Antton Elosegirekin solasean
Karlos del Olmo

Artikulua pdf formatuan

Gai-jartzailea: Karlos del Olmo

Antton Elosegiren famili giroa euskalduna eta kultua, landua zen, zer oroitzapen duzu haurtzaroaz?

Tolosako kalean jaio eta hazi nintzen, garai hartarako ondo samar bizi zen familia batean, baina giro horretako familietan oso ohikoa ez zen euskaltzaletasuna zegoen gurean. Aita, euskaltzalea zen, abertzalea izan gabe, eta gutxiago karlista; eta aitona ere berdin; jende ikasia zen, hainbat hizkuntza zekiena, eta munduaren ikuspegi aski zabala zuena. Euskal mundua izugarri maite arren, aitak beti erakutsi zigun gauzak erlatibizatzen, eta ez sakralizatzen. Esate baterako, oso fededuna izanik, ezin zuen irentsi jeltzaleen (bizkaitarren) klerikalismoa, eta iseka gairen bat bazegoen gure etxean, karlisten integrismoa zen. Gure etxeko giroa oso bitxia zen gaurko ikuspegitik. Alde batetik, zortzi senide izanda, kuartel baten moduko diziplina zegoen: gaueko bederatzietan denok mahaian eserita behar genuen, eta afal ondoren, denok arrosarioa errezatzera behartuta geunden. Baina era berean, giro liberala zen, eta oso irekia kanpoko gauzetarako. Senide guztiok 15-16 urtetarako Frantziako familia batera bidaltzen gintuen frantsesa ikastera, oso "europarrak" ginela esango nuke, eta beste aldetik, denok egiten genuen egonaldiren bat aitaren lagun baserritarren baten etxean; baserri mundua ez zitzaigun batere arrotza.

− Zer diozu lehenengo ikasketez, frankismoaren garaiko eskolaz?

Franko-katolizismoa zen nabarmena, ni joan nintzen kolegioan, eskolapioetan, behinik behin. Ez ditut horrenbeste gogoratzen Cara al Solak eta horrelakoak, baina bai eguneroko meza, etengabeko otoitzak, asteroko aitortza, arrosarioa, urteroko "gogo-jardunak", aste santua... dena zebilen beldurrezko erlijio itogarri haren inguruan. Eta orduko apaiz eskolapioak, gehienak nafar karlistak, oso sartuta zeukaten etsaien lurraldean zeudela, gu guztiok gorri-separatista kumeak ginela. Baziren apaiz batzuk euskaldunak, baina ez ziren ausartzen esatera ere; zeharka adierazten ziguten "euskaldunenak" ginenoi gutarrak zirela...

Tolosako kaleko giroa, hogeigarren mendearen erdialdean, nolakoa zen?

Euskara aldetik galdetzen baduzu, oraingo gazteek uste dezaketen baino askoz ere erdaldunagoa. Tolosako kaleetan ume eta gazteen artean ez zen apenas euskararik entzuten. Adinekoen artean bai, eta inguruko herrietatik merkatura, feriara zetozen baserritarrak, tratanteak eta gainerakoak euskara hutsez aritzen ziren. Baina kaletar gazteon artean euskara zaharren eta baserritarren gauza zen. Eta egia esan, gure etxean, aitaren "euskeraz!" oihuek eraginda euskaraz egiten bagenuen ere, askozaz erosoago sentitzen nintzen erdaraz.

− Unibertsitate aurreko ikasturtea Donostian egin zenuen. Zer egiten zuen tolosar gazte batek, cashero batek, kapitalean?

Bai, goizeko orduetan trena hartu eta Donostiara, "Preu" ikasketak egitera. Han, nahikoa zen Donostiarra ez izatea "cashero"-tzat jotzeko. Gogoratzen naiz bazegoela ikaskide bat euskararen izena ere ez zekiena: berarentzat hor nonbaiteko herri txikietan zeukaten hitz egiteko modu bitxi bat besterik ez zen.

− Zer dela-eta Zuzenbidea ikasi?

Egia esan behar badizut, Zuzenbidea aukeratzera eraman ninduena gehienbat "justizia sozialaren" ametsa izan zen. Garai hartan mundu katolikoan, Vatikanoko II. Kontzilioaren ondoren indar handia hartzen ari zen ideia hori. "Sozializazioaz" ere hitz egiten hasi zen, eta bestaldetik, gure inguruan langile munduaren mugimendua hasten ari zen. Bertan, tradizio marxistatik zetozen komunistak eta, sozialistak alde batetik, eta, beste aldetik, Eliza katolikoan sortzen ari ziren langile-elkarteak (JOC, HOAC) elkartzen ziren. Gazte progresista batentzat hori zen etorkizuneko bidea. Ja­kina, askoz gehiago erakartzen ninduen gizarte-eragina izan zezakeen lanbide batek teknikan aritzekoa ziren peritu edo ingeniariak, edo irakaskuntzan aritzeko ziren gainerako ikasketa guztiak baino. Gainera, ospe handia zeukaten garai hartan abokatu laboralistak. Antifrankismoari laguntzeko aukera gutxietakoa zen. Legea erabiltzen jakitea tresna garrantzitsua iruditzen zitzaidan.

− Noiz piztu zitzaizun euskaltzaletasuna, noiz hasi zinen euskaraz irakurtzen?

Euskaltzaletasuna gure etxeko giroan zegoen, eta gainera, garai hartan euskaraz irakur zitezkeen gauza gehienak gure etxean bazeuden. Oso ondo gogoratzen naiz Egan aldizkariaz: gure aita Eganen harpideduna zen. Eta aurrerago, Auspoa bilduma ere bai. Geroren ale bat ere bazegoen. Garai hartan ez zegoen bazka handirik euskaraz irakurtzeko, eta Eganeko ale bakoitza irentsi egiten nuen. Han ezagutu nituen Peillen, Krutwig, Mirande, Oskillaso, Mitxelena, Zabaleta, Azurmendi, Aresti bera... Euskara berri bat zetorren horien izkribuetan, eta egia esan, itzulpenek liluratzen ninduten gehien. Oso bizia zen une hartan euskara modernizatzeko grina, txokotik irten eta munduko beste hizkuntzek esaten zituzten gauza berak esateko gauza izango zen hizkuntza prestatzea.

− Esan liteke, beraz, euskara batuaren genesia hastapenetatik ezagutu eta bizi izan zenuela.

Bai, euskara batuaren kontuan, hasieratik izan nintzen batuzale. Beharbada ez genuen ondo ulertzen zer zen hizkuntzaren normalizazioa, estandarizazioa eta horiek, baina oso argi zegoen batuaren aldeko kulturak mundu modernora lotzen ninduela, eta era berean, euskararen klasikoekin, hain aberatsa iruditzen zitzaidan Gerorekin batez ere.

Euskara batuarena, bestalde, mugimendu gazte eta bizia zen, Euskara txoko batean gorde ordez, gizarte osora zabaldu nahi zuena. Orduan, ez dakit zein urte izango zen, 1963, edo 64, abian jarri ziren alfabetatze kanpainak. Gauza asko ahaztu zaizkit, baina gogoratzen naiz, Rikardo Arregiren ondoan (edo haren atzetik) ibili eta gero, haren arreba Begoña Arregi, Ramon Saizarbitoriaren arreba, Arantxa, eta beste batzuekin jo eta ke ibili ginela alfabetatze-kanpainak zabaltzen.

− 1964. urtean Bartzelonara joan zinen; zertara?

Karrerako lehen hiru urteak Donostian, jesuitekin, egin nituen, nolabaiteko ofizialtasuna zuen erdi akademia batean. Baina hura ez zen unibertsitatea; fraideen kolegioaren segida zen hura. Azkenean, nire etxean dirua ez zegoen soberan, baina lortu nuen aita konbentzitzea eta Bartzelonako Unibertsitatera joatea karrerako azken bi urteak egitera. A zer aldia! Bartzelonako unibertsitate-giroa pil-pilean zegoen. Frankismoaren aurkako mugimenduak han zuen, langile-mugimenduarekin, eta euskal nazionalismoarekin batera, foku garrantzitsu bat. Eta hango gizartean, kultura katalanaren berpizkunde berria zetorren. Orduan ari ziren sortzen eta indartzen Nova Cançó eta beste arte guztietako aire berriak, Euskal Herriko mugimenduan horrenbesteko eragina izango zutenak.

− Kultura-eragile gertatu zinen, beraz, Bartzelonako giroan...

Ez ni bereziki, hango estudiante-taldea baizik. Oso talde suspertzailea izan zen. Behingoz, Santa Agedako kantak, Donostiako Danborrada eta horrelakoak baztertu gabe, ekintza "kulturalagoak" sustatzera sartu ginen: euskara-klaseak, txango kulturalak, eta bereziki hitzaldiak. Punta-puntako hitzaldi sorta antolatu genuen, orduko izen handienak ekarrita: Jorge Oteiza, Koldo Mitxelena, Basabe, Gabriel Aresti... Une hartan, euskal kontzientzia berri bat esnatzen ari zen eta izugarrizko arrakasta izan zuten, bereziki Oteizak et Arestik. Biak "agitadore" hutsak ziren. Gabriel Arestiren Harri eta Herri poema liburuaren laurogei ale saldu nituen Bartzelonan!

− Zer dakarkizu gomutara "Zuei, Bartzelonako euskaldun, unibertsitate mutilok" ahapaldiak?

Gauza asko; izan ere, poema hori, gero Oskorriren kanta bihurtu zena, guri dedikatu zigun Arestik. Horren zirriborroa, hitzaldiaren ondoko bazkarian, paperezko ezpainzapi batean idatzi zuen Arestik. Ni, ondoan nengoela, saiatu nintzen papera lapurtzen baina ohartu egin zen eta ia-ia akabatu ninduen. Beldurgarria zen haserretuz gero. Baina esan behar dut madarikazio hartan bete-betean asmatu zuela Arestik. Izan ere, handik 20 edo 25 urtera bildu ginen bazkari batean orduan Bartzelonan ikasle izandakoak, eta zer bihurtu ginen baieztatzea oso interesgarria izan zen. Denetarik zegoen, baina Arestik bete-betean asmatu zuen profezia harekin: puta-semerik semeenetako askotxo zegoen gure artean.

− Zer ekarri zion Gabriel Arestik Antton Elosegi gazteari? Esan liteke, beraz, poesiaren bideetatik heldu zinela itzulpen idatziaren baranora...

Ez nuke horrelaxe planteatuko. Baina, Arestiren poesia kitzikagarri handia izan zen alde askotatik. Arestik poemak idazten zituen, baina poesia soziala, hitzaren zentzu zabalenean. Bertan klase-borroka, hizkuntzaren bizi nahia, eta nazioaren sentimendu berri bat aurkitzen nuen, folkloretik urruntzen zena, eta euskarari garrantzi berezia ematen ziona. Bestalde, poema elebidunak zirenez, bi hizkuntzetan "agoantatzen zuen" poesia. Izan ere, banuen halako sentimendu bat, euskarazko poesia edo bertso batzuk itzulezinak zirela, edo hobeto esateko, itzuliz gero lotsagarri geratzen zirela. Arestirengan euskaltasun berri bat aurkitu nuen, baserritik hirirako jauzia egina zuena.

− Itzulpena deskubritzea: Egan, Xalbador Garmendi...

Bai, Arestiren poema elebidunez gainera, beste itzulpenek ere izugarri erakartzen ninduten. Egan aldizkarian, esate baterako, munduko literatura onenaren zatien itzulpenak irakur zitezkeen, eta egia esan, nahiago nituen orduan boladan zeuden idazle euskaldun askoren testuak baino. Orixe bat datorkit gogora, esate baterako. Orain beste jarrera batekin irakurri badezaket ere, haren mundua guztiz itxia iruditzen zitzaidan eta euskara aberatsa bazuen ere, ez ninduen asetzen. Askoz gehiago gozatzen nuen aurretik irakurrita nuen Gerorekin. Itzulpenetan leiho bat irekitzen zitzaion euskarari. Itzulpen haietan, mundu berri batean sartzen zen euskara, eta hizkuntzaren baliabide guztiak erabiltzen hasten zen. Mailegatzearen beldurra alde batera utzi, eta klasikoen egitura "latinzaleak" berpizten zituen diskurtso berri harekin oso pozik sentitzen nintzen.

− Eta bitartean, lehen urratsak politikan ematen hasita: ETAko "espainolisten" ondoan ibili zinen. Nolako oroitzapenak dituzu gaur egun, hainbeste urte joanda, garai hartaz?

Ondoan, ez, barru-barruan ibili nintzen, eta urte luzez, bai ETA-Berrin eta bai haren ondoko erakundeetan (Komunistak, Movimiento Comunista...). Badakizu, garai hartan gazte askok amesten genuen askatasun guztiak ekarriko zituen gizarte berria, iraultza, sozialismoa, komunismoa... Che Guevararen garaiak ziren. Nazioa, aberria ondo zeuden, baina munduko iraultzaren bide gisa, eta Arestik zioen bezala, Banco de Vizcayaren itzalpetik urrun.

Euskararen arduraduna izan zinen euskara gehien erabili zuen talde politikoan. Ze arazo mota sortzen zuen garai hartan diskurtso politiko klandestinoa euskaraz sortu beharrak?

Ez, euskararen arduradun posturik ez zegoen, baina bai, nolabait urte asko geroago Donostiako Udaletxean sartu nintzenean bezala, de facto ni nintzen euskararen ardura praktikoa hartzen zuena, baina orduan euskararen erabilera oso sinbolikoa izaten zen. Bazegoen erakunde armatu bat, ez dut esango zein, bere orrietan eta argitalpenetan, beti erdaraz, "edición en la lengua del invasor" jartzen zuena, baina euskarazko ediziorik ez zen inoiz agertzen. Gure taldearen argitalpenetan beti zegoen euskara, eta artikulu mamitsuetan. Beti itzuliak, jakina, eta itzultzailea une batetik aurrera, ni.

− Itzulpengintzan lehen urratsak apaiz batekin egin omen zituzten...

Bai, garai hartan inork gutxik zekien euskaraz ondo idazten, apaiz jendetik kanpo; baina eliz jendearentzat gu deabruaren hurrengoak ginen. Hala ere, bazeuden irekiak zirenak ere, nahiz eta orduan isilpean eduki behar zen progresismoa. Ameriketan ibilitako apaiz bat zen, eta handik Cubaren eta Che Guevararen miresle handia bihurtuta etorri zen. Harengana jo genuen, eta klandestinitate handienean hark egiten zizkigun ETA Berriren lehen itzulpenak. Hura izan nuen maixu: Juan Ignazio Goikoetxea, "Gaztelu", San Juan de la Cruz-en itzultzailea eta euskal idazle fina. Haren eskutik abiatu nintzen inoiz alde batera utzi ez dudan langintza horretan. Garai hartan erre­ferente gutxi zeuden politikaz euskaraz aritzeko. Artean sortu gabe zeuden Lur argitaletxea eta Kriseilu bilduma: ia berria zen gaia; eta errepublika edo gerra garaiko testuak, ez genituen ia ezagutzen, eta ezagutzen genuena ez zen onargarria. Argi zegoen euskara batuan aritu behar ginela. Eskerrak Zeruko Argia bazegoela, eta Jakinekoek, aleren batzuk atera zituztela...

− 1968-1969 urteetan abokatu Miguel Castellsekin, zer zen legelari moduan lan egitea, "Tribunal de Orden Público" ospetsuari aurpegi eman beharra?

Egia esan, soldaduska bukatu eta gero abokatu gisa hasi nintzenean, ogibidea baino gehiago "tapadera" bat zen hura. Politika-lanean belarrietaraino murgilduta nenbilen, eta lan egiteko astirik ere ez nuen. Orduan, abokatu gazteen artean oso jende fina zegoen. Eta denetan finena, nire ustez, Miguel Castells. Nire hasierako asmoa lan­gileen abokatu izatea bazen ere, "errepre­saliatuen" abokatu bihurtu nintzen Cas­tellesekin. Oso lanbide estrategikoa zen kontaktuak izateko, aukera ematen zizun alde batetik bestera ibiltzeko. Eta lan pixka bat ere egin nuen, ez pentsa, Tribunal de Orden Público delakoan. Baina, bazegoen hori baino beldurgarriagorik: urte haietan ez dakit zenbat heriotza-zigor ezarri ziren, baina ez TOP famatuak, auzitegi militarrek baizik. Hala ere. Esan behar da epai haiek konmutatu egiten zirela, eta urte haietan ez zutela inor akabatu: hori geroagoko kontua izan zen.

Iparraldera ihes egin behar izan zenuen 1969. urtearen amaieran.

Iparraldera ez, "beste aldera". Hain zuzen, Aragoiko Pirinioetatik zeharkatu nuen muga, eta laster Bordelen nengoen etxe bila. Kanpoan ibili arren, ez dut hurbiletik ezagutzen Iparraldeko euskaldunen, ez bertakoen, ez Hegoaldetik ihes egindakoen, mundua. Abokatutza ahaztu, eta ofizio guztietatik pasa nintzen Bordelen eta Parisen emandako urteetan. Denetatik egin nuen, txakur zaintzaile, dendari, pintore, ikasle bekadun, espainol-irakasle, elektrizitatea ikasi eta elektronikan langile, frantses-irakasle... eta lanorduz kanpo, ekintzaile politikoari zegokion bezala, bilerak, milaka bilera, panfletoak... eta itzulpen politikoak.

− Urtebete egin zenuen euskara-irakurle Jean Haritschelarrekin; nolakoa zen garai hartako giroa Iparraldeko euskaltzaleen artean?

Bai, nire aurretik Txillardegi zegoen postu horretan, eta Frantziatik kanporatu zutenean, Haritschelarrengana aurkeztu nintzen eta hartu egin ninduen. Frantziako kultura ulertzeko oso adierazgarria da lanbide hura. Izan ere, Bordeleko Unibertsitatean euskara hizkuntza atzerritarra zen, Institut Iberique delakoan ematen zena, eta lecteur de basque izateko ezinbestekoa zen atzerritarra, ez frantsesa, izatea. Urtebete eman nuen lanbide horretan eta oso aberasgarria izan zen, oso ikasle gutxi nituen arren. Denak Iparraldekoak, hori bai. Garai hartan, Institut Iberique horretan bazegoen irrati bat espainieraz emititzen zuena, eta tarte bat, astean behin, eman ziguten euskaraz, gai kulturalez, aritzeko. Saio hura, bere apaltasunean, Frantziako estatuan, ofizialki euskaraz egin den lehenetakoa izan zelakoan nago. Baina egia esan, ez nuen beste harremanik izan hango euskaldunekin.

Eta, gero, Parisa, beste urte batzuetarako. Zuk zeuk esana da: "Hainbat lan, eta milioi bat bilera". Giro hispano-frantses hartan, Antton Elosegi, gainera, itzultzaile...

Bai, beti tokatu zitzaidan argitalpenetako euskararen arduradun, hots, itzultzaile, izatea. Gure taldea (ETA berri-Komunistak-Movimiento Comunista), gehien gehienok Euskal Herrikoak izan arren, ez zen jada Euskal Herrikoa, Espainia osokoa baizik, baina beti izan genuen indar berezia Euskal Herrian, eta beti eutsi genion espainieraz eta euskaraz argitaraturiko aldizkari bati. Aitortu beharra daukat hasieran ez zegoela inor euskaraz idazteko gai zenik, eta itzulpen gehienak nireak zirela. Azken urteetan, 1972tik aurrera edo, gauzak aldatu ziren. Nabarmena zen "barruko" jendeak euskara landuagoa zuela, jendea alfabetatu zela, ikastolako irakasleak zeudela.

1976. urteko maiatzean Donostiara itzuli zinen, zer topatu zenuen?

Oso mundu desberdina. Nahiz eta ni uneoro Espainiako eta Euskal Herriko gaiez arduratu, eta iheslariekin etengabeko harremana izan, sei urte eta erdi horien bueltan euskal gizartea zeharo aldatuta topatu nuen. Aldaketa izugarria izan zen. Bat-batean denak abertzale eta ezkertiar bilakatuak topatu nituen; Franco lurperatuta zegoen, jakina. Gogoratzen naiz nolako ezustekoa hartu nuen nire eskolakide bat, eskola garaian erdara hutsez hitz egiten zuena, euskaraz zuzendu zitzaidanean. Rosario zirenak Agurtzane eta Luisak Koldo bihurtuta aurkitu nituen. Eta beste gizarte-arloetan ere, aldaketak itzelak ziren. Esate baterako, nik seminarista edo apaiz ezagututako pila bat sotana erantzi eta ezkonduta zebilen...

− Berriro ere bizimodu arruntean hasi beharra, bizimodua aurrera atera behar izatea. Zail gertatu zitzaizun?

Aldatzen ohituta nengoen, baina oraingoan haur txiki baten erantzukizuna nuen. Hori bai zela bizimodua aldatzea. Baina ez nuen inoiz egoera larririk pasa. Euskaraz ondotxo jantzita nengoenez, erraz topatu nuen lana euskara-irakasle gisa. Garai hartan alde guztietan zabaltzen ziren euskaltegiak, barnetegiak, euskara-mintegiak. Ez nuen, hortaz, langabeziarik ezagutu: hasieran euskaltegi pribatu batean, gero lanbide-hezkuntzan... euskararen eskaria egunetik egunera biderkatzen zen.

Halako batean, 1979an, Antton Elosegi, itzultzaile funtzionarioa Donostiako Udalean, lehenetako bat, formazio juridikoa zeukan bakarra. Nolakoak izan ziren hastapenak Administrazioan den-dena eginkizun zen sasoi hartan?

Legezko ofizialtasunik ez bazuen ere, 1978.ez geroz Eusko Kontseilu Nagusiaren Aldizkari Ofizialean euskarak egina zuen bere habiatxoa, baina urte hartan,1979an, sartu zen indar pixka batez euskara administrazioan, diputazioetako eta udaletako lehen itzultzaileen eskutik. Eta jakina, inor ez zegoen prestatuta alor horretan jarduteko. Zein sartu ziren itzultzaile? Nire ustez gehienen ezaugarria zen euskara jator eta landuaren jabe izatea, eta itzulpen-idazketan nolabaiteko eskarmentua izatea; gehienak fraide edo seminariotik pasatakoak; baina baziren emakumezkoak ere. Mundu horretan ni bitxi samarra nintzen, nire tolosar kalekume erdi erdaldundu baten euskara ez zelako batere "jatorra", baina nik banuen aspaldiko eskarmentua testu politikoak itzultzen, eta orduko itzultzaileen artean beste inork ez zeukana: prestakuntza juridikoa. Gogoratzen naiz nire lankideen euskara dotoreak inbidia handia ematen zidala, eta zenbait aldiz eztabaidak izaten genituela nik askoz zuku gehiago ateratzen nielako testu juridiko-administratiboei. Nolabait esateko nik hobeto "irakurtzen" nituen erdal testuak; hobeto ulertzen nituen, eta gehiago eskatzen nion zehaztasunaren aldetik xede-testuari. Nire lankideek euskara dotoreagoa eta gozoagoa egiten zuten. Osagarriak ginen, nolabait.

Bestaldetik, pentsa dezakezunez, inprobisazio hutsean aritu behar ginen, ordura arte euskara ez baitzen inoiz (gerrate garaiko hilabete mitiko haiek izan ezik) administrazioan erabili. Udaletako arduradunek ere ez zekiten nondik hasi. Gu bihurtu ginen "euskal gaien" arduradun. Berebiziko eginkizuna eta oso baliabide murritzak. Pentsa gure terminologia-iturri bat 1905eko Azkueren hiztegia zela. Dena asmatu behar zen, norberaren irizpideen arabera.

− Garai hartan UZEIn ere jardun zenuen, lankide. Zer dakarkizu gogora Fernando Mendizabalen izenak?

Bueno, hasteko lankide hitzaren esanahia argitu beharko dugu. Ni ez naiz inoiz UZEIkoa, UZEIko langilea, izan, baina bai laguntzailea. Politika hiztegiarekin hasi, eta ondoren, bereziki Administrazio eta Zirkulazio Hiztegian, eta Zuzenbidekoan. Beti han sartuta nengoen, etxekoa bezala. Izan ere, oso gustura aurkitzen nintzen hango irizpideekin, nahiz eta orain ohartu dena ez zela urre gorria. Bereziki interesgarria iruditzen zitzaidan euskara espezialitateetara egokitzeko ahalegina: euskarazko testuetan, erdarazkoetan irakur zitekeena, gauza bera, eta ez gutxiago, paratzeko ahalegina. Eta ahalegin horretan oso emankorra iruditu zitzaidan beti Fernando Mendizabal. Fernandok, oso euskara aberatsaren jabe izateaz gainera, oso ondo ezagutzen zituen klasikoak. Izugarri gustatzen zitzaidan nola aurkitzen zuen Axularrengan xehetasunez betetako esaldi luzeak ulergarri eta musika onekoak egiteko eredua. Haren irakaspen interesgarriena izan zen ez zegoela arrazoirik euskaraz ez emateko erdarazko testuetan zeuden ñabardura eta xehetasun guztiak. Askotan errepikatzen zuen ideia zen zapatekin, ez abarkekin, ibiltzeko moduko euskara egin behar zela. Zuzenbide Hiztegiaren zorroztasunak asko zor dio Fernandori. Zuzenbide-ikasketarik ez zuen arren oso itzulpen onak egin zituen, eta garai hartan, terminologiaren "iturri" izango ziren testuak sortzerakoan, berebiziko maisua izan genuen hiztegi hartan lan egin genuen legelariok. Baina niretzat maisu izan direnak aipatzen hasita, Villasante aipatu beharra daukat. Oso lotuta ikusten ditut Fernando Mendizabal eta Villasante. Antzeko jarrera irekia, klasikoen baliabideak aztertzeko era, aprobetxatzeko ahalegina, garbizalekeria zahar eta berritik ihes egiteko grina, euskarari zuku guztia ateratzeko gogoa... Uste dut zenbait gauza hobeto egongo liratekeela Villasanteri kasu gehixeago egingo balitzaio.

− Lehenengo administrazio itzultzaileekin hamaika bilera, EIZIEren sorrera... Oso garai proteikoak, nonbait.

Bai, norbaitek egin beharko luke administrazioko euskararen historiatxoa. Nire oroitzapenak oso eskasak dira, baina oso garai mugituak zirela gogoratzen naiz. Udal handietan, diputazioetan, Jaurlaritzan, bat-batean euskarari tokia egin behar zitzaiola eta, itzultzaileak hartzeari ekin zioten. Ez zegoen inolako planifikaziorik eta itzultzaile bakoitza bere amaren umea zen. Bakoitzak zuen formazioa edo eskarmentua desberdina zen, eta ez zegoen inon irizpideak bateratuko zituen erakunderik. Baina hasieratik harremanetan jarri ginen, bereziki udal itzultzaileok, eta elkarlanean aritzen saiatu ginen. Bilera mordo bat egin genuen, elkarren esperientziak trukatzeko. Gogoratzen dudanez, udal itzultzaileon artean UZEIk zuen itzal handiena; IVAP, berriz, bere aldetik zebilen. Hainbat bilera eta eztabaida izan genituen IVAPekoek eta udal itzultzaileok, baina elkar ulertze gutxi.

Esan bezala, nire oroimena oso lainotsua da, baina gogoratzen naiz udal itzultzaileok osatzen genuen taldea, itzultzaileen munduan talderik konpaktuena zela, eta guretako asko ibili zela euskal itzultzaileen elkartea sortzeko hasierako lanetan.

1980. urteko aldizkari ofizialean kontrairaultza gertatu zela esan duzu noizbait. Zertan izan zen dena delako iraultza hura?

Hartzen badituzu 1978an argitaratzen hasi ziren Eusko Kontseilu Nagusiko Aldizkari Ofizialak, ohartuko zara euskara-eredu bat dagoela hasieran, eta beste bat, guztiz desberdina, amaieran, 1980ko otsailaren 1eko aletik aurrera. Hasieran, uste dut Xalbador Garmendia zela itzulpenaren arduradun; euskara batuaren munduan "zebilen" euskara mota bat ageri da. Oraingo begiekin ikusita, zalantzaz betetako euskara, segurtasunik gabekoa, bila zebilena, erdarazko kontzeptuak euskaraz, nola hala, eman nahi zituena. Euskara molde horrek, mailegura eta kalkora jotzen zuen behar zenean, eta bestaldetik, euskara idatziaren tradizioan, Axularrengan batez ere, bilatzen zituen hain urri geneuzkan hizkuntza baliabideak. Baina aldizkari horren azken alean, bat-batean, beste euskara mota bat ageri da, ordura arte inoiz gutxitan ikusia, zurruna, Altuberen arau gogorrenak ere hutsik gabe betetzen zituena, garbizalea, eta ia ulertezina. Ale horretako sintagma bat duzu hauxe: "Euskal Herriko autobidezko bidari-garraiorako araupeko eta aukerango herri-zerbitzuetarako baimendunak (...)". Nire ustez, anti-euskararen adibide garbia. Baina okerrena zen nire ustez, hainbat jenderentzat, eta bereziki agintarientzat, euskara-eredu hori aurrekoa baino hobea zela. Hurrengo urteetan, euskararen ofizialtasuna indartzen joan zenean, Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean, hura izan zen euskara-eredu nagusia eta hamarren bat urtez eredu hori Legebiltzarrean eta IVAPen jaun eta jabe ibili zen. Gero, 1990 aldera desagertuz joan zen, baina ez hainbat eta hainbat ukitu utzi gabe administrazioko euskaran. Nire ustez, eredu-aldaketa horrek izugarrizko atzerapena eragin zion euskara juridiko-administratiboari.

Baina hori euskara juridiko-administratiboaren mundu txiki-txikian, orduan txiki-txikia, gertatu bazen, nik "kontrairaultza" deitzen dudan horren abisu bat besterik ez zen izan, zeren handik bizpahiru urtera, Koldo Mitxelenak Muga aldizkarian La irresistible ascensión de la poesía a la ciencia artikulu historikoa idatzi zuen, eta horrek bai, benetako eragin eta ondorio luzeak izan zituen. UZEIren hiztegigintza izan zen Mitxelenaren kritika gogorraren gaia. Ez dut esango batere arrazoirik ez zuenik, baina azpimarratu nahi nuke urte horietatik aurrera joera berri batzuk nagusitu zirela terminologia erabiltzen zuten diskurtso-mota guztietan. Eta joera horietan, osagai garrantzitsua, araua, eta arauaren beldurra, izan ziren. Eta harrigarria bada ere, ez zen inolako kritikarik izan aldizkari ofizialean jaun ahaltsu gisa nagusi zebilen anti-euskara garbinahi harentzat.

− Partaide izan zineneko UZEIren lehen hiztegi espezializatu haiek zer ekarri zieten euskarari eta itzulpengintzari?

Izugarrizko mesedea egin zigun orduko itzultzaileoi. Beste inon aurkitzerik ez zegoen termino pila batentzako proposamenak eskura jarri zizkigun. Jakina, gerora ikusi eta ikasi dugu erabilitako metodologia ez zela beti onena, baina balorazio orokor bat egiterakoan ondo kontuan hartu behar da proposamenak besterik ez zirenak —hiztegiaren hitzaurrean oso argi esaten zen— erabiltzaile askok azken hitza balira bezala erabili zituela, eta bestaldetik, hasiera-hasieratik etsaigo-jarrera bat nabaritu zela hainbat erakunde ofizialen aldetik. Bazirudien UZEIko hiztegietan zetozen baliokideak kutsatuta zeudela, eta besterik gabe baztertu egin ­behar zirela. Pentsatzen ari naiz, esate ba­terako, UZEIk proposatzen zituela com­petencia/jurisdicción bikotearentzat esku­duntza/eskumen baliokideak; nire ustez onargarriak, eta ez besteak baino okerragoak; baina ez, EAEko erakunde zentraletan, hori baztertu eta competencia = eskumen eta jurisdicción = jurisdikzioa erabiltzen hasi ziren. Edo recurso esateko UZEIk proposatutako helegite. Bada ez, UZEItik zetorrenez, hobe errekurtso. Uste dut ez zela inolako ahaleginik egin batera jokatzeko, eta hainbaten aldetik UZEI "birrindu beharreko etsaia" bailitzan hartu zela.

Urte haietan, bi itzulpen joera nagusitu ziren: bat IVAP ingurukoa, bestea UZEIren baranokoa. Hain ziren ezberdinak? Zertan zen auzia, gaurko ikuspegitik aztertuta?

Bai, itzulpen-joera eta euskara-eredu ere izan ziren, lehen esaten nizun bezala. Udal-itzultzaileok egiten genuena, nire ustez ulergarria izaten saiatzen zen, baina bestea, nik beti esan izan dut ez zela euskara: ez dut ezagutu inor testu haiek ulertzeko gauza zenik. Baina esan bezala, bilerak egin arren, ez zegoen elkar ulertzerik batzuen eta besteon artean.

1989an IVAPek bultzaturik, niri esperantza handia piztu zidaten Jardunaldi batzuk egin ziren Oñatin. Oso ekarpen interesgarriak egin ziren alde guztietatik, UZEItarren aldetik, IVAPtarren aldetik, baita jurista batzuen aldetik edo Ibon Sarasolaren aldetik ere. Bazirudien bazegoela material aski, eta aitormen aski bateratze aldera jotzeko, baina pixka bat bideratu bazen ere, urte mordo bat pasa beharko zen bateratze-joera gauzatu arte. Bada, Jardunaldi haietan badago komunikazio bat, zoritxarrez oso gazte hil zen IVAPeko langile batena, Juan Ignacio Berasategi, euskara-eredu horiek deskribatzen dituena. Berasategiren deskribapenetik oso ondo gogoratzen dut nola zioen eredu batek garrantzi handiagoa ematen ziola funtzio sinbolikoari, batzuetan ulergarritasunaren eta zehaztasunaren kaltetan, eta bestean hirietan egiten zen euskaratik hurbilago ibiltzea, eta, hizkuntzaren garbitasunaren kalte bazen ere, zehaztasun teknikoa bilatzea zirela ezaugarri. Uste dut eztabaida bertsuan jarraitzen dugula...

− Horri guztiorri gutxi iritzi, nonbait, eta Euskal Filologia ikasten hasi zinen, Gasteizen. Zer dela-eta?

Ikusten duzunez, urte asko neramatzan nola edo hala euskara lantzen, literatura irakurtzen, eta baita hizkuntzalaritzako kontuak lardaskatzen. Udaleko lanak arratsaldeko hiruretan amaitzen zirenez, aukera ikusi nuen nire burua gehiago janzteko, eta Euskal Filologia ikasteari ekin nion, 1985etik 1989ra. Egia esan nahiko erraz egin nituen bost urteak eta azkenean, gerora oso baliotsua izango nuen titulua eskuratu nuen.

− Ze oroitzapen duzu Donostiako Udalean garai haietan izaten ziren osoko bilkurez eta haietan interprete moduan egindako lanaz? Egia da inoiz edo behin, nahita irakurtzen zenituela gauza batzuk txarto ea zinegotziren bat ohartzen ote zen ikustearren, ala legenda urbano horietako bat baino ez da?

Bat baino gehiago harritu egingo litzateke hasiera hartako (80ko hamarkadaren hasieraz ari naiz) euskararen ezintasuna ikusita. Esan nahi dut euskal hiztunen gaitasun murritza. Inor gutxi zen gauza administrazioko gai bati buruz txukun samar aritzeko. Euskaraz egiten ahalegintzen zirenek, ekintza sinboliko bat egiten zuten. Gehienetan, Herri Batasuneko zinegotziren bat izaten zen, eta irakurriz, datu zehatzak, kopuruak, zenbakiak eta guzti. Gero, guri tokatzen zitzaigun hura erdaraz ematea. Jakina, esan osteko interpretazioa, 80ko hamarkadaren bukaera arte ez baitzuten bat-bateko interpretaziorako tresneria jarri. Egia da euskarazko testuak irakurtzen zirenean jende guztiak deskonektatu egiten zuela; izan ere, balio sinbolikoa besterik ez baitzuen euskarazko jardunak, dena erdaraz ere errepikatzen zenez. Eta esaten duzun legenda hortaz, ez naiz oso ondo oroitzen. Noizbait bai, itzulpen idatziren bat irakurtzean, lerroak alderantzikatu nituen, batere zentzurik ez zuen testua boteaz, eta inor ere ez zen ohartzen. Uste dut, zorionez, hori ez litzatekeela posible izango gaurko egunean.

− 1991. urtean Donostiako Udala utzi zenuen. Zergatik?

Lehenik eta behin, beste lan bat aurkitu nuelako. Hori gabe ez nuen utziko, jakina, baina esan beharra daukat nahiko erreta ere banengoela. Erreta edo aspertuta. Hasierako urteetan dena egiteke zegoela, lanak bazuen halako sorkuntza puntu bat, baina 11 urte pasata, Euskararen Patronatuak hartu zituen gure hasierako eginkizun asko, gurea nahiko lan errepikakorra bihurtu zen, eta ni ez naiz betiko funtzionario horietakoa izateko jaio.

− Zer izan zen zuretzat Unibertsitatera pasatzea, zeure teoriak, eskarmentua eta pentsaera ikasle gazteei azaltzeko aukera izatea?

Artean banituen 47 urte, baina lan sortzaileagoa izan zitekeela iruditu zitzaidan eta funtzionario izateari utzita ilusio handiz sartu nintzen lanbide berrira, Fernando Mendizabalen eskutik. Fernando izan baitzen nire aurrekaria euskara juridikoa irakasten Zuzenbide Fakultatean. Ordurako Zuzenbide fakultatean ikasketa gehien-gehienak euskaraz egiteko aukera zegoen; horrek esan nahi du irakasle mordo bat ari zela eskolak euskaraz ematen, apunteak hizkuntza horretan egiten zirela, eta espezialitate guztietako hizkerak lantzen zirela.

Gasteizko Itzulpen Master batean ere aritu izan zinen irakasle 1992. urtearen inguruan. Euskal itzulpengintzaren helduaroaren hasiera ote?

Bai, aritu nintzen, doktoretza-ikastaroekin batera. Artean ez zegoen oraindik Itzulpengintza lizentziatura, baina Euskal Herriko Unibertsitatean Itzulpen Masterra izateak adierazten zuen itzulpena asko garatu zela. Dagoeneko administrazio-itzulpena, itzulpengintzaren atal bat besterik ez zen, eta hainbat jendek, eskarmentu luze batez gainera, teoria eta metodologia kontuak ere menderatzen zituen. Izugarrizko bidea azken 13 urte haietan egindakoa.

− Euskara Juridikoko Mintegian lan eskerga egina zara, ezta?

EHUko Zuzenbide Fakultatean sartu nintzenean Fernando Mendizabalek, bertako irakasle batzuekin Euskara Juridikoko Ikastaroa antolatzen zuen urtero; beraz, bazegoen aurrekaririk eta bazegoen zuzenbideko euskararen terminologiaz eta diskurtsoaz arduratzen zen irakasle talde bat. Ondoren, niri egokitu zitzaidan hori aurrera eramatea, eta jardunaldiak, ikastaroak, mintegiak eta neurri batean ikerkuntza-lanak ere aurrera eramatea, irakasleekin, eta ikasle bekadun batzuen laguntzarekin. Hainbat jende pasa da bertatik, eta nire ustez, emankorra izan da lan hori, nahiz eta, idazteko dudan nagikeria legendarioa dela eta, horren berri apenas zabaldu den.

Tesian Zuzenbideko Terminologia landu zenuen. Zure ustez, tesiak merezi zuen oihartzuna izan du? Zerk bultzatu zintuen gai hura lantzera?

Tesiak ez du ia inolako oihartzunik izan; neurri batean nire erruz, hura zabaltzeko lanik ez baitut egin. Jakina da tesiak, salbuespenak salbuespen, oso lan astunak eta irakurgaitzak izaten direla. Baina egilearen esku dago tesian aurkezturiko lanak beste modu batera berridaztea erakargarriagoak izan daitezen, eta nik ez nuen hori egin. Terminologia gai harturik euskaraz egindako lehen tesia izan zen, eta asko ikasi nuen hura lantzen. Bertan aztertu nituen aldizkari ofizialetako testu mordo bat, eta erabilitako hizkuntz baliabideak xeheki deskribatu nituen. Testu itzuliak zirenez, jatorrizkoak eta euskarazkoak konparatu ahal izan nituen. Terminologia zen gaia, eta testuak ez nituen aztertu osotasunean, baina terminoen itzulpenean erabilitako metodoak nahiko agerian geratzen dira. Uste dut baduela balio bat itzultzaileentzako, batez ere itzulpen juridiko-administratiboan dabiltzanentzako. Aprobetxatuko dut esateko tesiaren testu osoa kontsultatu daitekeela Artxiker-en webgunean.

− Espainiako lege nagusiak itzultzen diharduen proiektu batean zabiltza. Zertan datza egitasmoa? Beharrezkoa ote da horrelako ahalegin handi bat?

Bai, horretan nabil, eta lanketa horretan bukatuko dut nire lan profesionala, aurten erretiroa hartuko baitut. Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak Euskal Herriko Unibertsitateari eskatu dion lana da Estatu zentraleko hainbat lege, EAEko justizia-administrazioak une honetan beharrezkoen dituenak, itzultzea. Punta-puntako itzultzaileak eta zuzentzaileak ari dira lanean, eta izugarrizko xehetasunez lantzen dira testuak, bai bere testualtasunean, bai kontzeptualizazio juridikoaren aldetik. Uste dut, asko kostata bada ere, testu bikain batzuk egin direla, baina ez nago ziur ahalegina ondo bideratuta egon ote den. Esango nuke hasiera-hasieratik lanaren metodologia orokor bat eta zuzendaritza efiziente bat eskas izan direla.

− Administrazio itzulpena eta euskara, gaur egungo kaleko euskara... 2008. urtetik atzera begira eta, ze diferentzia, batik egonez gero, igartzen duzu?

Izugarrizko aldea, eta onerako, zalantzarik gabe. Orain irakurleak badu aukera, beti ez bada ere, euskarazko testu ulergarri bat eskuratzeko. Hasieran, 80ko hamarkadan, euskarazko testua hautatzen zuenak, euskaltzaletasunak bultzatutako ekintza militantea egiten zuen, eta gehienetan, porrotaz bukatzen zen: erdal testura jo behar zuen ulertuko bazuen. Bestalde, nondik zetorren testua, zein joeratako itzultzaileak euskaratua zen eta, bestearen antzik ere ez zuen testua aurkituko zuen. Orain, neurri handi batean estandar administratibo bat badago, gutxi gorabeherako batasun bat itzultzaile guztien artean, eta gutxitan jo behar da erdarazko testura. Baina oraindik badago zer hobetua. Eta nire deformazio juridikoa izango da, baina gehienetan aurkitzen dudan akatsa edukiari dagokio: itzulpen askotan joera erredukzionista dago: erdal terminoetan dauden ñabardurak, batzuetan ezinbestekoak, galdu egiten dira euskal testuan, eta arrazoia hamarretik bederatzietan, erdal testua behar bezala ez ulertzeaz gainera, euskarazko "betiko" hitzekin itzultzeko grina horretan dago.

− Hizkuntza kontuetan legerik egiteko aukerarik izanez gero, zer jarriko zenuke indarrean eta zer indargabetuko? Ala hizkuntzak ez du lege beharrik?

Jakina legeak beharrezkoak direla, bai hizkuntza bera, corpusa bera, batzeko eta finkatzeko, bai hizkuntzaren estatusa arautzeko, eta hor zalantza handiak ditut gehiago egin ote daitekeen politika demokratiko baten barruan euskara indartzeko. Izan ere, gero eta etsiago nago euskararen geroa, EAEn behinik behin, gizarte osoaren jarreraren baitan dagoela, eta ez euskara fabo­ratzeko lege gehiago egitearen baitan. Eta corpusari buruz, Euskaltzaindiak berak egindakoa oro har onuragarria izan dela uste dut, irizpideak beti kontserbadoreegiak izan badira ere. Nik arazo gehiago ikusten dut Euskaltzaindiak arautu gabe utzitako txoko guztiak arau hertsiz bete nahi dituzten beste erakunde horietan, hizkuntzak eskaintzen dizkigun baliabideen artean bat aukeratu eta besteak baztertzea proposatzeko joera duten horietan.

− Zer egingo luke Antton Elosegik Euskaltzaindian euskaltzain oso moduan?

Lan egingo nuke betiere sakoneko irizpide batetik isurtzen diren ondorioak aurrera atera zitezen, eta sakoneko irizpide hori izango litzateke euskarak, hiztun eta idazle guztien euskarek eskaintzen dituzten baliabide eta bide guztietatik bat ere gal ez zedin.

− Zeure iritziz, nora joango da euskara XXI. mendean?

Nora joango den? Horrek, betiko galdera hura, euskara nondik datorren, ekartzen dit gogora. Etorri gabe, hemen zegoen bezala, inora joan gabe hemen geratuko da, eta XXI. mendeari eutsiko dio, nola hala. Baina XXII.erako ez naiz hain baikorra, munduko hizkuntzak zein abiadan desagertzen ari diren ikusita. Oso gizarte "intelektualizatua" beharko genuke luzarora mundu globalizatu batean hain funtzionalitate gutxi duen hizkuntza bati eusteko. Baina epe ­ertain batean, demagun XXI. mende honetan, EHko gizartearen zati baten erdi hizkuntza izaten jarrai dezakeelakoan nago­enez, "bizitzaren sentimendu tragikoa" gainditurik, aski dut euskaltzale izaten jarraitzeko.

Eta euskal hizkera juridikoa?

Hemen ez naiz hain baikorra, hogeita hamar urtean egindako bidea ikusita. Lehen asko hobetu dela esaten banizun ere, uste dut hizkera juridikoa ez dela benetan txertatu mundu juridikoan, erdaraz funtzionatzen duen mundua dela, salbuespen adoretsu batzuk kenduta. Administrazioa, beste gauza bat da. Badira euskaraz, neurri batean bederen, funtzionatzen duten administrazio —txiki— batzuk, eta baita administrazio handietako gune batzuk (kulturari eta hezkuntzari lotutakoak gehienbat). Horietan euskara benetako lan-hizkuntza da, baina justizia-administrazioan ez dago horrelakorik, nik dakidala. Eta mundu akademikoan, unibertsitatean lan handia egiten bada ere, antzua izango da epaiketetan, kontratuetan, notario-etxeetan funtzionala ez bada.

Eta, last but not least, zer behar du, zure aburuz, euskal itzulpengintzak?

Egia esan, ez dut nire burua nahiko jantzia ikusten iritzi orokor bat emateko, baina bai esan dezaket lan handia egin dela, literaturaren munduan batez ere, eta lan hori nabarmena dela oraingo eta garai bateko itzulpenak irakurtzean. Uste dut itzulpengintzak parte handia izan duela euskarak orain duen garapen mailan, baina era berean uste dut itzultzaileen artean ere, idazleen artean bezala, euskararen zuzentasunak gehiegi markatzen duela eguneroko jarduna, eta ni ez naiz horretaz libratzen.