Itzulpengintzako liburu-aldizkarien berri
Karlos del Olmo

Lenguas entre dos fuegos. Intérpretes en la Guerra Civil española (1936-1939). Jesús Baigorri Jalón. Comares, 2019.

Gerra Zibilean, Marina Uranga itzultzaileak, beste askok bezala, idatzizko eta ahozko propaganda nahiz itzulpen lanak biribilkatu zituen, Euskadiko EAJ-8 irratian. Gaztelaniatik ingelesera eta alderantziz itzultzen zuen, eta ingelesezko esataria ere bazen, aipaturiko hedabidean. 1937ko otsailean, lansari bat eskatu zuen harentzat Eusko Jaurlaritzako Hedabideetako zuzendari nagusiak, itzultzaile-esatariak borondatez lan egiten bide zuelako. Ez zen salbuespena ofizio horiek harengan elkartzea, oso ohikoa baitzen itzulpengintza, propaganda eta zentsura estuki lotuta egotea gerretan, eta, Gerra Zibilean, tresna taktiko moduan zerabilten bai Errepublikaren aurka matxinatutakoek bai botere legitimoaren aldekoek ere. Azken buruan, II. Mundu Gerran informazioaren eta propagandaren alorretan etorriko zenaren saiakuntza bat ere izan zen gerra hura, beste hainbat gauzatan legez.

Katalina Erausorenaren antzeko gradua zuen Teresa Debernardi itzultzaile frantsesak ere, eta nazioarteko brigadistekin ibili ei zen. Jaiotzez, Toca omen zuen abizen, nahiz eta, ezkongabetan, Sugasaga (Zugazaga?) ere agertzen bide zen haren izenaren ondoan. Nazionalitatez frantsesa eta jatorriz Iberiar penintsulakoa omen. Zinema zuzendari laguntzailea izana zen Parisko Paramounten, eta, 1935erako, Espainian zegoen, Alderdi Komunistako eta UGT sindikatuko zinematografia ataleko militantea zela egiaztatuta dagoenetik. Frantses-gaztelania bikoteko interpretea zen, eta, besteak beste, «12 Hizkuntzak» edo Dimitrov batailoian jardun zuen. Sarjentu eta alferez karguak izan zituen, eta emakumeen eskubideen aldeko borrokalari sutsua izan zen; esaterako, Fronte Popularrean «emakumeak ekoizpenean jardutea» sendotu beharra zegoela aldezten zuen.

«Gerrako ume» ez gutxik, Gerra Zibiletik salbatzeko Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunera bidalita, nagusiagotan errusiera eta gaztelania jakiteari esker, Kuban jardun zuten interprete eta itzultzaile, aholkulari sobietarrekin, Castrok 1959an abian jarritako iraultzaren ostean.

Horrelako argibide asko eskaintzen ditu Baigorrik argitalpen noraezeko honetan. 50.000 liburu baino gehiago eragin ditu mundu zabaleko hainbat hizkuntzatan Gerrak Zibilak, orain artekoan. Gauza asko esanda edo argira ekarririk dauden arren, dena dela, lantzean behin, liburu honen antzera, alderdi ilun eta ezezagun batean egiten du argi libururen batek, oraindik hainbat auzik behar bezala landu gabe baitiraute; adibidez, gerran bi aldeetan itzultzen eta interpretatzen ari izan ziren pertsonenak.

Baigorri irakasleak bildutako datuen arabera, berrogeita hamar bat naziotako eta hainbat hizkuntzatako borrokalariek esku hartu zuten gerra hartan. Gaztelaniarik jakin ez, eta ezinbestean jo behar izaten zuten interprete eta itzultzaileenagana. Eta bi armaden artean hiru milioi soldadu izan ziren partedun, haietako asko atzerritik etorrita, eta bando bakoitzak bere aldetik eratu zuen gerrako eginkizunek behar zuten komunikazioa, oztopoak oztopo, itzultzaile eta interpreteei esker.

Alderdi akademikotik edo adituen interesetatik harantzago, biografia kolektibo moduan irakur daiteke idazlana, lau atal nagusitan banatuta: a) hizkuntzak, Gerra Zibileko komunikazio oztopo eta baliabide; b) interpretea, Gerra Zibileko komunikazio agente moduan; c) Gerra Zibileko interpretazio inguruak, eta d) Gerra Zibileko hainbat interpreteren biografiak.

Gazteak ziren gehienak, eta batez ere gizonezkoak (nahiz eta sobietarren artean erdiak-edo emakumeak ziren), eta halako maila sozial nahiz hezkuntzako baten jabeak, errepublikazaleen artean asko eta asko langileen klasekoak baziren ere. Ezezagun samarrak, liburu hau heldu arte, begi bistako garrantzia estrategikoa zutelarik ere.

Historian, hizkuntzaz ezberdinak direnen arteko gatazkak izan diren guztietan, beti sortu dira gune lauso eta iragazkor batzuk, eta halakoetan dihardute interprete eta itzultzaileek, inorena ez den lurralde batean, bakezkoak nahiz gerrazkoak negoziatzen eta bideratzen. Ordea, historialariek gutxitan erreparatu izan diete, adibidez, kristauen eta arabiarren artean presoak askatzea negoziatzen zuten alfaqueque edo alfaki horiei, On Kixote ospetsuaren sarreran hil edo biziko garrantzia izan zuten arren. Gerra Zibilean, interprete eta itzultzaileek behin baino gehiagotan esku hartu omen zuten preso truke horietan.

Normalean, gerretako hierarkia zibil eta militarren artean agertzen dira hizkuntz bitartekariak; halere, dokumentuek frogatzen dutenez, hizkuntzak jakitea balio estrategiko handiko zertzat zuten; adibide moduan, nazioarteko brigadistek bete beharreko formularioan, zer hizkuntza zekizkiten galdetzen zieten. Berdin gerta zitekeen armada matxinatuko goi batzordeetan atzerritarrek interprete izateko bidea itxita izatea (are ofizial karguaren jabe izan arren ere), etsaitzat zituzten errusiar «zuriak» behartzea sobietarren interprete izatera, edo medikuren bat eginkizunetatik baztertzea sobietarren interprete jarduteagatik.

Zenbateraino erabiltzen da armatzat hizkuntza gerra batean? Gerratean, ulermen arazoek eragin lazgarriak izan ditzakete herritarrentzat, presoentzat, etsaientzat eta, zertan esanik ez, baita armada bereko beste kidego edo lurralde batean daudenentzat ere. Horra lehen mailako erabileretako bat. Defentsarako bezainbeste izan daitezke erasorako arma berbetak. Propaganda eta espioitza erabilbideak agerikoak dira; ez dute azalpen handirik behar.

Historiaren motortzat jotzen badugu gerra, zenbaitetan, lubrifikatzailea, zertan esanik ez, hizkuntza izango da, aldez edo moldez. Erregaia bera ez denean, jakina. Liburuan agertzen den irudi polit bat erabilita, esan genezake interpreteei esker hitzak zubi izan direla sarritan; baina, bestalde, interprete bidezko komunikazioak inoiz edo behin zubiak leherrarazteko modua eman ere du.

Itzulpen edo interpretazio txar batek gerra baten ibilbidea aldatzeko eragingarri bihur zezakeen ohar, agindu edo adierazpenen bat? Ezagun samar dira, konparazio baterako, Nazioarteko Brigaden arteko hizkuntzazko ezin ulertuek eragindako katramilak.

Liburuan, ikertzaileen esparruan zabalduta dagoen zalantza bat ere aipatzen du Jesus Baigorrik: ea borrokalarien artean ez ote lituzketen sartu behar kazetariak, teknikariak, anbulantzia txoferrak eta interpreteak ere.

Guztiarekin, gerra hartako itzultzaile eta interpreteen «ikusezintasun» (ideal) hori ezin hobeto atxiki dakieke Gerra Zibileko itzultzaile-interpreteei: ikertzaileek dokumentu bidez haietakoren baten izen-abizenak identifikatzea lortu badute ere, sare digitaletako alimaleko informazio kantitatean dena delakoaren gainean ez da agertzen izen-abizenen haragoko bestelako daturik, salbuespen bakanen bat izan ezik.

Liburuko biografien inguruan agortzaile izateko inongo asmorik gabe, informazio zabalxeagoa agertzen delako, lerrootara ekarri beharra dugu Bilboko prokuradore baten inguruko informazioa. Enrike Egia Errastik, 1938. urteko azaroan, Eusko Jaurlaritzari eskatu zion ingeles, frantses eta alemanezko zinpeko interprete izenda zezala, Bizkairako; hilabetegarrenean, Jaurlaritzaren izendapena jaso zuen. Eskabidean, besteak beste, zergatiko moduan aipatzen zuen halakorik ez zegoenez gero itsas artekariek eta zinpeko interpreteek bideratzen zutela Bilboko auzitegietako itzulpen-interpretazioa (berez itsas merkataritzako kontuetan adituak ziren arren), modu osagarrian. Aurretik, 2017an, interprete modura jarduna zen Gernikako bonbardaketan parte hartu zuen pilotu aleman baten aurkako auzian, eta egiaztagiri bidez frogatuta dago 200 pezetako saria jaso zuela itzulpen eta interpretazio lanen ordainez.

Zertan esanik ez, dokumentazio zabalagoa topa daiteke Gerran Francoren aldekoekin lan egindako itzultzaile eta interpreteen gainean, frankismoan ere jarraitu baitzuten horrelako eginkizunak betetzen.

Ezin iruzkin hau amaitu itaun bat airean zintzilik utzi barik: zenbat lagun hil ziren edo bizirik atera gerra hartan itzultzaile eta interpreteen lanaren ondorioz?

Itzuliz usuz begiak. Anjel Lertxundi. Alberdania, 2019.

Batez ere idazle jardun du letretan Anjel Lertxundik; dena dela, itzulpengintzaren ildoak ere jorratu ditu lantzean behin, eta badaki zertaz ari den, zalantzarik gabe. Eta ez du alferrik aukeratu izenburu gisa Itzuliz usu begiak, itzultzaileak (literarioak nahiz bestelakoak) begiak herrira —hizkuntzaren jabearengana— usu itzuli behar dituenaren irudia adierazteko.

Saiakerak ematen duen askatasuna erabili du, horrek aldez edo moldez laguntzen baitu sormena eta teorizazioa libre samar elkartzeko bidea ebakitzen. Dena dela, libertate horri esker, hainbat liburu eta tesi akademikok egiten duten adinako ekarria eskaini du, are, aurrerantzean euskal itzulpengintzaren ikertzaileek sakondu beharreko hainbat gogoeta sendo eta balizko ibilbide zabaldu ere (eta kontu hori ez da hain ohikoa halako lan motetan).

Atsegin handiz irakurtzen den liburua da (atseginez, baina ez oharkabez eta arretagabez), askotan, gaiaren beraren erakarmenetik harago, atal batzuek ipuin edo narrazio moduan balio literario nabarmena dutenez gero (irakurleak itzulpengintzaz interes handirik izan ez arren). Jakina, guztiek ez dute neurri edo maila bereko erakargarririk, nori bere interesen arabera —eta hori, halere, balio erantsia da—. Baina, mosaiko erraldoi bateko teselen antzera, kolorea edo forma gorabehera, guztiak dira ezinbesteko (eta noraezeko) irudi osoaren edertasuna eratzeko. Banaka, baliotsu; guztira, altxor huts.

Esker oneko ibilbide batetik garamatza Lertxundik, mundu zabaleko literaturaren unibertsaltasunaren muga itzulgarri eta itzulezinen artean, eta begiak usu itzuli behar ditugu atzera, nondik abiatu garen gomutara ekarri eta bidexka bakoitzaren erakargarriei begira helmuga ez galtzeko.

Egitura ere ezin aipatzeke utzi, liburuaren balioa emendatzen duenez gero. Aspalditik omen zekien Lertxundik liburua nola egituratu. Berberak elkarrizketaren batean esan duenez, itzulpengintzaren gainean hainbat eta hainbat kontu esanda daude dagoeneko, baina beste hainbeste ere oraindik adierazi gabe daude, edo, bederen, Anjel Lertxundiren beraren bizipenen galbahetik pasatuta kontatzeke, hau da, idazletzan eskarmentu luzea duen letra izaki baten ikuspegiaren kolorez jantzi gabe.

Hainbat begiratokitatik so egin dio itzulpengintzari, eta hainbat haritatik tira egin du, matazaren korapilo batzuk askatzeko, idazlearen biografian eta literatur zaletasunetan brodatzeko. Hala, hainbat sujet lantzen ditu, tematu gabe eta temati gertatzeke. Puntu asko garatzen ditu, eta, haren hitzetan, «ez duzu bakoitzean sekulako sakontasuna egiten, baina muina ematen duzu, eta ondoren beste gauza batera zoaz». Eta aukerabide horixe berori emango dizu liburuaren ia laurehun orrialdeak irakurtzean: nork bere apeten arabera barrentzea, gogoetatzea edo, matxinsaltoen modura, egun Interneteko edukietan legez, nahien arabera aurrera eta atzera ibiltzea; halere, irakurlea gal ez dadin, zati bakoitzaren amaieran, estekak eskaintzen ditu, liburuaren itsasoa beste era batera ere zeharkatzeko.

Ezin ukatuzkoa da EIZIEk eta Eusko Jaurlaritzak luzaro landutako Literatura Unibertsala bildumako lanen garrantzia Lertxundiren saiakeran, «literatura jasoaren ale inportanteak ematera bideratua dagoenez, horretan zentratu» da eta.

Lertxundiren ustez, euskararen egoera, inguruko hizkuntzen aldean, ez da ohikoa: erakunde ofizialek herriarentzat sortzen duten gehiena itzulpen bidezkoa da, eta, horretan, salbuespenak salbuespen, sormenak eta atseginak ez dute leku handirik izaten. Elkarrizketa batean adierazia duenez, «bizi gara sortzailea ez den itzulpen batetik, eta itzulpen sortzailea, literarioa, berriz, oso eremu laburra da, irakurleen esku geratzen da». Eta badakigu zenbat irakurle duen sormenezko itzulpenak Euskal Herrian. Halere, bera ere sortzaile den aldetik, prosa «ofizial» horretan gertaturiko «deskalabru»ek itzulpenari erantsi dioten izen txarra arintzen ahalegintzen da Lertxundi aukera duen guztietan, bai eta, zelan edo halan, saiakera honetan ere.

Alea paratzeko, lehendik prestatutako hitzaldi batzuk eta plazaraturiko artikulu batzuk hartu ditu abiaburu, baina tratatu bat egiteko asmorik gabe, helburua oso bestelakoa baita: itzulpenak euskal literatur sisteman duen garrantzia agerian jartzea, nabarmentzea. Eta balio handiagoa du, nolabait, idazle baten esperientzia duelako harrointzat, hau da, seguru asko itzultzaile batek erantsiko liokeen apologia usainik ez dario.

Hiru ardatz tematiko, sistema literario baten hiru zutabeak: sortzea, itzultzea eta irakurtzea. Haietako bat kolokan egonez gero, eraikina ez da behar bezain irmoa izango. Lertxundik sarreran dioenez, itzulpenik gabe, euskal irakurleak beste hizkuntza batzuk erabili behar lituzke literatura unibertsala ezagutzeko, eta irakurleak berak erkatu beharko lituzke kanpoko kulturak eta berarena, itzultzailearen zubigintzarik gabe (sarritan, itzultzailea irakurle sakonagoa izan beharrean egoten da irakurle arrunta baino, sorburu kulturan eta tradizioan barrurago murgildu beharraren ondorioz). Alegia, gutxienez, bidaide aditu bat galduko du irakurleak (baten batek esan lezake hori ere ez dela beti galera ikaragarri halako bat izaten).

Ispilu joko bat aurkezten digu egileak liburuan, joan-etorriko isla olgeta bat, jatorrizko idazlanen eta literatura itzuliaren artekoa. Guztiarekin ere, prosa itzuliaren gainean dihardu batez ere, itzulpengintzak dakartzan onurez: sorkuntzarentzako onurak, euskararentzako onurak eta idazlearentzako berarentzako onurak. Horiek guztiak agertzen dira liburuko orrietan.

Tonuz eta gaiz, askotarikoa da liburua; hortaz, irakurle mota bat baino gehiago kontent utziko du (aipaturiko zutabe horiek hirurak, alegia; euskaraz tropel hori, kopuruz, beti txikia izango den arren).

Profeta edo igarlea izatea ariketa arriskutsua izaten da, batez ere sorkuntzaren alorreko lanei gagozkiela, baina egingo nuke beste hizkuntzetara eramanda ospea batuko duen liburu baten aurrean gaudela, mundu zabaleko plazan ondo irabazia baitu leku bat; Umberto Ecoren Dire quasi la stessa cosa: esperienze di traduzione liburuaren ondoan, adibidez.

Beste aipu bat ere har genezake itzultzaileok «Solferinoko itsua» poematik, Anjel Lertxundiri ordaina emateko: «Ai, aski hola! Jainkoa, barka! / Begira zure haurrari; / kontsolamendu zerbait emozu; noizbait duzun urrikari […]». Hala, Jauna, zertan esanik ez, Lertxundi da, eta kontsolamendu beharrean dagoen seina, itzultzailea.