«Marrazkiak itzuli edo testua marraztu? Komikiak euskaratzeko arrasto batzuk» itzulpen-tailerraren kronika
2017ko maiatzaren 3an, «Marrazkiak itzuli edo testua marraztu? Komikiak euskaratzeko arrasto batzuk» tailerra gidatu zuen Bego Montoriok, Donostian, Euskaltzaindiaren egoitzan. Artikulu honetan, egun hartan landutakoak bildu eta osatzen dira: lehenik eta behin, komikia zer den eta zer ezaugarri nagusi dituen azaltzen da; gero, komiki-itzulpenaren zailtasun batzuk aztertzen dira; eta, azkenik, tailerraren izenburuko galderari erantzuten zaio.
Komikia definitu nahian
Zer da komiki bat? Galdera sinple horrekin hasi zuen Bego Montoriok «Marrazkiak itzuli edo testua marraztu? Komikiak euskaratzeko arrasto batzuk» itzulpen-tailerra, iazko maiatzaren 3an. Han bildu ginenon artean ezin izan genuen definizio bat adostu, eta kontsultatutako hiztegi orokorrak ere ez datoz bat: batek dio komikia marrazki, hitz eta ikurren bidezko adierazpidea dela; beste batek, berriz, kontakizun bat osatzen duen irudi-multzo bat dela, testuduna edo testurik gabea; eta besteren batek literatura grafikotzat hartzen du. Definizio gehienek jasotzen ez dutena da komikiak elkarren ondoan jarritako irudien sekuentzia baliatzen duela istorio bat kontatzeko; hau da, komikiaren berezko narrazio-tresna sekuentzia dela, ez testua, ez marrazkia. Hain zuzen ere, Will Eisner komikigileak, komikiaren teorizazioaren aitzindariak, arte sekuentziala terminoarekin definitu zuen.
Komikia arte sekuentzialtzat hartuz gero, adibide asko aurkituko dugu historian: orain dela 3.000 urte inguru, egiptoarrek margolan sekuentziatuz apaintzen zituzten eraikuntzak; 1.000 urte geroago, erromatarrek Trajanoren zutabea eraiki zuten, enperadorearen aginduz, kiribil- forman ordenatutako behe-erliebe batean arerioen aurkako garaipenak gogora ekartzeko; xi. mendean, Bayeuxeko tapiza brodatu zuten, 70 metro luze den irudi-sekuentzia bat; Amerikako mixteken kodex ilustratuetan ere aurkitu dira irudi bidezko kontakizunak; eta, xv. mendeko Blesako erretaulan, irudi-sekuentziaz gain, bunbuilo modernoen aitzindari izango ziren filakteriak daude. Baina komikia, genero artistikotzat hartuta, xix. mendearen hasieran jaio zen, Hokusai eta Töpffer egileek komiki modernoaren konbentzioak ezarri (adibidez, nola banatu binetak, zer ordenatan irakurri, eta nola uztartu irudi eta testuak) eta hizkuntza berri bat sortu zutenean. Hitz hauekin adierazi zuen Umberto Ecok L’art de la BD lanean:
Komikiak aldi berean baliatzen dituenez irudia (eta, beraz, kritikari eta artearen historiari dagokio) eta testua (besteak beste, hizkuntzalaritzari dagokio), ez da zuzena komikia bi komunikazio-modu horien arteko elkarketa hustzat hartzea. […] Arazoa batez ere da ulertzea nola bi adierazpide desberdinen bat-egiteak berekin dakarren hizkuntza berezi bat, ondo bereizitako arauekin; hizkuntza horrek eragina izan du zineman, pinturan eta baita literaturan ere.
Komikietan, testua eta irudia batera irakurri behar ditugu, bien arteko harreman osagarria interpretatuz; izan ere, hitzez adierazitakoak bezainbesteko esanahia du orrialdearen banaketak, bunbuiloen formak eta antolaketak, bineten arteko tarteak, tipografiaren neurriak… Hortaz, sinpleegia litzateke pentsatzea komikiak binetaz daudela osatuta, testuak bunbuilo eta kartutxotan sartzen direla, eta ezkerretik eskuinera eta goitik behera irakurtzen direla. Bai, badaude horrelako komikiak, baina baita binetaz osatuta ez daudenak, testua bunbuilo eta kartutxotan sartzen ez dutenak, eta eskuinetik ezkerrera eta behetik gora irakurtzen direnak ere; are gehiago, testurik gabekoak eta irudirik gabekoak ere badaude. Egileek lan bakoitzaren helburu narratibora egokitzen dituzte elementu horiek guztiak, eta irakurlearen zeregina da ohartzea, erreparatzea eta ulertzea.
1. irudia: David Mazzucchelli, Asterios Polyp, 2009, 114. or.
Alderdi grafikoa alde batera utzita, komikietako hizkuntzaren erabilerak baditu zenbait berezitasun. Mezu idatziak bunbuiloetan, kartutxoetan eta paratestuetan egoten dira, eta kokapen bakoitzeko testuak funtzio bat izaten du: bunbuiloetan elkarrizketak edo bakarrizketak jasotzen direnez, hizkuntza ahalik eta ahozkoena izaten da, eta komikigileek hainbat baliabide erabiltzen dituzte naturaltasun hori helarazteko, hala nola dialektoak eta erregistroak; kartutxoetan, narratzailearen ahots neutroagoa dago, gehienetan hirugarren pertsonan; eta paratestuak irudian txertatutako elementu testualak dira (onomatopeiak, abestiak, seinaleak, kartelak eta halakoak). Bestalde, komikigintzan asko jorratzen denez umorea, hizkuntza ere xede horretara moldatzen dute egileek, eta ugariak izaten dira figura erretorikoak. Horren adibide ona dugu Patxi Gallegoren Pololoak: egileak euskalkiak jarri zituen pertsonaien ahotan, hizkuntzak nahastu eta ahozko hizkuntza transkribatu, irakurleari barre eginarazteko asmoz.
2. irudia: Patxi Gallego, Pololoak 3, 2009, 92. or.
Komikien itzulpena
Ikusi ditugu, oso gainetik bada ere, komikiaren ezaugarri nagusiak; hel diezaiogun orain komikien itzulpenari. Zein dira komiki-itzulpenaren berezitasunak? Eta zein, zailtasun nagusiak?
Zenbat eta lotuago egon testua eta irudia, are handiagoak dira itzultzailearen zailtasunak. Irudia moldatu ezin izatea da baldintzatzaile handiena; esate baterako, kartutxo eta bunbuiloak jatorrizko testuaren neurrira daude eginda, gero itzuli egingo dela kontuan hartu gabe, eta, beraz, itzultzaileak buruari eragin beharko dio gracias edo merci dioen lekuan eskerrik asko baino esapide laburrago bat jartzeko. Hori dela eta, komiki-itzultzaileak zorrotza izan behar du halabeharrez. Antzeko zerbait gertatzen da paratestuekin; hau da, konposaketa grafikoaren parte diren kartel, seinale, abesti eta bestelako elementu testualekin. Gehienetan editatu ezin direnez, oin-oharrak erantsi behar izaten dira, edo jatorrizko hizkuntzan utzi, galera handiegia ez bada. Onomatopeiei dagokienez, bi motatakoak bereizten dira: alde batetik, irudiaren parte direnak, eta, bestetik, bunbuiloetan idatzita daudenak. Aurreneko motakoak dauden-daudenean utzi behar izaten dira ia beti, eta bigarren motakoek irudimen handia eskatzen diote itzultzaileari.
Baina badira testuaren eta irudiaren arteko lotura horretatik kanpo sortzen diren beste itzulpen-arazo batzuk, bati edo besteari baino eragiten ez dietenak. Alderdi grafikoarekin lotutako zailtasunak azaltzeko, oso baliagarri izango zaigu Astérix en Hispanie komikiko bineta hau:
3. irudia: Goscinny eta Uderzo, Astérix en Hispanie, 1969, 11. or.
Hatz lodia altxatzearen keinuak ez du esanahi bakar bat: leku gehienetan, Estatu Batuetako kulturaren eraginez, keinu positibo bat da, eta onespena adierazteko erabiltzen da; Ekialde Hurbilean, ordea, erdiko hatza erakustearen baliokide da; eta, Frantzian, ume-jolasetan baliatzen dute, etenaldi bat eskatzeko. Hain zuzen ere, azken hori da Asterixen komikian duen esanahia, eta, itzultzaileak ez baldin badaki, hanka-sartzeren bat egin dezake.
Alderdi testualari lotutako zailtasunen artetik ahozkotasuna azpimarratu behar da, eta horrek berekin dakarren jargoi, dialekto eta idiolektoen erabilera. Komiki askotan, batez ere umorezkoak direnetan, egileek askatasun handiz egokitzen dute hizkuntza pertsonaietara, eta, beraz, itzulpena jatorrizkoa bezain naturala izango bada, itzultzaileak egilearen askatasun beraz jokatu behar du. Maësterren Sœur Marie- Thérèse des Batignolles komikiko bineta honetan, argi eta garbi ikusten da esaten ari garena:
4. irudia: Maëster, Sœur Marie-Thérèse des Batignolles 3, 1996, 9. or.
Itzulpen-tailerraren nondik norakoak
Teoria guztia buruan genuela ekin genion tailerraren atal praktikoari. Begok hiru komikiren pasarte bana eman zizkigun aukeran: Javier de Isusiren He visto ballenas, Paco Rocaren Arrugas eta Alfonso Zapicoren Dublinés. Gainera, pasarte bakoitzeko testua aparteko dokumentu batean berridatzita eman zigun, bunbuilo edo kartutxo bakoitzeko esaldiek zenbat karaktereko luzera zeukaten ikusi eta hori kontuan hartuta egin genezan itzulpena; hain zuzen ere, estrategia hori erabiltzen du Begok komikiak euskaratzean, itzulpena maketatzeko garaian espazio-arazorik ez izateko.
Nork bere itzulpena egin eta gero, denon artean zailtasun nagusiak komentatu eta hainbat irtenbide proposatu genituen. He visto ballenas komikiaren pasartean, Frantzian atxilo dauden lauzpabost euskal preso ageri dira hizketan, eta, gehienbat gaztelaniaz egiten badute ere, euskarazko esaldi laburrak nahasten dituzte tarteka. Jatorrizkoan, euskarazko esaldiak gaztelaniara daude itzulita, oin-oharretan.
5. irudia: Javier de Isusi, He visto ballenas, 2014, 20. or.
Hasieran, bururatu zitzaigun aukera bat izan zitekeela euskarazko esaldi horiek gaztelaniaz ematea, baina gero konturatu ginen nahiko emaitza artifiziala lortuko genuela, eta, beraz, jolas hori sakrifikatu eta dena euskaraz ematea erabaki genuen. Bestalde, pertsonaien arteko lagunarteko elkarrizketaren tonua dela eta, argi ikusi genuen hika egin behar ziotela elkarri.
Arrugas komikiaren pasartean, berriz, itzulpena bunbuiloetako espazio mugatuan sartzea izan zen erronka nagusia. Bineta honekin izan genituen zailtasun gehien:
6. irudia: Paco Roca, Arrugas, 2007, 13. or.
Hainbat aukera proposatu genituen, hala nola bi hauek: «Hau Juan da. Juan irrati esataria zen. Badirudi, horrenbeste hitz eginda, hitzak agortu egin zitzaizkiola» eta «Entzuten duena errepikatu besterik ez du egiten orain». Jatorrizko esaldiek 95 eta 28 karaktere zituzten, hurrenez hurren; gure itzulpenek, berriz, 105 eta 53. Aldea handiegia zenez, gure itzulpen- proposamenak ahalik eta gehien laburtzen saiatu ginen, eta Begok berak zer irtenbide aurkitu zituen esan zigun: «Hau Juan da. Irrati esataria zen. Horrenbeste hitz egin beharrez, hitzak agortu zitzaizkion, antza» eta «Orain besteonak errepikatzen ditu». Den-dena 98 eta 33 karakteretan bilduta.
Azkenik, Dublinés komikiak James Joyce idazle entzutetsuaren bizitza du ardatz. Gertakari eta pertsonaia historiko asko ageri dira, eta, beraz, behar-beharrezkoa da itzulpenari heldu aurretik dokumentazio-lana egitea. Bestalde, landutako beste bi komikien pasarteetan ez bezala, lan honetan informazio asko dago kartutxoetan jasota; oso kontuan hartu genuen hori itzulpena egiteko garaian, kartutxoetako testua bunbuiloetakoa baino formalagoa izaten baita.
Lanean buru-belarri ari ginela, amaitzeko ordua iritsi zen. Tailerraren izenburuak ondo dioen moduan, egun hartan, komikiak itzultzeko arrasto batzuk baino ez genituen ikusi. Dena den, lau ordu haiek balio izan ziguten konturatzeko komiki-itzultzaile izan baino lehen komiki-irakurle izan behar dela, jakin egin behar dela hitzezko eta ikusizko mezuen arteko lotura ikusten, bi alderdi horien harreman sinbiotikoan baitatza esanahia. Beraz, itzultzaile on batek biak egin behar ditu: marrazkiak itzuli eta testua marraztu.
Bibliografia
Celotti, Nadine (2014). «The Translator of Comics as a Semiotic Investigator», in Zanettin, Federico (arg.) Comics in Translation. New York: Routledge, 33.-47.
De Isusi, Javier (2014). He visto ballenas [itzul. Bego Montorio], Bilbo: Astiberri.
Duc, Bernard (1982). L’art de la BD. Grenoble: Glénat.
Eisner, Will (2007). El cómic y el arte secuencial. Bartzelona: Norma.
McCloud, Scott (2005). Entender el cómic: el arte invisible [itzul. Enrique S. Abulí], Bilbo: Astiberri.
Roca, Paco (2007). Arrugas [itzul. Bego Montorio], Bilbo: Astiberri.
Yuste, José (1998). «El pulgar levantado: un buen ejemplo de la influencia del contexto cultural en la interpretación y traducción de un gesto simbólico», in Fernandez, Leandro eta ORTEGA, Emilio (koord.): II Estudios sobre Traducción e Interpretación. I. liburukia. Malaga: Malagako Unibertsitatea eta Malagako Diputazio Probintziala, 411.-418.
Zapico, Alfonso (2011). Dublinés [itzul. Bego Montorio eta Eskarne Mujika], Bilbo: Astiberri.