokitu gabe dago euskara eta administrazio-hizkerak dituen berezitasun eta zehaztasunak euskaraz emateko euskara bera asko landu beharrean dago.
- Administrazioan diharduten langile gehienak erdaldunak edo euskaldun alfabetatu gabeak dira, eta gaztelania nahiz frantsesa da beren laneko hizkuntza. Administrazio maila apaleneko idazkiak ere euskaraz idatziz emateko gai ez dira, kasu bakar batzuk salbu.
- Erdararen erabilpenaren ohituraz, euskaraz iharduteko ahalegin gutxi egiten da, nahiz eta zenbaitetan horretarako gai izan, "berezko" gauzatzat agertzen bait da erdararen erabilpena.
Euskara sartzeko lehenik itzultzaileak kontratatzearen bidean heltzen diote erakundeek hirurogeitamarreko hamarkadaren azkenalditik honera. Administrazioaren alderdi formalenak —aktak, aginduak, errotuluak etabar—, euskaraz jar ditzaten lehenik, gizartean euskara normaltzeko eragin txikiena dutenak izan arren horiek bait dira Administrazioaren sinbolo nabarmenenak eta horietan euskara sartzea, sinbolikoki bederen, garapen bat zelako euskararentzat.
Ondoren, Administrazio barneko gauzak bakarrik ez, baizik eta funtzionariak euskara erabiltzeko galtzeari eta Administrazioa eta herritarren arteko harremanak euskalduntzeari ematen zaio garrantzia eta herritarrei zuzendutako iragarkiak, adierazpenak, oharrak, etabar euskalduntzeaz eta funtzionarien euskalduritze/alfabetatzeaz arduratuko da itzultzailea.
Azkenaldi honetan berriz beste urrats bat ere ageri da, Administrazioa euskalduntzeaz gain gizarte mailan ere euskararen erabilpena normaltzeko Administrazioak zeregin handia duela oharturik, joera bikoitza ageri da erakundeetan eta Udaletan batipat.
- Erakunde indartsuenetan, Herrialde eta Lurralde mailakoetan eta Udal euskaldun handienetan, Euskara Zerbitzuak eratzen ari dira eta batzuk euskararen normaltzeaz arduratzen diren bitartean itzulketa bakarrik da gero eta gehiago itzultzailearen egitekoa.
- Honelako zerbitzuak eratu ez ditzaketen Udalek itzultzailerik hartzen dutenean, itzulpenaz gain, euskararen suztapena ere gaineratzen diote, Udalean euskararen erabilpenaren dinamizatzaile izan dadin.
Hala ere, kasu bietan, Udal edo herritar guztiei eskainiko dio bere zerbitzua eta ez Admnistrazioari bakarrik. Eta itzulpenaz gainera zuzentzaile-eginkizunak ere bereganatuko ditu, ingurukoak euskara erabiltzera bultzatuaz eta horiek egina zuzenduz.
Lege esparrua
Bien bitartean Administrazioari maila honetan legeak ezartzen dizkion betebeharrak ere zehaztu dira zertxobait. iparraldean euskarak ofizialtasunik ez duenez oraindik ez da ezer lortu. Nafarroan berriz Foruaren Hobekuntza Legeak ofizialtasuna aitortzen dio euskarari lurralde euskaldunetarako baina gero ez da ezer gehiago arautu hori bete dadin.
Alor hau gehien zehaztu eta arautu duena Euskal Herriko herrialde Autonomiaduna da, Euskararen Erabilpena Arauzkotzeko Oinarrizko Legearen bidez.
Itzulpenari buruz baino gehiago Administrazioetako euskararen erabilpenaz eta balio ofizialaz hitzegiten da Lege horretan, eta Administrazioaren eta funtzionari gehienen ohizko laneko hizkuntza gaztelania denez, horrek itzulpengintzan duen zerikusia nabaria da.
Administrazioarekiko harremanetan —eta Administrazio guztiekiko harremanetan hain zuzen ere Herrialde, Lurralde nahiz Udal mailakoekikoetan— euskaraz nahiz gaztelaniaz baliatzeko eskubidea aitortzen zaie herritarrei eta Administrazio mota guztietarako da eskubide hau, Herrialde, Lurralde nahiz udal mailako Administrazio denetarako;
7. eta 12. atalek berriz hiru betebehar ezartzen dizkiote Administrazioari:
7.3an, Agiripaperak erakusteko eta/edo horiekiko egiaztapen-agiriak egiteko, gaztelania nahiz euskarara itzulpena bermatuko dela adierazten da.
12.2an, Jaurlaritzak itzultzaile-zerbitzu ofiziala sortaraziko duela eta, itzulpenen zehaztasuna eta legezko baliokidetasuna bermatzeko Autonomia-Elkarteko herritarren eta herri-erakundeen esku egongo dela esaten da.
12-1ek dio bi hizkuntzen arteko zinpeko itzultzaile-titulua lortzeko eta emateko baldintzak araupetuko dituela Jaurlaritzak.
7.3a Administrazio guztiei dagokie; 12.2a Jaurlaritzari baina horretarako dirubideak jarri ez dituenez oraindik eratu gabe dago 12.1 aipatzen den zinpeko itzultzaileen arazoari dagokionez ezer gutxi egin daiteke Konstituzio Auzitegiak bere esku dituen atalen arazoa erabaki arte indarrik gabe bait dago. 12.2a ere Konstituzio-Auzitegitara esku dago jarria 12.1 atalaz gainerako guztiak bezala indarrean dago.
Itzultzaileen hutsunea inon baino nabariagoa da berriz Justizia-Administrazioan, hemen ere euskararen ofizialtasuna aitortua eta arautua egon arren, ja ezer ez bait da egin euskara erabiltzen hasteko ere, ez itzultzaile bidez eta ez bestela.
Itzultzaileen banaketa eta egoera
Gaur egun 60 lagun inguru dira Administrazioan diharduten itzultzaileak, hau da, bere eginkizun nagusitzat Administrazioko gai berezien itzulketa dutenak, ondoko taulan agertzen diren arabera banatuak. Hemen ez ditugu sartu, euskara-zerbitzuetakoak izan arren Administrazio gaien itzulpenaren ardura zuzena ez dutenak, hala nola adibidez, hainbat Udal eta Erakundeetako Euskara-Zerbitzuetako lankide ez-itzultzaileak edo Hezkuntza edo Kultura-Sailetan itzulpenak egin arren, beren gaia zuzenki Administraziokoa ez dutenak.
Guk dakigunez behintzat arlo honetan ezer gutxi egin da Iparraldean eta ez dago itzultzailerik Administrazioan. Nafarroan ere ez, bere eginkizun nagusia euskararako itzulpena duenik behintzat. Esan bezala, Foruaren Hobekuntza-Legeak lurralde euskaldunetarako euskararen ofizialtasuna ezarri arren, Nafarroako Diputazioak ez du itzultzailerik eta Parlamentuak noizean behin orduka kontratatzen du itzultzaile bat. Iruñeako Udalean euskara arduradun bat dago, baina bere egitekoa ez da itzulpena. Nafarroako Udal batzuetan, eskualde euskaldunetan zenbait agiri eta ohar itzultzen da eta orduka hartutako itzultzaileren bat arduratien da horretaz, baina besterik ez.
Lanean | Lanpostua Betetzeke | |
Jaurlaritzan | 8 | 2 |
Legebiltzarrean | 3 | 4 |
Arabako Foru Aldundian | 1 | 2 |
Bizkaiko Foru Aldundian | 5 | - |
Gipuzkoako Foru Aldundian | 2 | 4 |
Arabako Udaletan | 1 | 2 |
Bizkaiko Udaletan | 15 | 1 |
Gipuzkoako Udaletan | 24 | 3 |
GUZTIRA | 59 | 18 |
Elkarte Autonomiadun edo lurralde mailako erakundeetatik at, udal handienetan ari dira batipat itzultzaileak eta Udal txikiek, nahiz euskaldunak izan, ez dute itzultzailerik, eta sarritan arduradunak euskaldunak izan arren, ohituraz edo ezjakintasunez idatziz gaztelania erabiltzen denez; administrari laguntzaile bat, norbait orduka edo zinegotziren bat arduratzen da zenbait gauza, gutxi, euskaratzeaz. Egoeraz eta lanez alde handia dago batzuetatik beteetara. Lehen esandakoaren arabera, itzultzaile soil dira asko; eta beste asko berriz, funtzionariei euskara irakasteaz, Udalean euskararen erabilpena bultzatzeaz, euskaltegiaz ala beste zenbait administrazio-lanez arduratzen dira itzulpenaz gain. Udal txiki askotan, administrari edo administrari laguntzaileren bat da itzultzailea, eta Administrazio barruan dituen eginkizunetariko bat baizik ez da zenbait paper itzultzea. Azkenik, zenbait Udaletan orduka itzultzen dituzte lehen aipatu ditugun administrazio paper formalenak, aktak batipat. Itzultzaileen lan mailari dagokionez ere, ezberdintasun handiak daude eta itzulpen lanari ematen zaion garrantziaren argigarri gerta daiteke zenbaitetan. Goimailakoak, hau da, 10ekoak dira erakunde nagusietan, Jaurlaritzan, Legebiltzarrean eta Foru Aldundietako itzultzaile baten kasutan adibidez. Besteetan ordea, maila apalagoetan zehar aurkitzen ditugu: batzuek 8.ean, beste zenbait, gehienak beharbada 6.ean, eta azkenik, 4.ean ere bai, administrari laguntzaileen maila berean. Lanaren aldetik alde handia dago elkarren artean lehen esan dugunez, baina halere, oso nabariak dira alor honetan lan berberari ematen zaizkion tratamendu ezberdinak eta, orohar, ezin esan itzulpen-lanari legokiokeen maila onartuz Administrazioan diharduten beste teknikoenaren parekidetza ematen zaionik.
Itzulpen lana
Itzulpen-lanik gehiena idatzizkoa da. Udalbatzarretan eta Legebiltzarrean egiten da gehienbat ahozko itzulpen edo interpretaritza baina itzulpen osoaren portzentaia txiki bat besterik ez du suposatzen. Legebiltzarrean eta bi edo hiru Udaletan ezik, ahozko itzulpena ez ba bapatekoa, hizlariarena bukatu ondoren egina baizik. Euskaratik gaztelaniara itzuli ohi da ja beti ahozkoan eta ez alderantziz, politikari erdaldunak uler dezaten euskaraz esana.
Idatzizkoan berriz gazteleratik euskararakoa da arras nagusi. Lehen esan bezala Administrazioko arau, erabaki, mezu nahiz adierazpenak bi hizkuntzetan ager daitezen itzultzen da, baina hori ez da beti horrela izaten eta maiz ikusi ohi ditugu erdara hutsean eginak.
Aldizkari Ofizialei dagokienez, euskaraz eta erdaraz argitaratzen dira Euskal Herriko Agintaritzaren eta Eusko Legebiltzarraren Aldizkariak eta laster lurraldeko Aldizkari Ofizialak elebiduntzeko lankidez eta tresnaz hornitzen ari dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Horrez gain, aipatutako erakunde horien eta Udal askotako dei, adierazpen, jakinerazpen, agindu, biltzar-agiri eta iragarkiak ere hi hizkuntzatan agertzen dina, gaztelaniaz idatzi ondoren euskarara itzuliak ia beti, baina hala ere, itzulpen kopuru eta gaiari dagokionez ez da erakunde guztietan berdin jokatzen. Administraziotik kanporako guztia itzultzen da batzuetan, beste batzuetan berriz oso gutxi eta inolako erizpiderik gabe gainera. Zer eta zenbait itzuli erabakitzerakoan, nagusi edo agintariaren ariora geratzen da askotan. Zer itzuli erabakitzerakoan zalantza bat agertu ohi da maiz, biltzar-agiri edo aktak itzultzearena alegia, euskararen normalkuntzan eragin gutxikoak bait lirateke, bailira bestalde, horiexek bait dira Administrazioaren sinbolo formalenak eta beraz euskara sartzekotan, horiek lirateke lehenik eta garrantzi handienaz itzultzekoak.
Nolanahi ere, kopuruz handituz eta alor berriak bereganatuz doa itzulpena. Adibide bat emateko, Administrazioen arteko (eta Administrazioko idazkien portzentaia handi bat biltzen da sail honetan) erdararekin batera ala gabe, euskararen erabilpena galdatzen du gero eta erakunde gehiagok eta bestela maiz erdara hutsean egin ohi iren idazki eta txosten tekniko askoren itzulpena dakar horrek.
Bestalde, adibide mailan bederen iragarkien sailean elebitasuna nola betetzen den ikustearren, joan den urrian hiru probintzietako egunkarietan argitaratu diren iragarki ofizialak zenbatu ditugu, iragarkia berdina zen ala ez egunkari batean eta bestean agertzen zena; hau da, iragarkiak zenbatu ditugu eta ez testu ezberdinak, beraz testu bat bera hiru edo lau bider hartua izan daiteke. Justizia-administrazioaren iragarkiak ez ditugu hauek guztiak gaztelania hutsean agertzen bait dira.
Hutsuneak nabarmenak dira baina hala ere kontutan hartu behar da sail bakoitzaren barnean egoera ezberdinak daudela: erakunde batzuek iragarkiak bakarrik egiten dituzte elebidun, beste batzuk horrekin batera beste zenbait agiri; beste batzuk azkenik kanporako idazki gehienak eta aldizkariak.Itzultzaileak bere lanean aurkitzen dituen oztopoen argigarri zenbait hitzaldi aurki ditzake irakurleak oraintsu Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeak argitaratu duen "Euskara eta Administrazioari buruzko I. Ihardunaldiak" liburuan eta Ihardunaldi horiek duela bi urte eginak izan arren, orduko arazoak bizi bizirik diraute oraindik.
Bost sailetan laburbilduko nituzke arazo nagusiak:
1) Zenbait kasutan, bere lanaren definiziorik ez du itzultzaileak. Aipatu dugun itzultzaileen egitekoen ezberdintasun eta aniztasunak bere lana barreiatzen du eta honek ez du inon ikusten bere lanaren emankortasunik, helburu haundiak erdiesteko bitarteko, laguntza eta ahalbide gutxi aurkitzen bait du inguruan.
Euskaraz soilik | Euskaraz eta gaztelaniaz | Gaztelaniaz soilik | |
Eusko Jaurlaritza eta bere erakudeenak | 4 | 15 | 23 |
Arabako Foru Aldundia eta bere erakundeenak | - | - | 5 |
Bizkaiko Foru Aldundia eta bere erakundeenak | - | 20 | - |
Gipuzkoako Foru Aldundia eta bere erakundeenak | 1 | 17 | 1 |
Arabako Udalenak | - | - | 15 |
Bizkaiko Udalenak | 2 | 20 | 44 |
Gipuzkoako Udalenak | 6 | 26 | 29 |
Hiru Probintzietako beste zenbait erakundeenak | - | 1 | 6 |
Estatuaren erakundeenak | - | - | 13 |
Horrekin batera, hizkuntz-politika zehatz baten falta naban da erakunde askotan. Hizkuntz-politika hori burutzeko zer eta zertarako itzuli behar den edo hizkuntz-politikan itzulpengintzak duen eginkizuna ez da zehazten. Euskara itzulia gehienetan erdarazkoarekin batera ematen denez, erdara irakurri ohi duten herritar gehienek euskaratzeak lukeen eraginkortasunaren zati haundi bat galduz eta itzultzaile etsituz.
Gainera, euskararen egoeraz eta erabilpen idatziaz arduratzen dena zenbaitetan itzultzea bakarrik denez, bere lanak zehaztu eta burutu ezinik aurkitzen du bere burua.
2) Bakarrik iharduten du lanean itzultzailea askotan, eta bakartasun hori arlo askotakoa gerta daiteke:
- Esan bezala, askotan itzultzailea da euskararen arazoaz arduratzen den bakarra bere erakundean eta ez du laguntzarik aurkitzen ez arduradun politikoen aldetik eta ez beste langileen aldetik. Euskaraz arduratzen den "pizti arraroa" da, eta, itzultzailea denez euskararen erabilpenaren arduraduna, beste guztiek erdaraz lasai jarrai dezakete.
- Itzulpen-lanean bakarrik dago eta sortzen zaizkion zalantza eta zailtasunak argitzeko nora jorik ez du. Oñatin, Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundera zenbait lantalde eratu dira arazo hau bideratu nahirik eta elkarlanerako orri batzuk ere sortzekotan dira, baina oraindik asko dago egiteko alor honetan.
- Lanabes gutxi ditu itzultzaileak, hiztegi gutxiren —eta orokorrak gehienbat— eta norberak bere aldetik jasotako ohartxoen laguntza besterik ez du gehienetan itzultzaileak.
Alor honetan interesgarri gerta daiteke probintziako aldizkaria elebidundu nahiean Gipuzkoako Foru Aldundia informatika arloan urratzen ari den bidea. Izan ere estuen lanketan erabil daitezken tresna eta programez gain, hiztegia sartzen ari da bertan hitzak erabilgarritasun mailaz sailkatuz eta erabili erabilienak ere identifikatuz, itzulpengintza ahal bezainbat erraztu eta automatizatu nahiean.
3) Esan dugun bezala lan mailari dagokionez alde haundiak daude itzultzaileen artean. Konponbidean jarri beharreko arazo bat litzateke hau, orohar itzultzailea hizkuntz-alorreko teknikaritzat hartuz eta maila honetan guztiak bateratuaz. Maila honetarako legeak eskatzen duen ikasketa-tituluaren arazoak egon litezke honetarako eta hau konpontzeko ere bideak aurkitu beharko dira.
4) Formazioz edo ikasketaz autoikasketa da beharbada itzultzailearen ezaugarririk nabarmenenetarikoa. Azken urte hauetan has¡ badira ere heltzen Itzultzaile Eskolan ikasiak gehienak euskara arloan izan duten kezka eta arduraren ondorioz iritsi dira itzultzaile lanpostuetara, aurrez itzulpenarekin zerikusi zuzen haundirik ukan gabe.Itzulpengintzaren teoria eta teknikak sakonetik ez ezagutzea dakar horrek askotan, eta bigarren puntuan aipatutako bakartasunarekin batera, sor laneko zailtasunak areagotzen dira. Profesional eta teknikari maila onartzeko oztopoak jartzen ditu horrek eta konponbide izan ditekeen zinpeko itzultzaile titulua lortzeko baldintzak laster araupetuko direla espero da.
5) Administrazio-euskara behar adina landu gabe dago eta etengabe lantzen, behin eta berriro saioak eginez ibili beharrean dago itzultzailea. Eguneroko itzulpen guztia bidez euskarazko administrazio-hizkera zehazten ari da, guztien lan eta orriei esker oinarriak jartzen eta korpus bat sortzen an da. Bide horretan bi joera nagusi ageri dira baina horrez gain itzultzaile gehienek bietatik hartzen dute aldi berean bere ekarpenak eginez. Prozesu horretan an da sortzen administrazio-hizkera.
Administrazio-idazki erabilienetan batasun apur bat bideratzen an da, hala nola eske-idazkietan, ziurtagirietan, gutunetan… Joskera-arazoak larriak badira ere, hiztegiarenak dira beharbada agerikoenak. Hitz erabilienetarako ere batasunik ez dago maiz, aipaturiko bi joera nagusien artean bakarrik, bakoitzaren baitan ere baizik. Adibidez "intervención" hitza euskaraz esateko "Kontularitza", "Diru-arduralaritza", "Kontrolaritza", "Kontuhartzailetza", "Interbentzioa" eta "Artekaritza" hitzak jaso ditugu zenbait Udaletako" Ordaintzeko Agindu", "Ordain Agindu", "Ordainketa Agindu" edo "Ordainketa Agintzeetan".
Administrazio-euskararen hiztegi berezitu bakarra UZEIren hiztegia da eta laster argitaratuko da baita ere Legebiltzarreko eta Jaurlaritzako Aldizkarietan erabilitako hitzen bilduma. Hala ere, asko landu, sakondu, aberastu eta bateratu beharreko lehen urratsak baizik ez dirateke eta, nahi ala ez, itzultzaile guztien egitekoa izango da hor. Bide honetan, ez da ahaztu behar ez eta ere, gizartearen alor gehienak ukitzen dituela Administrazioak eta alor horietako hiztegien menpeko era badela, eta horietan euskara normaltzen den heinean, administrazio-euskara ere zehaztuz eta errazten joango dela.
Hiztegi arazoez gain, Administrazio-euskara eta hizkeran buruzko teoriazko ikerketak eta itzulpenen azterketa konparatuak falta zaizkigu alor hau kasik urratzen ere hasi gabe dago eta, itzultzaileen zenbait arazoez nik hemen egin dudan azalpen arinaz haruntz joanez, sakonketarako aukera izango dugula aldizkari honetan derizkiot.