Italo Calvino, una pietra sopra
Ilabete gutxi batzuk besterik ez dira, Italo Calvinok, bere azkeneko liburua Italian argitaratu zuenean esaten zuela beste nobelarik ez zuela gehiago idatzi behar, haren nobelak bukatu zirela. Esaten zuenez, nobelak emana zuen emateko zeukan guztia, bere adierazmen guztia ahitua eta agortua zuen, beste adierazmoduren bat asmatu beharra zeukan irakurleekiko komunikazioan jarraitu nahi bazuen. Eta horra non Heriok azpimarratu dituen haren hitzak, irailaren 19ko goizean.
1923an jaio zen, Cuban, Italo Calvino, baina txiki txikitandik Italian bizi izan zen, San Remon lehendabizi, eta gero Milan eta Turinen. Elederretako ikasketak egin zituen, eta Joseph Conrad-i buruzko tesis batez amaitu. Laster, ordea, II gerra mundialak partisano bihurtzera eraman zuen, PCIko beste burkide asko bezala, Ligurian Garibaldi Brigadako partaide izanez. 1959an Italiako Alderdi Komunistatik alde egin zuen, hiru urte lehenago Hungrian gertatuaren ondorioz.
Bere partisano esperientzian oinarriturik idatzi zuen lehenengo nobela. Il sentiere dei nidi di ragno, 1946an Cesare Paveseren babesean argitaratua.
Ultimo viene ii corvo (1949) liburuan fabulazio eta irudien ahalmena areago nabarmentzen da. Geroztik ospea emango zioten hiru nobelen trilogia argitaratuko zuen, I nostri antenati: II visconte dimezzato (1952), Il barone rampante (1957), II cavaliere inesistente (1959). Bere idazkietan era batera edo bestera beti ageri den gizarte gaia zuzenago aipatuz baditu zenbait nobela: La giornata di uno scrutatore (1963), etab., baina geroztik gai abstraktoetara bihurtu zen berriro: Marcovaldo (1963) eta batez ere Cosmicomiche eta ondorengoak.
1980an Una pietra sopra, gizarte eta literaturazko saio liburua argitaratu zuen, gaztelaniara Punto y aparte (Bruguera, Barcelona, 1983) izenburuarekin itzulia, gaurko Italiako eta are Europako literatura ulertzeko hainbat giltzarri ematen dituena.
Itzultzaileoi dagokigunez, eta literatur itzultzaileoi dagokigunez batez ere, Una pietra sopra-n literaturaren ulermenerako ematen dituen klabeez gain, ereduzko jokabidea izan da, askotan ikusten ez dena, Italo Calvinoren beraren eta bere hainbat obra gaztelerara itzuli dizkion Esther Benítezen artean izan zuten konponbidea, Quaderns de Traductió i Interpretació 3-n azken honek argitaratu zituen gutunetatik ikusten den bezala, itzulpen horiek elkarlan estuan eginak bait dira.
Italo Calvinoren obrarik ez da euskarara itzuli, behin Euskadi lrratiko saio batean irakurri zen Il barone rampante-ko zatitxo bat besterik, argitaratu edo publikora iritsi arazi denik behintzat. Nahiz eta Italo Calvinoren fabulak, beren gaurkotasun, literatur eduki eta laburtasunagatik, edozein itzultzailerentzako tentagarriak diren, eta are argitaletxeentzat argitaragarriak ere.