Maite Imaz, terminologo baten zeharkako jakintza
Elkarrizketa honetan, kronika iruzkindu halako bat da agertzen da, Euskal Herriko itzulpengintza modernoaren ildo baten ordezkari izan litekeen emakume itzultzaile baten ibilbidearena. Oinarrizko ikasketak euskaraz egiten hasi zen Maite Imaz, euskara debekatuta zegoen garai batean. Harrezkero, hizkuntzei eta itzuli beharrari atxikita egin zituen ikasketa guztiak eta lanbide ibilbidea, euskara eta gaztelania landu ez ezik ingelesa ikastera atzerrira ere joan baitzen. Autonomia Estatutuaren ondorioz euskal ikus-entzunezkoetan eta erakundeetan antolatzen hasi zen euskarazko itzulpengintzaren urrats asko egin zituen, gaur egun administrazio batean terminologiaren ardura izateraino heldu arte. Oso goiz hasi zen itzultzen laguntzeko ordenagailu bidezko baliabideak erabiltzen ere. Lanbidearen inguruko irakaskuntzan ere partzuer izan da, eta EIZIE elkartean lan handia egina da. Artikulu ugari idatzi ditu hainbat hedabidetan.
3 urterekin, 1967an Tolosako ikastolan hasi zen ikasten, inauguratu zuten egunean bertan; lehenengo ikasleetakoa izan zen, beraz. Martin Txilibitu izeneko liburuarekin ikasi zuen irakurtzen, baina, OHOn hasi zirenean, testuliburu guztiak gaztelaniaz zeuden; frankismoaren garaia zen oraindik; euskara debekatutako hizkuntza zen.
18 urte arte ikastolan ikasi arren eta irakasleekin eta ikaskideekin komunikatzeko hizkuntza nagusia euskara izan arren, ikasi beharreko irakasgai gehienak gaztelaniaz jorratu zituzten. Franco hil eta berehala, 1976-77 ikasturtean, Fisika liburua izan zuen euskaraz: oso zaila iruditzen omen zitzaion. Irakasle batzuek irakasgaiak itzultzeko lana hartzen zuten, eta beste batzuek pizgarri batzuk eskaintzen zizkieten ikasleei, gaztelaniazko liburuetan ikasitakoak azterketetan euskaraz adierazteko gai baldin baziren. OHOn Historiako irakasleak puntu bat opari egiten zien azterketa euskaraz eginez gero. Hori izan zen Maite Imazen lehen itzulpen-lana: liburuan azpimarratutakoak euskaratzea, idazmakina zahar batekin, azterketarako euskaraz ikasi ahal izateko.
Euskal Filologia ikasten hasi zenean ere, irakasle batzuek, gaiak gaztelaniaz eman arren euskaraz ondo ez zekitenez gero, haien azterketak euskaraz egiten saiatzen zen. Uste zabaldua zen garai haietan Euskaltzaindiak ematen zuen D tituluaren (geroagoko EGA) jabe izateak itzultzeko gaitasuna bermatzen zuela; are gehiago Euskal Filologiako ikasleen artean. Euskaldun alfabetatu bakoitzak itzultzaile bat omen zeraman barruan. Horrela, festetako egitarauak, norbaitek prestatutako aurkezpenen bat eta horrelakoak itzultzea egokitu zitzaion Maite Imazi ere. Eta lan polita zela iruditu zitzaion.
1983an, Ibarrako Udalerako itzulpenak egiten hasi zen; jendaurrerako oharrak eta horrelakoak itzultzen zituen, noizean behin, etxean, udal hartan, artean, ez zegoelako itzultzaile lanposturik. Pare bat urtez edo aritu zen.
1985ean, Euskal Filologia urtebeterako aparkatu eta Londresera joan zen ingelesa ikastera. Handik itzuli eta ingelesetik itzultzeko gai sentitu zen; hala, K2000rako hasi zen lanean, ETBn igortzeko filmak ingelesetik euskarara itzultzen, Euskal Filologiako ikasketak bukatu bitartean eta bukatu ondorengo lehenengo urteetan. Ordurako hasiak ziren itzultzaile batzuk ordenagailuarekin lanean, baina berak, gehienek bezala, papera eta arkatza erabili ohi zituen. Telebista pantaila eta ordenagailu pantaila, pantaila gehiegi zirela iruditzen zitzaion. Han zebilela, EIZIE elkartea sortu zen, eta bazkide bihurtzera animatu zuen K2000ko lankide batek.
EIZIE barruan lantalde bat sortu zuten telebistarako filmak etxetik itzultzen aritzen zirenek, eta sarri samar egiten zituzten bilerak EIZIEk Etxague Jeneralaren kalean izan zuen bulegoan. Telebistarekin zerikusirik ez zeukan itzulpen bat ordenagailu bidez egin ahal izateko ere EIZIEren bulegora sarri-sarri joanez ibili zen bolada batean, 1990eko udaberri-udan.
1992ko martxoan Eusko Jaurlaritzan hasi zen itzultzaile, eta hori izan zen arkatza eta papera albo batera uzteko unea, lehenengo aldiz mahaian ordenagailua zeukan eta.
Geroago Internet, itzulpen memoriak, sareko hiztegiak eta abar etorri ziren. Itzulpen memorien berri izan zuenan, 1996an, zalantzak izan zituen horiek euskararako erabilgarri izan ote zitezkeen. Itzulpen automatikoari zegokionez, oker zebilen, jende askoren antzera. IZOk itzulpen memoriak lantzeko Trados lizentzia bat erosi zuen, eta Maite Imaz ibili zen lehenengo probak egiten.
Gero etorri ziren itzulpen memoriei lotutako artikuluak idaztea, ikastaroak ematea, 2007an EHUn irakasle aritzea… Beti kezkabide bera zerabilela: teknologia berriekin itzulitako testuen koherentzia —koherentzia terminologikoa, batik bat— lortzea errazagoa izango ote zen argitzea; eta, haren ustez, guztiz horrela izan ez zen arren, teknologia berriak txibato ezin hobeak bihurtu ziren inkoherentziak eta kontraesanak detektatzeko.
2009an terminologia lanetan hasi zen, eta hori ere arlo interesgarria iruditzen, nonbait. Euskaldun alfabetatu guztiek zeramaten itzultzaile bat barruan, eta, itzultzaile bakoitzak, terminologo bat. Terminologia Batzordean IZOren ordezkari izatea egokitu zitzaion.
Karlos Del Olmo: Nola heldu zara terminologian lan egitera? Ez da oso ohikoa Euskal Herriko erakundeetan.
Maite Imaz: Ez, egiteko nagusia terminologia duen lanpostu gehiegirik ez dago euskal administrazio publikoan. Terminologo lanpostu horietako batzuk IVAP Eusko Jaurlaritzaren mendeko organismo autonomoan kokatuta dagoen Itzultzaile Zerbitzu Ofizialean (IZO) daude; ni han nenbilen lanean, eta ustekabean terminologiako arduradun lanpostua hutsik gelditu zen. Orduan, zerbait berria ikasteko aukera ikusi nuen eta erronka gisa hartu nuen. Pentsatu nuen neure buruari urtebeteko epea ematea, eta lanpostu berrira ohitzen ez banintzen itzultzaile/zuzentzaile zereginetara itzultzea. Baina han segitu nuen hamar urtean. Orain dela gutxi itzuli naiz berriro itzulpen zereginetara.
Karlos: Terminologia, langintza moduan, ia ahaztuta edo erdiezkutatuta egoten da. Ados zaude? Zergatik?
Maite: Bai; terminologia jakintza transbertsala da, eta agian horregatik gelditzen da ezkutuan beti. Baina ezinbestekoa da terminologia, ez itzultzaileentzat bakarrik, baizik eta baita irakasle, komunikatzaile eta jakintza-espezialitateak erabiltzen dituzten adituentzat ere. Terminologiak, zeinahi gaitakoa izan, zeinahi testuingurutan sortu, bi funtzio betetzen ditu: ezagutza espezializatua adierazteko funtzioa eta ezagutza hori transmititzeko funtzioa.
Karlos: Zein da terminologia zerbitzu ofizial baten antolamendua eta eguneroko jarduna?
Maite: IZOko terminologia-atala lau pertsonaz osatuta dago. Eguneroko jardunean zerbitzuko itzultzaileei laguntzen ahalegintzen da, bai kontsulta puntualei erantzunez eta baita lan sistematikoagoak eginez ere, hala nola itzuli beharreko legeen hustuketa egin eta glosarioa prestatuz, edo sortu berria den gai garrantzitsuren bati buruzko glosarioa prestatuz, horrela itzultzaileek sortzen ari diren kontzeptu berrietarako beti termino berberak erabil ditzaten. Horrezaz gain, herritarrek Internet bidez Dudanet zerbitzua erabilita egindako galderei, zalantza terminologikoei dagozkien galderei, erantzuten die. Eta Eusko Jaurlaritzak Euskararen Aholku Batzordearen baitan sortu zuen Terminologia Batzordean ere parte hartze aktiboa izan du, hiztegi terminologikoak lantzen.
Karlos: Zer egoeratan dago terminologia zure erakundean eta ezagutzen dituzun besteetan?
Maite: Uste dut baliabide gehiago behar lituzkeela, Kataluniako TERMCAT terminologia-zentro baten antzeko zerbait izatea beharko genukeela helburu. Orain itzulpenak egiten laguntzeko baliabide teknologiko gehiago dauzkagunez, terminologian arreta gehiago jarri beharko genuke.
Karlos: Zure hitzetan, «itzultzaile bakoitzak daramagu terminologo bat barruan, oraindik ere eratzen ari garen hizkuntza honetan». Euskararen egoeragatik da edo munduko itzultzaile guztien auzi bat?
Maite: Euskal itzultzaileak izaten ditut gogoan hori esatean. Azken berrogei urteotan beste hizkuntza batzuetan finkatutako kontzeptuak euskaraz nola eman erabakitzen ibili gara etengabe, eta erabakiak itzultzaileok hartu behar izan ditugu askotan, presaka eta behar beste ikertzeko denborarik gabe, nahi baino gehiagotan. Pentsatzen dut hizkuntza finkatuago eta terminologia sortzaile direnetan, itzultzaileek ez dutela ikerketa terminologiko puntualak egiteko horrenbesteko premiarik izango.
Karlos: Beti izan zara aitzindaria ordenagailuz lagunduriko itzulpen tresnetan…
Maite: Itzulpen memorien berri izan nuenean, 1996an, txundituta gelditu nintzen; pentsatu nuen hori zela euskararentzat landu beharreko arloa, uste bainuen itzulpen automatikoa lortzea gure kasuan ez zela posible izango, ez behintzat etorkizun hurbilean edo ni bizi nintzen artean. Bistan da itzulpen automatikoari zegokionez oker nenbilela. IZOk Trados itzulpen-memoriako aplikazioaren lizentzia bat erosi zuen, eta ni ibili nintzen lehenengo probak egiten eta itzulpen-memorien onuraz lankideak konbentzitzen. 2000. urtean ipini zizkiguten itzulpen-memoriako aplikazioak IZOko itzultzaile guztioi. Ondoren, Internet iritsi zitzaigun: terminologia-bankuak ordenagailuan bertan kontsultatzeko aukera, ordenagailuan bilaketak egiteko aukera, posta elektronikoaren bidez informazioa azkar eta erraz elkarri bidaltzeko aukera.
Oso erakargarriak iruditzen zitzaizkidan baliabide horiek guztiak.
Karlos: Esana duzu ezen «teknologia berriak txibato ezin hobeak bihurtu zirela inkoherentziak eta kontraesanak detektatzeko». Azalduko duzu kontu hori?
Maite: Administrazio-itzulpengintzan hasi nintzenean, papera zen nagusi lanerako; ordenagailuz itzultzen genuen, baina itzulgaiak paperean heltzen zitzaizkigun, eta paperezko hiztegiak geneuzkan. Eta bakoitza bere aldetik aritzen ginen itzultzen.
Teknologia berriak iritsi eta lehendik itzulita zeuden gauzak bilatzea, aurkitzea eta berrerabiltzea erraztu zenean, pentsatu nuen ez zela zaila izango elkarlanean koherentzia lortzea, koherentzia terminologikoa batik bat. Baina ez zen guztiz horrela izan, denbora hartu behar baita lehendik itzulita daudenak aurkitzeko, begiratzeko, ikertzeko… Eta hori zaila izaten da gehienetan presaka gabiltzanean.
Teknologia berriak izate hutsak ez du ziurtatzen itzulpenen koherentzia, baina itzulpenen datu-baseetan eta itzulpen- memorietan jasota gelditzen da egindako lan guztia, eta, lehentxeago edo geroxeago, ikertzeko denbora hartzen duenak aurkituko ditu egin diren inkoherentziak.
Eusko Jaurlaritzako teknikari euskaldunek itzulpenen datu-base dokumentalera jotzen dutenean terminoren baten bila, baliokide bat baino gehiago topatzen dituzte batzuetan, eta orduan Dudanet zerbitzura jotzen dute terminorik egokiena zein den galdetzeko.
Izan ere, kontzepturen baterako euskal terminorik ez egotea edo bat baino gehiagoren artean aukeratu behar izatea, horiek izaten dira terminologoengana jotzeko arrazoi nagusiak.
Karlos: Irakaskuntzan ere aritu zara unibertsitatean, EIZIEk antolaturiko ikastaroetan, UEUn… Gustukoa duzu? Zer ikasi duzu irakasle izatetik? Zer bide egin duzu irakaskuntzan?
Maite: Noizean behin ikastaroak ematea gustatzen zait. Irakaskuntza arlo polita da zerbait irakasteko badaukazula iruditzen zaizunean; irakasle zarenean, gainera, zeure burua gehiago ikastera behartzen duzu, transmititu nahi duzun hori ondo antolatuta eduki behar duzu buruan eta.
Lehenengo ikastaroa emateko aukera EIZIEren eskutik etorri zitzaidan, Iruñean UEUk antolatutako ikastaroetan, 2000ko udan. Orduan berritzailea zen itzulpen- memorien gaiaz eman nuen egun oso bateko klase praktikoa. Geroago, unibertsitatean ere ibili nintzen aldi labur batean itzulpengintzara aplikatutako teknologia berriak irakasten.
Karlos: Zer behar ikusten duzu, lanbideak dituen alorretan, prestakuntzaren aldetik?
Maite: Oraintxe bertan, itzultzaile neuronala iritsi zaigun honetan, hori kontuan hartuta aurrera nola egin erakutsiko digun zerbait behar dugu.
Karlos: Ikastolan izan zenuen eskarmentuari esker, itzuli beharraren alderdi bat ezagutu zenuen…
Maite: Hiru urterekin hasi nintzen Tolosako ikastolan, 1967an, inauguratu zen egunean bertan; lehenengo ikasleetakoa izan nintzen, beraz. Martin Txilibitu izeneko liburuarekin ikasi nuen irakurtzen, baina, OHOn hasi ginenean, testuliburu guztiak gaztelaniaz zeuden; frankismo garaian geunden oraindik; euskara debekatutako hizkuntza zen. 18 urte arte ikastolan ikasi arren eta irakasleekin eta ikaskideekin komunikatzeko hizkuntza nagusia euskara izan arren, ikasi beharreko irakasgai gehienak gaztelaniaz jorratu genituen. Franco hil eta berehala, 1976-1977 ikasturtean, Fisika liburua izan genuen euskaraz; gogoan dut oso zaila iruditzen zitzaidala. Irakasle batzuek irakasgaiak itzultzeko lana hartzen zuten, eta beste batzuek pizgarri batzuk eskaintzen zizkiguten gaztelaniazko liburuetan ikasitakoak azterketetan euskaraz adierazteko gai baldin baginen. OHOko 8. mailan, Historiako irakasleak puntu bat oparitzen zigun azterketa euskaraz eginez gero. Hori izan zen nire lehen itzulpen-lana: liburuan azpimarratutakoak euskaratzen aritzen nintzen etxean, Olivetti markako idazmakina zahar batekin, azterketarako euskaraz ikasi ahal izateko.
Karlos: Zure esana da «Garai haietan Euskaltzaindiak ematen zuen D tituluaren (geroagoko EGA) jabe izanez gero, itzulpenak egiteko gaitasuna bagenuela uste genuen; are gehiago Euskal Filologia ikasten ari baldin baginen. Euskaldun alfabetatu bakoitzak itzultzaile bat generaman barruan». Azalduko duzu hori guztia? Garai hartan hasi zinen itzultzen? Nahita erabakitakoa ala bestela baitakoan etorririko zeozer izan zen?
Maite: Gaztarora heldu nintzenean, 1980ko hamarkadan, inguruan euskal hiztun asko neuzkan, baina ikasketa guztiak gaztelaniaz eginak zituztenak eta euskaraz alfabetatu gabeak. Alfabetatua izanez gero, euskararen hutsune eta premia guztiak betetzeko gai izan behar zenuen: euskara irakasteko, jendaurreko aurkezpenak egiteko nahiz itzulpenak egiteko. Sinetsita geunden euskaraz ondo jakitea zela gakoa. Uste dut egoera hark bultzatu ninduela itzulpenekin hastera, ikastolan nenbilela, eta, batez ere, Euskal Filologian hasi nintzenean. Horrela, festetako egitarauak, aurkezpenak eta antzekoak itzultzea egokitu zitzaidan niri ere. Eta lan polita zela iruditu zitzaidan.
Karlos: Inoiz ez zaituzte tentatu beste itzulpen alor batzuek? Literatur itzulpenak ere ez?
Maite: Administrazioan ibili naiz gehienbat, eta, horren aurretik, telebistarako filmak itzultzen. Literatur itzulpenak ere tentatu izan nau, baina ez dut horretarako aukera izaterik lortu.
Karlos: Lehenengo itzulpen «kontzientea» gogoan?
Maite: Bai; 17 urte nituen. Nebari lagun batek eskatu zion bidaia bateko diapositiba-emanaldirako prestatuta zeukan testua, diapositiba bakoitzaren azalpen gisa azaldu behar zuen testua, euskarara itzultzeko. Nebak niri pasatu zidan lana, eta nik beste bi lagunen laguntzarekin egin nuela uste dut. Itzulpena nahi zuena euskaldun kontzientziaduna zen, emanaldia euskaraz egin nahi zuen, baina zuzenean euskaraz prestatzeko bere buruan konfiantzarik ez eta pentsatuko zuen nire neba, ikastolako irakasle euskaraz alfabetatua, pertsona egokia zela horretarako; nebak, berriz, pentsatuko zuen arreba gaztea, ikastolan zebilenez eta Euskarako irakasleak esan zionez Euskal Filologia ikasi behar lukeela, egokiagoa zela lan hori egiteko. Garai hartako ohiko jokabidea.
Karlos: Zure itzulpengintzaren bilakabidea laburtuko diguzu? Berehala hasi zinen administrazioko testuak itzultzen…
Maite: 1983an, Ibarrako Udalerako itzulpenak egiten hasi nintzen; jendaurrerako oharrak eta horrelakoak itzultzen nituen, noizean behin, etxean, artean oraindik itzultzaile-lanposturik ez zegoen udalean eta. Pare bat urtez edo aritu nintzen.
Karlos: Eta ikus-entzunezko itzulpenetan ere goiz samar hasi zinen.
Maite: 1985ean, Euskal Filologia urtebeterako aparkatu, eta Londresera joan nintzen, ingelesa ikastera. Handik itzuli nintzenean, ingelesetik itzultzeko gai sentitu nintzen, eta K2000rako hasi nintzen lanean, ETBn emititzeko filmak ingelesetik euskarara itzultzen; Euskal Filologiako ikasketak bukatu bitartean eta bukatu ondorengo lehenengo urteetan, filmak itzultzen aritu nintzen. Ordurako hasiak ziren itzultzaile batzuk ordenagailuarekin lanean, baina nik, gehienek bezala, papera eta arkatza erabiltzen nituen. Telebista pantaila eta ordenagailu pantaila, pantaila gehiegi zirela iruditzen zitzaidan.
Karlos: EIZIE barruan lantalde bat sortu zenuten telebistarako filmak etxetik itzultzen aritzen zinetenok.
Maite: Bai, eta sarri samar egiten genituen bilerak EIZIEk Etxague Jeneralaren kalean izan zuen bulegoan. Gehienok etxeko bakardadean egiten genuen lan, eta elkartzeko beharra sentitzen genuen.
Karlos: Berehala kidetu zinen EIZIEn. Elkartean denetarik egin duzu…
Maite: Bai, elkartea nahiko sortu berri zela, lankide batek aholkatuta kidetu nintzen. Elkarteak halako babesen bat edo arazo berberak izan zitzaketen itzultzaileak ezagutzeko aukera emango zigula pentsatu genuen. Eta halaxe izan zen.
Telebistarekin zerikusirik ez zeukan itzulpen bat ordenagailu bidez egin ahal izateko ere EIZIEren bulegora sarri-sarri joanez ibili nintzen bolada batean, 1990ko udaberri-udan, nik oraindik ez baineukan ordenagailurik.
Gero egokitu zait zuzendaritza-batzordean administrazioko itzultzaileen ordezkari izatea eta lehendakariorde izatea, ikastaroak ematea, Senezen erredakzio-batzordean jardutea…
Asko ikasi dut EIZIEri esker.
Karlos: Itzulpengintzak emandako une goxoren bat.
Maite: Une goxoa izaten da bezeroak itzulpena irakurri eta itzulpenarengatik eskerrak ematen dizkizunean.
Karlos: Itzulpengintzak emandako une garratzen bat.
Maite: Une garratza izaten da presak edo eraginda behar adinako arretarik gabe egindako itzulpena bezeroak atzera botatzen duenean eta arrazoiarekin bota duela atzera egiaztatzen duzunean.
Karlos: Itzulpengintzaren alorrean izandako prestakuntza. Aipatu bestelako prestakuntza ere, mesedez, oso ibilbide luzea egin baituzu gaur arte.
Maite: Eusko Jaurlaritzan neuzkan lankideen artean baziren Martuteneko Itzultzaile Eskolatik pasatutakoak, Administrazio eta Lege-arloko Itzultzaile-Eskolatik (ALAIE) pasatutakoak eta Itzulpengintza Masterra egindakoak. Eta halako batean pentsatu nuen ondo etorriko zitzaidala prestakuntza gehigarria, eta Gasteizen lanean egonda aukera banuela bertako Letren Fakultatean Itzulpengintza Masterra egiteko, eskolak arratsalde-iluntzean ematen zituztenez lanetik atera ondoren joan nintekeelako.
Gero, Terminologia-ataleko ardura hartu nuenean, IVAPek prestatzeko aukera eman zidan, eta Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitateak online eskaintzen duen Terminologiako Masterra egin nuen. Dena segidan eginez gero, bi urte behar dira masterra burutzeko, baina master hori erritmo malguan egin daiteke, moduluka antolatuta dago eta; modulu bakoitzak bi, hiru edo lau hilabete irauten du, eta, batekin hasten zarenean bukatu arte jarraitu behar baduzu ere, ez da derrigorrezkoa modulu guztiak bata bestearen atzetik egitea.
Karlos: 1992ko martxoan, Eusko Jaurlaritzan hasi zinen itzultzaile… Zer ekarri zizun horrek guztiak?
Maite: Itzulpen-motak erabat aldatzeaz gain eta etxeko bakardadea uzteaz gain, arkatza eta papera albo batera utzi nituen unea izan zen hura, lehenengo aldiz eduki nuen mahaian ordenagailua eta. Orduko ordenagailu-sistema WANG zen, eta, lanerako erosoa iruditu arren, aparteko zirrararik ere ez zidan eragiten. Geroago, ordea, 1994an uste dut, Windows jarri ziguten, eta erabat liluragarriak iruditu zitzaizkidan ordenagailuek eskaintzen zituzten aukerak: zein erraza zen testua kopiatzea eta lekuz aldatzea, testuak txukun-txukun aurkeztea, Olivetti zaharraren zirrimarrarik gabe; itzulgaiak posta elektronikoz jasotzea…
Karlos: Zer bilakaera izan du zuk ezagutzen duzun itzulpen zerbitzuak?
Maite: Ordenagailua izan arren papera nagusi zen garaitik eta bakoitza bere kasa ibiltzen zen garaitik, dena ordenagailuan izateraino eta itzulpen-memorien eta itzulpenen datu-baseen bitartez lana konpartitu behar izateraino. Ni hasi nintzenean IZO zerbitzu handiegia ere ez zen, baina denborarekin asko hazi da, Eusko Jaurlaritzako itzultzaile guztiak bertan bildu gaituzte eta.
Nik orain gutxi utzi dut terminologia- lana, 10 urteren ondoren, eta itzulpenak egiteari ekin diot berriro; eta berriro ikasi behar izan dut lan-prozedura, oso aldatuta baitago. Itzulpen-memorien aplikazioa ere ez da orain dela 10 urte geneukan berbera; zerbitzua handitu denez, lana banatzeko modua ere ezberdina da. Baina aldaketarik handiena itzulpen neuronalarekin datorkiguna izango da.
Karlos: Non ikusten duzu, gaur egun, itzulpen juridiko-administratiboaren zailtasunik handiena?
Maite: Beharbada, itzultzaile askok, edo batzuek behintzat, ez daukagu behar adinako prestakuntza juridikorik.
Karlos: Itzulpen automatiko neuronalak astindu ederra ekarri du. Nola ikusten duzu egungo egoera? Zer proposatuko zenuke?
Maite: Orain dela 20-25 urte iraultza izan ziren itzultzaileontzat itzulpen-memoriak eta Internetek ekarri zuen guztia. Eta orain beste iraultza batekin egin dugu topo, handiagoa eta itzultzaileon mundua baino haratago doana. Lan egiteko modua berregokitu beharrean gaude. Nik uste dut ahalegindu behar dugula gure lanbideari dagokion prestigioa ematen; itzultzaile neuronalari esker azkarrago itzultzeko aukera daukagunez, bikaintasunez itzultzen saiatu behar dugu. Beraz, epeak beteaz itzultzea ez da nahikoa izango; terminologiari dagokionez erabat koherentea den testua ere lortu beharko dugu. Uste dut terminologia-lanak indar handiagoa izango duela hemendik aurrera.
Karlos: Peter Newmarken arabera, «hiztegia zurruna da, ezin da nahierara erabili; joskera, ordea, guztiz malgua». Zer deritzozu?
Maite: Administrazio-itzulpenen kasuan, joskera ere ezin da malgua izan beti. Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratzen diren testu asko ereduetan oinarrituta daude; hamaika testu errepikakor sortzen da administrazioan, gaztelaniaz eredu beraren arabera egindakoak; euskaraz ere koherentziaren izenean eredu bakarra edukitzea komeni zaigu.
Hori ez zen erraza gauza gehienak paperean geneuzkanean eta bakoitza bere aldetik zebilenean, baina gaur egun posible da.
Karlos: Egile berberak dioenez, testurik teknikoenean ere terminologia % 5 eta % 10 bitartean da, eta gainerakoa, fraseologia da; bestela esanda, estiloa. Aditu askoren kezka, ordea, hiztegia izan ohi da, eta ez estilistika edo joskera. Zer iritzi duzu horretaz?
Maite: Terminologiak ez ditu arazo guztiak konpontzen, noski. Garrantzitsua da terminologiari dagokion % 5 eta % 10 bitarteko horretaz kontziente izatea eta ondo egitea, baina horrekin bakarrik nekez lortuko da emaitza txukunik, estilistika eta joskera egoki ez badira erabiltzen. Bi gauzak dira garrantzitsuak testu teknikoetan: terminologia identifikatzen jakitea eta estilistika edo joskera menderatzea.
Karlos: Ecoren arabera, itzultzailea librea da, itzulpena lotuago dagoelako xede hizkuntzaren senarekin arau jakin batekin baino. Zenbateraino da sortzailea itzultzailea administrazioan?
Maite: Administrazio-itzulpenean askatasuna eta sormena mugatuak direla iruditzen zait. Sortzailea izatea baino garrantzitsuagoa da diziplinaduna izatea, talde-lanean zabiltzala sinestea, aurretik egindako guztia (dela kontzeptu bat izendatzeko terminoa, dela erakunderen bati eman zaion euskal ordaina) beti zalantzan jartzen ez ibiltzea eta beti gauzak asmatzen ez ibiltzea. Erabateko askatasuna eta sormena beste alor batzuetarako utzi behar dira.
Karlos: Zein izan da inoiz itzuli behar izan duzun lanik zailena? Zergatik?
Maite: Administrazio-testuen artean asko iruditu izan zaizkit zailak, ez nuke jakingo esaten denetan zailena zein den; esaldi luzeak eta anbiguoak izaten dira zailak, batez ere jatorrizko joskera oso txukuna ere ez bada, zertaz ari den ulertzea ezinekoa bada eta egilearekin harremanetan jartzea ezinezkoa bada.
Filmak itzultzen nituen garaian, Sugegorri Beltza, 3. denboraldiko telesaila (Blackadder the Third) iruditu zitzaidan itzuli nuen gauzarik zailena: esanahi bikoitza zuten esaldi luzez eta txistez betetako elkarrizketak zeuzkan.
Karlos: Traduttore, traditore… Egia ote?
Maite: Itzulpenaren helburua informazioa transmititze hutsa denean ez dut uste hala izaten denik, baina telebistarako Blackadder the Third itzultzen nenbilenean garbi ikusten nuen traditore izaten ari nintzela, inoiz ez bezala jabetzen nintzen orduan ezinezkoa zela jatorrizko filmak zeukan guztia euskaraz ematea eta. Hala ere, filmek ahotsez gain irudiak ere izaten dituzte; egun batean, nire aita itzultzen ari nintzen telesailari adi-adi begira jarri zenean, konturatu nintzen irudiek ere indar handia zutela eta hori bere horretan gelditzen zela, aitari, ingelesez tutik jakin gabe eta, beraz, ikusten ari zen telesaila tutik ulertu gabe ere, izugarrizko grazia egiten zion eta.
Karlos: Zein da terminologian izan duzun eginkizunik latzena?
Maite: Terminologian askotan gertatzen da orduak ikerketan pasatu ondoren, termino baten inguruan bueltak eta bueltak eman ondoren, ateratzen duzun ondorioa hasiera batean errazena zirudiena dela, eta errazena gehienetan mailegua hartzea da. Ez da gozoa izaten, ikerketa-lanean orduak pasatu ondoren, egin duzun proposamena erabaki txarra dela edo IVAPeko terminologoek sekula ez dutela liburu bat irakurtzen entzun behar izatea.
Karlos: Hainbat epaimahaitan izan zara. Atsegin duzu ala ezinbestean onartu beharreko eginkizuna izan da?
Maite: Era guztietako epaimahaietan egon naiz; administrazioko prozesuetako epaimahaietan, eta literatur sariak banatzeko epaimahaietan. Edozein kasutan, ardura handia eskatzen duen eginkizuna da. Administrazioko prozesuetako epaimahaiak lanbideari dagozkion eginkizunetan sartzen dira, eta ezinbestean onartu beharrekoak dira. Literatur sariak banatzekoei dagokienez, lehenengo aldiz eskaini zidatenean, zalantza handiak eragin zizkidan, baina erronka interesgarria iruditu zitzaidan. Oso atsegina da itzulitako literatura irakurtzea, baina epaimahaikide izateak arreta handia jartzea eskatzen du, eta denbora behar da liburuak arretaz irakurtzeko.
Karlos: Aurrekoaren ildotik, zenbait girotan sorkuntzazko testuek itzuliek baino izen handiagoa dute. Zer deritzozu horri?
Maite: Oraindik ez dugu lortu euskaraz irakurtzea merezi duen bakarra euskal idazleek idazten dutena delako uste hori baztertzea. Ahalegin handiagoa egin behar dugu euskarara egiten den literatur itzulpena kalitate handikoa dela nabarmentzeko. Eleberri on bat beti da eleberri on bat, bai jatorrizko hizkuntzan, bai hizkuntza batera zein bestera egindako itzulpenean ere, ondo itzulita baldin badago behintzat. Euskaraz sortutako literatura irakurtzeko gai den edonor da gai euskarara itzulitako literatura ere irakurtzeko. Jende askok esaten duen modura, niri ere gustatzen zait atzerriko literatura jatorrizko hizkuntzan irakurtzea, baina atzerriko hizkuntza gehienak ez dakizkidanez, dakidan hizkuntzaren batera egindako itzulpena irakurtzera behartuta nago.
Karlos: Benetan izan behar du ikusezina itzultzaileak?
Maite: Ez dakit beti ikusezina izan behar lukeen, baina itzultzaileak ikusezin izateari uzten dio itzulpen aldrebesen bat edo okerren baten eragilea izan daitekeena gertatzen denean. Beraz, ikusezin izatea seinale txarra ere ez da.
Karlos: Itzulpenak jatorrizkoa hobetu ere dezake?
Maite: Batzuetan bai. Administrazioan, jatorrizko testuaren helburua zerbait jakinaraztea, informazioa transmititze hutsa denean, jatorrizkoa ondo idatzita ez badago, itzultzaileak itzulpenean estiloa hobetzeko aukera dauka.
Karlos: Aspaldion irakurritako itzulpen gogoangarriren bat?
Maite: Literatura irakurtzeko denbora gehiago hartzen nuen gaztetan; azkena irakurri dudana J.D. Salinger-en Zekale artean harrapaka izan da; oso gustura irakurri dut. Orain dela gutxi telebistan egileari buruzko film bat (Rebel in the Rye) ikusteak animatu ninduen eleberria irakurtzera.
Karlos: Itzultzen hasi nahi duenarentzako aholkuren bat?
Maite: Teknologiak eskaintzen dizkigun onura guztiak gure mesederako erabili behar ditugula eta itzultzaileok balioaniztunak izan behar dugula: itzultzaileak izan behar dugu, baina baita zuzentzaile eta ikertzaile zorrotzak ere, segur aski hemendik aurrera itzultzen baino denbora gehiago emango baitugu itzultzaile neuronalak egindako itzulpenak zuzentzen eta koherentea izan dadin behar besteko egiaztapenak egiten.
Karlos: Baliabide guztiak eta aginpidea edukita, nola antolatuko zenuke euskal itzulpengintza?
Maite: Ez da erraza galdera horri erantzutea, itzulpen neuronalak ekarri digun iraultzak gogoeta sakona egitea eskatzen du eta. Terminologia-zerbitzua sendotuko nuke.
Karlos: Zelan ikusten duzu euskal itzulpengintzaren etorkizuna?
Maite: Itzulpen automatiko neuronalaren laguntzarekin, itzultzen lan gutxiago izango dugu, baina zuzenketa-lana zorrotzago egin beharko dugu eta terminologiari arreta handiagoa eskaini beharko diogu.