Sigla eta izen berezi batzuen deklinabidea
Artikulua PDFn
Aldizkari honen beronen orrialdeetan (ikus SENEZ 3), euskarazko laburtzapenaz ari nintzela siglen deklinabidea pasarte labur eta azkar batetan azaldutzat eman nuen. Geroztik ordea, siglen deklinabidearen kontu honek uste baino koska handixeagoak dituela, eta han emandako argibideak nahasi samarrak zirela ohartu naiz. Egin dezagun argi iluntasunean.
1. Aldez aurreko oharpenak
Siglak eta izen berezi batzu batera izendatzen ditugu ondoko lerro hauetan. Izan ere, berez izen sintagma arrunt izanik izen berezien gisako jokua egiten duten izen sintagmen ordezkapen dira siglak eskuarki. Esate baterako, "hezkuntza", "zientzia" eta "institutoa" izen sintagma arruntak izanik, "Hezkuntz Zientzietako Institutoa" izen sintagma osatzen dute izen berezi berria sortzeko; izen berezi honi dagokion HEZI sigla, beraz, jatorrizkoaren ezaugarri morfologiko eta gramatikalez hornitua egongo da. Ondorioz, zalantza askorik gabe ikus daiteke siglen deklinabideak izen berezi mota horien deklinabideak dituen korapilo berdintsuak izango dituela.
Bestalde, ez da esan beharrik ere jatorrian izen sintagma arrunta duten izen berezi hauek mugatuak direla beti, singularrean nola pluralean. Ondorioz, ondo gogoan hartu behar da siglek izen sintagma mugatuak ordezkatzen dituztela beti, singularrean (BEZ, EE...) ala pluralean (HT...). Gauzak horrela ikusten badira errazago ulertuko dira ondoren datozenak.
2. Euskaltzaindiaren arauak
Euskaltzaindiako Gramatika Batzordeak orain arte argitara eman duen lehen liburuan bere eritzia eskaintzen du izen berezi hauei buruz (ikus 62-64 orrialdeak). Hona hitz bitan zer dioen.
"Berez izen sintagma arrunt diren" izen berezi hauetan sintagma osoa hartu behar omen da, "eta, deklinatzerakoan, mugatzailerik ez balego bezala jokatu, -A itsatsia duten izen bereziak balira bezala". Adibideak ematen ditu: "Deia-koekin ez naiz aspaldion mintzatu" eta "Argia-ra gutun ugari iritsi dira" (sic) behar omen du.
Gainera, badira beste zenbait halako izen berezi, non derrigorrez jokatu behar bait da -A itsasia balute bezala: "Gure etxea taberna" edo "Arrano beltza elkartea". Hauetan, ezin liteke pentsa benetako "gure etxea" edo "arrano beltza" hegaztia aipatzen direnik. Beraz, hauetan argi dago "Gure etxea-ra goaz" edo "Arrano beltza-tik nator" behar duela.
Aitzitik, gisa honetako beste izen berezi batzuk deitura izatez gainera deskrizioa ere badira "Euskadiko Partidu Komunista" alderdi politiko baten izendapena izatearekin batera alderdi berorren deskrizioa da. Esan nahi bait da "partidu" bat dela benetan, "Arrano beltza elkartea" arrano beltzik ez den bezala. Hemen ere kontu garbia, beraz.
"Baina, dio Euskaltzaindiak, Herri Batasuna, adibidez, deituraz gainera batasuna ote?" Zalantzan ibili ohi omen gara. Alegia, deitura soila balitz, Herri Batasunako idatzi eta esan beharko litzateke, Euskadiko Ezkerrako belaza. Deituraz gainera benetako batasuna eta ezkerra balira, orduan Herri Batasuneko eta Euskadiko Ezkerreko beharko luke. Nola erabaki? "Kontu hau ez dago batere garbi", Euskaltzaindiaren epai zorrotza.
Herri Batasuna deiturak benetako "batasuna" adierazten ote duen, edo Euskadiko Ezkerra benetako "ezkerra" ote den aztertzen ez naiz ausartuko, gramatikaz gaindi besteren mahaian agintzeko gogoak ez bait dit ematen. Nork bere izendapenaren jabe izateko askatasuna du-ta, hor "batasuna" eta "ezkerra" direla agintzen dit belarriak. Horrenbestez, "Herri Batasuneko mahai nazionala" eta "Euskadiko Ezkerreko biltzar tipia" behar du. Hala esan zidan behin adiskide batek: deitura horiek duela ehun urte asmatuak balira, inork ez luke dudarik egingo "Herri Batasuneko" edo "Euskadiko Ezkerreko" esaten. Gaur berriz dena dugu korapilo eta hizpide...
3. Siglen deklinabidea
Argi dago, orain artekoa kontutan izanda, siglek izen sintagma mugatuak ordezkatzen dituztena. Baina idazten denean, kontutan izan behar da siglak berak ez duela bere baitan mugatzailerik jasotzeko ahalbiderik. Esate baterako, HABE idazten denean, zer ulertu behar ote da "-E" horretaz: "Erakundea" ala "Erakunde" hutsa?
Nire ustez ez dago beste hautabiderik: izen sintagma mugatuaren ordaina izanik ere, siglak berak ez du mugatzailearen markarik bere baitan. Ondorioz, mugatzailea adierazi egin behar da, siglari itsasia.
Jakina denez, siglaren idaztarauak dio sigla beti maiuskulaz idatzi behar dela. Izan ere, grafia horrek adierazten bait du sigla izen sintagma berezia (aparteko a, esan nahi bait da) dela . Aurrekoan azaldu nuen bezala, minuskulazko idazkera siglaren lexikalizatzearen adierazpen besterik ez da (gogora UNESCO, Unesco), lexikalizatze horren adibiderik garbienak izen faktizioak direlarik (radar, laser, sonar). Ondorioz, sigla ezinbestean maiuskulaz idatzi behar baldin bada, atzetik itsatsi behar zaion mugatzailea eta deklinabide atzizkia orobat minuskulaz idatziko dira, zer den zer zuzen ezagutzeko era bakarra bait da. Horrela, "HABEko ikuskatzaileak" edo "HABEaren egitura" idazten denean argi dago sigla "HABE" soila dela, eta gainerakoa mugatzailea edo/eta deklinabide morfemak.
Izen arruntekin gertatzen den bezala, hauetan ere deklinabide morfemak aldatu egin litezke izena bokalez ala konesonantez bukatzen baldin bada. Baina erne! Idatzitako sigla esan egiten denean, sigla bera esan liteke, baina baita siglak ordezkatzen duen izen sintagma osoa, beti ere siglaren "indarraren" eta usadioaren arabera (adibidez, ohituak gaude "HB hatxe-be" esaten, baina errazago esaten dugu "EE euskadiko-ezkerra", azken sigla honen ahuldadeagatik edo). Beraz, sigla bati bere mugatzailea eta deklinabide kasuaren atzizkia erantsi nahi zaionean, siglaren jatorrian den izen sintagma osoa hartu behar da kontutan, eta hura bokalez ala konesonantez bukatua den. Adibidez, "BEZ" sigla ("Balio Erantsiaren gaineko Zerga" alegia) itxuraz kontsonantez da bukatua, baina horren arabera "BEZeko bulegoak" idazten badugu, eta siglaren ordez izen sintagma osoa irakurri (ulergarritasunaren faboretan, agian), "Zergaeko" edo halako zerbait aterako zaigu. Beraz, "EAJeko", "HEZIan", "OLIko" (Ordenadorez Lagundutako Irakaskuntza), "HUISetik" (Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila), etc.
Salbuespen argi bat badela uste dut hala ere: -A batez bukatutako siglak. Izan ere, hauetan berezko -a balute bezala jokatu behar da, bestela -A horren segidan mugatzailearen -a jarrita era zelebre samarrak sortzen bait dira. Esate baterako, "EIMA" sigla (Euskal Ikasmaterialgintza) hartzen badugu, mugatzaile soila jarriz gero "EIMAa" gertatuko litzateke...
4. Erdaretako siglen deklinabidea
Orain arte esandakoak euskarazko izen sintagma baten ordain diren siglen deklinabidea egiteko balio dute. Nola jokatu ordea erdaretatik zuzenean (itzulpenik gabe, esan nahi bait da) hartutako siglekin?
Hauetan ez dago, gehientsuenetan bederen, siglaren oinarrian den izen sintagma nolakoa den ere jakiterik? ez eta bokalez ala kontsonantez bukatua ote den. Beraz, sigla bera bakarra hartu beharko dugu, bere izen sintagma zer den kontutan eduki gabe, eta horren gisara jokatu. Alegia, sigla bera bokalez edo kontsonantez bukatua den ikusita. Esate baterako, "NATO" siglaren deklinabidea bokalez bukatutako edozein izen arrunt bezalaxe egingo dugu, eta "SALT" siglarena kontsonantez bukatutakoen arabera.