Ale honetan
Koldo Biguri

Hamar urteko ibilaldia betetzen ari da orain SENEZ aldizkari hau, eta epe horretan izan ditu aldaketa batzuk; sortu, Martuteneko Itzultzaile Eskolaren altzoan sortu zen eta orain Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpretarien Elkartearen esku dago, eta lauhilabetekari izatetik urtekari izatera igaro da. Baina aldaketa horiek ez dira gure aldizkarian soilik gertatu; izan ere, hamar urte hauetan, euskal itzulpengintzak gutxik uste bezalako bidea egin du, bai kopuru aldetik, bai, eta batez ere, kalitatearen aldetik. Garai batean, duela asko ez, egia esan, itzulpena euskara arrotzaren esanahikide zen, euskara jatorraren etsaitzat hartzen zen inoiz, eta itzulpenarekiko horrelako uste gaiztoa zeukatenak nekez jarriko ziren pentsatzen nork, nola eta zein baldintzatan bihurtzen zituen euskarara beste hizkuntzetako testuak: itzulpen teknikak ikasteko lekurik gabe, hiztegi egokirik gabe, itzulpenerako euskara trebetasunez maneiatzeko ikasbiderik ere gabe. Zorionez, urteak ez dira debalde pasatu, eta azken denbora hauetan badauzkagu eskueran arestian amestu ere ezin genitzakeen baliabide eta laguntzak, alor ia guztietan. Eta horrela, esaterako, literatur itzultzaileek harrotzeko motibua ere badaukate, Lertxundi bezalako idazle batek dioenean bere iritziz euskal literaturak azken urte hauetan eman dituen produziorik onenen artean itzulpena dagoela eta, seguru aski, alor horretxetan izan duela aurrerakadarik handiena gure literatura nazionalak.

Nolanahi ere, ezin ahaz dezakegu euskal gizartean (euskaradun gizartean, zehazki) oraindik behar adina baloratu gabe dagoela euskararen beraren normalkuntzan araugintzan bertan ere, zergatik ez, eta alor guztietarako bere hedapenean itzulpenak jadanik betetzen duen eta etorkizunean zalantzarik gabe betetzen jarraitu beharko duen zeregina. Gauzak horrela, itzulpenak aurrerabide horretan etsiko ez badu, beharrezko ditugu oraindik, edo inoiz baino gehiago ere, itzultzaile berriak ongi prestatzeko eta lehenagoko itzultzaileak trebatzen jarraitzeko era guztietako azpiegitura egokiak. Izan ere, amaitu zen Martuteneko eskola, amaitu zen, orobat, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak abian jarri zuena ere, baina ez da inondik ere amaitu euskal itzultzaile berriak prestatu beharra, ez eta lehendik lan honetan dihardugunoi lanerako beharko ditugun lan-tresna, ikas-material eta gogoetagai lagungarriak eskaini beharra ere; eta ezbairik gabe, gure gizartean gero eta handiagoa da itzulpenarekiko interesa, horren lekuko garbi ditugularik gaur egun Euskal Herriko Unibertsitateak eta Deustukoak antolatu dituzten masterretara, Udako Euskal Unibertsitateak Baionan eta Iruñean eskaintzen dituen ikastaro laburretara eta beste zenbait ikastarotara joaten diren itzultzaile eta itzultzailegaiak. Eta asmo horren barruan sartzen da, bete-betean, aldizkari hau.

Sortu zenean, Martuteneko ikasle eta irakasleen ahaleginen bultzada izan zuen, eta batzuek zein besteek eskolarako behar zituzten irakurgaiak eta eskoletan moldatzen ziren lanak bildu zituen; gero, aldiz, euskal itzultzaile guztiengana iritsi nahirik, behar berriei ere erantzun nahi izan zien eta, horrela, jende berriaren ekarpenak jaso zituen, orain ere gertatzen den bezala. Hasierako bere helburuetako asko betez joan dira urteen joan-etorriarekin eta, nola ez, bere egitura eta edukiak ere moldatuz joan dira unean uneko beharrizan eta ahalbideen arabera.

Lehen zenbakiko hitzaurreak zioenaren alderantziz, euskal itzultzaileak dagoeneko ez gara elkarrentzat ezezagunak, besteak beste gure aldizkariak elkarren berri edukitzen eta elkarretaratzen ere lagundu digulako, bere neurrian; era berean, itzulpenari buruzko kanpoko teorizazioak ere hurbildu dizkigu, batzuetan itzulpenen bitartez, besteetan Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako Ikastaroen barruan EIZIEren ekimenez antolatutako itzulpen-jardunaldietara aurkeztutako materialak argitara emanez. Bide horretatik jarraitu nahi dugu, baina horretarako, zalantzarik ez dago, itzultzaile direnen edo izan nahi dutenen laguntza beharrean gaude; aldizkari honek ez du EIZIEren bazkideen esparru itxian geratu nahi, eta bai ordea zabaldu ofizio edo afizio honen inguruan dabiltzan euskaldun guztiengana.

Azken orduan jakin dugu Antonio María Labaien euskal antzerkigile eta itzultzaile izandakoa hil dela eta EIZIEren eta SENEZen Erredakzio Batzordearen omenaldi gisa eskeini nahi diogu zenbaki hau.