Ale honetan
.

Aurreko ale bikoitzean itzulpenari buruzko elkarrizketak egiten hasi genuen bidetik jo dugu orain aurkezten dugun beste ale honetan ere; oraingoan, ordea, Pello Zabaleta, esperientzia eta eskarmentu handiko itzultzailearekin eginiko solasaldi mamitsu bat dakarkigu, joan den urtean Eusko Jaurlaritzak emandako Euskadi Itzulpen Saria jaso zuela aitzakiatzat harturik. Eta ez dira nolanahikoak, ez eta ere lotsa handikoak Pelloren egiak, gure irakurleak berehala ohartuko direnez. Sariaren ingurukoak aipatu ondoren, errepasu kementsu bat egin die gaur egun euskarazko itzulpengintza gehien erabiltzen duten hiru alorrei: administrazioari, komunikabideei eta literaturari, denak Pellok bere itzultzaile bizitzan jorratuak, hain zuzen ere. Eta ideia interesgarriak eta zer pentsa ugari eman beharko luketenak bota ditu hor: administrazioaren euskara (itzuli)aren lotsa eta narzisismoa, benetako komunikabide izan barik bere baitan agortzen dena, inolako ondorio pedagogikorik lortu gabe; komunikabideetako euskararen aje den erdararekiko morrontza eta imitazioa; euskal irakurlearen «bi begiak», irakurketaz borondatez gozatzera eraman ezik, penitentzia moduan irakurtzera eta idazle/itzultzailea non dagoen herren harrapatu nahi izatera eramaten dutenak; berea itzulpenak normaltasunez irakurri ahal izateko belaunaldi galdua izatea beharbada galdurik ez dagoen edo galduko ez den belaunaldirik ez dagoela erantsi beharko genuke guk, gure historiatxoan behintzat, eta datozen belaunaldientzako ahalegina egin beharra; itzulpengintzak euskal munduan izandako eragin eskasa, beste herrialde askotan ez bezala; gaur egun egiten den itzulpengintza batez ere literarioaren kalitatea kontrolatzeko eta ziurtatzeko epaimahai kritikoren bat eta zuzentzaileak ere egon beharra, eta horretarako borondaterik eza...

Bigarren lekuan aipatu beharko dugu Euskal Itzultzaile Zuzentzaile eta Interpretarien Elkartearentzat biziki garrantzitsua den gertakari bat: FIT edo Itzultzaileen Nazioarteko Federakundean kide gisa onartu eta Hedadura Txiki eta Ertaineko Hizkuntzetako Itzultzaileen Batzordearen lehendakaritza gureganatu izana joan den urteko abuztuan Belgradon egindako biltzar nagusian. Josu Zabaletak egin duen artikuluan irakur daiteke nolako pausuak eman diren horretara iristeko, Belgradoko biltzar eta kongresuaren kronikarekin batera. Artikuluan esaten denez, gertakari horrek EIZIE Elkarteak gure mugetatik kanpo inguratu duen onespen eta entzutea isladatzen digu, eta haren bitartez, bidenabar bezala, gure mugen barruan ere bestelako izatea hartzen hasi gara euskal kulturaren munduan eta euskal instituzioen aurrean. Proiektu oparo bezain ugari etor daitezke guzti horretatik, denetan lehena 1991eko uda garaian Euskal Herriko Unibertsitateak Donostian antolatzen dituen udako ikastaroetan itzulpenari buruzko ikastaro berezi bat egitea, mundu osoko adituak etorri erazirik. Eta munduko beste itzultzaile elkarteekin harremanetan egoteak ere bide asko zabalduko ditu euskal itzulpengintza eta itzultzaileentzat. Bidea hasita dago, behintzat.

Honetaz gainera, euskarak publizitatean zentzu zabalean harturik duen erabilerari buruzko azterketa bat aurkezten dugu, Jesus Eguzkizak egina, non azaltzen bait zaizkigu publizitatean erabiltzen den euskara gaizki ulertutako itzulpenaren galbahetik pasatzeak dakartzakeen ondorio okerrak. Publizitate horren alorra erakunde publikoen iragarkietara mugaturik badago ere, oso interesgarriak dira artikulu honetan egileak eskeintzen dizkigun gogoetak, euskara eta publizitateari buruzko jardunaldi baten ondorio direnak.

Sarka Grauová-ren artikuluan literatur eta olerki itzulpenak hizkuntza txikietako literaturan duen eraginaz eta garrantziaz gogoeta sakona proposatzen da, euskal literaturarako apropos idatzia dirudiena.

J.C. Sager-en artikuluan itzultzaile elkarteei buruzko gogoeta bat proposatzen da, eta itzultzaileek eta elkarte horiek gizartean duten eginkizuna zein den ikusirik, elkarte horietan sartzeko azterketak egitea proposatzen da, azterketa horiek egiteko, hala ere, kolpetik ez baino poliki-poliki hasteko proposatuz.

Beste alde batetik, aldizkari honetan bertan, aurreko zenbakian, A. Sarriegik egindako proposamenari helduz, Anjel Loberak erantzuten dio.

Atal horiez gainera, aldizkari honek ohi dituen atalak ditu ale honek: gai laburrak, iruzkinak eta berriak.