Itzulpengintza eta hizkuntza perfektua
Umberto Eco

Juan Mari Arzallusek euskaratua

Ikus oharra

Itzulpengitzari buruzko liburu-errebistentzat eta gai bera aztertzeko egiten ziren kongresuetako aktentzat leku egiteko, etxeko bibliotekan apal bat libratzen hasi nintzen, orain urte batzuk. Ordura arte, bi pentsalari mota arduratzen zen itzulpengintzaz: Humboldti jarraituz-edo, ezer itzultzea posible ote zen, teoria gisa beren buruei galdetzen ziotenak eta, Quine buru, itzulpen erabat-erabatekorik egitea ezinezkoa zela logikaz frogatzera iritsi zirenak, hau da, hizkuntzaren filosofoak; eta, obra literario bat itzultzeak zer esan nahi duen beren buruei galdetzen zioten besteak, hots, letra-gizonak; eta horrek Georges Steiner-en After Babel  liburu bikain hura dakarkigu gogora.

Gaur egun, berriz, traduktologiaz edo itzulpengintzari buruzko teoriaz ihardun ohi dugu, eta badira ere unibertsitateetan departamentuak, hutsik gai hori lantzeko antolaturik daudenak. Zertatik datorkio traduktologiari horrebesteko garrantzia? Hasteko, hiru arrazoi emango ditut, teknikoak bi eta ekonomikoa hirugarrena. Baina, laugarren bat ere aipatuko dut gero, azkenean.

Horren lehenengo arrazoia, nire ustez eta barkatu etxerako biltzen hastea, semantikari buruzko ikerketak hirurogeita hamarraz gero hartu duen indarra hartu izanean dago (eta arrazoi hori aipatzean, bi lagun zendu frantziar, sortzez lehenengoa eta adopzioz bigarrena, ekarri nahi nituzke gogora, zeren, zuzenean itzulpenaz ari izan ez baziren ere, horren gainean oso gogoeta baliotsuak utzi baitzizkiguten; Roland Barthes-ez eta Algirdas Julien Greimas-ez ari naiz).

Horren bigarren arrazoia, berriz, adimen artifizialak duen garrantzia hartu izanean eta itzulpena makinaz egiteko proiektu bat ere sortu izanean dago. Hizkuntzaren teorizatzaile guztiak prest daude gaur ordenadoreak itzultzen jartzearen hori fikzio-zientziaren pareko ametsa dela frogatzeko. Baina, nahiz eta hala dela, alegia, makinak, «euria ari du», «bihar iritsiko naiz» eta gisako esaldi oinarrizkoak, eta horiek ere oso modu lauan baino ezin itzuli dituela frogatu egunen batean, hartara bitarteko bidean eta hartarako egindako ahaleginean ere, ordea, semantika kontuan, ondorioak ateratzeko abilezia mailan eta testuaren logika aztertze kontuan makinak zein traba aurkitu dituen konturatuko ginateke.

Bukatu berria dut ikerketa bat, Europako kultur-historian hamar mende iraun duen saio bati buruzkoa; hizkuntza perfektua aurkitzea zen saio horren helburua, eta uste dut, bilaketa hori utopikoa izan dela esan daitekeela gaur.

Bilaketa batek huts egiteak ez du, horren bilakaera nahitaez huts egiteak joa zegoenik esan nahi, eta hain zuzen, hori da nire ikerketatik atera daitekeen ordorioetako bat, bilaketa horren historiako huts egite guztiek izan dutela ondoan beste eraginen bat: egia esan, bukatu gabe geratutako proiektu guztiek uzten dute ondorio onen bat zientziarentzat eta zibilizazioaretzat. Dugun proiektua dugula, azkenean felix culpa esateko bezala begiratu behar dugu, beraz: gaur egun erabilera praktikoren bat duen hainbat teoria eta teorizatzen dugun beste hainbat praktika, esate baterako, hizkuntza perfektu baten bilaketaren ondorio edo horren bila abiatuta aurkitutakoak aurkikuntzak dira, hala logikan erabiltzen ditugunak, nola kimikan eta zoologian erabiltzen ditugunak, eta baita, Minitelari funtzionatu arazterakoan erabiltzen ditugunak ere.

Gauza bera esan daiteke elektronikaren bidez itzultzeko saioaz ere. Nahiz eta, esan bezala, egun batean hori ezinezkoa dela demostratu, hartara iritsi bitartean egindako ahaleginak, itzultzeak zein misterio dituen hobeto ulertzera eramango baigintuzke gutxienez. Japonian izan nintzen orain hiru urte, eta elektronika mailan den fabrikarik handienetako bat, Fujitsu, ikustera eraman ninduten Tokion. Fabrika horretan genbiltzala, ordenadore txiki bat ekarri zuten bertako teknikoek eta, tekleatuz-tekleatuz, nire Arrosaren izena liburuaren japonierazko itzulpeneko lehen hogei orrialdeak idatzi zituzten (ideogramatan). Beste tekla bati eman, eta testu beraren ingeleseko itzulpena agertu zen gero, pantailan. Agertu zena literaturako maisu-obra bat zenik ez zitekeen esan (beharbada sorreran bertan zegoen, gainera, okerra), baina nire liburua ezagutzen duen edozeinek antzeman ziezaiokeen hura egiaz nire liburukoa zela, eta ez beste batekoa.

Traduktologiak, daukan indarra hartu izanaren hirugarren arrazoia, gaur egun lehen baino liburu itzuli gehiago argitaratzean dago. Frantzia da joera horren ereduetako bat. Mila bederatzireun eta hirurogeita hamarra pasatuxe arte, Italian eta Alemanian baino luburu gutxiago itzultzen zen Frantzian, harro egon nonbait zuen produkzio literario nahiz zientifikoarekin-eta. Urte horien ondoren sortu zen merkatuak (FNAC-ek eragin zuenak), halako liburu saila eskatu zion, ordea, non nahiz eta etxeko produkzioa gutxitu ez nahitaezkoa bihurtu zitzaion beste obra gehiago itzultzea, eta hain ere hala, ezen, egia dioten liburuak idazlearen izena kontsonantez bukatzen denarenak direla uste dugun gure Italia horretan bezala, ezeren probetxurik ez duten liburu asko ere itzultzen den orain.

Eta horrekin bukatzen dut, momentuz behintzat, traduktologiak hainbeste indar hartu izanaren arrazoien zerrenda. Utz iezadazue orain itzurraldi txiki bat egiten. Ez naiz historialariaren edota teorizatzailearen bidetik abiatuko, itzultzailearen bidetik baizik. Nahiz eta, egun batean, itzulpengintzako jokoan sartzez gero, joko horretan azkeneko muturreraino joateko behar zuela, neure buruari esan, eta Raymond Queneau-ren Exercices de style italieraratu ere egin, gainerakoan oso gutxi itzuli izan dut nire bizitzan (itzultzaile adoretsuari diodan errespetoa agertzeko era, agian). Izan dut, guztiaz ere, teorizatzaile eta nobelagile naizen aldetik, itzultzailearen arazoak bizi ahal izateko aukera, oso harreman estuak mantenduz lan egin izan baitut nire liburuen itzultzaileekin, hain ere estuak ze esan baitaiteke Espirituzko edo gogozko anaiarte bat, sekta antzeko edo inzestu-egoerakoaren antzeko harreman bat sortu dela ere nire itzultzaileen (Babelez geroko destinoak nahi izan duen bezala, munduan zehar banaturik dabiltzanen) eta nire artean. Halaber, askotan lan egin behar izan dut ulertzen ez nituen hizkuntzetara, errusierara, hungarierara edo japonierara nire obrak itzultzen ari zirenekin. Itzultzaile argia gai izaten da estilozko esaldiak, moldaera sintaktikoak edo hitz-jokoak zergatik bere hizkuntzara egokitu ezin dituen inori adierazteko eta irtenbide posibleak ere eztabaidatu ahal izaten dira halakoarekin.

Itzultzaile horiekin izan ditudan harremanetan, kezka bera agertu izan da beti nagusi, alegia, ea behar den jatorrizko testua irakurlea idazlearen kultur-unibertsora hurbilarazteko eran itzuli edo, ea behar den hura aldatu eta irakurlearen hizkuntzara eta kulturara egokitu beste era batera esateko, ea behar duen itzultzaileak idazlea bere testua aldatzeko eta iritsierako hizkuntzara egokitzeko prest balego bezala itzuli, edo behar duen dagoen hartan eta duen jeinuaren arabera itzuli.

Itzulpena source ala target oriented erara egin behar den, hau da, jatorrizko testura edo iritsierakora begira egin behar den, da traduktologian gaur dabilen galdera nagusia. Jatorrizko hizkuntzara begira egiten denean, autorearen pentsakera eta haren unibertso espirituala adierazi behar ditu itzulpenak. Beraz, nahiz eta sintasi-moldaera bat edo hitz joko bat gehixkotan agertu, Homeroren «egunsentiak arrosa koloreko behatzak zituen», esate baterako, ezin da epiteto hori alde batera utzi, esaldi bat askotan ez errepikatzeko erakutsi izan arren eskolan. Zeren jakin behar baitu irakurleak greziarrentzat beti arrosa koloreko behatzak zituela egunsentiak, ipar ameriketar batentzat Washingtonek beti ondoan DC duen bezala.

Ezin da ere Joyceren Finnegans Wake irakurlea Dublingo unibertsoan eta, delako puns edo ingeleseko hitz-zaku, ez hitz-joko eta ez trabenakeria (contrepèteries) diren horien jeinuaren baitan sartarazi gabe behar bezala itzuli. Nahiz eta Nino Frank-ek eta Ettore Settani-k, liburu hori italierara itzultzean, Joyce beraren laguntza izan, Anna Livia Plurabelle-ren pasarteko hogei orrialdeak berriro moldatu behar izan zituen autoreak, Liffey ibaiaren inguruan kokatua zegoena Florentziarako edo Triesterako egokitu, alegia. «Ez nieke hastapenetan direnei Finnegans Wake italieraz irakurtzerik gomendatuko,» idatzi zuen behin Louis Gillet, frantses akademikoak.

Bada horren frantsesezko itzulpen bat ere, Beckettek eta Perron-ek, Léon-en, Jolas-en, Goll-en eta Joyce beraren laguntzarekin egina. Irakur ditzagun ingelesezko lehenengo lerroak eta horien frantsesezko eta italierazko itzulpenak, biak Joyceren begipean eginak.

O tell me about Anna Livia! I want to hear all about Anna Livia. Well, you know Anna Livia? Yes, of course, we all know Anna Livia. Tell me all. Tell me now. You'll die when you hear. Well, you know, when the old cheb went futt and did what you know...

O, dis-moi tout d'Anna Livia! Je veux tout savoir d'Anna Livia! Eh bien! Tu connais Anna Livia? Bien sûr, tout le monde connaît Anna Livia. Dis-moi tout, dis-moi vite. C'est à en crever! Alors, tu sais, quand le vieux gaillard fit karch et fit ce que tu sais...

Raccontami di Anna Livia. Tutto vo' sapere di Anna Livia. Beh, la conosci Anna Livia? Altro che, conosciamo tutte Anna Livia. Dimmi tutto, e presto presto. Roba d'altro mondo. Beh, sai allorché il messercalzone andò in rovina e fe' ciò che fe'...

Joycek italiera hobeto ezagutzen zuen frantsesa baino. Eta nire iritzirako, testu horren frantsesezko itzulpena jatorrizkoari estu jarraituz eta horretan agertzen diren hitz-jokoak errespetatuz egina dago; ahalik frantses monosilabikoena erabiliz lortu zuten hori egitea; italierazkoa, berriz, iritsierako hizkuntza aldera gehiago begiratuz egina dago; eta nabari da italieraren antzinagoko polisilaboak aztertuz ziskukako-hitz berri originalak asmatzen saiatu zirela.

Baina Joycek arazo gehiegi planteatzen dizkigu eta utz iezadazue hegada beheraxeago jaisten, eta nire obren bi itzulpen target oriented erara egindako aipatzen.

Nire Pendolo di Foucault-en, maiz egiten dituzte literatur-aipamenak liburuan agertzen diren hiru protagonistek; ageriko aipamenak, batzuk, gordekoak eta irakurle leial jakintsuari atsegin emateko hala ekarriak, besteak. Mundua desegiten eta berregiten ibiltzeko harrak hartuak dituen intelektualak, mundua ikusteko literaturarena beste leiho txulorik ez dutenak, eszenan jartzea izan zen nire asmoa.

LVII. kapituluan, zera aurkituko duzue Jean Noël Schifano-ren frantsesezko itzulpenean (maitale guztiek berentzat nahiko luketen lore polit eta txintxo horretan), muinoetan barrena egindako bidaia bat deskribatzen den pasartean: «L'horizon devenait plus large, bien qu'à chaque tournant augmentassent les pics, où se retranchait quelque village. Mais entre un pic et l'autre s'ouvraient des horizons infinis...» Baina jatorrizko testua ez da «horizons infinis» horrekin bukatzen, hark «de là della siepe, come osservava Diotallevi...» dio ondoren. Hori «au-delà de la haie, comme observait Diotallevi» itzuli izan balu frantsesera, ez zuen frantziar irakurleak han agertzen den guztia jasoko. Zeren, De là della siepe hori Giacomo Leopardiren L'Infinito olerkietako aipamenik bikainenetako bat baita, eta batere irakurle den guztiak buruz dakiena, gainera, Italian; aipamen hori ez dago, han hesi bat bezala irakurleari adierazteko jarria, Diotavelli, aipamen literariorik gabe, paisaia bat irudikatzeko gai ez zela adierazteko jarria baizik. Hesi horrek eta irakurleari Leopardi gogora ekarrarazteak batere garrantzirik ez zuela adierazi nien, beraz, liburu hori itzultzen ari zirenei, baina, irakurlearengan arnasa literarioren bat sortaraziko zuen aipamenen bat egitea beharrezko zela ere abisatu nien, aldi berean. Eta horregatik itzuli zuen Schifanok: «... des horizons infinis  au-dessus des étangs, au-dessus des vallées, comme observait Diotavelli...» Horra iritsierako hizkuntzara begira egindako itzulpen on bat.

Bada kasu zailagorik; Tolstoiren Gerla eta Bakea, esate baterako. Errusieraz idatzia dago nobela, baina badu frantsesez idatzitako elkarrizketa luze bat ere hasieran. Ez dakit Tolstoiren garaiko zenbat irakurle errusiarrek ulertuko zuen frantsesa; aristokratek bai, dudarik gabe, Tolstoik bere garaiko Errusiako aristokraziaren ohiturak islatu nahi dizkigu-eta, elkarrizketa horretan. Seguru asko, bera eginda zegoen, gainera, ez zela Errusian, aristokratak eta intelektualak aparte utziz gero, frantsesez irakurtzen jakin ez eta, errusieraz irakurtzeko gai zenik. Baina, agian, beste gauza bat da Tolstoik horretan adierazi nahi zuena, alegia, jakin zezala errusiera baino ez zekiena, hain zeudela Napoleonen garaiko Errusiako aristokratak eguneroko bizitzatik urrun, non, hitzegin ere, kaleko jende xeheak ez ulertzeko eran hitz egiten zuten. Bi orrialde horiek berriz irakurtzen badituzue laster konturatuko zarete, horietan garrantzizkoena ez dela zer dion, baizik eta kanpoko hizkuntza batean idatziak egotea.

Bada horretan, ni beti kezkatu izan nauen zera bat, hau da, zer atsegin har ote lezakeen frantziar irakurleak bi orrialde horiek irakurtzean, zeren, pertsonaia guztiak frantseses ari diren liburu frantsesez idatzitako bat irakurtzen baitu. Itzultzaileak «jatorrizkoan ere frantsesez» notatxoa erantsiko balio azpian, testuari kendu egingo lioke urrutikotasunak edo kanpokotasunak ematen dion lilura guztia. Frantsesezko testuan efektu hori lortzeko, bada, errusiar aristokratek ingelesez hitz egin beharko ez ote luketen (frantsesezko itzulpenean) pentsatu izan dut. Eskerrak ez nuen Gerla eta Bakea nobela idatzi, eta ez dudan nire frantses itzultzailearekin horrentzat irtenbide baten bila zertan ibili.

Frantziako XIX. mendeko nobeletako «monsieur» horiek italierara aldiro «signore» erantsiz itzuli beharko ote liratekeen ere galdetu izan diot nire buruari. Garai horretako frantziar guztiek, direla diren gizarte mailakoa, «oui» edo «merci monsieur» esaten diote duten hizketa-lagunari. San Antonio bakarrik topatzen da«ouais» besterik esaten ez dutenekin. Italian,«sì» edo «grazie» soila esateko ohitura dugu, etiketazko tonuan ari ez garenean behitzat. «Monsieur» horiek guztiak gabe ulergarriago dira italiar irakurle batentzat (target oriented irtenbidea), baina hori gabe itzulita ez dute Frantziako giroa behar bezala adierazten. Frantzian, bestalde, zukakoa erabiltzen da Italian hikakoa erabiltzen den askotan. Beraz, vai al diavolo! edo andate al diavolo, signore, nola?

Ez naiz gogoratzen zein eslaviar hizkuntzatara nire Il nome della rosa itzultzen ari ginen, kontua da, liburuan agertzen diren latinezko aipamenak zeuden hartan zirilikora aldatuz gero, irakurleak nola hartuko ote zituen galdetzen ziola bere buruari itzultzaileak. Texasko irakurle batek, batere latinik jakin ezta ere badaki hori Elizako hizkuntza ofiziala dela, eta izpirik ulertzen ez duen esaldietan beretan gai da, gutxienez, halako monasterio usain bat usnatzeko. De pentagono Salomonis eta antzekorik irakurtzen badu, berriz, pentagon eta Salomon horiek bere hizkuntzakotzat hartuko ditu. Gerla eta Bakea nobelaren hasierako«Eh bien, mon prince» irakurtzean ere antzeko zerbait gertatuko zaio, «printze» batez ari dela, behitzat, konturatuko da. Baina zer gertatuko litzaioke esaldi bera, eta frantsesak dituen soinuak zeinuz zeinu Txinako ideogramatara aldaturik, txinar irakurle bati emango balitzaio? Gorago esan dudan eslaviar hizkuntzara nire liburua itzuli genuenean, latinezko aipamenak antzinako eliz-eslaboieraz bihurtzea erabaki genuen itzultzaileak eta biok: horrela, pasarte horietan aditzera ematen diren kultura urruntasuna eta erlijio giroa, bederen, jasoko baitzituzten irakurleek duen monasterio kutsua, alegia eta hartuko baitzuten testua zertaz ari zen ere. Ez genituen, hala ere, gaitz guztiak saihestuak, zeren irakurleek fraide benediktarren eta frantziskotarren lekuan abade ortodoxoak irudikatzeko arriskua ez baitzegoen baztertua. Egin genuenarekin, irabazi baino galdu gehiago egin zuten, agian, hizkuntza horretako irakurleek. Baina testuartekotasunaren unibertsoari zor zaio hainbeste konfiantza, dagokion esparruan: Mendebaleko Elizako unibertsoa pixka bat ezagutzeko adina iturri (koadro, filme etab.) izan izango dute; horren irakurketak eragindako baldintzen arabera buruan sortzen zaizkien nahasketak eta katramilak, gainera, gauzak ulertzeko gaitasunaren soziologiari dagozkio, eta horretan nahiko eragin gutxi du itzultzaileak.

Izan ditut ere, jatorrizko testua estutik jarraituz itzuliz gero behar bezala ulertuko ez zela-eta, nire itzultzaileei aldatzeko baimena eman behar izandako kasuak.

Ondoren datorren Pendolo di Foucault liburuko pasarte horrek, adibidez, ez zigun frantsesera itzultzerakoan lan handirik eman, baina ingelesera egiterakoan moldatu egin behar izan genuen:

DIOTALLEVI. Dieu a créé le monde en parlant, que l'on sache il n'a pas envoyé un télégramme.
BELBO. Fiat Lux, stop. Lettre suit.
CASAUBON. Aux Thessaloniciens, j'imagine.

Oraindik lehengo estudiante izakera galdu ez duten pertsonaien arteko xorroxkeriazko hitz-trukaketa bat da elkarrizketa hori. Xorroxkeria horiek nahiko erraz bihur zitezkeen italieratik frantsesera, zeren bietan hitz bat bera, «lettre» erabiltzen baita gutuna edo karta esateko eta San Pauloren mezuak, epistolak, adierazteko. Ingeles batentzat, berriz, San Paulok ez zuen kartarik (lettre) idatzi, epistolak, eta beti epistolak baizik. Elkarrizketa horretan, Belbo letter gora eta letter behera hasiko balitz, ingelesek ez lukete San Paulorekiko errefentziarik jasoko: epistle hitza erabiliz gero, berriz, ez litzateke telegramarekiko erreferentziarik agertuko. Hona, bada, zer erabaki genuen egitea, eta nola banatu genituen elkarrizketari bakoitzak esatekoak, hoberena hala egitea zela ustez:

BELBO. Fiat lux. stop.
CASAUBON. Epistle follows.

Elkarrizketa horretan, Casaubonen gain erortzen da kartari eta telegramari bi esanahi emateko eta, aldi berean, San Paulorekiko lotura egiteko lana: irakurleari eskatzen zaio, berriz, erretorikazko zirkuitu-mozketa guztietan bezala, horretan ere adierazia baina gordean dagoen zirkuitua berak osa dezala. Italierazko testuan esanahi biko hitz bat erabiltzean zegoen jokoa, ingelesezkoan, aldiz, esanahi bi adiera bereko zirela konturatzean.

Esperientzia hori egin eta gero konturatu nintzen italierazko eta frantsesezko testuan ere horrelako joko batek hobeto funtzionatu izango zuela. Nobela hori berriro idatzi beharko banu, bada, ingelesezkoaren irtenbide bera emango nioke hurrengoan. Eta ondorio bat dario esan dudanari, iharduera kritiko ere badela itzultze lana.

Cyrano de Bergerac, Rostanden frantsesezko jatorrizko testua baino Mario Giobbe-k italiera klasikora egindako itzulpena, pasarte askotan behintzat, hobea dela konbentzituta egon naiz beti. Bizi guztia Rostand bilakatu nahian eman, eta, berebat, haren obra guztia itzuli ere egin du Giobbe-k, eta Rostandek zer bilakatu nahi izango zuen asmatu ere egiten du, batzuetan. Hona zer gertatzen den Cyrano hiltzeko zorian dagoenean, azkeneko agerraldian; apaltzen zaio ahotsa, eta azkenetan dagoela, harrotasunak eragindako kemenaldi batek astintzen du barrutik:

CYRANO.
Arrachez! Il y a malgré vous quelque chose
Que j'emporte, et ce soir, quand j'entrerai chez Dieu,
Mon salut balaiera largement le seuil bleu,
Quelque chose que sans un pli, sans une tache.
J'emporte malgré vous...
(Il se lance l'épée haute.) ... et c'est...
(L'épée s'échappe de ses mains, il cancelle...)

ROXANE (se penchant sur lui et lui baisant le front) C'est?...

CYRANO (rouvre les yeux, la reconnaît et dit souriant)Mon panache.

Mario Giobberen itzulpenean:

CYRANO
qualque cosa...
ch'io porto meco, senza piega nè macchia, A Dio,
vostro malgrado... Ed è...

ROSSANNA 
Ed è?...

CYRANO
Il pennacchio mio

Frantsesezko «mon panache» hori doinua beheraka doala eta indarra galduz bukatzen da. Giobberen «pennacchio mio» horrek, berriz, operako oihu bat dirudi. Irakurtzeko, italierazko testua baino frantsesezkoa hobea da, noski. Eszenara egokitzeko, ordea, ez dago frantsesezkoaren xuxurla hori baino gauza zailagorik, zeren, dioena esatearekin batean zurrundu eta tentetu egin beharko bailuke Cyranok, harrotasunak ematen dion indarrarekin. Baina,«panache» hori dela bide, eta hitz horrek azkeneko silaban indarra galtzen duelarik, deiadar ez baino hasperen bihurtzen baita hitz hori. Cyrano, bada, hil egiten da, zuen bizitzeko arrazoia azkeneko aldiz eszenaratu behar duen unean. Italierazko testuan, aldiz, nahiz eta pennacchio hori, oihukatu beharrean xuxurlatu baino egin ez, hitzak berak du Cyranoren egoera adierazteko hainbat indar, eta dirudi, duen azentu paroxitonoagatik, une batez altxa egin behar duela hilaurrean dagoen horren espirituak, ahotsak betiko isildu behar izanda ere gero. Italierazko mio izenorde hori«pennacchio» hitzaren atzean egoteak (eta ez aurrean), heroiaren arnasa ematen dio betiko ezerezean galtzera doan Cyrano horri.

Esan ote daiteke, hala ere, pasarte hori antzerkira egokitu beharrak dituen eskakizunak alde batera utzita, «pennacchio mio» ahapaldiak«mon panache»-ren esan nahi guztia jasotzen duenik? Ez noski, frantsesezko «mon panache» horrek bai baitu italierazko «pennacchio mio»-k (komikoagoak) ez duen ñabardurarik.

Zein da, orduan, itzulpen batek, sorrerakora edo iritsierakora begira egina izan, orijinalaren esanahia zuzen jaso duela baieztatzeko kriterioa? Galdera hori horrela egiteak, aurriritzi teoriko bat darama berekin, alegia, badela obra batean dioenaren gainetik dabilen beste Esanahi bat. Horrelako esanahirik izatera, ordea, eta itzultzailea behartua dago badela uste izatera sorrera-iritsierakoak ez diren hirugarren hizkuntza batean, aurreko bi horien parametroak biltzen dituen batean, adieraz litekeena izan beharko luke esanahi horrek. Eta beste hizkuntza horrek beharko luke izan inon diren alde on guztiak dituen perfektua, inon esistitzen ez, eta alde guztietan dabilena, agian Jainkoak eta bere aingeruek bakarrik hitz egiten dutena, edo, Jainkoak eta Adanek parabisuan eta oso denbora laburrean baizik hitz egin ez zutena, nolabait esateko.

Delako Reine Sprache edo Hizkuntza Garbi, aldi berean sentimentu ilun eta argiak dituen, eta itzultzaileek konfiantza osoa egin behar liotekeen horretaz, Walter Benjamin mintzatu izan zen. Horrelako Hizkuntza Perfekturik inon balitz ere, ordea, ez litzateke egunero darabiltzagun hauek bezalakoa izango. Badakigu Walter Benjaminek duen pentsaera mistikoa nondikakoa den, hebrearren Kabalatik, Jakob Böhme-ren estasietatik eta gisakoetatik bildua, eta hori gogoan izanez gero, Hizkuntza Garbiaren kontu horietan aise aurkituko dugu mendekoste eguneko mihi-askatze haren eta Cyrano de Bergerac-ek bere munduz kanpoko inperioetako bidaietan amesten zuen Txori-hizkuntzaren, labur esateko, glosolalia edo hitzegiteko dohain bereziaren kutsua. Uste dut, beraz, Darridak, Walter Benjaminen itzulpengintzari buruzko entsaioa komentatzean, itzultzeko gogorik izatea ere ez dela, aldi berean, Jaungoikoaren pentsamentuarekin harremanik gabe, posible esaten duenean, liluratzen gaituen metafora bat jartzen digula aurrean, eta metafora, gainera, mito bat dela jakinik ere, itzultzaileak bere lanean jarraitzeko adorerik izango badu, sinisten duen itxura egin beharrekoa. Gauza ezina da bi pertsona, baten eta bestearen gorputz-animak egunen batean bat egitera iritsiko diren esperantzarik gabe, zinezko maitasunaren bila abiatzea, nahiz eta fisiologiak eta psikologiak bestela demostratu eta Salmace-ren mitoa mito baino ez dela jakin.

Ez dute mito horretan letra-gizonek bakarrik egin amets. Proiektu bat baino gehiago oinarritu izan da itzulpena elektronikaz egin nahian eta A hizkuntzatik B hizkuntzara igarotzeko tertium comparationis bat izan behar duen postuladuan. Bi esaldi, A hizkuntzako p1 eta B hizkuntzako p2 C metahizkuntzako x esaldiaren homologoak direnean izaten da itzultzea posible. Gaur egun mentalais (mentalase) deritzaion, eta logikalariak ez ezik psikologoak eta neurologoak ere aurkitu nahiko luketen hori ez da arrazoi unibertsalaren araberako Hizkuntza Garbi, algoritmoen bidez adieraziko litzatekeen bat besterik.

Beraz, gisako hizkuntzarik balitz (izan behar duela, bai, esaten digute, nolakoa denik ez), edo guk darabiltzagunok baino bakunagoa izango litzateke (eta orduan ezingo genituzke nahi ditugun ñabardura guztiak hizkuntza horretan adierazi, eta ez liguke ere Sehnsucht bat frantsesezko edo italierazko zein hitzekin itzuli beharko genukeen, edo ingelesezko sosy hitza alemaneko gemütlich-en bihurrera zuzena ez denik esan ahal izango) edo bestela, ditugunok baino konplexuagoa eta, halaber, malguagoa izango litzateke, eta orduan, tertium comparationis bilakatuko litzateke egunen batean.

Hizkuntza hori aurkitua zutela uste izan zuten garai batean. Ludovico Bertonio italiar jesuitak Arte de lengua aymara liburua, oraindik ere Boliviako eta Peruko hainbat Indiarrek mintzo duten hizkuntza horri buruzkoa, argitaratu zuen 1603an, eta hizkuntza bereko hiztegi bat gero, 1612an. Bertonioren ustez, sinistu ezineko indarra eta gaitasunak zituen hizkuntza horrek, eta ahalmen ikaragarriak, bestalde, edozein neologismo ezinik gabe sortzeko eta abtrakzio-adierazgarrietarako hitz berriak asmatzeko, hain ere hala, ezen garai horretan (eta berdin ondorengo mendeetan), asmazio harrigarriren bat, edota Babelgo tragediatik bizirik irtendako hizkuntza bakarra, Adanek hitz egin zuen hebraierarekin zuzeneko lotura zuena, ez ote zen ere pentsatu izan baitzuten.

Aymarari buruzko azterketak ez ziren hartan bukatu, izan dira geroago ere (oraindik orain, gainera) hizkuntza hori gainerakoak bezala biko balio-sisteman ez baino, hirukoan oinarritua dagoela frogatu nahieko saioak. Hizkuntza hori gai omen da, gainerantzekoek perifrasia nekegarriez baino adieraz ez ditzaketen ñabardura modalak jasotzeko eta adierazteko. Oraindik ere, edozein itzulpen era artifizialean egiteko eredua aymara ez ote litzatekeen aztertzen ari da zenbait espezialista horra, bada, delako mentalais-a, Hizkuntza Garbi Perfektua, eta izan litekeen Reine Sprache-rik Reine Sprache-rena.

Baina, tamalez, ondoren datorren egia mingarri eta guztizko hau agertu digu norbaitek: eman dezagun dauzkagula bi hizkuntza A eta B, bata bestera bihur ezinezko deritzagunak, eta dela aymara A-n adierazten dena eta B-n adierazten dena jasotzeko gai den hizkuntza. Hala balitz ere ezingo litzateke saia zaitezte, dudan italo-okzitaniera makur honetan mintzatu arren, datorren arrazoibideari jarraitzen aymara hizkuntzak eta aymaraz adieraz daitekeen guztia gainerako hizkuntzetara behar bezala itzuli, eta hori, hizkuntza horrek gauza konplexu eta zorrotzak adierazteko ihardetsi izango lukeen gaitasunagatik, hain zuzen.

Pentsamentuaren leize beltz bihurturik, behin ere gehiago bihurtuko ez lizkigukeen hizkuntza-galaxiak irentsiko lituzke. A eta B hizkuntzek aymara irensle horren bitartekotzatik igaro behar balute, elkarrentzat betiko arrotz bihurtuko lirateke horiek.

Delako mamuzkoTertium Comparationis horren eta Hizkuntza Perfektuaren mendetik ateratzeko, zenbait teorizatzailek onartua du itzulpenaren arazoa (erabat target oriented denarena) iritsierako hizkuntzatik datorrela. Beste era batera esateko, B hizkuntzak behar duela barnean duena eman, eta hori eginez, jatorrizko testuak planteatzen dizkion arazo semantiko-estilistikoak konpondu eta bere oreka aurkitu. Hasteko, jatorrizko testuan agertzen diren esamoldeak ulertzea da kontua, baina itzulpena behar bezala egin den edo ez, B hizkuntzako testuaren bikaintasunak adieraziko du beti. Eta bikaintasun hori lortzeko modu eta bide bakarra, Humboldtek zioen bezala, geure hizkuntza lehen gai ez zen gauzak esatera behartzea, hori era orijinalean eta ezin uste zitekeen moduan aberastea dugu. Gisako kasu estremuetan, ordea, beste paradoxa baten aurrean aurkitzen gara: A hizkuntzaren eta B hizkuntzaren arteko harremana, A-koa ulertu ondoren, b hizkuntzari duen guztia emanarazten zaionean, eta gehiago ezer esanarazi ezin zaionean bakarrik gerta daiteke, zeren b-ren bidez eta b-k adieraz zezakeen guztia adierazia baitu.

Bada Hizkuntza Garbi horren antz handia duen beste zera bat ere, logikalariek proposizio (abstraktua) deritzatena, hizkuntza bateko eta besteko esaldietan bihurgarri den muina, alegia: piove, il pleut eta it rains esaldiak eduki-muin berekoak lirateke, eta hizkuntza guztiek eduki-muin propio hori izatean finkatuko litzateke hiru esaldi horiek, hala frantsesetik ingelesera, nola ingelesetik italierara eta italieratik frantsesera bihurgarri izatea. Baina, azken batean, zirkulu ero bat dago horretan ere, zeren, egon beharrean itzultzeko gaitasuna eduki-muin berekoak izatean oinarritua eduki-muin berekoak izatea baitago itzuli ahal izatean oinarritua. Dena den, badakigu «il pleut dans mon coeur comme il pleut sur la ville» esaldiak ez duela «piange nel mio cuore come piove sulla città» adieraz lezakeen guztia esaten.

Eduki-muinaren ideia horrek ere ez digu, bada, oso egoera soilak adierazten dituzten hitz edo ahapaldien arteko sinonimotasuna, eta horietan beretan ere, esanahi bat baino har dezaketenen artekoa baino garantizatzeko balio. Adierazkizun bakuneko hitzei bakarrik egoki liezaieke Ideia hori, ez ñabarduraren bat dutenei. Gatozen, ordea, lehen aipatu dudan adibidera. Gorago aipatu dudan nire de là della siepe horren esanahia ez zen, zegoen kontestuan,«au-delà de la haie», «voilà un drôle de type qui parle comme la NRF» baizik.

Gisako kasuetan ikusten da zeinen laguntza gutxi eskaini liezaguketen Hizkuntza Garbiek. Horrelako kasuetan, auzia ez baita linguistikoa, testuaren izate berean eta hura itzultzeko apustu bat egin beharrean dagoena, baizik. Aipatu berria dudan testu horren inguruak aditzera eman balit, literaturak kutsaturik zegoen pertsonaia bat eszenara egokitzea zela kontua, orduan bai, itzul zitekeen hori «au-dessus des étangs, au-dessus des vallées», edota (kontestua pixkatxo bat behartuz eta muino batzuk agertarazteko partez hegan dabiltzan enara batzuk agertaraziz) «pour qui sont ces oiseaux qui sifflent sur nos têtes» perpausaren bitartez, baina inola ere ez «au-delà de la haie» esaldiaren bitartez. Testu baten alde, horren esanahi orokorraren eta burukoaren alde apustu egiteak baditu, noski, bere hizkuntz inplikazioak, baina bai, halaber, kultura inguruneari dagozkionak eta irakurleak irakurtzean atera ditzakeen inferentzia-joko posibleei datxezkionak ere. Arnasa luzeko apustua da hori, dagokion kulturaren historia dela bide gutxi-asko arrazoizko bilaka daitekeena, probabilitate-teoriak kontuan direla erruletan jokatzearen antz handia duena, baina apustua beti ere, edo, nahiago baduzue, erronka hermeneutiko bat. Zenbait hitzek jatorrizko testuan zein esanahi har dezakeen eta dagoen hizkuntzako zein tradiziori dagokion ulertzea da lehenengo lana, esanahi hori adierazteko baldintzarik antzekoenak bil ditzakeen testua (diferente) osatzeko nork bere hizkuntzan zein baliabide dituen aurkitu eta horien alde apustu, eta apustu ere, testua osotasun guztian hartuz, ez jatorrizko testua hitzez hitz eta dagoen soilean aldatuz egitea, bestea. Ez dago horretarako ametsetako zeru platonikoetan kulunka gozoan dabilen hirugarren hizkuntzarik.

Ez dago balio diezagukeen hizkuntza perfekturik. Badakigu frantsesezko «bois» eta italierazko bosco, edo ingelesezko wood, semantikaz gauza bera ez direna, eta are gehiago alemanierazko holtz eta wald, horiek zeinek bere alorra hartuz adierazten baitute frantsesezko «bois» hitzaren eremu semantikoa. Italierazko bosco hitzak ere ez du ingelesezko timber-en esanahi guztirik hartzen, eta frantsesezko «bois»-ek, aldiz, bai. Italierazko sentirise a casa propia esaldia to feel at home-ren bitartez itzuli ohi da ingelesera, eta ez to feel at his own house esaldiaren bidez; italierazko esaldi bera itzultzeko frantsesari hobeto dagokio«il se sent chez soi» , eta ez du «maison» edo etxearen aipamenik zertan egin, zuen antzinako Gaulois haiek, eta Astérix lehenengoa, Chateaubriand-en idatzietako basopeetan izan ezik, etxean sentitzen ez zirelako beharbada.

Eta ez naiz hartu behar den erabakiak nahitaez kontestuaren araberakoa izan behar duen kontuekin gehiago luzatuko, ez baitago gehiagotan esan beharrik. Baina, hirugarren hizkuntzaren beharrik ez dagoela bai, esan nahi nizueke horrekin, zeren darabiltzagunok, zeinek bere semantika eremua dutenez elkarrekin neurtu ezinak izan arren, bata bestearekin konpara daitezkeenak baitira. Hori, Europako bi mapa hartu, bat Hogeita hamar Urteko Gerraren aurrekoa eta bestea ondorenekoa, eta herri jakin bateko halako biztanle zein herrialdetakoa zen jakin nahi izatea bezalatsu da. Ez litzateke bi mapa horiek elkarri egokitzeko modurik izango, eta nongoa den jakin nahi genezan herri hori, igual gerra baino bi urte lehen Suediakoa zen, eta gerra bukatu eta bi urtera, aldiz Alemaniakoa; Alemaniako Inperioaren eta Frantziaren hedadurak ere ez ziren Richelieu baino lehen eta hura hil ondoren lehengo berak. Baina, pentagono bat hexagono bihurtzeko erregela jakin batzuk dauden bezala, badaude ere beste batzuk 1617ko mapa bat 1649ko bilakarazteko. Antzeko zerbait eskatzen du itzultzeak ere, gauzak aurretik pentsatu, eta era berriak asmatuz lan eginez zegoen mapa pixkana-pixkana gero izan behar duena bihurraraztea, alegia. Badakigu, esate baterako, «bois» hitzak duen eremu semantikoan italierazko legno-k norainoko partea har lezaken, ez baitu ez«arbre»-ren, ez bosco-ren eremu osorik hartzen.

Gehiago esango nuke oraindik: itzultzea hizkuntza perfektuaren postuladuan ez baino, hizkuntza perfektu horren postuladuak oinarritzen dira itzultzea posible egiten duen ebidentzia enpirikoan.

Orain dela gutxi, ditudan lagun esperantozale batekin hizketan ari nintzela (eta ez du esperantoak hizkuntza perfektu izateko pretentsiorik, hizkuntza unibertsal gisa balio izatekoa baizik), gogoeta hau egiten nien: hizkuntza unibertsalak, perfektu izateko nahiz elkar ulertzeko asmatuak, gainerakoek batzuk besteena itzultzeko zuten zailtasuna errazteko sortuak dira; eta hizkuntza unibertsalik izan behar duenik pentsatzea ere ezinezkoa litzateke, itzultzea posible dela ontzat eman gabe. Ez balego, darabiltzagunotan, batzuetatik besteetara ezer itzultzerik, ezingo litzateke besteetako esaldiak berera bihur litzan hizkuntzarik ere asmatu. Horrekin ez dut ditugun hauetakoa ez den hizkuntza unibertsal bat opa ez dezagunik esan nahi, horrelako bat esistitzeak, ditugunotan batekoa bestera itzuli daitekeela adierazi baino ez duela egiten baizik.

Eta Jardunaldiok bukatu baino lehen, natorren, zuen baimenarekin, itzulpengintzari buruz eta horrek dakartzan arazoei buruz gaur dagoen interesa, nire iritzian, beste zein arrazoik sortu duen aztertzera.

Industria, merkataritza, politika eta kultura harremanez osatutako sare bat da gaurko mundua. Europa bera, desegiteko zorian dagoelarik ere, hala edo hola baina egiten ari da. Hizkuntza unibertsal erabilgarri bat izate hutsa, dela nahi dena, nahikoa litzateke kongresu zientifikoetan, bilera politikoetan eta gisakoetan izaten diren harreman murritzek sortzen duten beharra betetzeko. Elkar ezagutu nahi dugu.

Berlingo harresia erortzeak hizkuntzak sakabanatzea ekarri du. Orain hamar urte baino hizkuntza nazional gehiago mintzatzen da gaur Europan. Hizkuntza sakabanaketa horrek, etnien arteko gorrotoa tarteko denean bederen, tragedia dakar berekin; ez dago Balkanetako penintsulara begiratu besterik. Baina badago, berebat, beste gauza harrigarri bat ere, Arrazoiaren axerikeria bat-edo (hala esango zukeen Hegelek): hizkuntza batzuetatik besteetara itzuli ere, politikaz eta inoiz armaz elkarren kontra dabiltzan herri horietakoetan bertan ere, gero eta gehiago itzultzen da. Zein idazlek pentsatuko zuen orain hamar urte, bere obrak ukrainierara edo estonierara itzuliko zirenik? Hizkuntzarekiko atxikimen etniko horiek ez dira, bestalde, antzinako moldeen arabera bakarrik eratzen: gauza normala iruditzen zaigu, esate baterako, testu berberaren itzulpen desberdinak gaztelerarako eta katalunierarako egin beharra, portugeserako zera bera egitea, aldiz, bat Portugalerako eta bestea Brasilerako, bitxia iruditzen zaigu.

Itzulpengintzak lau alditan izan du historian funtsezko eragina: zelako Graecia capta ferum victorem cepit haren ondoren Erromatarrak Greziako autoreen obrak itzultzen eta erreberritzen hasi zirenean; Elizako Gurasoek eta San Jeronimok Idatzi santuak itzultzea pentsatu zutenean; Erdi Aroko teologoak antzinako pentsaera ezagutzeko era, zeuden testuak itzuliz gero (arabieratik aurrena, eta grekeratik gero) izango zutela, jabetu zirenean, eta azkenik, humanisten eta protestanteen Erreformaren garaian.

Itzulpengintzazko gogoeta klasikoen antologia bat egin nahi izatera, ordea, hiru lirateke aldi horiek (ez lau, zeren, nahiz eta Grosseteste bat eta Santo Tomas bat arazo horretaz kezkatu izan, Corpus du Pseudo-Denys, Liber de Causis eta beste batzuek eztabaidatzerakoan, batez ere, oso gogoeta gutxi utzi baitzuten eskolastikoek, hala berak egiten zituzten itzulpenei nola irakurtzen zituztenei buruz). Lau aldietan ere, jakintsu talde oso murritza kezkatu zen auzi horietaz, liburuen merkatua ere halakoa zen-eta.

Gaurkoa dugu itzulpengintzaren bosgarren lorealdia, eta mundu osoa zabalera-eremu duena, hau. Baina, auzia ez dugu oraingoan, Jainkoaren hitza, bakarra izatea nahi zutena, ulertzea bakarrik, ezpada, baita ere gizonena, eta anitza dela ziur dakiguna, hori.

Descartesek Mersenne-ri 1629an esaten zion, hizkuntza unibertsal bat izateko posibilitateaz idazten zion batean, «hori lortzeko bide bakarra ideia argi eta soilak aurkitzea da, zeren, hori baita, nire ustez, jakinduria zuzena geuretzeko ere, dezakegun sekretu handi bakarra. Inork esplikatu izan balu, behar den bezala, zein diren gizonak bere gogoan ibiltzen dituen ideia soilak, pentsatzen duen guztiaren oinarri ere direnak, eta horiek jaso izan balitu mundu guztiak, orduan bai, ausartuko nintzatekeen hizkuntza unibertsal indartsu eta ikasterraz bat sortuko den esperantza izatera [...] zeinen ere bidez laborariek hobeto berezi ahal izango lituzketen munduko gezur eta egiak, gaur egun filosofoek egiten duten baino. Alabaina, ez dezazula, hori egia bihurturik ikustea espero; gauza asko aldatu beharko bailitzateke horretarako, lurbira osoak parabisu bihurtu beharko luke, esate baterako, eta hori nobeletako herrialdeetan bakarrik da proposatzeko ona.

Horra, itzultzaile adiskideak, maizenik nobeletako herrialdeetan barna ibiltzearekin, egiari buruz tarteka filosofoek baino iritzi zuzenagoa izan dezakegun esparantzan iraunarazten diguzue zuek. Filosofoek frogatu izan dute inoiz itzultzea ezinezkoa dela. Baina zuek erakusten duzue, egiten duzuen lanarekin, nahiz eta askotan oker atera hori, ez dela behintzat ezin egineko gauza.

Zuen eguneroko lanarekin adierazten diezue ere munduko gizon-emakumeei, badutela, beren hizkuntza baino ez dakiten haiek ere, beste kulturetako urrin gozoak dastatzeko aukera. Eta erantsiko nuke, gainera, zuen lanak gogobeterik ez uzteak agertu ez duzuen altxorra ezagutzeko gogoa eragiten digula. Adierazten baitiguzue, zuen hizkuntzetara itzultzean huts egiten duzuelarik, badela beste hizkuntza horretan, hartan baino adieraz ez zitekeen gauza bikain bat jakin gabe ezin gera gaitezkeena.

Itzultzaileen diskurtsu anitza baztertuko omen zuen hizkuntza perfektuaren mitoak, espirituaren kontrako pekatuan erortzera eraman izan gaitu askotan, zitekeen hizkuntza perfektu bakarra herrialde jakin batean zenak izan zuela ziur uste izatera, alegia, eta, VII. mendeko irlandar gramatikalarietatik, beren gaeliera Adanek egiten omen zuen hebraieraren ondorengo hizkuntza naturaltzat hasita hori.

1569an, Goropius Becanus (Jan Van Gorp)-ek, bere Origines Antverpianae-n idatzi zuen bere Anvers-eko flaman hizkeran bakarrik aurki zitekeela gauzen eta hitzen arteko asmozko (motivé) harremana, Adanen hizkuntzari berezko zitzaiona. Eta anverstarren arbasoak, Cimbresak alegia, Japhet-en semeen, Babelgo dorrea egiten ari zirenean han ez zirenez, Confusio Linguarum hartan parterik izan ez zutenen ondorengo zuzenak zirela. Bazen Suedian ere horren antzeko tesi bat, garai beretsuan, Olaus Rudbek-ek sortua; honek, Japheti eta haren ondorengoei Suediak (hain zuzen ere, mitologiako Atlantida eta Hesperides-en lurrak) eman ziela babesa, eta godoen hizkuntza guziak (gotikoa) horien arrazako nahiz hizkuntza sustraikoak zirela agertu zuen bere Atlantica sive Manhein vera Japheti posterorum sedes ac patria liburuan (1675). William Walton-ek aipatzen ditu, bere Biblia poliglotaren (1657) Prologomena-ko partean, antzeko beste zenbait saio, jatorrizko hizkuntza gallera, daniera edo alemana zirela probatu asmo zutenak; eta badira, halaber, horien hungarierazko, polonierazko edo bretainierazko aldaerak ere. Garai berean, barroko garaian, alegia, alemanarekin zera bera egin zuen Georg-Philipp Harsdorfer-ek; «izadiaren mintzaera alemana zela zion horrek, izan ere hari zerizkion hotsak doi-doi berritzen zituela-eta alemanak... zeruaren danbarrada... kazkabarraren kaska-kaska, haizearen burrunda, uraren bol-bola, sarrailen kirrinka, airearen ziztua, kanoien danbada, lehoien orroa, idien marruma, otsoen eta oreinen marrua, ardien beea, zerrien kurrinka, zakurren zaunka, zaldien irrintzia, sugearen txistua, katuen miaua, antzarraren karranka, ahateen parpara, euli handiaren burrundara, oiloen kalaka, amiamokoen klaklada, belearen krazka, enararen txioa, eta hormatxoriaren pio-pioa ... Berezko hotsik duten izaki gauzak bederen, gure hizkuntzan mintzo dira, eta horregatik esan izan da Adanek, lehenengo gizonak, ezin eman ziezaiekeela lurreko txori eta gainerako animaliei gure hizkuntzak horientzat dituenak beste izenik, zeren gure hizkuntzak, izadiari dagokion bezala, zeini berezko izatearen edo soinuaren araberako izena ematen baitio, zeinahi dela hura; ez da, beraz, harritzekoa gure hitz oinarrizko asko eta hizkuntza sakratukoaren antzekoak izatea.»

Nik zuei antzarrak frantsesez eta ez alemanez nola egiten duen (cacarde) esan ahal izanak berak hankaz gora botatzen du Harsdörfer-en amets nazionalista hori.

Rowland Jonesek, mende bat geroago, Britainiari dagokionez zera defendituko du, berriz: «ez da lehenengo hizkuntza unibertsal haren antzean, ez hark gauzen eta hitzen arteko harremana adierazteko zuen xehetasunean ingelesa bezain hurbileko hizkuntzarik.» Ingelesa da «mendebaleko hizkera guztien eta, halaber, sortaldeko beste guztien ahizpa den grekeraren ama, eta bera da, duen era konkretuagatik, Atlantiko aldekoen hizkuntza bizia, eta Italiako jatorrizkoena, Galiakoena eta Bretainiakoena; eta ingelesetik hartu zituzten Erromatarrek grekerakoak ez ziren hainbat eta hainbat hitz»... (The circles of Gomer, 1771). Jakingo duzue ere Rivarolek, bere Discours sur l'universalité de la langue française liburuan (1784), hitzen ordenari pentsamentuen ordena hizkuntza horretan bakarrik jarraitzen zaiola nola esan zuen alemana eztarrikoiegia, italiera biguinegia, espainiera erredundanteegia eta ingelesa ilunegia zirenez.

Bai, horiena ez bezalako arnasak eragiten diola bizi da itzultzailea, eta bere jatorri hizkuntzarekin ohi dituen maite aldietara beste hizkuntza bat eramaten du lagun, berea bezain maite eta aintzat daukana.

Ibn Harzm XI. mendeko arabiar pentsalariak beharko luke itzultzaileen santu zaindari, horrek esaten baitzuen bazela munduaren hasieran hizkuntza bat, izen eta sinonimo guztiak bere baitan zituena, ziren gauza guztiei anbiguedaderik gabe izena jartzeko Jainkoak Adani emana eta gero sortu diren beste hizkuntza guztiak beregan zituena. Ez litzateke, bada, gero Babelen izan zen nahasketa izango hizkuntza berriak sortzearen iturri, ab initio gainerako guztiak bere baitan zituena banakatzen hastea baizik. Hizkuntza asko mintzatzeko gaitasuna da Jainkoak Adani eman zion dohaina. Horregatik uler lezakete gizonek, edozein hizkuntzatan egina dagoela ere, Goikoaren agerpena.

Horixe da itzultzaileak duen eginkizuna ere, semantikako legeen arabera justifikatu ezina den poliglotismo edo, edozein hizkuntza ulertu eta horien artean analogiak (bihurketak) egite hori, edozein hizkuntzatan bidera daitekeen gauza dela erakustea.

Hor dago itzultzailea, esan diren kontraesan guztien bilgune gisa, bere lan, askotan akastun, eta arriskutsu ere denarekin, bere oker eta hutsegiteekin, baina hor beti, perfektu eta garbi ez diren hizkuntzen artean ere harremanak lotu daitezkeela adierazteko guri eta hizkuntzazko harreman horiek, hizkuntza bera hitz egiten ez dutelako oraindik ere elkar hiltzen dabiltzan gizonen artean bakea egin daitekela adierazi behar duten seinu bihurtzeko.

Erretorika ote itzultzea eta itzuli ahal izatea bera, dogmatiko edo zapaltzaile ez, baizik eta borondate oneko gizonak elkarrekin ulertzera eta bakean bizi izatera daramatzan bidea dela amets egitea? Lagun bihotzekoak, utz nazazue nire ametsean, eta egia gerta dadila.

*"Traduction et langue parfaite", Dixièmes Assises de la Traduction Littéraire (Arles 1993), Atlas, Actes Sud.