Jone Aldamizetxebarria Leizaola, desertuan lilia
Barakaldoko Udalean berrogei urtez itzultzaile jardun eta gero, erretiroa hartu zuen iaz Jone Aldamizetxebarria Leizaolak (Caracas, 1958). Bilbon Soziologia ikasten ari zela hasi zen lanean, eta handik urte batzuetara lizentziatu zen Euskal Filologian, baina itzulpengintza izan du beti lanbide. Administrazioko itzulpengintzaren errealitatea eta bilakaera gertutik ezagutu ditu, baita itzulpengintzaren beste arlo batzuetakoa ere, EIZIEren idazkari nagusia izan baitzen zortzi urtez (2005-2013). Udal itzultzaile baten bizipenaren printza batzuk irakurri genizkion «Barakaldo, desertua» artikuluan ('Senez', 46), eta, oraingoan, kontu horietaz xeheago jardun, eta lanbidearen ikuspegi zabalagoa eman digu, ikasle garaiaz geroztik bidaide eta adiskide duen lankidearekin solasean.
Barakaldoko Udalean berrogei urtez itzultzaile jardun eta gero, erretiroa hartu zuen iaz Jone Aldamizetxebarria Leizaolak (Caracas, 1958). Bilbon Soziologia ikasten ari zela hasi zen lanean, eta handik urte batzuetara lizentziatu zen Euskal Filologian, baina itzulpengintza izan du beti lanbide. Administrazioko itzulpengintzaren errealitatea eta bilakaera gertutik ezagutu ditu, baita itzulpengintzaren beste arlo batzuetakoa ere, EIZIEren idazkari nagusia izan baitzen zortzi urtez (2005-2013). Udal itzultzaile baten bizipenaren printza batzuk irakurri genizkion «Barakaldo, desertua» artikuluan (Senez, 46), eta, oraingoan, kontu horietaz xeheago jardun, eta lanbidearen ikuspegi zabalagoa eman digu, ikasle garaiaz geroztik bidaide eta adiskide duen lankidearekin solasean.
Bego Montorio: Zure itzultzaile ibilbide luzearen lehen urratsetik abiatuko gara. Nola hasi zinen lanbidean?
Jone Aldamizetxebarria: Zuk esan zenidalako Barakaldoko Udalean itzultzaile postua bete behar zutela eta animatzeko! [barreak]
Bego: Hori baino zerbait gehiago ere egongo zen, zaletasuna, beharra…
Jone: Oinarri-oinarrian bazegoen hizkuntzekiko zaletasuna, eta bereziki euskararekiko maitasuna eta ardura. Euskara nuen etxeko hizkuntza, euskaraz egin nituen unibertsitate aurreko ikasketak (Donostiako Santo Tomas lizeoan), eta argi nuen altxor hura zaindu eta bultzatu behar genuela; min ematen zidan euskararen kontrako orok. Horrez gain, ordurako hasita nengoen euskarazko eskolak ematen, baina ez zen nahikoa bizimodua ateratzeko, eta Barakaldoko lanpostua hori lortzeko bide bat zen. Aukera sortu zen, eta askorik pentsatu gabe aurkeztu nintzen; aurkeztu, eta lanpostua lortu nuen.
Bego: 1983an hasi zinen, eta orduan oso- oso udal itzultzaile gutxi zeuden, eta lanpostua bera ez zegoen batere finkaturik. Nolakoak izan ziren hastapen haiek?
Jone: Udalean, inork ez zuen oso argi zertarako nengoen han. Fisikoki non kokatu ere ez zegoen aurreikusita, eta bazter batean jarri ninduten, beste langile baten bulegoan; el generador de ideas izendatu zuten lankide hura, baita laster zokoratu ere, sortzen zituen ideiak ez zituztelako gustuko. Ni, berriz, la de euskera nintzen, eta horren barruan edozer sar zitekeen, edo ezer ere ez. Ez zegoen ezer finkaturik. Aulki bat, mahai bat eta eskuzko idazmakina bat jarri zizkidaten, eta neurri handi batean neuk asmatu behar izan nuen zer egin.
Bego: Bai, gaurko ikuspuntutik begiratuta harrigarria eman badezake ere, ohikoak ziren orduan honelako lanpostuak: itzultzaile-telefonista, itzultzaile- administraria, itzultzaile-liburuzaina…
Jone: Udal bakoitza mundu bat zen. Bateratsu hasi ginen Koldo Tapia Santurtzin, zu Basaurin eta ni Barakaldon udal itzultzaile lanetan, baina erabat desberdina zen hiru lanpostuen izendapena: itzultzaile-kultur dinamizatzailea Koldoren kasuan, itzultzailea Basaurin, eta ni, berriz, itzultzaile-irakaslea. Guk berehala sortu genuen saretxoa elkarri laguntzeko, gure udaletan zeuden beharrei erantzuteko moduez gogoeta egiteko, udalen arteko koordinazioa sustatzeko itzulpenaren alorrean… Baina udal bakoitzak bere aldetik jarduten zuen. Egoera horri aurre egiteko, Administrazioko itzultzaileen bestelako sare batzuk ere sortu ziren; gogoan ditut, esaterako, Gipuzkoako Foru Aldundiaren itzulpen zerbitzuak bultzaturikoa, UZEIrekin batera hiztegigintza jorratzeko, edo IVAPek antolaturiko bilerak.
Bego: Lanpostuen izendapen bitxi horretan bada zerbait deigarria: itzultzaile gehi edozer izan zitekeen, baina inon ez zen aipatzen itzultzaile-interpretea. Zuk interprete ere jardun behar izan duzu inoiz Udalean, ezta?
Jone: Asko kostatu zaigu Udalean ulertaraztea eta onarraraztea itzulpena eta interpretazioa bi gauza desberdin direla, itzultzaile batek ez duela zertan interprete izan. Nire kasuan hala da; Koldok eta zuk ia hasieratik heldu zenioten interpretazioari, eta nik hastapenetik ikusi nuen hura ez zela nire arloa. Hala ere, geroago, Udalean behartu ninduten esan osteko eta aldibereko interpretazioa egitera udalbatzarretan, eta oso gaizki pasatu nuen. Kostata, baina lortu genuen itzultzaileok interpretazioa egin behar ez izatea.
Bego: Lehen esan duzu finkatu gabe zeudela itzultzailearen zereginak; zuk nondik heldu zenion Barakaldon?
Jone: Udalean euskara agertzea bera berria zen, eta, herritarrek bete beharreko inprimakiak ele bitan jartzeaz gain, udal langileekin hitz egitea eta pedagogia egitea izan zen lanik behinenetako bat. Barneratu behar zuten euskarak ere tokia izan behar zuela euren jardunean, Udalean bazegoela itzulpen zerbitzua, lehentasunak markatu behar zituztela zer itzuli erabakitzerakoan… Hala, oinarrizko lau arau adostu genituen euskararen presentzia bermatzeko (testu elebidunetan euskarari lehentasuna nola eman, euskaraz bakarrik uler zitekeenean euskara bakarrik erabiltzea…). Orduan, itzultzaile bakarra nintzen Udalean, eta gerora etorri zen euskararen ordenantza, Euskara Zerbitzua sortzearekin batera. Aipatu nahi dut, baita ere, hasieratik onartu zidatela —beste zenbait erakundetan ez bezala— aktak euskaratzeak ez zuela inolako zentzurik momentu hartan, eta kultura alorrean jarri nuen indarra, herrian euskararen eta euskal kulturaren alde ari ziren taldeekin batera.
Bego: Argi dago itzultzea baino gehiago zela zure lana.
Jone: Atzera begira, esango nuke eraldatzea eta komunikatzea direla ni gehien erakartzen nautenak, eta bietatik du itzulpenak, agian are gehiago udal itzultzaile baten lanak. Nahiz eta Barakaldon ez bizi, harreman handia izan nuen hango taldeekin, eta zoragarria izan da nire lanaren parte hori. Aukera izan nuen HEIZEko Pilare Baraiazarrarekin, Etxepare taldekoekin eta halako jendearekin elkarlanean jarduteko, ahal nuen neurrian haiei Udalaren ateak zabaltzeko, Barakaldon euskara sustatzen elkarrekin jarduteko…
Bego: Horrekin batera, testuak itzultzea izan da zure zereginaren muina, eta horretan asko aldatu dira gauzak; besteak beste, formakuntzari dagokionez. Soziologia ikasten ari zinela hasi zinen udal itzultzaile, eta garai hartan ez zegoen itzulpen ikasketa berariazkorik —Martuteneko Itzultzaile Eskola salbu (1981-1986)—. Jardunean ikasitakoaz gain, beste prestakuntza biderik izan duzu?
Jone: Ikastaro ugari egin ditut, haietako asko EIZIEk antolatuak, eta funtsezkoak izan zaizkit lanbidean hobetzeko. Askoz geroago, jada XXI. mendean, Euskal Filologiako ikasketak amaitu nituen euskaran sakondu nahi nuelako, uste baitut xede hizkuntza (nire kasuan, euskara) oso ondo ezagutzea dela itzulpenerako zutabe ezinbestekoa.
Bego: Itzulpenerako baliabideak eta lan egiteko moduak ere asko aldatu dira zu lanean egon zaren urteetan. Nola bizi izan duzu bilakaera hori?
Jone: Zerikusirik ez du nola jarduten nuen hasieran eta nola aritu naizen azken urteotan. Paperezko hiztegi bakanen bat, eskuzko idazmakina eta kalko paperak ziren nire lan tresnak 1980ko hamarkadan, eta, iaz erretiroa hartu nuenean, berriz, sarean egiten genuen lan, OLI tresnak erabiltzen genituen, hiztegiak, corpusak eta bestelako baliabide ugari genituen eskura. Begi bistakoa da aurrerapena. Alabaina, praktikan, hutsaren parekoa izango da horren eragina Udalaren funtzionamenduan eta herriaren hizkuntza paisaian, baldin eta irizpideak eta helburuak markatuko dituen itzulpen zerbitzu seriorik ez badago. Zer, zertarako eta norentzat itzuli behar den aztertu behar da, makina bidezko itzulpenak zorrotz begiratu… Itzulpen zerbitzuen funtsezko zereginak dira horiek, bestela alferrik izango baititugu baliabide guztiak. Tamalez, kontrako bidea nagusitzen ari dela ematen du.
Bego: Nola gauzatu da hori guztia zure eguneroko lanean?
Jone: Euskara eta itzulpena beti izan dira bigarren edo hirugarren mailako zerbait Barakaldoko Udalean: ez da inoiz egon horren beharraren kontzientziarik. Pausoak eman izan dira —Euskara Zerbitzua sortu zen 2011n, askoz testu gehiago itzultzen dira…—, baina ikuspegia, funtsean, ez da aldatu.
Horren bi adibide emango ditut; lehena, sarritan entzun behar izan dugu «ez kezkatu, inork ez du irakurriko eta» erantzuna, jatorrizko testuari buruzko azalpenak eskatzen genituenean itzulpen egokia egiteko. Bigarrena azken urteotakoa da, eta itzulpen automatikoarekin du lotura. Tresna paregabea da, gure lana erraztu eta hobetu dezake, baina baldintza jakin batzuetan, makinek eskainitako testuak ondo zuzentzen edo posteditatzen badira, itzultzaileak lan errepikakorretan aurreztutako denbora hori xede testua hobetzeko baliatzen duenean, baina nola hartuko du hori kontuan «inork irakurriko ez dituen itzulpenak» buruan dituen batek? Zer inporta zaio euskaraz zabalduko duen testuak komunikazio funtzioa ez betetzea edo hizkuntza bera trakestea? Hala, makina bidez itzulitako testu gordin-gordinak onartu izan dituzte udalaz kanpoko itzulpen enpresei enkargaturiko lanetan, zuzenketarako behar den tartea aurreikusi gabe.
Bego: Lehen aipatu duzun joeraren adibidea izan daiteke Barakaldokoa.
Jone: Bai, tamalez hala ematen du. Hasteko, nik utzitako lanpostua ez dute bete, eta oso posiblea da berdin jokatzea urtetan nirekin batera lan egin duen itzultzaileak erretiroa hartzen duenean. Kanpora aterako dituzte itzulpen guztiak, «automatikoki» egin ditzaten, Udalaren ohiko jardunetik aparte, udal bizitzaren egunerokoarekin eta herritarren ohitura eta beharrekin zerikusirik ez balute bezala. Eta, gainera, ez dirudi zuzentzaile edo posteditore lanposturik aurreikusten dutenik.
Bego: Aurrerapausoak aurrerapauso, ikuspegi iluna da aurkeztu diguzuna. Halakoa da berrogei lan urteren buruan geratu zaizun irudia?
Jone: Ez, ez. Itzultzailea naizen aldetik, testu politak euskaratzeko aukera izan dut, kultura, hezkuntza edo gazteria arloetatik etorritakoak eta. Erronka handia ere izan dira batzuetan, eta sekula ez dut ahaztuko nolako izerdiak botatzen nituen garai bateko jaien programak txukun euskaratzeko, oso testu imajinatiboak zirelako. Gustura lan egin izan dut urte hauetan guztietan, itzulpengintza den lanbide eder honetan barneratzeko aukera izan dut, bizitzaren beste alor batzuetan beti izan ez dudan aingura finkoa eskaini dit, asko ikasi dut…
Eta, bestela ere, esker ona da nagusitzen zaidan sentimendua. Esker oneko natzaie Udaleko lankideei, hasieran estralurtar baten moduan agertu banintzen ere haien errespetua lortu baitut, lortu dugu itzultzaileok, baita lanbidearekikoa eta euskararekikoa ere, neurri txikiago batean. Lorpenak eta aurrerapausoak ere egon dira; nahi baino askoz txikiagoak, xumeak, baina Barakaldon euskarak duen tokia apur bat zabaltzen lagundu dutelakoan nago.
Hala bizi izan dut nik, eta asko eman dit udal itzultzaile aldiak, baina errealitatea lehen azaldu dudan hori da. Lan handia egin behar da oraindik Barakaldo euskararen eta euskaldunon benetako herria ere izan dadin, kontuan izanda Euskal Herriko herri handienetako bat dela.
Bego: EIZIE aipatu duzu lehen, prestakuntzaren harira, eta elkartean izan duzun parte hartzeaz galdetu nahi dizut, Zuzendaritza Taldeko kide izan baitzinen bederatzi urtez (2004-2013), eta, horietatik zortzitan, idazkari nagusi.
Jone: Hainbeste izan ziren?!
Bego: Bai, bai, bederatzi urte. Elkartea barrutik ondo ezagutzeko aukera izango zenuen. Zer nabarmenduko zenuke lehenik?
Jone: Hasteko, kontzientzia aipatuko dut. Itzultzaile izatearen kontzientzia, itzulpena den horren kontzientzia; lantokian nuenaren guztiz kontrakoa. Gogoan dut urte askoan izan nuela amesgaizto bat non guztiz beldurtuta egoten nintzen nire itzulpenen bat gaztelaniara berritzuliko ote zuten, jatorrizkoaren berdin-berdina ez zen testua ikusitakoan guztiz gaitzetsiko zutelako nire lana, itzultzea benetan zer den ez zutelako ulertzen.
Eta kontzientzia horren argia piztuta eduki behar dugu beti, itzulpen bakoitzari behar duena emateko, kudeaketan eta automatismoetan ez galtzeko. Nire azken lan urteetako adibide bat emango dizut: Juan de Zubileta komikia (Barakaldoko Udala, 2023). Ohiko administrazio testuekin bezala jokatu zuten, baina, itzulpena esleitu aurretik, itzulpenaren lagin bat pasatu zidaten; euskarazko testua ez zen inola ere egokia komikirako, administrazio testuak eta komikiak zeharo desberdinak baitira, eta lortu nuen liburu hori berariazko itzultzaile bati esleitzea.
Eta, gero, zer esango dizut, elkarte burutsu bat topatu nuen, neuronak mugiarazten dizkizun horietakoa. Eta talentu asko bilduta, lanerako jende sutsua, beti gizatasunez, errespetuz. Asko ikasi dut EIZIEn, lanbideaz, giza harremanez…
Bego: Zure alea ere jarri zenuen horretan guztian. Bi adibide emateko: Administrazioko itzultzaileen egoeraz arduratu zinen eta gerora ere oso baliagarria gertatu den txosten bat prestatu zenuen, eta, horrez gain, guztiz inplikaturik egon zinen elkartearen nolabaiteko berrantolaketa ekarri zuen barne-gogoeta prozesuan (2008-2011).
Jone: Administrazioko itzultzaileena berez edo etorri zen. Hasteko, neronek borroka egin behar izan nuen Udalean C mailatik B mailara pasatzeko; geroago, elkartean, gaia sakonago lantzeko beharra ikusi zuen Zuzendaritza Taldeak, bazkideek planteatutako kezka eta arazoetatik abiatuta, eta, ni Zuzendaritza Taldean eta Administrazioan nengoenez, bada, heldu nion. Egia esateko, harritu eta guzti ere egin naiz txosten hura gerora ere erabilgarria gertatu delako.
Barne gogoetaren garaia oso intentsoa izan zen, eta lehen aipatu ditudan balio horiek —talentua, lanerako gogoa, errespetua…— oso presente egon ziren. Gainera, hasieran esan bezala, eraldatzea eta komunikatzea ditut nik gogokoen, eta ezinbesteko osagaiak ziren prozesu horretan.
Bego: Amaitzeko, zer asmo duzu aurrerantzean? Itzultzen jarraituko duzu?
Jone: Jardutea eta egiten dudan horretaz disfrutatzea dut helburu, eta lan urteotan bazter utzitako beste alor batzuetan aritu nahi dut. Ipurterrea naiz, eta interesgune asko ditut lantzeko. Urrunago ibiliko naiz itzulpenaren praktikatik, baina EIZIEko kide izaten jarraitzeko asmoa dut.