Itzulpengintzako liburu-aldizkarien berri
Artikulua PDFn
Promoción cultural y Traducción. Ferias internacionales del libro e invitados de honor. Mª Carmen Villarino Pardo, Iolanda Galanes Santos eta Ana Luna Alonso (arg.). Peter Lang argitaletxea, Berna, 2021.
Luis Pegenautek zuzenduriko Relaciones literarias en el ámbito hispánico bildumako 16. liburua da esku artean dugun hau. Itzulpena, literatura eta kultura ditu ardatz bildumak, eta azken ale honek literatur sistema baten eta hark irudikatzen duen kulturaren kanpo promozioari erreparatzen dio. Villarinok, Galanesek eta Lunak editaturiko liburu honek nazioarteko liburu azokak ditu aztergai nagusi, eta CULTURFIL ikerketa proiektuaren amaierako emaitza biltzen du.
Azken urteetan asko ugaritu dira liburu azokei edo liburu jaialdiei buruzko ikerketa lanak (Villarino, 59. or). Akademian aztertu izan dira ekitaldi horietan uztartzen diren ikuspegi literario, kultural eta ekonomikoa, bai eta nazioarteko proiekziorako diseinatzen diren estrategiak ere. Ikerketa lerro horren barruan, Villarinok zuzenduriko CULTURFIL proiektuak nazioarteko liburu azoken ikerketan sakondu nahi izan du. Proiektu horren helburu behinena kultur promoziorako estrategia berriak aztertzea da, hain zuzen ere nazioarteko liburu azoketan eta haietan ohorezko gonbidatu direnetan jarrita azpimarra. Ikerketa proiektua hainbat diziplinatatik jorratu da, hala nola kultur ikasketak, itzulpenaren eta literaturaren soziologia eta kulturaren ekonomia, eta ikuspegi aniztasun hori islatu nahi izan dute editoreek liburu honetan ere. Nazioarteko liburu azokei buruzko ikerketa sistematizatzea eta horiek aztertzeko marko bat finkatzea izan dute helburu. Horretarako, azokei berei eta azoka horien hainbat urtetako edizioei erreparatu diete. CULTURFIL proiektuan, honako hauek aztertu dituzte batez ere: Frankfurteko azoka, Buenos Aireskoa, Guadalajarakoa, Liber (Madrilen eta Bartzelonan egiten dena txandaka) eta Livre Paris.
Liburu honetan, CULTURFIL proiektuan eginiko ikerketen emaitza biltzen da, eta, horretaz gain, proiektuaz kanpoko beste hainbat adituren ekarpenak ere jaso dituzte, ahalik eta ikuspegirik osatuena eskaintze aldera. Liburuko 14 ekarpenak hiru atal nagusitan banatuta daude. Lehenengo atalean, nazioarteko liburu azoken eta horietan ohorezko gonbidatu direnen modelizazioa egin da; bigarrenean, nazioarteko liburu azokei buruzko ikerketarako tresnak aurkeztu dira, eta, hirugarrenean, hainbat kasu azterketa bildu.
Lehenengo ataleko ekarpenei esker, liburu azoken eta liburu jaialdien arteko ezberdintasunak irudika ditzake irakurleak, Sapiroren eta Soráren atalen bitartez batez ere. Sapiroren arabera, autoreei euren lanari buruz mintzatzeko aukera eskaintzen dieten ekitaldi publikoak dira literatura jaialdiak. Autoreen parte hartze zuzenaren bitartez, haien legitimazioa indartzeko balio dute. Mundu mailako merkatu editorialeko botere harremanak —zentroaren eta periferiaren arteko harremanak— erreproduzitu eta indartzen dituzte jaialdiek (Sapiro, 38. or). Nazioarteko liburu azokei dagokienez, aldiz, aldizkako maiztasuna duten ekitaldiak izaten dira, eta liburuaren kateari loturiko parte hartzaileak biltzen dituzte (Villarino, 60. orria). Urte luzez Frankfurteko liburu azokaren arduradun izan zen Peter Weidhaasen hitzetan, nazioarteko literatur azokak merkataritza jarduerak dira, ez literaturzaleen topaketak (ikus Soráren atala). Hori horrela izanik, bitartekariak dira benetako protagonista, eta ez autoreak, literatur sortzaileak. Dena den, askotarikoak dira nazioarteko liburu azokak. Publiko motari dagokionez, esaterako, badira profesionalei zuzenduriko azokak eta badira profesionalei zein irakurleria orokorrari zuzenduriko azokak ere. Azken horiek liburu jaialdien antza izaten dute, kultur eskaintza kontuan izanda. Gainera, ohorezko gonbidatuaren figurari esker, kapital sinbolikoa eta literarioa pilatzeko eta zabaltzeko aukera izaten dute gonbidatutako kulturek azoketan. Adibide modura, Galanesek Portugalek Guadalajarako 2018ko azokan izandako esperientzia aurkezten digu. Horretaz gain, Fernándezek erakusten duen moduan, hainbat azokatan literatur sariak banatzen dira, eta, horien bitartez, autore konkretuen lanak eta haien itzulpena sustatzen dira.
Bestalde, nazioarteko liburu azoketako ohorezko gonbidatuen nolakotasunean ere aldeak topa litezke. Kasu batzuetan, aukeratu izan dira gai nagusi bati loturiko gonbidatuak: Frankfurteko azokako hasierako urteetan, esaterako, Latinoamerikako literatura (1976), liburuak eta umeak (1978), Saharaz Hegoaldeko Afrika (1980), erlijioak (1982) eta George Orwell (1984) izan ziren interesguneak, eta, 1986tik aurrera, herrialde bat gonbidatu izan da. Beste zenbait azokatan, herrialde jakin bat, kultura bat edo hiri bat gonbidatu ohi da. Ohorezko gonbidatu izateak nazioartean bere kultura promozionatzea ahalbidetzen dio omenduari, bai eta bere herrialdeko jarduera editorialari bultzada ematea ere, hala kapital sinbolikoa eta ekonomikoa pilatzeko. Gonbidatutako herrialdeko agintariek —bai eta maila apalagoan azoketan parte hartzen duten gainerako herrialdeetako erakundeek ere— programazio bat eta ordezkaritza bat prestatu behar dituzte haien kultura nazioarteko agertoki horretan aurkezteko. Promoziorako espazio hori fisikoki nola antolatzen den aztertzeak erakutsiko digu ohorezko gonbidatu den herrialdeak zer-nolako helburua markatu ote duen. Bossharden ekarpenaren bitartez, Espainiak 1991n Frankfurteko gunea nola antolatu zuen ikus liteke ikuspegi arkitektonikotik, eta ondoriozta liteke zer leku betetzen zuen literaturaren sustapenak eta zer leku herrialdearen promozioak. Horretaz gain, autore jakinen ibilbideak sustatzeko ere balio du ohorezko gonbidatuaren izendapenak, haien lanak zabaltzeko eta itzultzeko bultzada jasoko baitute. CULTURFILeko ikertzaileen arabera, ohorezko gonbidatu izatea biziki garrantzitsua izan ohi da estaturik ez duten kulturentzat; izan ere, izendapenari esker, bestela izango ez lituzkeen aukerak zabalduko zaizkio gonbidatuari.
Itzulpengintzaren ikuspegitik, liburuko hainbat ekarpenetan ikusten da ohorezko gonbidatuek aukera izaten dutela itzulpenen bitartez beren kapital sinbolikoa handitzeko eta nazioartean ezagutarazteko. Kulturek beren kanon literarioa eguneratzeko eta zabaltzeko aukera ere izaten dute. Galanesek erakusten du, esaterako, nola Guadalajarako 2018ko liburu azokara Portugal gonbidatu ostean portugesetik gaztelaniara eginiko itzulpenetan genero literarioak dibertsifikatu diren eta kanona eguneratu den (94. or). Bestalde, Lunak erakusten digu nola Quebec Liberren ohorezko gonbidatu izan zenean (2008) programazio kultural zabala eskaini zuen Bartzelonan, eta, azokaren ostean, ordura arte ezezagunak ziren quebectar autore ugariren lanak itzuli ziren Espainiako estatuko hizkuntzetara (191. or). Internazionalizaziorako ezinbesteko tresna da itzulpengintza, ekarpen horietan erakusten denez.
Bestalde, jatorrizko kulturetako erakundeek kultur trukerako azoketara bideratzen duten laguntzari erreparatu dio Castrok liburuan. Hain zuzen ere, Galiziako, Kataluniako, Valentziako eta Euskal Herriko erakundeen parte hartzea aztertu du Frankfurteko azokaren 2018ko edizioan. Kultura bakoitzeko erakundeek itzulpenerako eskaintzen dituzten laguntzak izan ditu jomugan, eta lauren arteko alderaketa egin, ikusteko ea erdaratzeko helburuen eta horretara bideratutako laguntzen artean zer alde dagoen lau erkidegoen artean.
Ikuspegi ekonomikoari jarraikiz, Sanjiaok eta Núñezek kulturaren ekonomiaren barruan ikertzeko adierazleak markatzea eta lortutako emaitza baloratzea zein garrantzitsua den erakusten digute. Kultura batek bere lanak nazioarteko liburu azoka batean promozionatu nahi baditu, ikusi beharko da ea bideratutako baliabideak eraginkorrak diren markatu den helburua betetzeko, eta azokan parte hartzeko eginiko gastuak berdintzen ote diren jasotako onurekin (113. or). Onurak, noski, maila ekonomiko, sinboliko eta kulturaletan neurtu beharko dira.
Liburua irakurrita, hausnarketarako galdera ugari sortu zaizkit euskal literaturari eta azokei lotuta. Zer leku betetzen ote dute euskal argitaletxeek nazioarteko azoketan? Erosteko bezainbeste aukera sortzen ote zaizkie beren lanak saltzeko? Euskal erakunde publikoek zer baliabide eskaintzen ote dizkiete liburugintza sektoreko profesionalei nazioarteko liburu azoketan parte hartzeko? Euskal literaturaren promozioa nolakoa izan da nazioarteko azoketan? Zer jarduera konkretu gauzatzen ote ditu Etxepare Euskal Institutuak nazioarteko liburu azoketan? Sortuko ote zaio euskal kulturari ohorezko gonbidatu izateko aukera nazioarteko azoka entzutetsuren batean? Zer-nolako bultzada emango lioke halako aukera batek euskal literaturari? Durangoko Azokan ohorezko gonbidatu izendatzen den kulturak zer rol betetzen ote du? Zer promozio egiten ote da jatorrizko kulturatik, eta zer promozio, Durangoko Azokaren aldetik? Ba al da itzulpenak sustatzeko programarik figura horri loturik? Aztertzeko hari mutur ugari, orain arteko bidea nolakoa izan den ezagutzeko eta etorkizunerako lan ildoak birpentsatzeko.
Hausnarketa globalago batera igarota, ezin uka nazioarteko liburu azokak plaza garrantzitsuak direnik merkatu editorialarentzat. Merkatuak gero eta nazioartekoagoak dira, eta horrek ondasun kulturalak sustatzeko mekanismo berriak garatu beharra dakar. Nazioarteko liburu azoketan egin diren moldaketek erakusten dute argitaratze-zirkuituetako elementuak nola aldatu diren hainbat garai eta eremutara. Pandemia garaia tarteko, egokitzapen eta berriztatze lanaren emaitza erakusten du liburuak, bai azokei, bai azoken ikerketari dagokienez.
Amaitzeko, esango nuke honako liburu hau ezinbesteko erreferentzia bat izango dela nazioarteko liburu azokak eta literatur eta kultur legitimazio prozesuak aztertu nahi dituen edonorentzat, baita merkatu editoriala, itzulpen fluxuak zein ondasun sinbolikoen irudikapena eta nazioarteko trukeak ikertzen dituztenentzat ere.
Elizabete Manterola
Luces, cámara, y… traducción audiovisual. Eugenia Arrés, Fernando Castillo, Javier Rebollo eta Juan Yborra. Pie de Página argitaletxea, Madril, 2021.
Ikus-entzunezkoak profesional moduan itzultzen hasi nahi duenari sor dakizkiokeen galdera ganorazko askori erantzuten die gidaliburu antzeko honek.
Zazpi atal ditu argitalpenak, gehi glosategi bat eta azken gogoeta bat. Bikoizketaz eta gainjarritako ahotsez dihardute horietako bik, eta era horiek biak gehien erabiltzen dituzten ikus-entzunezko alorrak arakatzen dituzte. Hartara, aztergaien artean, besteak beste, dokumentalak eta realityak itzultzeko beharrezko lanabesak, horrelako lantegietan gertatzen diren akatsik ohikoenei itzuri egiteko oinarriak, aribidearen faseak (itzultzaileak lana jasotzen duenetik bikoizketa mamitu arte) eta esku hartu ohi duten profesional motak.
Segituan, hizkuntza arteko azpititulazioaz dihardute. Hartara, ezaugarri teknikoak zein lerroak zatitzeko, karaktereak mugatzeko, sinkronia zaintzeko eta beste kontzeptu batzuei buruzko jarraibideak eskaintzen dituzte, betiere praktikotasuna dela oinarri. Izan ere, mintzagai darabilgun hori da lanbideari ikusgarritasunik handiena ematen dion azpiespezialitatea, itzultzailearen izena filmeko azken azpitituluan agertu ohi delako.
Beste kapitulu batek bideojokoez dihardu, eta, hala, lokalizazio terminoa darabilte, zehatzago jardutearren: zertan datzan, zer baldintzatan lan egin ohi duten lokalizatzaileek, zein diren lan baldintzak, eta nolako teknika eta programak menderatu behar dituen alor interesgarri horretan jardun nahi duenak.
Beste kapitulu batean, gizartean gero eta garrantzi handiagoa hartuz doan beste alor bat jorratzen dute: ikus-entzunezko irisgarritasuna. Bi alderdi hartu dituzte oinarritzat; bateko, entzumen zailtasunak dituzten pertsonentzako azpititulazioa, eta, besteko, ikusmen zailtasunak dituzten pertsonentzako audiodeskripzioa. Bata zein bestea eszena arteetan nola erabiltzen diren azaltzeaz gain, haiei buruzko UNE arauen edukiak ere eskaintzen dituzte egileok.
Hori guztia osatzearren, zenbait kapitulu praktikoagoak dira, oraindik ere, ikasketak amaitu berri dituztenentzat egokiagoak, nonbait, ikasleok ez baitute zehazki jakin ohi nondik heldu ogibideari: enpresetarako itzulpen probak egiteko jarraibideak, elkarte profesionalen berri, lan itzuliak egile eskubideak kudeatzen dituzten erakunderen batean erroldatzeko bideak, baliabide bibliografikoak, tarifak, oztoporik ohikoenak, lanbide irudia lantzeko oinarriak…
Horiezaz guztiez gain, liburuan zehar, hainbat ariketa agertzen dira, han-hemenka, irakurleak eduki teorikoak praktiken bidez landu ditzan eta, hala, azpiespezialitate bakoitzaren ohiko lantegiak benetan zertan diren jakiten has dadin. Azken buruan, jomuga nagusia ikus-entzunezkoak itzuli nahi dituzten ikasleei norabidea aukeratzen laguntzea da, fakultatean ikasitakoaren osagarri.
Itzulpengintza gradutik beren agentzia izan arteko bidea egin duten profesionalek idatzia, eskuliburu hau ia ezinbesteko tresna bat da hori alor hori askoz ere gertuago ezagutzeko.
Nahiz irakurlea itzultzaile hasiberria edo beste espezialitate bateko itzultzailea izan, nahiz ikus-entzunezko itzulpen eskolei ikuspegi profesionala eman nahi dien irakaslea izan, sektore horren nondik norakoak jakin edo ikus-entzunezko itzulpen lan bati aurre egiteko orduan sortzen diren galderei erantzun gura izanez gero, harroinezko liburua izango zaie honako hau.
Eugenia Arrés azpititulatzailea da, bikoizketarako itzultzailea eta software eta bideojoko lokalizatzailea. Espezialitate horiek lokuzio profesionalarekin, zinpeko itzulpenarekin eta graduondoko ikastaroetako ikerketarekin eta irakaskuntzarekin tartekatzen ditu.
Fernando Castillo telebista kateetarako eta streaming plataformetarako edukien itzultzailea da, eta lan hori dokumentuen zinpeko itzulpenarekin bateratzen du. Era berean, ikus-entzunezko itzulpengintzako irakasle eta hizlari da, hainbat unibertsitatetan.
Javier Rebollo telebista kanaletarako eta streaming plataformetarako ikus-entzunezkoen itzultzailea da. Web eta software lokalizatzailea. Marketin kanpainen itzul-sortzailea. Unibertsitateko master bateko irakaslea.
Juan Yborrak ikus-entzunezkoetarako itzultzaile (zehazkiago, azpititulatzaile) eta bikoizketarako nahiz ahots gainjarrietarako itzultzaile dihardu. Zortzi urte baino gehiagoko esperientzia du, eta telebista eta DVD euskarrirako ehunka lan itzultzen parte hartu du.
Karlos del Olmo
Desertar. Ariana Harwick, Mikaël Gómez Guthart. Candaya argitaletxea, Bartzelona, 2021.
Sorterritik, hizkuntzatik, lehenalditik, norberarengandik desertatzea… Ez da erraza liburu txiki bezain oparo honen gaia zehatz-mehatz zedarritzea. Etxea eta ama hizkuntza utzi, eta urruneko gizarte zelanbait antagonista batean txertatzearekin lotzera garamatza izenburuak, kontrakarreko bi kontzeptu bidelagun: helmugako gizarteratzea eta abiaburuko desertzioa. Azalerako aukeraturiko irudiak, ordea, Proust sarritan agertzen den liburu baten aurrean gaudela pentsaraz liezaguke, eta ez ginateke oso oker ibiliko. Dena dela, Desertar nabarmendu egiten da orri gehien hartzen duen gaiagatik, hain suertez: itzulpena.
Espektraltasuna edo fantasmatikoa ere ageri-agerikoa da lan honetan. Piano edo jazz pieza batzuen antzera, bi edo lau eskuz jotzen dute Ariana Harwicz (Buenos Aires, 1977) argentinar idazleak –Frantzian bizi da duela hiru bosturtekotik– eta Mikaël Gómez Guthart (Paris, 1981) idazle eta itzultzaileak, azken hori Argentinan eta Espainian hainbat urtez bizi izandakoa.
Elkarrizketa eta mezu edo gutun truke gisa eraikitako obra da. Lehen aipatutako gai horien guztien artetik dabilela, han-hemenka, gorabeheraka, erakargarri nagusietako bat testua eratzeko modu eszentrikoa du. Eszentrikoa da, jakina, erdigunetik mugitzen den aldetik.
Autoreen izenean bertan ikusten dira aitzinekoengandiko tentsioak, arbaso bestelakotuak, sustrai txirikordatuak, kultura orekak eta lerradurak dautzala haiengan. Horrek denak berehala kokatzen du irakurlea jaiotetxetik desertatzeak eta kultura nahiz hizkeraren logika desberdin eta urrunen batean txertatzeak ondorioztatzen dutenaren aurrez aurre. Ez da harrigarria, hortaz, itzulpenaren gaia nonahikoa izatea liburuan.
Desertar saiakera eta anekdota sorta gisa ere ikus daiteke: itzultzearen esperientzia, itzultzeko keinu ausarta, idazketa itzulpen gisa, itzulpena idazketa gisa… Denak ere katebegizko elkarrizketa batean, zeinean Harwiczek eta Gómez Guthartek, aldi berean, beren ideiak itzuli eta fintzen dituzten, bai eta, behin eta berriro, tentsiozko ritornelloen bidez, ideia berberetara itzultzen ere, mundua eta beren burua azaltzeko eta esplikatzeko. Eta, halere, joan-etorriek ez dute beti erdiesten adostasunaren muga.
Hainbat pasartetan, Ariana Harwicz, obra hainbat hizkuntzatara itzuli izan diotenez gero, idazleak hizkuntzaren gainean eginiko lana, diskurtso eragiketa, itzulpenean kosta ahala kosta gordetzearen alde agertzen da. Gómez Guthartek, itzultzaile profesionala edo bertsio «erasotzaile» edo «exekutatzaile» den aldetik, egitatetzat jotzen du hasierako ahaleginaren zati bat bidean zehar zentzua galduz joatean datzala, eta irakurleari ez zaiola axola den-dena ez ulertzea, ez eta itzultzaileari ere. Harentzat, itzultzean, oinarrizkoa da «misterioaren, sekretuaren» beharra; Harwiczen aburuz, berriz, «idazteak harreman bakar halako bat izan behar du hizkuntzarekin», hau da, idazte arroztasun moduko bat, eta helmugako hizkuntzan ia kaltetu gabe eutsi beharko lioke itzultzaileak arroztasun horri. Harwiczi hondar irabazia interesatzen zaio. Gómez Gutharti, galera, areago. Gómez Guthartek, bestalde, kultura eta zibilizazio keinu egokienentzat jotzen du literatura bertsioa, gizateria literaturan sartzeko era bat izanda mezuan ziurgabetasuna txertatzen duelako: ulermena arriskuan jartzeko modu bat, haren irismena ziurtatzearen ordainez. Harwicz, jakina, ez dator bat, inolaz ere.
Bi ahotsen arteko lehia horretan, argudioetan amore ematearen plantan edo mozorroaren azpian, erresistentzia zurrunezko modu ezinago konplexuak agertzen zaizkigu, zertan esanik ez.
Batzuetan, fantasmatasuna atzean utzitako zeozer da, Argentina Frantziaz trukatzean Harwiczek lagatakoa, edo Gómez Guthartek Paristik ihes egin eta Buenos Airesen tokitzean utzitakoa; batzuetan, itzulitakoa da fantasmagorikoa, are idatzirikoa ere, bai baitirudi ez izate huts moduan existitzen direla, bilatzen hasten garenerako, jadanik ez dagoen zerbaiten antzera. Liburuaren azken zatian, dimentsio existentzialak hartzen ditu espektraltasunak: «Gure espektroei aurre egitea, gure mamuak ikustea».
Elkarrizketa, zenbaitetan, horixe da, autu garbia, eta, beste batzuetan, berriz, halako bakarrizketa txikien erakusketa txandakatu bat, zeinean ez dioten erantzuten elkarri, baizik eta bakoitzak bere ideiak egituratzen, zatika eta gainjarrita, eszena bati buruz hizkuntza desberdinez hitz egiten duten bi antzezleren antzera: bi gaztelania desberdin, bi ahots, bi tinbre eta bi erregistro, elkarri ulertu arren aldi berean elkarrengandik urruntzen direnak, bi partalierrek euren ama hizkuntzetatik esperientzia nomadan saiatzeko urrundu ziren modu-moduan. Badirudi bi gaztelania horiek, noizean behin, itzultzaile baten premia dutela, elkar ulertuko badute, halako elkarren urrun bihurtu izanaren ondorioz.
Bi egileek begirune handi-handia diote tradizioari. Literarioak eta musikalak dira Harwiczen erreferentziak, pianistikoak, bereziki, eta orri ederren bat edo beste uzten ditu lekuko liburuan. Gómez Guthartenak literaturari buruzkoak dira, batez ere itzulpenaren historiaren ingurukoak, adar horretan aditua dela ederto frogatzen baitu. Bereziki lortutako edo porrot egindako hainbat itzulpen ekintzaren gaineko aipuak dibertigarriak eta jakinduria handikoak dira. Hala ere, deigarria da Harwiczek, idazle gisa ezagunagoa izanda, itzulpengintzari buruz hainbeste hitz egitea eta Gómez Guthart, itzultzaile gisa prosagile modura baino ezagunago dela, literatura idazteko esperientziari buruz aritzea.
Azken buruan, aurrez aurre, literatura, kultura eta itzulpena maite dituzten bi pertsona daude, aurrez aurre eta, bidenabar, gure aurrean, eremu arriskutsuetara sartzeko beldurrik gabe, lurpeko lehergailuz beteriko eremu batetik dabiltzala badakiten arren. Arianak halako batean dioenez, «itzultzeari buruzko elkarrizketa hau idazten ari garen bitartean –benetan, areago da beste gauza bati buruzkoa, eta ez dakigu hura zer ote den ere– (…)».
Biek abandonatu zituzten, borondatez, beren jatorrizko hizkuntzak eta kulturak, eta nork bere izatea bera itzultzen hasi behar izan zuen. Haien desertzioek, hortaz, badituzte halako balio eta interes erantsi batzuk. Azken batean, testu itzulia ez ote da, aldez edo moldez, desertzio bat, eta, itzultzea bera, desertatze eta birgizarteratze etengabeko bat?
Karlos del Olmo