Ale honetan
Lehenik eta behin esplikazio bat zor dugu ale honek dakarren atzeramenduaz. Eta esplikazio hori ezin izan daiteke aldizkari honen ardura eta erantzukizun nagusiena duen Donostiako Itzultzaile Eskolaren egoera besterik. Urte osoa iragan bait du berriro bere izan nahi eta ezinean. Alde askotatik bere premia aitortu izan zaion arren, egiazko irtenbiderik ez zaio eman oraindik, eta horren ondorioz bertako irakaslegoa erabat urriturik aurkitzen da, aldi berean bere gain hartu ohi zituen gainerako lanetarako (aldizkari hau barne) ia ezindua. Hala eta guztiz ere, ordea, beste urtebeterako gutxienez Donostiako Itzultzaile eskola bizirik izango da, bertako ikasle eta irakasleen borondatez eta lehiaz, enpeinuz eta temaz, beste ezerez baino gehiago. Neurri horretan, aldizkari hau ere, Eskolaren gorabeherak pairatzera kondenaturik dagoela dirudienez, biziko da.
Ale honen edukietara igaroz, ia monografikoki itzulpenak hizkuntzen irakaskuntzan eduki behar duen tokiari eta zereginari buruz dihardu. Ale honetan ez da ahitzen gaia, nahiz eta bikoitza izan. Are gutxiago, hala ere, gai honek gurea bezalako herri batean dauzkan hainbat eta hainbat ikuspegi arakatu, ikertu eta aztertzeko dagoen sailari begiratuz gero.
Zenbait fenomenu nabariak bait dira gure artean:
Lehenik eta behin, ez da ahaztu behar oraindik urte asko ez dela arte irakaskuntzak ez zuela eragin handirik euskararen transmisioan, edo hobeto esanda, irakaskuntzak eragin ezezkor nabaria zuela euskararen transmisioan, famili bidezko transmisioz jasoa zen hizkuntza hainbatetan eta hainbatetan gaztelania edo frantses hutsez burutzen zen irakaskuntzak oztopatu eta ahaztarazi egiten bait zuen. Gaur egun ezin esango da gauzak alderantziaz direnik, baina bai irakaskuntzak eragindako hizkuntz ikasketak berebiziko eragina duela euskararen iraupenean eta zabalkundean. Alde batetik haurrentzako irakaskuntzan euskarak leku handia hartu duelako, eta oraindik ere leku askoz ere handiagoa hartuko dela espero delako. Bestetik pertsona larrientzako ere hizkuntz irakaskuntzak hizkuntz egoeraren aldaketan eragin handia duelako: inork ez du aipatu beharrik izango HABE edo AEK bezalako instituzio publiko edo erdi-publikoek duten pisua, lanpostuak sortzeko besterik ez bada ere, gauza horiek bromatarako kontuak ez diren garaiotan. Esan nahi da, labur beharrez, hizkuntz irakaskuntza formala, euskararena bereziki, herri honen enpresarik handienetako bat izatera iritsi dela, hitzaren zentzu zahar eta berrian. Alde horretatik begiratuta, herri honek apustu handia du egina eginkizun eta zama hori bere gain hartu duenean, eta lupaz begiratu behar dio hizkuntzen —euskararen— irakaskuntzari dagokion guztiari, egindako inbertsioari behar duen etekina jarrai dakion.
Zentzu horretan adi egon beharra dago hizkuntzen irakaskuntzari dagokionean gertatzen ari den orori. Eta gaur egun gertatzen ari da, itzulpena hizkuntzen irakaskuntzatik urrunduen —uxatuen?— eduki izan duten tokietan bereziki, Frantzian eta Alemanian batez ere, berriro dagokion tokia hartzen ari dela, hizkuntz-didaktikaren berrikuntzaren testuinguruan.
Bestaldetik gertatzen da herri honetan dagoeneko euskara dakien guztia —edo ia guztia— elebiduna dela euskaraz eta gaztelaniaz edo euskaraz eta frantsesez. Elebiduna izatea eta itzultzaile izatea gauza bera direla pentsatzea oso zabaldurik dagoen nahasmendua da, tamalez; askotan salatu izan dugu aldizkari honetatik bertatik. Baina gizarte elebiduna den batetan elebidun den pertsonari maiz gertatzen zaio itzultzaile ere izan beharra, hain maiz hala ere, non berebiziko eragina ukan bait dezake egoera horrek, maitasunaren beraren kausaz, hizkuntzen arteko interferentziak ugaltzeko berorien ezagutze autonomoaren kaltetan.
Gu bizi garen gizartea —askotan esana dugu, baita ere, aldizkari honen orrialdeetan— gizarte elebidun edo eleaniztun izatera beharturik dago etortzeko diren uneetan. Horretaz duda gutxi dago egiterik.
Guztiarekin ere, jakinaren gainean egonda ere, ordea, oso ahalegin gutxi egin da hemen behar izango diren hizkuntzak —gizarte elebidunak dituenak eta beharko diren gainerakoak— batera, beren batera izatean, beren esistentzia geratzen den modu bateratuan, irakasteko. Hizkuntzak banaka irakasten dira, banaka ez daudela kontutan hartu gabe, eta ikaslearen kontu uzten da hizkuntza batetik besterako zubien eraikuntza; egin egiten bait da, nola ez bada hala, zubi hori, metodoek begiak ixten badituzte ere. Itzulpenerako trebetasuna da, hizkuntz-switching abilezia hori da, azken finean, hizkuntz baten ertz batetik beste hizkuntzaren besteko ertzerainoko joan eta etorrian mezuaren esanahiezko irazki harien artetik elebitasunezko mintzoa ehuntzen duen ainezka.
Gai-mataza horren albainu lepa-mehea besterik ez den honek hari luzea ekarri behar du oraindik, euskararen irakaskuntzaren hoberako.