Editoriala
Sarrionaindiaren poema bati ahotsa jarri zion Imanol Lartzabal kantariak, eta, hala, kanta eder bezain zirraragarri bat lortu zuten kantariak eta poetak, poetak eta kantariak, biok biotara: «Aldaketarik aldaketa». Ederto batean azaltzen du kantu horrek zertan dautzan itzulpengintza eta, hortaz, aldizkari hau: «Mundu honetan dena / sortzen da aldatzeko, / ni ere aldatzea / ez da harritzeko. / Erabat aldatu naiz / hamaika urteotan, / baina ez da aldatzen / zerbait ene baitan». Berezkoa du-eta itzulpengintzak hizkuntzatik hizkuntzara eta kulturatik kulturara aldatzea pertsonen adimenaren sorkariak. Eta berezkoa du elkarteak bera eta beraren eginak ere mudatzea. Urteurren gogoangarri batzuk ospatu dituzte EIZIE elkarteak eta Senez aldizkariak aspaldi honetan. Eta, aurten, EIZIEren beste kimuetako batek ere urteak bete behar ditu: 20 urte bira konplituko ditu-eta ItzuL posta zerrendak abenduan. Gizakia balitz, bozkatzeko eskubidea izango luke, bai eta gurasoen etxetik alde egitekoa ere, nahiz eta, oraingoz, gurasoen etxea defendatzen jarraitzea erabaki ei duen.
Arestian aipatutako poemako ahapaldi batzuek diotenez, «dena sortzen da aldatzeko (…) baina ez da aldatzen / zerbait ene baitan». Posta zerrenda lehengo bera da, baina, poemak dioen legez, «larru berrituz dator» etengabe, «biharrak gaurtzen / eta etziak atzotuz» baitihardu. Aldatzen da azala, aldatzen da mamia, baina euskal itzulpengintzaren plazara jaio dira berriak, eta katea ez da eten: sortzaile eta eragileen jakinduria eta eskarmentua heldu berriei eskutik eskura ematen asmatu dute elkarteak, aldizkariak eta posta zerrendak. Horren lekuko, zenbaki honetara bildutako artikulu sorta.
Hori guztia noiz eta mundua beste iraultza baten atari aurrean dagoenean: blockchain deritzon teknologiaz ari gara, hain suertez. Dokumentuak eta bestelako produktuak sortu, gorde, itzuli, zuzendu eta orrazteko beste bide bat ekarriko bide du. Azken urteotan, informazioaren Internetekin bizitzen ekandu gara, eta, itzulgai berriez gain, bestelako itzulmoduak ere eman dizkigu horrek. Itxuraz, balioaren Internetera igaroaraziko gaitu bloke katearen teknologiak. Orain arte batez ere informazioa (itzulia ere bai, jakina) partekatu badugu ere, aurrerantzean truke motaren bat dakarren zeinahi sistema teknologia horren bidez mamitzera igaro liteke, modu deszentralizatu batean. Zentralizatuta egon beharrean, boterea sakabanatuago egongo omen da, eta horrek, ezinbestean, enpresen eta pertsonen arteko harremanak aldatuko bide ditu: informazioa (eta euskarri digitaleko beste edozein eduki) modu gardenean banatuko da sistema eratzen duten nodo guztietatik, eta baliteke, azkenean, partaide publiko eta pribatu mota guztien arteko trukeetan erabiltzeraino heltzea —baita itzulpengintzan, interpretazioan eta testu zuzenketan ere, beste teknologia batzuekin ere erraz moldatzen delako aipagai darabilgun hori— . Diru digitalerako asmatua den arren, egun gero eta alor gehiagotara hedatzeko moduak aztertzen ari dira, pertsonek balioa (edozein motatakoa, hizkuntzazkoa barne) elkarrekin trukatu ahal izateko balioko baitu —planeta osorako itzulpen eta bestelako lanen plaza digital deszentralizatu bat, esaterako, edo euskal administrazio guztientzakoa—. Itzultzaile, interprete eta zuzentzaileei laster kriptodiruz ordainduko?
«Egunik egun datoz / egunak aldatuz».