Liburuak
Xabier Mendiguren Bereziartu

GALLEGO ROCA, Miguel: (1994) Traducción y literatura: Los estudios literarios ante las obras traducidas. Ensayos Júcar, Madrid.

Translation Studies (TS) izenpean ezagutzen diren itzulpen-adituen eraginez 1990eko abenduaren 17-19an izan zen zen Amsterdamen "The First James S Holmes Symposium on Translation Studies". Hurrengo urtean sinposio hartako agiriak ( VAN LEUVEN-ZWART & NAAIJKENS (eds.)1991 Translation Studies: The State of the Art. Proceedings of the First James S Holmes Symposium on Translation Studies) agertu dira; ondoren GENTZLER, Edwin: (1993) Contemporary Translation Theories, eta orain gaztelaniaz aipatzen ari garen gaztelaniazko entseiu hau, era guztietako artikulu-uholde baten erdian. Beraz, ukaezina da TS joerakoen ekarpenak duen emankortasuna eta ildo horretatik buruturiko lanek sortzen duten erakarmen eta interesa.

Gallego Rocaren azterketak literaturaren historialari batek itzulpen literarioaren gaia nola fokatu behar duen galderari erantzuteko asmoz egindakoa da, beraz hermeneutika, literatura konparatua eta literatur historiaren teoria eta itzulpen-teoriaren arteko hurbiltze eta elkar ernaltzearen testigantza bat da elkar-lan hau.

Lehen kapituluan itzulpen poetikoa interpretazio gisa aztertzen du poesia modernoaren itzulgarritasun-itzulezintasuna, kritika idealistaren ikuspuntutik dagoen itzulezintasuna, itzulpena artefaktu eta interpretazio eta poeta itzultzaileak poesia modernoan duen lekua bezalako gaiak sakontzen ditu.

Bigarrenean, literatur historia, literatura konparatua eta itzulpengintzari buruzko estudioetara pasatzen da eta bertan leku berezia eskaintzen die errusiar formalismoari eta Pragako Eskolari, TSkoen ikerkuntza eta teorizaziorako abiapuntu izan diren heinean; ondoren, hartzapenaren teoria literatur sistemaren bilakaera eta arokuntza-arazoak, aldakuntza-prozesuetan itzulpengintzak duen eginkizuna: estudio arauemaile eta estudio deskribatzaileen kontrajartzea, itzulpengintzaren historia eta poetika, eta azkenik, Itzulpen Estudioak (TS) korrontearen berri ematen du.

Hirugarren eta azken kapitulua polisistemaren teoriari eskaintzen dio, eta Even-Zohar ikertzaile israeldarren ideia nagusiak azaldu eta gero, literaturen arteko interferentziak, oposizio gatazkatsu eta hierarkikoak, kanona, zentroa eta periferia, tradizioa eta berrikuntza bezalako gaiak aztertzen ditu.

Hogeita zortzi orrialdetan eskaintzen duen Bibliografia oso azpimarragarria da, izan ere landuriko gaiari buruzko titulu hautatuenak aurkitzen baitira bertan, nola traduktologiaren ikuspegitik hala literatur estudioenetik bilduak.

RUIPEREZ, German: (1995) Enseñanza de lenguas y traducción con ordenadores, Ediciones Pedagógicas, Madrid.

(Alemania) Marburgeko Unibertsitatez Alemaniar Hizkuntzalaritzan doktore eta UNEDeko Alemaniar Filologiako Irakasle Titular den Germán Ruipérez Interactive Multimedia eta Computer Assisted Language Learning (CALL) aldizkarien kontseilu editorialeko kide da eta berak koordinatu ditu liburu hau osatzen esku hartu duten zortzi adituak.

Liburuak bi atal nagusi ditu: lehena hizkuntz irakaskuntza eta ordenadoreari buruzkoa da eta bertan urrutirako irakaskuntza eta hizkuntza modernoen autoaprendizaian teknologia berriek duten erabilkizuna aztertzen du Börje Holbergek; Germán Ruipérezek hizkuntzen irakaskuntzan ordenadorearen baliagarritasuna aztertzen du; Michael Asselek Goethe-Instituteko ordenadorez lagunduriko hizkuntz irakaskuntza (OLHI) deskribatzen du; eta azkenik, Brian Powellek unibertsitate britainiarrean hizkuntzek eta teknologia berriek duten egoeraren berri ematen digu.

Bigarren atalean, itzulpengintza eta ordenadoreei buruzkoan, hiru artikulu datoz: itzulpengintza automatikoaren zenbait printzipio (Isabel Zapata), EURODICAUTOM-Europar Komunitateen datu-base terminologikoa (Esperanza Román) eta Itzultzaile teknikoaren lanbiderako hurbilketa bat (Mª José L. Chollet).

60. urteen amaiera aldean mikroordenadoreak azaldu zirenetik, berorien erabilera berehala hedatu zen itzulpengintza eta hizkuntza modernoen irakaskuntzara; azken sail horretan ariketa errepikatuak egin eta automatizazioak lortzeko erabili izan da ia bakarrik orain arte, baina gaur egun irtenbide berri eta interesgarri ugari ikusten zaizkio eta etorkizunean areagotu egingo dira ahalbide horiek guztiak testua, irudia eta soinua integratu eta hizkuntza lantzeko aukera berriak sortzean.

Itzulpengintzari dagokionez, lehen orduko euforiaren ondoren hotzaldia gainditurik itzulpengintza automatikoa eta ordenadorez lagunduriko itzulpegintza, bi sail nagusi landu eta sakondu dira azken hamarkadotan eta bietan egin dira aurrerakuntza nabariak, testu-mota desberdinetan arrakasta-maila diferente baina garrantzitsuak lortuz. Dibulgazio-maila egokia duen liburu honek laguntza ukaezina eskaintzen die hizkuntz irakasleari eta itzultzaileari beren alorretan gero eta abiadura biziagoan gertatzen ari diren aurrerakuntzaren berri izan eta gerora ezinbestekoa izango duten laguntza-mota horren esparrutik kanpo ez gelditzeko.

SAGER, Juan C. (1993) Language Engineering and Translation. Consequences of automation, John Benjamins, Amsterdam.

Juan C. Sager-ek ez du aurkezpen beharrik liburu honetako gaiaren jarraitzaileen artean eta hemen eskaintzen dituenak hizkuntz industriaren arazoak bideratzeko moduko itzulpen-teoria baten funtsezko osagaiak finkatzea helburu duen gogoeta bat da. Ideia zahar eta berriak uztartuz hizkuntzalaritza konputazionala eta hizkuntza modernoak konbinatu behar dituzten hizkuntz ingeniari eta bitartekariak trebatzeko material egoki bat luzatu nahi du. Bistan dago hizkuntz ingeniarien eta itzultzaileen munduak etengabe hurbiltzen ari direla eta etorkizunean elkar ongi ulertzera beharturik daudela.

Testuinguru industrialeko itzulpengintzaz sarrera bat egin ondoren sei kapitulu trinkotan eskaintzen dizkigu egileak bere ekarpenak.

Lehen kapituluan, hizkuntz industria eta itzulpengintzaren gaia aztertzen du, helburuak, bilakaera, hizkuntz industriaren egitura eta industri lanabesen diseinaketa eta erabilerarako baldintzak finkatuz. Ondoren hizkuntzaren alderdi teorikoei heltzen die: lengoaiaren izaera eta erabilera, hizketa-egintzen asmoa, azpilengoaien kontzeptua, hizkuntz barietateen bilakaera eta tipoak, hizkuntza natural eta artifizialak, lengoaia murriztuen bilakaera eta abar bezalako gaiak lantzen ditu.

Bigarrenean, itzulpenerako komunikazio-teoriaren alorrean sartzen da bete-betean; lehenik, komunikazio-teoriaren elementuak aztertzen ditu: ingurunea, aurrebaldintzak; asmoa, afektibitatea, lengoaia, testu-tipoa eta komunikazio-teknika eta adierazpenaren aukerak. Gero testu- eta mezu-tipoen teoriari lotzen zaio. Modifikazio-metodoei buruz hitz egin eta eraldakuntza eta itzulpena aztertu ondoren hirugarren atalera doa, hain zuzen ere, itzulpena deritzon modifikazio-era horren izaera argitzeko.

Hirugarren kapituluak, beraz, itzulpengintzaren alderdi teorikoak lantzen ditu itzulpen-teorien helburua, teoria baten dimentsioak, makinabidezko itzulpengintza jarduera eta produktu berri gisa, itzulpenaren esanahiak, itzulgarritasunaren kontzeptua, itzulpen-teoria baten oinarriak eta baliokidetza kontzeptua jorratzen ditu. Gero itzulpenean eragina duten faktoreak sakontzera jotzen du: itzulpen-prozesua modelatzeko baldintzak, itzulpen-prozesuan dauden ereduak, itzultze-jarduera nagusiak (itzulpen literarioa, bibli itzulpena, industri itzulpena), itzulpen-egitekoaren analisia, zehaztapen-fasea eta itzulpen-tipo funtzionalak bezalako interesguneak aztertu eta argitzen ditu.

Laugarren kapituluak itzulpenaren prestakuntza eta itzulpen-prozesuan egiten diren urratsen berri ematen du.

Bosgarrenean, giza eta makinabidezko itzulpengintzak konparatzen dira, ondoren automazioak itzulpengintzan dituen inguruabar pragmatikoak ikertzeko; horrela, MIaren metodoak, sistema horien erabiltzaileak, MI-sistemen deskribapen laburra, MIaren tipo funtzionalak, MI teknologiaren beste aplikazio batzuk, MI sistemak sailkatzeko beste modu batzuk eta MI erabiltzeko irizpideak bezalako gaiak lantzen ditu.

Seigarren eta azken kapituluak informazio-teknologiazko ingurune batean itzulpenak duen egitekoaren gaia aztertzen du eta horretarako itzulpenaren industri alderdiak (kostua eta balioa, eskariaren hazkuntza, eta MIarentzako merkatua) eta MIaren garapenaren ikuspegi pragmatiko bat eskaintzen du (MI sistemen diseinatzaile eta ekoizleak, itzultzaileak IT eta MIaren erabiltzaile gisa, MIaren bilakaeraren azterketa bat eta MIaren lorpen praktikoak). Liburua hizkuntz industriak gerora begira dituen ikuspegien berri emanez amaitzen da.

Bukaerako Bibliografia hautatuak, Glosategiak, Gai- eta Autore-aurkibideak galdor biribila ezartzen diote liburuari, egileak gaiari buruz duen ezagutza sakona ezin hobeki agerian jarriz, eta John Benjamins argitaletxea azken urteotan plazaratzen ari den liburu ongi hautatu eta zaindu horietako bat dela aditzera emanez.

Manchesterreko UMISTen irakasle den Juan Carlos Sager erreferentzia bazterrezina da aipatu dugun gaian eta terminologiarenean eta bide-erakusle ziurra, gainera, abiadura bizian aurrera doan hizkuntza eta teknologiaren arteko elkar-hartze horretan.

ARNTZ, Reiner/ PICHT, Heribert: (1995) Introducción a la terminología, Biblioteca del Libro, Fundación Germán Sánchez Ruipérez, Madrid.

Alemanetiko itzulpen honek bi egileek 1982an argitaratu zuten "Einführung in die übersetzungsbezogene Terminologiearbeit" (Itzulpenarekin erlazionaturiko terminologi lanerako sarrera) liburuaren bertsio berrikusi eta hedatua "Einführung in die Terminologiearbeit" (1989) eskaintzen du. Hildesheim eta Kopenhagengo unibertsitateetan linguistika aplikatuan aditu diren bi irakasleok gaur egun terminologiaz merkatuan dagoen lanik aldi berean sistematikoen eta praktikoenetako bat egin dute. Grafikoz, adibidez eta dokumentuz hornituriko hamabi kapitulutan terminologi teoria eta sailen ikuspegi ongi bilbatua ematen dute.

Terminologia zientzia bezala eta dituen aplikazioak aztertzen hasten dira, ondoren lengoaia espezialdua eta lexiko espezialduaren sailetara pasatzeko. Ondoren terminologiaren oinarrizko osagaiak aztertzen dituzte, kontzeptua, kontzeptu-sistemak, definizioa eta izendapena, gero terminologiaren normalkuntza, baliokidetasuna, lexikografia terminologikoa, terminologi lan praktikozko metodoak, terminologia eta datuen tratamendu elektronikoa (DTE), eta terminologia eta dokumentazioa bezalako alorrak jorratzen dituzte.

Azkenik, hamaika eta hamabigarren kapituluetan, lankidetzako lana terminologian (ISO, CEI, Infoterm, TermNet...) eta terminologian prestakuntza bat emateko ikuspegi eta ahalbideak aztertzen dira, Alemania, Suitza eta Danimarkako zenbait unibertsitatetako egoera kontuan harturik.

Liburuak amaieran dakarren Bibliografia hautatuak terminologia eta berorri atxikitako gaiak sakontzeko informazio egokia ematen du.

Zientzia terminologikoak harreman estuak ditu hizkuntzalaritza, zientzia guztiak eta berorien aplikazioekin, filosofia, informazioa eta dokumentazioa, hizkuntzalaritza konputazionala eta ezagutzaren ingeniaritzarekin eta, hain zuzen ere, alor horietako guztietako profesionalei zuzendurik dago Arntz /Picht-en obra, eta oso bereziki, hizkuntzalari, itzultzaile, idazle, interpretari, terminologo eta dokumentalistei.

Bukatzeko esan beharra dago Irazazabal/Schwarz itzultzaile-bikoteak egin duen gaztelaniaratzea oso zaindua dela horrelako lan baten itzulpenak dituen zailtasun eta eragozpen ugariak kontuan hartuz gero eta liburuaren edizioa eta "Fundación Germán Sánchez Ruipérez"-ek plazaratu ohi dituen titulu gehienak bezala esku-begietarako atsegina den liburu batean dator terminologi lanerako sarrera hau.

CABRE, Mª Teresa: (1993) La terminología. Teoría, metodología, aplicaciones. Editorial Antártida/Empuries, Barcelona.

Mª Teresa Cabré, Termcaten lehen zuzendari ohia, Bartzelonako Unibertsitatean Katalunierazko Hizkuntzalaritza deskriptiboaren irakasle izan da eta Hizkuntzalaritza eta Terminologiako katedradun da Pompeu Fabra Unibertsitatean. Halaber, Terminologiako Sare Iberoamerikarraren sortzaile izan da eta Latindar Batasuneko Batzorde Zientifikoaren partaide ere bada.

Lehenik katalunieraz eta orain gaztelaniaz agertu den obra honetan egileak zazpi sailetan banatzen du bere lana. Terminologia kanpoaldetik bere alderdi sozial, politiko, zientifiko eta funtzionaletan aztertu ondoren, gero hizkuntzalaritza, ezagutza-zientzia, komunikazioa, dokumentazioa eta informatikarekiko harremanetan aurkezten du. Terminologiaren gai nagusiak, kontzeptuak eta berorien izendapenek osatzen dute hirugarren kapituluaren edukia, lengoaia espezialdu eta dokumentazio espezialduaren esparruan kokaturik.

Liburuaren bigarren atala terminologi praktikari erabat eskainia da eta puntu horretan nabarmen ageri da egileak daukan esperientzia pertsonal sakona eta horregatik beste eskuliburu batzuetako adibideetatik aldendu egiten da bere eskarmentu horren berri emateko. Azkenik, terminotika, normalkuntza eta neologia, espainieraren zer esanik ez oraindik normatibizazio/normalizazio bidean erabat murgildurik dagoen gurea bezalako hizkuntza baten alorrean hainbeste arazo planteatzen dituzten gaiak aztertzen ditu, ondoren terminologiaren alderdi profesionalak aipatzeko, terminologian etorkizuneko espezialista izango direnak prestatzeko orduan interes handikoak izango direnak.

Liburuak zenbait "anexo" edo eranskin interesgarri dakar bukaeran eta bibliografia hautatua, batez ere latindar eremuan ageri den ikerketa eta gogoetaren berri eskaintzen duena, alor anglosaxoiko ekarpen nagusienak ere kontuan hartuz.

Labur esateko, Mª Teresa Cabréren obra honek bide ongi zuindua eskaintzen du terminologiaren alorrean aurrerapausoak eman nahi dituztenentzat eta, bistan dago, gaztelaniazko terminologo, itzultzaile, idazle, berrikusle eta abarrek esker onez hartuko dutela berezilari kataluniarraren ekarpena.