Arazoa ez da euskara: itzulpena erresistentziatik
Bira kulturguneak eta Zenbat gara elkarteak eskatuta, erresistentziari buruz mintzatu zen Danele Sarriugarte, 2024ko otsailaren hasieran, «Oraina kontakizun» jardunaldien barruan. Zer leku du erresistentziak itzulpengintzan? Itzultzaileak zeri egin behar dio kontra? Eta zer oztopo aurkitzen ditu bidean? Bere esperientziatik abiatuta, Sarriugartek argi dauka arazoa ez dela, inondik ere, euskara.
Testu hau jendaurrean irakurtzeko idatzi nuen, «Oraina kontakizun» jardunaldien harira. Zenbat Gara elkarteak eta Bira kulturguneak antolatu zituzten jardunaldi horiek, 2024ko otsail-martxoetan (bigarren edizioa izan zen). «Erresistentzia» proposatu ziguten lelo gisa hainbat sortzaileri, binaka aritu gintezen. Ni neu Anjel Lertxundirekin batera mintzatu nintzen, otsailaren 6an, Bilboko Kafe Antzokian. Han irakurri nuena duzue jarraian datorren hau.
Hasi aurretik, zenbait ohar.
- Modu abstraktuan hitz egitea kosta egiten zait beti; inbidia ematen didate gauzen ikuspegi makroari neurria hartzeko gai direnek. Kontu konkretuekin, aldiz, lasaitu egiten naiz: badut zeri heldu. Zehatzetik abiatu izan naizenean, gainera, gertatu izan zait jendeak esan didala: ulertzen dizut; niri ere gertatzen zait; hitzak jarri dizkiozu sentitzen nuenari. Nire esperientzia konkretua hartuko dut hizpidean, beraz, eta, niretzat esan gabe doan arren, nabarmendu egingo dut: konkretutasun honen hauspoa ez da egozentrismoa, zuengana iritsi nahia baizik, elkarrizketa piztu nahia.
- Jarraian esango ditudan guztiak idazle eta itzultzaile-sortzaile gisa esango ditut; ez naiz soziolinguista, ez daukat kargu politikorik instituzioetan.
- Erabiliko ditudan hitz batzuek karga handia dute, eta, ahalik eta zehatzen saiatu banaiz ere nik zer konnotazio eman nahi diedan adierazten, ez daukat kasu guztietan nahi bezain xehe aritzeko astirik oraingo honetan; beraz, zerbaitek kirrinka egiten baduzue, eskertuko nuke gero edo nahi duzuenean galdetzea.
- Hitzaldi honetara gonbidatu gintuztenean, erresistentzia hitza aipatu ziguten antolatzaileek, eta bi adiera zituela azaldu: «Bateko, oztopoa, traba, zailtasuna, mesfidantza, errezeloa... aski negatiboa. Besteko, iraun, bizi, aurrera jarraitu, sortu... positiboa». Nire ekarpenean, biak agertzen dira.
Orain bai, hasi egingo naiz.
Grazia egiten dit, baina lagun eta ezagun askorentzat ni naiz euskarari buruzko jakinduria-iturria haragi egina. Ni naiz euskararen zuzentasunaren jabea, ni naiz Euskaltzainditik gertuen dagoen izatea beren inguru bollero transfeministan; absoluzioa bilatzen dute nigan: hau nola esango zenuke euskaraz?, hau erdarakada bat da, ezta?, hau horrela utzi dezakegu? Grazia egiten dit, ze EIZIEren tailerretara joaten naizenean infiltratuta nagoela sentitzen dut eta iruditzen zait berez, berez, ez dakidala euskaraz. Ez daukadala belarririk. Amaren aldekoak belarri-motzak dira baina ez euskarafoboak, eta aitaren aldekoak, berriz, belarri-milenarioak, baina ez dira inoiz izan euskaltzale politizatu aktiboak.
Ez dakit mochales-cebriantarren eta sarriugarte-arabiourrutiatarren nahasketagatik ote den, ez dakit horretaz gainera beste faktore mordo bat ote dagoen, ziur aski bai, baina nik ez dut inoiz bizi izan euskara zama gisa, arazo gisa, ez itzultzeko, ez idazteko garaian. Niretzat aukera bat da, tresna bat, hizkuntza bat funtsean: ezaugarri linguistiko jakin batzuk ditu, egoera soziolinguistiko jakin bat, leku jakin bat hizkuntzen arteko botere-erlazioetan. Zabalik dago, bizirik, eta erabil dezaket, moldatu, landu. Baina tarteka sentsazioa izaten dut beste batzuei euskarak traba egiten diela, eta ez naiz erdaldunez ari, euskaldunez baizik —arlo batean edo bestean euskaraz idazten dutenak, gainera—. Honako hau edo beste harako hura euskaraz nola esan galdetzeko idazten didatenen artean, jende gehiena fantasia hutsa da, baina noizean behin etortzen dira mezu batzuk, nire itzulpen-proposamena jaso ostean esaten didatenak: «Ya, baina ez da iguala». Edo kexak ikusten ditut sare sozialetan, euskaraz ezin dela esan certero, ezin dela esan lúcido. Edo ok, esan daitekeela, adibidez honela, baina ez duela berdin sonatzen. Halakoak irakurrita, badirudi arazoa euskara dela, euskara ez dela nahikoa. Eta pentsatzen dut: ez dela nahikoa zer, nahikoa gaztelania?
Evidentemente, euskara eta gaztelania ez dira hizkuntza bera, peña. Ez dute ez sintaxi, ez hiztegi, ez esaldiaren antolaera bera, ez dute berdin sonatzen, baina hori hizkuntza- aniztasuna da, peña, ez da bataren edo bestearen gabezia. Reggaetoiak ez du sonatzen rock erradikalak bezala, baina ez da bataren edo bestearen gabezia, peña: bi musika-estilo dira. Sagarrak ez du marrubiaren zaporerik, baina… Muturrera eramaten ari naiz adibidea, agian pixka bat parodiara, baina zer esan nahi dudan uler dadin nahi nuke.
Euskararekiko dugun harremana norabide bakarreko gabezia-akusazio bat izatea problematiko samarra iruditzen zait. Eta bidegabea. Gabezia ez ote da idazten ari denarena? Hitz egiten ari denarena? Egia esan, euskaraz hau ezin dela eta bestea ezin dela irakurtzen dudanean, neure buruari galdetzen diot ea, bene-benetan, halakoak esaten dituen jendeak ez duen gaztelaniaz idaztea desio.
(Parentesi bat: desira, maiz, ez da izaten politikoki zuzena. Kosta egiten zaigu onartzea zer desio dugun, baita geure buruari ere. Normala da, peña: desiraren errepresioan oinarritutako sinesmen-erregimen batetik gatoz. Eta hain zuzen ere horregatik ondo baino hobeto dakigu desiraren errepresioak zer gauza txungoak ekar ditzakeen. Bide batez esateko, eta badaezpada, desira eta ekintza ez dira gauza bera. X desira sentitzen duzula zeure buruari onartzeak ez du esan nahi desira hori gauzatzea; bi gauza dira. Eta desiraren errepresioa ez da soilik desiraren gauzapenik eza. Bukatu da parentesia).
Izan gaitezen zintzoak: gabezia ez da euskararena. Ez beste ezein hizkuntzarena ere. Hizkuntzak sistema buruaskiak eta osoak dira bere horretan, hainbat faktorerekin harremanetan noski, eta ezin dira konparatu termino absolututan BEREZ, ezin dira hierarkizatu BEREZ, ez daude elkarren gainetik edo azpitik BEREZ. Hierarkizatu egiten dira, noski, gizakiak hierarkizatzen diren bezala, baina hierarkia horiek ez datxezkio ez hizkuntzen, ez gizakien berezkotasunari; beste ordena bateko hierarkiak dira.
Eman zezakeen euskaraz ezin zela esan « On ne naît pas femme : on le devient » , eta hara non Irene Arraratsek gogotik lan egin zuen eta orain esan dezakegun: «Emakume ez da jaiotzen; egin egiten da». Ez dute berdin sonatzen, noski, ez dira esaldi bera, edo bai eta ez, baina hori da itzulpenaren abiapuntua, hori da itzulpena, peña. Nik bi nobela argitaratu ditut, lehenengoa duela 10 urte, Erraiak, bigarrena duela 6 urte, Azala erre, eta zenbat aldiz esan zidaten bigarrena atera berritan: Ez da Erraiak. Obvio ez dela Erraiak. Beste liburu bat da, jelou. Beste izenburu bat dauka eta beste hitz- sorta batek osatzen du. Nahiago duzula Erraiak? No problem, apalategietan dago, ez dio existitzeari utzi nik orain beste liburu bat idatzi dudalako. Nahiago duzula « On ne naît pas femme : on le devient » ? Génial. Frantsesez baldin badakizu allez-y eta bestela ba ikasi. Gure desirak ez dira politikoki zuzenak batzuetan. Baina izan gaitezen zintzoak, idazten ari garenean behintzat, eta ez diezaiogun euskarari leporatu euskararena ez dena. Euskara gu gara, guk egiten dugu. Ez dezagun guk geuk txikiagotu, guk geuk exotizatu, guk geuk bestetu, oharkabean behintzat, haren alde ari garelakoan gainera (nahita egiten dutenek nahita egiten dute, eta hori beste eztabaida bat litzateke).
Ez dut euskaraz idazten euskara salbatzeko. Euskaraz eta euskaraz-ere bizi garenok bizi gaitezen nahi dut, noski, baina horretan ahalegintzeko faktore mordo bat daude aintzat hartu beharrekoak, ardura mordo bat, eta niri, idazle eta itzultzaile gisa, batzuk dagozkit. Desiratik idazten dut euskaraz, plazeretik; hortik ere bai. Nire plazera beste hizkuntza batzuek ere osatzen dute, hitz egiten eta ulertzen ditudan hizkuntzek. Nahasian bizi dira nire gorputzean eta mihian, eta, purutasuna aldarrikatuko banu, nire desira erreprimitzen arituko nintzateke, eta gezurretan ere bai. Ez dut aipua aurkitu eta agian ez dut ondo gogoratzen, baina badakit haserretu egin nintzela, eta asko, Virginia Woolfi (uste dut) irakurri nionean (uste dut) idazten dugunean ez dugula izan behar ez gizon ez emakume; amorratu egiten ninduen ezinezkoa iruditzen zitzaidalako halakorik egitea eta gainera uste nuelako hori esanez ukatu egiten zuela emakume gisa bizitzeak zer errealitate dakarren (betiere kontuan hartuta emakumea eraiki egiten dela, kategoria soziohistoriko eta kultural bat dela, eta ez esentziala); kontra egiten nion nire buruan, tipo, idazten ari zarenean zure gorputzetik idazten ari zara, zure gorputzarekin, eta zu, Virginia Woolf, emakume egin zaituzte (eta britainiar, eta zuri, eta XIX. mendearen hasierako), eta hori guztia ere bazara idazten ari zarenean. Kontua da orain beste modu batean ulertzen dudala esaldia.1
Idazten ari naizenean badago puntu bat non erabateko askatasunetik, erabateko konpromisotik eta erabateko arduratik idatzi behar dudan, aitzakiarik gabe, balones fuera egin gabe, biktimizaziorik gabe; erresilientziatik, erresistentziatik, potentziatik, edozein izanik ere.
Adibide bat jarriko dut. Orain dela hilabete batzuk, testu bat itzultzea proposatu zidaten. Prosazko poema luze bat, XX. mendearen hasierakoa, AEBko ingeles zuri-judu ikasian idatzia, esperimentala, ez guztiz gramatikala beti baina agramatikala gertatu gabe, gerundioa asko erabiltzen zuena, eta one subjektu labainkorra ere bai. Eskaini zidan pertsona miretsi egiten dut eta berarekin lan egiteko gogoa neukan, baina sekulako bertigoa ere ematen zidan; ezinezkoa iruditzen zitzaidan neurri batean itzulpen hura, eta, erabaki baino lehen, itzulpen-ariketa kolektibo bat antolatzea pentsatu genuen. Ni, beste bi idazle-itzultzaile, eta (kakotx artean) hizkuntza berariaz lantzen ez duten beste hiru artista. Besteak beste -ing gerundioa euskaraz «ezin egiteak» gu kikiltzeko arriskuari aurrea hartuta, irizpide bat adostu genuen itzultzen hasi baino lehen: erabaki genuen testua itzuliko genuela euskara hizkuntza-hizkuntza bat balitz bezala, ez hizkuntza minorizatu bat, ez bitxikeria bat and I think is beautiful, ez txiste bat beste batzuek uste duten moduan, baizik eta hizkuntza bat, komunikaziorako kode buruaski eta oso bat, gauza batzuk erraz eta beste batzuk buruhauste gehiagorekin lor ditzakeena, eskailera batzuk gozo igotzen dituena eta lauza solte batzuekin estropezu egiten duena aldiro.
Askatzailea izan zen. Eta, prozesu horretan, euskara ez zen arazo bat izan guretzat, euskara tresna bat izan zen, horixe da eta, bere horretan bat eta bakarra den neurrian beste guztiak bezalakoa dena.
Amaitzeko, gogora ekarri nahi dut Audre Lorde erregina absolutuak zioena:2 «Ez badut nik definitzen neure burua, ni naizenagatik, beste pertsona batzuek nitaz dituzten fantasietan zanpatuta geratuko naiz, eta bizirik jango naute».
Oharrak
1. Ana I. Morales etorri zen hitzaldira, eta biharamunean emailez bidali zidan Woolfen esaldiaren erreferentzia zehatza. Eskerrik asko, Ana. Gela bat norberarenan (consonni, 2012) agertzen da nik gutxi gorabehera oroitzen nuena. Honatx aipua, Maria Colerak euskaratua: «[ ] zorigaiztokoa [da], idazten duen edonorentzat, bere sexuan pentsatzea. Zorigaiztokoa da gizon edo emakume huts eta soila izatea: emakume maskulinoa edo gizon femeninoa izan behar du batek. Zorigaiztokoa da emakume batentzat kexu edo arrangurarik ere aditzera ematea; edozein kausaren alde egitea, arrazoi izanda ere; alegia, emakume gisa jardutea ohartuki. «Zorigaiztoko» hori ez da inolako figura erretorikoa hemen, hiltzera kondenatuta baitago halako partzialtasunez ohartuki idatzita dagoen guztia». (130. or.)
2. Lorde, Audre: «Learning from the 60s», 1982. Jatorrizko esaldia: «[That is how I learned that] if I didn’t define myself for myself, I would be crunched into other people’s fantasies for me and eaten alive».