Heinrich Böll, ezetz esaten zekiena
Heinrich Böll, Alemanian eta handik kanpora, kontzientziadun idazlea, edo idazlearen kontzientzia zen, Alemania beraren kontzientzia salataria zen bitartean.
Idazteko moduan ez zenion artifiziositate katramailaturik aurkituko: ez zuen helburu bezala idazlearentzat onerizten. Kontzientziak hitz sotiletan, oso arruntetan, salatzen bait du txarkeria. Dela injustizia, dela hipokrisia, dela legekeria, dela segurtasuna askatasunaren lekuan jartzen dela.
Alemaniako Kolonian, 1917ko Abenduaren 21ean jaioa, ohizko ikasketen ondoren, liburuzain ikasten hasi zen. 1939ko gerrateak ordea hautsi zizkion asmo guztiak, sei urtez soldaduskara behartuz. Handik etxeratzean, Germanistika ikasketak burutu zituen. 1949ko urteaz geroztik idatziko ditu ipuinak, nobelak, irrati eta telebista emanaldiak, teatroa.
1972an Nobel Saria eman zioten. Alemanian, Heinrich Böll, agintarien aldetik ez zen oso maitatua, kontzientziaren zereginaz kezkaturik dagoen oro bezala. Hiltzean, denek aitortu zioten miresmena, bizitzan sarri salaketa izan eta neke izan zuena. Baader-Meinhof taldeak Schleier, enpresarien burua, hil zuenean, eta ondorioz Alemaniako Gobernuak benetako ehiza egiazkoa Alemania osoan ireki zuenean ezetz esan zuenetako bat izan zen Heinrich Böll, eta gisa horretan irakur litezke Katharina Blumen ohore galdua edo Halabeharrezko Setiaketa, lehenean prentsa mota baten jokabidea salatuz, bigarrenean segurtasunaren gainetik askatasuna aldarrikatuz.
Pailazo baten eritziak liburuan elizaren eta gizartearen hipokresia salatuko du, halako jokabide axalari ezetz esanez. Baina, zer eskain diezaioke Heinrich Böllek euskal idazleari? Batetik, egin diren itzulpenak: Katharina Blumen ohore galdua eta Pailazo baten eritziak. Bigarren, haren idazteko moduari jarraiki, egin asmo omen den nobela: Talde argazkia, emakume eta guzti, datorren urterako idatzia.
Hirugarren, ordea, eta agian nagusien: Dagokigun garaia aztertzeko eta deskribatzeko modua. Gure gaurko historiaren aurrean, zenbait jokabideren aurrean, maxiaketaren ordez, erreflexio sakon eta mingotsa. Agintedunen aurrean, burua tente eta aske edukitzea.
Heinrich Böll hil dela eta, kontzientzia zuen ahots bat isildu da. Gizon bat gutxiago, ezetz esateko.