Editoriala
Karlos del Olmo

Adituek gero eta sarriago aztertzen dituzte hizkuntzak (eta ondorioz, itzulpengintza ere) ekonomiaren ikuspegitik, hau da, hizkuntza baten erabileraren eta biziraupenaren esangura ekonomikoa argitu eta interpretatzeko ahaleginak bideratuta daude. Baina, ba ote du itxurarik hizkuntzak ekonomi balioaren ikuspegitik aztertzeak? Bai beharrizan linguistikoak asetzeko baliabide ekonomikoak urriak badira. Eta, izan ere, halakoxeak dira. Bestalde, zer dio diruak hizkuntza baten iraupenaz berba egiterakoan?

Diruzko osagai hura, beharbada, argiagoa da itzulpengintzaren eginkizun ekonomikoari bagagozkio. Mundua lingua franca bakarra erabiltzera helduko balitz ere, itzuli beharra ez litzateke desagertuko —inperio mintzaira guztiak hedapen punturik gorena lortzeaz batera, aldakiak garatzen hasi baitira mundua mundu denetik—, ezta tresnaren batek mintzakidearen esanak zuzenean itzuliko balizkigu garunean edo belarrira xuxurlatuko ere. Jakina, horrek denak, egun, beste kontzeptu bat berbakizun erabiltzera behar­tzen gaitu: aniztasun linguistikoa, alegia. Gainerako aniztasun biologiko eta kulturalen antzera, hizkuntz aniztasunaren iraupena itzulpengintza sostengagarriaren gorabeheran dago. Interneten, aditu batean, eta gezurra badirudi ere, ingelesari azpia jaten diote apurka-apurka beste hizkuntza batzuek, tokian tokiko eduki lokalizatuei esker. Ezin ukatuzkoa dirudi, gaur, itzulpengintzaren osagai ekonomiko gero eta handiagoaren garrantziak. Baita Euskal Herrian bertan ere, EIZIEk berak bideraturiko ikerketa soziologiko batek argiro erakusten duen moduan. Goizegi da, oraindik, Euskal Herrian itzulpen industriaz berba egiteko, ordea? Baliteke, baina inoiz baino argiagoak dira, bestalde, gintza atzizkiaren zama eta esangura itzulpenaz aritzerakoan. Gainerako lekuetan legetxe, euskarazko itzulpengintzan bi sektore argiro bereizi antzematen dira: pribatua, gero eta sarriago banako itzultzaileengandik haratago, gero eta agentzien inguruan antolatuagoa, eta publikoa, espezializazio handiko testugintza lantzen duena. Bi-biak, zertan esanik ez, industri antolamenduaren aldetik erabat dira diferente. Sektoreok, langaiaz landa, ezaugarri komun bakarra dute ia-ia: zein, bere aldetik, arautu gabea izatea; alegia, zuzeneko edo azken bezeroen ala administrazio bakoitzaren apeta edo usteen arabera eratuta egotea. Administrazio bakoitza ia bat eta bera da nahikoa, enpresa bakoitza, bera eta bakarra, kasik. Euskal itzulpenari dagokionez, muga administratibo eta politikoak itzulpengintzan ere islatzen dira, eraketari eta harreman merkataritzazkoei doakienez, bederik.

Nolanahi ere den, inguruko hizkuntzetan legetxe, profesionalizatze handiagoak prestakuntza eskakizun handiagoa ere ekarri du lagun. Sektore publikoan lan baldintza egonkorrak dira; baina administrazioek lanpostua eskuratzeko gero eta kualifikazio handiagoa eskatzen dutenez gero, prestakuntza beharrak ere gero eta estuago bihurtuz doaz; ifrentzuan, zenbait itzulpen administratiboren ospea eta kalitatea itzulpen literario batzuen parean jarriz doaz. Oso urrun daude euskal administrazioak Europako erakundeetako batez bestekoetatik itzulpenari doakionez: europar erakundeetako funtzionarioetatik, % 10 eta % 30 bitartean itzultzaile, interprete edo itzultzaile-interpreteak dira.

Ekonomiaren aldetik, esaterako, Europako erakundeetan itzulpenak ia 2 euro egiten ditu biztanleko, interpretazioaren kostuaren zama lepoan hartu gabe. Oso urrun, eskierki, gure inguruko erakundeetako kopuruetatik.

Sektore pribatuan, ekoizpen gastuak oso subjektiboak dira, zenbaitetan langile beregainaren lanorduaren araberakoa denez gero. Jakina, tarifa arruntak baino, garrantzitsuagoak dira kalitatea, zailtasun maila eta presakotasuna produktuaren kostua eta balio erantsia kalkulatu ahal izateko. Itzulpen agentzia batzuek zerbitzuak kontratatzeko zentral moduan dihardute. Euskal freelancerrentzat administrazioak abasto eman bagako administrazio testugintza eta kultur komunikazioaren alor zabala geratuz doaz: hezkuntza, zientzia eta teknologia, liburutegiak, argitaletxeak, hedabideak, pelikulak, zinemagintza, nazioarteko merkataritza...

Nolanahi ere den, dikotomia moduko bat gailentzen dator: itzulpen beharrizan gero eta handiagoen aurkez, itzulpen kostuak murrizteko premia. Hartarako, ezinbestekoa izango da "itzulpen automatikoa > itzulpen memoria > itzulpen lagundua > zuzenketa lagundua > azken dokumentua" eskemari behar duen inportantzia ematea. Eta eginkizun horretan helburu lortuko bada, profesionalen elkarteen partaidetza eta administrazio publikoen baliabideak —eta denon elkarlana— noraezekoak dira.

Jakina, itzulpengintzaren aniztasuna bestela ere uler liteke; horren adibide argia ale honetara bildutako egileen ekarri askotarikoak, literaturatik abiatu eta labatik harako teknologiaren baranoraino heltzen direla, zenbateraino eta itzulpengintzaren bigarren adiera semantikotzat aniztasuna bera hartu genezakeen erakusteraino: haikuen itzulpena, itzulpena eta feminismoa, itzulpenerako laguntza informatiko libreak, bertsolaritza eta itzulpengintza, autoitzulpena, inter­preteen prestakuntza, justizi administrazioko itzulpen automatikoa, literatur itzulpenaren inguruko gogoetak, pentsamenduaren klasikoak itzultzea, errebisioa eta kalitatea, Guggenheim Bilbao museoa eta itzulpen beharrak, itzulpen konparatua... Esakuntza zaharrak dioenez, zereginetan gaur, bihar erromerian, ondo bizi gara oraintxe baserrian.