'Itxaro Bordaren poema hautatuak itzulgai' lantegiaren historia
Manu López Gaseni

Hona hemen, hain aberasgarria izan den esperientziaren lekuko, Manu López Gaseni saioen koordinatzaileak idatzitako narrazioa.

«Idazlea itzultzaileen lantegian» bigarren urtez Euskadiko Literatura Saritik aske antolatzeko garaia iritsi zenean, behiala baino zeregin bat gehiago genuela ikusi genuen: idazlea aukeratzea. Eta iaz Karlos Linazasoro hartaratu genuen arte ibilitako bidea berribiltzen hasi ginen. Zenbat arazo ematen dituen askatasunak! Ohartu ginen poesia behin ere landu gabe genuela, eta hura izan zitekeela bide bat. Emakume idazlerik ere ez zela guretik pasatu jabetu ginen gero, eta hara beste hari bat. Iparralde deitzen dugun lurralde horretako jenderik ere inoiz ekarri gabekoak ginela ikusi genuen hurrena, eta horratx hurrengo izpia. Protagonista lesbiana bat duten detektibe nobelak «kometitzen» dituen iparraldeko emakume poetarik ere inoiz ez da gure lantegitik pasatu, eta, azkenean, hitzetik hortzera etorri zitzaigun hasieratik beretik buruan izan genuen izena: Itxaro Borda. Idatzi genion, ezetz esango zigun beldurrez, baina astro-elkartzeak alde genituen eta baietz erantzun zigun («ahal baldin badut –lanarengatik– eskatzen didaten edozer izkiriatzen dut, eskatzailea edozein dela» delako esaldia baionar idazlearen apaltasun-eskuzabaltasun erakusgarria besterik ez da).

Poesia nahi genuenez gero, eta lantegia bideratzeko ardura hartuta, Itxaroren obra birpasatu nuen, noiz nostalgiaz, noiz ustekabez, bi aldiz ibai bera ikustea ezinezkoa izatea ez baitzaio beti ibaiaren mudantza-abileziari egotzi behar, begiralearen begiek une bakoitzean duten zorroztasuna kontuan izan gabe. Gainera, lantegia gogoan, aukeratzeko irizpideek arau berezi batzuk bete behar zituztela iruditu zitzaidanez, lehentasunak eta zaletasunak uztartu nituen. Ez zen batere zaila izan (aukeraketa-mahai gaitzagoetan egona naiz, zinez). Azkenean, askotariko asmo eta luzerako bederatzi poema aletu nituen: «Gu», «Milia Lastur revisited», «Merguez blues», Oraindik nabil Du Bellay plazan, «Ardura dorpea», «Elurra egin zuen…», Munduko malerusena…, Neguaren hegaletan… eta «La porta oberta en el cel, i aixo». Iturriak, berriz, Bizitza nola badoan (Maiatz, 1984), Bestaldean (Susa, 1991) eta XX. mendeko poesia kaierak. Itxaro Borda (Susa, 2000) izan ziren.

Hizkuntzak eta itzultzaileak aukeratzea izan zen hurrengo zeregina: aurreko urtean abiatutako tradiziotxoari jarraituz, idazleari berari frantseserako autoitzulpena egin zezan eskatu genion; frantsesezko beste itzulpen bat behar genuen, harekin kontrastatzeko, eta Haizea Parot ados egon zen. Aukeratutako beste hiru hizkuntzak galegoa, katalana eta gaztelania izan ziren, eta horretan aritu ginen Isaac Xubín, Pau Joan Hernàndez eta Manu López, hurrenez hurren.

Eta iritsi zen 2010eko irailaren 7a. Aurkezpenak egin genituen eta, harako hura ispiluaren bestaldera bezala, hala barneratu ginen Itxaro Bordaren poemen mundura.

Poemak banan-bana landu genituen eta, bakoitzarekin hasi aurretik, idatzia izan zeneko testuingurua ematen zigun Itxarok; izan ere, esan zuen legez, bere ustez, poemak argazkien parekoak dira.

«Gu» 1984an idatzi zuen eta klase borroka, gehiengoak eta guttiengoak hartzen zuen hizpide. Beste gai batzuen artean, bat aipatu zuen: badela euskal klase bat, apaizez eta notableez osatua, gainontzeko euskaldunak zigortzen omen dituena «egiazko euskaran» ez mintzatzeagatik.

«Milia Lastur revisited», berriz, «Milia Lastur» eresia ezaguneko elementu zenbaiten berziklapena da. Hitanoa erabili zuenez gero, itzulpenetan informazioa galtzen dela dio, eta berak egindako itzulpenean frantses entzuleen beharretara moldatu dituela hainbat gauza.

«Merguez blues» delakoa maiatzaren 1eko ospakizunaz aritzen da eta Parisen kokatua dago. Manifestazioaren ibilbidean, Bastille eta Republique artean, alboetan jartzen diren merguez saltzaileek eman diote izena poemari.

Oraindik nabil Du Bellay plazan izeneko poema Bestaldean bildumakoa da, titulurik ez du ordena alfabetikoan idatzitako poemak biltzen zituelako. Parisen idatzia. Hizkuntza-eldarniotzat definitzen du: puntuaziorik gabe, ideiak bata bestearen atzetik jarrita burura zetozen bezala. Plaza Paris erdian dago, Les Halles-en. Du Bellay, berriz, XVI. mendeko frantses idazlea izan zen, lehena frantsesez idazten, Etxepareren parekoa beraz. Baliatzen duen zazpi lerroko ahapaldia berria da, Itxarok berak sortua.

«Ardura dorpea» Zuberoan idatzia da, bost urtez Mauleko ikastolan arduradun ibili zen garaian, eraikin berria egiteko ahaleginetan. Orduan, idaztea, militantziaren eraginez, derrigorrez bereganatu behar zuen ardura zen.

Elurra egin zuen… izeneko poema ordena alfabetikoan idatzitako poemen bildumakoa da. Parisen elurra egin zuen goiz batez idatzia, Baionarako lan-lekualdatzearen berri idatzi jaso berritan. Orduan hasi omen zen artean utzi gabeko hiriarekiko nostalgia.

Munduko malerusena… ordena alfabetikoko bilduma hartakoa da, orobat Parisen idatzia. Amaia Lasaren poema baten oihartzuna da, omenaldi moduko bat.

Neguaren hegaletan… ere Bestaldean liburukoa da. Seaska kantu bat da eta bi aldiz iza da musikatua.

«La porta oberta en el cel, i aixo» Iparraldeko militarizazioaz aritzen da, batetik GAL taldeak, bestetik frantses polizia Philippe Bidart-en bila zebilen… Egoera itogarri hartan, Itxarok Hegoaldean bilatzen zuen babesa, Basilika idazten ari zen bitartean. Poema Bartzelonan amaitu zuen, eta katalana ikasteko erosi zuen ebanjelio batetik hartu zuen izenburua.

Itzultzaile bakoitzak lantegian adierazitakoen arabera eta egindako itzulpenetatik ateratakoak ikusirik, joera nagusi eta ondorio oso orokor batzuk ateratzen saiatuko naiz. Denak ez dira begien bistakoak, lantegiko eztabaiden ondorioz itzulpenek nolabaiteko konbergentzia izan zutelako.

Frantsesera egindako bi bertsioen artean, nabari da Itxarok askatasun gehiago hartzen duela, libreago itzultzen duela. Itxarok baliagarri jotzen du itzulpenak jatorrizkoari egiten dion ekarpena eta, gainera, poema batzuk errezitaldietan frogatuak zituen; eskarmentua du, beraz, entzuleen beharretara egokitzen. Haizea Parot itzultzaile gazteak lehenengoz egiten zion aurre poemak itzultzeari, eta sen handiz zehaztasunaren bidetik jo du, oso baliokidetza doituak sortuz.

Galegozko bertsioan, oro har, jatorrizkoen pareko emaitzak lortu ditu «poetikotasunaren» aldetik, batez ere erritmoaren eta aliterazioen alorretan. Adibide bat jartzearren, Neguaren hegaletan… seaska kantua bikain itzulita dago aipatutako alderdiei dagokienez.

Katalanezko bertsioa, berriz, komunikatibotzat jo daiteke: gehiago heltzen dio jatorrizkoaren esanahiari eta poetikotasunari uko egiten ez badio ere, zertxobait galtzen duelakoan nago azalpenezko gehikuntzak egiteko joeragatik.

Gaztelaniazko itzulpena epaitzeko ez naiz egokiena. Esan dezadan hautaketako bi sonetoak («Gu» eta «Milia Lastur revisited») neurtitzetan eta errimatuak ematen saiatu naizela. Euskal bertsioen trinkotasunari aurre egiteko, berriz, hamaika silabako lerroaren ordez alexandrino deiturikoa baliatu dut, silabaren baten gora behera, gaztelaniaz arnasa luzeagoa eman ahal izateko. Horrelako esperimentu batean, dudarik ez da, informazioa galtzen da eta itxura zurruna ezartzen zaio poemari. Hala ere, jatorrizkoen sorkuntza prozesuetan antzeko zerbait gertatzen delakoan nago.

Bertsokerak errespetatzen saiatu gara itzultzaileok, baina, Itxaro zangalatrau zalea izanik, horrelakoetan nork bere interpretazioa egin du.

Hiperbatoien tratamenduan, berriz, askotariko joerak ikus daitezke, euskararen eta beste erromantzeen egitura sintaktikoak muturrekoak direla jakinda ere. Horri eransten badiogu Itxaro Bordak zenbaitetan erabilitako alboratzea, itzultzaileok zailtasunak izan ditugu aldaera batzuk emateko orduan. Adibide gisa, Oraindik nabil Du Bellay plazan poemako azken ahapaldia har daiteke:

eta Du Bellay plazan ausartzen banintza
hauts arina bilakatzeko gogoa handituko
litzaidake, goizetako argitasun ahuletan
haizeak nezan eraman otoitza otoitz den
eremuaren biluziraino, urrikal zakizkigu
belarrak usantsu zoratzen diren zelaiak
kukuaren kantuaz lorios entzun ditzadan


(ITXARO – autoitzulpena)

Et si j’osais, sur la place Du Bellay, grandirait
En moi le désir de me changer en cendre légère
Qu’aux matins de faibles lueurs le vent emporte
Jusqu’à la nudité du lieu où la prière est prière
Prends pitié de nous, que j’entende enfin
Le bonheur des plaines aux herbes parfumées,
Rendues folles par le chant du coucou.


(HAIZEA PAROT)

et si je me risquais, sur la place Du Bellay
mon envie grandirait de devenir fine poussière,
pour qu’aux faibles lueurs de l’aube le vent m’emporte
jusqu’à l’étendue nue où la prière est prière,
aie pitié de nous que j’entende le bonheur
au chant du coucou les plaines éperdues
du parfum des herbes


(ISAAC XUBÍN)

e se me afoutase a alonxarme da praza Du Bellay
medraría o degoxo de me transformar
en fino po, e que o vento me levase
nas ás da alborada cara ao deserto nu
onde a pregaria é pregaria, compadécete de nós
para eu poder escoitar o campo alegre
que tolea coas herbas recendentes co canto do cuco

(PAU JOAN HERNÀNDEZ)

I si gosés d’allunyar-me de la plaça Du Bellay
més creixeria el desig de convertir-me en pols lleugera,
perquè en la llum pàl·lida de l’alba el vent se m’emportés
fins a l’erm més despullat, on la pregària es fa pregària
tingueu pietat de nosaltres, per poder escoltar
com embogeixen els camps amb les herbes aromàtiques
acompanyats pel cant del cucut.

(MANU LÓPEZ)

y si me aventurara a alejarme de la plaza Du Bellay
crecería mi deseo de convertirme en polvo
leve, para que con la débil luz de la mañana
el viento me llevase al territorio desnudo
donde la plegaria es plegaria, apiádate de nosotros
para que escuche los campos que enloquecen dichosos
con las hierbas aromáticas acompañados del canto del cuco

Kultura-baliokidetzak emateko modua ezinbesteko atala izaten da lantegiaren deskribapenetan. Horietako asko nola eman erabakitzeko, askotan Itxaroren azalpen argigarriak behar izan genituen. Batzuk aipatuko ditugu hemen.

Lehenengoan bi arazo elkartzen dira: batetik aditzaren elipsia eta bestetik «herri» hitz polisemikoaren esanahi zehatza, kasu bakoitzean. «Merguez blues» poemako hiru lerro dira: «erresistentzian sartuak ginelako irudipena / justizia nahia / noiz herrirako?». Itxarori esker «jaioterri» esanahiarekin erabili zuela jakin genuen, eta hala eman dugu. Beste arazoa esan gabe dagoen aditza da, ematen baitzuen justiziaz ari zela, baina ez omen zen hala. Gauzak horrela, Itxarok honela eman zuen: «Nous pensions être entrées en résistance / soif de justice / a quand le retour au pays?»; Haizeak, honela: «Nous voyant entrés en résistance / soif de justice / retour au pays?»; hona hemen Isaac-en bertsioa: «a ilusión de entrar na resistencia / o desexo de xustiza / cando volveremos á aldea?»; Pau Joan-ek: «la il·lusió de la nostra resistència / l’ànsia de justícia / quan tornarem a casa?»; eta Manuk, azkenik: «la ilusión de formar parte de la resistencia / clamor de justicia / ¿cuándo regresaremos a casa?». Ikusten denez, Haizea izan da elipsiari men egin dion bakarra.

«Herri» hitzaren esanahi arazoa «La porta oberta en el cel, i aixo» poeman topatu genuen berriro. Izan ere, «euskal herri barnean» delakoan, «Iparraldeko barne aldea» esan nahi da, kostaldea ez dela, alegia.

«Milia Lastur revisited» poeman eresiako «ardao gorria» aipatzen da, diotenez odolaren metafora gisa. Nola eman, ordea? Hara: «vin écarlate» (Itxarok), «vin rouge» (Haizeak), «viño vermello», «vi roig» eta «vino rojo». Bistan denez, ez datoz guztiz bat enologo eta enparauen sailkapenarekin.

«Ardura dorpea» izeneko poeman, berriz, mintzairaz ari dela, «maiz adiztegi antzu» dela dio poetak. Bada, Itxaroren esanetan, «adiztegi» zentzu etimologikoan aukeratu zuen, «conjugaison» adierazi nahian, alegia. Baina itzultzaile guztiek ez dute zentzu hori errespetatu: «souvent grammaire stérile» (Haizeak) eta «decote gramática erma» (Isaac-ek).

Neguaren hegaletan… seaska kantuan bada haur hizkerako esapide berezi bat, «ninano bubak darama», hain zuzen ere, Haizeak hasieratik ulertu zuena baina besteok zertxobait zoratu gintuena. Hona azken emaitza: «dodo emmène bébé» (Itxarok), «dodo porte bébé» (Haizeak), «o sono transporta o meniño», «nin-non et durà la son», «el sueño conduce al niño».

Aipatuko dudan azken kultura-baliokidetza «la porta oberta en el cel, i aixo» poemakoa da. Azken atalean «kaioletan salgai dauden / txori exotikoen / ikustera naramazu» esaten da. Bartzelonako Rambletako eszena bat omen denez, Pau Joan-ek azaldu zigun kiosko moduko batzuetan jartzen direla txoriak salgai (eta berehala topatu zigun horren argazkia interneten). Azkenean, hona hemen itzulpenak: «tu m’emmènes voir / les oiseaux exotiques / en vente dans leurs cages» (Itxarok), «tu m’amènes voir / des oixeaux exotiques / vendus en cage» (Haizeak), «lévasme a ver / os paxaros exóticos / que están á venda nas gaiolas», «em duus a veure / gàbies d’ocells exòtics / posats a vendre», «me llevas a ver / los pájaros exóticos / a la venta en sus jaulas».

Irakurleak ondorio gehiago (edo desberdinak) atera ditzake poema guztiak irakurri eta konparatuta. Nire aldetik, hemen amaitzen da uda amaierako lantegi izeneko lagunarte eder haren kontakizuna.