Editoriala
Karlos del Olmo

Bizi gaituen krisiaren larria gorabehera, beti bezala edo gehiago itzultzen da zenbait alorretan, baita itzulpenaz ikertzen eta hartaz gogoeta egiten ere. Beraz, egungo ekonomi egoera den modukoa izanda ere, itzuli beharrak bizirik dirau, eta balio erantsi berezia irabazten du gizaki batzuen biziraupena euren ekoizkinak —kulturalak ere, jakina— munduan zehar saldu ahal izatea halako muntaren jabe denean. Itzultzaileek eguneroko ogiaren aldeko borroka (gehiago ala gutxiago) latzaren zama lepoan hartzeaz gain, geure lanbideaz hausnar egiteko astia ere nondik edo nondik ateratzen dugu. Ale honen edukiak kontuan, ikerle-idazle belaunaldien arteko lotura eta lekuko txandakatzea bermatuta dagoela dirudi, bederik, aldizkari honen edukiei eta egileei erreparatuz gero. Globalizazioa denon ahotan dabilen garai honetan, itzultzaileok gizakion neurrikoagoa egin dezakegu, elkar ulertzeko eta konpontzeko bideak jarrita.

Katea ez da eteten; hona hemen, beraz, ale honek jasotako emaitza askotarikoak, itzulpengintza —eta batez ere, euskaraz ondua— osasuntsu dagoen lekuko: Esenin poeta errusiarraren zenbait poema euskaratu, Clara Janés poeta eta itzultzailearekin izaniko elkarrizketa, Xabier Leteren itzultzaile alderdiaren gaineko artikulu bat, Formen matxinada eta Printzea liburu itzuliak goitik behera aztertzen dituzten artikulu bi, alemanetik euskaraturiko unitate fraseologikoen azterketa, Millenium trilogia gaztelaniara ekarri zuen itzultzailearen gogoeta batzuk, zuzentzaileen gaineko hausnarketa mamitsu bat, itzulpengintza digitalizatuaren inguruko artikulu bi, EN-15038: 2006 kalitate arauaz diharduen artikulu bat eta ekanduko liburu aipamenak. Bakoitzak bere gustuko bizigaia aurkitzeko moduko menua.